Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2026ko abuztuaren 3koa, Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren idazkari nagusiarena. Honen bidez, euskal etxeei dirulaguntzak emateko oinarriak ezarri eta 2026. urteko deialdia egiten da, atzerrian dauden euskal gizataldeetako partaideak diren eta egoera larrian eta asistentzia faltan dauden pertsonei laguntzeko.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Lehendakaritza
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 152
- Hurrenkera-zk.: 3572
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2026/08/03
- Argitaratze-data: 2026/08/12
Gaikako eremua
- Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Gizarte gaiak; Gobernua eta Administrazio Publikoa; Instituzional
Testu legala
Deialdi hau Euskal Autonomia Erkidegoaz kanpoko euskal gizatalde eta etxeekiko harremanetarako maiatzaren 27ko 8/1994 Legearen babesean egiten da. Lege horrek euskal etxeei eskaini beharreko prestazioen artean elkarte horietako bazkideei laguntza ematea aurreikusten du, bereziki, egoera larrian daudenei.
Deialdi honen xede diren dirulaguntzak urtero deitzen dira, eta Lehendakaritzaren lau urteko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartuta daude. Plan hori Koordinazio eta Gizarte Komunikazioko idazkari nagusiaren 2024ko otsailaren 12ko Ebazpenaren bidez onartu zen (Lehendakaritzaren 2024-2027 aldirako Dirulaguntzen Lau Urteko Plan Estrategikoa onartzen duena), eta helbide honetan dago argitaratuta: https://www.euskadi.eus/proiektua/lehendakaritzaren-2024ko-diru-laguntzen-plan-estrategikoa/web01-s2lehen/eu/
Era berean, dirulaguntza horiek Lehendakaritzaren 2026ko ekitaldirako Dirulaguntzen Urteko Plan Estrategikoan jasota daude. Plan hori Koordinazioaren eta Proiektu Estrategikoen idazkari nagusiaren 2026ko martxoaren 26ko Ebazpenaren bidez onartu zen, eta helbide honetan argitaratu da: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/proiektua/lehendakaritzaren-2026ko-diru-laguntzen-plan-estrategikoa/. Deitutako dirulaguntzek kanpoko euskal komunitatea indartzen laguntzen dute, hori baita aipatutako planetan jasotako helburu estrategikoetako bat.
Lehendakaritzaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 26ko 388/2024 Dekretuaren 6.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren idazkari nagusiari dagokio deialdia egitea eta ebaztea, bere jardun-arloei dagokien gaietan. Ildo horretan, eta deialdiaren xede den gaia kontuan hartuta, Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren idazkari nagusiari dagokio deialdia egin eta prozedura ebaztea.
Ondorioz, hau
Euskal etxeei 212.000 euroko dirulaguntzak emateko oinarriak ezarri eta deialdia egitea. Dirulaguntza horiek 2026ko ekitaldiari dagozkio eta atzerrian dauden euskal gizataldeetako partaideen asistentzia premiak eta egoera larriak erantzuteko dira. Eranskinean jaso dira oinarriak (Euskal etxeei 2026rako dirulaguntzak emateko deialdiaren oinarriak. Dirulaguntza horiek atzerrian dauden euskal gizataldeetako partaideen asistentzia premiak eta egoera larriak erantzuteko dira).
Ebazpen hau Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean xedatutakoaren arabera arautuko da (2023ko abenduaren 29ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 247. zk.).
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke ebazpena eman duen organoari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko abuztuaren 3a.
Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren idazkari nagusia,
ANDER CABALLERO BARTUREN.
Lehenengoa. Xedea.
Oinarri hauen xedea da Euskal etxeentzako prestazio ekonomikoak arautzea eta haietarako deialdia egitea, euskal gizataldeetako partaideen asistentzia-premiei eta egoera larriei erantzuteko 2026. urtean zehar.
Ebazpen hau Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean xedatutakoaren arabera arautuko da.
Bigarrena. Adjudikaziodunak.
Euskal gizataldeetako kideen laguntza-premiei eta premia larriko egoerei erantzuteko euskal etxe eskatzaileei adjudikatuko zaizkie laguntzak, betekizun hauek betetzen badituzte:
Euskal gizataldeetako kidea dela egiaztatzea, Euskal Autonomia Erkidegoaz kanpoko euskal gizatalde eta etxeekiko harremanetarako maiatzaren 27ko 8/1994 Legearen 3. artikuluan zehaztuta dagoen bezala.
Atzerrian bizitzea.
Asistentzia-premiei eta egoera larriei aurre egiteko ondasunik edo diru-sarrerarik ez izatea. Horretarako, familia-unitateak jasotako errenta guztiak kontuan izango dira; era berean, kontuan hartuko dira laguntza honen pareko laguntza publiko eta pribatuak. Diru-sarrera horiek ezin izango dira izan Euskal Autonomia Erkidegoan laguntzen deialdia egiten den egunean indarrean dagoen oinarrizko errentaren zenbatekoa baino handiagoak.
Etxebizitza partikularretan bizitzea, eta ez arauz edo estatutuz laguntza ematera behartuta dauden antolakunde, komunitate edo erakundeen etxebizitzetan.
Onuradunei laguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, baldintza hauek bete beharko dira:
Ez egotea Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.1 eta 13.4 artikuluetan dirulaguntzak eskuratzeari dagokionez aurreikusitako ezein egoeratan.
Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen penal edo administratiborik ez izatea, eta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik ez izatea, barne hartuta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik Gabeko Bizitzetarako Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 23.2 artikuluan xedatutakoaren arabera sexu-diskriminazioagatiko debekuak, bai eta LGTBIfobia egiteagatik, bultzatzeagatik edo sustatzeagatik gertatutakoak ere, Pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela erabaki ondoren, ez egotea laguntzak berreskuratzeko agindu baten mende.
Hirugarrena. Esleipen-prozedura.
Laguntza hauek emateko prozedura Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19.2 artikuluan aurreikusitako norgehiagoka-prozeduraren da.
Laugarrena. Zenbatekoa.
Laguntza hauetarako 2026. urteari dagokion zenbatekoa 212.000 eurokoa da.
Bosgarrena. Onuradunen betebeharrak.
Laguntza hauen onuradunek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan aurreikusitakoa bete beharko dute.
Onuradunen betebeharra da organo kudeatzaileak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak edo beste kontrol-organo batek eskatutako informazio guztia ematea, baldin eta, finantzaketa dela eta, dirulaguntzen zertarakoa fiskalizatzeko eginkizunak gauzatzen badituzte.
Seigarrena. Eskabideak baloratu eta aukeratzeko irizpideak.
Dirulaguntzak emateko, eskabideetan egiaztatutako egoeraren larritasuna baloratuko da, honako inguruabar hauen arabera:
Familiaren egoera ekonomikoa, herrialdearen batez besteko errenta kontuan izanik: 5 puntu gehienez.
Osasun-arriskuaren larritasuna edo egoera larriaren larritasuna: 15 puntu gehienez.
Egiaztatutako premiari aurre egiteko eskatutako zenbatekoaren egokitasuna: 5 puntu gehienez.
Puntuazioetan berdinketak izanez gero, hauxe egingo da:
Lehenik, «osasun arriskuaren larritasuna edo muturreko egoeraren larritasuna» irizpidean puntuazio handiena lortu duen eskabideak izango du lehentasuna.
Bigarrenik, berdinketak jarraituz gero, «egiaztatutako premiari aurre egiteko eskatutako zenbatekoaren egokitasuna» irizpidean puntuazio handiena lortu duen eskabideak izango du lehentasuna.
Zazpigarrena. Dirulaguntzen zenbatekoa zehaztea.
Zenbateko zehatza eskaeraren balorazio- eta aukeraketa-fasean lortutako puntuazioaren araberakoa izango da.
Emango diren laguntzak eskatutakoaren ehuneko ehun (% 100) artekoak izan daitezke, laguntzen deialdia egiten denean Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dagoen Diru-sarrerak bermatzeko errenta (DBE) izanik muga. Osasun-arazoetarako ematen diren dirulaguntzek ez dute muga hori izango.
Zortzigarrena. Eskabideak aurkezteko tokia, modua eta epea.
Laguntza horiek eskuratzeko interesa duten pertsonek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte, euskal etxeetara jo beharko dute eskabideak baliozkotzeko eta izapidetzeko. Euskal etxeetako bazkideek beren zentroetara joko dute, eta euskal etxeetako bazkide ez diren euskal gizataldeetako kideek beren lurralde-mugapeko euskal etxe horietako edozeinetara joko dute, edo, halakorik ezean, bizi diren herrialdean daudenetako edozeinetara.
Euskal etxeek interesa duten pertsonen eskabideak sinatuta aurkeztu ahal izango dituzte, erantsitako ereduan ezarrita dagoen modura (www.euskadi.eus/euskaldunak web orrian aurki daiteke) eta bertan eskatzen den dokumentazioarekin, honako helbide honetan:
Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren Idazkaritza Nagusia.
Lehendakaritza.
Nafarroa kalea 2.
01007 Vitoria-Gasteiz.
Eskabideak, halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako edozein eratan aurkeztu daitezke.
Deialdi honetara aurkezten diren euskal etxeek, federazioek eta konfederazioek modu elektronikoan aurkeztu ahalko dituzte eskabideak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak) onartutako identifikazio- eta sinadura elektronikoko sistemaren bat erabiliz.
Horretarako, entitate horietako lehendakariek, legezko ordezkariek edo ahaldunek BAK baliabidea eskuratu ahal izango dute indarrean duten NANaren edo pasaportearen bidez, identifikazio eta sinadura elektronikoko sistema gisa, honako helbide hauetan:
https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
https://www.euskadi.eus/euskaldunak
Deialdiko laguntzak eskatzeko, ondoren azaltzen diren esteketan eskuragarri dagoen eredu normalizatua bete beharko da:
https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0035009/
https://www.euskadi.eus/euskaldunak
Eskabideak aurkezteko epea hilabete batekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Bederatzigarrena. Eskabideen aurkezpena.
Euskal etxeek interesdunen eskabideak aurkeztuko dituzte, sinatuta, deialdiaren ebazpen honetan adierazitako ereduaren arabera eta lekuan eta epeetan, agiri hauekin batera:
Eskaera-inprimaki ofiziala, interesdunak, haren tutoreak edo legezko ordezkariak ere izenpetua, eta euskal etxearen abala duela.
Familia-unitatearen urteroko diru-sarreren ziurtagiria, edo aurkeztu ezin bada, agintari eskudunak abalaturiko zinpeko aitorpen bat.
Familia-unitateak dituen ondasun higiezinen txostena.
Euskal gizataldeetako kidea izatearen akreditazioa.
Interesdunaren egoerari buruzko txostena, eskaeraren tramitazioa egiten duen euskal etxeak emanda.
Dirulaguntza erabiliz egingo diren gastuen aurrekontua.
Osasun-laguntza eskatzen dutenek medikuen ziurtagiria aurkeztu beharko dute, osasun-egoeraren adierazleak eta egoera larrian daudela adierazten duten ziurtagiriak edota osasun-asistentziagatik sortutako gastuen ordainagiria.
Hamargarrena. Eskabideen zuzenketa.
Laguntza-eskaerak ez baldin badaude behar bezala beteta, edo ez haiekin batera ez bada aurkeztu aurreko oinarrian eskatutako dokumentazioa, hamar eguneko epea emango zaio euskal etxeari akatsa zuzendu edo aurkeztu ez dituen nahitaezko agiriak aurkez ditzan. Halaber, jakinaraziko zaio hala egiten ez badu eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, aurretiaz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan ezarritako moduan ebazpena emanda.
Hamaikagarrena. Ebaluazio Batzordea.
Ebaluazio Batzordeko kideak honako hauek izango dira:
Ziortza Olano Astigarra andrea, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria, batzordeburua.
Bokalak:
Lide Amilibia Bergaretxe andrea, Gizarte Zerbitzuen Goi Ikuskaritzako Organoaren zuzendaria, Ongizatea, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila ordezkatuz.
Larraitz Gezala Oyarbide andrea, Kabinete eta Komunikazio zuzendaria, Osasun Saila ordezkatuz.
Benan Oregi Iñurrieta jauna, Lehendakaritzako Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren Idazkaritzako teknikaria.
Gorka Ruiz de Azúa Gómez de Segura jauna, Lehendakaritzako Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren Idazkaritzako teknikaria. Batzordeko idazkaria izango da.
Ebaluazio Batzordeak, seigarren oinarrian ezarritako balorazio-irizpideak oinarri hartuta, txosten bat emango du egindako ebaluazioaren emaitza zehazteko, eta kudeatzeko eskumena duen organoari bidaliko dio.
Hamabigarrena. Prozedura kudeatzeko eta ebazteko organo eskudunak.
Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzari dagokio ebazpen honetan aurreikusitako dirulaguntzen ondoriozko kudeaketa-lanak egitea.
Egindako ebaluazioaren emaitza zehazteko Ebaluazio Batzordeak emandako txostena ikusita, eta espedientea ikusita, organo kudeatzaileak ebazpen-proposamena egingo du, eta, horrekin batera, txosten bat aurkeztuko du, non jasoko baita bere esku dagoen informaziotik ondorioztatzen dela onuradun izateko proposatutako pertsonek betetzen dituztela laguntzak jasotzeko behar diren betekizun guztiak.
Organo kudeatzaileak egindako proposamena ikusita, eta Lehendakaritzaren egitura funtzionala eta antolakuntzakoa ezartzen duen azaroaren 26ko 388/2024 Dekretuaren 6.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren idazkari nagusiak ebatziko du deialdia.
Hamahirugarrena. Ebazteko eta jakinarazteko epea.
Ebazpenean euskal etxe esleipenduna adieraziko da, kontuan hartutako eskaerak, onuradunak eta dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztuta.
Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, deialdiaren ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igaro eta ez bada ebazpen espresurik jakinarazi, eskaera ezetsi egin dela ulertu beharko da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluaren eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.
Ebazpenak amaiera emango dio administrazio-bideari, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, denek jakin dezaten eta euskal etxeei jakinarazteko, ebazpen hau indarrean jarri eta sei hilabete igaro baino lehen. Dirulaguntza emateko ebazpenaren aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke organo berari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Hamalaugarrena. Dirulaguntzen ordainketa.
Dirulaguntzak ordainketa bakarrean egingo dira, adjudikazioa jakinarazi eta 15 eguneko epean, onuradunek uko egiten ez badute.
Hamabosgarrena. Dirulaguntzaren justifikazioa.
Jasotako dirulaguntza justifikatzeko, ordainketa egin eta sei hilabeteko epean, euskal etxeek Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren idazkaritza nagusira igorriko dituzte jasotako diruarekin egindako gastuen ordainagiriak. Originalak ezin badituzte aurkeztu, fakturen fotokopiak bidaliko dituzte. Hala ere, originalak gorde beharko dira Eusko Jaurlaritzak edozein ikuskapen egin dezan.
Egiaztagiriak onartzekoak izateko, argi eta garbi azaldu beharko dituzte honako datu hauek: gastua eragin duen kontzeptua, noiz gertatu den (2026ko aurrekontu-ekitaldiaren barrukoa izan behar da), eta dokumentua igorri eta jaso duen entitate edo organismoa.
Justifikatu beharreko kopuruak zenbatzeko, ordainketa egiten den egunean izandako moneta-aldaketa hartuko da kontuan.
Hamaseigarrena. Dirulaguntzen bateragarritasuna.
Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak bateragarriak dira beste edozein erakunde publiko zein pribatuk helburu bera lortzeko eman ditzakeen beste laguntza batzuekin, betiere, horrek gainfinantzaketarik ez badakar. Gainfinantzaketarik gertatuz gero, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehieneko mugaraino.
Hamazazpigarrena. Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.
Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzen badira, betiere dirulaguntzaren xedea betetzat jotzen bada, edo beste edozein entitate publiko edo pribatutatik helburu bera betetzeko bestelako dirulaguntzarik lortu bada, dirulaguntza emateko ebazpena aldatuko da. Horretarako, Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren idazkari nagusiak dagokion aldaketa-ebazpena emango du, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa egokitzeko.
Hemezortzigarrena. Itzultzeko arrazoiak eta itzultzeko prozedura.
Jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira, eta berandutze-interesak eskatuko dira, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan jasotako kasuetan.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera arautuko dira jasotako zenbatekoak itzultzeko prozedura eta dirulaguntza ordaindu zenetik aplikatu beharreko berandutze-interesak.
Bere aldetik, dirulaguntzen arloko arau-hausteen eta administrazio-zehapenen araubidea Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen IV. tituluan ezarritakoa izango da.
Hemeretzigarrena. Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.
Zure datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta izen hau duen tratamendu-jardueran sartuko dira: Kanpoan den euskal komunitatearentzako laguntzak eta dirulaguntzak.
Arduraduna: Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritza, Lehendakaritza.
Helburua: Euskal diaspora bultzatu eta sustatzeko dirulaguntza- eta laguntza-eskaerak kudeatu eta izapidetzea.
Legitimazioa:
Tratamendua beharrezkoa da lege-betebeharrak betetzeko. (DBEO, 6.1.c artikulua).
Tratamendua beharrezkoa da misio bat betetzeko, zeina egiten baita interes publikoaren izenean, edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzeko. (DBEO, 6.1.e artikulua).
Hartzaileak:
Euskal etxeak.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila.
Eusko Jaurlaritzan Ogasun eta Finantza arloan eskumena duen saila.
Herri Kontuen Euskal Epaitegia.
Eskubideak: datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere (www.euskadi.eus/zerbitzuak/10842/).
Informazio gehigarria: gure web-orrian kontsulta dezakezu Datuen Babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua, hemen:
https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/062400-capa2-eu.shtml
Araudia:
Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra.
(https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/normativa_dpd/eu_def/adjuntos/RGPD-2016_0679_eu.pdf).
3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. (www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf
(Ikus .PDF)