Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2026ko irailaren 9koa, Lehiaren Euskal Agintaritzako lehendakariarena, Lehiaren Euskal Agintaritzaren jarduketa-eremuetan prestakuntza-beka bat arautu eta hartarako deialdia egiten duena (2026/2027ko ekitaldia).
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Ogasun eta Finantza Saila; Lehiaren Euskal Agintaritza
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 184
- Hurrenkera-zk.: 4010
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2026/09/09
- Argitaratze-data: 2026/09/25
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa
Deskribapenak
Testu legala
Lehiaren Euskal Agintaritzaren helburua da merkatuko lehia askearen eta gardentasunaren baldintzak sustatzea, bermatzea eta hobetzea, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan egiten diren jarduera ekonomikoei dagokienez. Hala, bere helburuak betetzeko, besteak beste, lehia sustatzeko eskumenak baliatuko ditu.
Jasotzen duen eskaerari erantzuteko, Lehiaren Euskal Agintaritzak funtsezkotzat jotzen du ikasketak amaitu berri dituzten unibertsitarioen prestakuntzan laguntzea. Hain zuzen ere, aurreko urteetako deialdietan oso emaitza onak lortu ondoren, Lehiaren Euskal Agintaritzak egokitzat jo du beste deialdi bat egitea, unibertsitate-titulua berriki lortu duten eta Lehiaren Euskal Agintaritzaren berezko eginkizunei dagozkien eremuetan prestakuntza teoriko-praktikoa sakondu nahi duten pertsonek horretarako aukera izan dezaten.
Lehiaren Euskal Agintaritzaren baliabide ekonomikoak eta teknikoak mugatuak direnez, bekaduna hautatzeko prozesu bat egingo da, norgehiagokako lehiaketa-prozeduraren bidez. Horrela, jasotako eskabideak alderatuko dira, eta puntuazio handiena lortzen duenari emango zaio beka, deialdiaren oinarrietan aldez aurretik ezarritako balorazio-irizpideak kontuan hartuta.
2024ko abenduaren 20an, Lehiaren Euskal Kontseiluak Lehiaren Euskal Agintaritzaren 2025-2028 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartu zuen. Plan hori 2026ko urtarrilaren 29ko bilkuran aldatu zen, eta, aldi berean, data horretan bertan, 2026rako Dirulaguntzen Urteko Plana onartu zen. Deialdi hau bi planetan sartuta dago, eta Gardentasunaren atalean eskura daiteke, Lehiaren Euskal Agintaritzaren webgunean: (https://www.competencia.euskadi.eus). Zehazki, beka honen bidez, unibertsitateko tituludunei lehiaren eta Lehiaren Euskal Agintaritzaren berezko eginkizunen arloko prestakuntza emateko helburu estrategikoa beteko da.
Deialdi hau hornitzeko kreditu nahikoa eta egokia dago, Euskal Autonomia Erkidegoko 2026ko. Aurrekontu Orokorrak onesten dituen abenduaren 23ko 7/2025 Legea aplikatuz.
Horrenbestez, honako hau
Lehiaren Euskal Agintaritzaren jarduketa-eremuetako prestakuntza-bekaren oinarri arautzaileak onartzea, I. eranskinean jasotzen diren baldintzetan, eta deialdia egitea 2026/2027ko ekitaldirako.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete Lehiaren Euskal Agintaritzako lehendakariari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Bilbao, 2026ko irailaren 9a.
Lehiaren Euskal Agintaritzako lehendakaria,
AINARA HERCE SAN MARTIN.
oinarria. Xedea.
Deialdi honen xedea da graduko unibertsitate-titulu ofiziala duen pertsona bati prestakuntza-beka bat ematea, baldin eta Lehiaren Euskal Agintaritzaren jardun-eremuetako berezko gaietan lanbide-prestakuntza osatu eta garatu nahi badu erakunde horren egoitzan prestakuntza-praktikak eginez, gehienez ere hamar hilabetez.
oinarria. Zuzkidura ekonomikoa.
Bekara bideratutako zenbateko globala 13.000 eurokoa da; horietatik 3.900 euro 2026. urteari dagozkio, eta 9.100 euro 2027. urteari.
Bekadunari emandako hileko zenbatekoa, hilabetea amaitutakoan ordainduko dena, 1.200 euro gordinekoa izango da, eta aplikatzekoa den araudiaren arabera Gizarte Segurantzako kotizazioaren kontzeptuan eta zerga-arloan aplikatu beharreko atxikipenen mende egongo da.
Bekaduna Gizarte Segurantzako erregimen orokorrean sartuko da.
Prestakuntza-izaera duenez, beka emateak ez du inolako kontratu-, lan- edo estatutu-harremanik ezartzen Lehiaren Euskal Agintaritzarekin, ez eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekin ere.
Bekadunari ordaintzen zaion zenbatekoak ez du ordainsari-izaera izango, prestakuntzarako laguntza-izaera baizik.
oinarria. Denbora-eremua.
Bekak gehienez ere hamar hilabete iraungo du, esleipen-ebazpenean zehazten den egunetik aurrera, eta, nolanahi ere, ez da hasiko 2026ko urriaren 1a baino lehen, eta ezingo da luzatu 2027ko uztailaren 30etik aurrera.
oinarria. Bekaren ezaugarriak.
Bekari esker, bekadunak prestakuntza teoriko-praktikoa jasoko du Lehiaren Euskal Agintaritzaren jardun-eremu propioetan, hala nola zehapen-espedienteak izapidetzea eta lehia sustatzeko txostenak egitea, besteak beste.
Horretarako, Lehiaren Euskal Agintaritzako langileekin batera, parte hartu ahal izango du lehia-espedienteen dokumentazioa aztertzen, jurisprudentzia aztertzen eta biltzen, datuak biltzen eta aztertzen, eduki juridiko-ekonomikoko txostenak egiten eta araudia aztertzen.
Era berean, hainbat motatako espedienteak izapidetzen lagundu ahal izango du (hala nola zehapen-espediente administratiboak, aurkaratzekoak eta bide judizialean defendatzekoak).
Gainera, bere prestakuntzarako egokitzat jotzen diren jardunaldietara joan eta beste jarduera batzuk egin ahal izango ditu.
Bekadunak Lehiaren Euskal Agintaritzaren bulegoetan egin beharko du prestakuntza, beka eman ondoren Lehiaren Euskal Agintaritzak eta bekadunak adosten duten ordutegian. Ordutegia astean 30 ordukoa izango da, astelehenetik ostiralera, laneko ordutegian.
Bekaduna Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren erantzukizun zibileko eta istripuetarako polizan sartuta egongo da bekak irauten duen bitartean.
oinarria. Bekadun izateko betekizunak.
Bekadunak izan daitezke jarduteko gaitasun osoa duten pertsona fisikoak, baldintza hauek betetzen badituzte:
Zuzenbide, ekonomia edo enpresaren arloetako graduko unibertsitate-titulu ofiziala edo baliokidea izatea, eta eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik 6 urte baino gehiago ez igarotzea titulua eman zenetik.
Deialdi honen ondorioetarako, «baliokidetzat» joko da unibertsitateek emandako unibertsitate-ikasketen lehen zikloa gaindituta lortutako unibertsitate-titulu ofiziala, betiere Unibertsitate-irakaskuntzen antolamendua eta horien kalitatea ziurtatzeko prozedura ezartzen dituen irailaren 28ko 822/2021 Errege Dekretuan aurreikusitakoaren arabera.
Atzerriko hezkuntza-sistemetan lortutako unibertsitate-tituluak Espainiako graduko unibertsitate-maila ofizialaren baliokidetzat jo beharko dira, urriaren 18ko 889/2022 Errege Dekretuan aurreikusitakoaren arabera (889/2022 Errege Dekretua, urriaren 18koa, Atzerriko hezkuntza-sistemetako unibertsitate-irakaskuntzak homologatzeko, baliokidetzat jotzeko eta baliozkotzeko baldintzak eta prozedurak ezartzen dituena eta aurreko antolamendu akademikoetako unibertsitate-titulu ofizialek Goi Mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruan duten baliokidetza ezartzeko prozedura arautzen duena).
Administrazio-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izatea, bekaren deialdia egin baino lehenagotik.
Euskaraz egiteko B2 maila simetrikoa egiaztatua eta aitortua izatea, gutxienez, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuaren arabera eta Euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin parekatzeko den azaroaren 9ko 297/2010 Dekretua eta Euskaraz egindako ikasketa ofizialak aintzat hartzeko eta euskara-maila hizkuntza-tituluen eta ziurtagirien bidez egiaztatzetik salbuesteko den apirilaren 3ko 47/2012 Dekretua aplikatuz.
Aurreko apartatuan aurreikusitakoaz gain, bekadunak honako baldintza hauek bete beharko ditu (beka ematen denetik likidatu arte mantendu beharko dira):
Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, bai beka ematen den unean, bai eta ordaintzen denean ere, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan, bai zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai dirulangutzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzko Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan ezarrita dagoen moduan.
Deialdi hau kudeatzen duen organoak automatikoki egiaztatuko du interesdunak betetzen dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, horretarako, ez du haren baimenik beharko. Hala ere, bekadunak uko egin ahal izango dio egiaztapen hori egiteari, eta, kasu horretan, dagokion egiaztagiri eguneratua aurkeztu beharko du.
Interesduna lurralde historikoetako foru-ogasunetan zergapekoa bada, haren baimena beharko da zerga-betebeharrak betetzen dituela egiaztatzeko. Zerga Administrazioko Estatu Agentziako edo beste zerga-agentzia bateko zergapekoa izanez gero, interesdunak zerga-betebeharrak betetzen dituela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du.
Egunean izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan ezarritako baldintzetan (Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).
Honako hauek ezin izango dute beka eskuratu:
Aurretik Lehiaren Euskal Agintaritzak emandako prestakuntza-bekaren bat izan dutenak;
kondenatuta daudenak dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez, edo delitu hauetakoren bat egin izanagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, influentzia-trafikoa, iruzurrak, eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak;
ebazpen irmo baten bitartez zehapena jaso dutenak, eta dirulaguntzak jasotzeko aukera galduta dutenak, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearekin edo halakorik ezartzen duten beste lege batzuekin bat etorriz.
oinarria. Emateko prozedura.
Deialdi honen xede den beka lehiaketa bidezko norgehiagoka-prozeduraren bidez emango da. Horrela, aurkeztutako eskabideak alderatuko dira, haien arteko lehentasun-ordena ezartzeko, oinarri hauetan ezarritako balorazio-irizpideak kontuan hartuta, eta balorazio-faseetan eskatutako gutxieneko puntuazioa gainditu eta puntuaziorik handiena lortu duenari esleituko zaio.
oinarria.Eskabideak aurkeztea.
Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Interesdunek bide elektronikotik izapidetu ahal izango dituzte eskabideak.
Interesdunek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan bidez eskatu, kontsultatu eta egin ahal izango dituzte eskabideak, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1113107
Eskabidearen ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne, «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
Eskabidea eta ondorengo izapideak eskatzailearen ordezkari batek egin ahal izango ditu. Horretarako, ordezkaritza ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako inprimakiak izapidetzeko jarraibideak oinarri honen 2. puntuan adierazitako Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri.
Eskatzaileak Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako edozeinetan aurkeztu ahal izango du eskabidea, erantsitako egiaztagiriekin batera. Halaber, eskabidetik eratorritako jarduketetan, eta prozedura osoan, eskatzaileak hautatutako hizkuntza ofiziala erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.
oinarria. Eskabidean aurkeztu beharreko dokumentazioa eta erantzukizunpeko adierazpenak.
Eskatzaileek prozeduraren eskabide-inprimakia bete beharko dute, eta dokumentazio hau aurkeztu:
NAN, AIZ edo pasaportea.
Curriculum vitaea, alegatutako merezimenduak zerrendatzen dituena.
Graduko unibertsitate-titulu ofiziala edo baliokidea, edo titulua emateko eskubideak ordaindu izanaren ziurtagiria, zuzenbidearen, ekonomiaren edo enpresaren arloetan.
Unibertsitate-titulu ofiziala lortzera bideratutako ikasketen ziurtagiri akademiko pertsonala, honako hauek adierazita:
Batez besteko nota;
egindako ikasgaien kalifikazioak.
Hala badagokio, merezimendu gisa alegatutako unibertsitate-titulu ofizialak (gradua, masterra edo doktoregoa), bai eta unibertsitate-titulu ofiziala lortzera bideratutako ikasketetan egindako irakasgaiak eta lortutako kalifikazioak ere.
Hala badagokio, merezimendu gisa alegatutako ikastaroak egin direla egiaztatzen duten ziurtagiriak.
Hala badagokio, merezimendu gisa alegatutako hizkuntzen ezagutza egiaztatzen duten tituluak edo ziurtagiriak.
Hala badagokio, merezimendu gisa alegatutako alderdiak egiaztatzen dituzten beste dokumentu batzuk, aurreko puntuetan zerrendatuta ez daudenak.
Eskatzaileek eskubidea dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku dagoen dokumentazioa ez aurkezteko. Ildo horretan, aipatutako datuak (identitatea, egoitza eta unibertsitate-titulu ofizialak) organo kudeatzaileak kontsultatu eta egiaztatuko ditu, elkarreragingarritasun-zerbitzuen bidez. Nolanahi ere, eskatzaileak aurka egiten badu, hala adierazi beharko du eskabidean, eta dokumentu horiek aurkeztu.
Eskatzaileak, eskabidearekin batera aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, honako baldintza hauek egiaztatuko ditu:
Eskabideko eta harekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak direla; bekaren onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako baldintzak betetzen dituela, eta ez duela Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.1 artikuluan jasotako debekurik.
Egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta konpromisoa hartzen duela betebehar horiek betetzen jarraitzeko bekak irauten duen bitartean, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoarekin bat etorriz (Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).
Xede bererako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera, edo bestelako baliabiderik eskuratu ez izana beste administrazio edo ente publiko edo pribaturen batetik.
Ez egotea kondenatuta dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez, ezta delitu hauetakoren bat egiteagatik ere: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, influentzia-trafikoa, iruzurrak, eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.
Ez duela Lehiaren Euskal Agintaritzak esleituak dituen eginkizunekin zuzeneko lotura duen edo haien aurka egin dezakeen lanbide-jarduerarik; deialdi hau argitaratu aurreko urtean ez duela halakorik egin, eta konpromisoa hartzen duela beka erabat amaitu arte halakorik ez egiteko.
Beka emateko proposamena egin aurretik, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatu beharko da. Betebehar hori bekako azken ordainketa egin arte bete beharko da, gutxienez.
Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzen direla Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emandako administrazio-ziurtagiri positiboen bidez egiaztatuko da, eta bekaduna lurralde historikoetako foru-ogasunen aurrean zergapeko bat bada eta bere zerga-datuak tratatzeko baimena eman badu, tributu arloko foru-organo eskudunek emandako administrazio-ziurtagiri positiboen bidez.
Bekadunak, Zerga Administrazioko Estatu Agentziaren aurrean zergapekoa bada, zerga-betebeharrak betetzeko, dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko du.
oinarria. Akatsak zuzentzea.
Eskabideak eta aurkeztu beharreko dokumentazioak ez badituzte ezarritako baldintza guztiak betetzen, edo haien edukia osatu gabe badago, eskatzaileari 10 egun balioduneko epea emango zaio dokumentazioa osatzeko edo akatsak zuzentzeko, eta adieraziko zaio, horrela egiten ez badu, bere eskaera baztertu egingo dela, edo izapidetzerako eskubidea galduko duela, aurretiaz ebazpena eman eta gero.
oinarria. Balorazio-batzordea.
Balorazio-batzorde batek aztertu eta baloratuko ditu eskabideak. Hauek osatuko dute batzorde hori:
Batzordeburua: Jorge Aranguren Fernández jauna, Lehiaren Euskal Kontseiluko kidea; haren ordezkoa Antonio Julián Rodríguez Esquerdo jauna izango da, Lehiaren Euskal Kontseiluko kidea.
Batzordekideak:
Guillermo Aranzabe Pablos jauna, Lehiaren Euskal Agintaritzaren lehiaren arloko arduradun juridikoa; haren ordezkoa Ibon Xabier Álvarez Casado jauna izango da, Lehiaren Euskal Agintaritzaren lehiaren arloko arduradun juridikoa.
Zorione Garitano Azkarraga andrea, Lehiaren Euskal Agintaritzako lehiaren arloko arduradun ekonomikoa; haren ordezkoa Jaione Aberasturi Erezuma izango da, Lehiaren Euskal Agintaritzako lehiaren arloko arduradun ekonomikoa.
Idazkaritza: Lehiaren Euskal Agintaritzako idazkari nagusi Noemí Angulo Garzaro andreak egingo ditu idazkari-lanak, eta hitza izango du, baina botorik ez.
Balorazio-batzordeko kideren baten kargua hutsik badago, kide hori kanpoan edo gaixorik badago, edo legezko beste arrazoiren batengatik ezinezkoa bada kide horrek batzordean parte hartzea, eta haren ordezkoa izendatuta ez badago, Lehiaren Euskal Agintaritzako lehendakariak izendatuko du haren ordezkoa.
Balorazio-batzordeak independentzia osoz, diskrezionalitate teknikoz eta objektibotasunez jardungo du.
oinarria. Hautaketa-prozesua eta balorazio-irizpideak.
Bekaduna bi fasetan hautatuko da:
Lehenengo fasea: 85 puntu.
Bigarren fasea: 15 puntu.
Lehenengo fasean, irizpide hauek baloratuko dira:
Ikasketa-espedientea: 30 puntu, gehienez. Puntuazioa emateko, graduko unibertsitate-titulu ofiziala edo baliokidea lortzeko ikasketetan lortutako batez besteko nota hartuko da kontuan:
10 puntu, batez besteko nota 5 eta 5,99 bitartekoa bada.
15 puntu, batez besteko nota 6 eta 6,99 bitartekoa bada.
20 puntu, batez besteko nota 7 eta 7,99 bitartekoa bada.
25 puntu, batez besteko nota 8 eta 8,99 bitartekoa bada.
30 puntu, batez besteko nota 9 eta 10 bitartekoa bada.
Zuzenbide, Ekonomia edo Enpresako graduko unibertsitate-titulu ofizialak: 20 puntu. 20 puntu emango zaizkie Zuzenbidean eta Ekonomian, edo Zuzenbidean eta Enpresan, gradu bikoitza edo bi gradu dituztenei.
Graduko bi titulazio izanez gero, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunetik aurrera, ezingo dira 6 urte baino gehiago igaro azken titulua eman zenetik.
Zuzenbide, Ekonomia edo Enpresako graduondoko unibertsitate-titulu ofizialak (masterra edo doktoregoa): 15 puntu, gehienez. Puntuazioa emateko, titulazioaren ikasketa-planean ezarritako Kredituen Transferentziarako eta Metaketarako Europako Sistemaren (ECTS) kredituen guztizko kopurua hartuko da kontuan:
10 puntu, 60 eta 90 ECTS artean.
15 puntu, 90 ECTS edo gehiago.
Lortutako tituluak baino ez dira baloratuko. Egiten ari diren ikasketak ez dira baloratuko, gainditu diren ECTS kredituen kopurua edozein dela ere.
Zuzenbide, Ekonomia edo Enpresako hobekuntza- eta prestakuntza-ikastaroak: 5 puntu, gehienez. Puntuazioa emateko, prestakuntzan guztira emandako ordu-kopurua hartuko da kontuan:
2,5 puntu, 250 eta 749 ordu bitartean.
5 puntu, 750 ordutik 1.499ra bitartean.
Euskararen ezagutza: 10 puntu, gehienez. Puntuazioa emateko, aintzat hartuko da egiaztatutako edo aitortutako gaitasun-maila, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuarekin bat etorriz, eta honako hauek aplikatuz: Euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin parekatzeko den azaroaren 9ko 297/2010 Dekretua eta Euskaraz egindako ikasketa ofizialak aintzat hartzeko eta euskara-maila hizkuntza-tituluen eta ziurtagirien bidez egiaztatzetik salbuesteko den apirilaren 3ko 47/2012 Dekretua:
5 puntu, C1.
10 puntu, C2.
Egiaztatutako gaitasun-maila asimetrikoa bada, maila handiena asimetrikoki egiaztatua duen trebetasunei (idatzizkoak edo ahozkoak) dagokien puntuazioa emango zaio.
Euskaraz bestelako hizkuntzak: 5 puntu, gehienez. Puntuazioa emateko, kontuan hartuko da egiaztatutako gaitasun-maila, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuaren arabera.
1 puntu, B1.
2 puntu, B2.
5 puntu, C1 edo C2.
Bigarren fasera pasatzeko, gutxienez 20 puntu lortu beharko dira lehenengo fasean. Inork gutxienez 20 puntu lortzen ez baditu, balorazio-batzordeak beka eman gabe utziko du.
Bigarren fasean, elkarrizketa pertsonala egingo da.
Elkarrizketa pertsonalaren bidez, hautagaiek arlo horretan duten prestakuntza egiaztatu nahi da. Hala, hautagaiek aukera izango dute lehiaren eremuan duten kualifikazioari buruzko ikuspegi integrala emateko balorazio-batzordeari. Hautagaiek prestakuntza jaso duten alderdiei buruz hitz egin ahal izango dute, bai eta lehiaren arloan aurretik izan duten esperientziari buruz ere. Galderen xedea izango da egiaztatzea aldez aurretik lehiari buruzko prestakuntza dutela eta gaian interesa dutela, bai eta prestakuntza-aldia egiteko gaitasuna dutela ere.
Elkarrizketa pertsonala bitarteko telematikoen bidez egin ahal izango da, baldin eta bitarteko horiek aukera ematen badute aldi berean komunikatu ahal izateko eta elkarrizketatua nor den eta elkarrizketaren garapena nolakoa izan den modu frogagarrian jasota uzteko.
Inork gutxienez 6 puntu lortzen ez baditu, balorazio-batzordeak beka eman gabe utziko du.
Balorazio-batzordeak txosten bat helaraziko dio Lehiaren Euskal Agintaritzaren Idazkaritza Nagusiari, egindako balorazioa zehazteko, eta hautaketa-prozesua gainditu duten pertsonen lehentasun-ordena helaraziko dio.
oinarria. Kudeaketa, ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko eta argitaratzeko modua.
Lehiaren Euskal Agintaritzaren Idazkaritza Nagusiari dagokio deialdi honetan aurreikusitako beka kudeatzeko lanak egitea, eta idazkari nagusia izango da laguntza kudeatzeko organo eskuduna.
Organo kudeatzaileak, balorazio-batzordeak egindako balorazioa ikusita loteslea izango baita, ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Lehiaren Euskal Agintaritzako lehendakariari. Proposamen horretan, bekaduna jasoko da, bai eta hautaketa-prozesua gainditu duten pertsonen zerrenda ere, balorazio-batzordeak adierazitako lehentasun-hurrenkeraren arabera, bekadunak bekari uko egiten badio ere.
Lehiaren Euskal Agintaritzako lehendakariak, organo kudeatzaileak egindako ebazpen-proposamena ikusita, ebazpen bidez ebatziko du beka emateko prozedura.
Aurreko atalean aipatu den ebazpenak amaiera emango dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa jartzeko aukera izango dute Lehiaren Euskal Agintaritzako lehendakariaren aurrean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan xedatutakoa betez, albo batera utzi gabe administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzeko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearekin bat etorriz.
Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie eskatzaileei, gehienez ere sei hilabeteko epean, ondorioak sortzen direnetik aurrera.
Halaber, beka (zenbatekoa eta onuraduna adierazita) Lehiaren Euskal Agintaritzaren webgunean argitaratuko da, gardentasunaren atalean: https://www.competencia.euskadi.eus
Ebazteko sei hilabeteko epea igaro eta ebazpenik eman ez bada, beka-deialdian parte hartzeko eskaera ezetsi egin dela ulertu beharko dute interesdunek, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan ezarritakoaren arabera, hargatik eragotzi gabe Administrazioak berariaz ebazteko duen betebeharra.
oinarria. Bekadunaren eskubideak.
Bekadunak Lehiaren Euskal Agintaritzaren tutore baten laguntza izango du prestakuntza-aldian. Horretarako, plantillako langile batek tutoretza-lanak egingo ditu eta egin beharreko zereginetan zuzenduko du.
Prestakuntza behar bezala aprobetxatzen duen bekadunak hori egiaztatzen duen ziurtagiria jasoko du.
oinarria. Bekadunaren betebeharrak.
Bekadunak, nolanahi ere, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan jasotako betebeharrak bete beharko ditu; honako hauek, bereziki:
Emandako beka onartzea. Alde horretatik, hautatutako pertsonak idazki bat aurkeztu beharko du, eta bertan, beka onartzen duela eta beka ematearen ondoriozko betebeharrak betetzeko konpromisoa hartzen duela adierazi; horretarako, zazpi eguneko epea izango du, beka emateko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera. Beka onartzeak deialdi honetan ezarritako arauak onartzea dakar.
Aukeratutako pertsonak ez badu idazkia epe barruan bidaltzen, bekari uko egin diola ulertuko da, eta hurrengo pertsonari emango zaio, lehentasun-hurrenkerari jarraituz.
Deialdi honetan eta dirulaguntzak arautzen dituen araudi aplikagarrian ezarritako baldintzak betetzea.
Dirulaguntza emateko kontuan hartutako inguruabarretako bat, objektiboa zein subjektiboa, aldatuz gero, horren berri ematea Lehiaren Euskal Agintaritzaren Idazkaritza Nagusiari.
Prestakuntza-ekintzak tutoreak emandako jarraibideen arabera egitea, eta ahalik eta probetxurik handiena ateratzea.
Adostutako ordutegia betetzea.
Bere esku jarritako baliabideak behar bezala erabiltzea, bai ekipamenduarenak, bai instalazioenak.
Behar den konfidentzialtasuna gordetzea prestakuntza-aldian jakin ditzakeen gai, gertakari edo bestelako informazioari buruz. Horretarako, dagokion dokumentua sinatu beharko du (II. eranskina).
Beste edozein administraziok, erakunde publikok edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea.
Lehiaren Euskal Agintaritzako Idazkaritza Nagusiari, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, beren eginkizunetan dihardutela, jasotako bekari buruzko informazioa ematea, eta men egitea bekadunen jardueraren gaineko kontrolari, egiaztapenari, jarraipenari eta ikuskapenari.
Bekadunak, prestakuntza-aldiaren azken astean, txosten bat aurkeztu beharko du Lehiaren Euskal Agintaritzan egindako prestakuntza-aldiko alderdi esanguratsuenak zehaztuz.
oinarria. Beste laguntza batzuekiko eta beste jarduera ekonomiko batzuekiko bateragarritasuna.
Beka bateraezina izango da helburu bererako eta denbora-eremu bererako beste edozein erakunde publikok edo pribatuk emandako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin.
Beste edozein administraziotatik, erakunde publikotatik edo pribatutatik helburu bererako dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabideren bat jasoz gero, jakinarazi egin beharko da, eta dirulaguntza erabat baliogabetuko da. Ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio jasotako zenbatekoak eta dirulaguntzen arloko berandutze-interesak.
Beka bateraezina izango da, halaber, Lehiaren Euskal Agintaritzari esleitutako eginkizunekin zuzeneko harremana duen edo eginkizun horietan eragin dezakeen edozein jarduera ekonomikorekin. Bateraezintasun horrek ebazpen hau argitaratu aurreko urtea hartuko du barnean, bai eta bekak irauten duen aldi osoa ere.
Prestakuntza-aldian, gerora sortutako inguruabarren ondorioz, lehenago deskribatutako egoera hori gertatzen bada, Lehiaren Euskal Agintaritzari jakinarazi beharko zaio, eta erabaki beharko da geratzen den bekari uko egitea edo lotura zuzena duen edo eragina izan dezakeen lanbide-jarduerari uko egitea.
oinarria. Beka ordaintzea.
Bekadunari emandako hileko zenbatekoa, hilabetea amaitu ondoren ordainduko dena, 1.200 euro gordinekoa izango da, eta aplikatzekoa den araudiaren arabera Gizarte Segurantzako kotizazioaren kontzeptuan eta zerga-arloan aplikatu beharreko atxikipenen mende egongo da.
Ez da inolako ordainketarik egingo bekadunak egunean ez baditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ere.
Dirulaguntza ordaindu ahal izateko, bekadunak erregistratuta egon beharko du Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailaren Hirugarrenen Erregistroan. Erregistratuta ez badago edo banku-datuak aldatu nahi baditu, helbide honetan egingo da alta edo aldaketa: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak
Prestakuntza-aldia hilabetetik beherakoa izan bada, benetako prestakuntza-egunen arabera kalkulatuko da ordaindu beharreko zenbatekoa.
oinarria. Uko egitea.
Bekadunak bekari uko egin ahal izango dio, baina, betiere, aintzat hartu beharko du oinarri honen hurrengo apartatuan xedatutakoa. Bekari uko eginez gero, baliatu ez duen beka-zatiko eskubide ekonomikoak galduko ditu.
Ez-betetzea deklaratzeko prozedura bat hasi dela jakinarazi ondoren, ez da uko-egiterik onartuko. Ez-betetze prozedurak aurrera jarraituko du, ebatzi arte.
Beka amaitzeko gutxienez lau hilabete geratzen badira, 11. oinarrian adierazitako lehentasun-hurrenkeraren arabera bigarren postuan dagoen pertsonari eman ahal izango zaio beka, ohiko epean amaitu arte falta den denborarako. Pertsona horrek beka onartzen ez badu, lehentasun-hurrenkeraren araberako zerrenda agortu arte jarraitu ahal izango da.
oinarria. Ez-betetzeak eta itzulketa.
Honako hauek izango dira ez-betetzeak:
Ebazpen honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, dirulaguntza emateko egintzan ezarritakoak ez betetzea.
Hala badagokio, beka itzultzeko ebazpenean adierazitako zenbatekoa ez itzultzea, horretarako ezarritako epean.
Dirulaguntzen arloko beste edozein xedapenetan oro har ezarritako beste edozein kasu, eta, bereziki, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan jasotako ez-betetzeak.
Aurreko puntuan aipatutako kasuren bat gertatu dela egiaztatuz gero, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio jasotako zenbatekoak eta dirulaguntzen arloko berandutze-interesak.
Ondorio horietarako, itzulketa-prozedura Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan xedatutakoaren araberakoa izango da.
Itzulitako zenbatekoak zuzenbide publikoko diru-sarreratzat hartuko dira dagozkien lege-ondorioetarako, eta erantzukizun-araubidea Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 46. artikuluan aurreikusitakoa izango da.
oinarria. Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.
Datu pertsonalak Lehiaren arloko laguntzak eta dirulaguntzak izeneko tratamendu-jardueran tratatu eta sartuko dira.
Arduraduna: Lehiaren Euskal Agintaritza.
Xedea: lehiaren arloko laguntzen eta dirulaguntzen eskabideak kudeatzea.
Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko.
Hartzaileak: ez da aurreikusten daturik komunikatzea.
Eskubideak: informazio osagarrian jaso diren eskuragarritasun, zuzenketa, ezeztatze eta bestelako eskubideak.
Informazio gehigarria: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/174100-capa2-eu.shtml
Araudia: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra) eta Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa.
Izen-abizenak:
NAN zk.:
Helbidea (ohiko bizilekua dagoen udalerria):
ADIERAZTEN DU:
Lehenengoa. Prestakuntza-beka bat egingo duela Lehiaren Euskal Agintaritzan (LEA/AVC). Hori dela eta, erakunde horren espedienteetan dagoen informazioa eta dokumentazioa eskuratu ahal izango du. Informazio horrek informazio konfidentziala eta sekretua du, bai eta datu pertsonalak ere.
Bigarrena. Inola ere ezingo die informazioa hirugarren pertsonei edo erakundeei jakinarazi edo zabaldu ez osorik, ez zati batean, ez eta baimendutakoak ez diren pertsonei informazioa eskuratzen utzi ere, eta ez du dokumentaziorik aterako, aldez aurretik berariazko baimena izan ezean.
Hirugarrena. Lehiaren Euskal Agintaritzari buruzko otsailaren 2ko 1/2012 Legearen 29.1 artikuluan eta Lehiaren Defentsari buruzko uztailaren 3ko 15/2007 Legearen 43. artikuluan ezarritakoaren arabera, konfidentzialtasun- eta sekretu-betebeharraren mende dago, Lehiaren Euskal Agintaritzan egoteagatik ezagutzen dituen edo eskura ditzakeen gertakari eta informazioei dagokienez.
Laugarrena. Datu pertsonalak babesteari buruzko araudia betetzeko, konpromisoa hartzen du ematen zaion edo eskuratzen duen informazio eta dokumentazio guztiaren tratamenduari dagokionez dituen betebeharrak betetzeko.
Bosgarrena. Dokumentu honetan edo aplikatu beharreko legerian ezarritako betebeharrak betetzen ez baditu, erantzukizun pertsonala izango du egindako arau-hausteen gainean.
Seigarrena. Lehiaren Euskal Agintaritzan prestakuntza amaitu ondoren ere, konfidentzialtasun- eta sekretu-betebeharra bete eta betearaziko du, Lehiaren Euskal Agintaritzan ezagutzen dituen egitate eta informazio guztiei dagokienez.
(Lekua), (eguna).
Bekadunaren sinadura.