Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2025eko maiatzaren 7koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, Derioko EU04 Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 99
  • Hurrenkera-zk.: 2303
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2025/05/07
  • Argitaratze-data: 2025/05/28

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena; Gobernua eta Administrazio Publikoa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2025eko otsailaren 4an, Derioko Udalak eskabidea aurkeztu zuen Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, Derioko EU04 Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiten hasteko. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukiarekin.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2025eko martxoaren 5ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluarekin.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri behar dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmena izan dezaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, horrela ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.

Plan Berezia Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan dago jasota. Artikulu horretan ezartzen da zer plan eta programak behar duten ingurumen-organoak eginiko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua zehazki, b) letran, aurreko apartatuan aipatutako planak eta programak, hedadura txikiko eremuen erabilera ezartzen dutenak udal-mailan.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan arautzen da, II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera. Txosten honetan, Planak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen ala ez aztertzen da eta, beraz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana gauzatu eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 18/2024 Dekretua, ekainaren 23koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Derioko EU04 Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, ondoren jasotzen diren zehaztapenei jarraikiz:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    Planak Derioko Arau Subsidiarioetan mugatutako hiri-lurzoruaren 04. egikaritze-unitatea antolatzen du, zeinak 2.240 m2 baititu. Eremua Derio udalerriaren barruan dago, eta lurzorua hondoratuta dago gainerako kaleekin alderatuta. Iparraldean eta ekialdean, Euskal Herria kalearekin egiten du muga; hegoaldean, Txorierriko etorbidearekin (BI-737) eta Euskotrenen trenbide-sarearekin (Bilbo-Lezama linea), eremutik 15 bat metrora; eta mendebaldean, berriz, Pagasarri kalearekin. Ipar-mendebalderantz, gutxi gorabehera kilometro batera dago Bilboko aireportua.

    Jarduketa-eremua lurzoruak dira nagusiki pribatuak, baina bada parte bat udal-lurzoru publikoak dituena ere, bide publikoei dagokiena. Hiri-lurzoru finkatua da, erabat urbanizatua, eta beharrezko diren zerbitzu guztiak ditu.

    Indarrean dauden Derioko Arau Subsidiarioek aukera ematen dute 2.200 m2 eraikitzeko sestra gainean eta 700 m2 sestra azpian, eraikuntza-profil honekin: sotoa, beheko solairua eta goiko hiru solairu. Gaur egun, lurzatiak barnean hartzen ditu etxebizitza-eraikin bat eta atxikitako beste eraikin batzuk katastroaren arabera, «merkataritza-erabilerako nabea» eta garajea dira.

    Planaren xedea da Derioko Arau Subsidiarioetako 04. egikaritze-unitatea zehatz-mehatz berrantolatzea, hirugarren sektoreko eraikin bat eraiki ahal izateko, zeinak supermerkatu bat izango baitu beheko solairuan (Eroski).

    Planaren bidez, aldatu egiten da eraikinaren bolumetria, Eroskiren beharretara hobeto egokitu dadin, eta helburua da azalera handiagoa lortzea beheko solairuan eta sotoan, goiko solairuen zati bat hartuta. Eraikinaren oinplanoko okupazioa handitzean, aldatu egiten da zonifikazio xehatua ere, eta, beraz, beharrezkoa da Hiri Antolamenduko Plan Berezia (Plana) izapidetzea. Zehazki, Planak sestra azpiko 1.280 m2-ko eta sestra gaineko 1.620 m2-ko eraikigarritasuna proposatzen du, profil honekin: sotoa, erdisotoa, beheko solairua eta goiko solairu bat.

    Planaren antolamendu-irizpideek alderdi hauek biltzen dituzte:

    Eraikinaren bolumetria aldatzea, arau subsidiarioek emandako eraikigarritasunari eutsita.

    Beheko solairuko azalera handitzea, merkataritza-erabilerako azalera handiagoa lortzeko, bai eta garaje-erabilerarako sotoko solairua ere.

    Lehen solairuaren zati txiki bat eraikitzea, bulego gisa erabiltzeko, eta 2. eta 3. solairuak alde batera uztea.

    Ibilgailuentzako sarbidea egitea Txorierriko etorbidetik, aparkalekura sartzeko. Zona horretan zamalanetarako gune bat aurreikusten da supermerkatua hornitzeko kamioientzat.

    Lurzati pribatuan dauden eraikinak eraistea.

    Dagoen hutsartean altxatzea eraikin berria, Pagasarri eta Euskal Herria kaleetako fatxadak osatuz.

    Gune bat erreserbatzea Bizkaiko Bizikleta Bideen Lurralde Plan Sektorialean aurreikusitako bidegorria eraikitzeko, zeina Txorierriko etorbidetik igaroko baita.

    Planak 638 m2-ko bide-sarea antolatzen du erabilera publikoko lurzatirako, bai eta 74 m2-ko erreserba ere bidegorrirako; lurzati pribaturako, berriz, 1.528 m2 hirugarren sektoreko erabilerarako.

    Erabilera tertziarioko lurzatirako eraikigarritasuna 1.280 m2-koa izango da garaje-erabilera duten sotoan eta erdisotoan, 1.280 m2-koa txikizkako merkataritzako erabilera tertziarioa duen beheko solairuan, eta 340 m2-koa bulego-erabilera tertziarioa duen lehen solairuan.

    Ez da ezagutzen lur-mugimenduaren azken balantzea, baina, sotoko solairua egiteko indusketen aurreikuspena kontuan hartuta, soberakinak sortuko dira.

    Planaren garapena birpartzelazio-proiektu baten bidez edo prozedura baliokide baten bidez aurreikusten da, egungo jabetzaren egitura antolamendu berrira egokitzeko.

    Aztertutako alternatibak:

    Ingurumen dokumentuak bi aukera jasotzen ditu, eta, horietaz gainera, 0 aukera ere bai hau da, ez esku hartzea eta lurzatia egungo egoeran uztea, supermerkatua zabaldu gabe. Aukera hori baztertu egin da; izan ere, lursailak hondoratuta jarraituko luke inguruko gainerako kaleekin alderatuta. Horrek segurtasun-ezaren sentsazioa sortzen du; gainera, ez litzaieke Eroskiren zerbitzua eskainiko bizilagunei, eta ez lirateke sortuko 25-30 lanpostu.

    Lehendabiziko alternatibak, indarrean dauden arau subsidiarioetan jasotako antolamendua betez, hirugarren sektoreko erabilerako eraikin bat eraikitzea proposatzen du: hirugarren sektoreko erabilerako 2.200 m2-ko sabai-eraikigarritasuna sestra gainean, eta garaje-erabilerako 700 m2-ko sabai-eraikigarritasuna sestra azpian (sotoko solairua, beheko solairua eta goiko hiru solairu). Merkataritza-erabilera beheko solairuan bakarrik baimentzen da, eta arau subsidiarioek 700 m2-ko sabai-eraikigarritasuna aurreikusten dute beheko solairurako, baita eraikinaren inguruan urbanizatutako eremu bat ere.

    Bigarren aukerak, arau subsidiarioek emandako eraikigarritasunetik abiatuta, oinplanoan okupazio handiagoa eta altuera eta eraikuntza-profil txikiagoa proposatzen ditu (sotoa eta erdisotoa, beheko solairua eta goiko solairu bat). Hala, ahalik eta merkataritza-azalera irisgarriena lortu nahi da Euskal Herria kaletik, bai eta aparkaleku bat ere sestra azpian, beheko solairuaren neurri berekoa, sarbidea Txorierriko etorbidetik duena. Beheko solairuko kotaren eta Txorierriko etorbidearen arteko desnibela kale horretatik sotora sartzeko aprobetxatzen da.

    Ingurumen-dokumentuaren arabera, bigarren aukerak eremu handiagoa eskaintzen du beheko solairuan, aparkaleku gehiago eskaintzen ditu, eta bertara sartzeko ia maila berean dago. Horrek hobetu egiten ditu erabiltzaileen irisgarritasuna eta erosotasuna. Gainera, profil eta altuera baxuagoko eraikin bat hobeto integratzen da hiri-ingurunean, eta eutsi egiten zaio auzoaren estetikari. Horregatik guztiagatik, bigarren alternatibaren aldeko hautua egin da.

  2. Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

      1. Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: kontuan hartuta kokapena, eragindako eremuaren ingurumen-ezaugarriak, proposatutako garapenaren garrantzia eta etorkizunean Planaren esparruan gauzatuko diren proiektuen izaera. Irizten zaio Planak ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egiteko berezitasunik.

      2. Planak zein neurritan eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, hierarkizatuak daudenak barne. Planak proposatzen du lurzati baten berrantolaketa xehatua egitea hiri-lurzoru finkatuan. Horrela, erabilera tertziarioko eraikin bat altxatu ahal izango da, zeinak Derioko Arau Subsidiarioetan ezarritakoa baino azalera handiagoa izango baitu beheko solairuan eta sotoan. Ez da bateraezintasunik hauteman hierarkikoki gainetik daukan plangintzarekin, baldin eta kamioiak lursailera sartzea bateragarri egiten bada Bizkaiko Bizikleta Bideen Lurralde Plan Sektorialean aurreikusitako bidegorriarekin (L2 Txorierri-Mungialdea ardatz egituratzailea).

      3. Plana egokia den edo ez ingurumen-gogoetak integratzeko, bat eginik, bereziki, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin. Ondorioztatu da Plana egokia dela garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-kontsiderazioak integratzeko eta aukera ematen duela energia-aurrezpena eta -efizientzia sustatzeko neurriak txertatzeko.

      4. Planarekin lotutako ingurumen-arazo esanguratsuak. Ez da hauteman Plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, lurzoruei, urei, zaratari, hondakinei eta isurpenei, segurtasunari, osasunari eta ingurumenari buruz indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako jarduketak eta jarduerak.

      5. Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europako nahiz Espainiako legedia txertatzeko, ingurumenaren arloan.

    2. Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak:

      Planak 2.240 m2-ko eremu bat antolatzen du, zeinak erabat urbanizatutako lurzorua baitu Derioko hiri-sare finkatuan. Lurzati pribatua da, eta haren lurzorua hondoratuta dago gainerako kaleekin alderatuta. Litologikoki, tuparriz, kareharri-tuparriz, kareharriz eta hareharriz osatuta dago, eta pitzadura bidezko iragazkortasun txikia du. Planaren xede diren lurzoruak ez daude antolatuta Nekazaritza eta Abeltzaintzako LPSan.

      Eremua «Ibaizabalen unitate hidrologikoan (UH)» dago, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoan (ES017). Zehazki, Asua-A (ES111R074021) ur-masaren isuri-arroan dago. Eremuan ez dago ur-ibilgurik, eta gertuen dagoen ibilgua, Asua ibaia, 180 m-ra baino gehiagora dago hego-mendebalderantz. Eremuak ez du barnean hartzen Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroko elementurik. Ikuspegi hidrogeologikotik, eremua «Bizkaiko Sinklinorioa» lurpeko ur-masaren (ES017MSBT017-005) gainean dago, eta interes hidrogeologikoko zona batekin egiten du muga hego-mendebaldean.

      Eremuan ez da hautematen ingurumen-balio nabarmenik. Ez du ukitzen Natura 2000 sareko naturagune babesturik, ezta inbentarioan sartutako beste gune babestu edo natura-interesekorik ere. Halaber, ez dauka inbentario edo katalogoren batean jasotako paisaia-baliorik, eta ez du ukitzen EAEko Interes Geologikoko Lekuen Inbentarioan jasotako interes geologikoko lekurik, ez eta EAEko korridore ekologikoen sareko elementurik ere. Eremuan ez da hauteman espezie mehatxaturik, ezta Batasunaren intereseko habitatik ere.

      Eunis (geoEuskadi) habitaten kartografiaren arabera, eremua dentsitate handiko herri eta hirietako eraikuntzen gainean dago. Ingurumen-dokumentuak berresten du eremua batez ere gizakien presentziarekin lotuta dagoela.

      Ez Planaren eremuan, ez haren ingurune hurbilean, ez da identifikatu fauna mehatxatua edo Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoak kudeatzeko plan onartuen xede den espaziorik. Ingurumen-dokumentu estrategikoaren arabera, eremuan ageri den fauna gizakien presentziarekin oso toleranteak diren espezieek osatzen dute.

      Eremua Lezamako ikuspen-arroari dagokio, eta eremu antropogenikoan dagoen hiri-paisaia da. Eremua ez dago EAEko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoan sartuta (Eusko Jaurlaritza, 2005).

      Planaren xede diren lurzatietan ez dago eraikitako kultura-ondareko elementu babesturik, ez eta arkeologikorik ere.

      Eremuaren egoera akustikoari dagokionez, aurkeztutako dokumentazioan egungo eta etorkizuneko egoeraren inpaktu akustikoari buruzko azterlan bat jasotzen da Audiotec enpresak 2024ko abenduan egina. Han, ondorioztatzen da Planaren xede den arloak, garatu ondoren (etorkizuneko egoera), beteko dituela kalitate akustikoaren helburuak, eta, beraz, ez dela beharrezkoa prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezartzea. Ez da sartu bibrazioen azterketarik (trena 75 m-ra baino gutxiagora).

      Arriskuei dagokienez, eremuan ez dago Ihoberen Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzoruen inbentarioko kokagunerik, eta, Uraren Euskal Agentziaren uholde-arriskuari buruzko kartografiaren arabera, uholde-arriskuko eremuetatik kanpo dago. Bestalde, ez da identifikatzen sismikotasun, higadura, baso-sute, akuiferoen kalteberatasun, salgai arriskutsuen garraio edo Seveso Zuzentarauari atxikitako enpresetatik hurbil egoteagatik eratorritako arrisku handirik.

      Aurrekoa kontuan harturik, Plana garatzeak ekar ditzakeen ondorioak eraikuntza berria altxatzeko eta ingurua urbanizatzeko obrak gauzatzearekin daude lotuta, eta horrek askotariko lanak ekarriko ditu, hala nola eraistea, lurzorua okupatzea, lurrak mugitzea, materialak eta hondakinak aldi baterako garraiatzea, zimendatze-hondakinak eta eraikuntza- eta eraispen-hondakinak (EEH) erretiratzea, urbanizazioa berrezartzea, ustekabeko isurketak, ibilgailuen trafikoa areagotzea, ur- eta energia-kontsumoa, emisio atmosferiko eta akustikoek biztanleei eragindako eragozpenak eta abar. Hori guztia hiri-eremu batean izango da.

      Indarrean dagoen legeria eta, bereziki, zaratari eta airearen kutsadurari, urei, lurzoruei, hondakinei eta isurketei buruzkoak betetzen badira, eraginak txikiak izango dira, eta, oro har, aldi baterakoak, itzulgarriak eta lehengoratzeko modukoak.

      Kontuan harturik aurreko guztia, eremuaren gaur egungo egoera, Planak indarrean den plangintzaren aldean proposatzen dituen aldaketen ondoriozko jarduketak, eta, orobat, aplikaturik prebentzio, babes- eta zuzenketa-neurriak, ez da espero jarduketa horiek inpaktu nabarmenik sortuko dutenik ingurumenean.

    3. Ebazpen honetan, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Derioko EU04 Hiri Antolamenduko Plan Bereziari dagokionez ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira.

      Babes- eta zuzenketa-neurriak indarrean dagoen araudiaren arabera eta ingurumen-txosten estrategikoak formulatzen duen ebazpenean adierazitakoaren arabera gauzatuko dira, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan jasotakoaren arabera.

      Beraz, Planak jaso beharko dituen zehaztapenen artean, honako hauek ditugu:

      Bibrazioei buruzko neurriak.

      Kontuan hartuko da ezen, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 42. artikuluarekin bat etorriz, etorkizuneko hirigintza-garapenean, trenbidetik 75 metrora baino gutxiagora eraikinak egiten badira, bibrazio-mailen ebaluazioa ere jaso beharko da eragin akustikoari buruzko azterketan, garapenak kalitate akustikoaren helburuak betetzen dituela egiaztatzeko eta, zuzenketa-neurriak ezartzeko, beharrezkoa izanez gero. Bibrazioen aurkako elementuak jarri behar badira, horien ezaugarriak zehazteko, neurketa-kanpaina bat egingo da eraikinaren zimendu-kotan zimendu mota proiektatu ondoren, eta bibrazioen kontrako elementu horiek lortu behar duten gutxieneko indargabetzea ezarriko da, guztia ere legeriak ezarritako kalitate akustikoaren helburua betetzen dela bermatzeko.

      Mugikortasun jasangarriarekin loturiko neurriak:

      Antolamendu xehatuak eta, ondorioz, Planetik eratorritako proiektuek lurzatian uztartu egin beharko dituzte, batetik, kamioien sarrera eta, bestetik, bidegorria (L2 Txorierri-Mungialdea ardatz egituratzailea), zeina Bizkaiko Bizikleta Bideen Lurralde Plan Sektorialean baitago aurreikusita.

      Ingurumen-integrazioari buruzko neurriak:

      Planak esplizituki jasoko du eraikuntza- eta urbanizazio-proiektuak «lehengoratze-proiektu» bat izan behar duela. Proiektu horrek lanak egikaritzearen ondorioz ukituriko eremu guztiak bilduko ditu, eta jarduketak gauzatzeko behar adinako xehetasun-maila izango du, aurrekontua barne.

      Gune libreak landareztatzeko, Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburuan jasotako gomendioak eta neurriak baliatuko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egin zuen. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak agertzeko arriskua txikiagoa izan dadin.

      Lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia edo Cortaderia selloana.

      Soberakinen kudeaketari buruzko neurriak:

      Planaren eremuaren barruan, lur-mugimendua orekatua izatea lehenetsiko du proiektuak. Hori ezinezkoa bada, lehentasuna emango zaio maileguak behar dituen hurbileko obra batean lurren eta arroken soberakinak baloratzeari. Balorazioa ezinezkoa bada, soberakinak metatzeko egon daitezkeen kokalekuak identifikatuko dira, eta ingurumen-irizpideekin aztertuko da nora eraman daitezkeen soberakinak, ingurumen-inpaktu txikiena duen lekua hautatzeko. Azken kasu horretan, soberakinen biltegi baimendu batera eramango dira beti, eta haien kudeaketa lege-xedapen hauen arabera egingo da: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena, eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.

      Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk:

      Hargatik aurreko neurriak eragotzi gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak lotuta egongo dira jardunbide egokien eskuliburuarekin; alegia, obrak egitean, lurrak eta soberakinak kudeatzean, hondakinak sortu eta kudeatzean, hondeatutako lurzoruak kontrolatzean, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestean erabili beharreko jardunbideekin. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira, eta Planak azkenik ezartzen dituen zehaztapenetan txertatu:

      Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretara isurtzea saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jarduerak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.

      Obrak, baita lurzorua okupatu beharra dakarten jarduera osagarriak ere, proiektua egikaritzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak (barne hartuta makinak gordetzeko guneak, obra-txabolak, landare-lurra eta obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak) ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.

      Hondakinak sortu eta kudeatzea: Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak ezarritakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.

      Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa eta deuseztatzea barne.

      Hondakinak ezabatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea haien balorizazioa ez dela bideragarria teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.

      Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, baldin eta hondakinak isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeatzeko zailagoak badira. Hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek bete egingo dituzte Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen. Aipatutako edukiontziak edo ontziak era argi batean etiketatu behar dira, irakurtzeko moduan eta ezabatzerik ez dagoela, indarrean dagoen araudiaren arabera.

      Eremu jakin bat egokitu beharko da behin-behinean pilatzeko hondakin arriskutsuak, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak eta pinturak. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarri beharko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, lanek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko elementu estankoak jarri beharko dira lanak egiteko eremu osoan (bidoiak eta abar). Motaren arabera bereizi beharko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.

      Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia bateko eta besteko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereizi beharko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarri, nahasketok saihesteko.

      Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utzi beharko dira, behar bezala etiketatutako edukiontzi estankoetan; zolata iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

      Araudia betetzea errazagoa izan dadin, lan bakoitzean sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, inola ere ez da kontrolik gabeko efluenterik sortuko erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.

      Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio industrial erabiliak.

      Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

      Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira dagokion obra faserako, istripuzko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, etab.). Istripuz isurketarik gertatuz gero, kutsatutako lurzorua eta material xurgatzailea berehala bilduko dira eta hondakin arriskutsu gisa biltegiratu eta kudeatuko dira.

      Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak eta makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan jarriko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan, eta, nolanahi ere, hondakinak, bereziki, olio erabiliak, biltzeko sistema izango duen plataforma iragazgaiztu baten gainean egingo dira obran erabiltzen den makineriari erregaia jartzeko, lubrifikatzaileak aldatzeko eta bestelako lanak, urak kutsatu ez daitezen.

      Obra faseko zaratak: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonifikazio akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

      Obrek iraun bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makinen mantentze-lan orokorretan eta zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan ere.

      Egunez lan egingo da.

      Sei hilabeterako baino gehiagorako lanak badira, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluaren arabera, inpaktu akustikoari buruzko azterketa bat egin beharko da, behar diren zuzenketa-neurriak zehazteko.

      Horrek guztiak ez du kentzen Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa betetzea; hau da, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala emango zaio horren berri Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari, hark zer neurri hartu behar diren erabaki dezan.

      Kamioiek obrara sartzeko eta handik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makina mekanikoak erabiliko dira.

      Obrek kaltetutako eremuak lehengoratzea: proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak lehengoratuko dira. Hala badagokio, espazio libreen landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira; modu horretan, saihestu egingo dira higadura-prozesuak, solidoak drainatze-sarera arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa.

      Eraikingintza jasangarria: eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoak izateko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan jasotako ingurumenaren arloko neurriak eta jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpen eta -efizientzia eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek, gutxienez, honako alderdi hauetan eragin beharko dute:

      Materialak. Lehengai berriztaezin gutxiago kontsumitzea.

      Energia. Energia gutxiago kontsumitzea edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.

      Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.

      Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

      Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

      Barne-kalitatea. Barneko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

      Bigarrena. Zehaztea, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, Ebazpen honetan zehaztutako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Derioko EU04 Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

      Hirugarrena. Ebazpen honen edukia jakinaraztea Derioko Udalari.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

      Bosgarrena. Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezkoak dituen ondorioak sortzeari utziko dio, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denean, Derioko EU04 Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen zaionean salbu. Luzapena eskatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.

      Vitoria-Gasteiz, 2025eko maiatzaren 7a.

      Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

      NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik