Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2025eko urriaren 28koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Oiartzungo (Gipuzkoa) Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko Arraguako ARR-1A HJEko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren aldaketari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 226
  • Hurrenkera-zk.: 4996
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2025/10/28
  • Argitaratze-data: 2025/11/24

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena; Gobernua eta Administrazio Publikoa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2025eko ekainaren 19an, Oiartzungo Udalak eskabidea aurkeztu zuen Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, Oiartzungo Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko Arraguako ARR-1A HJEko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren aldaketari buruzko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiten hasteko. Eskabidea Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoari jarraikiz egina dago, eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan eta hurrengoetan araututako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozeduraren esparruan.

Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola plan bereziaren aldaketaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, zeinak Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan zehaztutako edukia baitzeukan.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan xedatutakoa betez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsultak egiteko izapidea hasi zuen 2025eko ekainaren 20an, eta espedientean jasota dago emaitza.

Era berean, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren webgunean, interesdun orok aukera izan zezan ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.

Ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsulten izapidean jasotako erantzunak ikusita, eta kontuan hartuta nolakoa den plana eta nolako ingurumen-inpaktuak izango dituen, txosten honen xedea hau zehaztea da: ea plan horri ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion, litekeena delako ingurumenean eragin nabarmenak izatea, edo, bestela, ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoak ezarriko duen moduan, bat etorriz Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan xedatutakoarekin.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan xedatutakoaren arabera, dagokion ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta horien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.

Planaren aldaketa Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago; artikulu horretan ezartzen dira ingurumen-organoak zer plan eta programari egin behar dien ingurumen-ebaluazio estrategikoa; zehazki, honela dio a) apartatuan: «Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitera legez behartutako proiektuak etorkizunean baimentzeko esparrua ezartzen badute, eta honako arlo hauei buruzkoak badira: nekazaritza, abeltzaintza, basogintza, akuikultura, arrantza, energia, meatzaritza, industria, garraioa, hondakinen kudeaketa, ur-baliabideen kudeaketa, itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoaren okupazioa, itsas ingurunearen erabilera, telekomunikazioak, turismoa, hiri- eta landa-lurraldearen edo lurzoruaren erabileraren antolamendua».

Gainera, plana Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.B eranskineko 2) apartatuko kasuetan aipatzen da; izan ere, II.A eranskineko planen eta programen aldaketa txikiak jasotzen ditu, II.G eranskineko aldaketa txikien definizioaren arabera.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura 75. artikuluan dago araututa, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ostean, eta ikusirik ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera. Txosten honetan ezartzen da planak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen eta, beraz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen; edota, bestela, zer baldintzatan garatu behar den plana, ingurumena behar bezala babesteko.

Kontuan hartu dira: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau

Lehenengoa. Oiartzungo Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko Arraguako ARR-1A HJEko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren aldaketari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea. Hona hemen txostenaren edukia:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    ARR-1A eremua Arragua auzoan dago, eta, ARR-1B sektorearekin batera, Oiartzungo Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean ARR-1 H.I.A Arragua HJE baterako hirigintza-jarduerako eremu gisa mugatutakoaren parte da.

    Hau da, ARR-1 HJEaren barruan, bi azpieremu ezartzen dira: bata hiri-lurzoru finkatugabeari dagokio (ARR-1A); bestea lurzoru urbanizagarri gisa sailkatutako hedapen-eremu bati dagokio (ARR-1B), eta hiri-zabalguneen ereduari jarraituz hedatzen da.

    HAPOak hiri-lurzoru gisa sailkatzen du eremua, haren antolamendu xehatua hiri-antolamenduko plan berezi bat izapidetzera bideratzen du eta Arraguako ARR-1A eremua mugatzen du, ARR-1B bizitegi-sektorearen ondoan egokitu eta artikulatu behar dela zehaztuz. Bi kasu horiek hirigintzako jarduketa-programa bakar bati erantzuten dioten jarduketa integratuak dira.

    Hiri-antolamenduko plan bereziaren aldaketaren helburua da Arraguako ARR 1A HJE hirigintza-eremuaren erabileren eta eraikigarritasunen antolamendu xehatuaren alderdi jakin batzuk definitzea, 2010ean onartutako plan bereziak ezarritakoa aldatuz.

    Kokapena:

    ARR-1A eremua Oiartzungo udalerriaren ipar-mendebaldeko muturrean dago, eta 12.658 m2-ko azalera du, U moduan banatuta. Iparraldeko, ekialdeko eta hegoaldeko mugetan, ARR-1B sektorearen mugakide da, eta mendebaldean, Errenteriako udalerriarena. Barnealdeko perimetroan, lehendik zegoen Arragua auzo finkatuak mugatzen du. Lur-eremu ia laua da, eta +10,00 m inguruko kota du; sestra baxuena (+9,00 m) Errenteriako anbulatorioaren ondoan dago, eremuaren mendebaldean.

    Gaur egun, hauek osatzen dute eremua: Uretxe marmol-fabrikaren antzinako sarbidea hegoaldean, zuhaizti erdinatural bat Arraguaren ekialdean, Lartzabalgo anbulatorioaren ondoko aparkalekuak, kirol-pista bat eta lurpeko aparkalekuaren hustuketarako pantailatzeak. Eremuaren gainerakoan, eraiki gabeko lursailak daude, belardiz eta lorategiz osatuak.

    Lursailak betegarriak, landare-lurrak eta alubioi-lurzoruak ditu, eta horien lodiera aldatu egiten da Lintzirin errekarekiko (Bakarraiztegi ere esaten zaio) distantziaren arabera. Garai bateko Uretxe marmol-fabrikaren eraikinak eraitsita daude. Gainerako lursailak eraiki gabe daude, lurpeko aparkalekuen ontziko eraikin bereziak izan ezik.

    Proposatutako jarduerak:

    Eremua eta ondoko sektorea birdefinitzea, plan orokorrean aurreikusitako eraikigarritasuna nabarmen murriztuz eta aurreikusitako bizitegi-antolamenduak aldatuz.

    ARR-1A eremuaren antolamenduak bizitegi-eremua berrurbanizatzea aurreikusten du: guztira, salmenta libreko 96 etxebizitza eraikitzea, sestra gaineko 9.936 m2 (t)-ko bizitegi-eraikigarritasunarekin, sestra azpiko 5.544 m2 (t)-ko eraikigarritasunarekin eta erabilera tertziarioko 1.010 m2 (t)-ko eraikigarritasunarekin, eta etxebizitza babestuaren estandarrak alboko ARR-1B sektorean konpentsatzea.

    Proposatutako antolamendua eta indarrean dagoen plan berezian planteatutakoa oso desberdinak dira. Eremura sartzeko dauden bideen trazadurara egokitzen da, eta igarobide zirkular berri bat proposatzen du, jarraipena duena bigarren faserako proiektatutako antolamenduan (ARR-1B eremuaren plan partziala).

    Bizitegi-lurzatia eremuaren iparraldean dauden 3 bloke lerrokatuk osatzen dute. Plan bereziaren aldaketak 96 etxebizitza egitea aurreikusten du, 4 bizitegi-lurzatitan banatuta.

    Ondorioz, plan bereziaren aldaketak antolatutako sestra gaineko bizitegi-erabilerako eraikigarritasuna 9.936 m2 (t)-koa da, Oiartzungo HAPOan ezarritako gehieneko eraikigarritasuna 10.780 m2 (t)-ko eraikigarritasun fisikoa bizitegi-eraikuntza berrirako baino txikiagoa. Era berean, hirugarren sektoreko erabilerako eraikigarritasuna 1.010 m2 (t)-koa da, plan orokorrean ezarritako 2.000 m2 (t)-tik beherakoa.

    Eta, azkenik, sestra azpiko eraikigarritasunari dagokionez, 5.544 m2 (t) antolatu dira. Azalera hori bizitegi-erabilerako azalera eraikiaren % 55 da, eta bizitegi-erabilerako eta hirugarren sektoreko erabilerako azaleraren % 50 (10.946 m2).

    Eraiki beharreko etxebizitzen tipologia kontuan hartuta, eta uztailaren 3ko 123/2012 Dekretuaren 10. artikuluan ezarritakoaren arabera, plan berezi honek guztira 3.974 m2 (t) aurreikusten ditu etxebizitza babestuetarako, 1.987 m2 (t) BOEetarako eta 1.987 m2 (t) erregimen tasatuko babes ofizialeko etxebizitzetarako.

    Bestalde, eremuaren ekialdean dagoen errekastoa mantentzea proposatzen da, eta haren zati bat trazadura zuzen baten bidez birbideratzea, ARR-1A eta ARR-1B eremuak bereizten dituen mugan; horrela, plan orokorrean bertan antolatutako espazio libreen sistema orokorraren barruan sartuko da. Ubide horren gainean, bi eremuak lotzen dituzten igarobide puntualak egitea proiektatuta dago.

    Oro har, 3 metro zabaleko espaloiak egitea planteatzen da, bai eta 6 metroko galtzada duen eremua artikulatzeko bide bat eta 23 metro zabaleko erdiko parke bat ere.

    Zuzkidura-eremuaren eta antolamendu berriaren arteko iragazkortasunari dagokionez, proiektatutako eraikinen artean erabilera publikoko zortasuna duten espazioak planteatzen dira, antolatutako etxabeen hirugarren sektoreko erabilera indartuko dutenak.

    Aztertutako aukerak:

    Aukerei dagokienez, hauek dira:

    1. aukera.

      Tokiko sistemetarako eta sistema orokorretarako espazioa libre uztea: Ia eremuaren iparralde osoa betetzen duen eraikuntza-okupazioa ezartzen du. Eremuaren % 50 baino gehiago sestra azpiko garajeekin antolatzen du, eta horrek, erabilera publikoko lurzoruak izan arren, asko baldintzatzen du lurzoru drainatzaileak uraldi handiak arintzeko erabiltzeko aukera euri-jasa handiko uneetan.

      Eremuko berdeguneak ekialdeko eta hegoaldeko muturretara mugatzen dira, eta zaildu egiten dute berdegune drainatzaileak jartzea eraikin finkatuen eta antolatu berrien artean.

      Genero-ikuspegia duen hirigintza: Eraikuntza-blokearen erdialdean igarobide arkupedunak sartzeak berekin dakar kontrol bisual txikiko espazioak sortzea, eta horrek eragin negatiboa du ataripe horietan ibiltzen direnek duten segurtasun-pertzepzioan.

      Eraikuntza-profila eta eraikigarritasuna: Proposamenak barne hartzen du sestra gaineko 8 solairuko bloke bat jasotzea; profil horixe dago Arraguako alboko eremu finkatuan, eta horrek ertz-efektua minimizatzen du.

      Antolamendua ingurunera egokitzea: Arraguako osasun-zentroaren buruan 130 metroko luzera eta sestra gaineko 8 solairu dituen eraikin bat hiri-bilbearen muga-elementu izango dena jartzeak berekin dakar pantaila eraiki bat sortzea, eta pantaila hori nekez egokitzen da ingurunera.

    2. aukera.

      Tokiko sistemetarako eta sistema orokorretarako espazioa libre uztea: Antolamendu-proposamena 7 solairuko 3 eraikin eraikitzean oinarritzen da. Eraikin horiek elkarrekin lotzen dituzten elementu eraikiek ere etxebizitzak dituzte, baina lotura-elementu horiek, bloke nagusiak baino 2 solairu beherago geratzeaz gain, altuera bikoitzeko ataripeak dituzte.

      Eremuaren iparraldean lur gaineko aparkaleku-eremu zabal bat aurreikusten da, gaur egun dagoenaren galera konpentsatzeko, eta, horrekin batera, zuzkidura-espazio handi bat eta berdegune bat sortzea, lehendik dagoen hiri-bilbearen eta antolatu berriaren artean. Horrek homogeneoa eta ingurunean behar bezala integratua bihurtzen du tokiko sistemen integrazioa (bideena, oinezkoena, eta espazio libre eta berdeguneena).

      Era berean, zuzkidura-espazioen antolamendu horrek aukera ematen du urbanizazioan drainatze-gainazalak integratzeko, eta, beraz, drainatze jasangarriko hiri-sistemak ezartzeko egokiera ere bai.

      Genero-ikuspegia duen hirigintza: eraikitako bolumenen antolaketak altuera bikoitzeko espazio estaliak agertzea dakar; espazio horiek ez dute segurtasunik ezaren pertzepzio-egoerarik sortzen, ez haien tamainagatik, ez haien altueragatik. Horrek eta eremu osoko oinezkoentzako espazioen artikulazioak genero-ikuspegia txertatzea sustatzen dute.

      Eraikuntza-profila eta eraikigarritasuna: barne hartzen du sestra gaineko 7 solairuko profila duten 3 bloke eraikitzea; bloke horiek elkarri lotuta daude, altuera bikoitzeko eremu arkupedun baten gaineko 3 solairuko eraikinen bidez.

      Etxebizitza-erabilerarako 9.936 m2 (t)-ko eraikigarritasuna planteatzen du (96 etxebizitza guztira); gaur egun indarrean dagoena baino eraikigarritasun txikiagoa da, eta hobeto integratzen da lehendik dauden eraikinekin.

      Horrez gain, erdiko eraikinak BOEen eta etxebizitza tasatuen bizitegi-erabilerak ditu, eta, beraz, uniformeagoak dira integrazioa eta erabilera-nahasketa.

      Antolamendua ingurunera egokitzea: eraikinen goiko solairuen bidez elkarri lotutako 3 eraikin jartzea oztopo fisiko garrantzitsua da, eta ingurunean dagoenaz bestelako sistema morfologiko bat sortzen du. Hori dela eta, integrazioa zailagoa da, eta eremuaren iparraldearen eta hegoaldearen arteko iragazkortasun bisuala eragozten du.

    3. aukera.

      Tokiko sistemetarako eta sistema orokorretarako espazioa libre uztea: 2. aukera, aurreko proposamenean bezala, 4 eraikin jasotzean oinarritzen da, baina erdiko biek mehelina partekatzen dute.

      Eremuaren iparraldean lur gaineko aparkaleku-eremu zabal bat aurreikusten da, gaur egun dagoenaren galera konpentsatzeko, eta, horrekin batera, zuzkidura-espazio handi bat eta berdegune bat sortzea, lehendik dagoen hiri-bilbearen eta antolatu berriaren artean. Horrek homogeneoa eta ingurunean behar bezala integratua bihurtzen du tokiko sistemen integrazioa (bideena, oinezkoena, eta espazio libre eta berdeguneena).

      Era berean, zuzkidura-espazioen antolamendu horrek aukera ematen du urbanizazioan drainatze-gainazalak integratzeko, eta, beraz, drainatze jasangarriko hiri-sistemak ezartzeko egokiera ere bai.

      Genero-ikuspegia duen hirigintza: bolumen eraikien antolaketak eremu marjinalik, argiztapen gutxikorik eta igarobide estalikorik gabe espazioen kontrol bisuala errazten du, eta, beraz, segurtasunik ezaren pertzepzio-egoerak saihesten dira. Horrek, eta eremu osoko oinezkoentzako espazioen eta hainbat motatako garraiobideen artikulazioak genero-ikuspegia txertatzea sustatzen dute.

      Eraikuntza-profila eta eraikigarritasuna: barne hartzen du sestra gaineko 7 solairuko profila duten 3 bloke jasotzea. Etxebizitza-erabilerarako 9.936 m2 (t)-ko eraikigarritasuna planteatzen du (96 etxebizitza guztira); gaur egun indarrean dagoena baino eraikigarritasun txikiagoa da, eta hobeto integratzen da lehendik dauden eraikinekin. Horrez gain, eraikin bakar batek BOEen eta etxebizitza tasatuen bizitegi-erabilerak ditu, eta, beraz, uniformeagoak dira integrazioa eta erabilera-nahasketa.

      Antolamendua ingurunera egokitzea: elkarren artean loturarik ez duten 3 eraikinez eratutako antolaerak hobeto erantzuten dio eraikinen banaketari indarrean dagoen antolamenduak baino. Antolamendu horrek 130 metroko luzerako elementu bakarra proposatzen du, eta, horrela, eremuaren iparraldearen eta hegoaldearen arteko iragazkortasun bisuala ahalbidetzen du.

      Proposatutako aukera bakoitza aztertu ondoren, ondorio hauek atera dira:

      Aztertutako aukera guztiak aldez aurretik azaleraren zatirik handiena aldatuta duen eremu batean garatzen dira. Zuhaizti erdinatural bat duen eremu bat (hego-ekialdeko muturrean) eta Lintzirin errekaren (Barkadaiztegi) adarraren ibilgua soilik nabarmentzen dira; bi elementu horiek espazio libreen eremuan hartzen dira kontuan aukera guztietan.

    1. aukeran ez bezala, 1. eta 2. aukeretan eremua zeharkatzen duen erreka aire zabalean mantentzen da, eta horrek inpaktu txikiagoa dakar.

      Proposamenek 1,24 ha-ko eremua hartzen dute, eta dentsitate handiko bizitegi-garapena planteatzen dute, aldaketa txiki batzuekin dentsitate horren tamainan (96-110 etxebizitza), hirugarren sektoreko eta zuzkidurako garapenez gain.

      Eremuak oso irisgarritasun ona du, bai motorrik gabeko garraiobideentzat (oinezkoak edo txirrindulariak), bai motordun garraiobideentzat. Zehazki, aurreikusitako garapena tren-geltoki baten (ETS, Donostia-Irun linea) eta eskualdeko autobus-zerbitzuaren (Lurraldebus) geralekuen ondoan dago, eta, gainera, Gipuzkoako Bizikleta Bideen Oinarrizko Sareko bizikleta-bide batek zeharkatzen du.

      Aukera guztiek antzeko mugak dituzte zenbait ingurumen-baldintzatzailerekin lotuta, batez ere kutsatuta egon daitezkeen lurzoruekin, uholde-arriskuarekin edo ingurumen-zarataren mailekin.

    2. eta 2. aukeren kasuan, 0. aukeran ez bezala, zuzkidura-espazioen antolamendu horrek aukera ematen du urbanizazioan drainatze-gainazalak integratzeko, eta, beraz, drainatze jasangarriko hiri-sistemak ezartzeko egokiera ere bai.

      Hirigintzaren ikuspegitik, balorazio hauek nabarmendu behar dira:

    1. eta 2. aukerak tokiko sistemetara bideratutako espazioen banaketa eraginkorragoagatik nabarmentzen dira; sistema horiek integratzeko aukera ematen dute, batez ere eraikin berrien inguruko espazio libreei eta berdeguneei dagokienez. Horrela, igarobide bat sortuko da finkatutako eremuaren eta antolatutako eremu berriaren artean.

    1. aukerak ataripe ugari jartzea proposatzen du etxebizitzetara sartzeko eremuen artean, eta horrek segurtasunik ezaren pertzepzio-egoerak sor ditzake; beraz, 1. eta 2. aukerak egokiagotzat jotzen dira; dena dela, 1. aukerak ere baditu eragozpenak, eraikinen artean zenbait espazio (estalitakoak horiek ere) baitaude, baina altuera handiagoan.

    2. eta 2. aukeretan eraikigarritasuna eta eraikuntza-profila murriztea aurreikusten da, eta horrek aukera ematen du okupazio txikiagoko eta solairu gutxiagoko eraikin bat jartzeko, eta, horrela, hiri-ertz egokienean igarobide bat sortzeko. Horrez gain, eremuan etxebizitza babestuak izateak erabilera eta tipologia desiragarriagoen konbinazioa errazten du.

    3. proposamenaren antolamenduan eraikin isolatuak aurreikusten dira, 130 metroko eraikin jarraitu bakar baten ordez (eremu arkupedunen zein ataripeen bidezkoa izan), eta horrek iragazkortasun bisual handiagoa ahalbidetzen du eremuaren iparraldearen eta hegoaldearen artean, eta, horrela, inguruko eraikin finkatuekin morfologikoki hobeto integratuta egotea lortzen da.

      Azkenik, 2. proposameneko eraikin isolatuen antolamenduaren bidez, bi fatxadatara orientatutako etxebizitzak eta hegoaldera orientatutako beste batzuk artikulatzea eta diseinatzea lortzen da. Horrela, etxebizitzen bizigarritasun-baldintzak hobetzen dira eta indarrean dagoen Bizigarritasun Dekretuan ezarritako baldintzak betetzea errazten da.

      Beraz, gogoeta horiek ikusita, ondorioztatzen da 2. aukera dela egokiena eremua garatzeko, bai ingurumenaren ikuspegitik, bai hirigintzaren ikuspegitik.

  2. Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez erabakitzeko.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek kontuan hartuta:

      1. Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: kontuan hartuta kokapena, eragindako eremuaren ingurumen-ezaugarriak, proposatutako garapenaren garrantzia eta etorkizunean planaren esparruan gauzatuko diren proiektuen izaera, ez dago zertan plana ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren mende jarri, berezitasunik ez duela uste da eta.

      2. Planak beste plan edo programa batzuetan nolako eragina duen, hierarkizatuta dauden eraginak barne: planaren ezaugarriak kontuan hartuta, planak ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste ezein plan edo programatan. Ez da aurkitu bateraezintasunik hierarkian gorago dagoen plangintzarekiko.

      3. Plana egokia den ingurumenaren arloan kontuan hartu beharreko alderdiak integratzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeari begira: uste da plana egokia dela garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-alderdiak integratzeko, eta aukera ematen duela energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzera bideratutako neurriak sartzeko, bai eta klima-aldaketara egokitzeko neurriak ere.

      4. Planarekin lotutako ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da detektatu plana gauzatzeak ingurumenean arazo adierazgarririk sortuko duenik, betiere eraginpeko eremuan egin beharreko jarduketak eta jarduerak indarrean dagoen araudia betez egiten badira besteak beste, arlo hauetan: kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak, uholde-arriskua, eragina jabari publiko hidraulikoan edo hari lotutako babes-eremuetan, zarata, bibrazioak, hondakinak eta isurketak, segurtasuna, osasuna eta ingurumena.

      5. Era berean, plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

    2. Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak:

      ARR-1A azterketa-eremua ARR-1 H.I.A Arragua HJE hirigintza-jarduerarako eremuaren parte da. Oiartzungo udalerriaren ipar-ekialdeko muturrean dago, Arragua auzoan, Errenteriako udalerriaren ekialdeko mugaren ondoan. Eremuaren mendebaldean, Lartzabalgo anbulatorioaz gain, GI-2132 errepidea dago; eremuaren hegoaldeko muga Euskal Trenbide Sarearen (ETS) E2 lineak eratzen du; barneko ertzak lehen eraikitako Arragua auzoak mugatzen ditu; eremuaren gainerakoa (iparraldea eta ekialdea) eta ARR-1B sektorea mugakide dira. ARR-1A eremuak 1,27 ha-ko azalera dauka, gutxi gorabehera. Hau da, ARR-1 H.I.A. Arragua HJEak hartzen dituen 7,2 hektareetatik, ARR-1A eremuak guztizkoaren % 17 inguru hartzen du.

      Oiartzungo klima epela da, eta tenperatura ertainak eta hezetasun erlatibo handia ditu; hodeiak maiz izaten dira, eta euria egiten du urte osoan zehar. Oiartzungo estazioko urteko batez besteko tenperatura 15,5 ºC-koa da, eta metatutako prezipitazioa 1.372,8 l/m2-koa.

      Eremutik hurbilen dagoen airearen kalitatearen estazioa Lezon dago. Eskuragarri dagoen azken txosteneko datuen arabera (2022. urtea), SO2, NO2, CO, PM10 eta PM2,5 kutsatzaileen datuak oso onak dira. Halaber, O3 kutsatzailearen datuen maila ere oso ona da.

      ARR-1A eremua ia laua da, eta itsas mailatik 10,5 metrora dago, batez beste. Maldei dagokienez, eremuaren zatirik handienak % 10etik beherako maldak ditu. Eremuan ez dago % 75etik gorako maldarik.

      ARR-1A eremua kuaternarioko materialen gainean dago, eta porositateagatiko iragazkortasun ertaina duten alubioi-metakinak ditu. Identifikatu diren materialak betegarri antropikoak dira (batez ere inguruan kokatutako marmol-fabrika bateko hondakinak), eta harri tuparritsuaren edo 5,5 m-ko sakonerako buztin-maila naturalaren gainean daude zuzenean. Geomorfologiari dagokionez, eremua ibai-sistemari dagozkion lurretan dago. Azkenik, eremuan eta haren ingurune hurbilenean ez da identifikatu ez interes geologiko edo geomorfologikoko punturik, ez interes geologikoko eremurik edo ibilbiderik, ez interes geologikoko lekurik.

      ARR-1A eremuaren kasuan, jatorrizko lurzoruak, gaitasun agrologiko handiko fluvisol motakoak, desagertu egin dira eremutik. Eremuaren zati handi bat artifizializatuta dago. Haren azaleraren % 60 bat dator marmol-fabrikaren hondakindegia izan zenaren kokalekuarekin.

      ARR-1A eremua Oiartzunen unitate hidrologikoan (UH) dago, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren barruan (ES017). Eremua, beraz, onartu berri den Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren aplikazio-eremuan dago. ARR-1A eremuaren mugaren ondoan, errekasto bat dago, urak Lintzirin errekara (Bakarraiztegi) isurtzen dituena; errekasto hori eremuaren iparraldean dago. Eremutik gertu, Lintzirin errekak Oiartzun ibaira isurtzen ditu urak. Oiartzun-A ur-masaren egoera ekologikoa neurrizkoa zen 2022. urtean; egoera kimikoa, berriz, ona. Aztergai den eremua jasotako mantenugaiekiko sentikorra den Oiartzunen estuarioaren atzemate-eremuaren barruan dago.

      Hidrogeologiari dagokionez, aztergai den eremua Zumaia-Irun masaren gainean dago. Akuifero mota, berriz, detritiko finkatu-detritiko mistoa da. Lurpeko ur-masak egoera kuantitatibo ona eta egoera kimiko ona ditu, eta, beraz, egoera globala ontzat hartzen da. Potentzialki kutsagarri gisa inbentariatutako kokalekuko lurzoruaren kalitatearen ikerketan lortutako datuetatik (200063-00227 kodea), lurpeko ura 1 m-tik beherako sakoneran dago lursailaren egungo kotatik. Egindako lurzoru-ikerketen ondorioz, ikusi da aintzat hartutako erreferentzia-balioak gainditzen dituzten kutsatzaile batzuk daudela lurzoruetan eta lurpeko uretan.

      Landarediari eta lurzoruaren erabilerei dagokienez, hiri-parkeen eta lorategien eremuak identifikatu dira landaredi erruderal-nitrofiloa duten hiriguneen ondoan. Gainera, EUNIS habitaten mapak eremua habitat artifizial gisa identifikatzen du; zehazki, zapaldutako eremuak eta landarerik gabeko eraikuntzak dituen habitat artifizial gisa. Eremuaren ekialdean zuhaitz hostotsuen baso txiki bat dago, zuhaitz- eta zuhaixka-espeziez osatua; besteak beste, haltz beltzak (Alnus glutinosa), haritzak (Quercus robur), sahatsak (Salix sp.) eta sasiak (Rubus ulmifolius) daude. Eremuaren ekialdean, baratzez eta mintegiz osatutako eremu txiki bat ere badago, ARR-1B sektore mugakidean hedatzen dena. Batasunaren intereseko habitatak badaude (Larratu gabeko sega-belardi atlantikoak, 6510 kodea), baina birsortze-fasean dagoen zuhaitz hostotsuen baso batek okupatutako eremua da, eta hori ez da Batasunaren intereseko habitat gisa hartzen. Espezie exotiko inbaditzaileen hainbat ale ere identifikatu dira, hala nola panpa-lezka (Cortaderia selloana) eta tximeleta-zuhaitza (Budleja dabidii).

      Faunari dagokionez, EAEko Espezie Mehatxatuen Katalogoan agertzen diren espezieen 61 aipamen daude: 10 espezie kaltebera gisa katalogatuta daude; 28 espezie, interes bereziko gisa; 19 espezie, arraro gisa, eta, azkenik, 4, galtzeko arriskuan dauden espezie gisa. Nabarmendu behar da aztergai den eremua ferra-saguzar mediterraneoaren (Rhinolophus euryale) interes bereziko eremuan (IBE) dagoela.

      Ez aztergai den eremua, ez haren ingurune hurbila ez dira ezein gune babesturen zati, ez eta ezein natura-intereseko eremuren zati ere.

      Aztergai den eremua ez da aipatutako proiektuan definitutako ezein elementuren parte, baina Oiartzun ibaiaren ondoan dago, zeina Sareko Bilbe Urdinekoa baita.

      Eremua eta haren ingurua ez dira sartzen onura publikoko mendietan, babes-mendietan edo erabilera libreko mendietan.

      Paisaiari dagokionez, eremu antropizatutzat hartu daiteke, nahiz eta paisaia-unitateei buruzko kartografiak eremua belardiak eta labore atlantikoak nagusi diren nekazaritzako paisaia-unitate gisa sailkatzen duen.

      Eremuan ez dago kultura-ondare deklaratutako elementurik.

      Higadura-maila txikiko eremuan dago eremua.

      Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruei erreparatzen badiegu, ARR-1A eremua bat dator, neurri handi batean, 20063-002227 kokalekuarekin; eremu hori hondakindegi gisa erabili zuen Uretxe marmol-fabrikak garai batean, gutxienez 1945etik fabrikaren jarduera amaitu eta eraitsi arte (2006 eta 2010 artean). Horri dagokionez, lurzoruaren kalitatearen adierazpena eskatu da dagoeneko. Horretarako, txosten hauek aurkeztu dira:

      2024-02-01: Lurzoruaren kalitatearen miaketazko ikerketa.

      2024-02-01: Lurzoruaren kalitatearen ikerketa xehatua.

      2025-01-08: Hondeaketa selektiboaren plana. R1 eta R2 faseak.

      Uholde-arriskuari dagokionez, uraldien 100 eta 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskua du aztergai dugun eremuak.

      Akuiferoak kutsatzeko arriskuari dagokionez, ARR-1A eremu osoa akuiferoak kutsatzeko arrisku txikia duten guneetan dago.

      Zaratari erreparatuz gero, udalerrian eragin akustiko handiena sortzen duen ingurumen-zarataren fokua bide-zirkulazioa da, eta eragin handiena Arragua auzoan du. Bestalde, errepideek auzoan sortzen duten zarata-maila handia da, batez ere AP-8, GI-636 eta GI-2132 errepideek. Euskal Trenbide Sarearen lineak, berriz, Arragua auzoa zeharkatzen du, eta etxebizitzak daude handik gertu. Plan bereziaren eremuko (ARR-1A) kalitate akustikoa kaltegarritzat jo daiteke. Aztertutako hiru aldietan (goiza, arratsaldea, gaua) ez dira betetzen ez orain, ez etorkizunean kalitate akustikoaren helburuak, ez kanpoko zaratari dagokionez, ez fatxadako zaratari dagokionez.

      Arrisku sismikoari erreparatzen badiogu, Oiartzungo udalerria VI-ko intentsitateko eremuan dago, eta, beraz, nekez gertatuko da eraikinak suntsitzeko gaitasuna duen sismorik; hala ere, udalerrian azterketa zehatzagoak egitea gomendatzen da.

      Baso-suteak izateko arriskua, berriz, baxua da.

      Seveso IIIri dagokionez, ez da detektatu arriskutsuak izan daitezkeen industria-jarduerekin lotutako industriarik azterketa-eremuaren inguruan.

      Salgai arriskutsuak errepidez garraiatzearekin lotutako arriskuak GI-2132 errepidea barne hartzen du; arrisku oso txikiko bidetzat jotzen da, eta eremua, partzialki, 100 metroko eragin-bandaren barruan sartuta dago. Eremuaren iparraldean, ADIFen trenbide-linea bat dago, eta linea horretako salgaien garraioko arriskuari lotutako 200 metroko eragin-bandan sartzen da ARR-1A eremua.

      Ur-hornidurari eta -saneamenduari dagokienez, Añarbeko Mankomunitatea arduratzen da edateko ura hornitzeko, saneatzeko eta hondakin-urak arazteko zerbitzuak emateaz.

      Azkenik, ingurumen-unitate homogeneoak honela sailkatzen dira:

      Lurzoru artifizializatuak eta eraikuntzak: eremu antropizatuak dira, eta anbulatorioaren aurreko aparkalekuak eta eremuko parke eta lorategiek okupatutako lursailei dagozkie. 6.583 m2-ko azalera dute, eta eremuaren % 53 inguru hartzen dute.

      Landa-lurzorua (belardiak eta baratzeak): aisia-eremu gisa erabilitako belardiak eta eremuaren mutur batean kokatutako baratzeak dauden gainazalak dira. 4.308 m2-ko azalera du; hau da, eremuaren % 35 inguru hartzen du.

      Ibai-sistema: unitate honek barne hartzen ditu Lintzirin (Bakarraiztegi) errekaren adarraren ibilgua eta ertzak. 290 m2-ko azalera du, eta eremuaren % 2 inguru hartzen du.

      Basoak: unitate hau zuhaizti hostotsuak hartzen dituen lursailek osatzen dute, non zuhaixka-espezieak eta zuhaitzak baitaude. Eremuaren ekialdean dago, eta 1.299 m2-ko azalera du; hau da, eremuaren % 10.

      Plan bereziaren aldaketaren xede den eremua Arragua auzoan dago, natura-elementu nabarmenik ez duen ingurune artifizializatu batean. Eremuan, GeoEuskadi plataforman Batasunaren intereseko habitat gisa (Altitude baxuko sega-belardi pobreak, 6510) identifikatutako lurzati txiki bat identifikatu da; hala ere, gaur egungo erabilerak ez du horrelako ezaugarririk.

      Ingurumen-arrisku posibleei dagokienez, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituen edo izan dituen lurzati bat identifikatu da, eremuaren zati bat errepikatze-denbora desberdinetako uholde-arriskukotzat jo da eta eremuak etorkizuneko hirigintza-garapenetako kalitate akustikoaren helburuak gainditzen dituzten ingurumen-zarataren mailak jasaten ditu. Uste da ezen, indarrean dagoen legeria betetzen bada bereziki, zaratari eta airearen kutsadurari, urei, lurzoruei, hondakinei eta isurketei buruzkoa, eraginak txikiak izango direla, eta, oro har, aldi baterakoak, itzulgarriak eta berreskuragarriak.

      Ingurumen-arrisku posibleak aztertu dira, eta lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituen edo izan dituen lurzati bat identifikatu da, eremuaren zati bat errepikatze-denbora desberdinetako uholde-arriskukotzat jo da eta eremuak bizitegi-eremu berrietako kalitate akustikoaren helburuak gainditzen dituzten ingurumen-zarataren mailak jasaten ditu.

      Era berean, ingurunearen eta planaren aldaketaren ezaugarriak kontuan hartuta, ez da aurreikusten naturagune babestuei, akuiferoei, faunarentzako intereseko eremuei eta ondare arkeologiko eta arkitektonikoari eragitea. Era berean, ez dira garrantzitsuak higadura-arriskuaren, arrisku sismikoaren edo Seveso enpresak hurbil egotearen ondoriozko eraginak.

      Uste da ezen, indarrean dagoen legeria betetzen bada bereziki, zaratari eta airearen kutsadurari, urei, lurzoruei, hondakinei eta isurketei buruzkoa, eraginak txikiak izango direla, eta, oro har, aldi baterakoak, itzulgarriak eta berreskuragarriak.

      Kontuan harturik aurreko guztia, eremuaren gaur egungo egoera, planak indarrean den plangintzaren aldean proposatzen dituen aldaketen ondoriozko jarduketak, eta, orobat, aplikatutako babes- eta zuzenketa-neurriak, a priori ez da espero jarduketa horiek inpaktu nabarmenik sortuko dutenik ingurumenean.

  3. Ebazpen honetan, beherago aipatzen diren neurri babesle eta zuzentzailea ezartzen dira, planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Oiartzungo Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko Arraguako ARR-1A HJEko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren aldaketari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako neurri babesleak eta zuzentzaileak esandako planean txertatzen badira.

    Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ingurumen-txosten estrategikoak formulatzen duen ebazpenean adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-agiri estrategikoan eta planean bertan jasotakoarekin bat etorriz.

    Beraz, planak jaso beharko dituen zehaztapenen artean, honako hauek daude:

    Ur-baliabideen gaineko eraginei buruzko neurriak:

    URAk egindako txostenaren arabera, CF1 (ibai-ibilguak) lurzatia garatzeko hirigintza-arauditik mantentze- eta kontserbazio-baldintza kentzeko eskatzen da, Oiartzungo Udalak eta URAk sinatutako lankidetza-protokolo bat baitago jabari publiko hidraulikoko ibilguetan eta ibaiertzetan batera esku hartzeko. Beraz, protokolo horren esparruan esku hartuko da, hala badagokio, bi administrazioen artean ezarritako urteko jarduketa-planaren arabera.

    Errekaren desbideratzeari, bideratzeari eta ingurumen-hobekuntzari erreparatuz gero, plan berezia garatzeko dokumentuan xehetasun eta definizio handiagoz jaso beharko da haren egokitzapen morfologikoa eta hura erreka ingurunean integratzeko natura-tekniken ezarpena.

    Ibilgu berria definitzeko, kontuan izan behar da saihestu egin behar direla ubideratze artifizialak eta egokitu egin behar direla lurrezko ezponden ertzak, landarez babestuz, eta oinarriak irregularra izan behar duela, baita bideen azpiko zuloetan ere, errekastoetan bizitza egotea eta fauna bertatik igarotzea ahalbidetuko duen ur-lamina bat egotea bermatzeko.

    Jabari publiko hidraulikoari eragiten dion edo haren babes-eremuetan (zortasun- eta zaintza-eremua) kokatzen den jarduera orotan Uraren Euskal Agentziaren nahitaezko baimena beharko da.

    Izenik gabeko errekastoaren gainean proposatutako zubietan, 47. artikulua bete beharko da: «Zubiak, estaldurak eta babes-neurri estrukturalak diseinatzeko eta plan hidrologikoko ibilguen trazadura aldatzeko arau espezifikoak».

    Plan bereziak plan hidrologikoaren araudia jaso beharko du uholde-arriskuko eremuetako lurzoruaren erabilerari dagokionez; zehazki, 45.1 artikuluan ezarritakoa.

    Azkenik, hirigintza-izapidean zehar, ente kudeatzailearen txostena jaso beharko da, eta txosten horrek adierazi beharko du hornidura- eta saneamendu-azpiegiturak nahikoak diren ala ez eskari horiek eta karga berriak bermatzeko.

    Eremuko kalitate akustikoa babesteko neurriak:

    Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluan xedatutakoaren arabera, kanpoko ingurunean kalitate akustikoaren inguruko xedeak betetzen ez dituzten eremuetan ezingo da etorkizunera begirako hirigintza-garapenik egin, 43. eta 45. artikuluetan xedatutakoa ezertan eragotzi gabe.

    Alde horretatik, azterketa akustikoaren arabera, planaren area akustikorako kalitate akustikoko helburuak bete ezean, beharrezkoa izango litzateke babes akustiko bereziko eremutzat (aurrerantzean BABE) deklaratzea, bat etorriz dekretu horren 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoarekin. Deklarazio horrek bermatu beharko du gutxieneko edukia bat datorrela Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 45. artikuluko b) letran eta ondorengoetan adierazitakoarekin. BABE-adierazpen horretan jasotako eremuko plana, kanpoaldea babesteko teknikoki zein ekonomikoki egokiak diren neurriak ezartzen dituena, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 46. artikulutik 48. artikulura bitartean ezarritakoari egokituko zaio.

    Eremuko planean jasotako neurriak ezarri arren kalitate-helburuak betetzen ez badira eta soilik kasu horretan, toki-administrazioak eremu hori egoera akustiko bereziko eremu gisa deklaratuko du, eta helburu horiek betetzeko neurri osagarri berriak definituko dira.

    Nolanahi ere, eraikin sentikorren etxebizitzak edo ospitale-, hezkuntza-, kultura-, erlijio- eta administrazio-erabilera dutenak badira barnealdeko kalitate akustikoko helburuak bete beharko dira beti; horretarako, udalak hori justifikatzen duen txosten bat egin beharko du, kasuan kasuko eraikuntza-baimena eman aurretik, eta kanpoaldea babesteko zuzenketa-neurriak ezarri beharko ditu.

    Azkenik, planak ziurtatu beharko du, dagokion hirigintza-tresnari hasierako onarpena eman aurretik, azpiegituren zortasun akustikoen pertsona edo entitate titularrek kutsadura akustikoaren erregulazioari dagokion nahitaezko txostena egiten dutela, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 30. artikuluan adierazitakoa betez.

    Aurreko neurriak eragotzi gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak lotuta egongo dira obrak egiteari, lurrak eta soberakinak kudeatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, hondeatutako lurzoruak kontrolatzeari, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira, eta planak azkenean hartzen dituen zehaztapenei erantsiko zaizkie:

    Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretara egindako isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jarduerak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.

    Obra-eremua mugatzea eta instalazio osagarriak kokatzea. Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira kontratistaren instalazio-eremuak, barnean direla makineria-parkea, obra-txabolak, obrako materialak aldi baterako biltegiratzeko gunea, eta landare-lurra eta hondakinak aldi baterako biltzeko guneak.

    Hondakinak sortzea eta kudeatzea. Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak ezarritakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.

    Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzeari aurrea hartzea sustatu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkeran kudeatu daitezela; hau da: prebentzioa, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.

    Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea ez dela bideragarria haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.

    Olio erabiliak kudeatzeko, Industria-olio erabilien kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan xedatutakoa beteko da.

    Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izan beharko dira, baldin eta, hondakin horien tipologia dela-eta, isurketaren baten ondorioz nahastuz gero areagotu egiten bada haien arriskugarritasuna edo zaildu egiten bada haien kudeaketa. Hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte, eta itxita egongo dira kudeatzaileari entregatu arte, isurita edo lurrunduta edukirik gal ez dezaten. Edukiontzi edo ontzi horiek modu argi, irakurgarri eta ezabaezinean etiketatuta egon beharko dute, indarrean dagoen araudiaren arabera.

    Eremu jakin bat egokituko da hondakin arriskutsuak bertan behin-behinean pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Halaber, obran zehar, eta lanek irauten duten bitartean, elementu estankoak jarriko dira (bidoiak eta abar) sortutako hondakinak biltzeko. Hondakin horiek motaren arabera bereizi beharko dira, aipatutako garbigunean aldi baterako biltegiratu baino lehen.

    Espresuki debekatuta dago sortutako hondakin-tipologia desberdinak elkarren artean edota beste hondakin edo efluente batzuekin nahastea. Halako hondakinak jatorritik bereiziko dira, eta bilketa- eta biltegiratze-bitarteko egokiak prestatuko dira nahasketa horiek ekiditeko.

    Olio erabiliak estalpean utziko dira kudeatzaile baimendu bati entregatu arte, behar bezala etiketatutako depositu estankoetan, zolata iragazgaitz baten gainean, eta kubo txikietan edo isuriei eta ihesei eusteko sistemen barruan.

    Aplikatzekoa den araudia betetzen laguntzeko, lanetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da langileek sistema horiek behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez da inola ere kontrolatu gabeko efluenterik sortuko erregaiak eta produktuak biltegiratzearen, makineria mantentzearen eta hondakinak erretzearen ondorioz.

    Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

    Lur-soberakinak sortzen badira, lehentasuna emango zaio lur- eta arroka-soberakinak mailegu-premian dagoen hurbileko obra batean balorizatzeari. Balorizatzea ezinezkoa bada, soberakinak metatzeko egon daitezkeen kokalekuak identifikatuko dira, eta soberakinak eramateko dauden alternatibak ingurumen-irizpideekin aztertuko dira, ingurumen-inpaktu txikiena duen lekua hautatzeko. Azken kasu horretan, soberakinen biltegi baimendu bat izango da beti, eta arau hauetan xedatutakoa betez egingo da haien kudeaketa: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena; eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.

    Lurzoruak eta urak babestea:

    Oro har, ibilguen mugakide diren obrek jabari publiko hidraulikoaren zortasun-eremua (5 m) igarotzeko libre eta oztoporik gabe utzi behar dute, bai eta lursail naturala aldatzeko esku-hartzerik gabe ere (hala nola eraikinak, instalazioak edo eraikuntzak, lur-mugimenduak, betelanak, etab.). Nolanahi ere, egoera onean dagoen ibaiertzeko landarediari eragitea saihestuko da.

    Babestu egin beharko dira ibai-ibilguen egoera naturalak eta horiei lotutako ur-bazterreko landaredia, edo, hala badagokio, egoera horiek behar bezala lehengoratzea.

    Neurri prebentibo eta zuzentzaileak ezarriko dira obra-faserako, istripuzko isurketen eragina saihesteko, batez ere makineria mantentzeko lanetan.

    Bilketa-eremuak, instalazio lagungarriak eta makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira, lurpera ez iragazteko. Eremu horietako drainadura inguruneko drainatze naturaletik hidraulikoki isolatuta egongo da, efluenteak behar bezala tratatu ahal izateko.

    Makineriaren eta ekipoen mantentze-lanak obra-barrutian bertan egingo dira, horretarako gaitutako lekuetan, behar bezala kontrolatuta eta egokituta balizko isuriei eusteko. Nolanahi ere, hondakinak (bereziki olio erabiliak) biltzeko sistema bat izango duen plataforma iragazgaiztu baten gainean egingo dira obran erabiltzen den makineriari erregaia jartzeko, lubrifikatzaileak aldatzeko eta abarretarako lanak, lurpera ez iragazteko eta urak ez kutsatzeko.

    Material xurgatzaile espezifikoa (sepiolita edo baliokideak) eduki beharko da, berehala jarduteko olioen, erregaien edo bestelako substantzia arriskutsuen istripuzko edozein isuriren aurrean.

    Kutsatuta egon litezkeen lurzoruak:

    Eremua lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako 20063-002227 Geoiker kodeko (hondakindegia) lurzatian dago.

    Obrak egin bitartean lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten beste kokagune batzuk atzemanez gero, edo lurzorua kutsatzen duten substantziak daudelako zantzu funtsatuak egonez gero, horren berri eman beharko zaie, berehala, Oiartzungo Udalari eta Ingurumeneko Sailburuordetzari, azken horrek zehatz ditzan zer neurri hartu behar diren eta zein pertsona fisikok edo juridikok bete beharko dituen neurriak, bat etorriz Lurzorua kutsatzea saihesteko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikuluarekin.

    Kamioiek obrara sartzeko eta handik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makina mekanikoak erabiliko dira.

    Airearen kalitatea babestea. Ibilgailuak eta makinak garbitzeko gailuak egongo dira, baita gurpilak garbitzeko plataformak ere, lokatzik edo hautsik ez hedatzeko, eta kamioiek obretan sartzeko eta obretatik ateratzeko erabiliko dituzten bideak garbi eduki beharko dira, presiozko ura edo erratz-makinak erabilita. Hondeaketatik ateratako materiala hezetasun-baldintza egokienetan garraiatuko da, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lokatzak eta partikulak barreia ez daitezen.

    Kultura-ondarea babestea. Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

    Salgai arriskutsuen garraioaren ondoriozko arriskuari buruzko neurriak (errepideak eta trenbidea). Errepidez eta trenbidez salgai arriskutsuak garraiatzeak dakarren arriskua dela-eta sor daitezkeen larrialdiei aurre egiteko Euskal Autonomia Erkidegoko plan berezian adierazitakoa aplikatuko da (Eusko Jaurlaritza, 2001).

    Obrek sortutako zarata. Obra-faseko zaratak: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

    Obrek iraun artean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko; bereziki, hondeaketetan, eraispenetan, zamalanetan, garraio-lanetan eta abar, bai eta erabilitako makinen mantentze-lan orokorretan eta zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan ere.

    Eguneko lan-ordutegian egingo dira lanak.

    Obrek sei hilabete baino gehiago iraungo dutela aurreikusten bada, inpaktu akustikoaren azterketa egin beharko da, egoki diren zuzenketa-neurriak zehazteko, hala ezarrita baitago urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluan.

    Obrek eragindako espazioak lehengoratzea.

    Obra-proiektuek lehengoratze-proiektu bat izango dute lotuta, eta bertan garatuko dira jarduketak, haiek gauzatzeko behar besteko xehetasun-mailarekin, aurrekontua barne.

    Obrak egiteak eragindako eremu guztiak lehengoratuko dira, kendu diren zuhaitzak birjarrita, hala behar bada; horretarako, harizti azidofiloa eta harizti-baso misto atlantikoa landatuko dira.

    Lintzirin errekaren kasuan, gutxienez 2 metroko zabalera izango du ibilguak eta 2 metroko ertzak alde bakoitzean; horrez gain, haltzadi kantauriarraren espezie bereizgarriak landatuko dira ibaiadarraren inguruan.

    Obrek eragindako guneak lehengoratzean, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak landutako Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua (Udalsarea, 2017) argitalpenaren arabera, eta, besteak beste, eremu hartako baldintza bioklimatikoetara egokitzen diren eta mantentze-lan gutxi behar duten landare-espezie autoktonoak erabiltzea bultzatuko da.

    Hirigintza- eta urbanizazio-garapen berriek, industrialdeek eta abarrek drainatze jasangarriko sistemak ezarri beharko dituzte, eta behar-beharrezkoa den azaleretara mugatu beharko dute zoladura edo okupazio iragazgaitza; hala, jariatze-uren balizko igoera konpentsa daitekeela edo garrantzirik gabekoa dela bermatuko da; halaber, sortutako jariatze-uren tratamendua aurreikusi beharko dute, Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduan eta plan hidrologikoetan ezarritakoa betez. Alde horretatik, azterlan hidrologiko-hidraulikoa jaso beharko du hirigintza-garapenaren espedienteak.

    Hirigintza-garapen berrietan drainatze jasangarriko sistemak sartzeko helburu horrekin, MITECOren argitalpen hau kontuan hartzea gomendatzen da: Uholde-arriskura egokitzeko gida: drainatze jasangarriko hiri-sistemak, 2019.

    Espezie inbaditzaileak kontrolatzeko, haiek hedatzeko arriskua murriztu beharko da, birlandaketa-lanetan flora aloktono inbaditzaileko aleak kendu eta landareak berriro sartzen direnean. Kasu horretan, bermatu beharko da birlandatze-lanetan eta lorategiak egiteko lanetan erabilitako landare-lurrak ez duela flora inbaditzaileko propagulurik eta ez dela erabiltzen inbaditzailea izan daitekeen espezie aloktonorik edo espezie arriskutsurik kontsultatu Espezie apaingarriak hautatzeko gida (Udalsarea, 2017), hala nola Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana edo beste batzuk. Halaber, espazio libreak lehenbailehen landareztatuko dira, higadura-prozesuak gertatzea, solidoak drainatze-sarera arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa saihesteko.

    Gainera, flora aloktono inbaditzailea desagerrarazteko eta kontrolatzeko protokolo bat txertatuko da, dauden espezieak desagerrarazteko neurriak jasoko dituena. Ibai-sareari dagokionez, espezie inbaditzaile horiek eskuliburu honetan jartzen duen bezala kudeatuko dira: EAEko ibai-eremuetan landare inbaditzaileen espezieak kudeatzeko jardunbide egokien gidaliburua (URA, 2021).

    Urbanizazio-proiektuak eranskin bat izan beharko du, eremuaren ingurumen- eta paisaia-integrazioa jasoko duena; horrez gain, berdeguneak eta ibai-sistema lehengoratzearekin lotutako neurri zuzentzaileak txertatuko ditu.

    Kanpoko argiztapenari dagokionez, energia-efizientzia maximizatzera eta argi-kutsadura minimizatzera jo beharko da, 2008ko azaroaren 14ko 1890/2008 Errege Dekretua betez (Kanpo-argiztapeneko instalazioen energia-efizientziari buruzko erregelamendua eta haren jarraibide tekniko osagarriak onartzen dituena, EA-01etik EA-07ra).

    Jasangarritasuna eraikuntzan. Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoetarako behar diren ezaugarriei dagokienez, Eraikuntza iraunkorrerako gidak liburuxkan jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek alderdi hauetan eragin beharko dute, gutxienez:

  1. Materialak. Lehengai ez-berriztagarri gutxiago kontsumitzea.

  2. Energia. Energia-kontsumoa murriztea edo energia gutxiago sortzea iturri ez-berriztagarrien bidez.

  3. Edateko ura. Edateko ur gutxiago kontsumitzea.

  4. Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

  5. Uraren zikloa. Uraren kudeaketa eta kalitatea hobetzea.

  6. Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisio gutxiago sortzea.

  7. Barneko kalitatea. Barneko airearen kalitatea, konforta eta osasuna hobetzea.

  8. Hondakinak. Hondakinen kudeaketa hobetzea edo hondakin gutxiago sortzea.

  9. Lurzoruaren erabilera. Lurzoru gutxiago okupatzea.

  10. Mugikortasuna eta garraioa. Mugikortasun jasangarri eta unibertsala sustatzea. Garraio-prozesuak gutxitzea eta pertsonen mugikortasuna hobetzea.

  11. Ekosistemak eta biodibertsitatea. Naturaguneen funtzioak hobetzea edo biodibertsitatea handitzea edo kontserbatzea.

  12. Paisaia. Sektorea eta haren instalazioak paisaian integratzea.

  1. Arriskuak eta segurtasuna. Arrisku naturalak edo antropikoak minimizatzea.

  2. Klima-aldaketa. Klima-aldaketaren ondorioetara egokitzea.

    Bigarrena. Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako prebentzio-neurriak eta neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Oiartzungo Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko Arraguako ARR-1A HJEko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren aldaketak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

    Hirugarrena. Oiartzungo Udalari ebazpen honen edukiaren berri ematea.

    Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

    Bosgarrena. Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen ondoreak sortzeari utziko dio, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, baldin Oiartzungo Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko Arraguako ARR-1A HJEko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren aldaketa onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazioa egiteko prozedura, salbu eta ingurumen-organoari haren indarraldia luzatzeko eskatzen bazaio. Hori gertatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz zehaztutako moduan.

    Vitoria-Gasteiz, 2025eko urriaren 28a.

    Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

    NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik