Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2026ko martxoaren 9koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baita «Vitoria-Gasteizko Alava Jenerala eta Independentzia kaleak urbanizatzeko eraikuntza-proiektuak» ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Mugikortasun Jasangarriaren Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 53
- Hurrenkera-zk.: 1217
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2026/03/09
- Argitaratze-data: 2026/03/18
Gaikako eremua
- Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua; Garraio eta herri lanak
- Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; Gobernua eta Administrazio Publikoa
Testu legala
2026ko otsailaren 2ko Ebazpenaren bidez, «Vitoria-Gasteizko Alava Jenerala eta Independentzia kaleak urbanizatzeko eraikuntza-proiektua» onetsi zen. Ebazpena 2026ko otsailaren 18an argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (33. zk.) eta Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean (21.zk.).
Proiektuaren helburua da Alava Jeneralaren eta Independentzia kaleen urbanizazioa zehaztea, zirkulazioa eta garajeetarako irispidea mantenduz, tranbia-sistemaren iragazkortasuna eta integrazioa hobetzeko Independentzia eta La Paz kaleen arteko bidegurutzearen eta tranbiaren Legebiltzarreko geltokiaren artean dagoen hiri-ingurunean. Zoladurarako irtenbide homogeneo bat bilatuko da, dauden akaberak bateratuz (hormigoi bituminosoa, asfalto urtua eta hormigoi inprimatua), dauden hiri-elementuak urbanizazio berrira egokituz eta dagoen drainadura birgaituz. Era berean, Independentzia kalea, Alava Jeneralaren kalea eta Foruen kaleen elkargunean bi bideen zati bat berrituko da, bi bideen erreiak nahiko higatuta daudela ikusi baita.
Lursailak lortzeko eta ukitutako ondasun eta eskubideak kudeatzeko, proiektuan ondasun eta eskubide horien identifikazio xehakatua jaso da. Horretarako, desjabetzeen eranskinean ageri dira lurzatien zerrenda eta planoak.
Organo honek eskumena du garraio-azpiegituren arloko jarduerak gauzatzeko beharrezkoak diren desjabetze-espedienteak izapidetzeko, Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 19ko 382/2024 Dekretuaren 11.2.c) artikuluak xedatzen duenaren arabera.
Abenduaren 19ko 26/2022 Legeak aldatutako Trenbide Sektorearen irailaren 29ko 38/2015 Legearen 6.2 artikuluak xedatutakoaren arabera, beste lursail batzuk erabili beharra dakarten trenbide-lineen, horien zatien edo tren-azpiegituraren beste elementu batzuen proiektuak onartzeko edo lehendik zeudenak aldatzeko proiektuak onartzeko, lursail berriak erabili beharra badago, onura publikoko edo gizarte-intereseko deklaratu beharko dira, okupatu egin beharko dira eta okupazio hori premiazkotzat deklaratu beharko da, ukitutako eta identifikatutako ondasun eta eskubideen nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako.
Nolanahi ere, proiektuak ukitutako ondasunak eta eskubideak okupatu beharra inplizituki proiektuaren onespenean jasotzen dela ulertzen bada ere, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 17.2, 18. eta 19.2 artikuluek ondasun eta eskubide horien xehetasunak jasoko dituen zerrenda egin eta jendaurrean jarri behar dela ezartzen dute, alegazioak egin eta datuak aurkeztu ahal izateko, proiektuak izan ditzakeen akatsak zuzendu eta interesdunak zein diren ondo zehazteko.
Hortaz, aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainerakoak ikusirik, honako hau
Lehengoa. Aurrekarietan aipatzen diren «Vitoria-Gasteizko Alava Jenerala eta Independentzia kaleak urbanizatzeko eraikuntza-proiektuaren» obrak exekutatzeko nahitaezko desjabetzearen espedientea hastea, ebazpen honen I. eranskinean zehazten diren ukitutako ondasun eta eskubideak identifikatuta.
Bigarrena. Jendaurrean jartzea «Vitoria-Gasteizko Alava Jenerala eta Independentzia kaleak urbanizatzeko eraikuntza-proiektuak» ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, hamabost (15) egun balioduneko epean ebazpen hau azken aldiz argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, alegazioak aurkeztu ahal izan daitezen, proiektuak izan ditzakeen akatsak zuzentzeko, hala ezartzen baitute Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 19.2 artikuluak eta horrekin bat datozenek. Alegazioak Mugikortasun Jasangarriaren Saileko Garraio Azpiegituren Zuzendaritzara zuzendu beharko dira (Donostia kalea 1, Lakua 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
Aipatutako epean, ondasun eta eskubideen zerrenda Vitoria-Gasteizko udaletxeko iragarki-oholean ere jarriko da jendaurrean.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko martxoaren 9a.
Garraio Azpiegituren zuzendaria,
MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.
ANEXO
VITORIA-GASTEIZKO UDAL-MUGARRIA
(Ikus .PDF)