Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2026ko irailaren 4koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita i-DE, Redes Eléctricas Inteligentes S.A.U.k sustatutako Artxanda - Mazarredo zirkuitu bikoitzeko 132 kV-ko linea elektrikoa 30002. eta 30006. euskarrien artean berrindartzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 183
- Hurrenkera-zk.: 4002
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2026/09/04
- Argitaratze-data: 2026/09/24
Gaikako eremua
- Gaia: ---
- Azpigaia: ---
Deskribapenak
Testu legala
2026ko ekainaren 25ean, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskatu zuen, Artxanda Mazarredo zirkuitu bikoitzeko 132 kV-ko linea elektrikoa 30002. eta 30006. euskarrien artean berrindartzeko proiekturako, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren esparruan (Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. kapituluaren 2. atalean arautua).
Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua aplikatuta, 2026ko uztailaren 6an Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea hasi zuen interesdunentzat eta eraginpeko administrazio publikoentzat. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatu ondoren, zenbait organismoren txostenak jaso dira, eta haien emaitza espedientean dago jasota. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion izapidea hasi zela.
Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren web-orrian, interesdun orok aukera izan zezan ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.
Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak badituela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar diren judizio-elementu guztiak, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan xedatutakoaren arabera, dagokion ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri behar dira, nahitaez, ingurumenean efektu nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2.a) artikuluan xedatutakoari jarraikiz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egin behar zaio proiektuari, lege horren II. eranskineko 4. taldeko b) epigrafean sartzen baita: 15 kV edo gehiagoko tentsioa eta 3 km-tik gorako luzera duten linea elektrikoak eraikitzea (I. eranskinean sartuta ez dauden proiektuak), haiekin lotutako azpiestazioak barne, bai eta aurreko atalaseen azpitik daudenak ere, 1. edo 2. irizpide orokorrak betetzen badituzte, edo ez badituzte barne hartzen abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuan ezarritako prebentzio-neurriak (1432/2008 Errege Dekretua, abuztuaren 29koa, hegaztiak goi-tentsioko linea elektrikoekin talka egitetik eta elektrokutatzetik babesteko neurriak ezartzen dituena), edo biztanleguneetatik 200 m baino gutxiagora edo etxebizitza isolatuetatik 100 m baino gutxiagora igarotzen badira ibilbidearen zatiren batean, salbu eta oso-osorik lurzoru urbanizatuaren zorupetik igarotzen badira.
Proiektuaren ingurumen-dokumentuaren arabera, aplikagarri dira abenduaren 9ko 21/2013 Legean jasotako salbuespenak; zehazki, III. eranskineko B apartatuan adierazitakoak (II. eranskinean ezarritako atalaseen azpitik dauden proiektuei ingurumen-ebaluazio sinplifikatua egiteko irizpide orokorrak), 2. puntuan: «Formalki igarobide edo lokailu ekologiko izendatutako azpiegitura berdeko elementuekin gainjartzen diren proiektuak, edo eremu hauetan gauzatu behar direnak: espezie mehatxatuak lehengoratzeko edo kontserbatzeko planen eremu kritikoak edo babes bereziko erregimenean dauden espezieak kontserbatzeko garrantzitsuak diren beste eremu batzuk; Batasunaren intereseko habitatak, baldin eta unitate biogeografikoan kontserbazio-egoera txarra badute; edo arrantzaren edo itsaski-bilketaren xede diren espezieak babesteko agintari eskudunek deklaratutako eremuak; salbu eta espazio hori kudeatzeaz arduratzen den organoak jakinarazi badu proiektuak ez duela kontrako ondoriorik eragiteko potentzialik».
Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta ikusita proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarrean dagoen araudian xedatutako alderdietara egokitzen dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren txosten hau egin du (organo hori da eskuduna Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera). Bertan aztertzen da ea aipatutako proiektuak ingurumenean efektu nabarmenak izan ditzakeen eta, horren ondorioz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura egin behar zaion; hala ez den kasuetan, proiektua garatzean ingurumena egokiro babesteko bete beharreko baldintzak ezartzen dira txostenean.
Kontuan hartu dira abenduaren 9ko 10/2021 Legea, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; abenduaren 9ko 21/2013 Legea, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; abenduaren 3ko 410/2024 Dekretua, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; urriaren 1eko 40/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, hau
Lehenengoa. Ingurumen-inpaktuaren txostena egitea, i-DE, Redes Eléctricas Inteligentes S.A.U.k sustatutako Artxanda Mazarredo zirkuitu bikoitzeko 132 kV-ko linea elektrikoa 30002. eta 30006. euskarrien artean berrindartzeko proiekturako, honen arabera:
Proiektuaren xedea da egungo aireko eroalea berritzea 795 m-ko tarte batean, eta kapazitate elektrikoa bateratzea aireko zati osoan, 30002. euskarritik 30006. euskarriraino.
Artxanda Mazarredo zirkuitu bikoitzeko 132 kV-ko linea elektrikoa 30002. eta 30006. euskarrien artean berrindartzeko proiektuaren (aurrerantzean, proiektua) ingurumen-inpaktuaren txostena egiten duen ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-dokumentuaren edukia aztertzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F eranskinean ezarritako irizpideekin bat:
Proiektuaren ezaugarriak.
Proiektua 795 metroko tarte batean gauzatuko da, Sondika (38 m) eta Bilbao (757 m) artean, egungo Artxanda-Mazarredo 132 kV-ko 1 eta 2 linea elektrikoaren 30002. euskarritik aireko eta lurpeko 30006. trantsizio-euskarriraino.
Proiektuaren xedea da egungo aireko eroalea berritzea aipatutako 795 metroko tartean, eta kapazitate elektrikoa bateratzea aireko zati osoan.
Helburu hori betetzeko, jarduketa hauek egingo dira:
DC Simplex motako LA-380 GULL eroalearen ordez, antzeko ezaugarriak dituen eroale bat jartzea, LARL-380 GULL motakoa; eta isolamendua, grapak eta burdineria ordeztea, 30002. euskarritik 30006. euskarrirako tartean.
30002. eta 30003. euskarrien arteko baoan, egungo FOADK kable biak kendu eta OPGW-16-80 kable bat eta ARLE-53 kable bat jartzea.
30003. eta 30006. euskarrien artean dagoen OPGW16-80 kablea erregulatzea, bai eta 30005. eta 30006. euskarrien artean dagoen ARLE-53 kablea ere.
Euskarriak mantendu egingo dira.
Aireko trazaduran, linea elektrikoak zenbait azpiegitura zeharkatuko ditu: besteak beste, linea elektrikoak eta telekomunikazioetakoak, errepideak, tunelak eta bideak. Beste beste instalazio edo azpiegitura batzuekiko gurutzaketak babestu egingo dira, babesak erabiliz edo atari bidez. Atari horiek tirantez finkatuko dira, mugi ez daitezen. Linea elektrikoak gurutzatu behar direnean batetik bestera, linea tentsiorik gabe dagoela egingo da, salbu eta ezinezkoa bada.
Aireko kableak atari eta babes-sareen bidez desmuntatuko dira, eta eroaleak tiratze eta frenatze bidezko makinekin kenduko dira. Ondoren, haiekin lotutako burdineria eta isolagailuak kenduko dira.
Ingurumen-dokumentuaren arabera, ez da lur-mugimendurik aurreikusten proiektua gauzatzeko.
Obrak 4.988,36 m2 aldi baterako okupatzea ekarriko du, batez ere lan-plataformekin, metaketa-guneekin eta euskarrietako jarduketa-eremuekin lotuta, eta ez da okupazio iraunkorrik aurreikusten. Lanak egiteko, ahal dela, lehendik dauden bideak erabiliko dira; hala ere, errei bidez aldi baterako bi sarbide ireki beharko dira 30004., 30005. eta 30006. euskarrietarako, eta guztira 168,91 m luze izango dira.
Proiektu osoa egiteko 6 hilabeteko epea aurreikusten da, materialak hornitu eta fabrikatzeko eta eraikuntza- eta muntaketa-zerbitzuak kontratatzeko aldiak barne; beraz, obraren gauzatze materiala 4 hilabetekoa izango da.
Alternatibei dagokienez, aurkeztutako dokumentazioak 0 alternatiba edo «jarduketarik ez egitekoa» aztertzen du, bai eta hautatu den alternatiba ere: linea berritzea lehendik dagoen trazaduraren gainean, lehendik dauden euskarriak berrerabiliz.
Baztertu egin da 0 alternatiba edo «jarduketarik ez egitekoa», aukera horrek ez baitu uzten azpiegitura elektrikoa berritzen; aldiz, hautatutako alternatiba justifikatuta dago ingurumenaren ikuspegitik hobea delako. Hain zuzen ere, lehendik dauden azpiegiturak aprobetxatzen ditu linea berriak proiektatu beharrean, eta azken aukera horrek kalte handiagoak eragingo lituzke inguruko elementuetan.
Proiektuaren kokalekua.
Jarduketak Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoari (ES017) dagokion Ibaizabalen Unitate Hidrologikoan kokatzen dira, eta bat datoz izenik gabeko 5002 errekaren goi-ibarrarekin. Erreka hori Nerbioi Barne-trantsizioko lurrazaleko ur-masaren adarra da (ES111T068010), mareaz azpiko estuario atlantiko motakoa, eta oso aldatuta dago. Eremuaren barruan ez dago Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroko elementurik.
Eusko Jaurlaritzaren 2007ko landarediaren kartografiaren arabera (geoEuskadi), hauek aurki daitezke proiektuaren eremuan: hiri-eremuak eta landaredi erruderal-nitrofiloa duten lugorriak, Brachypodium pinnatum espezieak edo beste larre mesofilo batzuek osatutako belardiak, larre eta labore atlantikoak, fase gaztean edo degradatuan dauden harizti azidofiloak edo harizti mistoak, txilardi-otadi-iratzedi atlantikoak eta EUNIS 2019 mapan espezie autoktonoen heskaitzat jotzen diren beste landaredi mota batzuk. Ingurumen-dokumentuaren arabera, proiektuaren eremuan landaredi erruderal nitrofiloa da nagusi: erdialdean, Brachypodium pinnatum espezieak edo beste landare mesofilo batzuek osatutako belardiak nabarmentzen dira. Proiektuaren eremuan fase gaztean edo degradatuan dauden harizti-azalerei dagokienez, orban sakabanatuetan agertzen dira. Urriak dira haritzak (Quercus robur) eta gaztainondoak (Castanea sativa), eta ugariak, berriz, sahatsak (Salix atrocinerea), urkiak (Betula celtiberica), gaztainondo-anduien kimuak, zuhaixka-itxurako haritzak, hurritzak (Corylus avellana), lizarrak (Fraxinus sp.) eta abar. Gainera, orban horietan zabalduta dago sasiakazia espezie inbaditzailea (Robinia pseudoacacia). Bestalde, ingurumen-dokumentuak dioenez, proiektuaren kokalekuan Batasunaren intereseko habitat hauek daude: 4030. Txilardi lehor europarrak; 6510. Altitude baxuko sega-belardi elkorrak (Alopecurus pratensis, Sanguisorba officinalis); eta 6210* Brachypodium pinnatum espeziea duten larre mesofiloak. Bestalde, proiektuaren eremuan ez da identifikatu mehatxatutako flora-espezierik.
Faunari dagokionez, jarduketak egin nahi diren lekua bisoi europarrarentzako (Mustela lutreola) «hobetu beharreko tarte» gisa izendatuta dago, ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretuaren bidez Bizkaian espezie hori babesteko onartu zen Kudeaketa Planaren arabera. Bestalde, ez proiektuaren eremuan, ez haren ingurune hurbilean, ez da topatu Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoen ezein kudeaketa-planetan sartutako eremurik, ezta abifaunarentzako babes-eremurik ere, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduaren arabera (2016-05-23ko EHAA, 96. zk.).
Proiektuaren eremuak ez du ukitzen Natura 2000 sareko naturagune babesturik, ez eta inbentarioan sartutako beste gune babestu edo natura-interesekorik ere. Halaber, ez dauka ezein inbentario edo katalogotan jasotako paisaia-baliorik edo kultura-ondare izendatutako elementurik, eta ez du ukitzen EAEko Geologia Intereseko Lekuen Inbentarioan jasotako geologia-intereseko lekurik, ez eta EAEko igarobide ekologikoen sareko elementurik ere.
Ingurumen-arriskuei dagokienez, baztertu egin dira uholde-arriskuarekin, sismikotasunarekin eta SEVESO enpresetatik hurbil egotearen ondoriozko arrisku kimikoarekin lotutako arriskuak, bai eta salgai arriskutsuen garraioan istripuak izateko arrisku handia duten errepide edo trenbideak hurbil egoteak dakarren arriskua ere. Era berean, proiektuaren eremuan ez dago kutsagarriak izan daitezkeen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako gunerik, edo akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasun handia edo oso handia duten lurzorurik.
Balizko inpaktuaren ezaugarriak.
Proiektua gauzatzearen ondorio nagusiak obra-fasean gertatuko dira; besteak beste, jarduketa hauek egingo direlako: aldi baterako okupatuko diren azalerak egokitu, errei bidez bide berriak ireki, materiala eta makineria garraiatu, berritu beharreko linea desmuntatu eta linea berria instalatu. Hori dela eta, belar-sastrakak kenduko dira, landaredia moztu eta inausiko da, eta lurzoruak okupatuko dira. Ingurumen-dokumentuaren arabera, ez da lur-mugimendurik egingo. Fase honetako jarduketek eragina izango dute landaredian, Batasunaren intereseko habitatetan, lurzoruetan, izenik gabeko 5002 errekari lotutako jabari publiko hidraulikoaren zortasun-eremuan (inausketak), kalitate atmosferikoan (obretan hautsa eta beste kutsatzaile batzuk aireratzea), egoera akustikoan, paisaian eta giza habitataren kalitatean. Gainera, lurrazaleko uren kalitateari eragiteko arriskua sortuko da, bai solido esekiak areagotzeagatik, bai erabilitako makinek ustekabean eragin ditzaketen isuriengatik. Horrez gain, lurrak iraultzeak erraztu egingo du, fase honetan, landare-espezie inbaditzaileak sartzea; horrelako espezieak ugaritzeko arrisku-faktorea izango da, beraz.
Ingurumen-dokumentuaren arabera, landare-mozketek eta -inausketek 6.788,2 m2-ko azalera hartzen dute guztira. Landaredi autoktonoari dagokionez, 137,15 m2 haritz moztuko dira, eta horrekin batera, haritzak akaziekin nahasita dauden 105,83 m2 (% 75 bertako zuhaitzak dira). Gainera, 6.196 m2 lizar, sahats eta haritz inausiko dira. Batasunaren intereseko habitatei (BIH) dagokienez, proiektuak habitat hauei eragiten die: 4030. Txilardi lehor europarrak; 6510. Altitude baxuko sega-belardi elkorrak (Alopecurus pratensis, Sanguisorba officinalis); eta 6210* Brachypodium pinnatum espeziea duten larre mesofiloak. Ingurumen-dokumentuak proposatzen du, proiektuaren ondorioz galdutakoaren ordainetan, bertako basoa landatzea 1:2 proportzioan (kendutakoa: leheneratua). Horretarako, Bizkaiko Foru Aldundiarekin adostutako basoberritzeak egingo dira i-DEren basoberritze-proiektuaren barruan, Bizkaiko Foru Aldundiko Natura Ingurune eta Nekazaritza Saileko Mendi Zerbitzuarekin lankidetzan, Garaiko udal-mugarteko onura publikoko 35. mendian, eta 4342 m leheneratuko direla aurreikusi da.
Ingurumen-dokumentuaren arabera, obrak 4.988,36 m2 okupatuko ditu aldi baterako (lan-plataformak, materialak biltzeko eremuak, etab.), eta ez da aurreikusten proiektuaren ondorioz lurzoruaren okupazio iraunkor gehiagorik egitea.
Faunari dagokionez, proiektuak jarduketa batzuk egitea aurreikusten du (mozketak/inausketak) bisoi europarrarentzako «hobetu beharreko tarte» izendatuta dagoen gune batean. Beraz, ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretuaren bidez espezie horrentzat Bizkaian onartutako Kudeaketa Planean xedatutakoa bete beharko da.
Bestalde, jabari publiko hidraulikoan eta haren zortasun-eremuan jarduketak egiteko, arroko erakundearen baimena eduki beharko da.
Proiektuaren erasan akustikoari dagokionez, aurkeztutako dokumentuak ez du inpaktu akustikoaren azterketarik jasotzen; hala ere, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan xedatutakoa beteko da.
Funtzionamendu-fasean, inpaktu nagusiak linearen presentziaren ondoriozkoak izango dira paisaiari eragingo diote, bai eta, talka egiteko eta elektrokutatzeko arriskuagatik, abifaunari ere, eta linearen mantentze-lanetatik eratorritakoak ere bai. Lehendik dagoen linea bat berritu behar denez, ingurumen-dokumentuaren arabera, paisaiaren gaineko eragina eta abifaunaren gainekoa txikiak dira. Talka-arriskuari dagokionez, abifaunarentzako babesak jartzea aurreikusten da; zehazki, txoriak babesteko gailuak, agintaritza eskudunak beharrezkotzat jotzen badu.
Bigarrena. Ebazpen honetan, babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumen-jarraipeneko kontrolak ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Artxanda Mazarredo zirkuitu bikoitzeko 132 kV-ko linea elektrikoa 30002. eta 30006. euskarrien artean berrindartzeko proiekturako ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin beharrik izan ez dadin, baldin eta aipatutako babes- eta zuzenketa-neurriak nahiz kontrolak txertatzen badira.
Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo ataletan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo eskudunaren bidez Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan ezarritakoa aintzat hartuta.
Bestalde, neurriak eta kontrolerako langile kopurua behar adinakoak izango dira ingurumen-dokumentuan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-txostenak xedatuko dituenak bermatzeko.
Neurri horiek guztiak obrak kontratatzeko baldintza-agirietan jaso beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, obretako jardunbide egokiak aplikatuko dira.
Gehitu egin beharko dira atal hauetan adierazitako neurriak:
Natura-ondarea babesteko neurriak.
Zuhaitz autoktonoetan eragin txikiena duten sarbide-aukerak hautatu beharko dira.
Zuhaitz autoktonoetan egin nahi diren mozketak edo inausketak ahalik eta gutxien izango dira, eta aldez aurretik baloratu beharko dituzte Natura Ondarearen Zerbitzuko teknikariek.
Sustatzaileak alternatibaren bat aztertu beharko du, 30006. eta 30005. euskarrien arteko baoa jartzeari begira zelaia prestatzeko lanetan, han dauden haritzak ez mozteko.
Bizkaiko Foru Aldundiaren baimena eduki beharko da lurzoru ez-urbanizagarrian mozketak egiteko.
Kontu handia izan beharko da proiektuaren afekzio-eremutik kanpo gelditzen diren zuhaitzak ez kaltetzeko, ahalik eta gehien errespetatuz Bertoko zenbait zugaitz-motaren jaurpide bereziari buruzko urriaren 14ko 1997/11 Foru Arauaren 1. artikuluan jasota dauden hostozabalak.
Ahal izanez gero, inausketak geldialdi begetatiboan egingo dira (udazken-neguan), eta zuhaitzak ondo osatuta eta orekatuta utzi beharko dira.
Ahalik eta zuhaitz-espezie autoktono gutxien moztuko dira; inausketak lehenetsiko dira, edo, hala badagokio, mozketa selektiboa egingo da eraikuntza-lanei ekin ahal izateko behar-beharrezkoa bada, betiere ahalik eta zuhaitz gutxien botata. Lan horiek motozerrarekin egingo dira, eta ez makina astunekin.
Fauna babesteko neurriak.
Proiektuaren eraginpeko eremua bisoi europarraren interes bereziko gunearen mugan dago, Bizkaiko Lurralde Historikoan Bisoi Europarra (Mustela lutreola; Linnaeus, 1761) Kudeatzeko Plana onesten duen ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretuan ezartzen denarekin bat, galzorian dagoen eta babesteko neurri bereziak behar dituen espeziea baita. Bisoi europarraren aleengan edo horren balizko habitatean eragina izan dezakeen ezer egin aurretik, honako hauek kontuan hartuko dira: azaroaren 25eko 9/2021 Legea, EAEko natura-ondarea kontserbatzeari buruzkoa; uztailaren 9ko 167/1996 Dekretua, Basa eta itsas fauna eta landaredian arriskuan dauden espezieen EAEko Zerrenda arautzen duena; eta, dagokionean, foru-organo eskudunak, bisoi europarraren kudeaketa-planaren administrazio arduradun gisa, xedatzen duena.
Bizkaiko Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzuaren arabera, hegaztien ugaltze-garaian (martxoaren 1etik abuztuaren 15era) lan egitea aurreikusten den eremuetan, eragiketak egiten hasi aurretik, sustatzaileak ziurtatu beharko du ez dagoela espezie mehatxatuen habiarik obra-eremutik 250 metrora, adituek egindako prospekzioen bidez.
Zerrenda horretan espezie mehatxatuen ugalketa-guneren bat aurkituz gero, Bizkaiko Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio ahalik eta azkarren, betiere eragiketak egiten hasi aurretik, eta hark beharrezkotzat jotzen dituen muga guztiak ezarri ahal izango ditu, proiektua aurkitutako abifauna-nukleoen kontserbazioarekin bateragarria dela bermatzeko.
Natura Ondarearen Zerbitzuak komenigarritzat jotzen du obraren eremuko kable neutro edo zuntz optikozko kable guztiak txoriak babesteko gailuen bidez seinalatzea.
Jabari publiko hidraulikoa babesteari buruzko neurriak.
Aplika daitezkeen prozeduren esparruan, uren arloko organo eskudunak egoera honetan ezarriko dituen baldintzez gain, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ere hartu beharko dira:
JPHan edo JPHaren babes-eremuen barruan (zortasuna eta zaintza) egiten diren jarduketa guztiek Uraren Euskal Agentziaren nahitaezko baimena eskuratu beharko dute aldez aurretik. Era berean, baimen horren esparruan zorrotz aztertuko dira ezaugarriak eta eraginak, eta, hala badagokio, dagozkion baldintzak ezarriko dira. Oro har, ezin da makinarik eta ibilgailurik igaro ur-ibilguetan. Ezin izango da egin sare hidrografikoari eragiten dion sarbiderik.
Ibilgura ez ertzetara, ezta haietatik gertu dauden lekuetara ere, ez dira isuriko inguruan eragin kimiko edo mekanikoa izan dezaketen gaiak; besteak beste, karea, zementua, koipeak, gasolina, pinturak, obra-hondakinak edo beste edozein material.
Izenik gabeko 5002 eta 6097 ibaien jabari publiko hidraulikoaren zortasun- eta zaintza-eremua modu iraunkorrean zuinkatu eta seinaleztatu beharko da, jarduketa mugakidearen perimetro osoan, eta bermatu beharko da makinek ez diotela ibaiertzeko landarediari eragiten. Gainera, berariaz debekatuko da zerrenda horren barruan edozein material mota pilatzea edo biltegiratzea.
Izenik gabeko 5002 eta 6097 ibaietatik gertu egiten diren esku-hartze guztietan kontu handiz jardungo da, jalkinak arrastatzea eta urak kutsatzea saihesteko. Horretarako, solidoei eusteko teknikak (geotestil-iragazkiak, euste-dikeak) eta babes egokiak ezarriko dira edozein lur-mugimendu hasi aurretik.
Izenik gabeko 5002 eta 6097 ibaien ibilgu arruntarekiko legezko gutxieneko distantziak errespetatuko dira, bereziki urbanizazioa ibaiaren paraleloan egiten den eremuetan.
Erabat debekatuta dago makinak edo ibilgailuak garbitzea ibilguaren inguruan edo ibilgura jariatzeko arriskua dagoen eremuetan.
Ingurumena zaintzeko neurriak hartuko dira obrek dirauten bitartean, eta arreta berezia jarriko da izenik gabeko 5002 eta 6097 ibaietara aldi baterako edo behin betiko deskargatzeko puntuetan eta proiektuaren ingurumen-dokumentuan identifikatutako eremu kalteberetan.
Urak eta lurzoruak babesteko neurriak.
Oro har, eraikuntza fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta substantzia kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze-sarera. Debekatuta daude urak uhertzea eragin dezaketen jarduerak, eta obrak geldiarazi egin beharko dira meteorologiak premisa hori betetzea eragozten badu.
Eraikuntza-proiektuan beharrezko neurriak ezarriko dira eraikuntza- eta eraiste-faseetan istripuz gertatutako isurtze edo jariatzeak saihesteko, eta lurrazpiko fluxuetara infiltratzea ekiditeko. Hidrokarburoen xurgatzaile espezifikoa jarri beharko da eskura obretan, istripuz isuri edo ihesen bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.
Beharrezkoa bada, obra-eremuetan, obren eta jarduera osagarrien ondorioz kutsatzen den ur guztia biltzeko eta kudeatzeko gailuak proiektatu eta eraikiko dira. Haien neurriak zehazteko, kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoei ahalik eta ondoen eusten dietela eta isuriak lokalizatuak eta indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen parametro fisiko-kimikoen araberakoak direla bermatzeko.
Obraren makina-parkera bideratutako azalera eta haren mantentze-gunea drainatze naturaleko saretik isolatuko dira. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olioek eta erregaiek ez ditzaten lurzorua eta ura kutsatu. Ezin izango da erregaien zamalanik, olio-aldaketarik eta konponketa-lantegiko jarduerarik egin horretarako adierazitako eremuetatik kanpo.
Arreta berezia jarri beharko da hormigoirik edo deribaturik ez isurtzeko inguruko sare hidrografikora irits daitekeen ezein puntutara; horregatik, hormigoi-ontziak edo bestelako makinak garbitzeko leku espezifiko bat planifikatzea gomendatzen da.
Debekaturik dago, baimen administratiborik izan ezean, ur kontinentalak edo jabari publiko hidraulikoko beste edozein elementu kutsa ditzaketen urak eta hondakinak zuzenean edo zeharka isurtzea.
Paisaia babesteko eta ukitutako eremuak lehengoratzeko neurriak.
Leheneratze-proiektu bat egingo da, eta bertan leheneratu beharreko azalera zehaztu beharko da; horretarako, eremu horiek kartografian identifikatu eta eremu bakoitza leheneratzeko planteamendua ezarri beharko da (espezieak, metodologia, etab.). Ingurumen-dokumentuan adierazi bezala, baso autoktonoa landatu beharreko azalera, gutxienez, proiektuak eragindako azaleraren bikoitza izango da (1:2 kendutakoa: leheneratua). Leheneratze-proiektu hori linea elektrikoa berritzeko proiektuan sartuko da maila guztietarako, aurrekontua barne, eta proiektua gauzatu ahal izateko beharrezkoak diren diseinu-datuak jasoko ditu (leheneratu beharreko eremuak, erabili beharreko espezieak, aleen tamaina, landaketa-esparrua, mantentze-lanak, etab.) eta onartu aurretik Bizkaiko Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzuak baliozkotu behar du.
Obrek aldi baterako eragindako eremu guztiak leheneratuko dira, sakabanatzea saihesteko eta, ahal dela, sortzen duten ingurumen-arazo larria mugatzeko. Hori zuzentzeko eskatzen da.
Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzaren txostenaren arabera, proiektuaren eraginpeko eremuan espezie inbaditzaileak desagerrarazteko eta kontrolatzeko protokolo bat idatziko da, espezie horiek sakabanatzea saihesteko eta sortzen duten ingurumen-arazo larria ahal den neurrian mugatzeko. Hori zuzentzeko eskatzen da.
Bizkaiko Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzuarekin bat etorriz, honako atal hauek hartu beharko dira kontuan:
630/2013 Errege Dekretua bete beharko da, espezie exotiko inbaditzaileen Espainiako zerrenda arautzen duena.
Jarduketetarako erabiltzen diren makina guztiek garbi egon beharko dute, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, inguruan koka daitezkeen espezie inbaditzaileen propagulu edo haziak hedatzeko arriskurik ez izateko.
Sustatzaileak espezie exotiko inbaditzailerik gabe mantendu beharko du, oro har, proiektuaren xede diren lineen zortasun-kalea, eta, bereziki, Cortaderia selloana espeziearen alerik gabe.
Bereziki kontrolatuko da landare-estalkia leheneratzeko lurren jatorria, eta ez da erabiliko aipatu diren espezieek kutsatutako lurrik.
Espezie inbaditzaileak dituzten eremuak eskokatzean bertan dauden espezieen arabera neurri egokiak aplikatu behar dira.
Espezie inbaditzaileak dituzten eremuetan hondeaketak egitekotan, hondeatutako landare-lurra ezin izango da landareztatzeko erabili, eta baimendutako betelanetan erabiliko da. Halaber, betelanetan landare-espezie aloktono inbaditzaileen propaguluak haz daitezen ekiditeko, espezie horiek dituzten eremuetako lur-soberakinak kudeatzean bermatuko da beste lur batzuekin estalita gelditzen direla (espezie inbaditzaileen propagulurik gabe) eta gutxienez azaleratik 3 metrora gelditzen direla.
Gainera, sustatzaileak ingurumen-zaintza egin beharko du hurrengo 2 urteetan, obrako lanen ondoren eremu osoan finka daitezkeen espezie exotiko inbaditzaileak identifikatzeko eta ezabatzeko helburuarekin, bereziki obrek eragindako intereseko habitatetan.
Zaraten eta bibrazioen ondorioak minimizatzera zuzendutako neurriak.
Lanek dirauten artean, beharrezkotzat jotzen diren jarraibide egokiak aplikatuko dira, ordutegien mugaketari, zamalanei, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.
Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obra-fasean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, 212/2002 Errege Dekretuan (otsailaren 22koa, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituena) eta arau osagarrietan ezarritakora.
Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, sei hilabetetik gorako iraupena aurreikusia duten obren kasuan, nahitaez egin beharko da inpaktu akustikoaren azterlana, zuzenketa-neurri egokiak zehazteko.
Egunez bakarrik egingo da lan.
Hondakinak kudeatzeko neurriak.
Sortutako hondakin guztiak Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, bereizi egin beharko dira hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.
Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa eta deuseztapena barne.
Hondakinak kasu honetan baino ezin izango dira ezabatu: behar bezala frogatzen bada horiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela.
Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak saihesteko.
Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.
Gainera, zabortegira bidali beharreko hondakinak kudeatzeko, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuari eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuari jarraituko zaie.
Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.
Betelanak jalkitzeko, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako baloreen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek.
Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela-eta, isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.
Sortutako olio erabilia Industriako olio erabiliaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuaren arabera kudeatuko da. Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zolata iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.
Eremu jakin bat egokituko da, behin-behinean hondakin arriskutsuak pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.
Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruen kudeaketarekin lotutako neurriak.
Lur-mugimenduak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten Ihoberen lurzoruen inbentarioan jasota dauden partzeletan egiten badira, ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutakoa bete beharko da, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa. Horren harira, esan behar da, lege horren arabera, besteak beste argi-, ur-, gas- edo telekomunikazio-zerbitzuak aldatzearen ondoriozko lur-mugimenduen kasuan, lurzoruaren kalitatearen adierazpena egiteko prozedura hastetik salbuetsita geratuko liratekeela.
Airearen kutsadura minimizatzeko neurriak.
Aldian-aldian, sarbideak garbituko dira, eta, atzemandako hauts-isurketen arabera, ureztatu ere egingo dira. Sarbideek egoera egokian egon beharko dute beti.
Hezetasun-egoera egokietan garraiatuko da indusketa-materiala, hain zuzen ere, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lohi eta partikularik ez barreiatzearren.
Kultura-ondarea babesteko neurriak.
Errespetatu egingo dira 195/2018 Dekretuan ezarritako babes-zehaztapenak (195/2018 Dekretua, abenduaren 26koa, Bilboko Burdin Hesia eta Defentsak monumentu-multzo kategoriako kultura-ondasun izendatzen dituena). Bereziki, Artxandako Lerroaren eta harekin lotuta bere babes-eremuan dauden elementuen babesa bermatuko da: Babeslekua San Rokeko meategiko galerian (SONF01) eta Pikotamendiko metrailadorearentzako finkamendua (SONF02).
Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoari jarraituz, lurrak mugitzeko obretan arkeologia-izaerako aztarnarik aurkituz gero, berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari, eta azken horrek zehaztuko du zer neurri hartu behar diren.
Jardunbide egokien sistema bat ezartzea.
Langileek jardunbide egokien sistema bat ezarri beharko dute, helburu hauek, besteak beste, ahalik eta hobekien bermatzeko:
Lanek okupatzen dituzten mugak kontrolatzea.
Batasunaren intereseko habitatei eta intereseko habitatei (baso mistoa), ibai-ibilguei eta arriskuan dauden fauna-espezieei eragiten zaien kaltea kontrolatzea.
Hondakin-uzterik ez egitea, eta olio-isurketen ondorioz edo lurra leku batetik bestera eramateagatik lurzorua eta ura ez kutsatzea.
Proiektuak eraginpeko eremuan herriguneetako biztanleei enbarazurik ez eragitea zarata eta hautsarekin.
Garbiketa eta obra-akabera.
Obra bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da; proiektuak ukitutako eremua inolako obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak desmuntatu egin beharko dira.
Ingurumen-aholkularitza.
Obra amaitu arte eta haren bermealdian zehar, obra-zuzendaritzak ingurumenaren eta, oro har, neurri babesle eta zuzentzaileen inguruko aholkularitza kualifikatua izan beharko du. Baldintza-agiriak horrelako gaien inguruan esleitzen dizkion eskumenak erabiliz obra-zuzendaritzak ebazpenik eman behar badu, aholkulariek txosten bat egin beharko dute aldez aurretik.
Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du, obra egikaritzean. Besteak beste, proiektuko ekintzen eragina aztertuko du, bereziki hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hauts eta zarataren sorrera, hondakinen kudeaketa eta natura-ondarearen babesa.
Hirugarrena. Lehenengo puntuan adierazitako baldintzen arabera, eta betiere ebazpen honetan jasotako babes- eta zuzenketa-neurriak eta kontrolak ezartzen badira, bai eta sustatzaileak planteatutakoak ere aurrekoen aurkakoak ez badira, ez da aurreikusten i-DE, Redes Eléctricas Inteligentes S.A.U.k sustatutako Artxanda Mazarredo zirkuitu bikoitzeko 132 kV-ko linea elektrikoa 30002. eta 30006. euskarrien artean berrindartzeko proiektua egikaritzean ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea.
Laugarrena. Ebazpen honen edukiaren berri ematea Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzari.
Bosgarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Seigarrena. Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen ondoreak sortzeari utziko dio. Halako kasuetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko irailaren 4a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.