Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2026ko urtarrilaren 12koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Hierros y Metales Gutram SL enpresak Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenan (Bizkaia) sustatutako Gutram hondakinak balorizatzeko instalazioaren ingurumen-inpaktuaren txostena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 20
- Hurrenkera-zk.: 452
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2026/01/12
- Argitaratze-data: 2026/01/30
Gaikako eremua
- Gaia: Ekonomi jarduerak; Ingurune naturala eta etxebizitza; Ogasun eta Ekonomía
- Azpigaia: Industria; Hirigintza eta etxebizita; Ingurumena; Ekonomia
Testu legala
2025eko urriaren 7an, Hondakin ez-arriskutsuen zerbitzuak (HEA) Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako (Bizkaia) Gutram hondakinak balorizatzeko instalazioaren proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egiteko eskatu zuen, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren esparruan (Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. Kapituluko 2. atalean dago arautua).
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikulua aplikatuta, 2025eko urriaren 15ean Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea hasi zuen pertsona interesdunentzat eta ukitutako administrazio publikoentzat. Kontsultak izapidetzeko legezko epea amaituta, ez da erakundeen txostenik jaso. Era berean, organo eskudunari jakinarazi zitzaion izapidea hasi zela.
Halaber, espedientea osatzen duten dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.
Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak behar beste judizio-elementu dituela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluari jarraikiz.
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaie II. eranskinean adierazitako proiektuei, bai eta I. eta II. eranskinetan ageri ez arren, zuzenean edo zeharka Natura 2000 Sareko guneetan eragina izan dezaketen proiektuei ere.
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 9. taldeko b) epigrafean xedatutakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaie honako hauei: «Hondakinak deuseztatzeko edo balioztatzeko instalazioak, I. eranskinean sartuta ez daudenak, ekoizpenaren lekuan dauden hondakin arriskugabeen deuseztapena eta balioztapena salbu».
Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta ikusita proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarrean dagoen araudian xedatutako alderdietara egokitzen dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren txosten hau ematen du (organo hori da eskuduna Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera). Bertan aztertzen da ea aipatutako proiektuak ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzakeen eta, horren ondorioz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren azterketa arruntaren prozedura egin behar zaion; halakorik egin behar ez bada, proiektua garatzean ingurumena egokiro babesteko bete beharreko baldintzak ezartzen dira txostenean.
Kontuan hartu dira: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau
Lehenengoa. Ingurumen-inpaktuaren txostena formulatzea Hierros y Metales Gutram SL enpresak Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenan (Bizkaia) sustatutako Gutram hondakinak balorizatzeko instalaziorako, baldintza hauetan:
Proiektuaren xedea da hondakin ez-arriskutsuak eta eraikuntza- eta eraispen-hondakinak (EEH) balorizatzeko jarduera gauzatzea Hierros y Recuperaciones Gutram SL enpresaren instalazioan, Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako El Campillo II industrialdean.
Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako Gutram hondakinak balorizatzeko instalaziorako (aurrerantzean, proiektua) ingurumen-inpaktuaren txostena egitea xede duen ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-dokumentua aztertzen da, bat etorriz abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideekin:
Proiektuaren ezaugarriak.
Hondakin ez-arriskutsuak eta eraikuntza- eta eraispen-hondakinak (EEH) balorizatzeko jarduera egin nahi duen Hierros y Recuperaciones Gutram SL enpresaren instalazioa El Campillo II industrialdeko 42-S02 zenbakian dago, Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbena udalerrian, eta 7.813 m2-ko azalera du guztira.
Aurreikusitako balorizazioa instalazioan sartzen diren hondakinak sailkatzea eta bahetzea da, ondoren erabili ahal izateko. Hondakinak honako prozesu hauetatik igaroko dira:
Hondakina biltegiratzea, EHZ kodearen arabera metatuta (Hondakinen Europako Zerrenda).
Bereizketa: bahetu aurretik, bereizketa eskuz egiten da, tamaina handiko azpiproduktu metalikoak eta ez-metalikoak banantzeko.
Aurretiko bahetzea: bereizi ondoren, hondakinari lehenengo aurretiko bahetzea egiten zaio, eta 100 mm-tik gorako frakzioa kentzen da.
Hondakina bi lineatan banatzen duen 100 mm-tik beherako frakziorako bereizgailu magnetikoa:
Linea ez ferrikoa: baheketa egiten da, eta bi pilotan banatzen dira (0-25 mm-koak eta 25-100 mm-koak).
0-25 mm-ko frakzio ez ferrikoaren baheketa. Frakzio finak hiru pilotan bereiztea (0-6, 6-12 eta 6-25 mm), hormigoia fabrikatzeko.
25-100 mm-ko frakzioaren bereizketa, tipologiaren arabera bananduta.
Linea ferrikoa: baheketa egiten da, eta bi pilotan banatzen dira (0-25 mm-koak eta 25-100 mm-koak).
Instalazioen barruan oratzeko planta bat dago, eta han amaituko du balorizazio-prozesua hormigoia egiteko lortutako frakzio finaren ehuneko batek, zehazki, 0-25 mm-ko frakzio ez ferrikoa bahetu ondoren lortutakoak.
Tratatu ondoren, hondakinak baimendutako handizkariei salduko zaizkie, balorizazio-prozesua amaitu dezaten, hondakin-mota bakoitzerako indarrean dagoen araudian ezarritako erabileretan. Instalazioek, gainera, oratzeko planta bat izango dute, zepetatik eratorritako agregakinak lotutako erabileretan aprobetxatzeko.
Kudeatu beharreko hondakinen aurreikuspena:
Instalazioak egunean gutxi gorabehera 60 tona ekoitzi ahal izango ditu eraikuntza- eta eraispen-hondakinetarako (EEH), eta egunean 30 tona hondakin ez-arriskutsuetarako (HEA); hau da, guztira, instalazioak urtean 32.850 tona tratatu ahal izango ditu.
Balorizazio-instalazioan onar daitezkeen hondakinak ebazpen honen I. eranskinean daude jasota.
Balorizazio-instalazioaren deskribapena:
Lurzoruaren erabilera sei eremutan banatuta dago:
Biltegiratzea, HEZ kodearen arabera.
Lixibiatuen putzua.
Bereizketa- eta baheketa-instalazioa.
Agregakinen eta balorizatutako hondakinen biltegiratzea.
Oratze-instalazioa.
Instalazioan sortutako hondakinen kudeaketa.
Biltegiratze-eremuen deskribapena:
Aplikatu beharreko araudiaren arabera balorizatutako hondakinak behar bezala kudeatzen direla bermatzeko, zentroak zenbait eremu izango ditu, hondakinak bereizi eta sailkatzeko eta hondakinak aldi baterako biltegiratzeko:
Hondakina biltegiratzeko kanpoko eremua: aire zabalean egiten da, lurzoru zolatuan, eta isurketak eta lixibiatuak bildu egiten dira.
Hondakina biltegiratzeko pabiloiaren barruko eremua: tipologiak hala eskatuz gero, pabiloiaren barruan biltegiratuko dira hondakinak. Halaber, gutxi izateagatik instalazioan denbora gehiago igaroko duten hondakinak ere pilatu egingo dira.
Hondakin arriskutsuak biltegiratzeko eremua: teilape batek estalitako esparru batean biltegiratuko dira, hormigoi iragazgaitzezko zolata baten gainean, eta behar bezala babestutako edukiontzietan.
Bereizketa- eta baheketa-eremua: hondakinak manipulatzen diren gunea estalita dago, eta hormigoizko zolata iragazgaitz baten gainean.
Ekipamenduak:
Instalazioak honako ekipamendu hauek izango ditu:
Giza baliabideak: instalazio berriari sei (6) pertsona atxikiko zaizkiola aurreikusten da.
Bulegoak: zerbitzu informatikoz hornitutako bulegoak izango dira, eta sarerako konexioa eta telefonia izango dituzte. Jantokia, aldagelak, bilera-gela eta bulegoak izango ditu.
Laborategia: instalazioan pabiloi bat egongo da berez aplikatu beharreko araudirik ez duten hondakin balorizatuen propietate mekanikoak ikertzeko eta egiaztatzeko, hala nola zepa zuriak eta altzairu herdoilgaitzen zepak. Laborategiak laginak prestatzeko eta kontserbatzeko eta proba mekanikoak egiteko beharrezkoak diren ekipoak eta bitartekoak izango ditu.
Baskula: instalazioaren sarreran jarriko da, eta azterketak eta kalibrazioak legez eskatzen den maiztasunaren arabera egingo dira.
Beste instalazio orokor batzuk:
Instalazioak, gainera, honako ekipamendu hauek ere izango ditu:
Jardueraren berezko premien araberako indar- eta argi-instalazio egokia.
Larrialdietako argiztapena.
Udal-sareko uren hornidura.
Saneamendua: saneamendu-sare bereizia, aire zabaleko biltegiratze-eremuetan sortutako isurketak, euri-ur kutsatuak eta euri-urak biltzeko; likido horiek dekantazio-putzura bideratuko dira.
Telefonia: telefono- eta fax-linea.
Suteen aurka babesteko instalazioak.
Isuri atmosferikoak:
eranskinean jasotzen dira, balorizazio-instalazioarekin lotuta, kutsatzaileak izan daitezkeen jarduerak. Jardueren aitorpena 100/2011 Errege Dekretuaren (urtarrilaren 28koa, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duena eta bera ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituena) arabera egin da.
Emisio-fokuak:
Balorizazio-instalazio berriak konfinatutako lau emisio-gune ditu, ez-sistematikoak, filler edo zementua biltegiratu dezaketen 4 silorekin lotuta. Horien ezaugarriak III. eranskineko taulan daude jasota.
Soinu-isuriak:
Makinek, zentroko garraio-ibilgailuek eta hondakinen zamalanetarako eta manipulaziorako lanek sortzen dituzte zaratak. Sustatzailearen arabera, zarata horiek ez dira esanguratsuak, zentroaren kokapena, mugakideak eta kudeaketa-zentroaren funtzionamendu-ordutegia kontuan hartuta.
Uretarako isuriak:
Hondakinak biltegiratuko eta kudeatuko diren azalera zolata iragazgaitz baten gainean egongo da, eta hormigoizko zoladura izango du, apirilaren 9ko 64/2019 Dekretuaren 1. eranskinean ezarritako iragazkortasuna betetzen duena, lurpeko uren babesa ziurtatzeko.
Hondakina biltegiratzeko kanpoaldeko eremuan sortzen diren lixibiatuak zabalguneko maldatik bideratu eta dekantazio-putzuan bilduko dira. Putzu horretatik lixibiatu horiek kudeatzen dituzten hiru kutxatilaraino eramango dira:
Hidrokarburoak bereizteko kutxatila, hondakin-uren koipeak eta olioak biltzeko.
Laginak hartzeko kutxatila, isurketaren kalitatea eta kantitatea kontrolatzeko.
Sifoi-kutxatila, hondakin solidoak saneamendu-sare publikora isurtzea saihesteko.
Ondoren, lixibiatuak saneamendu-sareko kolektorera konektatzen dira. Dekantazio-putzua euria egiten hasi eta lehen 20 minutuetan eroritako ura biltzeko gai izango da, 10 urteko errepikatze-denbora kontuan hartuta.
Hondakinak sortzea:
Hondakin arriskutsuak eta ez-arriskutsuak sortuko dira. Hondakin ez-arriskutsuak udal-hondakinekin eta mota desberdinetako ontzi eta bilgarriekin lotuta daude, eta urtean ez dira 300 kg baino gehiago izango.
Alabaina, memoria teknikoan jasotakoaren arabera, aurreikusitako hondakin arriskutsuen urteko bolumena 10 tona baino gutxiagokoa da, eta puntualki ekoitziko dira; instalazioen eta makinen mantentze-lanekin lotuta daude.
Jarraian, sortutako hondakin arriskutsuen zerrenda eta lotuta duten prozesua jasotzen dira:
(Ikus .PDF)
Aurreikusitako hondakinak eremu iragazgaitz eta estali batean bilduko dira, horiek biltzeko leku batean, tratamendu egokia emango dioten kudeatzaile baimenduetara bidaltzeko zain.
Proiektuaren kokapena.
Gutram SL enpresaren instalazioa El Campillo industrialdean dago, Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbena udalerriaren hegoaldeko eremuan, Gallartako hirigunearen alboan. Gaur egun, partzela eraikita eta urbanizatuta dago, eta instalazioak dagoeneko egikarituta daude; hortaz, artifizializazio-maila handiko ingurunea da, eta ez dauka interes handiko natura-baliorik.
Hauek dira eremuaren ingurumen-ezaugarri nagusiak:
Eremua Barbadun Unitate Hidrologikoan dago, «Barbaduneko drainatze-trantsizioko» ur-masaren arroan, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoan. Industrialdearen mendebaldetik Picón ibaia igarotzen da; ibai horrek «Barbaduneko trantsizioko» masara isurtzen ditu urak (ES111T075010). 2024an, masa horren egoera ekologikoa «ona» zen, baita egoera kimikoa ere. Horrenbestez, ur-masaren urteko egoera globala «ona» da.
Proiektuaren eremua hegoaldeko antiklinorioko lurpeko ur-masaren gainean dago. Materialen iragazkortasuna ertaina eta txikia da pitzaduragatik, eta ia-ia eremu osoak akuiferoak kutsatzeko kalteberatasun handia eta oso handia dauka. Gainera, eremua interes hidrogeologikoko zona batean dago.
Ia ez dago landaredirik, eta eremu horretan dagoen bakarra artifizializatutako eremuetakoa da, hau da, landaredi erruderala edo nitrofiloa. Partzela ez dator bat Batasunaren intereseko habitatekin (BIH).
Eremuaren ezaugarriak kontuan hartuta, ingurunean dagoen fauna hiriko eremuei lotutakoa izango da. Ez dago fauna mehatxatuarentzako balizko habitatik.
Eremuan ez dator bat ez naturagune babestuekin, ez igarobide ekologikoekin, ez interes geologikoko lekuekin. Hala ere, aipatu behar da industrialdearen ekialdean «140 Bodovalleko barnealdeko meategia eta ebaketa» interes geologikoko gunea dagoela. Halaber, ez dator bat beste katalogo batzuetako natura-intereseko eremuekin (EAEko naturagune garrantzitsuen katalogo irekia eta LAGetako natura-intereseko guneen zerrenda), ezta Plan Hidrologikoko Gune Babestuen Erregistroko elementuekin ere.
Partzelan ez dago kultura-ondarearen arloko elementurik. Eremutik hurbilen dagoena industrialdearen ekialdeko mugan dago, eta «beste batzuk» kategorian inbentariatutako kultura-elementu gisa identifikatuta dago, «Itxaropena ur-biltegia».
Ingurumen-arriskuei dagokienez, eremua 48002-00087 partzelarekin bat dator. Partzela hori sartuta dago lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan. Partzela industriala eta zabortegikoa da.
Eremua SEVESO enpresen eraginpeko hiru eremuren barruan dago: Bilboko Portua-1 sektorea eta Petronor, guztiak ere hodei toxikoekin lotuta. Ez du arrisku hauekiko kalteberatasunik: uholdeak, higadura, sismikotasuna edo baso-suteak. Era berean, ez dago salgaien garraioarekin lotutako afekzio-banden barruan.
Proiektuak izan dezakeen inpaktuaren ezaugarriak.
Partzela eta instalazioak jada eraikita daudela kontuan hartuta, proiektuaren inpaktuak instalazioaren funtzionamendu-fasean sortutakoak izango dira.
Proiektuaren izaerari eta ezaugarriei erreparatuta, jardueraren ondoriozko inpaktu garrantzitsuenak zarata sortzearekin, atmosferara emisioak egitearekin eta hondakinak sortzearekin lotuta daude nagusiki, bai eta lurzorua eta ura kutsatzeko arriskuarekin eta baliabide naturalen kontsumoarekin ere.
Zarata- eta bibrazio-iturri nagusiak kamioien trafikoa, makinen funtzionamendua, zamalanak eta hondakinen manipulazioa izango dira. Jarduera berriaren ondorioz soinu-mailak igotzearen ondoriozko eragina ez da oso esanguratsua, eta bateragarria dela irizten zaio, instalazioa bizitegi-eremuetatik urrun dagoen industrialde batean dagoelako.
Atmosferaren kutsadurari dagokionez, jarduera atmosfera kutsa dezakeen jarduera gisa jasota dago. Ildo horretan, nabean lau emisio-gune berri sortuko dira aurreikusitako prozesu berrien ondorioz. Sustatzaileak aurkeztutako dokumentazio teknikoaren arabera, gune horietarako emisioen tratamendu- eta kontrol-sistemak ezarriko dira (mahuka-iragazkiak eta zinta karenatuak). Horrez gainera, ingurumen-dokumentuak isuri atmosferikoak minimizatzeko honako neurri hauek jasotzen ditu: instalazioaren azalera ureztatzea, ibilgailuen gehieneko abiadura 20 km/h-ra mugatzea, baheketa- eta sailkapen-instalazioen barruko garraio-zintak karenatuak izatea eta edukiontzi itxiak erabiltzea, besteak beste.
Isurketei dagokienez, hondakinak biltegiratzeko kanpoko eremuan sortzen diren lixibiatuak zabalguneko maldatik bideratu eta dekantazio-putzuan bilduko dira. Gero, hiru kutxatilatatik eramango dira solidoak biltzeko, atxikitzeko eta koipeak edo beste kutsatzaile batzuk bereizteko, eta, azkenean, saneamendu-sareko kolektorera konektatzeko.
Halaber, hondakin arriskutsuak eta ez-arriskutsuak sortuko dira, funtsean makinen mantentze-lanetatik eta balorizatzeko instalazioetatik eta lanetatik.
Jarduera lurzorua kutsa dezakeen jardueratzat jotzen denez, aplikagarriak izango dira urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretua (lurzorua kutsatzeko arriskua eragiten duten jardueren zerrenda eta lurzoruak kutsatu deklaratzeko irizpideak eta estandarrak ezartzen dituena) eta lurzoru kutsatua prebenitzeari eta zuzentzeari buruzko Legea (4/2015, ekainaren 25ekoa).
Eremuaren eta egin nahi den jardueraren ezaugarriak aztertuta, eta aintzat hartuta bai sustatzaileak proposatutako babes- eta zuzenketa-neurriak, bai ingurumen-inpaktuaren txosten honetan bertan agindutakoak, ez da aurreikusi proiektuak eragin negatibo nabarmenik izango duenik ingurunearen alderdi horietan.
Bigarrena. Ebazpen honetan, babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumen-jarraipeneko kontrolak ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako Gutram hondakinak balorizatzeko instalazioak ingurumen-inpaktuaren azterketa arrunta egin beharrik izan ez dezan, baldin eta ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira.
Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Eusko Jaurlaritzaren Ingurumenaren Administrazioaren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan ezarritakoa aintzat hartuta.
Ezarritako neurriek eta kontrolean arituko diren langileek bermatu egin beharko dituzte ingurumen-dokumentuan ezarritako kalitate-helburuak eta ingurumen-txostenean finkatzen direnak.
Neurri horiek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, obretako jardunbide egokiak aplikatuko dira.
Ondoko apartatu hauetan adierazten diren neurriak nabarmentzen dira:
Kutsatutako lurzoruei buruzko neurriak:
Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, proiektuaren partzela jasota dago kutsatzaileak izan daitezkeen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan, 48002-00087 kodearekin, eta jarduera ekonomikoekin eta zabortegiekin edo isurketa-eremuekin bat dator.
Horri dagokionez, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean eta abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuan (Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duena) xedatutakoa bete beharko da.
Bestalde, hondakin ez-arriskutsuen kudeaketaren jarduera lurzorua kutsa dezakeen jardueratzat jotzen denez, aplikagarriak izango dira urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretua (lurzorua kutsatzeko arriskua eragiten duten jardueren zerrenda eta lurzoruak kutsatu deklaratzeko irizpideak eta estandarrak ezartzen dituena) eta lurzoru kutsatua prebenitzeari eta zuzentzeari buruzko Legea (4/2015, ekainaren 25ekoa).
Horretarako, aipatutako araudiaren arabera, sustatzaileak lurzoruaren egoerari buruzko txostena sartu beharko du baimen substantiboaren esparruan.
Urak eta lurzoruak babesteko neurriak:
Isurtzeko baimenak ezartzen dituen baldintzak betetzeaz gain, babes- eta zuzenketa-neurri hauek hartuko dira:
Instalazioan egiten diren jarduera guztiak gauzatzeko orduan, beharrezkoak diren segurtasun-baldintzak bete beharko dira, lurzorua, lurpeko urak eta lurrazaleko urak ez kutsatzeko.
Instalazioko hormigoizko zolata baldintza optimoetan eduki beharko da, hausturarik edo lurzorua eta urak kutsatzeko arriskua duen eremurik gabe.
Instalaziotik eratorritako euri-ur guztiak isurketa motaren araberako arazketa-gailu egokiak dituzten drainatze-sistemen bidez bideratu beharko dira, eta dagozkien kalkulu hidraulikoen arabera dimentsionatuta egongo dira. Sistema horiek bermatuko dute solidoak ezin hobeki atxikitzen direla eta kolektorera isurtzeko baimenean ezarritako parametro fisiko-kimikoak betetzen dituen isurketa lokalizatua egiten dela.
Uren arazketa-sistemaren mantentze-lanak behar bestetan egingo dira, sistemak ondo funtzionatuko duela bermatzeko. Lan horietan sartzen dira, halaber, lohia kentzea eta, gero, kudeatzaile baimenduari entregatzea.
Produktu eta hondakin arriskutsuen biltegia zein makinak biltegiratzeko, konpontzeko, zaintzeko eta haietan olio-aldaketak egiteko eremua, baita erregaia hornitzeko gunea ere, toki iragazgaiztu estankoetan egon beharko dira, eta balizko jarioetarako babesak izango dituzte, eta indarrean dagoen araudiaren araberako edukiera nahikoa eta baldintza egokiak. Berariaz debekatuta egongo da mantentze-lanak eginkizun horietarako ez den beste kokapen batean egitea.
Hidrokarburoen material xurgatzaile espezifikoa izan beharko da, ustekabeko isuri edo ihesen bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.
Airearen kutsadura txikiagotzeko neurriak:
Sustatzaileak proposatutako eraikuntza- eta eraisketa-hondakinak balorizatzeko jardueraren berri eman beharko dio Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzako Aire Zerbitzuari (horretarako gaitutako bitartekoen bidez), zuzendaritza horrek atmosfera kutsa dezaketen jarduerak (AKDJ) garatzeko baimenari dagozkion oharrak egin ditzan.
Hondakin arriskugabeak kudeatzeko jarduerak honako hauek bete behar ditu: Atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duen eta hura ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituen urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuan ezarritakoa eta Atmosfera kutsa dezaketen jardueretarako instalazioak arautzen dituen abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuan zehazten diren betebeharrak.
AKDJ baimenean ezarritako baldintzak betetzeari kalterik egin gabe, kutsatzaileak aireratzea minimizatu beharko dira, bai konfinatuak, bai lausoak, ahal den neurrian teknika erabilgarri onenak aplikatuz. Bereziki, hauts-itxurako materialaren zamalanetan, garraioan eta pilatze-lanetan sortutako emisio lausoak ahalik eta gehien murrizteko neurriak aplikatuko dira. Horretarako, neurri hauek hartuko dira aintzat:
Emisioak biltzeko sistemak behar bezala mantenduko dira, eta instalazioa garbi eduki beharko da (sarbideak, igarobideak eta kamioien zamalanetarako guneak). Ibilgailuen eta makinen bideak eta zirkulazio-eremuak garbituko dira, eta ibilgailuen abiadura mugatuta egongo da.
Zamalanak ahalik eta gutxien egingo dira, eta horiek egiteko orduan, ahalik eta hauts gutxien sortuz jardungo da; besteak beste, materiala deskargatzean, hura erortzen den altuera gutxituz.
Bestetik, materiala garraiatuko duten kamioiak olanekin edo hautsa harrotzea saihesten duten bestelako elementuekin estali beharko dira.
Klima-baldintza txarretan (haize bolada handiak, euriteak eta abar), ez dira hauts-itxurako materiala manipulatzeko jarduerak gauzatuko aire zabalean.
Pilaketa-eremua hezetzeko eta kamioiak igarotzen diren eremuak ureztatzeko sistemak izango dira.
Lantegiko instalazioen plangintzak, ikuskapenak eta mantentze-lanak egin beharko dira aldian behin, arestian deskribatu diren prebentzio-neurri horien betetze-maila egiaztatzeko.
Zaraten eta bibrazioen ondorioak minimizatzeko neurriak:
Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez aurreikusitakoaren arabera, aire zabaleko jarduera orokorretan erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuak eta arau osagarriek ezarritakora. Hala, makineria behar bezala mantendu beharko da, fabrikatzailearen jarraibideak kontuan hartuz, makineriak baldintza onenetan funtzionatzen duela bermatzeko, bai ekoizpeneko baldintzei bai ingurumenekoei dagokienez.
Beste alde batetik, jarduera egin beharko da jarduerak, orotara, bere eragin-eremuan Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita dauden kalitate akustikoaren helburuak ez gainditzeko moduan.
Hondakinak kudeatzeko neurriak:
Sortutako hondakin guztiak Ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, bereizi egin beharko dira hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.
Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzeari aurrea hartzea sustatu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkeran kudeatu daitezela; hau da: prebentzioa, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa eta deuseztatzea barne.
Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea ez dela bideragarria haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.
Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia bakoitzeko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, hala nahastea ekiditeko, nola, obran edo instalazioan bertan ez badira berrerabiliko, kudeatzaile baimendu bati entregatzeko.
Zabortegira bidali beharreko hondakinak sortuz gero, hauen arabera kudeatuko dira: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena, eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.
Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta, isurketaren bat gertatuz gero, nahasita, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan. Halaber, Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.
Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko da sortutako olio erabilia. Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zolata iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.
Jarduera uztea:
Behin instalazioaren bizitza baliagarria amaituta, oro har kutsadura sor dezaketen elementu guztiak desmuntatu eta erretiratu beharko dira, eta dagokion kudeatzaile baimenduari emango zaizkio, kasuan kasuko tratamendu egokia egin dezan, indarrean dagoen legediaren arabera.
Era berean, jarduera bertan behera utzi ondoren, titularrak ebaluatuko du lurzorua nola dagoen eta instalazioak erabilitako, ekoitzitako edo zabaldutako substantzia arriskutsu esanguratsuek lurpeko uretan zer-nolako kutsadura eragin duten, eta, halaber, organo honi emango dio ebaluazio horren emaitzen berri. Ebaluazioak erakusten badu instalazioak lurzoruaren edo lurpeko uren kutsadura nabarmena eragin duela, betiere lurzoruaren kalitatea adierazteko izapidean lurzoruaren kalitatea ikertzeko idatzi diren txostenetan ezarritako egoerarekin alderatuta, titularrak neurri egokiak hartuko ditu kutsadura horri aurre egiteko eta instalazioa lehengo egoerara ekartzeko, Ingurumen-erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen II. eranskineko arauei jarraikiz. Halaber, jarduera utzi ondoren, garbiketa-kanpaina sakona egin beharko da, obra-hondarrak kendu eta, beharrezkoa bada, aldi baterako instalazio guztiak desmuntatu.
Hirugarrena. Zehaztu behar da ez dela uste izatekoa proiektua gauzatuta kalte handirik egingo zaionik ingurumenari, lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera, eta baldin eta ebazpen honetan jasotako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen eta ezarritako kontrolak ezartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere adierazitakoen aurkakoak ez badira. Hortaz, ez da beharrezkotzat jotzen Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako Gutram hondakinak balorizatzeko instalazioak, Hierros y Metales Gutram SL enpresak sustatuak, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa bete behar izatea.
Laugarrena. Ebazpen honen edukiaren berri ematea Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzako Hondakin Ez Arriskutsuen Zerbitzuari.
Bosgarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Seigarrena. Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketa sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko urtarrilaren 12a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)