Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2026ko urtarrilaren 21ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Enigma Green Power 15 SLU enpresak Ortuellan sustatutako 28,6 MW-ko potentziako BESS «PB Babor 6» proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 36
- Hurrenkera-zk.: 802
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2026/01/21
- Argitaratze-data: 2026/02/23
Gaikako eremua
- Gaia: Ekonomi jarduerak; Ogasun eta Ekonomía; Ingurune naturala eta etxebizitza
- Azpigaia: Industria; Ogasun; Ingurumena
Testu legala
2025eko urriaren 28an, Industria Administrazioko Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzak eskabide bat aurkeztu zion Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari, «Ortuellan 28,6 MW-ko potentziako BESS «PB Babor 6» proiektu teknikoaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren txostena egiteko, Enigma Green Power 15 SLU enpresak sustatuta, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren esparruan (prozedura Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. kapituluko 2. atalean araututa dago).
Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua aplikatuta, 2025eko azaroaren 3an Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea hasi zuen pertsona interesdunentzat eta ukitutako administrazio publikoentzat. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait organismoren txostenak jaso dira, eta haien emaitza espedientean dago jasota. Era berean, organo eskudunari jakinarazi zitzaion izapidea hasi zela.
Halaber, espedientea osatzen duten dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.
Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar diren judizio-elementu guztiak dituela, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan xedatutakoaren arabera, dagokion ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri behar dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egin behar zaio, lege horren II. eranskinaren 4. taldeko n) epigrafean deskribatutakoarekin pareka daitekeelako: Stand-alone motako biltegiratze energetikoa, bateria elektrokimikoen bidez edo energia elektrikoko instalazioekin hibridatutako edozein teknologiaren bidez.
Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta ikusita proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarrean dagoen araudian xedatutako alderdietara egokitzen dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren txosten hau ematen du (organo hori da eskuduna Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera). Bertan aztertzen da ea aipatutako proiektuak ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzakeen eta, horren ondorioz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren azterketa arruntaren prozedura egin behar zaion; halakorik egin behar ez bada, proiektua garatzean ingurumena egokiro babesteko bete beharreko baldintzak ezartzen dira txostenean.
Kontuan hartu dira: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau
Lehenengoa. Enigma Green Power 15 SLU enpresak Ortuellan sustatutako BESS «PB Babor 6» (28,6 MW-ko potentziakoa) proiekturako ingurumen-inpaktuaren txostena egitea, honako baldintza hauetan:
Proiektuaren helburua da BESS (Battery Energy Storage System) «PB Babor 6» biltegiratze-instalazioa (28,6 MW-koa) eta horren ebakuazio-azpiegitura eraikitzea, Ortuella eta Santurtzi udal-mugarteetan (Bizkaia).
Ortuellan BESS «PB Babor 6» (28,6 MW-ko potentziakoa) proiektuaren (aurrerantzean, proiektua) ingurumen-inpaktuaren txostena ematea xede duen ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-dokumentua aztertzen da, bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F eranskinean ezarritako irizpideekin:
Proiektuaren ezaugarriak.
Proiektuaren helburua da BESS (Battery Energy Storage System) «PB Babor 6» biltegiratze-instalazioa (28,6 MW-koa) eta horren ebakuazio-azpiegitura eraikitzea, Ortuella eta Santurtzi udal-mugarteetan (Bizkaia).
Biltegiratze-instalazioa Ortuella udalerrian (Bizkaia) proiektatzen da, eta sekzionamendu-zentrotik energia ebakuatuko da 30 kV-ko erdi-tentsioko lurpeko linea baten bidez (aurrerantzean, ETLL), Santurtziko 220/30 kV-ko azpiestazio jasotzaile kolektore berriraino. Azpiestazio horretan, tentsioa igoko da eta bertatik aterako da 220 kV-ko goi-tentsioko lurpeko linea (aurrerantzean, GTLL) Santurtziko egungo 220 kV-ko azpiestazioraino (Red Eléctrica de España SAUren jabetzakoa).
BESS «PB Babor 6».
BESS «PB Babor 6» instalazioak 0,313 ha okupatuko ditu, eta Ortuellako 6.396,60 m2-ko partzela batean jarriko da (katastroko erreferentzia: 083 001 00068 001). BESS instalaziora sartzeko BI-3724 (N-634) errepidera zuzenean lotutako sarbide bat hartu beharko da.
Bateria-sistema bat energia metagailuen multzo bat da, eta prozesu elektrokimiko baten bidez gai dira energia elektrikoa biltegiratzeko. Bateria-sistema hauek osatzen dute, nagusiki: bateriak berak eta kontrol- eta monitorizazio-sistema batek.
BESS «PB Babor 6» instalazioak 20 biltegiratze-unitate edo edukiontzi, eta 10 potentzia-estazio (Skid MT) ditu. Edukiontzi bakoitza 20 oinekoa izango da, eta 12 bateria-rack eta 12 potentzia bihurtzeko sistema (PCS) izango ditu. Potentzia-estazio bakoitzak (Skid MT) potentzia-bihurgailu bat eta tentsio ertaineko gelaxka izango ditu.
BESS sistemak 20 biltegiratze-unitate eta 10 potentzia-estazio ditu. Biltegiratze-unitate bakoitzak 12 bateria-rack eta 12 PCS izango ditu, eta potentzia-estazioak potentzia-bihurgailu bat eta tentsio ertaineko gelaxka izango ditu. Bateria-modulu guztiak dagokien PCSarekin konektatzen dira korronte zuzenaren bidez edukiontziaren barruan.
Potentzia bihurtzeko sistemari (PCS) dagokionez, potentzia-elektronikako gailu bat da, eta, hari esker eraldatu daiteke baterietan korronte zuzen gisa biltegiratutako energia elektrikoa korronte alternoan, eta alderantziz, bateriak deskargatu eta kargatzeko korronte-kontrol egokia aplikatuta.
Era berean, potentzia-estazioa (Skid MT) transformazio-estazioak osatzen du; horren bidez, PCSen irteera-tentsioa igotzen da instalazioko 30 kV-ko tentsio ertaineko sareraino. Proiektu horretarako, Sungrowren potentzia-estazioa hautatu da: 2 bateria-edukiontzi ditu, potentzia-estazio bakoitzera konektatuta daudenak; guztira, 10 skid ditu.
BESS instalazioak sekzionamendu-zentro bat izango du. Zentro horretan, tentsio ertaineko gelaxkak egongo dira potentzia-estazioetatik datozen tentsio ertaineko konexioetako bakoitzarentzat.
BESS «PB Babor 6» instalazioa eraikitzeko beharrezkoa den obra zibilak barne hartuko ditu lan hauek: lurrak prestatzea eta lur-mugimenduak egitea; 4 metro zabaleko barne-bideak, drainatze-sistema bat, zangak eta behe- eta erdi-tentsioko kanalizazioak eraikitzea; bai eta komunikazioak, bateria-edukiontzien zimentazioak, potentzia-estazioenak eta sekzionamendu-zentroarenak egitea ere.
BESS instalazioaren barruti osoa hesi perimetral batek mugatuko du. Itxitura zinegetikoa izango da, 2 metroko altuera izango du eta tartearen zabalera 0,30 metrokoa izango da. Ingurumen-agiriak jasotzen du baloratu egingo dela instalazioaren perimetro osoan landare-pantailak erabiltzeko aukera, ikusizko inpaktua murrizteko.
Santurtziko 220/30 kV-ko azpiestazio jasotzaile/kolektorea.
Santurtziko 220/30 kV-ko azpiestazio jasotzaile/kolektorea 8.628 m2-ko azalera duen partzela batean instalatuko da, Santurtziko udal-mugartean (katastroko erreferentzia: 082 0003 00398 0001). Azpiestaziora sartzeko «Cercamar auzoa» bide publikoa hartu beharko da, N 644 errepidearen bidez.
Azpiestazioak hauek izango ditu: neurketa-sistema, zerbitzu osagarrien sistema, telekomunikazio-sistema, kontrol-sistema eta babesak, lur-konexioko sistema, eremu magnetikoen mugaketa, argiteria, segurtasun-sistema, suteen kontrako babes-sistema, eta aireztapena eta aire girotua.
Azpiestazioa eraikitzeko obra zibilak barne hartuko ditu lur-mugimenduak, urbanizazioa, perimetroa ixtea, sarbideak eta barne-bideak egitea, kableetarako kanalizazioak, zimendatzeak, drainatze-sarea, eta transformadoreen euste-egiturak eta bankadak.
«Santurtziko 220/30 kV-ko azpiestazio kolektorea» azpiestazio jasotzaile/kolektoreak askotariko sustatzaileei emango die zerbitzua.
Ebakuazio-lineak.
Energia ebakuatzeko bi linea-tarte erabiliko dira.
Alde batetik, tentsio ertaineko lurpeko ebakuazio-linea bat (30 kV) (ETLL), 3,59 km luzekoa. Linea horrek BESS «PB Babor 6» instalazioko sekzionamendu-zentroa konektatuko du Santurtziko 220/30 kV-ko azpiestazio jasotzaile/kolektorearekin, eta Ortuella eta Santurtzi udalerrietarik igaroko da.
Beste alde batetik, goi-tentsioko lurpeko ebakuazio-linea bat (220 kV) (GTLL), 361 metro luzekoa. Linea hori Santurtziko 220/30 kV-ko azpiestazio jasotzaile/kolektore berritik aterako da, Santurtzin jada dagoen 220 kV-ko azpiestazioraino (REEren jabetzakoa), eta Santurtziko udal-mugartetik igaroko da. GTLL horrek zanga partekatuko du trazatuaren ibilbide ia osoan Santurtziko ziklo konbinatuko zentraletik ateratzen den eta beste proiektu bati dagokion 220 kV-ko linea batekin (Iberdrola Generación-en jabetzakoa).
Aztertutako aukerak.
aukera
Ingurumen-dokumentuak baztertu egiten du zero aukera edo proiektua ez egitekoa. Izan ere, horrek eragotziko luke energia berriztagarrien aprobetxamendu handiagoa lortzea, Euskadin datozen urteetan espero den sorkuntza berriztagarriaren areagotzeari lotuta.
aukera
BESS «PB Babor 6» instalazioaren diseinua: instalazioa Portugaleten jartzea proposatzen da, eta larre baten 0,86 ha inguruko okupazioa planteatzen da.
Baterietarako sarbidea: BI-3791 errepidetik proposatzen da sarbide bat eta, ondoren, Ranzari kaleko errepide asfaltatua erabiltzea. Aurrerago, sarbideak bat egiten du hormigoizko bide batekin, eta lehendik dagoen bide batetik jarraitzen du, baina ez dago egokituta eta 280 metro ingurukoa da. Azkenik, BESS instalaziora bide berri bat egitea proposatzen da, 90 metro ingurukoa, belardi batean zehar.
Lotura-linea Santurtziko azpiestazioarekin: 2. aukerarekin bat ez datorren linearen trazatuko zati hori lurpean planteatzen da; 1,7 km inguruko luzera du, eta, ia osorik igarotzen da lehendik dauden bideetatik edo horien inguruetatik. Lehendik dauden bideekin bat ez datorren tarte bakarra dago eta 90 metro ingurukoa da; trazatu hori bat dator alternatiba honetako BESS «PB Babor 6» instalaziorako planteatutako sarbidearekin.
aukera
BESS «PB Babor 6» instalazioaren diseinua: instalazioa Ortuellako udalerrian jartzea proposatzen da, eta belardi baten 0,31 ha inguruko okupazioa planteatzen da.
Baterietarako sarbidea: BI-3724 errepidetik proposatzen da sarbide bat eta, ondoren, 40 metro inguruko bide berri bat egitea proiektatzen da, belardi bat zeharkatuta. Aukera horren abantaila da errepide garrantzitsu batetik hurbil dagoela (BI-3724), eta, beraz, ez dela egokitzapenik egin behar.
Lotura-linea Santurtziko azpiestazioarekin: 1. aukerarekin bat ez datorren linearen trazatuko zati hori lurpean planteatzen da; 2 km inguruko luzera du, eta lehendik dauden bideetatik edo horien inguruetatik igarotzen da zati bat. Bi zati ez datoz bat lehendik dauden bideekin: 480 metroko bat eta 420 metroko beste bat. Biak igarotzen dira, ia osorik, belardi eta larreetatik.
Aurreikusi den lurpeko ebakuazio-lineak Capetillo erreka (0,46 km2) eta Molino erreka (1,55 km2) zeharkatzen ditu. Molinoren trazatuaren zati bat kanalizatuta dago, eta ebakuazio-linearekin aurreikusten den zeharkagunea lehendik dagoen bide batetik egingo da. Capetilloren ibilguarekiko zeharkagunea zanga edo antzeko batean egitea aurreikusten da. Izan ere, ibaiertzeko baldintzek zuhaitz masei eragiten ez dien pasabidea ahalbidetzen dute, leku nahikoa dagoelako landarediaren artean. BESS instalaziotik eta azpiestazio jasotzaile/kolektoretik ibilgu hurbilenerainoko tartea 100 metrotik gorakoa da.
Azkenik, balorazioa egin eta 2. aukera hautatu da, lurzoruaren okupazio txikiagoa egiten duelako, irisgarritasuna hobea delako, exekuzio-kostu txikiagoa duelako eta eragin txikiagoa izango duelako azpiegitura eta zerbitzuetan.
Ingurumena lehengoratzea eta paisaia-integrazioa.
Ingurumen-dokumentuak barne hartuko ditu obrek eragindako azalerak lehengoratzeko edo integrazio naturala egiteko lanak. Zehazki, 4 jarduketa-unitate proposatzen dira:
jarduketa-unitatea: 115,09 metro lineal inguruko landare-pantaila.
Landare-pantailak, gutxienez, instalazioaren alde ikusgaiena ezkutatuko du; hau da, hegoaldeko aldea (mugakide baita ibilgailuak eta oinezkoak ibiltzen diren bide batekin, eta familia bakarreko etxebizitzen multzo batetik gertu dago). Halaber, egungo landarediak dituen tarte handiak ere estaliko dira.
Pantaila egiteko, espezie hauek proposatzen dira, estaltzeko premien eta lurzoruaren ezaugarrien arabera, eta betiere espezie autoktonoen erabilera sustatuta:
1. linea (hesitik urrunen eta bideetatik hurbilen dagoena): hiruzuloka lerroan landatutako egitura da, planta ez oso garaiko zuhaixka-espezieez osaturikoa, hala nola Cornus sanguinea, Ligustrum vulgare edo Crataegus monogyna.
2. linea (hesitik hurbilen dagoena): planta eta itxura garaiko aleen lerro bat da, eta horretarako gako espezie gisa erramua (Laurus nobilis) proposatzen da.
Horien artean, tarteka, hauen aleak jar daitezke, inguruak itxura berezkoagoa eta naturalizatuagoa izan dezan: haritza (Quercus robur), gaztainondoa (Castanea sativa), urkia (Betula celtiberica), lizarra (Fraxinus excelsior) edo astigar arrunta (Acer campestre).
jarduketa-unitatea: Zangak.
Ebakuazio-lineako zangen berreskuratze naturala sustatuko da horien afekzioa aurretik zeuden bideen gainean ez dagoenean.
Lehengoratzeko zangak betetzea planteatzen da zanga horiek egin zirenean kendutako lurrarekin; eta, ondoren, belarkara itxurako ereite hidraulikoa egitea. Ereite hidraulikoaren nahasketarako adibide gisa, eta mintegiko eskuragarritasunaren arabera, proposamen hau egiten da, 30 g/m2-ko landatze-dentsitatearekin: Brachypodium pinnatum, Galium verum, Potentilla neumanniana, Scabiosa columbaria, Carex caryophyllea, Orchis purpurea, Orchis ustulata, Anacamptis pyramidalis. Konposizio hori pentsatu da kontuan izanda BIH 6210* batasunaren intereseko habitata gertu dagoela, orkideak daudela eta habitat horren garapena eta hedapena sustatu nahi dela.
230,39 m3-an landare-lurra (15 cm) zabaltzea aurreikusten da lurzorua prestatzeko, eta 1.535,24 m2-ko ereite hidrauliko bidezko landareztatzea.
jarduketa-unitatea: Instalazioaren perimetroa landareztatzea.
Instalazioaren moduluak inguratzen dituen bidearen eta hesiaren arteko lurzoru interstiziala berreskuratzea aurreikusten da; betiere espazio horietan azpiegiturarik ez badago eta segurtasun buffer bat utziz horien inguruan. Horrez gain, unitate honetan sartzen da hesitik kanpoko zabalgunea ere ezpondak hasten diren lekura arte.
Eremu hori egokitzat jotzen da ereite hidraulikorako eta intsektu polinizatzaileentzat onuragarriak diren espezie belarkarak sustatzeko. 2. jarduketa-unitateko ereite hidrauliko berdina proposatzen da.
Lurrak prestatzeko, lur-lantze arin bat egingo da 66,97m2-tan, bai eta landare-lurra zabaldu ere (15 cm) 50,22 m3-tan. Ereite hidrauliko bidez landareztatuko da 334,83 m2-ko azalera.
jarduketa-unitatea: Ezpondak.
1 jarduketa-unitatea: BESS instalazioko ezpondak. Unitate honetan, proiektatutako azpiegiturak instalatzeko beharrezkoak izango diren erauzketa-ezponda eta lubeten gaineko lehengoratze-lanak jasotzen dira.
Unitate honetan, erauzketa-ezponda eta lubeten gaineko lehengoratze-lanak jasotzen dira, eskuragarri dagoen eraikuntza-informazioan oinarrituta; hau da, BESS instalazioaren inguruan dauden ezpondei buruzkoan.
Horien gainean, landaredi belarkara eta zuhaixkak ipiniko dira, lurraren higaduraren lehenengo sintomak prebenitzeko, bai eta ondoriozko emankortasunaren eta kalitate agrologikoaren galera prebenitzeko ere. Horretarako, espezie belarkarak eta zuhaixka espezieak hidroereitea planteatzen da, 30 g/m2-ko dosietan, espezie hauekin, esaterako: Erica cinérea, Erica vagans, Ulex gallii, Daboecia cantábrica, Ulex europaeus, Festuca rubra, Agostis capillaris, Avenula pubescens, Danthonia decumbens...
Lurrak prestatzeko, ezpondak profilatuko dira 147,33 m2-tan, bai eta landare-lurra zabaldu ere (15 cm) 110,49 m3-tan. 736,63 m2-ko azalera landareztatuko da belarkarak hidroereitearen bidez.
2 jarduketa-unitatea. Azpiestazioko ezpondak:
Unitate hau gutxi gorabehera estrapolatu dela adierazten da, ez baitago eraikuntza-proiektuaren egiazko kartografiarik aurreikusitako ezpondei dagokienez. Hortaz, atariko unitate bat dela nabarmentzen da. Maldan eta eremu harritsuetan substratuak lehengoratzeko ezohiko tratamenduak erabiltzea aurreikusten da; hauek, adibidez: pigmentazioa harrian edo hormigoian, proiektatze ekologikoa edo PHYRO sistema, edo antzekoak. 1.700 m2-ko azalera batean egitea aurreikusten da.
Proiektuaren kokapena.
Proiektua Ibaizabalen unitate hidrologikoan (UH) dago, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoan (ES017). Zehazki, Ibaizabal barrualdeko drainatze-trantsizioko (ES111O000030) eta Ibaizabal kanpoaldeko drainatze-trantsizioko (ES111O000031) azaleko ur-masaren isuri-arroetan dago. Hauek dira jarduketa-eremuan dauden ibilguak: Sorías, Magdalena, Capetillo eta Molino (azken hori kanalizatuta dago). Eremuan ez dago Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroko elementurik.
Proiektuaren eremua hegoaldeko antiklinorioko lurpeko ur-masaren gainean dago (ES017MSBT017-006). Alderdi litologikoari dagokionez, eremua limolita karetsuek eta deskaltzifikatutako tuparriek osatzen dute, pitzadura bidezko iragazkortasun txikikoek, bai eta pitzadura bidezko iragazkortasun handiko kareharriek ere. Oro har, eremuak ez du kalteberatasun nabarmenik akuiferoen kutsadurari dagokionez, eta kalteberatasuna hauteman den eremuetan txikia edo oso txikia da. Eremuak ez du ukitzen interes hidrogeologikoko zonarik.
Proiektua ez dator bat ez Natura 2000 Sareko espazioekin ez beste gune babestu batzuekin. ETLLaren zati txiki bat azpiegitura berdean eta Naturagune Garrantzitsuen Katalogo Irekian dagoen Zierbenako areatik igarotzen da. Halaber, ez du bat-etortzerik EAEko Geologia Intereseko Lekuen Inbentarioan sartutako geologia-intereseko puntu edo tokiekin.
EUNIS 2019 (geoEuskadi) habitaten kartografiarekin bat, jarduketa-eremua, nagusiki, larreek eta belar habitatek osatzen dute, eta neurri txikiagoan, sastrakek eta zuhaixkek (Ulex sp. izeneko txilardi atlantikoak), hostozabalen baso natural gazteek, eta eraikuntza eta habitat artifizialek. Ingurumen-dokumentuarekin bat, eremuko baso txiki natural edo naturalizatuetan haritzak (Quercus robur) eta beste hostozabal batzuk (zumeak, lizarrak, hurritzak, astigar arruntak, erratzak edo elorri zuriak) daude. Jarduketa-eremuan ez dago flora babestuko espezierik.
Batasunaren intereseko habitatei (BIH) dagokienez, eremua bat dator hauekin: BIH 6510 Mendiko sega-belardiak (Arrhenatherion); BIH 4090 Txilardi oromediterraneo endemiko elorri-triskadunak; BIH 4030 Txilardi lehor europarrak; eta BIH 6210* larre lehor erdinaturalak eta kare-substratuen gaineko sastrakadi-faziesak (Festuco-Brometalia) (*orkidea ugari dituzten parajeak). Ildo horretan, sustatzaileak eginiko prospekzioetan egiaztatu da orkideen bost taxon ezberdin daudela. Jarraian dago horien zerrenda, ugaritasun erlatiboaren beheranzko ordenan: Serapias cordigera, Anacamptis pyramidalis, Platanthera bifolia, Ophrys apifera (ale bat) eta Ophrys tenthredinifera (ale bat). Hala ere, sustatzaileak uste du, kasu honetan, BIH 6210 habitata ez dela lehentasunezkoa; izan ere, kartografian jasotako azaleran soilik espezie bat (Serapias cordigera) aurkitu da, eta ez da ez-ohikoa edo arraroa. Horrenbestez, ez ditu betetzen lehentasunezkotzat jotzeko ezarritako irizpideak.
Egoera biogeografikoak eta gizakien eraginak nabarmen baldintzatzen dute eremu horretako fauna. Horri dagokionez, bat etorriz ingurumen-dokumentuarekin, azterketa-eremuan ez dago espezie mehatxatuen ale ugaririk, eremu antropikoa delako eta alterazioak dituelako (hiriguneak, industria-jarduera handia, Bilboko portua, ibilgailuak, langileak, zarata...). Alabaina, eremuko ibilguak (Capetillo, Magdalena, Sorías eta Molino) «hobetu beharreko tarte» gisa sartuta daude Bisoi Europarraren (Mustela lutreola) Kudeaketa Planean (118/2006 Foru Dekretua, ekainaren 19koa, Bisoi Europarraren Mustela lutreola. Linnaeus, 1761 Kudeaketa Plana onartzen duena, Bizkaiko Lurralde Historikoan, galtzeko arriskuan dagoen espeziea den eta babesteko neurri bereziak behar diren aldetik) (2006ko uztailaren 6ko BAO).
Eragindako lurzoruen ikuspegitik, Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialaren arabera, BESS instalazioak, azpiestazio jasotzaile kolektore berriak eta ebakuazio-linea gehienek honi dagozkion azalerak okupatzen dituzte: «Nekazaritza eta abeltzaintza: Trantsizioko landa-paisaia». ETLLaren trazatuaren zati bat «Nekazaritza eta abeltzaintza: Balio estrategiko handia» kalifikazioko lurzoruetatik igarotzen da. LPSaren erabilerak arautzeko matrizearekin bat, ETLLa zein BESS instalazioa erabilera onargarriak dira (2a), nekazaritza- eta basozaintza-jardueran izandako eraginaren azterketa egin behar zaie, eta neurri zuzentzaileak jaso behar dira nekazaritza-sektorearen gaineko eragina ebaluatzeko protokoloan adierazitako moduan. Ingurumen-dokumentuaren 06 eranskinak azterketa hori jasotzen du.
Beste alde batetik, ETLLaren trazatuaren zati bat 119. onura publikoko menditik (aurrerantzean, OPM) igarotzen da.
Kultura-ondareari dagokionez, jarduketa-eremuak ez du bat egiten kultura-ondareko elementu kalifikatu edo inbentariatuekin. Gertuen dagoen elementua «72. zk. El Mazoko bolborategia» da, «Beste batzuk» kategoriakoa, eta lineatik 170 metrora dago. Horrez gain, BESS «PB Babor» instalazioaren hegoaldetik Kostaldeko Donejakue bidea igarotzen da, 100 metrora, gutxi gorabehera. Era berean, ingurumen-dokumentuak 02 eranskinean jasotzen du azterlan arkeologiko espezifiko bat, zeinean ez baita identifikatu aurkikuntza berririk.
Jarduketak bat datoz lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioan jasotako partzela batekin. Zehazki, GTLLa 48082-00028 kodea duen partzela industrialetik igarotzen da, eta ETLLa hondakindegi motako 48082-00069 partzelarekiko mugakide da.
Ingurumen-arriskuei dagokienez, jarduketetatik gertu dauden ibilguek ez dute uholde-arriskuaren kartografiarik. Eremuan ez dago, halaber, baso-suteetarako arriskurik, ETLLa igarotzen den zati txiki batean izan ezik. Higadura erreala kalkulatzeko RUSLE ereduaren arabera, muturreko higadura-prozesuak dauden eremuetatik igarotzen da. Ez dago sismikotasun-arriskurik.
Seveso enpresen gertutasunagatiko arriskuari dagokionez, jarduketa gehienak hauen afekzio- edo eragin-eremuan daude: Bilboko Portua-2. sektoreko eztandagatiko afekzio-eremua; Bilboko Portua-1. Sektoreko hodei toxikoagatiko eragin- eta afekzio-eremua, eta eztandagatiko afekzio-eremua; eta Petronorren hodei toxikoagatiko afekzio-eremua. Salgai arriskutsuen garraioari buruzko arriskuari dagokionez, jarduketen iparraldeko eremua arrisku ertaineko burdinbide batetik 600 metroko afekzio-bandan dago; eta, jarduketak, osotasunean hartuta, arrisku handiko errepide baten 100, 200 eta 600 metroko afekzio-bandetan daude.
Egungo egoera akustikoari buruz, ingurumen-dokumentuan jasotzen da proiektua ezartzeko eremuan, egun, proiektuarekin loturarik ez duena zarata-maila nabaria dela. Hauek identifikatzen dira inguruko emisio akustikoen foku nagusitzat: N-634 errepidea, A-8 autobidea, autobideko erregai-zerbitzuguneak, Repsolen erregai-zerbitzugunea, 1 km ingurura dauden beste errepide batzuk, inguruko industrialde ugariak, eta portu-ingurua. Ingurumen-dokumentuak 04 eranskinean jasotzen du proiektuak eragingo duen zaratari buruzko berariazko azterlan bat.
Balizko inpaktuaren ezaugarriak.
Proiektuaren izaera eta ezaugarriak aintzat hartuta, inpaktu nabarmenenak obra-fasekoak izango dira; hauek dira inpaktu hori eragin dezaketen jarduketak: landaredia kentzea, lurrak egokitzea, materialak eta hondakinak biltzeko eremuak eta instalazio osagarrienak, hondeaketak, makinen mugimendua, edukiontzien zimenduak instalatzea, bai eta potentzia-estazioarenak, sekzionamendu-zentroarenak eta azpiestazio jasotzaile/kolektorearenak ere, bateriak instalatzeko azaleraren okupazioa, ebakuazio-linearako zangak irekitzea, eta perimetroan hesiak jartzea. Fase honetan, lurzoruak eta urak lurrazalekoak edo lurpekoak kutsatzeko arriskua dago, lur-mugimenduetan erabilitako makinek eragindako istripuzko isuriengatik edo solido esekiengatik; horrez gain, faunari eragozpenak eragingo zaizkio (makinen zirkulazioa eta habitataren aldi baterako okupazioa), bai eta landarediari eta BIH 6210, 6510 eta 4030 habitatei, paisaiari, airearen kalitateari (obrak egin bitartean hautsa eta beste kutsatzaile batzuk igorriko dira atmosferara), eta giza habitataren kalitateari ere (zarata).
Jarduketetan aurreikusitako lur-mugimenduei dagokienez, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako lurzoruetan esku hartu behar bada, jarraipen berezia egingo da, kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak behar bezala kudeatu daitezen.
Eragindako landarediaren kasuan, BESS «PB Babor 6» instalazioa larreetan proiektatzen da; Santurtziko azpiestazio jasotzaile/kolektore berria belardietan eta zapaldutako eremuetan proiektatzen da; ETLLa belardietatik, Ulex sp. izeneko txilardi atlantikoetatik, albiztietatik eta Mesobromion taldeko larreetatik, Quercus robur hostozabal gazteen baso naturaletatik, espezie autoktonoko heskaietatik eta lur zapalduetatik igaroko da; eta GTLLa larreetatik, lur zapalduetatik, lorategi apaingarri txikietatik, baratza eta mintegietatik eta beste habitat artifizialetatik igaroko da.
Sustatzaileak adierazi du bai BESS instalazioa bai azpiestazio jasotzaile/kolektorea intereseko zuhaitzik ez dagoen larreetan eraikiko direla. Ebakuazio-lineei dagokienez, bideen azpitik igaroko direnez, ez da aurreikusten adierazitako landareei eragingo dietenik. Ildo horretan, ingurumen-dokumentuan jasotzen da landarediaren 9.739,83 m2-ko guztizko afektazioa kalkulatzen dela; guztizko horretatik, zatirik handiena, 9.260,18 m2, larreak dira; 241,68 m2 basoa; 146,76 m2 belardi larreak: eta 91,21 m2 larre-sastrakadiak.
BIHen afekzioari dagokionez, ETLLak BIH 6210, 6510 eta 4030i eragingo die; eta GTLLak, Santurtziko azpiestazio jasotzaile/kolektoreak eta horretarako sarbideak BIH 6510ean izango dute eragina. Ingurumen-dokumentuarekin bat, guztira BIH 6510i dagozkion 3.000,55 m2-an, BIH 6210eko 244,76 m2-an, eta BIH 4030eko 279,25 m2-an eragingo da.
Sustatzailearen iritziz, eragindako landaredia gehienak (belarkara eta zuhaixkak) eta eragindako BIHek birsortzeko eta berrezartzeko gaitasun handia dute. Zuhaitzen afekzioari dagokionez, ez du uste nabarmena denik, eta berrezartze-proiektu batekin konpon daitekeela irizten du. Hori dela eta, kontuan izanda ingurumen-dokumentuan proposatutako neurriak (BIHen formazioak, baso naturalak eta orkidea ugariko eremua hesi zurrunez ixtea; espezie inbaditzaileak desagerrarazteko protokolo bat aplikatzea, hedatu ez daitezen; eta lehengoratze-proiektu bat egitea), sustatzailearen arabera, landarediaren eta BIHen gaineko inpaktua bateragarria da.
Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egoitzapenaren Zuzendaritzak egokitzat jo ditu sustatzaileak planteatutako neurriak, baina gogoeta batzuk egin ditu lehengoratze-proiektuari buruz (txosten honetako neurrien apartatuan jasotzen dira, aurrerago).
Era berean, nabarmendu behar da ETLLa gauzatzeak Zierbenako arean duen afekzioa. Area hori azpiegitura berdean eta Naturagune Garrantzitsuen Katalogo Irekian dago jasota, eta linea harekin bat dator 140 metro inguruan. Sustatzailearen arabera, afekzio-eremua luzera txikikoa da eta azkar berreskuratu daiteke lehengoratzea egin ondoren.
Hidrologiarekiko afekzioari dagokionez, ETLLaren trazatuak bi gurutzadura berri eragingo ditu, bat Capetillo errekan eta bestea Molino errekan. Ingurumen-dokumentuarekin bat, Molino erreka jada dagoen bide batetik zeharkatuko da; aitzitik, Capetillo zanga edo antzeko elementuren baten bidez zeharkatuko da. Izan ere, sustatzailearen iritziz, ibaiertzeko baldintzek pasabidea ahalbidetzen dute zuhaitz masei eragin gabe, leku nahikoa dagoelako landarediaren artean. Edonola ere, ibai-sarearen gainetik zeharkatzeko, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoko 2022-2027 Plan Hidrologikoaren araudian eta Uraren Legean xedatutakoa bete beharko da, bai eta Uraren Euskal Agentziaren nahitaezko baimena eskuratu ere, zeinaren bidez ezarriko baitira JPHa babesteko baldintzak eta xehetasunez definitu erreken gainetik zeharkatzeko ezaugarriak.
ETLLak bisoi europarraren «hobetu beharreko tarte»tzat hartutako bi eremu ukitzeari dagokionez ibilgu horiek zeharkatzeko, espeziearen kudeaketa-planean ezarritakoa beteko da (plan hori Foru Aldundiaren ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Bizkaian).
Horrez gain, obrek eragozpenak sortuko dituzte inguruko faunan ere, zarata eta makinak ugarituko direlako. Gainera, landaredia kentzeak eragin negatiboa izango du intereseko habitatetan. Sustatzaileak proposatutako neurrien artean dago obrak hasi aurretiko prospekzio bat, espezie sentikorren habiak ote dauden detektatzeko.
Ingurumen-dokumentuan jasotako nekazaritzaren gaineko afekzio-analisiari jarraikiz, aurreikusten da proiektuaren ondoriozko jarduketek afekzioa izango dutela Nekazaritza eta Basozaintzako LPSan «Nekazaritza eta abeltzaintza: trantsizioko landa-paisaia» kalifikazioa duen 9.699,40 m2-ko azaleran (afekzio iraunkorreko 8.749 m2 eta aldi baterako afekzioko 950 m2) eta «Nekazaritza eta abeltzaintza: balio estrategiko handia» kalifikazioko 626,40 m2-ko azaleran. Analisian ondorioztatzen da proiektuak ez duela inpaktu nabarmenik izango nekazaritza eta abeltzaintzako erabileran. Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak gogorarazi du 30 kV-ko ETLLak bat egiten duela balio estrategiko handiko lurzoruekin; eta, hori dela eta, proiektua behin betiko onetsi aurretik, nekazaritzaren arloan eskumena duen foru-organoaren txostena eduki beharko da, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako abenduaren 23ko 17/2008 Legearen 16. artikuluan xedatuta dagoen bezala.
OPMen afekzioari dagokionez, erdi-tentsioko ebakuazio-lineak 119. OPMaren 631,12 m2-an izango du afekzioa; baina sustatzailearen iritziz, afekzio hori ez da nabarmena, lehendik zeuden bideetatik igaroko delako linea.
Ustiapen-faserako, aurreikusitako inpaktuak instalazioen presentziari eta horien funtzionamenduari lotutakoak dira, bai eta instalazioetako mantentze-lanen ondoriozkoak ere, aldian-aldian makinak eta langileak egongo direlako.
Pertsona eta ibilgailuen trafiko ugaria dagoen eremua denez, eta baterien instalazioaren tamaina aintzat hartuta, sustatzaileak ez du uste instalazioaren presentziak eragozpen nabaririk eragingo duenik faunari dagokionez. Gainera, ebakuazio-lineak lurpetik igaroko dira; hortaz, ez dago hegaztiak talkaren edo elektrokuzioaren ondorioz hiltzeko arriskurik. Santurtziko azpiestazio jasotzaile/kolektoreak baditu hegaztientzako elektrokuzio-arriskua eragin dezaketen elementuak, hegaztiak elementu horien gainean gelditzen badira (energiaz hornitutako konektoreak eta terminalak, transformadoreak, eta abar), baina sustatzaileak adierazi du isolatzeko gailuak jarriko dituztela arrisku hori minimizatzeko. Ez da aurreikusten, halaber, BESS instalazioaren perimetroko hesiarekiko talkarik, landare-pantailak jarriko direlako.
BESS instalazioaren hesiari buruz, ingurumen-dokumentuak jasotzen du fauna igaro ahal izateko modukoa izango dela: 15 cm-tik gorako argi-sarea instalatuko da, sarea ez da lurperatuko, ez da elementu zorrotzik jarriko eta atetila baskulatzaileak instalatuko dira. Horri lotuta, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumeneko Ministerioak argitaratutako faunarentzako pasabideak eta perimetroko hesiak diseinatzeko preskripzio teknikoak aintzat hartuta, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzak gomendatzen du hesietako faunarentzako pasabideak katazulo motakoak izan daitezela, espazio irekiak; eta ez ditu gomendatzen ate baskulatzaileak eta iheserako atetilak.
Ingurumen-dokumentuaren arabera, BESS instalazioak ez dakar ikusizko inpaktu nabaririk. Izan ere, gehien ikusiko den frontea hegoaldekoa izango da (N-634 errepidetik ikusiko da), eta landare-pantaila bat jartzea aurreikusi da; hortaz, estalita egongo da. Santurtziko azpiestazio jasotzaile/kolektoreari dagokionez, sustatzaileak adierazi du, a priori, ez duela landare-pantailarik izango, segurtasun-arrazoiak direla eta, baina lehengoratzeko neurriak eta ezpondak integratzekoak aurreikusten dira. Nolanahi ere, azpiestazioa Serantesen iparraldeko hegalean egongo denez, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzak uste du beste landare-pantaila bat jarri beharko litzatekeela, azpiestazio jasotzaile/kolektorea integratzeko.
Zaratari dagokionez, ingurumen-dokumentuan jasotako inpaktu akustikoaren azterlanean ondorioztatzen da «PB Babor 6» bateria-instalazioak eta Santurtziko azpiestazio jasotzaile/kolektoreak mugako balioa beteko luketela, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako kalitate akustikoko helburuak ere, kanpo inguruneetarako, jarduera berrietarako, agertokirik okerrena ere barne hartuta (gauez, eta baterien biltegiratze-instalazioak eta azpiestazio jasotzaile/kolektoreak potentzia handienean funtzionatzea). Horrez gain, sustatzailearen iritziz, BESS instalazioak sortuko duen zarata estali egingo da eta ez da oso nabarmena izango eremuaren egungo zarata-maila kontuan izanda; izan ere, instalazioek eragingo duten zarata inguruko errepideek eragindakoa baino askoz txikiagoa izango da.
Beste alde batetik, ez da jasotzen bateria-ekipoak hautsi edo ordeztearen kasuetan eragin daitekeen inpaktua, ez eta istripu horiek minimizatzeko aurreikusitako neurriak zein diren ere. Are gehiago, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen (Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa; abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren bidez aldatzen dena,) I. eranskinarekin bat (lurzorua kutsa dezaketen jardueren zerrenda), lurzorua kutsa dezakeen jarduera da (CNAE-2009, 35.12 Energia elektrikoaren garraioa. Azpiestazio elektrikoak eta potentzia- nahiz erreaktantzia-transformadoreak). Horrenbestez, aplikatzekoa da ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritakoa: Lurzorua kutsa dezaketen jarduera edo instalazio berriak jarri nahi dituzten pertsona fisiko edo juridikoek lurzoruaren egoeraren txosten bat bidali beharko dute, jarduera edo instalazioa jartzeko egin behar den baimen-eskaerarekin edo jakinarazpenarekin batera, ingurumen-organo eskudunak, hala badagokio, lurzoruaren inguruko neurriak sar ditzan.
Eremuaren eta egin nahi den jardueraren ezaugarriak aztertuta, eta aintzat hartuta bai sustatzaileak proposatutako babes- eta zuzenketa-neurriak, bai ingurumen-inpaktuaren txosten honetan bertan agindutakoak, ez da aurreikusi proiektuak eragin negatibo nabarmenik izango duenik ingurunearen alderdi horietan.
Bigarrena. Ebazpen honetan, babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumen-jarraipeneko kontrolak ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Ortuellako 28,6 Mw-ko potentziako BESS «PB Babor 6» proiektuan ingurumen-inpaktuaren azterketa arrunta egin beharrik izan ez dadin, baldin eta ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira.
Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo eskudunaren bidez Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan ezarritakoa aintzat hartuta.
Ezarritako neurriek eta kontrolean arituko diren langileek bermatu egin beharko dituzte ingurumen-dokumentuan ezarritako kalitate-helburuak eta ingurumen-txostenean finkatzen direnak.
Neurri horiek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan jaso beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, obretako jardunbide egokiak aplikatuko dira.
Gehitu egin beharko dira honako apartatu hauetan adierazitako neurriak:
Natura-ondarea babesteko neurriak
Erdi-tentsioko lurpeko lineak Capetillo eta Molino ibilguak zeharkatzeko lanetarako, espeziearen kudeaketa-planean ezarritakoa beteko da (plan hori Foru Aldundiaren ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretuaren bidez onartu zen Bizkaian).
BESS instalazioaren perimetroko hesiak fauna igarotzeko modukoa izan behar du; hesi-efektua saihestu behar du, eta ingurunean integratu behar da. Ehiza- edo abeltzaintza-sare bat erabiliko da, ahal dela 2 metrotik gorakoa ez dena. Ez da erabiliko bihurdura soileko sarerik, ez eta txarrantxa edo bestelako elementu ebakitzailerik ere. Hesiaren behealdea lurretik 20-30 cm altxatuko da, eta «katazulo» erako pasabideak jarriko dira, horien funtzionaltasuna bermatuta.
Hesia diseinatzeko, aintzat hartuko dira Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumeneko Ministerioak argitaratutako faunarentzako pasabideak eta perimetroko hesiak diseinatzeko preskripzio teknikoak. Horren arabera, ez dira gomendatzen gailu konplexu eta metalikoak (ate baskulatzaileak eta ihes-atetilak), askotan herdoildu eta erabili ezinda geratzen direlako.
Ezinbestekoa den eremurik txikienean egingo dira lanak eta lurzorua okupatzea dakarten gainerako jarduketa osagarriak; betiere, proiektuko planoek ezartzen dituzten mugen barruan. Aipatutako mugetatik kanpo ezingo da inolaz ere eraginik sortu, non eta obra-zuzendaritzak eta ingurumen-laguntzak ez duten oniritzia eman sarbideak egiteko, materialak pilatzeko, instalazioak kokatzeko edo beste edozein jarduketa osagarri egiteko; bestalde, muga horietatik kanpo, ahal bezainbeste mugatuko da lanak egiteko makinen eta ibilgailuen zirkulazioa. Eremu horietatik kanpo ustekabeko eraginik gertatzen bada, zuzentzeko eta lehengoratzeko neurri egokiak aplikatuko dira, ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren.
Oro har, zuzeneko okupaziorik aurreikusita ez dagoen eremuetan ekidin egingo da landaredi autoktonoa moztea, eta, bereziki, behar diren neurriak ezarriko dira nahitaez moztu edo inausi behar ez diren zuhaitzei kalterik ez egiteko.
Landare-espezie exotiko inbaditzaileak sartu eta hedatzea hauteman eta saihesteko kontrol-neurriak hartuko dira.
Obran erabiltzen diren makina guztiek garbi egon beharko dute, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, halakoetan proiektuaren afekzio-eremuan kokatu litezkeen espezie inbaditzaileen propaguluak edo haziak egon baitaitezke.
Obrek irauten duten bitartean espezie inbaditzailerik ikusten bada, desagerrarazi egingo da jarduketa-eremuetatik.
Eragindako lekuak leheneratzeko eta paisaia-integraziorako neurriak
Lehengoratzeko eta paisaia-integraziorako lanak proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikaturako aurkeztutako dokumentazioan jasotako proposamenaren arabera egingo dira, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzak bere txostenean adierazitako aldaketak kontuan hartuta; hauek dira:
Landare-pantailaren zabalera 5 metrora handitu beharko litzateke, zuhaitz-espezieen bi ilararekin muturretan, egitura funtzionala ahalbidetzeko, ez soilik paisaiari dagokionez, baita ekologiari dagokionez ere.
Komeni da ezaugarri berberak edo antzekoak dituen beste landare-pantaila bat jartzea azpiestazio jasotzaile/kolektorea integratzeko; izan ere, hori izango da ikusizko inpaktu handiena izango duen elementua, Serantesen iparraldeko hegoan eta goialdean egongo delako.
Landare-pantailarako deskribatutako zuhaitz- eta zuhaixka-espezieak landatzea planteatuko da landare-pantailaren eta BESS biltegiratze-instalazioaren hesiaren artean dagoen espazioan. Horren bidez, funtzionalitate ekologikoa indartu eta eremu horretan baso natural bat berreskuratzea bermatuko litzateke; esku-hartze edo mantentzerik egin ezean, sastrakaz beteko litzateke, eta landare-espezie inbaditzaileek ere okupatzeko arriskua egongo litzateke.
Lehengoratzeko bermealdia, gutxienez, 3 urtekoa izango da, arrakastatsua izango dela bermatzeko.
Ingurumena leheneratzeko proiektua eraikuntza-proiektuaren gainerako xehetasun-maila berarekin idatziko da, eta dokumentazio grafikoa zein aurrekontu xehatua gehituko dira.
Obrak ukitzen dituen eremu guztietan egingo dira obraren paisaia-integraziorako lanak; aurkeztutako lehengoratze-proiektuan agertu ez arren, obrak bukatutakoan kalteak izan dituztenetan ere egin behar dira lan horiek.
Urak babestera zuzendutako neurriak
Oro har, eraikuntza-fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, ahalik eta material xehe eta substantzia kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze naturaleko sarera, eta uren kalitateari eragiten ez zaiola bermatuko da. Gainera, atxikipen-sistema egokiak izan beharko dira, egiten diren balizko isurketek jabari publiko hidraulikoan eraginik ez dutela ziurtatzeko.
Hidrokarburoen xurgatzaile espezifikoa jarri beharko da eskura obretan, istripuz isuri edo ihesen bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.
Neurriak ezarri beharko dira iragazketak eragindako kutsadura saihesteko, eta, bereziki, proiektuaren faseetan hondakinak, olioak eta erregaiak maneiatzea saihesteko.
Beharrezkoa bada, obra-eremuetan, obren eta jarduera osagarrien ondorioz kutsatzen den ur guztia biltzeko eta kudeatzeko gailuak proiektatu eta eraikiko dira. Haien neurriak zehazteko, kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoei ahalik eta ondoen eusten dietela eta isuriak lokalizatuak direla bermatzeko. Zangen, putzuen edo kutxatilen xukatzeetatik datozen urak ezingo dira isuri aldez aurretik iragazteko eta jalkitzeko tratamendurik egin gabe. Bestalde, eremuan debekatuta dago hormigoi-ontzien upelak garbitzea; hormigoi-ontzien kanaletak edo mahukak garbitu behar badira, garbiketan erabilitako ura putzu berezietan tratatu beharko da, isuri aurretik. Nolanahi ere, ibilgura zuzenean egiten diren isuri guztiek Uraren Euskal Agentziaren baimena izan beharko dute.
Obrako makinak gordetzeko eremua eta makina horien mantentze-lanak egiteko eremua drainatze naturaleko saretik isolatuko dira. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olio eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta lantegiko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako guneetatik kanpo egin.
Ebakuazio-lineak ibilguak zeharkatzeko, URA Uraren Euskal Agentziaren nahitaezko baimena eskuratu beharko da; baimen horretan definituko dira, xehetasunez, zeharkatze horien ezaugarriak, bai eta JPHa babesteko beharrezkoak diren baldintzak ezarri ere.
Ingurune hidrikoan gauzatzen diren jarduketetan (errekak zeharkatzea), partikulak arrastatzea eta ibilgua kutsatzea saihesteko neurriak hartuko dira, eta onuragarrienak diren eguraldian eta urtaroan gauzatuko da, ibilgua ahalik eta txikiena denean. Jarduketak amaitu ondoren, eremua aurretik zegoen baldintzetan utzi beharko da.
Lurzoruak babesteko neurriak
Bideak eta pistak balizatuko dira, ibilgailuak baimendutako eremuetatik kanpo ibiltzea saihesteko.
Aldi baterako biltegiratzeko edo hondakinak biltzeko puntuak, makineria-parkeak, garbiketa-puntuak, hormigoi-makinak, landare-lurren aldi baterako pilaketak eta abar kokatzeko zuinketek ingurumen-agenteen ikuskapena izango dute, jarraibide espezifiko egokiak emateko.
Saihestu egingo da lurra nibelatzea eta profil edafikoa aldatzea, bai eta lurzorua eraldatzea ere.
Jarduketa-eremuetatik kanpo lurzorua trinkotzea saihestuko da, higadura murrizteko.
Lurzoruaren jatorrizko landare-geruza zainduko da, bideragarria den guztietan, landaretza azkarrago lehengoratzea erraztuko duen geruza emankor bat gainazalean mantentzeko, hartara epe laburrean balizko higadura kontrolatuz.
Hondeatutako lurra 1,5 m-tik beherako altuera duten soketan pilatuko da, trinkotu ez dadin. Ahalik eta denbora gutxien egon beharko da pilatuta.
Instalazio osagarrietarako eta makineria-parkeetarako lursailek iragazgaiztuta egon beharko dute.
Hondakinak lurzoruan ez metatzeko moduan kudeatzea gomendatzen da.
Istripuzko jario edo isurketetarako jarduketa-protokolo bat egongo da.
Obra-fasean lurzorua kutsatuta dagoela adierazten duten aztarnak antzemanez gero, berehala jakinaraziko zaie Udalari eta Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoari.
Makineria astunak lurzorua trinkotu duen eta landaredia leheneratzea zaildu duen eremuetan lurra landu edo azaletik aratuko da. Horrela, lurzorua aireztatzea eta haren egitura hobetzea lortuko da.
Obrak amaitu ondoren, biltegiratutako landare-lurra erabiliko da induskatutako zangak betetzeko, betiere erauzketaren alderantzizko ordenari jarraituz, profil edafikoari eragin gabe.
Landaretzaren berroneratze naturalerako gaitasuna bultzatuko da, prozesu edafogenikoak bizkortzeko eta landare-estalkia lurzoruan dagoen hazi-bankutik bertatik leheneratzeko.
Eremutik kanpoko ekarpenak egin behar badira, kanpoko espezie nitrofiloak ugaritzea eragin dezakeen hazirik ez dagoela bermatuko duen eremu batetik etorri beharko dute.
Lurzorua ustekabean kutsatuko balitz, kendu eta kudeatzaile baimenduari eramango litzaizkioke, kutsadura-motaren arabera.
Obrako instalazio osagarriak lanak amaitu ondoren kenduko dira.
Entitate egiaztatu batek 4/2015 Legean errekeritutako egoera-txosten bat egin eta izapidetu beharko du; izan ere, gauzatu nahi den jarduera lurzorua kutsa dezakeen jarduera gisa dago jasota (CNAE-2009. 35.12 Energia elektrikoaren garraioa. Azpiestazio elektrikoak eta potentzia- nahiz erreaktantzia-transformadoreak).
Nekazaritza babesteko neurriak
Proiektua Nekazaritza eta Basozaintzako LPSak balio estrategiko handiko lurzoru gisa katalogatutako lurretan ezarriko denez, proiektua behin betiko onetsi aurretik nekazaritza-gaietan eskumena duen foru-organoaren txostena eduki beharko da, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako abenduaren 23ko 17/2008 Legearen 16. artikuluan xedatuta dagoen bezala.
Belardi, laborantza eta aprobetxamenduetatik erretiratzen den lurzoruaren azaleko geruzaren landare-lur emankorrena gainerako indusketa-lurretik aparte pilatu behar da, ondoren jatorrizko lekuan jartzeko, beheko geruzetara irauli gabe.
Makinen, materialen eta abarren erabileraren pean dauden belardi eta laborantza-eremuetan, dagokion berrereintza egingo da. Belardietako berrereintzarako, aldez aurretik lurra pixka bat landu edo aitzurtu beharko da, lurra ez trinkotzeko, ondorengo berrereintza eta erneketa egokiak izan daitezen.
Hala badagokio, eragindako laborantzak birlandatuko dira, dagozkien kalte-ordainekin.
Itxiturak eta lurzatietan dauden gainerako azpiegitura-elementuak (drainatzeak, etab.) eta eragindako laborantzak ordeztu behar dira.
Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruen kudeaketarekin lotutako neurriak
Lur-mugimenduak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten Ihoberen lurzoruen inbentarioan jasota dauden lurzatietan egiten badira, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutakoa bete beharko da. Horren harira, esan behar da, lege horren arabera, besteak beste argi-, ur-, gas- edo telekomunikazio-zerbitzuak aldatzearen ondoriozko lur-mugimenduen kasuan, lurzoruaren kalitatearen adierazpena egiteko prozedura hastetik salbuetsita geratuko liratekeela.
Bestalde, 4/2015 Legearen 25. artikuluaren 5. apartatua bete beharko da, eta, hondeatutako bolumenaren arabera, hondeaketa-plan bat aurkeztuko da, eta beharrezkoa izango da hondeatutako materialen ezaugarriak ematea, haiek kudeatu edo berrerabili aurretik.
Airearen kutsadura murrizteko neurriak
Obrak egin bitartean, zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak iragan ondoko garbiketa-lanak, bai egin beharreko jardunaren eraginpeko ingurunean, bai jardun-eremuetara sartzeko guneetan. Ureztapen-sistema bat edukiko da, aldi baterako estali gabe dauden pista eta eremuetarako eta ibilgailuak pasatzean material partikulatua aireratu daitekeen kasuetarako. Gainera, lehorraldietan, hautsa duten lur- eta material-pilaketak ureztatuko dira.
Kultura-ondarea babesteko neurriak
Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoari jarraituz, lurrak erauzteko obretan arkeologia-izaerako aztarnarik aurkituz gero, berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari, eta azken horrek zehaztuko du zer neurri hartu behar diren.
Hondakinak kudeatzeko neurriak
Proiektua egikaritzean eta haren funtzionamenduan sortutako hondakin guztiak Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, sailkatu egin beharko dira hondakin mota eta norakorik egokiena zehazteko.
Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira; hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea, balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne, eta, azkenik, deuseztatzea.
Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea ez dela bideragarria haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.
Berariaz debekatuta dago sortutako hondakin tipologia desberdinetako hondakinak edo efluenteak elkarren artean edo beste batzuekin nahastea; jatorritik bertatik bereiziko dira, eta biltzeko eta biltegiratzeko bitarteko egokiak jarriko dira, nahasteak ekiditeko.
Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.
Zabortegira bidali beharreko hondakinak, hain zuzen ere Hondakinak zabortegietan utzita deuseztatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuaren eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera kudeatuko dira.
Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.
Betelanetarako, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBAA) ezarritako balioen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek.
Indusketako soberakinak kudeatzeko, hierarkia- eta hurbiltasun-printzipioei jarraituko zaie; lehentasuna emango zaio material horiek balorizatzeari, dela materialok behar dituzten gertuko eraikuntza-obretan, dela erauzketa-jarduerek eragindako lursailak birgaitzeko lanetan edo beste espazio degradatu batzuk leheneratzeko lanetan. Hala, ez dira ezabatuko betelan-instalazioetan. Horretarako, kontuan izango da urriaren 10eko APM/1007/2017 Agindua, Hondeatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzkoa.
Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta, isurketaren bat gertatuz gero, nahasita, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan. Orobat, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan hondakinak biltegiratzeari, nahasteari, ontziratzeari eta etiketatzeari buruz ezarritako betebeharrak bete beharko dira, eta itxita egongo dira kudeatzaile baimendu bati entregatu arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.
Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da hondakin arriskutsuak aldi batean pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak eta pinturak. Gainera, hondakin geldoak biltzeko berariazko edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Hondakinak biltzeko edukiontziak edo ontziak era argian, irakurgarrian eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, eta indarrean dagoen araudiaren arabera.
Sortzen den olio erabilia kudeatzeko, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 29. artikuluari eta Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituko zaie. Erabilitako olioak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako andel estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuriei aurre egiteko sistemen barruan.
Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez da inolaz ere sortuko kontrolatu gabeko efluenterik erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.
Zaraten eta bibrazioen ondorioak minimizatzera zuzendutako neurriak.
Lanek iraun bitartean, zarata sorburuan murrizteko hainbat jardunbide egoki aplikatu beharko dira, bereziki materialak garraiatzeko eta deskargatzeko eragiketetan, erabilitako makinen mantentze-lan orokorretan, jatorriko zaraten eta dardaren murrizketan, makineria mugitzearen ondoriozko zarata moteltzen saiatzean, obretan erabilitako tresnerien soinu-emisioak kontrolatzeko orduan, eta abarretan. Nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 51. artikuluan eta horri jarraikiz ezarritako araudian aipatutako zarata-foku berriei aplikatu beharreko muga-balioak bete beharko dira.
Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.
Eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.
Proiektuko instalazioek Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako zarata-foku berriei aplikatu behar zaizkien zarata-immisioaren muga-balioak beteko ditu (I. eranskina, 2. zatia, F taula).
Jardunbide egokien sistema bat ezartzea
Langileek jardunbide egokien sistema bat ezarri beharko dute, helburu hauek, besteak beste, ahalik eta hobekien bermatzeko:
Lanek okupatzen dituzten mugak kontrolatzea.
Hondakin-isurketarik ez egitea, eta olio-isurketen edo lur-arrasteen ondorioz lurzorua eta ura ez kutsatzea.
Proiektuak afekzio-eremuan herriguneetako biztanleei enbarazurik ez eragitea zarata eta hautsarekin.
Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Eremu horretatik kanpo, ahalik eta gehien murriztuko dira makinen joan-etorriak. Adierazitako eremutik kanpo ustekabean afekziorik gertatuz gero, zuzenketa- eta leheneratze-neurri egokiak ezarri beharko dira.
Kontratistak elementu hauek egokitu beharko ditu egin beharreko jardueren ondoriozko ingurumen-inpaktuak ahalik eta txikienak izan daitezen: lur geldo eta landare-lurrak aldi baterako metatzeko guneak; obrako instalazioak eta eraikinak; makinak; materialen, olioen eta erregaien biltegiak; ibilgailuak edo bestelako egiturak garbitzeko eremuak; urak arazteko sistemak, eta obrako sarbideak eta pistak. Kontratistaren instalazio-eremu horien mugaketa eta ezaugarriak kasuan-kasuan jarduten duen obra-zuzendaritzak onartu beharko ditu.
Obrak amaitzean, kanpaina bat egingo da soberako material guztiak eta obretan sortutako hondakinak kentzen direla bermatzeko, eta azken horiek indarreko legeriaren arabera kudeatuko dira.
Jarduera uztea
Behin instalazioaren bizitza baliagarria amaituta, oro har kutsadura sor dezaketen elementu guztiak desmuntatu eta erretiratu beharko dira, eta dagokion kudeatzaile baimenduari emango zaizkio, kasuan kasuko tratamendu egokia egin dezan, indarrean dagoen legediaren arabera.
Behin jarduera amaitu denean, garbiketa-kanpaina sakona egin beharko da, obra-hondarrak kendu eta, beharrezkoa bada, aldi baterako instalazio guztiak desmuntatu ostean.
Garbiketa eta obra bukatzea
Behin obrak amaituta, garbiketa-kanpaina sakona egingo da, proiektuaren eraginpean egon den esparru osoan obra-hondakinik ez uzteko. Hondakinak lan-eremutik aterako dira, eta, haiek kudeatzeko, txosten honetan xedatzen dena aplikatuko da.
Ingurumen-aholkularitza
Obrak hasten direnetik betelanaren ustiapen-aldia amaitu arte, ingurumen-gaietan eta babes- eta zuzenketa-neurrietan kualifikatutako aholkularitza-enpresa baten laguntza jasoko da. Obra-zuzendaritzak ebazpenik eman behar badu, baldintza-agiriak horrelako gaien inguruan esleitzen dizkion funtzioak erabiliz, aholkulariek txostena egin beharko dute aldez aurretik.
Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du, obra egikaritzean. Besteak beste, proiektuko ekintzen eragina aztertuko du, bereziki hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hauts eta zarataren sorrera, ibilguen gaineko eragina, hondakinen kudeaketa eta natura-ondarearen babesa.
Hirugarrena. Zehaztu behar da ez dela uste izatekoa proiektua gauzatuta kalte handirik egingo zaionik ingurumenari, lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera, eta baldin eta ebazpen honetan jasotako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen eta ezarritako kontrolak ezartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere adierazitakoen aurkakoak ez badira. Hori dela eta, ez da beharrezkotzat jotzen Enigma Green Power 15 SLU enpresak Ortuellan sustatutako 28,6 Mw-ko potentziako BESS «PB Babor 6» proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatzea.
Laugarrena. Ebazpen honen edukia Industria Administrazioko Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzari jakinaraztea.
Bosgarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Seigarrena. Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketa sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko urtarrilaren 21a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.