Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2026ko abuztuaren 3koa, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren zuzendariarena, zeinaren bidez onartzen baitira toki-erakundeei eta haiek sustatutako entitateei kontsumitzaile eta erabiltzaileen eskubide eta interesak sustatzeko eta babesteko ematen zaizkien dirulaguntzen oinarri arautzaileak eta 2026ko ekitaldirako deialdia.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila; Kontsumobide
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 155
- Hurrenkera-zk.: 3626
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2026/08/03
- Argitaratze-data: 2026/08/17
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Osasun eta kontsumoa; Ekonomi jarduerak
- Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa; Informazio etak komunikazioak
Testu legala
Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10. artikuluan ezartzen denez, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa dauka kontsumitzaileak eta erabiltzaileak babestearen arloan.
9/2007 Legeak sortu zuen Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutua, eta haren helburua da Eusko Jaurlaritzak kontsumitzaileak eta erabiltzaileak defendatu eta babesteko baliatzen dituen politikak zehaztu, planifikatu, sustatu eta gauzatzea; eta, institutuaren egitekoen artean, hau dago jasota lege horren 4.1.j) artikuluan: «Kontsumoaren arloan eskumenak erabiltzen dituzten udal-administrazioekin lankidetzan aritzea, kontsumitzaileen informaziorako udal-bulegoak hedatzea sustatzea, behar duten guztian aholkuak ematea euren eginkizunak hobeto bete ditzaten, eta lankidetza-itunak sinatzea beren helburuak betetzeko ahalik eta teknikarik eta materialik onenen hornikuntza konpartitze aldera».
Bere aldetik, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren 4/2023 Legearen 54. artikuluak ezartzen duenez, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak udaletan bulegoak eta zerbitzuak sortzea sustatuko du, kontsumitzaileei eta erabiltzaileei laguntza eta informazioa emateko.
4/2023 Legearen 6. artikuluak udalei eskumenak aitortzen dizkie kontsumitzaileen eta erabiltzaileen babesaren eta defentsaren arloan. Kontsumitzaileei eta erabiltzaileei informazioa emateko udal-bulegoen bidez garatzen dira aipatutako eskumenak, baldin eta udalek, beren burua antolatzeko ahala baliatuz, bulego horiek badituzte. Ildo beretik, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 17.1.11) artikuluak berariaz aitortzen du udalerrien eskumen propioa dela erabiltzaileen eta kontsumitzaileen defentsa eta babesa antolatzea eta kudeatzea, toki-autonomiaren printzipioa bermatzeko.
Horregatik, 2026ko ekitaldia trantsizio-urtea izango da, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren eta toki-erakundeen artean sare-lanerako eredu zabalago, integratuago eta kolaboratiboago bat lortzeko bidean. Indarrean dagoen deialdi-sistemari eustetik harago, helburu estrategikoa da kontsumitzaileen informaziorako bulegoen sare koordinatu bat antolatzea, 4/2023 Legearen 54. artikuluan jasotakoaren ildotik.
Artikulu horrek dioenez, Kontsumobidek udal- edo elkarte-bulegoak sortzea sustatu behar du, bulego horiek ezartzen lagundu behar du teknikoki, eta, batez ere, haien jarduera koordinatu behar du, zerbitzu publikoaren eraginkortasuna hobetzeko. Testuinguru horretan, bultzatzen den ereduarekin hau bermatu nahi da:
Kontsumitzaileekiko hurbiltasun handiagoa. Horretarako, bulegoak sortuko dira 15.000 biztanletik gorako udalerrietan, zuzenean edo mankomunatuta.
Bulego publiko eta pribatu guztiek sarean funtzionatzea. Horri esker, informazioaren zirkulazioa azkartuko da, erreklamazioak izapidetzean bikoiztasunak saihestuko dira eta kontsumo-arazoak antzemateko ahalmena indartuko da.
Jarduketak batera planifikatzea. Plangintza horren oinarri izango dira premiak elkarrekin zehaztea eta eragileen arteko koordinazio operatiboa.
Hala, Kontsumobidek bere esku-hartzearen ikuspegia egokitu du toki-erakundeentzako laguntzari begira, eta jarduketa berri bat ezarri du, helburu hau lortzeko: kontsumitzaileei ematen zaien arreta indartzea, udalerriei koordinazioa, laguntza teknikoa, laguntza metodologikoa eta trebakuntza eskainita. Horri esker, kontsumitzaileei informazioa emateko udal-bulegoak (KIUB) sortu, modernizatu eta funtzionalki hobetu ahal izango dira.
Programa indarrean jarri den aldian izandako esperientziaren ondorioz, komeni da laguntza-programaren araudia aldatzea, egokitu dadin dirulaguntzen arloan aplikagarri den administrazio-araudian eta Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren 2025-2028 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan ezarritakora. Plan hori 2024ko abenduaren 17ko Ebazpenaren bidez onartu zen eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuaren 2026ko uztailaren 28ko Aginduaren bidez aldatu zen.
Azaldutakoak oinarritzat hartuta, eta kontuan izanda Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean, lege horren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuan eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean xedatutakoa, honako hau
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Administrazio-errekurtsoa.
Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Eraginkortasuna.
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA. Araubide juridikoa.
Laguntzak emateko, ebazpen honen bidez onartutako oinarri arautzaileetan xedatutakoa bete beharko da, eta, oinarri horietan aurreikusita ez dagoen guztian, manu hauetan ezarritakoa beteko da: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea, Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorra eta haren Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua), Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko abuztuaren 3a.
Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren zuzendaria,
ANA MARÍA SÁNCHEZ HERRÁEZ.
Dirulaguntzak ematea Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren 2025-2028 urteetarako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan aurreikusten da. Plan hori Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren zuzendariaren 2024ko abenduaren 17ko Ebazpenaren bidez onartu zen eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuaren 2026ko uztailaren 28ko Aginduaren bidez aldatu zen.
Abenduaren 23ko 7/2025 Legearen bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko 2026ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorretan esleitutako 1.208.368 euroko zenbatekoa bideratuko da laguntzak emateko, dirulaguntza-lerroen arabera honela banatuta:
1. lerroa: Kontsumitzaileei informazioa emateko udal-bulegoetarako (aurrerantzean, KIUB) zentroen eta zerbitzuen funtzionamendutik eta kontsumitzaileei eta erabiltzaileei informazioa eta prestakuntza emateko jarduerak egitetik eratorritako gastuak ordaintzeko,1.114.368 euroko aurrekontu-kreditua egongo da:
2026. urtea: 835.776 euro.
2027. urtea: 278.592 euro.
2. lerroa: Kontsumoko ikuskaritza-jarduerek eragindako gastuak ordaintzeko, 84.000 euroko aurrekontu-kreditua egongo da:
2026. urtea: 63.000 euro.
2027. urtea: 21.000 euro.
3. lerroa: Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren laguntza tekniko eta metodologikoaren ondorioz KIUBak sortu, modernizatu eta funtzionalki hobetzeko gastuetarako, 10.000 euroko aurrekontu-kreditua egongo da:
2026. urtea: 7.500 euro.
2027. urtea: 2.500 euro.
Laguntzak lehiaketa bidezko norgehiagoka-prozeduraren bitartez emango dira, eta 4. artikuluan aipatzen diren diruz laguntzeko moduko gastuak ordaintzera bideratuko dira.
Laguntzen onuradun izan daitezke Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako toki-erakundeak, dela banaka, dela zerbitzua partekatzen duten zenbait toki-erakunderen ordezkari gisa, bai eta haiek sustatutako entitateak ere, baldin eta KIUB zerbitzua badute.
Dirulaguntza-lerro hauen arabera emango diren laguntzak eskuratu nahi dituzten entitateek ezin izango dute egon Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan aurreikusitako debekuren baten eraginpean.
Erakunde onuradun izateko, entitate eskatzaileek, gainera, betebehar hauek bete beharko dituzte 1. eta 2. dirulaguntza-lerroetan:
1. lerroa. KIUBetarako zentro eta zerbitzuen funtzionamendutik eta kontsumitzaile eta erabiltzaileei informazioa eta prestakuntza emateko jardueretatik eratorritako gastuak ordaintzeko, udalerri edo mankomunitate eskatzaileek, biztanle kopuruaren arabera, jendearentzat irekita eduki beharko dituzte beren KIUBak astean gutxienez ordu hauetan:
20.000 biztanle baino gehiagori zerbitzua ematen dioten bulegoak gutxienez astean hogei orduz izango dira zabalik.
10.000 eta 20.000 biztanle artean zerbitzatzen dituzten bulegoak gutxienez astean zortzi orduz izango dira zabalik.
10.000 biztanle baino gutxiagori zerbitzua ematen dioten bulegoak gutxienez astean lau orduz izango dira zabalik.
2. lerroa. Kontsumoko ikuskapen-jarduerak egitearen ondoriozko gastuak ordaintzeko, toki-erakunde eskatzaileak Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak esleitutako ikuskapen-kanpainetan eta Kontsumobideren alerta-sarean parte hartu beharko du.
Laguntzak 2026ko ekitaldian egindako gastu hauek ordaintzeko erabiliko dira, dirulaguntza-lerroaren arabera:
1. lerroa. KIUBetarako zentro eta zerbitzuen funtzionamendutik eta kontsumitzaile eta erabiltzaileei informazioa eta prestakuntza emateko jardueretatik eratorritako gastuak ordaintzeko:
Lokalen alokairua.
Kontsumitzaileei informazioa, orientazioa eta laguntza ematen dieten langileen gastuak.
Joan-etorrien gastuak.
Adituen azterlanak egitea.
Kontsumitzailearen informaziorako bulegoaren mantentze- eta kontserbazio-gastuak, hala nola telefonoa, hornidurak, garbiketa, aseguruak edo antzekoak.
Altzariak, bulegoko materialak eta abar mantentzea.
Informazio- eta orientazio-kanpainak, mintegiak, biltzarrak, jardunaldiak, aldizkariak, argitalpenak eta kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideekin lotutako jarduerak.
Zerbitzu profesionalak, kanpo-kontratazioa eta beste batzuk.
Informatikako eta dibulgazioko materiala eskuratu, editatu eta banatzea.
2. lerroa. Kontsumoko ikuskaritza-jarduerek eragindako gastuak ordaintzeko:
Kontsumoaren arloko ikuskatzaileen gastuak (ordainsariak eta gizarte-segurantza).
3. lerroa: Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren laguntza tekniko eta metodologikoaren ondorioz KIUBak sortu, modernizatu eta funtzionalki hobetzeko gastuak ordaintzeko:
Sistema informatikoak eta teknologikoak, komunikaziokoak, ediziokoak eta antzekoak.
KIUBaren berezko eginkizunak betetzeko beharrezkoak diren lan-elementuak eta euskarri operatiboa.
KIUBera bideratutako espazioen prestaketa eta egokitzapen funtzionala.
Kontsumoaren arloko kontsultak eta erreklamazioak kudeatzeko eta jendeari arreta emateko software espezifikoa.
Jarduerak gauzatzeko lanak osorik edo partzialki kontratatu ahal izango dira, 20/2023 Legearen 31. artikuluan ezarritako baldintzak betez.
Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak sektore publikoko kontratuei buruzko legerian kontratu txikietarako ezarritako zenbatekoak gainditzen baditu, erakunde onuradunak egiaztatu beharko du pertsona edo entitate hornitzaile desberdinen gutxienez hiru aurrekontu eskatu dituela. Proposamen onuragarriena hautatzen ez denean, berariaz justifikatu beharko da zergatik hautatu den hori, 20/2023 Legearen 30.3 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira eskabideak, eskabide-ereduaren arabera, osorik eta behar bezala beteta, eta hurrengo artikuluan adierazitako dokumentazioa erantsita.
Prozedurari buruzko informazioa helbide honetan dago eskuragarri: https://www.euskadi.eus/servicios/0056515. Hor sartzen dira izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak, ereduak eta eskabide-inprimakirako sarbidea.
Izapidetze elektronikoa ordezkari bidez egin ahal izango da. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honen bidez: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideen jakinarazpenak eta komunikazioak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» gunearen bidez egingo dira (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta).
Entitate eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoren bat izan beharko dute izapideak egiteko, zeinak honako helbide honetan baitaude eskura: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
Entitate eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta dokumentazioa, nahi duten eran. Halaber, prozeduran zehar, erakundeak hautatutako hizkuntza erabiliko da, hala ezarrita baitago Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2 eta 6.1 artikuluetan.
Egiaztatzeko eskatzaileak egunean dituela hala zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak nola dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak, 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoari jarraituko zaio (Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa; 2023ko otsailaren 17ko EHAA, 34. zk.).
Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzeari dagokionez, eta bat etorriz aipatutako aginduaren 6.2 artikuluan ezarritakoarekin, espedientea kudeatzen duen organoak betebehar horiek betetzen direla egiaztatzen duten administrazio-ziurtagiriak eskatuko dizkie organo eskudunei, zuzenean, elkarreragingarritasun-zerbitzuen bitartez, laguntza eman eta ordainketa egin aurretik. Hala ere, entitate eskatzaileak aurka egin ahal izango dio organo kudeatzaileak inguruabar horiek zuzenean egiaztatzeari, eta, kasu horretan, bere kabuz aurkeztu beharko ditu dagozkion ziurtagiriak.
Eskabideak barnean hartuko ditu entitatearen datu orokorrak, eta eskabidea bera balioesteko eta laguntzak kalkulatzeko behar den informazioa. Eskabidearekin batera, dokumentu hauek aurkeztu behar dira:
Entitatearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, eskabidean jasota agertzen den informazioaren egiazkotasunari buruzkoa. Hauxe da eman beharreko informazioa:
Laguntzaren entitate onuradun izateari dagokionez:
Laguntza emandako helburu zehatzerako erabiliko duela, eta jasotako dirulaguntzon gainean dituzten egitekoak betetzeko asmoz Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazioa emango duela.
Kontsumonet aplikazio informatikoaren bitartez kudeatuko dituela kontsulta eta erreklamazio guztiak. Aplikazioak kontsumitzaile eta erabiltzaileei informazioa eta arreta emateko zentroen sareko zentro guztien jarduketak biltzen ditu.
Diruz lagundutako jarduerak egiteko Kontsumobideren laguntza jaso izanaren jakinarazpena bermatzen duela, haien zabalkundea edo publizitatea egin beharra dagoenean, horretarako dagokion logotipoa agertuta.
Kontsumobidek esleitzen dizkion kanpainak eta alerta-sareak ikuskatuko dituela, hala badagokio.
Erabiltzaile eta kontsumitzaileen hizkuntza-eskubideak dirulaguntzaren helburuarekin lotutako harremanen eremuan bete direla bermatzen duela.
Dirulaguntza ematerakoan kontuan hartutako inguruabarren bat aldatu bada, aldaketa objektiboa zein subjektiboa izan, horren berri emango diola Kontsumobideri.
Jarduerak sustatu eta horien berri ematean, hizkuntza eta irudi ez-sexistak erabiliko direla bermatzen duela.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean jasotako onuradun edo entitate laguntzaile izateko beste debekurik ez duela izango.
Zehapenei dagokienez:
Ez duela zigorrik jaso, ez penalik ez administratiborik, laguntza edo dirulaguntza publikoak jasotzea galarazten dionik.
Ez duela ezarrita laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko desgaikuntza berekin dakarren legezko debekurik, berariaz kontuan hartuta sexu-diskriminazioagatik gertatutakoak.
Amaituta izatea abian egon den edozein itzultze- edo zehapen-prozedura.
Bestelako laguntzei dagokienez:
Ez dela dirulaguntza edo laguntzarik jasotzen ari, xede eta helburu bererako, ez administrazio publikoetatik ez erakunde pribatuetatik.
Administrazio publiko edo erakunde pribaturen bati laguntza edo dirulaguntzaren bat eskatu diola eta eman egin diotela (eskabidearen «Beste dirulaguntza batzuk» erlaitzean zehaztu behar dira puntu honetako datuak).
Administrazio publikoren bati edo erakunde pribaturen bati laguntza edo dirulaguntzaren bat eskatu diola, eta ebazpena jasotzeko zain dagoela (eskabidearen «Beste dirulaguntza batzuk» erlaitzean zehaztu behar dira puntu honetako datuak).
Ez duela gainfinantzaketarik, eskatutako laguntza jarduera berberetarako onartuta edo ordainduta dauden beste laguntza batzuekin bateragarria izatea baimenduta egonda. Nolanahi ere, etorkizunean edozein administraziotik edo ente publiko zein pribatutik helburu bererako laguntzarik jasoz gero, laguntza likidatu arteko aldian, horren berri eman beharko da.
Emakumeen eta gizonen berdintasunari dagokionez:
Ez duela jaso zehapenik, ez administratiboki ez penalki, sexu-diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik.
Eskabideko datuei dagokienez:
Indarrean dagoen araudiak ezarritako betekizunak betetzen dituela.
Egiazkoak eta osoak direla eskabide honetako datu guztiak, baita aurkezten diren dokumentu guztiak ere; hala, dagokion erantzukizuna bere gain hartzen du (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.7 artikulua).
Eskabideekin batera, gainera, ondoren zehazten den dokumentazio digitalizatua aurkeztu beharko da:
Oro har.
Organo eskudunaren erabakiaren ziurtagiria, laguntza jasotzeko, eskatutako zenbateko zehatza adierazita.
Kontsumo arloan 2025. urtean egindako jardueren memoria.
Eskatutako laguntza 4.a) artikuluan aurreikusitako gastuak ordaintzera bideratuta badago, eskaria egiterakoan, aurreko apartatuan zehaztutakoaz gainera, honako agiri hauek ere aurkeztu beharko dira:
Funtzionamenduaren eta jardueren gastuen aurrekontu banakatua, udalak edo organo eskudunak ikus-onetsita.
Eskatutako laguntza 4.b) artikuluan aurreikusitako gastuak ordaintzera bideratuta badago, eskaria egiterakoan, 1. apartatuan zehaztutakoaz gainera, honako agiri hauek ere aurkeztu beharko dira:
Kontsumo-ikuskaritzako jardueren gastuen aurrekontu banakatua, udalak edo organo eskudunak ikus-onetsita.
2025. urtean egindako ikuskapen kopuruaren gaineko erantzukizunpeko adierazpena, ikuskapenak zer sektoretan egin diren, kontsumo-ikuskapenak egiteko arduradunak zeintzuk izan diren eta ikuskaritza-zerbitzuaren kostua zehaztuz.
Eskatutako laguntza KIUBa sortu, modernizatu edo funtzionalki hobetzera bideratuta badago, eskaera egiterakoan, 1. apartatuan zehaztutakoaz gain, hau erantsi beharko da: KIUBa sortu, modernizatu edo funtzionalki hobetzeko aurreikusten diren jarduketei buruzko deskripzio-memoria, eta, horrekin batera, udalak edo organo eskudunak ikus-onetsitako aurrekontu banakatua. Ekipamendu berriak erosteko egindako 900 euro baino gutxiagoko banakako gastuak ez dira diruz lagunduko.
Eskaera zerbitzua partekatzen duten zenbait toki-erakunderen ordezkari gisa jokatzen duen toki-erakunde batek aurkezten duenean, kontuan izan beharko du eskaerarekin batera aurkeztu beharreko agiriak aurkezterakoan toki-erakunde guzti-guztien agiriak aurkeztu beharko dituela.
Laguntzen organo kudeatzaileak, beharrezko irizten badio, informazio eta agiri osagarriak eskatu ahal izango dizkie entitate eskatzaileei, aurkeztutako eskabideak hobeki ulertu ahal izateko.
Laguntzak kudeatzeko organoa Kontsumobideko Plangintza, Azterketa, Informazio eta Prestakuntzarako Unitatearen arduraduna izango da.
Eskabidean akatsen bat edo zehaztasun faltaren bat ikusten bada, erakunde eskatzaileari jakinaraziko zaio eta 10 eguneko epea emango, akatsa zuzen dezan; halaber, jakinaraziko zaio, agindutakoa bete ezean, eskabidean atzera egin duela esan nahiko duela, 39/2015 Legearen 68.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
Balorazio-batzorde bat sortuko da, 2.2 artikuluan jasotako dirulaguntza-lerro bakoitzerako aurkeztutako eskaerak ebaluatzeko; honako kide hauek izango ditu:
Batzordeburua: Erreklamazio, Bitartekaritza eta Arbitraje Unitatearen arduraduna.
Lau batzordekide:
Plangintza, Azterketa, Informazio eta Prestakuntzarako Unitateko teknikari bat.
Euskadiko Udalen Elkarteak (EUDEL) izendatutako bi ordezkari.
Zerbitzu Orokorretako Unitateko aholkulari bat; idazkari arituko da.
Batzorde horrek 11. artikuluko balorazio-irizpideak aplikatuko dizkie aurkeztutako eskaerei, eta txosten bat egingo du ebaluazioaren emaitza zehazteko.
Itzuli beharrik gabeko dirulaguntzen bidez gauzatuko dira laguntzak.
Erakunde onuradun batek 4.1.a) artikuluan (1. lerroa) aurreikusitako diruz lagundu daitekeen kontzeptuagatik 63.000 euro jaso ahal izango ditu gehienez.
Erakunde onuradun batek 4.1.b) artikuluan (2. lerroa) aurreikusitako diruz lagundu daitekeen kontzeptuagatik 26.250 euro jaso ahal izango ditu gehienez.
Erakunde onuradun batek 4.1.c) artikuluan (3. lerroa) aurreikusitako diruz lagundu daitekeen kontzeptuagatik 5.000 euro jaso ahal izango ditu gehienez.
Erakunde onuradun batek 4. artikuluan jasotako diruz lagundu daitezkeen kontzeptu bakoitzarengatik jaso dezakeen zenbatekoa ezin da inolaz ere izan onartutako aurrekontuaren % 70 baino handiagoa.
Eskatzaileek lerro bakoitzerako aurkeztu dituzten aurrekontuak aztertu ondoren, onartutako aurrekontuaren zenbatekoa zehaztuko du organo kudeatzaileak. Hori kalkulatzeko, 4. artikuluan jasota dauden diruz laguntzeko moduko gastuak hartuko dira kontuan. 4.1.a) eta 4.1 b) artikuluetan jasotako diruz laguntzeko moduko kontzeptuei muga hauek aplikatuko zaizkie:
Funtzionamendurako eta jardueretarako lerroa:
(Ikus .PDF)
Ikuskapen-jardueretarako lerroa:
Onartutako gehieneko aurrekontua 20.000 eurokoa izango da kontratatutako ikuskatzaile bakoitzeko, 50.000 euroko gehieneko mugarekin.
4. artikuluan jasotako kontzeptu diruz lagungarrietatik datozen gastuak ordaintzeko eman beharreko dirulaguntzen guztizko zenbatekoa artikulu honetan aurreikusitako portzentajeak eta mugak aplikatuta eta 11. artikuluan ezarritako balorazio-irizpideak ere aplikatu ostean handiagoa bada eskuragarri dagoen aurrekontu-kreditua baino, erakunde onuradun guztiei dagokien hainbanatzea aplikatuko zaie.
Balorazio-batzordeak ondoren zehazten diren irizpideak hartuko ditu kontuan, eta gehienez 70 puntu emango zaizkie 1. eta 3. lerroei, eta 40 puntu 2. lerroari. Dirulaguntza kalkulatzeko, lortutako puntuazioa 100 puntuko eskalara bihurtuko da proportzionalki.
Diruz lagundu daitezkeen 4.1.a) eta c) artikuluetan aurreikusitako kontzeptuen ondoriozko gastuekin lotuta:
2025ean erantzundako eta Kontsumonet aplikazio informatikoan jasotako erreklamazio kopurua, taula honen arabera: 30 puntu.
10.000 biztanle arteko udalerri edo mankomunitateak: puntu bat bi erreklamazioko.
10.001 eta 20.000 biztanle arteko udalerri edo mankomunitateak: puntu bat lau erreklamazioko.
20.001 eta 50.000 biztanle arteko udalerri edo mankomunitateak: puntu bat hamar erreklamazioko.
50.000 biztanle baino gehiagoko udalerri edo mankomunitateak: puntu bat hogei erreklamazioko.
2025ean erantzundako eta Kontsumonet aplikazio informatikoan jasotako kontsulta kopurua, taula honen arabera: 20 puntu.
10.000 biztanle arteko udalerri edo mankomunitateak: puntu bat bost kontsultako.
10.001 eta 20.000 biztanle arteko udalerri edo mankomunitateak: puntu bat hamar kontsultako.
20.001 eta 50.000 biztanle arteko udalerri edo mankomunitateak: puntu bat hogei kontsultako.
50.000 biztanle baino gehiagoko udalerri edo mankomunitateak: puntu bat hogeita hamar kontsultako.
On-line sistema bat izatea kontsumitzaileek erreklamazioak eta kontsultak aurkezteko: 10 puntu.
Kontsumo arloan 2025. urtean egindako jarduerak: 10 puntu.
Informazio-, prestakuntza- eta heziketa-jarduerak: 5 puntu.
Beren lurralde-esparruan enpresek kontsumoko arbitraje-sistemarekin bat egitea sustatzeko jarduerak: 5 puntu.
Diruz lagundu daitezkeen 4.b) artikuluan jasotako kontzeptuen ondoriozko gastuei dagokienez, 2025eko kontsumo-ikuskapenetan egindako akten kopurua hartuko da kontuan, taula honen arabera: 40 puntu.
Kontsumoko ikuskatzaile bat duten udalerriak edo mankomunitateak: puntu bat akta bakoitzeko.
Kontsumoko 2 ikuskatzaile dituzten udalerriak edo mankomunitateak: 0,75 puntu akta bakoitzeko.
Kontsumoko 3 ikuskatzaile dituzten udalerriak edo mankomunitateak: 0,50 puntu akta bakoitzeko.
Kontsumoko 4 ikuskatzaile dituzten udalerriak edo mankomunitateak: 0,25 puntu akta bakoitzeko.
Kontsumoko 4 ikuskatzaile baino gehiago dituzten udalerriak edo mankomunitateak: 0,10 puntu akta bakoitzeko.
Deialdi honetan ematen diren dirulaguntzak bateragarriak dira beste administrazio batzuek edo beste erakunde publiko edo pribatu batzuek mota bereko gastuak finantzatzeko emandako edozein dirulaguntza edo laguntzarekin, bai eta helburu bera duen beste edozein diru-sarrera edo baliabiderekin ere.
Gainfinantzaketarik sortzen bada, edo deialdi honetan ezarritako gehieneko finantzaketa publikoko ehunekoa gainditzen bada, jaso beharreko dirulaguntza dagokion kopurura arte murriztuko da.
Gainfinantzaketa itzulketa-betebehar bera aurreikusita duten beste laguntza batzuekin konkurrentzian sortzen bada, itzuli beharreko kopurua proportzionala izango da diruz lagundutako jardueraren kostuaren gainean emandako laguntzaren ehunekoarekiko.
Aurkeztutako eskabideak dagokion prozeduraren bidez izapidetuko dira laguntza-lerro bakoitzean, eta Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren zuzendariak ebatziko ditu, betiere organo kudeatzailearen proposamena kontuan hartuz.
Organo kudeatzaileak, balorazio-batzordearen txostena ikusita, erakunde eskatzaile bakoitzak lortutako puntuazioa ehuneko gisa aplikatuko dio aurkeztutako eta onartutako aurrekontuari, 11. artikuluan adierazitako eskalaren arabera, eta behin betiko ebazpen-proposamena egingo du. Proposamen hori Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren zuzendariari helaraziko dio.
Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren zuzendariak prozedura bakoitzean emandako ebazpenaren bidez, laguntzak emateko aurkeztu diren eskabideak baietsi edo ezetsi egingo dira. Baietsitako eskabideen kasuan, ebazpenean honako hauek adieraziko dira: zein diren erakunde onuradunak, laguntza zer proiektutarako eman den eta haren zenbatekoa, urteka banatuta. Ezetsitako eskabideen kasuan, ebazpenean hau adieraziko da: zein diren erakunde eskatzaileak eta eskaera ezesteko arrazoiak.
Deialdiaren ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz jakinaraziko da. Gainerako jakinarazpen eta komunikazio elektronikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» gunearen bidez egingo dira (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta).
Dagokion prozedura ebazteko eta ebatzitakoa jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, ebazpen hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igarota, laguntza-eskabidea ezetsi egin zaiela ulertu beharko dute entitate interesdunek, 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.
Ebazpen horrek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, berorren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal zaio Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Dirulaguntzak bi igorpenetan ordainduko dira, jarraian zehaztu bezala:
Behin 16.a) artikuluan zehaztutako epea espresuki uko egin gabe igarotakoan, emandako dirulaguntzaren % 75 ordainduko da.
Bigarren ordainketa 2027an egingo da, eta, bertan, dirulaguntza 15. artikuluan ezarri bezala justifikatu eta gero egindako likidazioaren ostean ateratzen den kopurua ordainduko da.
Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, entitate onuradunak Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean agertu beharko du. Alta eman edo hirugarren interesdunen datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak hirugarrenentzat emandako erregistro telematikora jo beharko da, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/
Dirulaguntzaren ordainketa ezingo da egin onuradunak ez baditu ordaindu zergen eta Gizarte Segurantzaren arloko betebeharrak, edo zorduna bada, dirulaguntza itzultzeko ebazpen bat dela medio.
Eskaera toki-erakunde batek aurkeztu baldin badu zerbitzua partekatzen duten zenbait toki-erakunderen izenean, eskaera egin duen erakundeari egingo zaio ordainketa, betiere eragotzi gabe erakunde horrek gainontzekoekin eginiko hitzarmena betez egin behar duen banaketa.
Emandako dirulaguntza justifikatzeko, erakunde onuradunak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu 2027ko martxoaren 31 baino lehen:
Emandako dirulaguntza funtzionamendura eta informazio- eta prestakuntza-jarduerak egitera bideratu bada, egindako gastu totalaren organo eskudunaren ziurtagiria.
Emandako dirulaguntza kontsumo-ikuskapenak egitera bideratu bada, egindako gastu totalaren organo eskudunaren ziurtagiria.
Emandako dirulaguntza laguntza teknikoa jaso ostean KIUBa sortu, modernizatu edo funtzionalki hobetzera bideratu bada, egindako gastu totalaren organo eskudunaren ziurtagiria eta egindako gastuen fakturak.
Betiere, KIUBak 2026an egindako jardueren amaierako memoria.
Zerbitzua partekatzen duten zenbait toki-erakunderen ordezkari gisa diharduen duen toki-erakunde batek aurkezten duenean eskaera, kontuan izan beharko du aurkeztu beharreko agiriak aurkezterakoan toki-erakunde guzti-guztien agiriak aurkeztu beharko dituela.
Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak egokitzat iritzitako adina egiaztapen egin dezake emandako laguntza ekonomikoaren inguruan, eta laguntza justifikatzeko agiri guztiak aztertu ahal izango ditu.
Gastuak justifikatzerakoan dirulaguntza emateko onartutako aurrekontutik % 15etik gorako eta % 25eko edo hortik beherako desbideratzea eman dela ikusten bada, emandako dirulaguntza gutxitu egingo da aldaketak egiteko ebazpen baten bitartez; hain zuzen ere, benetan gastatutako zenbatekoari aplikatuko zaion ehunekoa dirulaguntza kalkulatzeko aurrekontuari aplikatu zitzaion berbera izango da.
Desbideratzea % 25etik gorakoa bada, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu egingo da ebazpen honen 17. artikuluan ezarri bezala, salbu eta justifikatzen bada laguntza emateko izandako helburu guztiak bete direla. Horrela gertatuz gero, dirulaguntzaren zenbatekoa aurreko paragrafoan aurreikusitako moduan gutxituko da.
Erakunde onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:
Emandako dirulaguntza onartzea. Hori dela-eta, dirulaguntza esleitzen zaiela jakinarazten duen adierazpena jaso eta hamar eguneko epean onuradunek berariaz eta idatziz uko egin ezean, dirulaguntza onartu dutela ulertuko da.
Dirulaguntza emandako helburu zehatzerako erabiltzea, eta jasotako dirulaguntzon gainean dituzten egitekoak betetzeko asmoz Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazioa ematea.
Kontsumonet aplikazio informatikoaren bidez kudeatzea KIUBetan jasotako kontsulta eta erreklamazio guztiak. Aplikazioak kontsumitzaile eta erabiltzaileei informazioa eta arreta emateko zentroen sareko zentro guztien jarduketak biltzen ditu.
Diruz lagundutako jarduerak egiteko Kontsumobideren laguntza jaso izanaren jakinarazpena bermatzea, haien zabalkundea edo publizitatea egin beharra dagoenean, horretarako dagokion logotipoa agertuta.
Toki-erakundeak ikuskaritza-jardueretarako dirulaguntzak jaso baditu, laguntza jaso duen entitatea derrigortuta dago Kontsumobideren ikuskaritzako eta alerta-sareko kanpainetan parte hartzera.
Jarduerak sustatu eta horien berri ematean, hizkuntza eta irudi ez-sexistak erabiliko direla bermatzea.
Erabiltzaile eta kontsumitzaileen hizkuntza-eskubideak bete direla bermatzea dirulaguntzaren helburuarekin lotutako harremanen eremuan.
Dirulaguntza ematerakoan kontuan hartutako inguruabarren bat aldatu bada, aldaketa objektiboa zein subjektiboa izan, horren berri ematea Kontsumobideri.
Jakinaraztea ea dirulaguntzarik, laguntzarik, diru-sarrerarik edo bestelako baliabiderik eskatu edo, hala badagokio, jaso den helburu bererako, beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batzuetatik.
Dirulaguntzaren erakunde onuraduna, behar baino zenbateko handiagoak jasotzen baditu, horiek itzultzera behartuta dago, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean ezarritako prozeduraren arabera.
Entitate onuradunak betebeharrak betetzen ez baditu, gastuak justifikatzen ez baditu, laguntza eskabidean adierazitakoaz bestelako helburu baterako erabiltzen badu edo, oro har, ebazpen honetan eskatutako baldintzaren bat betetzen ez badu, kendu egingo zaizkio dirulaguntzak, eta lortutako zenbatekoak eta legezko interesak itzuli egin beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan ezarritakoarekin.