Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2025eko urtarrilaren 20koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bitartez Aixeindar SAk Arraia-Maeztu, Iruraiz-Gauna eta Donemiliagako udalerrietan (Araba) sustatzen duen Laminoria konplexu berriztagarriaren (parke eolikoa eta instalazio fotovoltaikoa) proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiten baita.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 51
- Hurrenkera-zk.: 1203
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2025/01/20
- Argitaratze-data: 2025/03/14
Gaikako eremua
- Gaia: Ekonomi jarduerak; Ingurune naturala eta etxebizitza
- Azpigaia: Industria; Ingurumena
Testu legala
2024ko apirilaren 22an, garai hartako Arabako Industria Administrazioko Lurralde Ordezkaritzak jendaurrean jarri zituen Arraia-Maeztu, Iruraiz-Gauna eta Donemiliagako udalerrietako (Araba) Laminoria konplexu berriztagarriaren (parke eolikoa eta instalazio fotovoltaikoa) proiektua eta haren ingurumen-inpaktuaren azterketa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluan adierazitakoarekin bat etorriz, egoki iritzitako alegazioak aurkez zitezen. Izapide horri dagokion iragarkia 2024ko apirilaren 22ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA, 79. zk.) eta 2024ko maiatzaren 6ko Arabako Aldizkari Ofizialean (ALHAO, 50. zk.) argitaratu zen, baita garai hartako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean ere. Jendaurreko informazioaren izapidea burututa, organo substantiboak egiaztatu zuen alegazioak jaso zirela.
Halaber, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, jendaurreko informazioaren izapidearekin batera, garai hartako Arabako Industria Administrazioko Lurralde Ordezkaritzak kontsulta egin zien ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei. Emaitza espedientean jasota dago.
2024ko uztailaren 19an, garai hartako Arabako Industria Administrazioko Lurralde Ordezkaritzaren eskaera iritsi zen Eusko Jaurlaritzako garai hartako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzara, Arraia-Maeztu, Iruraiz-Gauna eta Donemiliagako udalerrietako (Araba) Laminoria konplexu berriztagarriaren (parke eolikoa eta instalazio fotovoltaikoa) proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko.
Espedienteko dokumentazioa aztertu ondoren, 2024ko urriaren 25ean, ingurumen-organoak errekerimendu bat bidali zion organo substantiboari, aurkeztutako dokumentazioa zuzen zezan, eta jakinarazi zuen eten egiten zela ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko epea, harik eta izapideak egiteko behar den dokumentazioa sustatzaileak osatu eta ingurumen-organoari bidali arte.
2024ko azaroaren 28an, organo substantiboak osatu zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren aurrean Arraia-Maeztu, Iruraiz-Gauna eta Donemiliagako udalerrietako (Araba) Laminoria konplexu berriztagarriaren (parke eolikoa eta instalazio fotovoltaikoa) proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko eskaera.
Ingurumen-inpaktuaren adierazpena emateko eskaeran dokumentazio hau jasotzen da, besteak beste:
Aurreproiektua: Laminoria parke eolikoa. Araba (Espainia). Aixeindar SAk idatzi zuen 2024ko otsailean. Memoria, planoak, agiriak, aurrekontuak eta eranskinak ditu.
Laminoria eguzki-instalazio fotovoltaikoaren proiektua. Arabako probintzia. Aixeindar SAk eta Ayesak idatzi zuten 2024ko martxoan. Memoriarekin batera eranskinak eta planoak gehitu dira.
Ingurumen-inpaktuaren azterketa. Laminoria parke eolikoaren proiektua eta Laminoria eguzki-instalazio fotovoltaikoaren proiektua. Biak Arraia-Maeztu, Iruraiz-Gauna eta Donemiliagako udal-mugarteetan (Araba, EAE) daude. Aixeindar SAk eta Saitec Engineeringek idatzi zuten 2024ko martxoan. 15 eranskin ditu, eta horien artean azterketa espezifikoak daude: azterketa botanikoa, hegaztien urteko azterketa, kiropteroen urteko azterketa, paisaia-integrazioaren azterketa, kultura-ondarearen azterketa, efektu sinergikoen eta metatze-efektuen azterketa, eta beste batzuk.
Ingurumen-inpaktuaren azterketaren gehigarria. Laminoria parke eolikoaren proiektua eta Laminoria eguzki-instalazio fotovoltaikoaren proiektua. Biak Arraia-Maeztu, Iruraiz-Gauna eta Donemiliagako udal-mugarteetan (Araba, EAE) daude. Aixeindar SAk eta Saitec Engineeringek idatzi zuten 2024ko azaroan.
Jendaurreko informazioaren izapidearen emaitza: jendaurreko informazio-aldia, jasotako alegazioen zerrenda, alegazioen hitzez hitzeko kopia eta sustatzaileak alegazioei emandako erantzuna.
Ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulten izapidearen emaitza: kontsultatu diren administrazio publikoetako erakundeen zerrenda, jasotako txostenen hitzez hitzeko kopia eta sustatzaileak txosten horien ingurumen-edukiari buruz egindako gogoetak.
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan eta Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan ezarritakoaren arabera, horien helburua da ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea, ingurumena babesteko maila handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.
Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 61. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, dagokion ingurumen-ebaluazioaren prozedura bete beharko dute lege horren II. eranskinean zehazten diren eta Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean gauzatu nahi diren plan, programa eta proiektuek. Arraia-Maeztu, Iruraiz-Gauna eta Donemiliagako udalerrietako (Araba) Laminoria konplexu berriztagarriaren (parke eolikoa eta instalazio fotovoltaikoa) proiektua aipatutako arauaren II.D eranskinaren D.3 taldeko 3.j eta 3.k epigrafeetan dago jasota.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 35. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatzeko, garai hartako Arabako Industria Administrazioko Lurralde Ordezkaritzak, organo substantibo gisa, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura arrunta egiteko beharrezkoa dena xedatu du. Horretarako, ingurumen-inpaktuaren azterketa bat gehitu du espedientean, kontsulta publikoak egin ditu eta aukera eman die eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei prozeduran parte hartzeko.
Dokumentazio teknikoa eta proiektuaren espedientean dauden txostenak aztertu dira eta ingurumen-inpaktuaren azterketa indarrean dagoen legeriarekin bat datorrela ikusi da. Horrenbestez, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau eman du, zuzendaritza hori organo eskuduna baita xedapen hauetan ezarritakoaren arabera: ekainaren 23ko 18/2024 Dekretua, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; eta abenduaren 3ko 410/2024 Dekretua, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.
Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 18/2024 Dekretua, ekainaren 23koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio-Prozedura Erkidearena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau
Lehenengoa. Arraia-Maeztu, Iruraiz-Gauna eta Donemiliagako udal-mugarteetako (Araba) Laminoria konplexu berriztagarriaren (parke eolikoa eta instalazio fotovoltaikoa) proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egitea ondoren adieraziko den bezala:
Ingurumen-ebaluazio hau aipatutako proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan oinarrituta egin da. Proiektua konplexu berriztagarri bat ezartzeko da. Konplexu hori honako hauek osatzen dute:
Laminoria parke eolikoa, 40 MW-eko potentzia instalatua duena.
Laminoria instalazio fotovoltaikoa, 34,37 MW-eko potentzia instalatua duena.
Bi parkeek ebakuazio-zangak partekatzen dituzte Donemiliagako TAE azpiestazioraino, eta sortutako energia azpiestazio horretatik ebakuatzen da Elgea TA azpiestaziora.
Proiektuaren deskribapena eta kokalekua.
Sustatzailea eta organo substantiboa.
Laminoria konplexu berriztagarriaren proiektuaren sustatzailea Aixeindar SA da.
Organo substantiboa Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren Arabako Lurralde Ordezkaritza da.
Laminoria parke fotovoltaikoaren proiektua.
1. Kokalekua.
Eguzki-instalazio fotovoltaiko osoa Arraia-Maeztuko udalerrian dago, itsas mailatik 792 m-ra, eta ebakuazio-linea, aldiz, Arabako lurralde historikoko Arraia-Maeztu, Iruraiz-Gauna eta Donemiliagako udalerrietan. Jarduera fotovoltaikoa meatze-ustiapenak eragindako lurzatietan instalatuko da, Laminoriako harrobiko eremu degradatu eta partzialki lehengoratuan, harrobi bihur daitekeen eremu gisa kalifikatutako eremuaren barruan.
2. Aztertutako alternatibak.
0 alternatiba baztertu egin da, ekonomia deskarbonizatu baterako trantsizioa lortzeko ezarritako emisio-helburuak lortu behar direlako. Horrenbestez, sustatzaileak instalazio fotovoltaikoa hainbat aprobetxamendu-/lehengoratze-egoeratan dauden meatze-lurretan ezartzea erabaki du, ingurumenaren aldetik alternatiba onuragarriagoa dela eta lursail naturalizatuetan jartzeak baino aztarna ekologiko txikiagoa izango duela iritzita.
Lursailean azterketa geotekniko batzuk egin ondoren, eremuak kokatzeko bi alternatiba proposatu dira: alternatiba bat bost esparrutan garatuko da eta bestea seitan. Azkenean, 5 esparrutan egitea proposatzen duen alternatiba aukeratu da, ingurumen-interes txikiagoa duelako, esparruetako batean ez baitira oraindik lehengoratzen hasi meatze-aprobetxamenduaren ondoren, eta, gainera, bateragarriagoa da meatze-jarduerarekin.
Konfigurazioari dagokionez, 2V egitura aukeratu da (2 modulu bertikalean) 3V egitura aukeratu ordez (3 modulu bertikalean) lurzorura hobeto egokitzen delako eta energia berriztagarriaren ekoizpena handiagoa izatea lortuko baita eremu bera okupatuz.
3. Hautatutako alternatibaren deskribapena.
Eguzki-instalazioak 39,954 MW-eko muturreko potentzia eta korronte alternoko 34,37 MW-eko (25 ºC-ra) potentzia instalatua ditu.
Eguzki-parke fotovoltaikoak 57,98 ha-ko azalera du eta 6.531 metro linealeko itxitura perimetrala. Bost esparruk osatzen dute: 1. esparrua, iparraldean, zabortegiaren gainaldean, hondeaketetako materialen gainean. 3., 4. eta 5. esparruak ekialdean daude, meategiko hondakindegiak dauden lursail lau samarretan lodiera txikia dute, edo lursail naturalean; 2. esparrua mendebaldean dago, zabalena da, eta hegoalderako inklinazio aldakorra duen hegal batean dago. Inklinazioa 12º-14º ingurukoa da goiko aldean eta 3º-6º-koa hegoaldean.
Modulu fotovoltaikoak: kristal bakarreko eta bi aurpegiko 61.944 modulu jartzea aurreikusi da, 645 W-eko puntako errendimendukoak, edo antzekoak, 29 moduluko serieetan konektatuta eta 1.068 egitura finkotan banatuta. Guztira, 18,20 ha-ko azalera hartuko da.
Moduluek sortzen duten korronte zuzena korronte alterno bihurtzen da instalazio fotovoltaikoan zehar banatutako 10 inbertsore nagusien bidez eta 30 kV-era igotzen da 7 transformazio-zentroren bidez.
Eusteko egitura: instalazioaren moduluak metalezko egitura finkoen gainean jarriko dira. Egitura horiek moduluen beraien pisuari eta haize- eta elur-gainkargei eusteko diseinatuta daude, Eraikingintzaren Kode Teknikoko aginduekin bat etorriz. Egitura horiek eraikitzeko erabiliko den materiala altzairu galvanizatua izango da. Egitura finkoa, zuzenean lurrean sartuko dena, bi modulu bertikalean jartzeko prestatuta dago. Puntu homologoen (pitch) artean dagoen tartea 9,5/10 m-koa da eta inklinazioa (tilt) 26º-koa.
Inbertsoreak jartzeko bakarrik, lursaila hustu egingo da eta, ondoren, hormigoizko egitura bat egingo da zentro fotovoltaiko bakoitza kokatzeko, eta transformadorea zimendatzeko eta mugitzeko errail-bankada bat jarriko da.
Sarbideak: instalazio fotovoltaikora iristeko ez da errepiderik egokitu beharko, lehendik dauden bideak erabiliko baitira. Instalaziora iristeko Laminoriako meategiko errepideak erabiliko dira: iparraldetik, A-3110 errepidea, eta hegoaldetik, A-4114 errepidea.
Linea elektrikoetarako, lur-sarerako eta komunikazio-sarerako zangak: zangak egin beharko dira linea elektrikoak instalatzeko. Transformazio-zentroak elkarren artean eta zentro horiek instalazioko azpiestazioarekin konektatzen dituzten erdi-tentsioko zirkuituak zuzenean lurperatuta instalatuko dira. String motako inbertsoreak transformazio-zentroekin konektatzen dituen korronte alternoko behe-tentsioko kableatua ere halaxe instalatuko da. Gainera, lerrotan jarritako egiturak lotzen dituen korronte zuzeneko behe-tentsioko kableatua lurperatu egingo da. Erdi-tentsioko 30 kV-eko kableak kanaletan instalatuko dira, zuzenean lurperatuta. Tamaina desberdinak izango dituzte, kanaletik doan zirkuitu kopuruaren arabera.
Eguzki-instalazioak sortzen duen elektrizitatea 30 kV-eko lurpeko zirkuituen bidez eramango da Donemiliagako transformazio-azpiestazio berriraino, eta hortik, garraio-sarera 220 kV-eko aireko linea elektrikoaren bidez, eta Elgeako azpiestazioarekin konektatuko da. Donemiliagako TAE azpiestazioa, Donemiliagako TAE azpiestazioko linea elektrikoa eta Elgeako TAE azpiestazioa ez dira proiektu honen barnean sartzen, Azazetako parke eolikoa egiteko baimena emateko prozeduraren barnean sartuta baitaude. Eraikuntza-proiektu hori Arabako Industria Administrazioko lurralde-ordezkariaren 2023ko azaroaren 30eko Ebazpen bidez onartu zen. Ebakuazio-linea elektrikorako zanga hori parke eolikoarekin partekatuko dena, hala badagokio errepidearen albo batean dago, zoladura asfaltikoa egiteko erabili zen plataformaren gehiegizko zabalera aprobetxatuz; hori dela eta ez da asko eskokatu behar izan eta errepide hori lanerako pista gisa erabili ahal izan da. Errepidetik aldenduta, zanga zelaian barrena doa landaredi gutxien dagoen eremuan zehar Donemiliagako TAEarekin konektatu arte.
Zangen oinarria hareaz betetzen da, eta, ondoren, zabor-legarrarekin eta eskuz eta makinen bidez trinkotutako hondeaketa-lur hautatuekin. Eraikuntza fasea bukatzean, zangen gainaldea landareztatu egingo da, eta kontrol-kutxatiletako hormigoizko estalkiak baino ez dira agerian geratuko. Zangen neurriak hauek izango dira: gutxienez 1,1 m-ko sakonera, 0,6 m-tik 2 m-raino okupatuko dute etengabe eta gehienez ere 7 metro okupatuko dute aldi batean.
Erdi-tentsioko linea elektrikoaren zangaren luzera Donemiliagako azpiestazioraino 6,139 km-koa izango dela aurreikusten da; 2,135 km lehendik aldatutako meategiko lurren azpitik igaroko dira, 3,062 km bideen azpitik eta 0,942 km lurzoru naturaletik.
Kanpoko itxitura: bihurdura bakuneko sare bat jarriko da, 2 m-ko altuera izango du eta 3 m-tik behin zutoinak izango ditu. 5 eremuetako hesien luzera 6.531 m-koa da.
Obra-lanak (materialak eta lurrak pilatzea, obra-etxolak...) esparru fotovoltaikoen barruan egingo dira, eta, beraz, ez da beharrezkoa obra-zelairik kokatzea. Era berean, ez da aurreikusten hormigoiztatzeko instalazio eramangarririk jartzea, eta ez da aurreikusten zerbitzu-zuzkidura berririk egin behar denik (ura, argiztapena, telefonia...), ezta produktu kimikorik edo erregairik biltegiratu behar denik ere eguzki-instalazioa ustiatzeko eta mantentzeko.
Egitura fotovoltaikoen azken ezarpena egiteko, behar den lur-mugimendua egingo da malda egokia izan dadin, eta, hala, modulu fotovoltaikoak, inbertsoreak eta transformazio-zentroak muntatuko diren egituren hornitzaileak ezarritako zehaztapen teknikoetan adierazitako eskakizunak bermatzeko. Egiturak finkatzeko morfologia egokia emateko, 12.666,73 m3 lur mugitzea aurreikusten da, eta 1.500 m3 lur eguzki-egiturak sartzeko, PowerBlock-en zonetarako eta zangak egiteko. Nolanahi ere, mugimendu «neutroa» izango da, eta lehentasuna emango zaio betelanak behar diren lur-eremuetan hondeaketen ondoriozko lur-soberakinak erabiltzeari.
Mendi-hegalaren egonkortasunari buruz eta instalazio fotovoltaikoa egokitzeko topografia egokiari buruz ondoren egingo den azterketa geoteknikoak zehaztuko du lur-mugimenduaren guztizko bolumena.
Laminoria eguzki-parke fotovoltaikoaren obrak egikaritzeko epe osoa 8 astekoa izango dela aurreikusten da.
Laminoriako parke eolikoa.
1. Kokalekua.
Proiektatutako parke eolikoa Arraia-Maeztuko udalerrian dago nagusiki, bi aerosorgailu izan ezik (L4 eta L5), horiek Donemiliagan daudelako. Halaber, proposatutako aerosorgailuen lurgainak Donemiliagako (L1, L4 eta L5) eta Iruraiz-Gaunako (L2, L3, L7 eta L-8) udalerrietan daude.
8 aerosorgailuak mendebaldetik ekialdera lerrokatuta daude, Laminoriako meategiaren iparraldean, meategira iristeko errepidearen bi aldeetan eta Arabako Lautadako mendilerroaren lepoan, itsas mailatik 880 eta 1040 m-ra bitartean.
2. Aztertutako alternatibak.
0 alternatibaz gain, beste hiru alternatiba ere aztertu dira parke eolikorako. 0 alternatiba baztertu egin da energia-sektorearen deskarbonizazioa bultzatzeko eta energia-helburuak lortu ahal izateko. Gainerako alternatibek aerosorgailuen kokapen desberdinak proposatzen dituzte:
alternatiba. Zortzi aerosorgailu instalatzea proposatzen da, bi lerrotan: bost aerosorgailu sarbidearen mendebaldean, zona garaiagoetan (zona horiek ingurumen-kalitate eta -hauskortasun handia dute eta lur-mugimendu gehiago egin behar dira); eta gainerako hirurak ekialdean, Entzia KBEtik hurbil.
alternatiba. Zortzi aerosorgailu instalatzea planteatzen da, bi lerrotan. Aurreko alternatiba hartzen du oinarritzat, baina mendebaldeko aerosorgailuetako bat (Indiaganaren gailurrean zegoena) ekialdean jartzea proposatzen da eta sarbideak egokitu egiten dira. Irizpide anitzeko azterketa egin ondoren, alternatiba hau aukeratu zen.
alternatiba. Zortzi aerosorgailuak harrobiaren magalean jartzea proposatzen da (4 lehengoratutako lursailetan edo lehengoratu gabe gaur egun ustiatzen diren lursailetan). Alabaina, harrobiaren barruan bideragarritasun teknikoko arazo kritikoak daudela adierazten da, lurraren ezegonkortasunak ez baitu bermatzen mendi-hegalaren segurtasuna eta egonkortasuna.
3. Hautatutako alternatibaren deskribapena.
Parke eolikoak 8 aerosorgailu ditu, 5.000 kW-eko potentzia bateratukoak, eta aurreikusten da 40 MW-eko potentzia izango dutela guztira. Parkeak sortzen duen elektrizitatea lurpeko zirkuituen bidez eramaten da Laminoriako parke eolikoak eta parke fotovoltaikoak partekatzen duten ebakuazio-linea elektrikoraino.
Haizeari eta produkzioari buruzko azterketak berresten du inguru horretan dagoen baliabide garrantzitsua dela, eta ondorioztatzen du parkearen produkzio garbia 112.090 MWh/urte izango dela, hau da, 2.802 orduz potentzia osoan funtzionatzea.
Laminoriako parke eolikoa elementu nagusi hauek osatuko dute:
Aerosorgailuak: parke eolikoa meategiaren iparraldean dago, itsas mailatik 880 eta 1040 m-ra bitartean, 8 aerosorgailu ditu ekialdetik mendebaldera lerrokatuta. Aerosorgailuak 4ko 2 multzotan banatuta daude meategira iristeko errepidearen alde batean eta bestean. L2tik L7ra bitarteko kokalekuetan dauden aerosorgailuak SG 5.0-145 modelokoak dira eta L1 eta L8 kokalekuetan daudenak SG 5.0-132 modelokoak, eta 5.000 kW-eko potentzia bateratua dute (hala ere, sustatzaileak adierazi duenez, litekeena da modeloa aldatzea aurreproiektu honen ondorengo fase batean). SG145 modeloan, errotoreak 145 m-ko diametroa du, eta abatzak 97,5 m-ko altuera; SG132 modeloan, berriz, errotoreak 132 m-ko diametroa du eta abatzak 84 m-ko altuera. Bi modeloek hiru palako errotorea dute haizealdera; pala bakoitzaren pasaera aldatzeko sistema dute, eta orientazio aktiboko sistema. Kontrol-sistemaren bidez, aerosorgailua abiadura desberdinetan erabil daiteke, funtzionamendu-erregimen guztietan eta haizearen edozein abiaduratan sortzen duten potentzia areagotzen da, eta kargak eta zarata gutxiagotzen dira.
Hauxe da aerosorgailuen kokaleku zehatza:
(Ikus .PDF)
Plataformak: aerosorgailuak instalatzeko, plataformak prestatu behar dira aerosorgailuen kokapen bakoitzean. L2tik L7ra bitarteko aerosorgailuen plataformek triangelu-forma izango dute, 100 m x 38 m inguru neurtuko dute. L1etik L8ra bitarteko aerosorgailuek 51 m x 39 m neurtzen duen plataforma trapezoidala izango dute. Plataformaren gainerako zatiak ez dira zolatu beharko, nahikoa izango da lurra ezpondekin zabaltzea eta trinkotzea, baldin eta haien egonkortasunak bermatzen badu 200 kN/m2-ko presioa eragiten duen garabi bati eutsiko zaiola.
Zimenduak: zortzi zimenduak hormigoi armatuzkoak izango dira, oinarri zirkularra eta ertz desberdinak izango dituzte, diametro txikiena 21,5 m-koa izango da eta diametro handiena 6,0 m-koa. Azken hori zimendu-oinarritik gutxi gorabehera 2,55 m-ra egongo da, hasieran lodiera uniformea izango du 0,3 m-ko altueraraino zimendu-oinarritik neurtuta, eta idulki zentrokide bat izango du. Zimendua hondeaketa-lurrez estaliko da, aerosorgailuen azpiko lurzorua ahalik eta gehien aprobetxatzeko. Idulkiak 1,05 m-ko altuera izango du.
Barruko bideak: osagaiak eta ekipamenduak garraiatu ahal izateko eta instalazio-garabiak aerosorgailuak dauden lekuetaraino mugitu ahal izateko, barneko bideak egingo dira parkea dagoen lekuraino, lehendik dagoen harrobira doan bidetik hasita. 5-7 m-ko zabalera duten hiru sarbide proposatzen dira: mendebalderanzko sarbidetik L1etik L4ra bitarteko aerosorgailuetara (2.647 m); ekialderanzko sarbidea L6tik L8ra bitarteko aerosorgailuetara (3.352 m); eta L5 aerosorgailuak bere sarbidea izango du (1.287 m).
Aerosorgailuen osagaiak garraiatzen dituzten ibilgailu bereziak Laminoria parke eolikoraino sartu ahal izateko, lotura hauek egokitu behar dira:
(Ikus .PDF)
Bideen zoladura 25 cm inguruko zabor-legarren geruza baten bidez egingo da, berdintzeko eta erregulatzeko. Gehienez ere % 10eko malda izango da zuzengunean eta % 7koa bihurgunean. Malda goian esandakoa baino handiagoa bada, zoladura zurruna izango da, hormigoi armatuzkoa eta 20 cm-ko lodiera izango du, 200 m-tik beherako zuzenguneetan eta % 13tik beherako malda dutenetan izan ezik; kasu horietan, geruza zoru pikortsuz egindakoa izango baita. Gainera, ur-ekarpena dagoen lekuetan, bideek zanga edo areka paralelo bat izango dute, eta horrek, ahal den neurrian, lehendik dagoen drainatze naturala aprobetxatuko du.
Barneko bide horietan bira egiteko lau eremu jarriko dira, bira egin behar duten ibilgailuek biratu ahal izateko. Era berean, lehendik dauden bideekiko lotuneetan bidearen bi noranzkoetara biratzeko aukera proiektatu da.
Elektrizitate- eta komunikazio-kanalizazioetarako zangak: aerosorgailu bakoitzaren dorrearen barruan transformazio-zentro bat jarriko da, behe-tentsioan sortutako energiaren tentsioa 30 kV-era igotzeko. Zangak ireki beharko dira zirkuitu elektrikoak (erdi-tentsioko linea) eta komunikazio-zirkuituak (kontrolerako kanalizazioa) jartzeko. Zangak, ahal den neurrian, parkearen barneko bideekiko paraleloan egongo dira, edo, bestela, lehendik dauden bideekiko paraleloan. Kasu horietan, sortuko diren eragin iraunkorrak bideen plataformatik harago ez hedatzeko moduan diseinatu da proiektua, eta, horrela, proiektatutako eragin-zerrendak behar bezala murriztuko dira.
Parke eolikoak sortutako elektrizitatea Donemiliagako azpiestaziora ebakuatzeko eta arestian deskribatutako parke fotovoltaikoak sortutakoa ebakuatzeko, instalazio berak erabiliko dira.
Obra-zelaia: parke eolikoaren mendebaldeko lerrokadurarako sarbidean obra-zelai bat proiektatu da, proiektuaren grabitate-zentroan egongo den gune bat bilatuz. Proiektatutako azalera 5.000 m2 ingurukoa da.
Parke eolikoan egingo diren jarduketa zibil guztien ondoriozko lur-mugimenduak, aurreproiektuaren arabera, 420.000 m3-tik gorakoak dira: 207.823,45 m3 lur-erauzketak izango dira, eta 212.2,267,97 m3 betelanak.
Ingurumena lehengoratzeari dagokionez, zimenduen eta zangen gainazalak ez ezik, parke eolikoaren azpiegiturak gauzatzean sortutako ezponden gainazalak ere egokitu eta lehengoratzea aurreikusten da. Horretarako, kanalizazio-zangak eta bideak irekitzen hastean kendutako landare-lurraren geruza berrerabiliko da, eta, ondoren, behar diren ereiteak eta landaketak egingo dira.
Laminoria parke eolikoko obrak egiteko epea 46 aste ingurukoa da, 10,5 hilabetekoa gutxi gorabehera, eraikitzen hasteko baimenak lortzen direnetik.
Konplexu berriztagarriaren proiektuaren inguruneko ingurumen-elementu garrantzitsuak.
Laminoriako konplexu berriztagarria Laminoriako mendilerroan dago, zati bat Laminoriako meategiko lursailetan dago, Arabako Lurralde Historikoko Arraia-Maeztu, Iruraiz-Gauna eta Donemiliagako udal-mugarteetan.
Laminoriako harrobiak erabat aldatzen ditu inguruko geologia eta litologia. Jarduera hori ustiapen fasean dago gaur egun. SAINSA taldea ari da ustiatzen. Bi maila daude: goiko mailan, dolomia masiboak daude (10-20 m-ko lodiera), eta beheko geruzan, berriz, hareak eta tuparriak tartekatzen dira. Goiko zatia bakarrik ari dira ustiatzen. Eguzki-parkearen azpiegiturak jartzeko, arrisku geotekniko kritikorik ez duten eremuak bakarrik hautatu dira. GeoEuskadin eskuragarri dagoen informazioa kontuan hartzen bada, esan daiteke, RUSLE ereduaren arabera, eremu horrek higadura erreala izateko arriskua oso txikia dela eta lurzoru-galerak onargarriak direla, ez baitago higadura garbirik.
Litologiaren ezaugarriak direla eta, lurraren iragazkortasuna, aztergai dugun eremuan, zartatzeak eragindako iragazkortasun ertain eta altu gisa sailkatzen da nagusiki; porositateak eragindako iragazkortasun ertaineko eremuren bat ere badago. Zehatzago esateko, zartatzeak eragindako porositate handia duten lursailetan jarriko dira aerosorgailuak; panel fotovoltaikoak, berriz, porositateak eragindako iragazkortasun ertaina eta zartatzeak eragindako iragazkortasun handia duten lursailetan.
Uraren Euskal Agentzian (URA) eskuragarri dagoen kartografiaren arabera, aztergai dugun eremuan ur-puntu ugari daude; gehienak iturburuak dira. Era berean, akuiferoen kalteberatasuna oso handitzat hartzen da aerosorgailuak eta panel fotovoltaikoak jartzea aurreikusten den ingurunean. Sarbideek kalteberatasun oso handiko eremuak zeharkatuko dituzte gehienbat, eta kalteberatasun handiko eremu bat aldizka; ebakuazio-linearako zangek, berriz, kalteberatasun oso handiko eta handiko eremuak zeharkatuko dituzte, kalteberatasun nabarmenik gabekoak eta kalteberatasun ertainekoak Donemiliagako TAErekin konektatzen den gunean.
Eremu horietatik hurbil, EAEko Hezeguneen Inbentarioan jasotako hezegune ugari identifikatu dira. Aipatu behar da Musitu ibaiaren putzua, 4. esparruarekin gainjartzen dena, erabat degradatuta eta lehortuta dagoela, eta gaur egun meategiko arroka antzuak pilatzeko erabiltzen dela. Putzu horretan hezetasun apur bat duen zati bakarra esparru fotovoltaikoetatik kanpo utzi da. Horrela, beraz, ez da hezegune horietako bakar bat ere okupatuko; hezegune horietako gehienak, gainera, meatzaritza-lanen ondorioz sortutako putzuak dira.
Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoko eta Espezie Mehatxatuen Espainiako Katalogoko UTM laukien arabera babestutako fauna-espezieak, eremu honekin lotura dutenak hauek dira (K: kaltebera; G: galzorian; BBE: katalogoan sartutako espezieak):
(Ikus .PDF)
Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Jasangarritasuneko Zerbitzuak eta Natura Ondarearen Zerbitzuak jakinarazi dute arriskuan dauden eta parke eolikoaren inguruan hegal egiten duten hegazti harrapari habiagileen espezie hauek daudela eremu horretan:
Bonelli arranoa (Aquila fasciata), 7 km ingurura egiten du habia eta eragin-eremuan bizi eta elikatzen da.
Sai zuria (Neophron percnopterus), sai arrea (Gyps fulvus) eta beste hegazti nekrofago batzuk, hala nola miru gorria (Milvus milvus) eta miru beltza (Milvus migrans).
Ugatza (Gypaetus barbatus): noizean behin agertzen da, baina oso garrantzitsua da Pirinioetatik Kantauriar mendikateraino hedatzeko.
Arrano beltza (Aquila crhysaetus), habia egiteko 5 gune ditu 15 km-ko eremuan.
Hontz handia (Bubo bubo), 3-4 bikote habiagile daude 1,5 km-ra, eta gaueko beste baso-harrapari batzuk ere bai: hontz zuria (Tyto alba), hontz ertaina (Asio otus), urubi arrunta (Strix aluco).
Belatz handia (Falco peregrinus), bikote ugaltzaile batzuk daude.
Beste baso-harrapari batzuk, habiak basotik hurbil dauden eremuetan eta eragina paira dezakeen eremuan egiten dituztenak: arrano txikia (Hieraaetus pennatus), aztore arrunta (Accipiter gentilis), gabiraia (Accipiter nisus), arrano sugezalea (Circaetus gallicus), zapelatz arrunta (Buteo buteo), mirotz urdina (Circus pygargus), mirotz zuria (Circus cyaneus).
Sai beltza (Aegypius monachus) noizean behin azaltzen den eremua.
Hizpde dugun parke eolikoa jarriko den eremuko abifaunari buruzko urteko landa-azterketan, Passeriformes, Piciformes eta antzeko ordenetako 46 hegazti-espezie detektatu ziren, tamaina ertaineko eta handiko 13 hegazti-espezie komunitateen eta hegaldien erroldetan, eta 2 hegazti-espezie gautar.
Bestalde, interes bereziko bi eremu (IBE) eta hegazti nekrofagoak elikatzeko babes eremuak (HBE) daude eremuaren inguruan:
Entziako IBE+HBE, L8 aerosorgailutik 262 m ekialdera eta 1. eguzki-esparrutik 2,05 km ekialdera.
Izkiko IBE+HBE, L1 aerosorgailutik 3,8 km hego-mendebaldera eta 2. eguzki-esparrutik 3,6 km hego-mendebaldera.
L8 aerosorgailutik gutxi gorabehera 800 metro hego-ekialdera, Analamendiko janlekua dago (Musitu). Instalazio hori sai arreari eta beste hegazti sarraskijale batzuei elikadura osagarria emateko toki gisa diseinatu zen eta Arabako Foru Aldundiak kudeatzen du 2006az geroztik.
Gainera, Laminoria inguruan 20 saguzar-espezie desberdin daude. Aztertutako proiektuetatik 3-5 km ingurura (Gesaleko Atakako leizea) kiropteroen babesleku bat dago. Babesleku hori Euskal Autonomia Erkidegoan lurpeko babeslekuetan eta eraikinetan bizi diren kiropteroak kudeatzeko baterako plana izeneko dokumentu teknikoan identifikatuta dago. Dokumentu hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiek sinatu zuten.
Era berean, parke eolikoa jarriko den eremuan dauden kiropteroei buruzko urteko landa-azterlanean jakinarazten da 17 espezie identifikatu direla, eta guztira 24.819 erregistro egin direla.
Landarediari dagokionez, botanikari espezialista batek landa-azterketa espezifiko bat egin du. Azterketa horretan, guztira, 38 landaredi mota identifikatu eta ezaugarritu ditu, EUNIS sailkapenaren arabera:
Cl.34 Ur eutrofiko iraunkorretako ur gaineko landaredia.
C3.23 Typha spp lezkadiak.
El Larre lehorrak.
El.26 Albiztiak eta Mesobromion taldeko larreak.
El.27 Larre karetsu harritarrak.
E2.11 Belardi larratuak eta manipulatu gabeko larreak.
E2.11(X) Ereindako larreak eta bazka-laboreen sailak.
E2.13(X) Albizti edo bestelako larre mesofilo bihurtzeko joera duten lugorriak.
E3. (X) Molinia nagusitzen den belardi heze basofiloak.
F3.11(Y) Lahardi kaltzikola (Rubus ulmifolius).
F3.12(X) Ezpeldi kaltzikola.
F3.22 Elordi ez atlantikoa.
F7.44(X) Txilardi kaltzikola subatlantikoa, Genista-rekin.
F7.44(Z) Txilardi kaltzikola tuparrizalea, Genista-rekin.
F9.12(XX) Lurzoru ez harritsuetako erreka bazterretako sahastiak.
FA.3 Bertako espezieen heskaiak.
Gl.62 Pagadi azidofilo atlantikoa.
Gl.64 Pagadi basofilo edo neutroa.
Gl.71 Quercus gr. pubescens-en basoa.
Gl.77(V) Erkamezti subatlantikoa.
Gl.86 Quercus robur espeziea nagusi den baso azidofiloa.
Gl.C(Y) Bestelako hostozabal erorkorren landaketak.
G2.124(Y) Karraskadi mesomediterraneo azpihezea.
G3.21 Lezkadiak.
G3.F(L) Pinus sylvestris espeziearen landaketak.
G3.F(P) Pinus radiata espeziearen landaketak.
G3.F(Q) Pinus nigra espeziearen landaketak.
G3.F(Z) Koniferoen landaketa mistoak.
G4(Y) Kareharrizko arroiletako baso mistoa, hagin ugarirekin.
H2.64 Hartxingadi kalkareoetako landaredia.
1 Monolabore intentsiboak.
2 Lorategi eta parke apaingarri txikiak.
J1 Dentsitate handiko herri eta hirietako eraikinak.
J2 Dentsitate txikiko eraikinak.
J3.2 Aire zabaleko harrobiak eta bestelako erauzketa-eremuak.
J3.3 Bertan behera utzitako erauzketa-eremuak.
J4.3 Errepide-sareak.
J5.3 Ur gezadun urtegi eta putzuak (artifizialak).
Parke eolikoaren eragin-eremuan, EMEKen jasotako 6 flora-espezie baskularren populazioak aurkitu dira. Espezie horietako bat, Nymphaea alba, Galzorian gisa katalogatuta dago. Bibliografian aipatzen ez den populazio txiki bat aurkitu da, eta EAEn dagoen bigarren populazioa da. Epipactis palustris (L.) Crantz espezietik oso hurbil dagoen populazio txiki bat ere aurkitu da. Espezie hori Kaltebera kategorian sartuta dago. Gorostiaren (Ilex aquifolium) eta haginaren (Taxus baccata) populazio-nukleo ugari ere badaude. Espezie horiek Interes bereziko kategorian sartuta daude eta aztergai dugun eremuko pagadi eta erkameztietan nahiko ohikoak dira. Gorostia oso ugaria da aztergai dugun eremu osoan; hagina, berriz, ez da hain ugaria eta aztergai dugun eremuko mendietako leku ospelenetan bakarrik agertu ohi da, nahiz eta haren populazioak ugariak diren. Ruscus aculeatus espeziearen bi populazio berezi eta Narcissus minor subsp. minor espeziearen beste bi nukleo txiki daude ekialdeko gailur-lerroan. Biak Interes bereziko gisa katalogatuta daude. Era berean, Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Jasangarritasuneko Zerbitzuak eta Natura Ondarearen Zerbitzuak jakinarazi dutenez, Indiagana mendiaren magaletan astigar espezie batzuk daude, eta horien artean Acer opalus espeziea nabarmentzen da, oso berezia eta ugaria delako.
Habitat naturalak eta basoko fauna eta flora zaintzeari buruzkoa den 92/43/EEE Zuzentarauan jasota dauden Batasunaren intereseko habitat hauek daude aztergai dugun eremuan:
3150 Magnopotamion edo Hydrocharition landaredia duten laku eutrofiko naturalak.
4090 Txilardi oromediterraneo endemikoak, elorri-triskarekin.
5110 Malda arrokatsuetako Buxus sempervirens espeziearen formazio egonkor xerotermofiloak (Berberidion).
6210* Belardi erdi-natural lehorrak eta kare-substratuetako sastraka-faziesak (Festuco-Brometalia) (*orkidea bikainak dituzten lekuak).
6220* Subestepako zonak: Thero-.llo-limonikoen (Molinion caerulea) gramineoak eta urteroko landareak
8130 Mendebaldeko lur-jausi mediterraneoak eta termofiloak.
9120 Pagadi azidofilo atlantikoak, oihanpeak dituztenak: Ilex eta batzuetan Taxus (Quercion robori-petraeae edo Ilici-Fagenion).
9240 - Quercus faginea eta Quercus canariensis espezieetako harizti iberiarrak.
9340 Artadiak (Quercus ilex eta Quercus rotundifolia).
9580* Baso mediterraneoak (Taxus baccata).
6170 Larre kaltzikola harritarrak.
Babes bereziko guneei dagokienez, ez da identifikatu Natura 2000 Sareko espazioen zuzeneko gainjartzerik proiektuekin. Hala ere, 5 km-ra baino gutxiagora dauden hainbat gune daude:
Entzia KBE (ES2110022): L6, L7 eta L8 aerosorgailuetara iristeko bideetako batek muga egiten du babesgune honekin eta KBEaren inguruko gunean dago.
Ega-Berron ibaia KBE (ES2110020): eremu fotovoltaikotik gutxi gorabehera 3 km hegoaldera dago.
Izki KBE eta HBBE parke naturala (ES2110019): eremu fotovoltaikotik 3,3 km hegoaldera dago.
Arabako Lautadako Irla Hariztiak KBE (ES21100013): proiektuaren eremutik gutxi gorabehera 4 km iparraldera dago.
Beste naturagune babestu batzuei dagokienez, horietan ere ez dago gainjartzerik. Hauek daude hurbilen:
Izkiko parke naturala: L1 aerosorgailutik 3,96 km hego-mendebaldera dago. Martxoaren 31ko 64/1998 Dekretuak Izki aldeko Natur Baliabideen Antolamendurako Plana onartzen duenak arautzen du. Eremu hori eta arestian aipatutako Izki KBE eremua (ES2110019) berberak dira.
Aizkorri-Aratz parke naturala: L8 aerosorgailutik 14,16 km hego-ekialdera dago. Apirilaren 4ko 75/2006 Dekretuak Aizkorri-Aratz eremuko Natura Baliabideak Antolatzeko Plana onartzen duenak arautzen du.
Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen Azpiegitura Berdea aztertu ondoren, ikusi da L1, L2 eta L3 aerosorgailuak, L4 aerosorgailuaren zati bat eta 2. esparrua Gasteizko Ekialdeko Mendiak Funtzio anitzeko intereseko guneari gainjartzen zaizkiola.
Azterketaren eremuan, Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen azpiegitura berdean sartutako korridore ekologiko hauek identifikatu dira:
Gasteizko Ekialdeko Mendietako korridorea. L1 eta L2 aerosorgailuak korridore horretan daude, baita egokitu behar den sarbidearen zati bat eta ebakuazio-linearen zangak batzuk ere. 2. esparrua korridore horrekiko mugakide da, eta 0,49 ha-n gainjartzen zaizkio.
Entzia mendilerroko korridorea. Zuzeneko gainjartzea dago L6, L7 eta L8 aerosorgailuetara doan bidearekin, 5. esparrutik 520 m-ra baitaude.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren 2005eko Korridore Ekologikoen Sarea Proiektuan jasotzen den kartografiarekin, proiektua Gasteizko Mendi Garaiak eta Entzia lotzen dituen korridorean (R7) eta 59. Lotura-eremuan (Gasteizko Ekialdeko Mendiak) sartuko litzateke.
Bestalde, paisaiari dagokionez, proiektuak Arabako Lurralde Historikoaren Katalogoko paisaia berezi eta nabarmenei eragin diezaieke. Katalogo hori Diputatuen Kontseiluaren 2005eko irailaren 27ko 829. zenbakiko Erabakiaren bidez onartu zen. Gainera, aerosorgailuak Gasteizko Mendiak, Iturrietako Mendiak eta Entzia mendia paisaia-interes bereziko eremutik (PIBE) hurbil daude. Eremu hori Araba Erdialdeko Eremu Funtzionaleko Paisaiaren Katalogoan dago identifikatuta, babes bisuala sustatzeko paisaia kalitate eta hauskortasun handikoa delako.
Ekosistema-zerbitzuei dagokienez, proiektuaren garapen-eremuan, zura hornitzeko zerbitzua aldakorra da, baita habitata mantentzeko zerbitzua, karbonoa biltegiratzeko zerbitzua eta paisaiaren estetika-zerbitzua ere.
Proiektuak oso kalteberatasun txikia du kanpoko mehatxu naturalen aurrean, baso-suteak eta arrisku geoteknikoak gertatzen direnean izan ezik, kasu horietan arrisku ertaina egon daitekeela ondorioztatzen baita.
Azkenik, garai hartako Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak egindako Energia eoliko eta fotovoltaikoaren garapena eta horren bateragarritasuna EAEko natura-ondarearen kontserbazioarekin azterketaren arabera, eta kontuan hartuta geoEuskadi atarian dagoen kartografia, aurreikusitako aerosorgailuak mota horretako egiturak jartzeko sentikortasun goreneko (L1, L2, L3, L4 eta L6) eta handiko (L5, L7 eta L8) eremuetan daude nagusiki. Plaka fotovoltaikoen kokapen-eremuak mota horretako azpiegitura jartzeko sentikortasun handiko eremuetan daude. Hala ere, sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan adierazi du zalantzan jar daitekeela kalifikazio hori, gaur egun ustiatzen ari den meategi bateko gune degradatuetan baitago azpiegitura.
Jendaurreko informazioaren izapidearen emaitza eta ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulten emaitza, laburbilduta.
Ebazpen honen eranskinean, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluetan ezarritakoaren arabera, 2024ko apirilaren 22an hasitako jendaurreko informazioaren izapidearen eta ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulten izapidearen emaitza laburbiltzen da. Sustatzaileak alegazio bakoitzari emandako erantzunaren dokumentuak eta ukitutako administrazio publikoen eta pertsona interesdunen txostenei emandakoak jaso dira espedientean. Era berean, sustatzailearen 2024ko uztaileko txosten bat dago, non jendaurreko informazioaren eta kontsulten izapideetatik eratorritako gogoetak egiten baititu.
Espedientearen azterketa teknikoa.
Espedientean dagoen informazioaren arabera IIAn eta gehigarrian jasotzen dena zein ukitutako administrazio publikoek eta pertsona interesdunek egindako txostenetakoa barne, baita jendaurreko informazioaren izapidean jasotako alegazioetako informazioaren arabera ere, Laminoriako konplexu berriztagarriari buruzko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren alderdi garrantzitsu hauek azpimarra daitezke laburbilduz.
Alternatibak hautatzeko ingurumen-azterketa.
0 alternatibaz gain, aerosorgailuak eta eguzki-instalaziorako eremuak kokatzeko alternatibak hartu dira kontuan. 0 alternatiba edo konplexu berriztagarria ez egitea proposatzen duen alternatiba baztertu egin da Gobernu Kontseiluak 2016ko uztailean onartutako Euskadiko 2030erako Energia Estrategian (3E2030) ezarritako energia berriztagarriaren helburuak lortu behar direlako. IIAren alternatiben azterketan kontuan hartu diren inguruneko alderdiak honako hauek izan dira, besteak beste: lurralde-plangintza, lurzorua eta geologia, hidrogeologia, landaredia, fauna eta babes bereziko elementuak.
Bi parkeek partekatzen dituzten azpiegitura osagarriei dagokienez, alternatiba guztietan ahalik eta gehien aprobetxatzen dira meategian eta ingurunean lehendik dauden bideak. Ebakuazioa guztiz egingo da lurpetik, eta Donemiliagako TAErako jaitsieraren zatirik handiena meategira iristeko errepidearekiko paraleloan egiten da eta ez dira eremu naturalizatuenak okupatzen. Beraz, esan daiteke diseinu hau bideragarria eta egokia dela teknikoki eta ingurumenaren aldetik.
1. Parke fotovoltaikoari buruzko alternatibak.
Jarduera fotovoltaikoa hainbat aprobetxamendu-/lehengoratze-egoeratan dauden meatze-lurretan ezartzeko proposamena oinarri hartuta, energia hartzeko eremua kokatzeko bi alternatiba proposatu dira. B alternatiba aukeratu da; izan ere, ez du meatze-aprobetxamenduak egiteko egungo eragiketa oztopatzen, eta, gainera, naturalizatu gabeko eremu degradatuen azalera handiagoa okupatzen du.
Bestalde, eguzki-mahaiak jartzeko bi alternatiba aztertu dira. Bi ezarpenen arteko aldea hau da: 3V egitura (3 modulu bertikalean) erabiltzea edo 2V egitura (2 modulu bertikalean) erabiltzea. 2V aukera hautatu da, hau da, egituran zehar 10 edo 9 modulu jartzea bi lerrotan, bertikalean, ezarpenaren moldakortasuna hobetzen delako eremu degradatu batean garatzeko.
2. Aerosorgailuak kokatzeko alternatibak.
Parke eolikoa egiteko aztertutako hiru alternatibek aerosorgailuen modelo bera eta kopuru bera instalatzea proposatzen dute (8).
eta 2. alternatibek aztergai den gailur-lerroaren baliabide eoliko gehieneko eremuak bilatzen dituzte, makinak gunerik garaienetan banatuz eta ahalik eta ubera-efekturik txikiena eraginez, horrek optimizatu egiten baitu sorkuntza eolikoa. Bi alternatiba horiek bi lerrokadura hartuko lituzkete, eta aerosorgailu kopurua modu desberdinean banatuko lukete errepidearen alde batean eta bestean. Azkenean, 2. alternatiba aukeratu da, hots, errepidearen bi aldeetan aerosorgailu kopuru bera banatzen duena. Horrela, beraz, L1 aerosorgailua lekuz aldatuko da, ekialdean jarriko da, ibarrean eta Indiaganako gailurrean eraginik ez sortzeko.
Azkenik, 3. alternatiba, hots, 8 aerosorgailuak Laminoriako harrobiaren magalean kokatzen dituena, aztertu zen. Hala ere, aerosorgailu batzuek bideragarritasun teknikoko arazo kritikoak dituzte, toki ezegonkorretan daudelako eta, egindako azterketa geoteknikoen arabera, mendi-hegalaren segurtasuna eta egonkortasuna bermatzen ez dutelako. Beraz, 3. alternatiba ez zen bideragarritzat jo eta baztertu egin zen; ez zen alternatiben irizpide anitzeko azterketan sartu.
Hautatutako alternatibaren inpaktu nabarmenen tratamendua.
Aztertutako dokumentazioaren eta kontsultatutako administrazio publikoek zein pertsona interesdunek bidalitako txostenen arabera, proiektuaren inpaktu garrantzitsuenak ingurunearen alderdiekin lotutako honako hauek dira:
1. Airearen kalitatea eta kalitate akustikoa.
Obra fasean, hautsa, partikulak eta gasak aireratuko dira lurrak mugitzearen eta landaredia kentzearen ondorioz, baita ibilgailuen eta makinen zirkulazioaren ondorioz ere. Sustatzailearen iritziz, eraikuntza fasean eta eraispen fasean, airearen kalitate-galeraren ondoriozko inpaktua bateragarria edo ez-nabarmena izango da; izan ere, obrak amaitu ondoren bertako baldintzak azkar lehengoratuko dira. Gainera, ustiapen fasean eragin positiboa duela uste du.
Kalitate akustikoari dagokionez, IIAk azterketa bat gehitu du. Azterketa horretan ondorioztatzen da Laminoria parke eolikotik eta Laminoria eguzki-instalazio fotovoltaikotik gertuen dauden bizitegi-eraikinetatik (Azazetako eta Musituko eremuak) hurbil dauden eremu guztietan epe murriztaileenean egindako modelizazio akustikoetan lortutako emaitzak ikusi ondoren, betetzen direla legeriak (213/2012 Dekretua, urriaren 16koa, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzkoa) jarduera berriak garatuz gero kanpoalderako ezarritako kalitate akustikoaren mugak eta helburuak.
Besteak beste, partikular batzuek eta Iruraiz-Gaunako Udalak egindako alegazioetan aipatu da horrelako instalazioek ingurune natural eta lasaietan sortzen duten inpaktu akustikoa.
2. Lurzorua, lurpea eta geodibertsitatea.
Aurreikusten da eragin edafikoa sortuko dela sastraka kentzeagatik eta landareak mozteagatik, lur-mugimenduengatik eta makineriaren joan-etorriaren ondorioz nahi gabe zapaltzeagatik.
IIAren 2. eranskin gisa sartutako azterketa botanikoaren arabera, parke eolikoaren eta parke fotovoltaikoaren baterako proiektuak 93,155 hektareatan izango du eragina. Hektarea horietatik % 55 (51 ha inguru) eremu antropizatuak dira, Laminoriako harrobia dagoelako. Gainerakoak formazio naturalak dira edo landareztatzeetan jatorria dute.
Arabako Foru Aldundiko Jasangarritasun, Nekazaritza eta Natura Ingurunearen Saileko Mendien Zerbitzuaren txostenaren arabera, proiektuak onura publikoko mendietan eragingo duen azalera-galerak eragin nabarmena izango du ukitutako onura publikoko mendien kopurua eta azalera handiak izango direlako. Horrez gain, parke eolikoa goi-gailurreko eremuan jartzeagatik mendi-hegalen egonkortasunean sortzen diren arriskuak aztertu beharko dira beharrezkoak diren azterketa geoteknikoak eta zundaketak eginez. Ildo beretik, partikularren alegazioek ezartzen dute horrelako azpiegitura batek lurzoruan duen eragina oso handia dela, eta parke eolikoa ezartzeko beharrezkoak diren jarduketak egin behar direla azpimarratzen dute.
Hala ere, parke fotovoltaikoa berez ezartzeak lurzoruaren gaineko eragina murriztuko luke, eragin gehiena eremu antropikoetan sortzen baita: eragin osoaren % 70. Eraginaren beste % 19 baso-landaketetan sortuko da, eta gainerakoa, % 11, esku-hartze antropikorik ez duen eremu naturalean.
3. Hidrologia eta hidrogeologia.
Uraren kalitatearen gaineko eragin garrantzitsuenak eraikuntza fasean sor daitezke, partikula eta solido esekien ekarpena egin lezaketelako ibai-ingurunera. Partikula eta solido eseki horiek landaredia kentzearen, lur-mugimenduen eta indusketen, energia ebakuatzeko zanga irekitzearen, makinen funtzionamenduaren, ibilgailuen joan-etorriaren eta materialak metatu, kargatu eta deskargatzearen ondorioz sor daitezke; baina, neurri egokiak hartzen badira, inpaktu bateragarria dela esan daiteke. Ustiapen fasean ez da aurreikusten ura kontsumitu beharko denik panelak garbitzeko, nolabaiteko hezetasuna jasateko eta eraginkortasuna eta errendimendua ez galtzeko diseinatuta baitaude.
Hidrogeologian izango duen eraginari dagokionez, esan daiteke inpaktua bateragarria dela aerosorgailuak muntatzeko egin beharko den indusketaren sakoneragatikk (4 m inguru) eta eguzki-mahaiak mikropilotatzearen kasuan eragina sortzeko aukera txikia delako, eguzki-mahaiak desnaturalizatutako meatze-eremu bateko arroka antzuz egindako betelanaren gainean baitaude.
4. Batasunaren intereseko habitatak, flora eta landaredia.
Batasunaren intereseko florari eta habitatei zuzenean sortzen zaien eragina, nagusiki, eremu horretako landarediari sortzen zaion eraginarekin dago lotuta, batez ere sastraka kentzeko eta zuhaitzak mozteko egiten diren jarduerengatik. Aurreikusten da zuzeneko eraginak sortuko direla sastraka kentzeagatik eta landareak mozteagatik, lur-mugimenduengatik eta makineriaren joan-etorriaren ondorioz nahi gabe zapaltzeagatik.
Lehen adierazi dugun bezala, IIAren 2. eranskin gisa sartu den azterketa botanikoaren emaitzak kontuan hartzen badira, proiektuak 93,155 hektareatan izango du eragina. Hektarea horietatik % 55 (51 ha inguru) eremu antropizatuak dira, Laminoriako harrobia dagoelako. Gainerakoak formazio naturalak edo landareztatzeetan jatorria dutenak dira. Eragin horietatik, baso naturaletan (15,6 ha), eta bereziki pagadi kaltzikoletan (4,45 ha) eta erkameztietan (10,75 ha), duen eragina nabarmendu behar da. Babestutako flora-espezieen populazioei dagokienez, eragina espezie hauetan sortuko da: gorostia (Ilex aquifolium) eta hagina (Taxus baccata), eta 9,46 hektareatan eragingo da.
Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Jasangarritasuneko Zerbitzuak eta Natura Ondarearen Zerbitzuak bidalitako txostenean jasotzen denez, parke eolikoak pagadi basofiloez (pagadi azidofiloaren tokiko presentzia) edo erkamezti subatlantikoez (homogeneoak oro har, baina baita konbinatuak ere) estalita dagoen lndiagana mendiaren magaleko zenbait eremutan izango du eragina. Beste zuhaitz-espezie batzuk ere badaude; horien artean Acer opalus espeziea nabarmentzen da, berezia eta ugaria delako. Erkameztietan eta pagadietan sakabanatutako espezie gisa, hagina (Taxus baccata) edo gorostia (Ilex aquifolium) ere badaude. Bi espezie horiek Euskadiko Flora Mehatxatuaren Katalogoan sartuta daude. Gainera, hagin-hondarrek bizirik irauten dute arriskuan dauden flora-espezieekin batera; hori dela eta, baso horiek bitxiak dira gure autonomia-erkidegoaren esparruan. Hegoalderantz begira dauden eremuetan eta gune harritsu eta kareharrizkoenetan, erkamezti eta pagadien artean artadi menditarren unadak daude, eta baso oso desberdinen oso konbinazio berezi, konplexu eta deigarria sortzen da eremu berean.
Parke eolikoa osatzen duten azpiegitura guztien eragin-eremu osoa (aurreikusten da 420.000 m3-tik gorako lur-mugimendua izango dela) (plataformak, sarbideak, konexio elektrikoak, etab.), oso eremu sentikorrean dago katalogatutako landarediaren eta habitaten ondorioetarako, baina bereziki nabarmendu behar da aerosorgailuen lerrokadura errepidearen mendebaldean kokatuta egotea, hor urte askoko baso heldua baitago, berezitasun botaniko oso garrantzitsuak dituena: L1 aerosorgailua hariztian proiektatuta dago, L2 aerosorgailua zuhaixka-baso batean eta L3 eta L4 pagadian. Halaber, parke eolikoaren ekialdean, Iturrietako mendien ekialdean, Entzia KBEaren eta abifaunaren eta kiropteroen eremu oso sentikorren ondoan, erkameztiaren eta pagadiaren landarediaren eboluzio-seriearekin bat datozen habitatak okupatuko lirateke. Habitat horietan orkidea ugari daude belar-geruzan, eta gehienetan Batasunaren intereseko eta lehentasunezko intereseko biotopoak eta habitatak dira, Habitatak 92/43/EEE Zuzentarauaren arabera.
Proiektuak eragina izango lukeen landaredi-unitateak, bereziki parke eolikoari dagokionez, gutxienez hauek izango lirateke: pagadi kaltzikola eutrofikoa; pagadi azidofiloa; erkamezti subkantauriarra; garriga menditar azpihezea; Pinus sylvestris eta Pinus nigra espezieen baso-plantazioak; ipurudi-larre tuparrizalea; elordia edo lahardia; pre-txilardi subkantauriar harritarra; txilardi kaltzikola; Brachypodium pinnatum espeziaren albiztia; larre kaltzikola harritarra; higadura tuparri-buztintsuetako landaredia; zereal, erremolatxa eta patataren alorrak.
Eragina pairatu duten Batasunaren intereseko habitat gisa, Habitatak 92/43/EEE Zuzentarauaren arabera, honako hauek aipatzen dira: Larre kaltzikola harritarrak (6170 kodea), Albiztiak eta Mesobromion taldeko larreak (6210* kodea), Erkamezti subatlantikoa (9240 kodea); Txilardi kaltzikola (4090 kodea); Garriga menditarra (340 kodea); Pagadi azidofiloa (9120 kodea); Laku eutrofiko naturalak (3150 kodea); Ezpeldia (5110 kodea); Subestepako zonak: gramineoak eta urteroko landareak (6220* kodea); Moliniadun belardiak (6410 kodea); Mendebaldeko lur-jausi mediterraneo termofiloak (8130 kodea) eta hagin-basoak (9580* kodea).
Habitat edo landare-komunitate horien barruan, proiektu eolikoak eragina izan dezakeen eremuan, babestutako flora mehatxatuaren oso espezie berezi batzuk daude (Basa eta Itsas Fauna eta Landaredian Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Zerrenda Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2011ko urtarrilaren 10eko Agindua). Espezie hauek nabarmendu behar dira: llex aquifolium; Taxus baccata; Narcissus asturiensis; Ruscus aculeatus; Nymphaea alba eta Epipactis palustris.
Azpimarratzekoa da Narciso Narcissus asturiensis (Jordan) Pugsley subsp. jacetanus (Fernández Casas) (Uribe-Echebarría) espeziearen gaineko eragina, proiektuak habitaten okupazio handia eragin dezakeelako eta Laminoriako mendilerroan eta lturrietako mendietan dagoen azpiespeziea penintsulako iparraldeko endemismo bat delako.
IIAri erantsitako Azterketa Botanikoaren arabera, eragina jasan dezaketen eremuak Batasunaren intereseko habitatak dira Lehentasunezko Interesekoak gisa katalagotuta daudenak, orkidea-populazio handiak daudelako bertan. Halakotzat definitzen da dibertsitate nabarmena duen eta testuinguru geografiko horretan urriak diren taxon-populazioak dauden eremua, Habitatak Europako Zuzentarauaren arabera. Hamahiru orkidea-espezie hauek identifikatu dira: Orchis mascula, O. langei, O. purpurea, O. ustulata, Oactylorhiza insularis, D. sambuclna, Ophrys apifera, O. insectifera, O. tenthredinifera, Neotinea maculata, Gymnadenia conopsea, G. odoratissima eta Platanthera chlorantha.
Proiektuaren eragina izango duten landare-komunitate, habitat katalogatu eta flora mehatxatu bereziko espezie horiek, gainera, interes oso handiko biotopoak dira basa-faunarentzat (intsektuak, hegaztiak, anfibioak, etab.). Alde horretatik, bereziki nabarmentzekoak dira mendilerroko leku garaienetan edo altuenetan egiten diren aldaketak; izan ere, ingurune horietan, muturreko baldintza klimatikoak eta edafikoak izanik, kausitzen dira berezitasun handienak eta nekez lehengora daitezkeen habitatak.
Jarduera fotovoltaikoaren ondorioz landarediak jasango duen eragina bereizi aztertuta, esan behar da IIAren gehigarrian ezartzen dela proiektu fotovoltaikoa ezartzeko esparruek modu iraunkorrean eragingo dietela lurzoruaren 57,98 hektareari; horietatik 41,38 ha eremu antropizatuak dira, eta gainerakoak (16,6 ha) landaredi naturala, eta azken horietatik 9,24 ha pinus nigra espeziearen landaketak dira. Jarduera fotovoltaikoak Ingurumen eta Baso administrazioek eskatutako eskakizunetan oinarrituta harrobi-jardueraren sustatzaileak ingurumenaren aldetik lehengoratu duen eremu batean izango du eragina.
Ondorio gisa, IIAren iritziz, parke eolikoa ezartzearen ondoriozko eraginari dagokionez, inpaktua Larria izango litzateke, babes- eta zuzenketa-neurriak hartuta ere, intentsitate handiko inpaktua gertatzen baita, zuhaitz-formazio helduei (hala nola pagadiak eta erkameztiak, horietako batzuk oso kontserbazio-egoera onean) partzialki eragiten zaielako.
Ildo horretan, partikularrek aurkeztutako alegazioetan adierazten da floraren gaineko eragina handia izango dela, honako hauetan eragingo baitu: pagadiak, hariztiak, artadiak, haginak, elordiak, txilardiak, belardiak, larre mesofiloak, labore-eremuak, baso-babeseko eremuetan, nekazaritza nahiz abeltzaintzako eta landazabaleko eremuetan, ingurumen-hobekuntzako eremuetan, Batasunaren intereseko edo lehentasunezko intereseko habitatetan izango baitu eragina.
Parke fotovoltaikoa jartzeak, ordea, askoz ere eragin txikiagoa izango luke landaredian. Ondorio horietarako, IIAk, prebentzio- eta zuzenketa-neurriak proposatzeaz gain, azken hamarkadetan eremu horretan egindako lehengoratze-jarduketen laburpena egin du; hala ere, azterketa sakonagoa egin beharko da eraikuntza-proiektuaren mailan. Horretarako, azterketa espezifiko oso xehatua egin beharko da, hezeguneak eta beste mota batzuetako eremu sentikorrenak babesteko eta proiektatzen den eguzki-jarduera fotovoltaikoaren ondorioak gutxiagotzeko neurri egokienak hartzeko. Horri dagokionez, adierazi behar da, Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak bere txostenean jasotzen duenaren arabera, parke fotovoltaikoaren garapenaren ondorioz, atzerapena izango dela harrobiarentzat onartutako lehengoratze-plana betetzeko garaian.
5. Fauna.
Konplexu berriztagarriaren eragin-eremuak fauna-balio handia du. Balio hori bereziki apartekoa da abifaunari eta kiropteroei dagokienez, espezie mehatxatu oso enblematikoen dibertsitate handia baitago. Konplexu berriztagarritik hurbil eremu harkaiztarrak, ondo kontserbatutako hostozabalen baso zabalak eta biodibertsitate handikoak eta bertako landarediz estalitako haran eta sakanak daudenez, Iturrietako Mendien eta Laminoriako mendilerroaren ingurunea, Arabako Mendialdearen eta Lautadaren arteko trantsizio-eremu gisa, habitat ezin hobea da hegaztien eta kiropteroen dibertsitate handi batek habiak egiteko, ugaltzeko, hegaldatzeko eta elikatzeko erabil ditzan.
IIAk faunari buruzko azterketa batzuk jasotzen ditu, proiektuaren eragin-eremuan dauden taldeentzat zehaztuak, eta bereziki aztertzen ditu proposatzen diren jarduketekiko kalteberatasun handiena dutenak: abifauna eta kiropteroak. Abifaunari dagokionez, bereziki garrantzitsua da «Laminoriako parke eolikoaren (Araba) okupazio-inguruneko abifaunaren urteko jarraipen-txostena. 2024ko urria». IIAren 6. eranskin gisa erantsi da. Azterketa horrek urteko behaketa-ziklo bat hartzen du (2021eko irailetik 2022ko abuztura) eta ondorio hauek ezartzen ditu:
Parke eolikoaren ingurunean Passeriformes, Piciformes eta antzeko ordenetako 46 hegazti-espezie detektatu ziren, tamaina ertain eta handiko 13 hegazti-espezie komunitateen eta hegaldien erroldetan, eta 2 hegazti-espezie gautar errolda bideratuetan. Espezie horietatik bederatzi Faunako eta Florako Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoan (EMEK) sartuta daude. Galzorian kategorian (G) miru gorria dago; bakanen kategorian (B) aztore arrunta, arrano txikia, zapelatz liztorjalea eta okil beltza; eta interes bereziko kategorian (IB) gabirai arrunta, bele handia, sai arrea eta zata arrunta.
Hegazti handien eta ertainen hegaldien jarraipena eginez, bederatzi hegazti harrapariren 1.066 ale eta 280 korbido-ale atzeman ziren, baita 5.447 pagauso ere 15 taldetan. Bost harrapari-espeziek maiz erabili zuten parke eolikoaren eremua; aldiz, miru beltzak, arrano txikiak, zapelatz liztorjaleak, aztore arruntak, gabirai arruntak eta belatz gorriak noizbehinka erabili zuten. Espezie ohikoenak sai arrea (995 banako), bele handia (238 banako), miru gorria (42 banako), bele beltza (42 banako) eta zapelatz arrunta (19 banako) izan ziren. Harraparientzako Sentikortasun Indize (HSI) altuena lortu zuten espezieak sai arrea eta miru gorria izan ziren.
Hegazti harrapariak eta korbidoak kontuan hartuta, hegaldi gehienak L6, L7 eta L8 aerosorgailuen inguruan izan ziren. Hegaldi horiek hiru arrazoirengatik gertatu ziren: 1) hegazti nekrofagoak eta korbidoak elikatzera joaten diren janleku bat dago, eta janleku horren inguruan saien eta miru gorrien lotokiak daude; 2) Errotegiren eta Musituren artean labarrak daude, eta sai arrea leku horretara joaten da lo egitera; eta 3) Marabiletako gailurra (itsas mailatik 1.088 m-ra) eta Santa Elenako gailurra (itsas mailatik 1.111 m-ra). Bi gailur horiek inguruneko garaienak dira eta korronte termikoen eta mendi-hegaleko korronteen mugimendua egokitzen dute. Gailur horietan hegazti planeatzaileak ikus daitezke, haizeaz baliatzen mugitzeko. 4. aerosorgailuaren inguruan ere mugimendu nabarmena egon zen, haranetik Laminoriara iristeko ibarrak egiten duen korridore-efektuaren ondorioz; izan ere, pasabide horretatik bideratzen dira espezie batzuen migrazioaren zati handi bat eta mugimendua, hala nola miru gorriena eta pagausoena.
Ingurumen-aldagaiek hegaldi-ereduetan izan zuten eragina. Aerosorgailuekiko hegaldi-distantzia txikienak udan izan ziren, baina altuera handiagoan. Ekialdeko, iparraldeko eta hego-mendebaldeko haizeak ibili zirenean, gainerako haizeak ibili zirenean baino gertuago egin zuten hegan hegaztiek aerosorgailuetatik, baina oso desberdina izan zen aerosorgailuen arabera. Azkenik, haizearen indarrak ere eragina izan zuen hegaldiaren distantzian eta altueran. Haizerik gabeko egunetan, aerosorgailuetatik gertuago egin zuten hegan eta korronte termikoak erabili zituzten gorago igotzeko. Haize ertaina eta handia egin zuenean, hegaztiek edozein lekutan barrena egin zuten hegan, ez zuten gailurretara jo beharrik mendi-hegaleko haizeez edo korronte termikoez baliatzeko, eta altuera baxu samarretan hegan egin ahal izan zuten.
Hegaldi motak eragina izan zuen distantzian eta altueran ere; hegazti planeatzaileak gehiago hurbiltzen baitziren aerosorgailuetara biraka hegan egiten zutenean, altuera txikitik abiatuta bertikalki igo eta altuera hartzeko, eta, ondoren, beste eremu batzuetara joaten ziren. Mota horretako hegaldiak nagusi ziren 6., 7. eta 8. aerosorgailuen inguruan. Aldiz, lehenengo aerosorgailuetan desplazamendu eraginkorreko hegaldiak ugariagoak ziren, nahiz eta 1. aerosorgailuaren inguruan ere hegaldiak biraka egiten zituzten, Indiaganako gailurra aprobetxatuz.
Hegazti-aniztasunari dagokionez, parke eolikoan dibertsitate ertain-handia dago (Shannon-en indizea = 3,12), espezie gutxi batzuk nagusitzen dira (Simpson-en indizea = 0,94), nahiz eta uniformetasun-balioa 1etik hurbil dagoen (Uniformetasun-indizea = 0,84). Shannon-en indize handiena L2 aerosorgailua dagoen lekuan erregistratu zen, baina ez zen desberdintasun garrantzitsurik izan gainerako lekuekin alderatuta. Hegazti gehien L3 aerosorgailua dagoen lekuan ikusi ziren eta askoz gutxiago L5 eta L6 aerosorgailuak dauden lekuetan. Hegaztien ugaritasuna handiagoa izan zen udazkenean eta espezie-aberastasun handiena udaberrian izan zen.
Negua ingurune horretan igaro zuten hegaztien komunitatea ez zen garrantzitsua izan; aitzitik, eztei ondoko migrazioa nabarmena izan zen urriko bigarren hamabostaldian eta azaroko lehenengoan. Bi espezie nabarmendu ziren: txonta arrunta eta birigarro txikia. Eztei aurreko migrazioa ez zen nabarmena izan. Hala ere, espezie ugaltzaileak eremuan agertu zirenean nabaritu zen.
Sustatzaileak aurkeztutako abifaunaren azterketa eta kontsulten izapidean jasotako txostenen edukia kontuan hartuta, abifaunako espezie hauek nabarmendu eta aztertu behar dira:
Bonelli arranoa (Aquila fasciata): nahiz eta landa-lanetan espezie horretako ale bakar bat ere ez jaso, LIFE BONELLY eta AQUILA proiektuetako banako batzuek (GPSrekin markatutakoek) Laminoriako eremua erabiltzen dute hegaldatze-eremu gisa.
Oso tamaina handiko arrano-espezie bat da, eta duela zenbait hamarkadatik hona, apenas hauteman da EAEn; horregatik, Euskal Autonomia Erkidegoan «galzorian» atalean katalogatu zen (1997ko uztailaren 8ko Agindua), eta Europa mailan «lehentasunezko interesa» du. Joera oso erregresiboa duenez, Arabako Lurralde Historikoan espezie horri babes berezia emateko Kudeaketa Plan bat (612/2001 Foru Agindua) egin eta martxan jarri zen. Horrez gain, Europar Batasunak bermatu eta finantzatutako hiru LIFE proiektu egin dira azken urteotan.
Arabako Mendialdeko Trantsizioko Mendi eta Goi Haran horietan dago 2020az geroztik Bonelli arranoaren bikote habiagile bat bizi den lurralde bakarra Araban eta, beraz, EAE osoan. Azken urteetan, bikoteak ugaltzea lortu duela egiaztatu da eta eremu hori beretzat hartu du. Habia proiektuaren eremutik 7 km ingurura dago. Irrati-jarraipen telemetrikoaren bidez erakutsi da GPS bidez monitorizatutako espezie horretako banakoak habia egiten duten eremuaren iparralderantz joaten direla, Arburu eta Musitu mendietan barrena, Iturrietako mendietaraino, eta, proiektuaren xede den eremuan, hots, Laminorian ibili ohi direla.
Era berean, GPS bidez monitorizatuta dauden eta oraindik hegan egiten ez duten txitek esploratzeko eta sakabanatu aurretik egiten dituzten mugimenduak lturrietako mendietan egiten dituzte, eta, bereziki, ltxoganatik eta lndiaganatik Entzia KBEra doazen gailurren segidan, hots, parke eolikoko aerosorgailuak jartzea proiektatzen den gailurretan. Gainera, egiaztatu ahal izan denez, Bonelli arrano gazteek leku garai horiek asko erabiltzen dituzte mendilerroan lurreratzeko, atseden hartzeko eta begiztatzeko leku gisa. Era berean, Bonelli arranoaren azpihelduekin egindako jarraipen-lanek erakutsi dutenez, hegaldietan ohiko mugimendu-eremua Laminoria ingurua da, hots, parke eolikoa jartzea proposatzen den tokia, alegia, maizen ibiltzen direnetako bat.
Beraz, Laminoriako mendilerroaren eta Iturrietako mendien eremua gune estrategikoa da Bonelli arranoa berreskuratzeko. Indiaganako ingurunean parke eoliko bat jartzen bada, «galzorian» gisa katalogatutako espezie hori gure autonomia-erkidegoan berriro sartzeko egiten ari diren jarduketekin bateraezinak diren eraginak sortuko lirateke.
Sai zuria (Neophron percnopterus) eta beste hegazti nekrofago batzuk (sai arrea, sai beltza, miru beltza eta hegazti korbidoak erroiak eta beleak).
Sai zuria Euskal Autonomia Erkidegoan eta Espainian «kaltebera» gisa katalogatutako espeziea da, eta Entzia KBE eremuko, hots, parke eolikoaren aurreikusitako eremuaren ondoan dagoen eremuko «Funtsezko Elementua» edo kudeaketa- eta kontserbazio-xede den abifauna harkaiztarraren taldekoa ere bada.
Landa-laneko erroldetan agertzen ez bada ere, jakin badakigu Hegazti Nekrofagoak Kudeatzeko Planean sai zuriarentzat definitutako 8 Eremu Kritiko daudela 10 km-ra baino gutxiagora. Bikote ugaltzaileak eta haien txitak proiektuak eragina izan dezakeen ingurune horretan hegaldatu eta elikatzen dira, bai ohiko artzaintza-eremuetan, bai Analamendiko janlekuan eta inguruko lekuetan. Arrisku handiena elikatzeko guneetara (janlekura eta inguruneko artzaintza-eremuetara) mugitzen direnean izango dute, batez ere ugaltze-garaian. Garai horretan izango da arriskurik handiena, ale habiagileak maiz joaten baitira umatze-eremuaren ingurura, habiak egiteko ez ezik, atseden hartzeko eta lo egiteko ere.
Proiektuaren ingurunean eremu kritiko asko daudenez, espeziearentzat ezinbestekoak diren habitatetan eta elikadura-eremuetan beste ondorio batzuk sortuko direnez eta ingurune horiek aerosorgailuetatik gertu daudenez, esan daiteke espezie horren gaineko eragina kritikoa izango litzatekeela.
Batasunaren intereseko beste hegazti nekrofago batzuk ere badaude eremu horretan: miru beltza (Milvus migrans) bikote batzuk daude gune horretan eta sai arrea (Gyps fulvus) lo egiteko eremu oso garrantzitsu bat du eta kolonia batzuk daude parke eolikotik hurbil (5 habia-eremu gutxienez) eta espezie asko daude Entzia KBEan (interes bereziko eremua Batasunaren intereseko espezie nekrofagoentzat), baita alboko Laminoriako mendilerroan ere (espezie horiek elikatzeko babes-eremua). Erregistratutako mugimenduek argi eta garbi erakusten dute sai arreek maiz erabiltzen duten aireko korridore bat dagoela Araba eta Nafarroa artean. Horregatik, funtsezkoa da korridore horretan parke eolikorik ez jartzea Arabako eta Nafarroako sai arreen populazioak kontserbatzeko.
Gainera, azken urteetan egiaztatu da sai beltza (Aegylpius monachus), hau da, Espainian «kaltebera» gisa katalogatutako hegazti nekrofagoa, dagoela. Espezie horrek lurraldea hartzen badu eta bertan finkatzen bada, horrek esan nahiko du Iberiar Penintsulako lau nekrofago handien presentzia egonkorra dagoela Arabako Lurralde Historikoan (eta, ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoan).
Ugatza (Gypaetus barbatus): espezie hori «galzorian» gisa kalifikatuta dago Espezie Mehatxatuen Espainiako Katalogoan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Katalogoan (1997ko uztailaren 8ko Agindua). Eremu hau bere hedapen-eremuaren barnean dago Pirinioetatik (hor dago finkatuta) Kantauriar mendikateraino. Arabako trantsizio-mendilerroak (Entzia, Iturrietako mendiak, Gasteizko mendiak eta Arkamo-Cantoblanco) eta iparraldeko mendi batzuk dira populazio-trukerako korridore nagusiak, baita Pirinioetako populazioaren eta Europako mendietako populazio sortu berriaren arteko lotura logikoa ere.
Arabako Foru Aldundiak Nafarroako Gobernuaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin egindako erroldetan emandako datuen arabera, ugatz ugari daude proiektuaren ingurunean, gutxienez 22 banako ikusi baitira. Proiektuak eragina izan dezakeen eremuan (Analamendiko janlekua), 900 metrora baino gutxiagora, ugatzaren eremu kritiko bat dago gutxienez.
Espezie horren presentzia handia da Laminoriako eremuan; beraz, ugatzaren metapopulazioa kontserbatzeko lehen mailako gune geoestrategikoa da Iberiar Penintsulan, eta, beraz, Europa osoan, eta gune hori arriskuan jarriko litzateke parke eoliko bat ezartzen bada.
Miru gorria (Milvus milvus): espezie hori «galzorian» gisa katalogatuta dago EAEn eta Espainian, eta Entzia KBEko «funtsezko elementu» gisa.
Ekialdeko Lautadaren inguruan dagoen eremua oso leku garrantzitsua da miru gorriaren aleak hazteko. Ale horiek ugaltzaileak dira Araban. Arabako Mendialdearen ekialdeko mendilerroetan eta, bereziki, Entzia KBEan eta Laminoriatik gertu dauden eremuetan daude Araba osoko miru gorriaren populazio handienak (Alvarez et al. 1985, Viñuela et al. 1999, Gainzarain et al. 2006, Cardiel et al. 2006). Gainera, proiektuaren mugakide den Entziako Naturagune Babestuan, Europako erdialdetik eta iparraldetik datozen miru gorrien populazio negutar garrantzitsu bat dago, eta Europa mendebaldeko migrazio-fronte garrantzitsu bat ere bada (Azkona eta Fernández, 2020). Ingurune horretan ugaritasun-indize kilometrikoak (UIK) oso handiak dira, bai habia egiten duten aleen kasuan, bai negua igarotzen dutenen kasuan (6tik eta 12tik gorakoak, hurrenez hurren). Abifaunaren azterketan adierazten denez, lo egiteko eremu txiki bat dago L8 aerosorgailutik 850 m hego-ekialdera, eta 2024an egindako azken erroldan jasotzen denez, miru gorriaren 5 habia daude parke eolikotik 10 km-ra baino gutxiagora; horietako bi L1 aerosorgailutik 5 km-ra baino gutxiagora.
Belatz handia (Falco peregrinus): Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoaren arabera, «Bakan» gisa eta Estatuko Katalogoaren arabera, «Interes bereziko» gisa katalogatutako harrapari harkaiztarra. Era berean, alboko Entzia KBE izendatzeko Dekretuaren arabera, «funtsezko elementu» gisa kalifikatutako hegazti harkaiztarren zerrendan sartuta dago.
Parke eolikoaren eragina izan dezakeen eremuan habia egiteko 4 gune daude gutxienez, eta bertan dauden bikoteak oso egonkorrak dira. Lau bikote horietaz gain, beste lau bikote daude apur bat urrunago dauden eremuetan, baina baita eragin-eremuan ere; dena den, bikote habiagileak daude Arabako Mendietako eskualde bereko mendilerroetan.
Hurbil dauden mendilerroetako eta Iturrietako mendietako bikote habiagileek eta oraindik hegan ez duten txita harkaiztarrek Arabako Mendialdeko toki horiek Arabako Lautada aldera daudenak eta aerosorgailuak jartzea proiektatu diren lekuak erabiltzen dituzte beren ehiza-lurraldeen gainetik begiztatzeko leku gisa, baita atseden hartzeko eta lo egiteko leku garai gisa ere Lautadaren hondoan eta Arabako Mendialdeko beste eremu landu batzuetan esku-hartze handiena pairatuko duten eremuen gainean. Era berean, belatzek ere erabiltzen dute mendi horien gailurra hegaldiak biraka egiteko eremu gisa, beren lurraldetik urrunago dauden lekuetara joateko igoz, eta egunero elikagai bila egiten dituzten joan-etorrietarako korridore natural gisa ere erabiltzen dute. Belatz handia aerosorgailuen palek harrapatzeko arrisku berezia duen espezie bat da.
Gainera, hegazti harrapari, harkaiztar eta baso-hegazti ugari nabarmendu behar dira, bai beren dibertsitatearengatik, bai beren ugaritasunarengatik. Hegazti horien artetik nabarmentzekoak dira arrano gorria (Aquila chrysaetos), parke eolikoaren inguruan 15 km-ko eremuan habia egiteko 5 gune dituena, eta hontz handia (Buba buba), habia egiteko 4 gune dituena eremu horretan. Proiektuaren eremuaren ia mugakide diren basoetan, honako hauek dira nabarmentzekoak: arrano sugezalea (Circaetus gallicus), arrano txikia (Hieraaetus pennatus), zapelatz liztorjalea (Pernis apivorus), aztorea (Accipiter gentilis), gabiraia (Accipiter nisus), zuhaitz-belatza (Falco subbuteo), zapelatz arrunta (Buteo buteo), urubi arrunta (Strix aluco), hontz zuria (Tyto alba), mirotz zuria (Circus cyaneus) 2023an 4 habia zeuden 5 km-ra baino gutxiagora, mirotz urdina (C. pygargus) 2003an 6 habia zeuden 5 km-ra baino gutxiagora, zingira-mirotza (C. aeruginosus) habia egiteko gune bat edo bi daude 2 km-ra baino gutxiagora, eta, noizbehinka, Naumann belatza (Falco naumanm), belatz txikia (Falco columbaris) eta elano urdina (Elanus caureleus).
Azkenik, abifaunan duen eraginari dagokionez balorazioan duen garrantziarengatik nabarmendu behar da IIAk Analamendiko janlekua kentzea proposatzen duela, hegazti nekrofago asko ez izateko prebentzio-neurri gisa. Alabaina, Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Jasangarritasuneko Zerbitzuak eta Natura Ondarearen Zerbitzuak (Arabako Foru Aldundia da janlekuaren ardura duen erakundea) egindako txostenaren arabera, neurri hori ez da onargarria, eta txosten horretan jakinarazten da janleku horren egungo kokalekua janlekuen eta janari gehigarria emateko tokien sare baten zati dela. Sare hori lurralde historiko horretatik haratago doa, eta funtsezkoa da harrapari sarraskijaleak eskualdez gaindiko mailan kontserbatzeko, eta horietako batzuen kasuan (ugatza, esaterako), baita kontinente-mailan kontserbatzeko ere. Horrenbestez, Analamendiko janlekuak gaur egun duen kokapena funtsezkoa da Euskal Autonomia Erkidegoan Batasunaren Intereseko Hegazti Nekrofagoak Kudeatzeko Baterako Plana, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiek elkarrekin idatzia, behar bezala betetzeko.
SeoBird life elkartearen eta Arabako Natur Institutuaren txostenek, besteak beste, eta partikularren alegazioek abifaunaren gaineko eragina kritikotzat jo dute, eta babestutako espezieak aipatu dituzte bereziki, parke eolikoen jarduerarekiko kalteberak diren hainbat harrapari daudela oinarri hartuta.
Kiropteroei dagokienez, Laminoria parke eolikoa ezarri nahi den eremuan dauden kiroptero-populazioen urte osoko zikloaren (2021eko irailetik 2022ko irailera) azterketa espezifiko baten emaitzak eta eguneroko jardueraren emaitzak ere jasotzen ditu IIAk, ingurumen-faktoreekin lotura eginda. Azterlanaren esparruak aerosorgailuak ezarriko diren eremua hartzen du, baita horren inguruko 10 km-ko buffer bat ere, 36.500 hektareako azalera duena. IIAren arabera, azterlan honetan erabili den metodologiak SECEMU Saguzarrak Kontserbatzeko eta Aztertzeko Espainiako Elkarteak ezarritako aginduak hartu ditu oinarritzat (González, 2013).
Laburbilduz, hauek dira azterlan honen ondorio nagusiak:
Aztergai den eremuak 24.819 erregistro baino gehiago ditu laginketa jarraituko estazioan 2021eko irailaren 17tik 2022ko irailaren 29ra. Erregistroen % 75 espezie hauenak izan ziren: Pipistrellus pygmaeus eta Pipistrellus pipistrellus. Grabazio asko egin dira, laginketak 5 metroko altueran egin baitira. Euskal Autonomia Erkidegoan dauden 25 kiroptero-espezieetatik 17 aurkitu dira; kalteberatzat jotako espezie batzuk daude eta galzorian dauden 2 espezie.
Azterketa-eremua kiroptero-espezieen talde batek erabili du, baina aerosorgailuak jarri nahi diren eremuaren inguruan ez da kiropteroen dentsitate handirik ikusi, ezta espezieak elkartu daitezkeen leku handirik ere. Potentzialtasun handiagoa duten eremu horiek ingurunean sakabanatuta daude, eta eremu horiek basoan barrurago dauden eremuak dira, inguruetako ur-masak (oso ugariak), populazioak, kobazuloak eta abar. Hurbilen dagoen babeslekua, Gesaleko Atakako leizea, EAEko Kiropteroen Plan Bateratuaren arabera, aerosorgailuen eremutik 5 km ingurura dago, eta han Myotis espeziearen ale batzuk erregistratu dira.
Ziurrenik, Nyctalus leisleri espeziea da proiektu mota horrekiko sentikorrena, guztira 854 erregistro izan baitira, eta espezie hori, gainera, arrisku-altueretan hegaldatzen da.
Egiaztatu ahal izan da kiropterofaunaren jarduerak lotura estua duela ingurumen-aldagaiekin, hala nola tenperatura beroekin eta haizeekin. Hori dela eta, eta lortutako emaitzen ondorioz (garai batzuetan eremu hori asko erabiltzen da eta espezie katalogatuak daude), sustatzaileak honako hau proposatu du neurri gisa: aerosorgailuen funtzionamendua murriztea baldintza jakin batzuetan (15 ºC-tik gorako tenperatura dagoenean eta haizearen abiadura 6 m/s-tik beherakoa denean, besteak beste). Neurri hori da bibliografiak gehien gomendatzen duena (Arnett et al., 2011, Lemaître et al., 2017, M?ntoiu et al., 2020, Wellig et al., 2018).
Eragina izan dezakeen beste aldagai bat intsektu-eztandek edo intsektuen migrazioek saguzarren jarduerarekin duten lotura izan daiteke, intsektuek eremu horretan zer portaera duten jakin baitaiteke horri esker, baina litekeena da eremu horretan intsektuak egotea ingurunean ur-putzuak daudelako.
Oro har, proiektu eolikoak kiropteroetan duen inpaktu nagusia aerosorgailuen palek harrapatzea da. Parke eoliko bat jartzeak fauna-talde horretan eta hegaztietan duen beste ondorio bat da hesi-efektua, espezieak lekuz aldatzea eta habitatak galtzea eragiten baitu. Sustatzaileak neurri batzuk proposatu ditu fauna-talde horrek eraginik ez pairatzeko edo eragina gutxitzeko. Neurri horien artean honako hauek daude: aerosorgailuak abiarazteko irizpideak ezartzea urte-sasoiaren, ordutegiaren, baldintza meteorologikoen eta haizearen abiaduraren arabera.
Alabaina, Arabako Foru Aldundiaren organoaren txostenean (organo horrek eskumena du Natura Sareko eremuoetan) argudiatu eta adierazi denez, parke eolikoari dagokionez, fauna-talde horren gaineko eragina sustatzaileak aurkeztu duen azterketa horrek balioesten duena baino handiagoa da, eta eragin kritikoa izango luke mugakide den Natura 2000 Sareko Eremuan, Entzia KBEan, eta kiropteroak Naturagune Babestu honetako Funtsezko Elementuak eta Kontserbatzeko Elementuak baitira. Azterketa horretan proposatzen diren babes- eta zuzenketa-neurrien bidez (aerosorgailuak geldiaraztea haizearen abiadura 6 m/s baino txikiagoa denean arrisku handieneko uneetan) ez litzateke lortuko espezie horien gaineko arriskua eta eragina onargarria izatea.
Era berean, IIAk «Laminoria inguruko (Arraiza-Maeztu, Araba) lau putzutan dauden anfibio-komunitatearen karakterizazioari» buruz urteko hiru garaitan egindako txosten espezifikoa aurkeztu du. Txosten horretan, Arraia-Maeztuko udalerriko meatze-ustiategiaren barruan dauden Laminoriako putzuen ingurunean faunari buruz egin diren azterketen emaitzak jaso dira.
10 espezie identifikatu dira: 2 krustazeo ornogabe eta 8 ornodun (6 anfibio, arrain 1 eta narrasti 1). Espezie guztiak, bi izan ezik, bertakoak dira. Nabarmendu behar da baso-igel jauzkaria (Rana dalmatina) Espezie Mehatxatuen Euskadiko Katalogoan eta Espezie Mehatxatuen Espainiako Katalogoan kaltebera gisa katalogatutako espeziea dela, eta, EAEko Kontserbazio Egoeraren arabera, egoera «desegokia» dela isurialde atlantikoan eta isurialde mediterraneoan. Gailurretako uhandrea (Ichthyosaura alpestris), neguko azterketa horietan lehen aldiz detektatu dena (udazkenean ez zen hauteman), Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoan eta Espezie Mehatxatuen Espainiako Katalogoan kaltebera gisa katalogatutako espeziea da, eta Europako Zerrenda Gorrian kezka txikiko espezie gisa katalogatuta dago.
Abifaunaren, kiropterofaunaren eta anfibioen azterketez gain, IIAk landa-laginketak egin zituen beste fauna-talde batzuk, batez ere ugaztunak, ba ote zeuden jakiteko. Laginketa horietan faunaren presentziaren zantzuak bilatu ziren (3 laginketa guztira) eta argazki-kamera ezkutuak jarri ziren 2022ko ekainaren 23tik abuztuaren 19ra bitartean. Era berean, harrobiko langileen oharrak jaso ziren, eta, horien arabera, Europar kastorea (Castor fiber) dago arrastoek berresten dute badagoela harrobiko B6 eta B7 putzu lehengoratuen inguruan. Basakatua, orkatza, basurdea, azkonarra, koartza gorria eta abar ere bazeudela adierazi zuten.
Udalen eta Administrazio Batzarren txostenen arabera, bertako fauna asko dagoenez, eta azpiegitura ezarri nahi den lurrak faunak bizirauteko erabiltzen dituen berak direla kontuan hartuta, eragin negatibo handia izango du, tokiko faunaren egungo ohiturak aldatuko baititu.
Parke fotovoltaikoa ezartzeari dagokionez, IIAri erantsitako gehigarriaren arabera, faunak pairatuko duen eragin negatiboa hauei zor zaie: kamioien eta makinen joan-etorriek eragindako kutsadura akustikoari, lur-mugimenduei, eremura jende gehiago joateari eta uren edo lurzoruaren kalitatea murrizteari edota landaredia gutxitzeari. Halaber, gehigarri horren arabera, sastraka kentzeak eta landaredia kentzeak habitataren kalitatea aldatuko dute. Ez dirudi ustiapen fasean faunaren gaineko eragin negatibo garrantzitsurik izango denik; izan ere, alde batetik, ohituta dago jarduera askoz intentsiboago batekin bizitzera (meategia) eta, bestetik, parkeak sortuko duen energia lurpetik ebakuatuko da. Eragozpenak noizean behingotzat hartuko dira, eta, batez ere, makineriaren mugimenduari, mantentze-lanetatik eratorritakoari lotutakotzat; nolanahi ere, oso eragozpen txikiak izango dira, eta harrobian gaur egun jardunean dagoen ustiapenak eragiten duena baino askoz ere garrantzi txikiagokoa.
Nolanahi ere, fauna babesteko jardunbide egokiak aplikatuta eta prebentzio- eta babes-neurriak hartuta, esan daiteke ezarpen fotovoltaikoaren inpaktua bateragarria dela inguruko fauna mantentzearekin.
6. Eragin negatiboa Natura 2000 Sarean eta interes naturaleko beste eremu batzuetan.
Proiektu berriztagarria eraikitzeko aukeratutako eremua «Entzia» KBEtik (ES2110022) oso hurbil dago; izan ere, L8 aerosorgailua KBEaren mugatik 50 metro ingurura dago; «Ega-Berron ibaia» KBEtik (ES2110020) 3 km-ra baino gutxiagora hegoaldera; «Izki» KBE-HBBEtik (ES2110019) 3,5 km inguru hegoaldera; eta «Arabako Lautadako Irla Hariztiak» KBEtik (ES2110013 kodea) 4 km-ra. Era berean, urrunago dauden, baina eragin-eremuarekin oso lotura garrantzitsuak dituzten beste gune babestu batzuk ere badaude: Gasteizko Mendi Garaietako Parke Naturala eta KBEa, Zadorra Sistemako Urtegien KBEa, Nazioarteko Garrantzia duen Ramsar hezegunea eta Mendixurko Parke Ornitologikoa eta Salburua KBEa eta HBBEa.
Natura 2000 Sarean izango duen eraginari dagokionez, IIAk Natura 2000 Sarean izango duen eraginari buruzko azterlan bat dakar, 8. eranskin gisa gehitu zaiona ingurumen-inpaktuaren azterketari. Sustatzailearen arabera, azterlan hori egiteko, MITECOk Natura 2000 Sarearen gaineko eraginak ebaluatzeko ezarritako gidalerroak eta irizpideak hartu dira erreferentziatzat. Azterlan honek ezartzen duenez, proposatutako neurriak aplikatzen badira, batez ere janlekua lekuz aldatzea eta aurrez konfigura daitezkeen moduluak dituzten detektatze-, gelditze- eta disuasio-sistema automatikoak erabiltzea, Natura 2000 Sareari kalte egiteko arriskua murriztuko da. Gainera, ingurumenaren jarraipena egiteko plan bat egingo da, egindako azterketaren doikuntza egokia dela egiaztatzeko eta, desbideratzeak gertatuz gero, erabaki egokiak hartzeko, betiere Natura 2000 Sareko hegaztien eta kiropteroen populazioek eragin nabarmenik pairatu ez dezaten.
Hala ere, Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Jasangarritasuneko Zerbitzuaren eta Natura Ondarearen Zerbitzuaren txostenaren arabera, Laminoriako mendilerroaren goiko aldeetan etengabe hegan egiten duten espezieen ugaritasuna, barietatea eta kalteberatasuna oso handiak direnez, aurreikus daitekeen eragina IIAk ebaluatutakoa baino askoz handiagoa da.
Zehazki, Entzia KBEaren mugakide den parke eolikoa Natura 2000 Sareko beste guneekin (guztiak Interes Bereziko Eremuak edota espezie mehatxatu eta babestu horien Elikagaiak Babesteko Eremuak) korridore ekologikoa den eremu batean abian jartzen bada, Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Jasangarritasuneko Zerbitzuaren eta Natura Ondarearen Zerbitzuaren iritziz, ez lirateke Hegazti Nekrofagoak Kudeatzeko Planaren 6.2, 6.4, 10.4, 10.7 eta 12.2 artikuluak beteko (artikulu horiek neurri zehatzak eskatzen dituzte espezie nekrofago katalogatuak babesteko), ezta urriaren 6ko 188/2015 Dekretuan Entzia Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzen duen Dekretuan «Komunitate Harkaiztarrak» funtsezko elementurako ezarritako helburu orokor bakarra ere. Horrela, bada, ondorioztatzen da parke eolikoak hautatutako eremuan aurreikusten dituen jarduketek modu kritikoan, onartezinean, eragiten dietela babestutako espezie nekrofagoei.
Udalek, administrazio-batzarrek, elkarte ekologistek eta pertsona fisikoek aurkeztutako alegazio gehienek larritzat jotzen dute parke eolikoak Natura 2000 Sarean sortzen duten eragina. Parke eolikoaren kokapenean oinarritzen dira gune horietatik hurbil baitago, eta honetan ere bai: naturagune babestu horietan kontserbatu behar diren elementuak dira bertan bizi diren hegazti-espezieak, alegia, kiroptero mehatxatuak proiektuaren eragin negatiboaren pean daudenak. Horrenbestez, ondorioztatzen dute proiektuak kalte egingo diola leku horien osotasunari.
Ondorioztatu behar da, Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Jasangarritasuneko Zerbitzuaren eta Natura Ondarearen Zerbitzuaren txostenak adierazten duen bezala, Laminoria parke eolikoaren proiektuari dagokionez, konektagarritasun ekologikoaren gaineko eragina kritikoa edo onartezina izango litzatekeela, abifaunan, kiropteroetan, landaredian eta habitatetan eragin kaltegarriak izango lituzkeelako, eta, aldi berean, inguruneko Natura 2000 Sareko Naturagune Babestuen arteko funtzionaltasunean eta funtsezko prozesu ekologikoetan eragiten dutelako.
Aipatutako txostenaren arabera, halaber, eguzki-parke fotovoltaikoa erauzketa-jardueraren ondorioz degradatutako eremuetan kokatzeko planteamenduak ingurumen-eragina murrizten du esku-hartzerik izan ez den beste leku batzuetan kokatzearekin alderatzen bada.
IIAk ezartzen duenez, babesguneetan ez da eragin nabarmenik izango eraikitze fasean, eta kontuan hartuta parke fotovoltaikoaren funtzionamenduarekin urtero saihesten den CO2 emisioen kantitatea isuria eta biodibertsitatearen, floraren, faunaren eta gune babestuen gainean zeharka izango den onura, inpaktu positibotzat hartzen da.
Nolanahi ere, dauden populazioak egoera onean mantentzeko beharrezkoak diren prebentzio- eta zuzenketa-neurriak aplikatuta, besteak beste, harrobiko lursailak lehengoratzeko prozesuaren gaineko jarduketek eragin onargarria dute, eta ez dute eraginik izango Natura 2000 Sarearen osotasunean eta koherentzian.
7. Paisaia.
IIAn txertatutako paisaia-integrazioari buruzko azterlana ekainaren 3ko 90/2014 Dekretuarekin Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-antolamenduan paisaia babestu, kudeatu eta antolatzearen gainekoa bat etorriz egin da. Azterlan horrek, eragina baloratzeko, ikus-arroak eta paisaia-simulazioak erabili ditu, eta biztanleguneetatik, komunikabideetatik, katalogatutako paisaietatik, babestutako naturaguneetatik, ibilbide berdeetatik, mendi-ibilbideetatik eta bizikleta-bideetatik ikus daitezkeenak hartu ditu kontuan.
Azterlan horretan ondorioztatzen denez, parke eolikoak ez du eraginik izango intereseko osagai jakin batzuetan edo begiratokietan, baina zuzeneko eragina izango du Araba Erdialdeko Eremu Funtzionaleko Paisaiaren Katalogoan identifikatutako leku garrantzitsuetan, paisaia naturalaren kontserbazioa indartzeko, azpiegitura berdeari eta ekosistema-zerbitzuei dagokienez. Azterlan horren arabera, kalte larriak izango dituzte puntu jakin batzuek, orotara 200 pertsona dituzten hiru biztanlegunetik oso hurbil ikusiko direlako aerosorgailuak, bistak, tokiko ondare-baliabide baliotsuak izanik, zeharo itsustuta.
Ildo horretan, aurkeztutako alegazio eta txosten gehienetan adierazten da proiektuak paisaia-kaltea eragingo duela, modu kritiko eta larrian. Bestalde, Udalak eta Administrazio Batzarrak kezkatuta agertu dira proiektuak eskualdeko potentzial ekoturistikoan izan dezakeen eraginarengatik.
Hala ere, aipatutako azterlanaren arabera, parke fotovoltaikoak ez du eraginik izango enklabe nabarmenetan, berezietan edo paisaia-mugarrietan, ibilbideetan edo begiratokietan. Izan ere, meatze-ustiapenak oso degradatutako paisaian kokatuko da. Horregatik, instalazio fotovoltaikoak paisaia-inpaktua eragiten badu ere, inpaktu hori ez da egungo meatze-jarduerak sortzen duen ikusmen-inpaktu negatiboa baino handiagoa izango, inpaktu hori oso handia baita; beraz, argi eta garbi esateko, ez du paisaiaren kalitatea okerragotuko. Ahultasun txikiko eremua da, jarduketak integratzeko gaitasun handia duelako eta ezkutu samarrean dagoelako. Bestalde, lurraldeko beste eremu batzuk kaltetzea saihesten du; izan ere, horietan instalazio fotovoltaikokoak jartzeak, baiki, bertako paisaia hondatu dezake.
8. Ondasun materialak.
Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Sailak egindako txostenaren arabera, konplexu berriztagarriaren proiektuak onura publikoko mendietan izango du eragina, onura publikoko mendien 92,68 m2-ko azalera okupatuko dela aurreikusten baita. Txostenaren arabera, azaleraren galera iraunkor horrek eragin handia izango du azalera galtzeari eta ukitutako onura publikoko mendi kopuruari dagokienez. Nolanahi ere, martxoaren 26ko 11/2007 Foru Arauaren 26.3 artikuluaren arabera, Arabako Foru Aldundian mendien arloan eskumena duen sailak jakinarazten du, ingurumen-inpaktuaren adierazpena eman ondoren, ukitutako mendiak onura publikoko kalifikatzearekin bateragarritzat joko duela proiektua, hala badagokio.
Laborantza-lurren okupazioak nekazaritzan duen inpaktuari dagokionez, Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Zuzendaritzaren aipatutako txostenaren arabera, Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialaren «Nekazaritza nahiz Abeltzaintza eta Landazabalekoa» kategoriaren barruan kalifikatutako lurzoruei dagokienez, eta Nekazaritzaren Sektoreko Eragina Ebaluatzeko Protokoloaren emaitza kontuan hartuta, parke eolikoaren proiektuaren ondoriozko inpaktua bateragarritzat jotzen da, proposatzen dituen zuzenketa-neurriak kontuan hartuta. Era berean, beharrezkotzat jotzen du eragindako zerbitzuak eta bideak (landa-bideak) berrezartzea.
9. Kultura-ondarea.
Ingurumen-inpaktuaren azterketak (testu bategina) kultura-, arkeologia-, etnologia- eta historia-ondareak jasango duen eraginaren azterketa (proiektuaren eragin-eremuan dagoen arkeologiaren azterketa) bat gehitu du. Azterketa horrek proiektuaren eragin negatiboa izan dezaketen elementuak bildu, identifikatu, deskribatzen ditu eta kultura-ondarean izan ditzakeen ondorioak ebaluatzen ditu. Azterketa horretan ondorioztatzen denez, identifikatutako ondare-elementuetan izan dezakeen inpaktua bateragarria da, baldin eta proposatutako prebentzio- eta zuzenketa-neurriak kontuan hartzen badira; zehazki, zuzenketa-neurri gisa, obren kontrol eta jarraipen arkeologikoa egitea planteatzen da, lurpean hondakinak ager baitaitezke.
Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak eta Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailak egindako txostenen arabera, IIAren inbentarioa eta balorazioak egokiak dira, betiere adierazitako oharrak eta gomendioak kontuan hartzen badira eta kasu egiten bazaie: dokumentazio arkeologikoa, proiektuaren eragina izan dezaketen kultura-elementuak babesteko. Hau da, balizko arkeologia-guneen lurpean eragina izan lezakeen edozein lur-iraultzerekin batera, dagokion kontrol arkeologikoa egin beharko da.
10. Istripu larrien edo hondamendien arriskuaren aurrean proiektuak duen kalteberatasunaren ondoriozko ingurumen-inpaktuak.
IIAk apartatu espezifiko bat jasotzen du, istripu larrien edo hondamendien arriskuaren aurrean proiektuak duen kalteberatasunari buruzkoa (12. eranskina); hor aztertzen dira jatorri naturaleko fenomenoak edo giza jarduerak sortutako istripuak, proiektuak ingurumenean kalteak eragitea ekar dezaketenak.
Azterketa horren emaitza gisa, ondorioztatzen da, oro har, hautemandako arriskuak oso txikiak edo txikiak direla, suteetatik eratorritako arriskuak eta arrisku geoteknikoak izan ezik. Hala ere, aldian behin kontrolak eta egiaztapenak egin behar dira, kontrol-neurriek eraginkorrak izaten jarraitzen dutela eta balizko arriskuak areagotzen ez direla ziurtatzeko. Arrisku geoteknikoei dagokienez, orain arte egindako azterketen arabera, material naturalen gainean zama jarriz egonkortzea lortuko da, irristatzeen aurreko segurtasun-faktorea handitzeko. Nolanahi ere, modulu fotovoltaikoak jarriko diren eremuen egonkortasuna bermatuta egongo da.
Hala ere, eta proposatutako neurriak eta arrisku geotekniko handiena duten eremuak proiektutik kentzeko neurriak kontuan hartuta, ondorioztatzen da mehatxuek ezin dutela hondamendi naturalik eragin, abenduaren 5eko 9/2018 Legeak, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea aldatzen duenak, ezarritakoaren ildotik, salbu eta baso-sute bat edo lur-mugimendu handiak gertatzen badira. Instalatutako prebentzio-neurrien arabera, esan daiteke arriskua txikia edo onargarria dela.
Proiektua gauzatzean, ustiatzean edo haren bizitza baliagarriaren amaieran gerta daitezkeen istripu larrien aurrean, orokorrean kalteberatasuna txikia edo oso txikia dela esan daiteke. Proiektua kasu honetan bakarrik da kaltebera: ekipamenduen akatsek eragindako istripu larriak, eta horien ondorioz, sutea edo leherketa gertatzea, eta horrek instalazioan eta inguruko landaredian istripuz sutea piztea.
Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren txostenaren arabera, esan daiteke, geroago egin ahal izango diren xehetasun-azterketak alde batera utzi gabe, Laminoriako parke eolikoak eragin negatibo larria izango duela ziurrenik babes zibileko informazio- eta alerta-sarearen funtsezko instalazio batean. Inpaktu horren arrazoiak dira, besteak beste, parke eolikoa altuera handian eta Kapilduiko radarretik gertu egotea.
11. Metatzeak eta sinergiak. Inpaktu orokorra.
IIAren 9. eranskinean efektu sinergikoei eta metatze-efektuei buruzko azterketak jaso dira. Dokumentu horren helburua azterlan orokor bat egitea da, Laminoriako parke eolikoak eta parke fotovoltaikoak ingurunean lehendik dauden edo izapidetzen ari diren beste parke eoliko batzuk egoteagatik ingurumeneko hainbat alderditan izan ditzaketen ingurumen-ondorioei buruzko informazio objektiboa emateko.
Sinergien azterketa horren ondorio gisa, sustatzaileak adierazi du efektu sinergikoak eta metatze-efektuak daudela talkei dagokienez eta hesi-efektua hegaztiei eta kiropteroei dagokienez, eta habitataren galera ere badagoela. Ildo horretan, abifaunari buruzko azterlanean ezartzen da, alde batetik, Azazetatik hurbil dagoen Laminoriako parke eolikoa eraikitzeak eragin sinergikoa izango lukeela eta eragin hori agerikoa izango litzatekeela hemen tratatutako espezie batzuk hegaldatzen diren eremutik mugitu egingo liratekeelako eta ekialdetik mendebaldera doan gailur-lerroan ibiltzen diren hegazti planeatzaileen fluxu-korridorean eragina izango lukeelako; eta bestetik, zuzeneko ondorioak (talka) gutxiagotzeko neurriak ezar litezkeen arren, hala nola hegaztiak iristen direnean eta urteko denboraldi sentikorretan (migrazioa) errotoreak gelditzeko protokoloak garatzea, edo konpentsazio-neurriak ere garatu litezke habitatak eta korridoreak galtzearen eragina konpontzen saiatzeko, baina korridoreari eragiten zaion etena, batez ere Laminorian, nekez arinduko litzateke.
Era berean, azterlanaren arabera, litekeena da paisaian metatze-efektuak agertzea, instalazio eolikoen eraginez. Hala ere, litekeena da halako efekturik ez gertatzea proiektuaren zati fotovoltaikoa ezartzen denean, zati hori meatze-lanek degradatutako eremu batean jarri nahi delako, mendilerroz inguratuta eta ezkutu samarrean.
Administrazioei eta pertsona interesdunei emandako erantzun-txostenen emaitzetatik zein jendaurreko informazioaren izapidean aurkeztutakoetatik ondoriozta daiteke, kasu gehienetan, parke eolikoak eragindako inpaktuaren balorazioa negatiboa dela argi eta garbi. Bai tokiko administrazio-entitate gehienek aurkeztutako txostenak eta alegazioak, bai elkarte kontserbazionistek aurkeztutakoak (SEO BirdLife, IAN, Mendiak Aske eta abar) bat datoz: aurkeztutako proiektuak kalte konponezina eragingo du ingurumen-balio handiko eremu natural batean paisaia apartekoak; arriskuan dauden fauna-espezieak, batzuk galzorian daudenak edo kalteberak direnak, baita Hegaztiei buruzko Zuzentarauaren I. eranskinean daudenak ere; eta Batasunaren intereseko habitatak, lehentasunezkoak barne. Era berean, kalte egingo die kokagunetik hurbil dauden Natura 2000 Sareko gune babestuen kudeaketarako funtsezkoak diren elementuei, eta kokagunetik hurbil dauden landaguneetako biztanleen bizi-kalitateari eta sozioekonomiari ere bai.
IIAren 4. eranskin gisa emandako paisaia-integrazioari buruzko azterlanaren arabera, Laminoriako parke eolikoaren paisaia-inpaktua larria da, Azazetako parke eolikoaren efektu sinergikoa eta metatze-efektua izango duelako, bereziki Aguraingo Dulantzi Lautadako atzealdeko paisaietan. Paisaia-inpaktu sinergiko horrek eragin larria izango du 500 biztanle inguru dituzten zazpi herritan.
Ingurumen-organoaren balorazioa.
Laminoria konplexu berriztagarriaren proiekturako (parke eolikoa eta eguzki-parke fotovoltaikoa) proposatutako kokalekuak ingurumen-balio nabarmenak ditu, eta bereziki azpimarragarria da abifauna-balio aparta duelako eta konektagarritasun ekologikorako garrantzi handia duelako; izan ere, Arabako Mendialdearen eta Lautadaren arteko trantsizio-ingurune batean dago, hostozabalen espezie autoktonoen baso urtetsuez estalia (oso biodibertsitate aberatsa duten erkameztiak eta pagadiak). Alde horretatik, eta Ebazpenean zehar argudiatu den bezala, inguruko Natura 2000 Sareko naturagune babestu ugarien artean prozesu ekologikoak mantentzea bermatzen duen lotunea da.
Zehazki, Arabako Mendialdeko Trantsizioko Mendi eta Goi Haran horietan dago gaur egun Bonelli arrano (Aquilla fasciata) espeziearen bikote habiagile batek okupatzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde bakarra. Espezie horren habia proiektutik 7 km ingurura dago, «Galzorian» gisa katalogatuta dago Euskal Autonomia Erkidegoan (1997ko uztailaren 8ko Agindua), eta «Lehentasunezko interesa» du Europa mailan. Azken urteotan egiaztatu da bikotea ugaldu egin dela eta Bonelli arrano gazteek mendilerroan lurreratzeko, atseden hartzeko eta begiztatzeko leku gisa erabiltzen dutela Laminoriako eremua. Ingurune horretan parke eoliko bat jartzearen ondoriozko inpaktuak bateraezinak administrazio publikoak (Arabako Foru Aldundia, beste autonomia-erkidego batzuekin eta Espainiarekin lankidetzan) espezie hori gure autonomia-erkidegoan berriz sartzeko egiten ari diren jarduketekin.
Sai zuria (Neophron percnopterus) Euskadiko Katalogoan eta Fauna eta Flora Espezie Mehatxatuen Espainiako Katalogoan «Kaltebera» den eta «Galzorian» dagoen espezie gisa jasota dago nazioartean, NKNBren arabera. Horri dagokionez, Laminoriako parke eolikorako proiektatutako eremutik 10 km-ra baino gutxiagora, Hegazti Nekrofagoak Kudeatzeko Baterako Planaren arabera, sai zuriaren 8 eremu kritiko daude gutxienez. Eremu horretan bizi diren bikote ugaltzaileak eta txitak proiektuak eragina izan dezakeen ingurune horretan ibili eta elikatzen dira, bai ohiko artzaintza-eremuetan, bai Analamendiko janlekuan eta hurbil dauden lekuetan. Energia eolikoa sortzeko instalazio hori eremu horretan eraikitzen bada, kalte egingo zaie espeziearentzat funtsezkoak diren habitatei eta elikadura-eremuei, kalte onartezina, izan ere, habitat-aldaketekiko kaltebera den espezie horrentzat.
Ugatza (Gypaetus barbatus) espeziea «Galzorian» gisa kalifikatu dago Espezie Mehatxatuen Espainiako Katalogoan eta Euskal Autonomia Erkidegoan (1997ko uztailaren 8ko Agindua). Horri dagokionez, ugatzaren eremu kritiko bat gutxienez (Analamendiko janlekua) dago proiektuaren eragin-eremutik 900 metro eskasera. Espezie horren erroldaren azken datuek erakusten dute eremu horretan eta Izki KBEaren eta HBBEaren eremuan (Izkiko Parke Naturala) presentzia nabarmena duela. Beraz, Trantsizioko Mendien eta Goi Haranen ekialdean, hots, Laminoriako mendilerroan, lndiagana eta ltxogana mendietan eta Entzia KBEan, parke eoliko bat ezartzen bada, ugatzaren hedapen-eremu naturala Pirinioetatik (eremu horretan dago finkatuta) Kantauriar mendikatera oztopatuko luke.
Miru gorria (Milvus milvus) espeziea «galzorian» gisa dago kalifikatuta EAEn eta Espainian, eta Entzia KBEko «funtsezko elementua» kategoria osatzen duten hegaztien taldekoa da. Ingurune hau hazkuntza-gune oso garrantzitsua da espezie horrentzat. Miru gorria asko ibiltzen da leku horretan; izan ere, Entziako naturagune babestuaren mugakide den eremuan, neguan, populazioa handia da. Horrenbestez, parke eolikoak eragina izan lezakeen espezieetako bat da, espezie horrek ohitura nekrofagoak dituelako, abeltzaintza estentsiboko eremuetan maiz ibiltzen delako, elikatzeko prospekzio-metodoarengatik, hegaldiko bereizgarriengatik eta Analamendiko janlekura eta eragina paira dezakeen ingurunera maiz joaten delako.
Aerosorgailuak kokatzeko proposatutako eremutik hurbil dagoen ingurunean ohikoa da belatz handia (Falco peregrinus). Espezie Mehatxatuen Euskadiko Katalogoaren arabera «Bakana» eta Estatuko Katalogoaren arabera «Interes Berezikoa» da, eta alboko Entzia KBEa izendatzeko Dekretuaren arabera «Funtsezko Elementua». Hegazti horren lurralde-portaera, hegan oso bizkor egiten duela eta ehiza-etologia kontuan hartuta, espezie horrek aerosorgailuen palek harrapatzeko arrisku handia du.
Laminoriako parke eolikoa egiteak modu erabakigarrian alda lezake Batasunaren intereseko beste hegazti nekrofago batzuen populazioak kontserbatzeko aukera. Hegazti horien artean daude, adibidez, miru beltza (Milvus migrans) bikote batzuk daude gune horretan eta sai arrea (Gyps fulvus) lo egiteko eremu oso garrantzitsu bat du eta kolonia batzuk daude parke eolikotik hurbil (habia egiteko 5 eremu gutxienez) eta espezie asko daude Entzia KBEan (interes bereziko eremua Batasunaren intereseko espezie nekrofagoentzat), baita alboko Laminoriako mendilerroan ere (espezie horiek elikatzeko babes-eremua).
Bestalde, interes bereziko bi eremu eta hegazti nekrofagoak elikatzeko babes-eremuak daude eremu horren inguruan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiek sinatutako Euskal Autonomia Erkidegoko Batasunaren Intereseko Hegazti Nekrofagoak Kudeatzeko Baterako Planean xedatutakoaren arabera. Hortaz, parke eolikoa hautatutako eremuan jartzeko aurreikusten diren jarduketek modu kritikoan, onartezinean, eragiten diete babestutako espezie nekrofagoei. Izan ere, Entzia KBEaren ondoan, Natura 2000 Sareko beste guneekin (guztiak Interes Bereziko Eremuak edota espezie mehatxatu eta babestu horien Elikagaiak Babesteko Eremuak) korridore ekologikoa den eremu batean, parke eoliko bat abian jartzen bada, ez litzateke Hegazti Nekrofagoak Kudeatzeko Plana beteko, ezta urriaren 6ko 188/2015 Dekretuan Entzia Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzen duen Dekretuan «Komunitate Harkaiztarrak» funtsezko elementurako ezarritako helburu orokor bakarra ere.
Kiropteroak ekosistemen orekari eusteko funtsezko zeregina duten animalien multzoa dira. Horiei dagokionez, parke eolikoa jartzeko proposatutako gunean Entziako KBEan dauden eta Espezie Mehatxatuen Euskadiko Katalogoaren arabera «galzorian» dauden espezieetako lauri kalte egingo litzaieke. Aztertutako proiektuetatik gutxi gorabehera 3-5 km-ra, Gesaleko Atakako leizearen babeslekua dago, Euskal Autonomia Erkidegoan lurpeko babeslekuetan eta eraikinetan bizi diren kiropteroen baterako kudeaketa-planean jasota dagoena. Eragiketa egin aurreko azterketan lortutako emaitzak eta parkearen inguruneak fauna-talde horrentzat duen garrantzia kontuan hartuta, esan daiteke galzorian eta kaltebera gisa katalogatutako espezieek talka egiteko eta, beraz, desagertzeko arrisku handia dutela, eta inpaktu onartezina eragiten duela, eta arrisku hori ezin dela ezelako neurrirekin konpentsatu. Proposatutako babes- eta zuzenketa-neurriak aplikatuta ere, hau da, nahiz eta aerosorgailuak geldiarazi haize-abiadura 6 m/s-tik beherakoa denean arrisku handieneko uneetan, inpaktuak izango lukeen garrantzi kritikoak zuzeneko eragin negatiboa izango luke Entzia KBEko funtsezko elementu batean.
Habitat naturalak eta basoko fauna eta flora zaintzeari buruzkoa den 92/43/EEE Zuzentarauan (1992ko maiatzaren 21ekoa, Kontseiluarena) xedatutakoaren arabera, Batasunaren intereseko habitat naturalak eta espezieen habitatak kontserbazio-egoera onean mantentzeko edo egoera horretara berriro ekartzeko neurriak ezarri behar dira. Batasunaren intereseko espezie basatiak II. eta IV. eranskinetan jasota daudenak dira, eta horien artean daude eremu horretan detektatutako kiroptero-espezie asko (Rhinolophus euryale, Rhinolophus ferrumequinum, Miniopterus schreibersi, Barbastella barbastellus, Myotis myotis, Myotis emarginatus). Halaber, proiektuak Euskadiko Natura Ondarea Babesteko 9/2021 Legearen 74.1 artikuluan adierazitakoa urra dezake, sai zuria ugaltzeko tokiak desagertzea ekar dezakeelako.
Abifaunak eta kiropteroek talka egiteko duten arriskua saihesteko sustatzaileak proposatutako prebentzio-, babes- eta konpentsazio-neurriak bideraezinak edo eskasak dira, eta kalte kritikoak saihesteko doi litezkeen neurriak ez dira arriskua onargarria izateko neurrikoak; beraz, behin proposatutako proiektuaren ezaugarriak, proiektua gauzatzeko aukeratutako kokalekua, aurreikusitako inpaktuak eta proposatutako neurriak aztertuta, ondorioztatzen da Laminoriako parke eolikoa eraikitzea ez dela bateragarria eremuaren biodibertsitatea, eta bereziki abifauna eta kiropteroak, zaintzearekin.
Aurreko puntuan azaldutako azterketaren ondorioz, ingurumen-organo honen iritziz, Entzia KBEko Natura 2000 Sareko guneko «funtsezko elementuan eta kontserbazio-xedean» parke eolikoak izango lukeen eragin negatiboa guztiz onartezina da. Are okerragoa da balorazioa, kontuan hartuz gero eremu horretatik hurbil dagoen Azazetako proiektu eolikoarekin sortzen diren metatze- eta sinergia-efektuak, kalte negatibo onartezineko bi proiektu dira eta.
Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Jasangarritasuneko Zerbitzuaren eta Natura Ondarearen Zerbitzuaren txostenetan jasotzen denaren arabera, ingurumen-organo honek ondorioztatzen du Laminoriako parke eolikoaren proiektua eraikitzeak eta abian jartzeak sortuko lukeen ingurumen-inpaktuak garrantzi kritikoa, onartezina, izango lukeela arriskuan dauden abifaunan eta kiropteroetan, Natura 2000 Sareko eremueen arteko konektagarritasun ekologikoan eta Batasunaren Intereseko edo Lehentasunezko Intereseko landaredian eta habitatetan. Eta, beraz, azaldutako guztia kontuan hartuta, Zuzendaritza honek egokitzat hartzen du 21/2013 Legearen 2. artikuluaren b) apartatua aplikatzea, bertan adierazten baita ingurumen-ebaluazioko prozedurak zuhurtziaren eta kautelazko ekintzaren printzipioari lotuko zaizkiola, eta adierazten du ingurumen-inpaktuaren adierazpena Laminoriako parke eolikoaren proiektuaren kontrakoa dela.
Bestalde, kontuan hartuta prebentzio-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak hartzen badira, jarduera fotovoltaikoaren inpaktua bateragarritzat har daitekeela inguruneko landarediari eta faunari eustearekin, Zuzendaritza honek adierazten du ingurumen-inpaktuaren adierazpena Laminoriako eguzki-instalazio fotovoltaikoaren proiektuaren aldekoa dela.
Bigarrena. Baldintza hauek ezartzea Laminoriako eguzki-instalazio fotovoltaikoa egiteko baimena emateko. Baldintza horiek lotesleak dira, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 78.1 artikuluan xedatzen denaren arabera:
Proiektuari ezarritako baldintzak, eta ingurumenaren gaineko ondorio kaltegarriak prebenitzeko, zuzentzeko eta konpentsatzeko neurriak.
Baldintza orokorrak.
1. Proiektua garatzeko baldintzak, baita babes- eta zuzenketa-neurriak ere, indarrean dagoen araudiarekin eta hurrengo apartatuetan adierazitakoarekin bat etorriko dira, eta, esandakoaren aurkakoa ez den orotan, Arabako Industria Administrazioko Lurralde Ordezkaritzak Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaritza honetan proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko aurkeztutako dokumentazioan ezarritakoarekin.
2. Proiektua aldatzen edo zabaltzen bada, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.
3. Proiektuan aldaketa zehatzak egiten badira, ingurumenaren ikuspegitik ere arrazoitu egin beharko dira apartatu honetako 2.6 puntuko gertaeren erregistroan, aurreko paragrafoan adierazitako garrantzia ez badute ere. Babes- eta zuzenketa-neurrietan, ingurumena zaintzeko programan, aurrekontuan eta baldintzen agirian jasoko dira proiektuari egiten zaizkion aldaketak.
4. Neurri horiek eta kontrolerako esleitutako langile kopuruak nahikoak izan behar dute ingurumen-inpaktuaren azterketan finkatutako kalitate-helburuak eta ebazpen honetan finkatutakoak bermatzeko.
5. Neurri horiek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Gainera, obretako jardunbide egokiak ere aplikatuko dira.
Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketan adierazitako neurriei honako apartatu hauetan azaltzen diren neurriak gehitu beharko zaizkie:
Paisaia babesteko eta obren eraginpeko lekuak lehengoratzeko neurriak.
1. Jarduera fotovoltaikoa ezartzeko eremuetan (harrobi-eremuak), Laminoriako meategia lehengoratzeko proiektuan 2022ko otsaileko testu bateratuan («Esther 1. zatikia») jasotako lehengoratze-diseinuari zorrotz jarraituko dion lehengoratze egokia ziurtatuko da. Lehengoratze-proiektu hori 2022ko urtarrilaren 31ko Ebazpenaren (Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren zuzendariarena) bidez onartu zen, Industria Administrazioaren Arabako lurralde-ordezkaritzako Meatze teknikariak proposatuta, batetik, Eusebio Echave SAri C) ataleko baliabideak ustiatzeko emandako emakidaren hogeita hamar urteko luzapenari dagokionez «Esther (1. zatikia)», 1.893-1 zenbakiduna, Arraia-Maeztuko udal-mugartean (Araba), eta bestetik, «Esther (1. zatikia)» lehengoratze- planaren onarpenari dagokionez, aipatutako ustiapen-emakidaren barruan. Nolanahi ere, meategia lehengoratzeko proiektuari dagokion aldaketa egingo zaio, inguruabar hori legez babesteko, eta sustatzaileak bere gain hartuko ditu lehengoratze-plan horren betebeharrak, proiektuaren okupazio-eremuari dagokionez. Plan horretan sartu dira «Amildegi Luzeko (Laminoriako meategia, Araba) hegalaren irristatzea lehengoratzearekin lotutako elementuak diseinatzeko gidalerroak eta gidalerro teknikoak». Gidalerro horiek INGEK enpresak egin zituen, Arabako Foru Aldundiko Mendi Zerbitzuak eskatuta.
2. Instalazio osoak ahalik eta gutxien aldatu beharko du paisaia. Horretarako, instalatu beharreko itxitura perimetrala ingurunearekin bat datozen eta paisaian eragin txikia duten materialak edo estaldurak erabiliz egingo da. Ingurune naturalarekin bat datozen pintura mateak erabiliko dira.
3. Obrek eragina duten eremu guztiak lehengoratuko dira; baita lehengoratze-planean agertzen ez zirenak baina azkenean ustiapenaren ondorioz kaltetu direnak ere.
4. Lur-mugimenduek irauten duten artean, landare-lurra kendu, metatu eta bereizita zabalduko da, eragina pairatu duten eremuen lehengoratzea eta landareztatzea errazte aldera.
5. Ingurumen-lehengoratzean lurraren berroneratze geomorfologikoa eta edafikoa sartuko da, bai eta landare-estalkia izan dezaketen guneen landareztatzea ere. Espezie autoktonoak erabiliko dira landareztatze-lanetan, habitat naturalizatuak sortzen laguntzeko eta inguruko landaredi naturalarekin bat etortzen saiatzeko.
6. Parke fotovoltaikoaren bizitza erabilgarri osoan zehar, hainbat mantentze-lan egin beharko dira: lurra aitzurtu, ongarritu, ureztatu eta hutsarteak birlandatu, horretarako beharra ikusten denean. Ez da pestizidarik, herbizidarik edo antzekorik erabiliko landaredia tratatzeko.
7. Kontuan hartuta landaketak urteko sasoi jakin batzuetan egin behar direla eta beste ingurumen-baldintza batzuk behar dituztela, landareztatzea obrak amaitu ondorengo lehen landatze-aldian egingo da, eta horien jarraipena egin eta bideragarritasuna ziurtatuko da eguzki-instalazioaren bizitza baliagarri osoan.
8. Lehengoratze-proiektua obrek irauten duten bitartean jarriko da martxan, lanak egin ondoren jarraituko du eta desmuntatzeko fasean ingurumena lehengoratzeko ere erabiliko da, ukitutako eremuak lehengoratzen direla bermatzeko. Proiektu honek honako hauek zehaztu eta kuantifikatu behar ditu: lan-azalerak, lurzorua prestatzeko metodoak, erabili beharreko landare-espezieak, landaketen antolamendua eta osaera, ereiteko edo landatzeko metodoak eta gainerako preskripzio teknikoak, bai eta jarduketa guztien aurrekontua eta kronograma ere.
9. Obra kontratatzeko baldintza-agiriak zein aurrekontuek barne hartu beharko dituzte proposatutako landareztatzeko eta landare-hesia sortzeko jarduketak behar bezala betetzen direla bermatzeko beharrezkoak diren baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak.
Natura-ondarea babesteko neurriak.
1. Ezinbesteko eremu txikienean egingo dira obrak eta lurzorua okupatzea dakarten gainerako jarduketa osagarriak; betiere proiektuko planoek ezartzen dituzten mugen barruan. Aipatutako mugetatik kanpo, ezingo da izan eraginik sarbideak egin, materialak bildu, instalazioak kokatu edo beste edozein jarduketa osagarri egin behar izateagatik, eta ahal bezainbeste mugatuko da lanak egiteko makinen eta ibilgailuen zirkulazioa. Istripuz kalterik egiten bada aipatutako eremutik kanpo, zuzenketa- eta lehengoratze-neurriak hartuko dira. Aurrez, txostena egingo du apartatu honetako 1.14 zenbakiak aipatzen duen ingurumen-aholkularitzak.
2. Proposatutako hesiari dagokionez, dokumentazioan jasotako oharrak aintzat hartzeaz gain, honako neurri hauek bete behar dira:
Hesia garapen fotovoltaikoko eremu zehatzetan bakarrik jarri beharko da, eta itxitura-eremuak minimizatuko dira.
Dauden baso-masetatik ahalik eta urrunen jarriko dira, landaredi naturala duten zuhaiztiak eta mendi-mazelak utzita.
Talka ez egiteko seinaleak jarriko dira 10 metrotik behin hesiaren trazadura osoan, abifaunan inpaktuak izateko arriskua murrizteko.
3. Instalazio fotovoltaikoaren inguruan hezeguneak daudenez, eta kiropteroetan eta ornogabeetan eraginak ahal den neurrian murrizteko, modulu fotovoltaikoei estaldura ez-islatzailea aplikatuko zaie, panelak urarekin nahas ez ditzaten, eta talken ondoriozko hilkortasuna murriztu dadin.
4. Instalazio fotovoltaikoaren gaueko argiztapena saihestuko da, baita eraikitzeko fasean gaueko lanak egitea ere. Salbuespen bakarrak dira araudiak eskatzen dituen sistemak eta eraikin osagarrietan ezinbestekoak diren edo arrisku-egoerei aurre egiteko diren argiztapenak. Kasu horietan, uhin laburreko luzera ugariko argi zuria igortzen ez duten luminariak (urdinak eta ultramoreak) erabiliko dira, argiztapena plano horizontalaren azpitik proiektatuko da lurrerantz, eta behar denean soilik.
5. Faunari dagokionez, ingurumen-inpaktuaren azterketan proposatutako prebentzio- eta babes-neurriez gain, honako neurri hauek gehituko dira, batez ere lurpeko linea elektrikorako beharrezkoa den obrarako:
Habiak egin direla baztertu edo berresteko, obrak hasi aurretik, faunari buruzko azterketa egingo du sasoi fenologiko egokian eta gaian aditua den teknikari batek. Habiak edo babestutako espezieen aleak antzemanez gero, agintaritza eskudunei jakinaraziko zaie, neurri egokiak ezar ditzaten ukitutako espeziearen arabera.
IIAko abifaunaren azterketaren emaitza kontuan hartuta, jarduketak gauzatzeko egutegia ezarriko da, kaltetu litezkeen espezie babestuen aldi sentikorrak kontuan hartzeko.
6. Era berean, ingurumena zaintzeko planak zaintza bat diseinatu beharko du, hezeguneen ingurumen-balioak babesteko neurri egokienak hartu direla ziurtatzeko, zehazki habitat eta anfibioen gainekoak (bereziki, baso-igel jauzkariaren populazioa), eta proiektuan hizpide den eguzki-jarduera fotovoltaikoaren efektuak gutxiagotzeko.
Nekazaritza-erabilera babesteko neurriak.
1. Proiektuak kontuan hartu beharko du jarduketek landa-bideetan duten eragina, eta Arabako Lurralde Historikoko landa-bideak erabili, kontserbatzeari eta zaintzeari buruzko 6/1995 Foru Araua aplikatuko da. Hala badagokio, bide horietan eragina duen edozein jarduketa gauzatu aurretik, dagokion txosten teknikoa eskatu beharko zaio Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Garatzeko Zerbitzuari.
2. Ebakuazio-zanga egiteko obran zuzenketak egin beharko dira Uribarri-Txintxetruko Ureztatzaileen Elkartean eragina izango duena hainbatetan gurutzatzen delako, ureztatzaileek hornidura bermatuta izateko. Proiektuak ez du eraginik izango proiektuaren eremuan dagoen ureztatze-sistemako elementuetan. Horretarako, beharrezkoa izango da Ureztatzaileen Elkartearekin etengabe hartu-emana izatea diseinu fasean, zuinketa fasean eta obretan. Halaber, bide-zortasunari eutsiko zaio, hodiak eta ureztatze-azpiegiturarekin lotutako gainerako instalazioak hesiaren barruan dauden lekuetan, horien konponketak, hobekuntzak eta mantentze-lanak errazteko.
Lurzorua eta urak babesteko neurriak.
Organo eskudunak ezartzen dituen baldintzak betetzeaz gain, babes- eta zuzenketa-neurri hauek hartuko dira aplikatu beharreko prozeduren esparruan:
1. Proiektatutako jarduketak jarduketa-eremuko ingurune hidrikoan ahalik eta eragin txikiena izateko behar diren neurri guztiak hartu beharko dira eta behar beste arretaz jardun beharko da. Hala, eremuaren dinamika hidrogeologikoan aldaketa nabarmenik ez eragitea bermatu behar da eta une oro lurrazaleko eta lurpeko uren kalitatea ziurtatu. Alegria erreka gurutzatzeko sistema zehaztu beharko da, azpiestazioaren sarreran eta errekak 1,6 km2-ko isuri-arroa duen lekuan.
2. Oro har, obra fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta gai kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze naturaleko sarera. Uren kalitatean eragin negatiborik ez izatea bermatuko da, eta behin betiko proiektuan atxikipen-sistema egokiak zehaztuko dira, eraikuntzan eta mantentze-lanetan izan daitezkeen isuriek (ohiz kanpoko panel-garbiketek) jabari publiko hidraulikoan eragin negatiborik ez dutela ziurtatzeko.
3. Landaredi naturala kontrolatzeko ez da herbizidarik eta pestizidarik erabiliko, lurrazaleko eta lurpeko urak kutsa baitaitezke. Horrela, espezie espontaneoen hazkundea erraztuko da, eta eremu biogeografikoarekin bat etorriko diren tamaina txikiko espezieak edo zuhaixkak landatuko dira. Mantentze-lanak metodo mekanikoen bidez egin beharko dira.
4. Panelak garbitzeko ez da produktu kimiko kutsagarririk edo arriskutsurik erabiliko, eta ahal den guztietan ur birziklatua erabiltzea lehenetsiko da.
5. Karraskariak, lagomorfoak edo beste animalia batzuk kontrolatzea ezinbestekoa bada, bitarteko mekaniko eta biologikoak erabiliko dira kontrolatzeko, eta ez da pestizidarik, intsektizidarik, errodentizidarik edo bestelako pozoirik erabiliko.
6. Lurpeko linea elektrikoa mantentzeko jarduketak egiten direnean ibilguetan, ibilguaren trazadura, fisionomia eta egitura errespetatu beharko dira.
7. Obrako makinak gordetzeko eremuak eta horien mantentze-lanak egiteko tokia drainatze-sare naturaletik isolatuko dira. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olio eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta lantegiko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako guneetatik kanpo egin.
8. Obrak egiteko eremuetan, hidrokarburoak xurgatzeko material espezifikoa edukiko da, berehala erabili ahal izateko istripuz isuri edo ihesik badago: biribilkiak, material pikorkatua eta abar. Istripuz jario edo isuriak daudenerako jarduteko protokolo bat ezarriko da.
Kultura-ondarea babesteko neurriak.
Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legeak xedatzen duena gorabehera, eta, hala badagokio, Arabako Foru Aldundiko Kultura Sailak ezartzen duena ezertan eragotzi gabe, honako neurri hauek ezarriko dira:
1. Arraia-Maeztuko (Aizpilleta herrixka) 16 zenbakiko Prospekzio Arkeologikoko Eremuaren inguruan egiten diren lur-iraultze guztien kontrol arkeologikoa egin beharko da (1997-07-09ko EHAA, 130. zk.).
2. Proiektuak ukitzen dituen gainerako lursailei dagokienez, obran zehar izandako lur-mugimenduen kontrol eta jarraipen arkeologikoa egingo da. Aztarna arkeologikoren bat aurkituz gero, jarraipen arkeologiko intentsiboa egingo da; ingurua balizatuko da eta dagokion administrazioari aurkikuntzaren berri emango zaio.
Hauts-emisioak murrizteko neurriak.
1. Obrek dirauten bitartean, ibilgailuak iragan ondoko garbiketa-lanak zorrotz kontrolatuko dira, bai obrek eraginpean hartutako ingurunean, bai obretara sartzeko guneetan. Ureztapen-sistema bat edukiko da, aldi baterako soilduta dauden edo ibilgailuak pasatzean partikulak aireratu daitezkeen pista eta eremuetarako. Gainera, lehorraldietan, hautsa duten lur- eta material-pilaketak ureztatuko dira.
2. Indusketatik ateratako materiala hezetasun-baldintza egokienetan garraiatuko da, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lokatzak eta partikulak barreia ez daitezen.
Zarataren eta bibrazioen ondorioak murrizteko neurriak.
1. Lanek iraun bitartean, jardunbide egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki biztanleguneen inguruan, indusketa-, eraispen-, zamalan- eta garraio-lanetan, baita erabilitako makineriaren mantentze-lanetan, zaraten eta bibrazioen murrizketan, zarata sortzeko ordutegia mugatzean eta erabilitako ekipoen zaraten kontrolean eta abarrean ere.
2. Azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.
3. Bestalde, proiektua garatzean, eraginpeko eremuan obrek sorrarazitako zaratarengatik ez dira gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita daudenak, eta hori guztia dekretu horretako 35 bis artikuluan aurreikusitakoari kalterik eragin gabe.
Hondakinak eta lurrak kudeatzeko neurriak.
1. Proiektuaren gauzatze eta funtzionamendu faseetan zehar sortutako hondakinak Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta arautegi zehatzetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
2. Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira; hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea, balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne, eta, azkenik, deuseztatzea.
3. Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik ez dela bideragarria haiek balorizatzea.
4. Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.
5. Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak kudeatzeko, Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan ezarritakoari jarraituko zaie.
6. Zabortegira bidali beharreko hondakinak kudeatzeko, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan eta Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea eta betegarriak egikaritzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoari jarraituko zaio.
7. Sustatzaileak aurkeztutako dokumentazio teknikoaren arabera, proiektu fotovoltaikoa egiteko obretan sortutako lur-mugimenduen balantzea «neutroa» izango da, eta, beraz, ez da soberakinik bidaliko zabortegira edo baimendutako kudeatzailera.
8. Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta, isurketaren bat gertatuz gero, nahasita, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan. Orobat, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan hondakinak biltegiratzeari, nahasteari, ontziratzeari eta etiketatzeari buruz ezarritako betebeharrak bete beharko dira, eta itxita egongo dira kudeatzaile baimendu bati entregatu arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.
9. Hala badagokio, eremu jakin bat egokituko da, behin-behinean, hondakin arriskutsuak pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.
10. Aipatutako ontziak edo bilgarriak modu argi, irakurgarri eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, baita indarreko araudiaren arabera ere.
11. Sortzen den olio erabilia kudeatzeko, Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 29. artikuluan eta Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan aurreikusitakoari jarraituko zaio. Erabilitako olioak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako andel estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuriei aurre egiteko sistemen barruan.
12. Araudia betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, erregaiak eta produktuak biltegiratzearen, makinen mantentze-lanak egitearen edo hondakinak erretzearen ondorioz ez dira inolaz ere efluente kontrolatu gabeak sortuko.
Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruekin lotutako neurriak.
1. Eguzki-jatorriko energia elektrikoa ekoizteko jarduera (soilik azpiestazioak eta potentzia-transformadoreak) lurzorua kutsa dezakeen jarduera gisa jasota dago ekainaren 25eko 4/2015 Legearen, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoaren arabera (I. eranskina, ekainaren 25eko 4/2015 Legea, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa, garatzen duen abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuak aldatzen duena). Ondorioz, instalazio horiek nahitaez bete beharko dituzte araudi horretan jasotako betebeharrak.
2. Obrek dirauten bitartean, lurra kutsatzen duten jarduerak edo instalazioak izan dituen beste lekurik aurkitzen bada, edo lurzorua kutsatzen duten gaien zantzu argirik bada, kasu horietarako aipatu ekainaren 25eko 4/2015 Legean eta lege hori garatzen duen abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuan ezarritakoa beteko da.
Garbiketa eta obra bukatzea.
Obrak bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da, eta proiektuak eragindako eremua obrako hondakinik gabe utzi beharko da. Hondakinak lan-eremutik aterako dira, eta, haiek kudeatzeko, ebazpen honen 4.9 apartatuan xedatzen dena aplikatuko da.
Konpentsazio-neurriak.
Ingurumen-inpaktuaren azterketan, sustatzaileak konpentsazio-neurri batzuk proposatu ditu instalazio fotovoltaikorako. Hona hemen:
Landaredia eta baliabide naturalak babesteko, aztertuko da bideragarria ote den B3 putzua drainatzen duten bi kanalak buxatzea, ur-maila goratzeko. Putzu horretan balio nabarmenak identifikatu dira, hala nola lehentasunezko intereseko habitatak eta anfibio-komunitate handi bat. Hondoko lohiak eta sedimentuak eskuz garbituko dira, hondoak lohiz betetzeko arriskua murrizteko. Lan hori botanikari batek gainbegiratuko du, putzu horren ingurumen-balioetan eragin negatiborik ez sortzeko.
Garatzeko ahalmena duten espezieen haziak meatze-putzuetan sartuko dira berriz. Lan hori botanikari espezialista batek egingo du.
Flora-espezie inbaditzaileak ezabatzeko 3 lanaldi egingo dira proiektuak eragindako udalerri bakoitzaren ingurunean (Arraia-Maetzu, Iruraiz-Gauna eta Donemiliaga).
Fauna babesteko, kiropteroentzako 20 habia-kaxa, hainbat hegaztirentzako (hala nola falkonido txikiak, belatz txikiak, adibidez, eta gaueko hegazti harrapariak hontzak) 20 habia-kaxa, eta intsektuentzako «hotelak» jarriko dira. Sustatzaileak instalazio fotovoltaikoaren barruan jartzea proposatu du, baina natura-ondarean eskumenak dituzten administrazioek erabakiko dute zein diren babeslekuak jartzeko leku egokienak.
Paisaian integratzeko neurri gisa, parte-hartzea sustatuko da, energia berriztagarriek duten garrantziari buruzko dibulgazio-jarduketen bidez eta ingurumena lehengoratzeko, instalazio fotovoltaikoan polinizatzeko, B3 putzua balioan jartzeko eta antzeko jarduketen bidez.
Hartutako konpentsazio-neurri guztiak sustatzaileak egin beharreko konpentsazio-plan batean sartuko dira, eta organo substantiboari aurkeztu beharko dizkio, instalazioa eraikitzeko fasea hasi aurretik.
Jarduera uztea.
Aurkeztutako ingurumen-inpaktuaren azterketak barne hartzen du parke fotovoltaikoko instalazio guztiak desmuntatzea haien bizitza baliagarriaren ondoren. Era berean, okupatutako lurzorua berreskuratzea eta haren izaeraren arabera sortutako hondakinak kudeatzea aurreikusten du.
Jarduera uzten den garaian aplikatzekoa den berariazko araudia betetzeaz gain, instalazioak desmuntatzeko lanetan babes- eta zuzenketa-neurri batzuk aplikatuko dira. Hain zuzen, Ebazpen honetan parke fotovoltaikoaren egikaritze eta ustiapen faseetarako ezarri direnen antzeko neurriak aplikatuko dira; batez ere, lursailaren berroneratze morfologikoari dagozkionak, eta lurzorua eta landaredia lehengoratzeari, uren kalitatea babesteari eta hondakinen kudeaketari buruzkoak.
Bestalde, lehen aipatu bezala, eguzki jatorriko energia elektrikoa ekoizteko jarduera (soilik azpiestazioak eta potentzia-transformadoreak) lurzorua kutsa dezakeen jarduera gisa jasota dago, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen arabera. Ildo horretatik, lurzoruaren kalitatea deklaratzeko prozedura hasi beharko du sustatzaileak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 31. artikuluan xedatu bezala, eta kontuan hartu beharko ditu abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren (Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duena) 23. artikuluan ezarritako zehaztapenak.
Ingurumen-aholkularitza.
Obrak amaitu arte eta obra horren bermeak dirauen arte, ingurumen gaietan eta babes- eta zuzenketa-neurrietan aholkularitza gaitua eduki beharko du Obra Zuzendaritzak, ebazpen honen zehaztapenen arabera. Baldintza-agiriak gai horiei buruz esleitzen dizkion funtzioen alorrean Obra Zuzendaritzak hartu beharreko erabakiek, aldez aurretik, aholkularitza horrek egindako txostena izan beharko dute.
Jardunbide egokien sistema bat ezartzea.
Langileek jardunbide egokien sistema bat ezarri beharko dute, helburu hauek, besteak beste, ahalik eta hobekien bermatzeko:
Obraren erabilera-mugak eta makineriaren zirkulazioa kontrolatzea.
Mehatxatutako flora- eta fauna-espezieen aleekiko eragina eta Batasunaren eta eskualdearen intereseko habitatetan duena kontrolatzea.
Hondakinik ez botatzea, eta olio-isurketekin edo lurra leku batetik bestera eramatean lurzorua eta ura ez kutsatzea.
Obretan sortutako hondakinak era egokian kudeatzea.
Proiektuaren eragin-eremuko espezieei zarata eta hautsa direla eta eragindako eragozpenak ekiditea.
Lan-programa diseinatzea.
Obrak hasi aurretik, kontratistak proposamen zehatzak egingo ditu ondorengo azpiatal hauetan jasotako alderdiei buruz, gutxienez.
Lanak egiteko programari erantsiko zaizkio proposamen horiek, eta obren zuzendariak berariaz onartuko ditu; aurrez, txosten bat egingo du aurreko apartatuan aipatutako ingurumen-aholkularitzak. Dokumentu hauek bilduko ditu aipatutako programak:
Kontratistaren instalazioen eremuen kokalekuari eta ezaugarriei buruzko xehetasunak, pilaketak aldi baterako pilaketa-eremua, makineria-parkeak, instalazioak eta materialak, ibilgailuak garbitzeko eremuak eta beste edozein azpiegitura adierazita.
Obretako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sor daitezkeen hondakinak nola kudeatuko diren islatzen duen plana, honako hauetan xedatutakoaren arabera: Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuaren 5.1 artikuluan, eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuaren 7. artikuluan.
Ingurumena zaintzeko programa.
Ingurumena zaintzeko programa proiektuak ingurumenean duen eragina ebaluatzeko sustatzaileak aurkeztutako dokumentuen arabera eta Ebazpen honetan ezarritako baldintzak kontuan hartuta gauzatuko da.
Ingurumena zaintzeko plana instalazioaren bizitza baliagarri osoan zehar gauzatuko da, bereziki arlo hauek kontuan hartuta: faunarengan izango duen eraginaren kontrola, landaredia mantentzea, istripuz gertatutako isurketen kontrola, higadura-prozesuen kontrola eta aukeratutako konpentsazio-neurriei eustea eta horien eraginkortasuna.
Programa hori obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartuta egon behar da, eta bete ahal izatea bermatuko duen aurrekontuaz hornituko da.
Obraren okupazio-mugak kontrolatzea.
Egiaztatu egingo da lanen eremua proiektuko aurreikuspenekin bat datorrela; obrek ez dute hartuko aurrez ikusitako azalera baino eremu handiagoa.
Fauna (hegaztiak eta kiropteroak) kontrolatzea ustiapen fasean.
Panelekin eta itxiturako hesiarekin talka egitearen ondoriozko hilkortasuna detektatzeko, instalazioa abian jartzen den lehen hiru urteetan hamabost egunean behin egingo dira hilotz-kontrolak hesiaren inguruan eta instalazio-eremuaren barruan. Laginketak panelen arteko korridore guztiak zeharkatuz egingo dira, baita hesiaren kanpoko ertzari jarraituz ere. Hirugarren urtetik aurrera, aldizkakotasuna eraginaren ezaugarrietara egokitu ahal izango da, jarraipenaren maiztasuna handituta edo murriztuta.
Lehengoratzearen arrakasta kontrolatzea.
Instalazioaren bizitza baliagarri osoan zehar, aldizkako jarraipena egingo zaio proiektuak ukitutako gainazalen landare-lehengoratzeak izan duen arrakasta-mailari.
Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina.
Ingurumena zaintzeko programaren dokumentu bategina egin beharko du sustatzaileak, eta bertan bilduko ditu ingurumen-inpaktuaren azterketan proposatutako betebeharrak eta proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena formulatzeko ebazpenean ezarritakoak. Programa horretan, kontrolatuko diren parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentziako balioak zehaztuko dira; horrez gain, laginak hartzeko eta azterketa egiteko metodologia, kontrol-puntuen kokapenari buruzko kartografia xehatua, haien maiztasuna eta guztia gauzatzeko aurrekontuaren gaineko xehetasunak ere jasoko dira.
Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak bidaltzea.
Ingurumena zaintzeko programaren barruko txostenen eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu beharko dira, eta Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari organo substantiboaren bidez bidaliko zaizkio. Obrak bukatu eta lehengoratze-obren bermealdia amaitutakoan bidaliko da txosten hori.
Ingurumena zaintzeko programaren emaitzekin batera, ingurumen-gaietan espezializatutako entitate batek egindako txostena ere aurkeztu beharko da. Txosten horretan emaitzen analisia jasoko da, epe horretan izandako gertakari nagusiak bereziki aipatuta, haien balizko kausak eta konponbideak eta, halaber, laginak nola hartu diren zehaztuko da, aldez aurretik egin ez bada.
Proiektuaren sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez, gutxienez, eta datu horiek administrazio publikoen ikuskapen-zerbitzuen eskura jarriko dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikatu beharreko araudia betetzeko.
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 52 artikuluan xedatutakoa betez, jarraipen-txostenean, ingurumena zaintzeko programan adierazitako neurriak egiaztatzeko zerrenda bat jasoko da.
Era berean, aipatutako 52. artikuluaren arabera, ingurumena zaintzeko programa eta, behintzat, ingurumena zaintzeko programan adierazitako neurriak egiaztatzeko zerrenda organo substantiboak argitaratuko ditu egoitza elektronikoan, eta, aldez aurretik, ingurumen-organoari jakinaraziko dio egoitza elektronikoan argitaratu duela.
Gorabeheren erregistroa.
Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta babes- zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak zenbateraino bete diren jasotzeko erregistroa ere. Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren eskura egongo da erregistroa, hark ikuskatzeko, eta, nolanahi ere, lanak amaitutakoan, hari bidaltzeko, dagokion organoaren bidez. Proiektua gauzatzean aldaketak egin badira, xehetasunez dokumentatu beharko dira. Ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu egin beharko dira aipatutako aldaketak.
Neurriak eta ingurumena zaintzeko programa aldatzea.
Babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa aldatzeko aukera egongo da, bai eta neurtu behar diren parametroak, neurketen maiztasuna eta parametroen mugak ere, hala komeni bada araudi berriak indarrean jartzen direlako edo inplikatutako sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza esanguratsu berrietara egokitzeko beharragatik. Ingurumen-organoak, era berean, alda ditzake babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta, edo ofizioz. Hori guztia, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta, edo ingurumen-inpaktuak saihesteko ezarri diren babes-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak nahikoa ez direla egiaztatzen bada.
Sustatzaileak aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Sustatzaileak jarraian aipatzen diren agiriak aurkeztu beharko dizkio organo substantiboari, ingurumen-organoari helarazteko:
Obrak hasi baino lehen, ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina, Ebazpen honetako apartatu honen 2.4 apartatuan aurreikusitakoaren araberakoa.
Obrak hasi aurretik, Ingurumena Lehengoratzeko eta Paisaia Integratzeko Proiektua, Ebazpen honetako apartatu honen 1.2 apartatuan adierazitako zehaztapenekin.
Obrak hasi aurretik, Ebazpen honen 1.12 apartatuan aipatzen den konpentsazio-plana, ekintzak zehaztu eta ekintzak hasteko egutegia ezartzen duena.
Obrak amaitutakoan, lanak egitean izandako gorabeheren erregistroa, baita babes- eta zuzenketa-neurrien betetze-mailarena ere, Ebazpen honetako apartatu honen 2.6 apartatuan adierazten denari jarraituta.
Obrak amaitu ondoren, urtean behin, jarduera hasten denetik eta jardueraren bizitza baliagarri osoan, eta lehengoratzearen berme-aldiaren amaieran, ebazpen honetako apartatu honen 2. apartatuan ezarritako Ingurumena Zaintzeko Programaren emaitzei buruzko dokumentua.
Hirugarrena. Proiektua gauzatzen hasteko epea lau urtekoa izango da, ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igaro eta artean ez bada hasi proiektua egikaritzen, ingurumen-inpaktuaren adierazpen honen indarraldia amaituko da, eta dagozkion efektuak sortzeari utziko dio. Halakoetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko izapidea, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren epea luzatzea adosten ez bada behintzat. Hori guztia, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 78.5 artikuluan eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 43. artikuluan ezarritakoarekin bat.
Laugarrena. Aurreko apartatuan xedatutakoaren ondorioetarako, proiektuaren sustatzaileak aldez aurretik jakinarazi beharko dio ingurumen-organoari, organo substantiboaren bitartez, zer egunetan hasiko den proiektua gauzatzen.
Bosgarrena. Ebazpen honen edukiaren berri ematea Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren Arabako Lurralde Ordezkaritzari.
Seigarrena. Ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Zazpigarrena. Adieraztea, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.4 artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren aurka ezingo dela errekurtsorik jarri, proiektua baimentzen duen egintzaren aurka administrazio-bidean eta bide judizialean jar daitezkeen errekurtsoak alde batera utzi gabe.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko urtarrilaren 20a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.
Jendaurreko informazioaren eta ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulten emaitza:
(Ikus .PDF)
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (2)
- Ikus: EBAZPENA, 2025eko apirilaren 11koa, Deskarbonizazio zuzendariarena, zeinaren bidez aurretiazko administrazio-baimena ematen baitzaio Arraia-Maeztu, Iruraiz-Gauna eta Donemiliagako (Araba) udal-mugarteetan Aixeindar SA konpainiak sustatutako «Laminoria» instalazio fotovoltaikoaren eta haren ebakuazio-azpiegituraren proiektuari.
- Ikus: EBAZPENA, 2025eko apirilaren 11koa, Deskarbonizazioko zuzendariarena, zeinaren bidez ukatzen baita Arraia-Maeztu, Iruraiz-Gauna eta Donemiliagako (Araba) udal-mugarteetan Aixeindar SA konpainiak sustatutako «Laminoria» parke eolikoa instalatzeko aurretiazko administrazio-baimena.