Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2025eko urtarrilaren 23koa, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendariarena, hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko 2025eko lehen ohiko deialdiko azterketetara dei egiten duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: IVAP; Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuaren Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 22
- Hurrenkera-zk.: 525
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2025/01/23
- Argitaratze-data: 2025/02/03
Gaikako eremua
- Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
- Azpigaia: Lana eta enplegua; Gobernua eta Administrazio Publikoa; Funtzio publikoa
Testu legala
Abenduaren 1eko 11/2022 Legeak, Euskal Enplegu Publikoarenak, eta otsailaren 22ko 19/2024 Dekretuak, Euskal Sektore Publikoan euskararen erabilera normalizatzekoak, ezartzen dute Administrazio Publikoaren Euskal Institutua izango dela hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko gaikuntza duen organismo bakarra. Horretarako, aurreikusten da IVAPek hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko aldizkako deialdiak egingo dituela, ohikoak eta bereziak.
Halaber, 19/2024 Dekretuak ezartzen du euskal sektore publikoaren zerbitzuko langile funtzionarioei aplikatuko zaizkiela, bai eta haren zerbitzuko lan-kontratuko langileei ere, hala dagokionean. Zehazki, 2. artikuluan haren aplikazio-eremu subjektiboa zehazten du, eta dekretuaren ondorioetarako, euskal sektore publikoan sartzen diren entitateak mugatzen ditu.
Hartara, aukera ematen zaie administrazio publiko ez izan arren euskal sektore publikoaren barruan dauden entitateetako langileei hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko deialdietan parte hartzeko. Alde horretatik, 2024ko abenduaren 20ko IVAPeko zuzendariaren ebazpenaren bidez (EHAA, 251. zk.), aipatutako organismo horiek bete beharreko baldintzak ezarri dira, beren enplegatuek hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko deialdietan parte hartzeko.
Era berean, dekretuaren 2.4 artikuluak beste langile-kolektibo batzuk zehazten ditu, eta horiei ere dekretu honen xedapenak aplikatuko zaizkie, beren legeria edo araudi espezifikoak hala xedatzen duenean.
Gainera, aplikagarriak dira, alde batetik, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean sinatutako lankidetza-hitzarmena, eta, bestetik, Justizia Ministerioaren, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren eta Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren artean sinatutakoa. Hitzarmen horien bidez, karrera judizialeko kideei, karrera fiskaleko kideei eta Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioaren letraduen kidegokoei aukera ematen zaie hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko deialdietara aurkezteko.
Bestalde, 91/2023 Dekretuak, ekainaren 20koak, herritarrei arreta integral eta multikanala ematekoak eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izatekoak, bere 16. artikuluan adierazten du enplegatu publikoek, EAEko sektore publikoan duten lanpostuko eginkizunak betetzen dituztenean, eta enplegatu publiko izateagatik egiten dituzten izapide eta jarduketetan, nahitaez izan beharko dituztela harremanak bitarteko elektronikoen bidez. Beraz, aipatutako dekretuan xedatutakoari jarraituz, ebazpen honetan onartzen den deialdian egin beharreko izapide guztiak bitarteko elektronikoen bidez burutu beharko dira.
Horiek horrela, aipatutako araudia betez, hauxe
Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko azterketetara dei egiten duen IVAPeko zuzendariaren ebazpen honen aurka, urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 121. eta hurrengo artikuluen arabera, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuari gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, hilabeteko epean.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko urtarrilaren 23a.
IVAPeko Zuzendaritza hutsik dagoelako sinatzen du (maiatzaren 4ko 133/2021 Dekretuaren 6.3 artikulua).
Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko Koordinazio eta Kudeaketako idazkaria,
NAGORE ALBERDI BERASALUZE.
oinarria. Deialdiaren helburua.
Deialdi honek aukera ematen du Euskal Sektore Publikoan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen otsailaren 22ko 19/2024 Dekretuan xedatutako hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko:
A2B1
B1B1 (lehengo 1. HE).
B1B2
B2B2 (lehengo 2. HE).
B2C1
C1C1 (lehengo 3. HE).
C2C1
C2C2 (lehengo 4.HE).
Konbinazio horietan lehen osagaia idatzizko trebetasunei dagokie (irakurmena eta idazmena), eta bigarrena ahozko trebetasunei (entzumena eta mintzamena). Hizkuntza-eskakizunen gaitasun-mailak bat datoz Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuan xedatutakoarekin.
Interesdunek hizkuntza-eskakizun bakarrerako egin ahal izango dute eskaera.
B1B2 hizkuntza-eskakizunean izena emateko, eskatzaileak egiaztatuta izan beharko du B1B1 hizkuntza-eskakizuna.
B2C1 hizkuntza-eskakizunean izena emateko, eskatzaileak egiaztatuta izan beharko du B2B2 hizkuntza-eskakizuna.
C2C1 edo C2C2 hizkuntza-eskakizunean izena emateko, eskatzaileak egiaztatuta izan beharko du C1C1 hizkuntza-eskakizuna.
oinarria. Deialdian parte hartu dezaketenak.
Deialdi honen bidez deitutako azterketetara aurkeztu ahal izango dira:
Otsailaren 22ko 19/2024 Dekretuaren 2.artikuluan araututako ezarpen-esparruan dauden Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko zerbitzuko langileak. Administrazio publiko ez izan arren euskal sektore publikoaren barruan dauden entitateetako langileen kasuan, baldin eta entitate horiek 2024ko abenduaren 20ko IVAPeko zuzendariaren ebazpenez (EHAA, 251. zk.) ezarritako baldintzak betetzen badituzte.
Entitate hauen zerbitzura dauden langileak, haien legeriak edo araudi espezifikoak hala xedatzen badu:
Eusko Legebiltzarraren eta Arartekoaren zerbitzuko funtzionarioak.
Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren zerbitzuko funtzionarioak.
Lurralde Historikoetako Batzar Nagusien zerbitzuko funtzionarioak.
Ertzaintzako funtzionarioak.
Euskal Autonomia Erkidegoaren kudeaketaren mende dauden Justizia Administrazioaren zerbitzuko kidegoetako funtzionarioak.
Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko karrera judizialeko kide, kidegai, behin-behineko epaile, ordezko magistratu, ordezko epaile eta bake-epaileak, Justizia Administrazioarekiko Harremanetarako Zuzendaritzaren bitartez, Aginte Judizialaren Kontseilu Gorenak eta Eusko Jaurlaritzak sinatu zuten lankidetza-hitzarmenak ezartzen duena betez.
Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko karrera fiskaleko kide eta kidegaiak, ordezko fiskalak, Justizia Administrazioaren letraduen kidegoko kide eta kidegaiak, eta behin-behineko Justizia Administrazioaren letraduak, Justizia Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzak sinatutako lankidetza-hitzarmenak ezartzen duena betez.
oinarria. Izena ematea eta jarraipena.
Azterketetan parte hartu ahal izateko eskaerak aurkezteko epea 10 egun baliodunekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Eskaerak AZTERNET Interneteko aplikazioaren bidez kudeatuko dira (www.ivap.euskadi.eus/azternet). Interesdunek eskaera aurkeztu beharko dute, deialdiaren oinarri honetan bertan adierazten den moduan.
Deialdi honen aplikazio-eremuan sartzen diren pertsonek AZTERNETen bidez egin beharko dute eskaera:
www.ivap.euskadi.eus/azternet helbide elektronikoan sartu beharko dira, onartutako ziurtagiri digitaletako baten bidez identifikatuta. Ziurtagiri horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan kontsultatu daitezke (https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/).
AZTERNETen identifikatu ostean, ibilbide hau jarraitu beharko da eskabidea egin ahal izateko: «Eskabideak < Hizkuntza-eskakizunak < Eskabide berria».
Eskatzailearen entitateak oniritzia eman beharko dio eskabideari, SOLASKIDEGUNE plataformaren bitartez. Horretarako, entitate bakoitzak solaskideak izendatuko ditu, IVAPeko teknikariekin batera eskabideak kudea ditzaten.
Ez da onartuko gorago zehaztu ez den beste modu batean aurkeztutako eskabiderik.
Deialdi honetan parte hartzearekin lotutako izapide guztiak egin eta kontsultatu behar izango dira AZTERNETen bidez. Hartara, aplikazioan sartzeko, onartuta dauden eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/) kontsultatu daitezkeen ziurtagiri digitaletako batekin identifikatu behar dira interesdunak.
oinarria. C2C1 edo C2C2 hizkuntza-eskakizunera aurkeztuko direnak.
C2C1 edo C2C2 hizkuntza-eskakizuneko azterketa egin ahal izango dute, alde batetik, lanpostuan hizkuntza-eskakizun hori esleitua duten langileek eta, bestetik, betetzen duten lanpostuaren hizkuntza-eskakizuna edozein izanda ere, C1C1 hizkuntza-eskakizuna egiaztatu edo horren baliokide den titulu edo ziurtagiriren bat lortu duten langileek.
Lehen aldiz aurkeztu eta C1C1 hizkuntza-eskakizunaren baliokide den titulu edo ziurtagiriren bat dutenek haren kopia ere bidali beharko dute, baldin titulu edo ziurtagiri hauetakoren baten jabe badira bakarrik:
Iruńea, Tutera, Madril, Bartzelona eta Miranda de Ebroko Hizkuntza Eskola Ofizialek emandako euskara egiaztagiriak.
Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailak ematen duen Euskararen Gaitasun Agiria (EGA).
Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak emandako Euskararen Gaitasun Agiria (EGA).
Era berean, C2C1 edo C2C2 hizkuntza-eskakizuneko azterketara aurkeztu ahal izango dira, apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuko baldintzak betez, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko C1 mailari dagokion azterketa egitetik salbuetsita daudenak ere. Horretarako, C1 mailari dagokion azterketa egitetik salbuesten dituzten ikasketak egin izana egiaztatzen duten ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte, dagokion unibertsitateak emanak, aipatutako dekretuko 2. artikuluan eta 5. artikuluko 3. atalean zehazten den moduan.
oinarria. Azterketa egiteko egokitzapenak behar dituzten azterketariak.
Azterketak egiteko egokitzapenak behar dituzten azterketariek eskaera-orrian adierazi behar dute zer egokitzapen eskatzen duten (aulki edo mahai berezia, entzungailuak eta abar) eta eskaera oinarrituta dagoen mediku-txostena aurkeztu behar dute. Datu horiek babestuta egongo dira, deialdi honen 21. oinarrian jasotzen den moduan. Azterketa-egokitzapena egingo da, betiere proben edukia indargabetzen ez bada edo eskatu beharreko gaitasun-maila murrizten ez bada.
oinarria. Deialdira onartutakoak.
Eskaerak aurkezteko epea amaitu eta horiek aztertu ondoren, deialdira onartuen behin-behineko eskabideen berri emango da IVAPeko zuzendariaren ebazpen baten bidez, www.ivap.euskadi.eus webgunean. Eskatzaile bakoitzak AZTERNETen kontsultatu beharko du bere eskabidearen egoera, onartuta ala baztertuta dagoen ikusteko: «Eskabideak < Hizkuntza-eskakizunak < Eskabideen kontsulta eta jarraipena < IVAPeko ohiko deialdiak (2025-01-23) < Eskaeraren datuak»
Ebazpena argitaratzen den hurrengo egunetik hasita, bost egun balioduneko erreklamazio-epea izango dute interesdunek erreklamazioak IVAPeko zuzendariari idatziz aurkezteko. Erreklamazioak AZTERNETen bidez aurkeztuko dira: «Eskabideak < Hizkuntza-eskakizunak < Eskabideen kontsulta eta jarraipena < IVAPeko ohiko deialdiak (2025-01-23) < Erreklamazio edo errekurtso berria».
Erreklamazio-epea agortuta eta erreklamazioak aztertu eta ebatzi ondoren, deialdira onartutako azterketarien behin betiko ebazpena argitaratuko da IVAPeko webgunean. Interesdunek haien eskaeraren egoera kontsultatu beharko dute AZTERNETen.
oinarria. Epaimahaia.
Azterketak zuzendu eta neurtuko dituzten epaimahaikide titularrak eta ordezkoak IVAPeko zuzendariak izendatuko ditu ebazpen bidez. Ebazpen hori, deialdira onartuen behin betiko ebazpenarekin batera, IVAPeko webgunean argitaratuko da.
Otsailaren 22ko 19/2024 Dekretuari jarraituz, epaitu beharreko proben edukiak nolakoak diren kontuan hartuta osatuko da epaimahaia. Epaimahaikide gehienak karrerako funtzionarioak edo langile finkoak izango dira eta C2C2 hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta izan beharko dute.
Epaimahaikideak euren izenean arituko dira; ezin izango dute epaimahaikide gisa aritu, beraz, beste erakunde edo pertsona baten izenean.
Epaimahaiak IVAPeko langile baten laguntza izango du idazkari-lanetarako.
Epaimahaiak, egoki baderitzo, aholkulari espezialistak eduki ahal izango ditu bere kideei laguntza emateko. Aholkulariok beren espezialitate teknikoetara mugatuko dute jarduna, izaera horrekin bakarrik hartzen baitute parte kalifikazio-organo horretan.
Epaimahaiaren jarduera urriaren 1eko Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 40/2015 Legearen 15. eta hurrengo artikuluen araberakoa izango da.
oinarria. Azterketaldia. Azterketa idatzia eta ahozko azterketa.
Edozein hizkuntza-eskakizun egiaztatzeko prozesuak bi azterketa ditu, idatzia eta ahozkoa, eta hurrenkera horretan egingo dira. Bi azterketa horiek baztertzaileak izango dira. Beraz, ezinbestekoa da azterketa idatzia gainditua izatea ahozko azterketan parte hartzeko. B1B2 edo B2C1 hizkuntza-eskakizunera aurkezten direnek ahozko azterketa baino ez dute egin beharko; C2C1 hizkuntza-eskakizunera aurkezten direnek, berriz, idatzizko azterketa baino ez dute egin beharko.
oinarria. Azterketa idatzia.
Lehen azterketa idatzizkoa izango da. Azterketa horretan trebetasun bi neurtuko dira: irakurmena eta idazmena. Trebetasun bakoitza neurtzeko berariazko proba bat egongo da. Azterketa gainditzeko, trebetasun biei dagozkien probak gainditu beharko dira, zein bere aldetik. Irakurmen-probak eta idazmen-probak bina ariketa izango dituzte.
oinarria. Ahozko azterketa.
Bigarren azterketa ahozkoa izango da, eta hartan mintzamena eta entzumena neurtuko dira. Mintzamen-saioa grabatu egingo da, salbu eta azterketariak horretarako baimena berariaz idatziz ezezten badu. Grabazioa dagoenean, epaimahaiak aurrez aurreko mintzamen-saioa izango du ebaluagai, ez grabazioa. Entzumena mintzamen-saioarekin batera neurtuko da, berariazko entzumen-probarik egin gabe. Epaimahaikideek mintzamenaren eta entzumenaren irizpenak hartarako ebaluazio-fitxetan jasoko dituzte.
Ahozko azterketa gainditzeko, entzumena eta mintzamena gainditu behar dira.
oinarria. Azterketa-egunak eta toki-orduak.
IVAPek azterketen egutegia eta azterketak egiteko tokiak egokituko ditu, betiere eskaera kopurua eta azterketak egiteko behar diren baliabideak kontuan hartuta. Baldintza bi horiek aintzat hartuta, aukera egongo da azterketa bat baino gehiago egun eta ekitaldi bakarrean bateratzeko.
Azterketen egunak, lekuak eta orduak IVAPeko webgunean jakinaraziko dira. Bertan zehazten diren azterketa-egunak eta -tokiak ofizialak dira, eta azterketariek, onartuta dauden hizkuntza-eskakizunaren arabera, bakoitzari egokitu zaion egunean eta tokian egingo dute azterketa.
Hala ere, izena ematean ahozko azterketa egiteko aukeratutako lurralde historikoaren aldaketa eskatu ahal izango dute interesdunek, 6. oinarrian aurreikusitako 5 egun balioduneko epean, deialdira onartuen ebazpenaren aurkako erreklamazioak aurkezteko. Ordutik aurrera, ez da horrelako aldaketarik onartuko. Horretarako, nahi duten aldaketa arrazoitzeko idazki bat aurkeztu beharko dute, eta AZTERNETen erreklamazioa jarri.
Azterketa egin ahal izateko derrigorrezkoa da azterketariek NANa, pasaportea edo gidatzeko baimena aurkeztea.
oinarria. Ebaluazio-irizpideak. Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratua.
Hizkuntza-eskakizun bakoitzean eskatzen den ezagupen-maila neurtzeko Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratua hartuko da kontuan. B1, B2, C1 eta C2 mailen deskribapena eta ezaugarriak IVAPeko webgunean daude ikusgai.
oinarria. Azterketak kalifikatzeko modua.
Trebetasun bakoitzaren emaitza (irakurmena, idazmena, entzumena eta mintzamena), bai azterketa bakoitzean, bai prozesu osoan, orokorra izango da, hau da, «gai» edo «ez gai».
oinarria. Trebetasunei dagozkien proben zuzenketa eta hurrenkera.
Irakurmena, idazmena, entzumena eta mintzamena baztertzaileak dira, eta emaitzak «gai» izan behar du trebetasun bakoitzari dagokion proban, hurrengo trebetasunaren proba zuzendu ahal izateko.
oinarria. Azterketa idatziaren emaitza gordetzea.
Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko IVAPeko zuzendariaren 2024ko abuztuaren 1eko deialdian azterketa idatzia (irakurmena eta idazmena) gainditu baina ahozko azterketa (entzumena eta mintzamena) gainditu ez zuten izangaiak, edo ahozkora aurkeztu ez zirenak, salbuetsita daude ebazpen honen bidez deitutako deialdian idatzizko azterketa egitetik; hortaz, zuzenean joango dira ahozko azterketara. Hala ere, horretarako, izangai horiek guztiek izena eman beharko dute ezinbestean deialdi honetan, dagokion epearen barruan.
Era berean, deialdi honetan idatzizko azterketa gainditu baina ahozko azterketa gainditzen ez dutenei edo ahozkora aurkezten ez direnei azterketa idatziaren emaitza gordeko zaie IVAPeko 2025eko bigarren deialdi orokorrerako, eta deialdi horretan ere izena eman beharko dute dagokion epean.
C2C2 hizkuntza-eskakizunera aurkeztu eta azterketa idatzia egitetik salbuetsita daudenen kasuan, bi deialdien arteko denbora-tartean lanpostuz aldatu izanez gero, mintzamen-probako lehenengo ariketan aritzeko aukeran izango dituen gaiak berdin izan daitezke azterketariak gaur egun duen lan-esparruari buruzkoak zein aurreko deialdian izan zuen lan-esparruari buruzkoak.
oinarria. Azterketa idatziaren emaitzak eta erreklamazio epea.
Azterketa idatziaren behin-behineko emaitzak epaimahaiak onartu ondoren, IVAPeko webgunean adieraziko da azterketari bakoitzak bere emaitzak AZTERNETen dituela ikusgai, eskabidearen kontsultan: «Eskabideak < Hizkuntza-eskakizunak < Eskabideen kontsulta eta jarraipena < IVAPeko ohiko deialdiak (2025-01-23) < Emaitzak».
Azterketa idatzia gainditzen dutenek baino ez dute egingo ahozko azterketa. Azterketa idatziaren behin-behineko emaitzaren kontra erreklamazioa jarri nahi duenak prozesuaren behin-behineko emaitza orokorrak argitaratu arte itxarongo du; hau da, ezin izango du erreklamaziorik egin fase honetan.
oinarria. Ahozko azterketaren emaitzak eta behin-behineko emaitza orokorrak.
Ahozko azterketaren behin-behineko emaitzekin batera, epaimahaiak prozesuaren behin-behineko emaitza orokorrak onartuko ditu. Prozesuko behin-behineko emaitza orokorra ikusgai izango du azterketari bakoitzak AZTERNETen, eskabidearen kontsultan: «Eskabideak < Hizkuntza-eskakizunak < Eskabideen kontsulta eta jarraipena < IVAPeko ohiko deialdiak (2025-01-23) < Emaitzak». Horren berri ematen duen IVAPeko zuzendariaren ebazpena erakunde horren webgunean eta EHAAn argitaratuko da. Deialdi honetako hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeari buruzko ondorioak argitalpen horretatik aurrera sortuko dira.
oinarria. Erreklamazioak eta behin betiko emaitza orokorrak.
Behin-behineko emaitza orokorren aurkako erreklamazioak aurkezteko, 5 egun balioduneko epea irekiko da, egintza EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Erreklamazio horiek AZTERNETen aurkeztu behar izango dira.
Erreklamatzen diren probak berriro zuzenduko dira, eta berrikusketaren emaitza (Gai / Ez gai) behin betiko kalifikazioak argitaratuz jakinaraziko da. IVAPek ez du zuzenketaren inguruan azalpen pertsonalizaturik emango. Entitate honek darabilen ebaluazio mota ziurtatze-entitate eta ziurtatze-prozedura bati dagokiona da; alegia, barnera begirakoa (ebaluazio sumatiboa) eta ez kanpora begirakoa (ebaluazio formatiboa).
Behin-behineko emaitza orokorren aurkako erreklamazioak aztertu eta ebatzi ondoren, epaimahaiak prozesuaren behin betiko emaitza orokorrak onartuko ditu. Behin-behineko emaitzak bezala, behin betiko emaitza orokorra ere AZTERNETen kontsultatu behar du izangai bakoitzak.
IVAPeko zuzendariaren ebazpena, behin betiko emaitza orokorrak onartzen dituena, EHAAn eta IVAPeko webgunean argitaratuko da.
Prozesuaren behin betiko emaitzak onartzen dituen IVAPeko zuzendariaren ebazpenaren aurka, urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 121. eta hurrengo artikuluen arabera, Gobernantza Administrazio Digital eta Autogobernuaren sailburuaren aurrean gora jotzeko errekurtsoa ezarri ahal izango da. Errekurtso hori AZTERNETen aurkeztu behar izango da.
oinarria. Egintzak argitaratzea.
Prozesu honetako egintza eta iragarki guztiak IVAPeko webgunean argitaratuko dira; era berean, behin-behineko eta behin betiko emaitza orokorren ebazpenak EHAAn argitaratuko dira.
oinarria. Ziurtagiriak jasotzea.
Azterketa hauen bidez hizkuntza-eskakizunen bat egiaztatzen dutenek IVAPeko zuzendariaren ziurtagiria AZTERNETen bidez izango dute eskura (kontsultak/IVAP HE ziurtapenak), inprimagarria den euskarri digitalean. Era berean, ziurtagiri digitala eskuragarri izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa), Nire Karpeta atalean.
oinarria. Datuen babesaren inguruko oinarrizko informazioa.
Datu pertsonalak «hizkuntza-eskakizunak egiaztatzea» izeneko tratamendu-jardueran sartu eta tratatuko dira.
Arduraduna: IVAP.
Helburua: Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko kudeaketa eta jarraipena (ohiko deialdietarako eskabideak kudeatzea; baliozkotzeak kudeatzea; hautaketa-prozesuak kudeatzea). Egiaztatutako hizkuntza-eskakizunen erregistroa eta salbuespenen erregistroa sortzea. Eskatzaileen, historikoen, ziurtagirien eta egiaztapenen kudeaketa. Azterlanak eta estatistikak egitea.
Legitimazioa: Interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoen izenean egindako eginkizun bat betetzeko beharrezko tratamendua.
Hartzaileak: Foru-aldundiak; toki-administrazioko beste organo batzuk; autonomia-erkidegoko beste organo batzuk; EAEn langileen arloan eskumena duten organismoak; Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza (Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratua); Aldizkari Ofiziala.
Eskubideak: Datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea, baita informazio gehigarrian jasotzen diren beste eskubide batzuk ere.
Informazio gehigarria: Gure webgunean kontsulta daiteke datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatz guztia (https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/021700-capa2-eu.shtml).
Araudia: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (3)
- Ikus: EBAZPENA, 2025eko uztailaren 16koa, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendariarena, hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko azterketen behin betiko emaitzak onartzen dituena.
- Ikus: EBAZPENA, 2025eko ekainaren 19koa, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendariarena, hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko azterketen behin-behineko emaitzak onartzen dituena.
- Ikus: 19/2024 DEKRETUA, otsailaren 22koa, Euskal Sektore Publikoan euskararen erabilera normalizatzekoa.