Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2025eko urriaren 30ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, Iruña Okako (Araba) Plan Berezi Fotovoltaikoaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 226
- Hurrenkera-zk.: 4997
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2025/10/30
- Argitaratze-data: 2025/11/24
Gaikako eremua
- Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena; Gobernua eta Administrazio Publikoa
Testu legala
2025eko uztailaren 1ean, Iruña Okako Udalak eskabidea aurkeztu zuen Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, Iruña Okako plan bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua hasteko. Eskabidea Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoaren arabera egin da, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluak eta hurrengoek arautzen duten ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuko prozeduraren esparruan. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, tartean, planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan xedatutakoa betez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak eragindako Administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsultak egiteko izapidea hasi zuen 2025eko uztailaren 16an, eta espedientean jasota dago emaitza. Era berean, prozeduraren hasiera jakinarazi zitzaion Iruña Okako Udalari.
Halaber, espedientea osatzen duten dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.
Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluarekin.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan xedatutakoaren arabera, dagokion ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta horien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.
Iruña Okako (Araba) Plan Berezi Fotovoltaikoa abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zer plan eta programek behar duten ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua, zehaztu ahal izateko plan edo programak ez duela ingurumen-eragin adierazgarririk ingurumen-txosten estrategikoaren arabera, edota plan edo programak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duela, ingurumenean eragin adierazgarria izan dezakeelako.
Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura 75. artikuluan dago araututa, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Planaren dokumentazio teknikoa eta Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedientean dauden txostenak aztertu ostean, eta ikusirik ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak organo eskuduna baita, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du. Txosten honetan ezartzen da Planak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen eta, beraz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen; edota, bestela, zer baldintzatan garatu behar den Plana, ingurumena behar bezala babesteko.
Kontuan hartu dira: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau
Lehenengoa. Iruña Okako (Araba) Plan Berezi Fotovoltaikoa ezartzeko (aurrerantzean, Plana) ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, jarraian zehazten den moduan:
Planaren azalpena: helburuak eta jarduketak.
Planaren helburua honako hau da: lurzatien guztizko azalera 8,59 ha-koa eta perimetro-itxitura 4,425 ha-koa duen hirigintza-eremu bat mugatzea eta antolatzea, eguzki-instalazio fotovoltaiko bat ezarri ahal izateko. Instalazio horrek 3,471MWp-ko xede-potentzia izango du, 2,9MWko potentzia nominala eta urtean 5.617 MWko gutxi gorabeherako ekoizpena.
Parke fotovoltaikoa Iruña Okan dago, Olabarri hirigune hurbilenetik 1,2 km ingurura, eta Fotovoltaica Comunión II SLk sustatzen du.
Plan Bereziaren aplikazio-eremua Iruña Okako (Araba) Udalaren jabetzako 263 A, 263 B eta 264 zenbakidun lursailek osatzen dute. Xede diren lurrak urbanizaezinak dira eta ia osorik laborantzarako erabiltzen dira. Ebakuazio-linearen trazadura airetik eta lurpetik proiektatuko da bide publiko batean zehar (Espinillas bidea), 1.039,36 m-ko luzerarekin; horietatik 1.034,36 lurpekoak dira eta 5,00 m airekoak.
Eremuaren azalera, Arabako katastroaren neurketaren arabera, 85.862,75 m2-koa da, honela banatuta:
poligonoa 263-A partzela.
Katastroko erreferentzia: 260102630A00000000IS.
Azalera 43.675,17 m2.
Poligonoa 263-B partzela.
Katastroko erreferentzia: 260102630B00000000IY.
Azalera 1.746,01 m2.
Poligonoa 264 partzela.
Katastroko erreferentzia: 260102640000000000BU.
Azalera: 40.441,57 m2.
Plaka fotovoltaikoen instalazioa, inguruko hesia kontuan hartuta, partzelen azaleraren % 50 hartzen du.
Plan Bereziak erabilera xehatuko lau gune mugatzen ditu:
Plaka fotovoltaikoen zona (FVZ): Parke fotovoltaikoa ezartzeko egokiak diren lurzoruak hartzen ditu.
Transformazio Zentroen (ZC) eta metaketen eremua: Instalazio fotovoltaikoak eta sestra gaineko azpiegitura-elementuek energia sortzeari lotutako eraikuntzei dagokie.
Espazio libreko zona (ZL): Perimetro-itxituraren gehieneko mugaren eta instalazioaren gehieneko inguratzailearen artean geratzen den eremuari dagokio.
Lurpeko azpiegituren zona (AZ) Eguzki-planta fotovoltaikoari lotutako lurpeko azpiegiturei dagokie.
Instalaziora sartzeko, lehendik dagoen landa-bide bat baliatzen da, eremuaren ekialdeko muturrean.
Panelek -55.º-tik 55.º-ra arteko inklinazioa dute, eta eguzki-jarraipena egiteko trackerrak dituzte. Instalazioa 13,2 Kv-ko tentsio ertaineko linea elektriko batetik 910 metrora dago, eta lurpetik konektatuko da harekin, instalazioaren transformazio-zentrotik aurrera. Linearako zangak 0,6 cm zabal eta 1,3 m sakon izango dira, eta, gero, ateratako material berarekin estaliko dira.
Instalazio fotovoltaikoa hesiz inguratutako esparru baten barruan egingo da. Hesiak hegaztiek talka ez egiteko seinaleak ditu. Halaber, itxituraren azpian, 20 cm inguruko diametroa duten pasabide txiki zulatuen bidez sartuko da fauna hesira.
Planaren zirriborroaren arabera, udalerrian indarrean dagoen hirigintza-araudiak lurzoru urbanizaezinean aurreikusitako parke fotovoltaikoaren erabilera ezartzeko aukera ematen du, betiere hura landagunean ezartzeko dagoen beharra justifikatu eta Arabako Foru Aldundian hirigintza-arloko eskumena duen organoak haren interes publikoa deklaratu ondoren.
Planta fotovoltaikoaren etorkizuneko eraikuntzaren beste alderdi batzuei dagokienez, aztertutako dokumentazioak adierazten du eguzki-parke fotovoltaikoaren eraikuntza-proiektuak zehaztuko dituela urbanizazioaren baldintzak (lur-mugimenduak, barne-urbanizazioa, lurzatiaren itxiera, etab.).
Planteatutako Plan Bereziaren alternatiba posibleen balorazioari dagokionez, adierazi behar da Ingurumen Dokumentuan alternatiba hautatu gisa aurkeztu dela Deskarbonizazioko zuzendariaren 2025eko martxoaren 5eko Ebazpenean industriak onartutakoa. Honen bidez Iruña Okako udalerrian (Araba) Argantzon Instalazio Fotovoltaikoko eta ebakuazio-azpiegituretako Proiektu Exekutiboari dagokion instalaziorako aurretiazko administrazio- eta eraikuntza-baimena eman zen, eta 2025eko martxoaren 27ko EHAAn argitaratu zen, 60. zenbakian.
Plantaren eraikuntza proiektuaren bidez aurreikusten da Plana garatzea.
Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta bat etorriz Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertuko dira, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.
Planaren ezaugarriak:
Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, Planak energia fotovoltaikoa ekoizteko planta bat instalatzeko esparrua ezartzen du 4,425 ha-ko azalera batean. Instalazio horren xede-potentzia 3,471 MWp da, potentzia nominala 2,9 MW, eta urteko ekoizpena, berriz, 5.617 MWh. Plana parke fotovoltaiko proiektu baten bidez garatuko da. Dokumentuak etorkizunean planaren edo programaren esparruan gauzatuko den proiektu motari buruzko nahikoa informazio jasotzen du, eta nahikoa da egiaztatzeko ez dela beharrezkoa izango haren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitea.
Planak zenbateraino eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, bai eta hierarkizatuta daudenetan ere: Plana bateragarria da 2023an onartutako Iruña Okako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) zehaztapenekin. (144/2023 Foru Agindua, ekainaren 9koa, Ingurumen eta Hirigintza diputatuarena, Iruña Okako udalerriko hiri antolamenduko plan orokorra behin betiko onartu zuena, baldintzekin, eta 18/2024 Foru Agindua, urtarrilaren 23koa. Ingurumen eta Hirigintza diputatuaren ekainaren 9ko 144/2023 Foru Aginduan ezarritako baldintzak betetzea onartzea. Foru Agindu horren bidez, Iruña Okako udalerriko hiri-antolamenduko plan orokorra behin betiko onartu zen, baldintzekin.) Horrez gain, bat dator Energia Berriztagarrien Lurraldearen Arloko Planarekin (LAP EEBB) (Behin-behineko Onarpenaren Agindua, 2024ko abenduaren 20koa), idazteko prozesuan baitago. Planak, era berean, Euskadiko 2030erako Energia Estrategian (3E2030) jasotako helburuei erantzuten die. Estrategia horrek energia berriztagarrien potentzia instalatua handitzea planteatzen du, energia-eredu jasangarriago bateranzko pausoak emateko.
Iruña Okako HAPOk eremuko lurzorua urbanizaezin gisa sailkatzen du, eta «nekazaritza-eremu» eta «erabilera mugatuko nekazaritza-eremu» gisa kalifikatzen du. Eremua, gehienbat, «Trantsizioko Landa Paisaia (J24)» gisa kategorizatuta dago, eta hegoaldean eta mendebaldean «Mendi Barbana Eremuak (J23)» mugatzen du. Eremu horrek, Planaren arabera, ez du eraginik jasango. HAPOren Hirigintza Araudiaren 1.6.1.1 artikuluan (erabileren definizioa) definitzen dira energia berriztagarriak ekoizteko parkeen instalazio teknikoak, Interes Publikoko Eraikin, Eraikuntza eta Instalazioen barruan daudenak lurzoru urbanizaezineko zonetako kalifikazio globalaren arabera baimendu daitezkeen erabilera gisa. Horregatik, plana koherentea da HAPOrekin, baina «interes publikokotzat» jo beharko da.
LAP EEBBak eguzki-instalazio fotovoltaikoa eskala ertaineko gisa sailkatzen du. Eguzki-instalazioko lurzoruaren karakterizazioari dagokionez, eremua baztertutako eremu batetik kanpo dago, gaitasun ertaineko eremuan eta Hautatutako Kokapen Eremuetatik (AKE) kanpo. EEBBen LAParen 27. artikuluak dioenez, AKEetatik kanpo dauden eskala ertaineko instalazioetarako, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 28.5.a) artikuluan, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legea garatzeko premiazko neurriei buruzko ekainaren 3ko 105/2008 Dekretuaren 4. artikuluan eta arau horien 10. artikulutik 13. artikulura bitartean energia berriztagarrien erabilerari buruz jasotako erregulazio orokorrean xedatutakoa bete beharko da. Horregatik, plan berezia onartu beharko da, Plana interes publikokotzat jo beharko da betiere beharrezko garapen-plangintzak betetzen badira.
Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Zuzendaritzaren txostenarekin bat etorriz, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Landazabaleko gisa katalogatutako lurzoruan dagoen instalazioa, eta Nekazaritzaren Arloko Eragina Ebaluatzeko Protokoloa kontuan hartuta, bateragarritzat jotzen da Iruña Okako udalerrirako.
Aurrekoa kontuan hartuta, ez da bateraezintasunik ikusten hierarkian gorago dagoen plangintzarekin, betiere aurreko apartatuetan adierazitako baldintzak betetzen badira.
Plana ingurumen-irizpideak barne hartzeko egokia den, bereziki garapen jasangarria sustatzeko: Planak energia berriztagarriko instalazio bat gauzatzea sustatzen du; beraz, ingurumen-onurak dakartza, garapen jasangarriari eta klima-aldaketaren aurkako borrokari dagokienez.
Planarekin lotutako ingurumen-arazo nabarmenak: Plana gauzatzeak ez du ingurumen-arazo esanguratsurik eragingo, baldin eta afekzio-eremuan egin behar diren esku-hartzeak eta jarduerak gauzatzen badira, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari eta hondakinen kudeaketari dagokienez indarrean dagoen araudia betez, bai eta txosten honetako 5.3 atalean jasotako zehaztapenak eta neurri zuzentzaileak betez ere, eta bat etorriz ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan jasotakoarekin.
Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.
Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak:
Inpaktu nagusiak obra-fasean sortutakoak izango dira. Jarduketa horiek lurzorua okupatzea, makineriaren joan-etorria, hondakinak sortzea, lurzoruak eta jariatze-urak kutsatzeko arriskua istripuzko isurketengatik, emisio atmosferikoak sortzea, zarata etab. eragingo dute.
Ez da espero landaredian eta Batasunaren intereseko habitatetan eraginik izatea, plantak nekazaritza-erabilerako 4,425 ha hartuko baitu. Lurzatien gaitasun agrologikoaren gaineko eraginari dagokionez, ez zaie eragiten Balio Estrategiko Handiko lurrei, eta Nekazaritza Zuzendaritzak txostenean ondorioztatzen du instalazioak sortutako inpaktua bateragarritzat jotzen dela Iruña Okako udalerrirako; ez dio eragiten gaur egun eremuan garatzen ari den ustiategiaren etorkizuneko bideragarritasunari, baina neurri babesle eta zuzentzaileak beharko dira, azpiegitura horrek nekazaritza-lurzoruan izango duen inpaktua murrizteko.
Plan Berezian agindutako jarduerek eragin dezaketen ur-ibilgu bakarra izenik gabeko erreka bat da, lurpeko ebakuazio-lineak zeharkatzen duena. Hala ere, gurutzaketa lehendik dagoen bide bat aprobetxatuz egingo denez, obran prebentzio- eta zuzenketa-neurriak hartuz gero, uren kalitatearen gaineko eragina minimizatu ahal izango dela uste da.
Emisio atmosferikoei dagokienez, etorkizuneko obrak egiteko faseari lotuta egongo litzateke inpaktua, eta makineriak eragingo luke, partikula gehiago aireratzea eta zarata-maila handitzea ekarriko du eta. Ildo horretan, ez da inpaktu handirik espero, ez dagoelako jendea bizi den eremurik jarduera-eremutik hurbil.
Paisaiaren gaineko eraginak bateragarritzat jotzen dira bai obra-fasean eta baita ustiaketa-fasean, kontuan hartuta jarduketa-eremua txikia dela, jarduketaren ikusgarritasuna oso murriztua dela, 5 metro aireko linea berri baino ez direla gehituko sarbide-puntuarekin konexioa egiteko eta ez dela pista edo bide berririk irekiko.
Faunari dagokionez, instalazioak inpaktuak sor ditzake, bai obra-fasean, bai ustiapenean, eta eremuaren ezaugarriak kontuan hartuta, aurretiazko azterlanak egin behar dira, inpaktu horiek prebenitzeko eta zuzentzeko prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezartzeko.
Alde batetik, Tuyoko haitzuloa, instalaziotik 600 metrora dagoena, lehentasunezko babeslekua da, EAEn lurpeko babeslekuetan eta eraikinetan bizi diren kiropteroak kudeatzeko baterako planak identifikatuta. Plan hori udaberrian erabiltzen dute Miniopterus schreibersii, Plecotus austriacus, Myotis nattereri, Rhinolophus ferrumequinum eta Rhinolophus hipposideroek, eta espezie horiek guztiak Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoan (EMEK) daude, mehatxu-kategoria desberdinetan. Horregatik, Kiropteroen Planaren 6. artikuluaren arabera, bai Planak eta baita garapen-proiektuak Plana aplikatzeko eskumena duen Sailaren nahitaezko txosten loteslea izan beharko dute. Bestalde, babesleku hori instalazio berritik kilometro batera baino gutxiagora dagoenez, proiektuak azterketa bat izan beharko du, kiropteroen espezieetan eta haien populazio-dinamiketan proiektuak izan ditzakeen ondorioak eta inpaktuak aztertu, diagnostikatu eta balioesteko.
Gainera, planta hartuko duten nekazaritza-eremuetako eta plantaren inguruko mendi azpiko eremuetako mirotz urdinak eta mirotz zurbilak habia egiteko potentzialtasuna dela eta, beharrezkoa da garapen-proiektuan prebentzio-neurri gisa sartzea obrak hasi aurretik prospekzioak egitea eta, hala badagokio, obren kronograma egokitzea, espezie horiei kalterik ez eragiteko.
Aurreikusitako perimetro-hesia lurreko faunarentzako oztopo izan daitekeenez, iragazkortu egin beharko da. Ildo horretan, IAEk neurri zuzentzaile gisa proposatzen du hesia 20 cm-ko diametroko lurpeko pasabideen bidez iragazkortzea.
Ustiapen-fasean, inpaktu nagusiak eremu horretako jarduera antropikoa handitzearen (instalazio fotovoltaikoa kontrolatzeko/kudeatzeko) ondorio izango dira, hondakin gehiago sortuko dira eta eragindako mugikortasuna ere handituko da.
Oro har, ustiapen-fasean positibotzat jotzen dira Planaren garapenetik eratorritako inpaktuak; izan ere, energia iturri berriztagarrien bidez ekoizteak bat egiten du trantsizio energetikorako helburuekin, erregai fosilekiko mendekotasuna murrizten du eta klima-aldaketaren ondorioak arintzen laguntzen du.
Hori dela eta, jarraian aipatzen diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak, jasangarritasunaren aldekoak eta ingurumen-dokumentu estrategikoak planteatzen dituenak aplikatuta, ez da espero jarduketek ingurumenean inpaktu nabarmenik izango dutenik, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean ezarritakoari jarraikiz, baldin eta afekzio-eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduketak indarreko araudiari jarraikiz gauzatzen badira arlo hauei dagokienez: natura-ondarea, hondakinak, lurzoruak, isuriak, kultura-ondarea, osasuna eta nekazaritzako lurzoruen babesa eta beste.
Ebazpen honetan, Iruña Okako (Araba) Plan Berezi Fotovoltaikoan gehitu beharreko babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar izan ez dadin.
Neurri babesleak eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira, bai eta ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera ere, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean bertan adierazitakoaren arabera.
Besteak beste, honako hauek dira Planak bere zehaztapenetan jaso beharko dituen eta instalazio fotovoltaikoa eraikitzeko etorkizuneko proiektuak modu eraginkorrean ezarri ahal izateko behar den xehetasunarekin definituko dituen babes- eta zuzenketa-neurriak:
Natura-ondarea babesteko neurriak.
Planta fotovoltaikoaren eraikuntza-proiektuak kiropteroen txosten edo azterketa bat jasoko du, Tuyoko haitzuloko lehentasunezko babeslekuari dagokionez, jarduerek eta proiektuek espezieengan eta haien populazio-dinamiketan izan ditzaketen ondorioak aztertu, diagnostikatu eta balioesteko. Txostenak, hala badagokio, dagozkion prebentzio- edota zuzenketa-neurriak ezarriko ditu.
Ez da deuseztatuko eguzki-panelen azpian dagoen landaredia, guztiz nahitaezkoa denean izan ezik. Era berean, ez da esku hartuko eta ez da kenduko jarduketa-eremuaren mugakide den landaretzarik, ez eta ezpondei, bide-ertzei, aparrei, nekazaritza-lursailetako birsorkuntza naturaleko unada txikiei edo antzeko landare-formazioei lotutakorik ere.
Belar-sastrakak garbitzeko lanak ezin izango dira burutu martxoaren 15etik ekainaren 15era bitarteko tartean, inguruko hegaztien ugaltze-aldia ez eragozteko.
Inola ere ez zaie eragingo lursailaren hegoaldeko muga inguruan dauden zuhaitz edo zuhaixka-aleei; eremu horiek «in situ» mugatu beharko dira, eta zuhaitz- eta zuhaixka-aleak behar bezala babestu beharko dira, makinen joan-etorrien ondoriozko ustekabeko eraginak saihesteko.
Instalazioen hesiaren diseinuak faunaren konektagarritasuna eta jarraitutasuna erraztu behar ditu, hesi-efektua saihestuz eta ingurunean integratuz:
Ehiza- edo abeltzaintza-sare bat erabiliko da, ahal dela 2 metrotik gorakoa ez dena. Elementu zorrotzak edo ebakitzaileak erabiltzea saihestuko da, eta ez dira lurperatuko. Sarearen argiak 15 cm baino gehiagokoa izan behar du.
Instalatu beharreko perimetro-itxiturarako materialak pintura mateak eta ingurune naturalarekin bat datozen kolorekoak izango dira.
Hesiaren iragazkortasuna ziurtatzeko, hesiaren beheko aldea lurretik 20-30 cm-ra altxatuko da.
Hesia elementu oso ikusgarriekin seinaleztatuko da, hegaztiek talka egin ez dezaten. Gaur egungo preskripzio teknikoen arabera, 30 x 15 cm-koa izan beharko du, kolore zurikoa, eta 2 metrotik behin jarri beharko da, altuera desberdinetan. Itxituraren xehetasun-planoetan, definizioan eta aurrekontuan jasoko da alderdi hori.
Debekatuta dago alanbre arantzaduna jartzea, kalte egin baitiezaieke hegaztiei, bai eta ungulatuei ere, orkatza eta oreina esaterako, hesiaren gainetik salto egiten saiatzen direnenean besteak beste. Panelak hegazti-faunarentzat deigarri ez gertatzeko eta instalazioaren eragin bisuala murrizteko, modulu fotovoltaikoek anti islatzaileak izan beharko dute, argiaren erreflexua minimizatzeko edo saihesteko, baita ilargi beteko gauetan ere.
Proiektuak sortuko duen argi-kutsadura txikiagotzeko, plantako eta bere inguruko instalazioen argiztapena egokitu beharko da, faunaren gaineko eragina saihesteko. Erabiliko diren argiek argiztapen jasangarriko irizpideak barne hartu beharko dituzte, instalazioetako energia-kontsumoa murrizteko eta gaueko argi-kutsadura gutxitzeko.
Instalazio fotovoltaikorako sarrera lehendik dagoen bidetik egingo da; halaber, parkearen barruko bideak, behar izanez gero, lur edo zagor trinkotuetan egingo dira, eta asfaltatzea saihestuko da horrela.
Planta fotovoltaikoaren eraikuntza-proiektuak barne hartuko du ukitutako azalera guztiak ingurumen eta paisaia aldetik lehengoratzeko eta integratzeko proiektua. Planak behar besteko zehaztasuna izan beharko du hirugarrenek egin dezaten (erabili beharreko espezieak, landarearen/haziaren jatorria, tamaina, ereite/hidroereintza dentsitatea edota landaketa-esparrua, aurreikusitako mantentzeak, etab. zehaztuta, planoak eta gauzatzeko aurrekontua barne), eta administrazio eskudunek baliozkotuko dute. Gainera, desegite-faserako aurreikuspen bat ere jasoko du, kaltetutako eremuak lehengoratuko direla bermatzeko.
Jarduketak gauzatzeagatik erasandako eremu guztiak lehengoratuko dira, kendutako landaredia interesgarria birjarrita, hala behar bada. Landareztatzea ahalik eta lasterren egingo da, espezie autoktonoak erabiliz, higadura-prozesuak ekiditeko; horrela, habitat naturalizatuak sortzen lagunduko da, eta ahaleginak egingo dira habitat horiek inguruko landaredia naturalarekin lotzeko.
Instalazioaren esparruaren barruan, espezie belarkara eta zurkara autoktonoak ereitea proposatuko da, altueragatik panel fotovoltaikoekin bateragarriak izan daitezkeen zuhaixka-espezieak barne.
Zuhaixka-landaketak karraskal supramediterraneoaren serieko espezieekin egin beharko dira, zuhaixka horien presentziak panel fotovoltaikoen funtzionamendua oztopatuko ez duen eremuetan.
Ezpondetan eta egin beharreko jarduketen ondorioz landaredi naturalik ez duten beste eremu batzuetan, eta plaka fotovoltaikoak instalatzeko planteatutako eremuen ondoan daudenetan, landare-lurra jarriko da lodiera nahikoan, eta ingurumen- eta paisaia-integrazioko neurriak aurreikusiko dira. Jarduketa hauek egingo dira: birmoldatzea, ereitea eta zuhaixka- eta zuhaitz-espezie autoktonoak landatzea.
Perimetro-zerrendari dagokionez, gutxienez 5 m-ko zabalerako zuhaitz/zuhaixkaz osatutako pantailatze bat ezarri behar da, eguzki-planta bisualki ezkutatzeko eta Tuyo mendilerroaren inguruetan ingurune hori okupatzearen ondorioz funtzionaltasun ekologikoak izandako galera konpentsatzeko. Horretarako, inguruko landaredi potentzialaren berezko espezieak erabiliko dira (karraskal supramediterraneo subhezea), baita Pinus sylvestris espezieak ere. Landare-pantaila sortzeko hautatutako espezieek espezie autoktonoak izan beharko dute: inguruko baldintza edafiko eta klimatikoetara egokituak eta inguruko paisaiarekin bat datozenak. Landare-pantailatzea 263 eta 264 zenbakidun katastro-partzelen barruan eta 566-2 zenbakiko EPMtik kanpo kokatu beharko da.
Landaketaren aurretik eta hesiaren kanpoko perimetroan, gutxienez, honako operazio hauek egingo dira:
Lursaila aldez aurretik destrinkotzea, modelatzea eta profilatzea, forma fisiografiko egokia emateko eta behar bezala doitzeko lursail naturalarekin kontaktuan eta trantsizioan dauden eremuetan.
Gutxienez 0,3 m-ko kalitatezko landare-lurra duen geruza bat gehitzea eta ondoren xehetasunez profilatzea.
Lurzorua lantzeko eta harrotzeko eta ondoren fintzeko lanak egitea, ereiteko eta hidroereiterako eremuak behar bezala prestatzeko.
Landaketen ezaugarriak hauek izango dira besteak beste:
Metro batetik beherako aleak. Landareen arteko distantzia: 1,5 m-tik 2 m-ra. Zuloaren gutxieneko neurria: 0,4 x 0,4 x 0,4 m.
Landareak sartu ondoren, zuloa edo zanga beteko da: hondoan, kalitatezko landare-lurra jarriko da, behar bezala trinkotutako 20 cm-ko geruzatan, 1/3 hareaz edo legarrez emendatuta, iragazkortasuna handitzeko; ondoren, kilo bat ongarri organiko konpostatu gehituko zaio.
Zuloa kalitatezko lurrekin bete ondoren, 40 cm-ko erradioa eta 10 cm-ko ildo-bitarte altuera duen zuhaitz-txorko bat egingo da gainazalean, eta ureztatu egingo da (50 l/landareko).
Oso gomendagarria da landare guztien oinarrian belarren aurkako oinarri-babesgarri bat jartzea, «Horsol» motakoa, 110 g/m-koa, metro bateko zabalera duena, alde bakoitzean 20 cm lurperatuz ondo ainguratzeko, eta 0,6 m agerian utziz.
Landatzeko garaia: abendua-otsaila.
Bermatu beharko da zurezko landare-estalduraren mantentze-lanak egingo direla ezarpenaren hasierako aldian, behin betiko sustraitzea eta ezartzea ziurtatzeko. Honako hauek aurreikusi beharko dira: ur-eskasia dagoen sasoian ureztatzea, hildako landareak birjartzea, oinen babesgarriak eta zurkaitzak lehengoratzea, ongarritzea, konformazio-inausketak egitea, belar-sastrakak kentzea, etab.
Behar diren neurriak hartuko dira, bestalde, ahalmen inbaditzaileko espezie aloktonoak ez daitezen hedatu lur-mugimenduen bitartez. Hala badagokio, kontrolatu egin beharko dira jarduketen xede diren lursailen lehengoratze-lanetan erabiliko diren mailegu-materialen eta landare-lurren jatorria eta osaera.
Instalazio fotovoltaikoaren barruan, landaredi naturala, ahal dela, ganaduaren larratzearen bidez kontrolatuko da, gehiegizko larratzea saihestuz. Edonola ere, debekatuta dago herbizidak edota biozidak erabiltzea instalazioko landaretza naturala kontrolatzeko. Hori ezinezkoa izanez gero, larreko eremurik handiena garbitu gabe eduki behar litzateke gutxienez uda betean egon arte, ahalik eta bertako landare-espezie gehienen urteko zikloa errespetatzeko, oinarrizko elikadura-iturriak izango baitira intsektuentzat (batez ere polinizatzaileentzat) eta hegaztientzat, besteak beste.
Proiektuak hegazti-faunaren errolda bat jasoko du, gutxienez instalazioaren lehen 5 urteetan, instalazio fotovoltaikoaren inguruan gutxienez kilometro batean zentratuta. Basafaunan eskumena duen organoari kontsulta egin ondoren, errolda-mota zehatza eta lan-metodologia zehaztu beharko dira. Erroldak lanak hasi baino urtebete lehenago hasi beharko dira, eta jarduketen eremuan espezie garrantzitsuen ugalketa-zantzuak antzemanez gero, lanak atzeratu egin beharko dira gazteak hegaz joan eta sakabanatu arte.
Ingurumena Zaintzeko eta Jarraitzeko Planaren ustiapen-faseko faunaren babesaren jarraipenean hegaztiek itxituraren eta panel fotovoltaikoen aurka egiten dituzten talkak kontrolatzeko helburua erantsi beharko da. Instalazioa abian den lehen hiru urteetan, hamabostean behin laginketak egingo dira, eta horretarako panelen arteko pasabide guztiak arakatuko dira. Halaber, ibilbidea egingo da hesien kanpoko ertzari jarraituz. Hirugarren urtetik aurrera, kontrolen aldizkakotasuna eraginaren ondorioetara egokitu ahal izango da, maiztasuna handituta edo murriztuta.
Zangak ahalik eta denbora laburrenean egongo dira irekita, eta mekanismoak jarriko dira fauna zangetan harrapatuta gera ez dadin.
Beharrezkotzat jotzen da hegazti-fauna babesteko neurri gehigarriak hartzea, plan bereziak erasan dezakeen lurra zeharkatzen duen goi-tentsioko linea elektrikoaren euskarrietako eta baoetako talken aurka.
Sute-arriskua minimizatzeko, instalazioaren hesia atzeraematea gomendatzen da, eremuaren hego-mendebaldean dagoen zuhaitz-landaretzatik 25 metrora utziz; hesiaren ondoan landatutako 5 metroko zerrendaren eta dagoen landarediaren artean dagoen lursaila zuhaizti- eta zuhaixka-landaretzarik gabe mantenduko da. Nolanahi ere, proiektuak baso-suteak prebenitzeko plan bat izango du eguzki-planta fotovoltaikorako.
Lurzoruak babesteko neurriak.
Proiektuak ahalik eta gehien errespetatuko du eragindako eremuaren egungo geomorfologia eta topografia. Lur-mugimenduak minimizatuko dira; horretarako, modulu fotovoltaikoak zimendurik gabe eta lur naturalaren gainean kokatuko dira lehentasunez; horrela, lurzoruaren jatorrizko profila aldatzea saihestuko da. Era berean, panelak muntatzeko etapak planifikatuko dira, materialak pilatzeko guneen azalera murrizteko eta haiek parke fotovoltaikoaren esparruan kokatzeko, alboko eremuak okupatu gabe.
Bai obrak eta bai lurzorua okupatzea eskatzen duten jarduera osagarriak horiek gauzatzeko ezinbestekoa den gutxieneko eremuan garatuko dira. Kontratistaren instalazio-guneak makineria-parkea, obra-etxolak, obra-materialen behin-behineko biltegiratze-eremua, landare-lurren eta hondakinen behin-behineko biltegiratze- eremuak barne ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira, eta, zehazki, landare-formazio interesgarriei eragitea saihestuko da.
Landare-lurra gaika kenduko da, zangak, transformazio-zentroa, bideak eta, oro har, lur-mugimenduak egiten diren leku guztietan; landareztatzeko lanetan berrerabiliko da landare-lur hori. Instalazioko gainerako lurrazaletan lurzoruaren gainazaleko horizontea «in situ» gordeko da.
Proiektuak Ingurumenaren Zaintza eta Jarraipenerako Programa bat izango du, planta fotovoltaikoko lurzoruan higadura dagoen kontrolatzeko. Higadura hidrikoa kontrolatuko da landare-estalkirik ez dagoelako eta higadura hidrikoa duten eremuak (karkabak) agertzen direlako. Neurriak eraginkorrak ez badira bestelako neurri zuzentzaile gehigarriak proposatuko dira.
Ur-baliabideen gaineko babesari buruzko neurriak.
Ebakuazio-linea jariatze-urarekin gurutzatzeari dagokionez, Ingurumen Dokumentuan jasotako neurriak hartu beharko dira kontuan, eta kontu handiz ibili beharko da, ibilguari ahalik eta kalte gutxien eragiteko.
Santa Marina errekaren gaineko izenik gabeko jariatze-uraren ondoan ibaian behera dagoen aprobetxamenduari dagokionez, kontu handiz ibili beharko da jarduketek ez dutela ur-bilketan kalterik eragingo bermatzeko. Nolanahi ere, aurrekoa gorabehera, jarduketek hartualdi horri nolabaiteko afekziorik eragiten badiote, konpondu eta berreskuratu egin beharko dira.
Hezeguneari dagokionez (Tuyo mendilerroko putzuak/Charcas de la Sierra de Tuyo), kontu handiz ibili beharko da hezeguneari kalterik ez eragiteko.
Jabari publiko hidraulikoan edo JPHaren babes-eremuen barruan (zortasuna eta polizia) egiten diren jarduketa guztiek Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren nahitaezko baimena eskuratu beharko dute aldez aurretik. Baimen hori Uraren Euskal Agentzian izapidetuko da.
Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk.
Arabako Lurralde Historikoko landa-bideei eragiten dien edozein jarduketa egin aurretik, dagokion txosten teknikoa eskatu beharko zaio Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Garatzeko Zerbitzuari. Nolanahi ere, eragindako bideak leheneratu egin beharko dira obrak amaitzean. Edonola, Arabako Lurralde Historikoko landa-bideak erabili, kontserbatu eta zaintzeko 19/1995 Foru Arauak ezarritakoa errespetatu beharko da.
Edozein arrazoirengatik Iruña Okako udalerriko 1. poligonoko 263 B katastroko azpipartzela partikularrari eragiten bazaio, azpipartzela hori mendi edo baso-lurzoru gisa kalifikatuta egonik, sustatzaileak erabilera aldatzeko nahitaezko administrazio-baimena izan beharko du, eta baimen hori Arabako Foru Aldundiko Mendi Zerbitzuari eskatu beharko dio.
Zuhaitzak moztu behar izanez gero, nahitaez mozteko administrazio-baimena izan beharko du. Baimen hori Nekazaritza Saileko Mendi Zerbitzuari ere eskatu ahal izango dio, Arabako Foru Aldundian mendien arloko eskumena duen organoa den aldetik, martxoaren 26ko 11/2007 Mendiei buruzko Foru Arauan aurreikusitakoaren arabera.
Indarrean dagoen araudiaren arabera, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren nahitaezko baimena beharko dute jabari publiko hidraulikoan nahiz polizia-eremuan (100 metro) egiten den jarduketa iraunkor nahiz aldi baterako guztiek, eta Uraren Euskal Agentzian izapidetu beharko da. Baimen horren esparruan zorrotz aztertuko dira ezaugarriak eta eraginak, eta, hala badagokio, dagozkion baldintzak ezarriko dira.
Proiektua gauzatzeko behar diren lur-mugimenduak egitean ahalik eta hondakin fin gutxien isuriko dira drainatze-sarera. Beharrezko prebentzio-neurriak hartu beharko dira, obretatik datozen solido esekiz beteriko jariatze-urak ibilguetara eta beste ur-puntu batzuetara ez iristeko. Ildo horretan, drainatze-sare bat diseinatu beharko da obra-fasean, obren aurrerapenera egokituta. Sare horrek une oro bermatu beharko du sortutako jariatze-uren bilketa eta tratamendua, ibilgura solido esekiak dituen ahalik eta urik gutxiena isurtzeko. Horretarako, sedimentuak atxikitzeko gailuak diseinatuko dira, hala nola dekantazio-putzuak, hesi iragazleak edo beste batzuk.
Instalazio fotovoltaikoko punturik baxuenean dekantazio-putzu txiki bat planteatuko da, ezarpenak hartzen duen eremuko azaleko jariatze-urak bilduko dituena, drainatze-sarearekin lotu aurretik. Aldi baterako putzu edo hezegune hori eremu hezeetako berezko landareekin lehengoratu beharko litzatekeela aurreikusten da; horrela, azkar integratuko dira, eta, hasierako faseetatik, basafaunarentzako harrera puntu eta babesleku izan ahalko dira, eta bereziki anfibioen ugalketarako habitaterako onuragarriak.
Lanetako langileek jardunbide egokien sistema bat erabili beharko dute, helburu hauek ahalik eta gehien bermatzeko:
Lanek okupatzen dituzten mugak kontrolatzea.
Olio-isurketen edo lurrak arrastatzeen ondoriozko hondakin-isurketak edo lurzoruaren eta uraren kutsadura ekiditea.
Planaren eraginpeko herriguneko biztanleei enbarazurik ez eragitea zarata eta hautsarekin.
Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.
Eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.
Obrak 6 hilabetetik gora luzatuko direla aurreikusten bada, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritakoaren arabera, inpaktu akustikoari buruzko azterlan bat egin beharko da, zuzenketa-neurri aproposak definitzeko.
Energia ekoizteko instalazioak Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako zarata-foku berriei aplikatu behar zaizkien zarata-immisioaren muga-balioak beteko ditu.
Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa eragotzi gabe, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira prebentzioz, eta berehala emango zaio horren berri Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailari, hark erabakiko duelarik zer neurri hartu.
Hondakinak sortu eta kudeatzea: sortutako hondakin desberdinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne, Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira.
Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, prebentzioa sustatu behar da hondakinen sorreran, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkeran kudeatu daitezela, hau da: prebentzioa, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.
Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea ez dela bideragarria haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.
Olio erabiliak kudeatzeko, Industria-olio erabilien kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan xedatutakoa beteko da.
Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemek independenteak izan beharko dute, baldin eta, isuriren bat gertatu eta nahastuz gero, arriskutsuagoak badira edo kudeatzeko zailagoak badira. Hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautzeko eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte, eta itxita egongo dira kudeatzaileari entregatu arte, isurita edo lurrunduta edukirik gal ez dezaten. Edukiontzi edo ontzi horiek argi etiketatuta egon beharko dute, irakurtzeko eta ezin ezabatuzko moduan, eta indarrean dagoen araudiaren arabera.
Eremu jakin bat egokituko da hondakin arriskutsuak bertan behin-behinean pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak, eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Halaber, obran zehar, eta lanek irauten duten bitartean, biltzeko gailu estankoak jarriko dira (bidoiak eta abar) sortutako hondakinak biltzeko. Hondakin horiek motaren arabera bereizi beharko dira, aipatutako garbigunean aldi baterako biltegiratu baino lehen.
Berariaz debekatuta dago sortutako hondakin-tipologia desberdinak elkarren artean edota beste hondakin edo efluente batzuekin nahastea. Halako hondakinak jatorritik bereiziko dira, eta bilketa- eta biltegiratze-bitarteko egokiak prestatuko dira nahasketa horiek ekiditeko.
Olio erabiliak estalpean utziko dira kudeatzaile baimendu bati entregatu arte, behar bezala etiketatutako depositu estankoetan, zolata iragazgaitz baten gainean, eta kubo txikietan edo isuriei eta ihesei eusteko sistemen barruan.
Aplikatzekoa den araudia betetzen laguntzeko, lanetan sortutako hondakin desberdinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da langileek sistema horiek behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez da inola ere kontrolik gabeko efluenterik sortuko erregaiak eta produktuak biltegiratzetik, makineria mantentzeko lanak egitetik edo hondakinak erretzetik.
Instalazioak uztea. Plan bereziaren hirigintza-araudian eta proiektuan eraispen-faseari lotutako neurriak hartu beharko dira kontuan, instalazioaren bizitza baliagarria amaitu ondoren eta hura osatzen duten elementu guztiak bertan behera utzi eta desegiten direnean, ukitutako azaleren berreskuratze geomorfologiko eta edafikoko eta lehengoratze begetaleko lanak egingo direla bermatzeko.
Bigarrena. Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Iruña Okako (Araba) Plan Berezi fotovoltaikoak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.
Hirugarrena. Iruña Okako Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukiaren berri.
Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea.
Bosgarrena. Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarra galduko du eta dagozkion ondoreak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren, ez bada Iruña Okako Plan Berezi fotovoltaikoa onetsi gehienez ere lau urteko epean. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioa egiteko prozedura, salbu eta ingurumen-organoari haren indarraldia luzatzeko eskatzen bazaio. Hori gertatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz zehaztutako moduan.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko urriaren 30a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.