Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2025eko maiatzaren 29koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Bermeoko udal-mugartean egin nahi den (Bizkaia) Artika-A zundaketaren eraikuntza-proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko txostena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 123
- Hurrenkera-zk.: 2946
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2025/05/29
- Argitaratze-data: 2025/07/01
Gaikako eremua
- Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Garraio eta herri lanak
- Azpigaia: Ingurumena
Testu legala
2025eko urtarrilaren 22an, Uraren Euskal Agentziak Bermeoko udal-mugartean egin nahi den (Bizkaia) Artika-A zundaketaren eraikuntza-proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egiteko eskatu zion Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari. Eskaera Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoaren arabera egin zen, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluak eta hurrengoek arautzen duten proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuko prozeduraren esparruan.
Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua aplikatuta, 2025eko martxoaren 3an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait organismoren txostenak jaso dira, eta haien emaitza espedientean dago jasota. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion izapidea hasi zela.
Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.
Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak badauzkala ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar diren judizio-elementu guztiak, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri behar dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmena izan dezaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, horrela ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.
Proiektuak Urdaibaiko Ibai Sareko KBEari (ES2130006) eragin diezaioke, eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura bete behar du; izan ere, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen esparruan sartzen da, 7. artikuluaren 2.b) apartatuan zehazki: «I. eranskinean eta II. eranskinean ageri ez diren arren, Natura 2000 Sareko gune babestuetan zuzenean edo zeharka nabarmen eragin dezaketen proiektuetan».
Era berean, proiektuak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren izapidea bete behar du, Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen arabera, II.E eranskinaren 3. apartatuan sartzen baita: «Beste proiektu batzuk, II.D eranskinekoak ez direnak, zuzenean edo zeharka, bakarrik edo beste plan, programa edo proiektu batzuekin batera, eragin nabarmena izan badezakete naturagune babestuetako batean edo natura-ondarea kontserbatzeko araudiaren arabera babes-araubidea duten naturaguneetan».
Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta ikusirik proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarrean dagoen araudian xedatutako alderdietara egokitzen dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren txostena eman behar du (organo hori da eskuduna Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera). Txosten honetan, aipatutako proiektuak ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzakeen aztertuko da, eta, ondorioz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura egin behar zaion, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren proiektua garatu eta ingurumena egokiro babesteko.
Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau
Lehenengoa. Bermeon (Bizkaia) Artika-A zundaketaren eraikuntza-proiektuaren Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak sustatua ingurumen-inpaktuaren txostena ematea, eta xedatzea, espedientean jasotako txostenekin bat, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean xedatutako irizpideekin bat, proiektua ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren mende jarri behar dela, eragin nabarmenak izan ditzakeelako ingurumenean, jarraian aipatzen diren arrazoiak direla eta.
Proiektuaren ezaugarriak.
Proiektuaren xedea da hidrogeologia ikertzeko egitea Artika errekaren inguruan (Bermeoko udalerrian), Artika-A izeneko puntuan, azaleratzen diren ur-baliabideak aprobetxatzeko.
Artika-A zundaketa-puntua Artika-1 piezometrotik (Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak 2023an zulatutakoa) ahal bezain hurbil dago, eta Artika errekaren ibilgutik 25 metro ingurura. Aldi baterako okupazio-eremua ibilguarekin mugakide da hego-ekialdean; eremu horretan dago Artigasko ur-hargunea, Artika-A zundaketa-puntutik 57 metro ingurura.
Ingurumen-dokumentuaren arabera, kokapena egokitzea erraza izango da, eta obra gutxi beharko da makinak kokatzeko. Zundaketarako sarrera Zulueta baserrira doan errepidetik egingo da, zulaketa-makinak dauden tokiraino. Horretarako, sarbidea zabor-legarrarekin egokituko da. Zulaketa-makinaren ondoan, 4x3 metroko putzu bat egingo da, dekantazio bidez zulaketa-detrituak bereizteko eta uhertasun handiz aterako den ura urberritzeko.
Zulaketa errotoperkusio bidez egitea aurreikusten da, gutxienez 220 mm-ko diametroko hondoko mailuarekin, era horretan 180 mm-ko diametro erabilgarriko hoditeria behin betikoa egin ahal izateko. Aurreikusitako lanak bi fasetan egingo dira: I. fasean, aurreikusten da 80 m-ko sakoneraraino zulatzea (gehienez), 250 mm-ko diametroa duen altzairuzko hodi itsua sartzea eta zulaketako hormaren eta hodiaren arteko eraztun-hutsartea zementatzea; II. fasean, zundaketan altzairuzko hodia sartuko da (180 mm-ko barne-diametrokoa eta gutxienez 5 mm-ko lodierakoa), zundaketa aire konprimatuarekin garbituko da (1-2 h) eta zundaketa itxiko da, soldatutako brida baten eta 180 mm-ko diametroko tapa torlojutu baten bidez.
Zulaketa egin eta zundaketa garbitu ondoren, ahal izanez gero ur maila behereneko baldintza hidrologikoetan, ponpaketa-saiakuntza edo ekoizpen-proba egingo dira, datu eztabaidaezinak lortzeko ustiapen-emariei, putzuaren ekipamenduari, akuiferoaren parametro hidraulikoei eta abarri buruz. Ekoizpen-proban, gutxienez, ponpaketa mailakatua, emari konstanteko ponpaketa (24-48 h) eta berreskuratzea egingo dira. Ustiapen-zundaketaren maila dinamikoaren bilakaera kontrolatzeaz gain, Artika-1 piezometroaren maila kontrolatuko da, berriz kargatu den detektatu ahal izateko, eta Artika errekaren gaineko afekzioa ere kontrolatuko da. Ponpatutako uraren tenperatura eta eroankortasun elektrikoa ere kontrolatuko dira.
Zulaketak egiteko eta zundaketak ebaluatzeko fasean, 3.915 m2-ko azalera duten lurrak okupatu beharko dira aldi baterako, Bermeoko udal-mugartean eta, eremu txiki batean, Busturian.
Jarduketek 2 hilabeteko iraupena izango dute, gutxi gorabehera.
Proiektuaren kokapena.
Proiektua Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren erkidego barruko arroetan kokatzen da, Bermeoko udal-mugartean, eta, zati bat, Busturian. Zehazki, jarduketak Artika errekaren ezkerraldean egingo dira.
Jarduketak proiektatzen diren eremua Urdaibaiko Biosfera Erreserban dago (ES213001). Gainera, aldi baterako okupazio-eremuaren ekialdea Urdaibaiko Ibai Sarea (ES2130006) kontserbazio bereziko eremuan (aurrerantzean, KBE) sartuta dago.
Urdaibaiko erabilpenerako eta kudeaketarako egitamuaren arabera, zundaketa bi eremu hauetan egingo da: «B4.1 Ibai-sareko babes-eremuak» eta «N4. Urdaibaiko ibai-sarearen eremua». Aldi baterako okupazio-eremuak, aurreko bi eremuez gain, hauek ere ukitzen ditu: «B4.2 Ibai-sarera isurtzen duten arroak babesteko eremuak» eta «T1.A1 Balio agrologiko handiko eremuak».
Jarduketak «Ipar antiklinorioa» (ES017MSBT017-004) lurpeko ur-masaren gainean egingo dira, zeinak ur-baliabide erabilgarriak baititu (43,30 hm3/urte). Gainera, zundaketa hidrogeologia-intereseko eremu batean egingo da. Eremuko litologia porositate bidezko iragazkortasun txikiko material detritiko txandakatuz osatuta dago, eta, beraz, akuiferoek oso kalteberatasun txikia dute.
Artika-A zundaketa-puntutik 500 m ipar-ekialdera, gutxi gorabehera, Gernikako Antiklinala geologia-intereseko lekua dago (GIL), eta jarduketak haren eragin-eremuaren barruan egingo dira.
Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoaren Eremu Babestuen Erregistroari dagokionez, Artika errekaren ur-masa Artigas-A (ES111R046040) izeneko hornidura-harguneak dituzten masetako bat da. Zundaketatik 27 metro ingurura, aldi baterako okupazio-eremuaren hegoaldean, Frantxuene (B) lurrazaleko hiri-hornidurako hargunea dago.
Lurrazaleko hidrologiari dagokionez, aldi baterako okupazio-eremuak Artika errekaren ezkerraldearen zortasunarekin egiten du muga hego-ekialdean, eta zundaketa ibilgutik 25 metro ingurura dago. Ez dago informaziorik ingurunearen uholde-arriskuari buruz.
EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren arabera, Artika errekaren ezkerraldea, ingurumen-osagaiei erreparatuta, lehentasunezko natura-intereseko eremuei dagokie; osagai hidraulikoari erreparatuta, 0 mailako tarteari (1-10 km2); eta hirigintza-osagaiari erreparatuta, landa-eremuko ertzei. Kasu horretan, LPSak 15 metroko atzerapen minimoak ezartzen ditu lursail naturala eraldatzeko edozein esku-hartzerako (eraikinak, edozein motatako instalazioak edo eraikuntzak, finkoak zein desmuntagarriak, lur-berdinketak eta lur-mugimenduak, etab.). Hala ere, atzerapen hori ez da aplikagarria proiektatutako jarduketetarako; izan ere, jarduketa horiek herri-lanak eta onura publikoko eta gizarte-intereseko azpiegituren instalazioak dira.
Faunari dagokionez, bisoi europarrarentzat (Mustela lutreola) hobetu beharreko zatitzat hartzen da Artika erreka. Bestalde, jarduketa-eremutik 2 km ekialdera, gutxi gorabehera, abifauna babesteko Kosta-Urdaibai-Gaztelugatxe eremua dago, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduan jasota dagoena (2016-05-23ko EHAA, 96. zk.).
Landarediari dagokionez, ingurumen-dokumentuak adierazten du, ezen, egindako landa-bisitaren arabera, obraren aldi baterako okupazioaren gune nagusia (proiektatutako zundaketa ere kokatzen den tokia) landaredi erruderal-belarkarak osatutako eremu batean dagoela natura-balio eskasekoa eta landaretzarik ez duten zati batzuk ere badaudela. Eremu horretan espezie exotiko-inbaditzaile batzuk ere ikusi dira.
Eunis (geoEuskadi) habitaten kartografiaren arabera, okupazio-eremuan dagoen landaredia Eucaliptus globulusen baso-landaketak dira, bai eta Pinus radiata eta Pinus pinaster koniferoenak ere, eta, Artika errekaren ertzetik gertukoa, Pirinioetako, mendebaldeko eta Kantauri eta ekialdeko haltz-baso naturalak. Haltzadi hori Batasunaren lehentasunezko intereseko 91E0* habitat (aurrerantzean, BIH) gisa katalogatua dago (Alnus glutinosa eta Fraxinus excelsior espezieetako baso alubialak: Alno-Padion, Alnion incanae, Salicion albae) (*). Geoeuskadiren kartografiaren arabera, okupazio-eremuaren ipar-ekialdeko mugatik 50 metro ingurura Culcita macrocarparen berreskuratze- eta kontserbatze-eremu bat dago.
Jarduketa-eremua Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialaren (aurrerantzean, LPS) antolamendu-eremutik kanpo dago; izan ere, instalazioek hartzen duten lursaila Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren barruan dago (haren antolaketa Urdaibaiko Biosferaren Erreserba Babesteari eta Antolatzeari buruzko 5/1989 Legean eta bere Erabilera eta Kudeaketako Plan Zuzentzailean arautzen da).
Kultura-ondare babestuko elementuei dagokienez, aldi baterako okupazio-eremuaren ekialdeko mugaren inguruan Ferrerie burdinola balizko arkeologia gunea dago, urari lotutako kultura-ondareari dagokiona. Halaber, jarduketa-eremutik gertu dago Tranpena errota, ondare arkeologikoaren kultura-ondasun izendatua eta urari lotutako kultura-ondarearen balizko arkeologia gunea.
Aztergai diren lurrak ez daude sartuta kutsagarriak izan daitezkeen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzoruen inbentarioan.
Arriskuei dagokienez, ez da arrisku handirik identifikatzen sismikotasunetik, baso-suteetatik, akuiferoen kalteberatasunetik, SEVESO enpresak hurbil egoteagatik edo salgai arriskutsuak garraiatzeagatik.
Balizko inpaktuaren ezaugarriak.
Proiektuak aurreikusten dituen ekintzak zulatze-faseari eta zundaketaren ebaluatze-faseari (saiakuntza) lotutakoak dira.
Proiektatutako jarduketen eta proiektuaren eragin-eremuaren ezaugarriak ikusita, ingurumen-dokumentuak argudiatzen du zundaketak eraikitzeak ez diola zuzenean eragiten Artika errekari, eta, beraz, ez dela espero ondoriorik ibai-korridore ekologikoan (urari dagokion zatia). Aurreikus daitekeen inpaktu bakarra 91E0* BIHko lizarrei eta haltzei eragin dakiekeen afekzioa da; kalkulatzen da 0,145 ha-ri erasango diela, hau da, Urdaibaiko Ibai Sareko KBEan (ES2130006) dagoen BIHaren azaleraren % 0,0549ari. Kontuan hartuta «Natura 2000 Sareko ingurumen-inpaktua ebaluatzeko gida metodologikoa. Biodibertsitatearen eta Natura Ingurunearen Zuzendariordetza Nagusiak erabilitako irizpideak, Natura 2000 Sareko guneen osotasunari egindako kaltea zehazteko, Batasunaren intereseko habitatei erasateagatik. MITECO, 2019», BIHaren azaleraren gaineko inpaktua % 1ekoa baino txikiagoa izango da. Hori dela eta, ingurumen-dokumentuaren arabera, proiektuak ez du BIHaren gaineko inpaktu nabarmenik izango, eta proiektuak ez du KBEa izendatzeko erabili diren funtsezko balioetako bat bera ere arriskuan jartzen. Horrenbestez, ingurumen-dokumentuak bateragarritzat jotzen du Urdaibaiko Ibai Sareko KBEaren gaineko eragina (ES2130006).
Zundaketako zuloak egiteko lanek lurpeko uretan eragin ditzaketen inpaktuei dagokienez, ingurumen-dokumentuak bateragarritzat jotzen ditu, ez baitira oso gertagarriak; izan ere, proiektua kokatuta dagoen eremuak kalteberatasun oso txikia eta txikia ditu kutsadurarekiko, eta porositate bidezko iragazkortasun txikia.
Zundaketa egiteko makineriaren funtzionamenduak soinu-mailak areagotu ditzake, eta horrek pertsonei eta faunari eragozpenak eragin diezazkieke. Zundaketa-puntutik 100 metroko erradioan, itxuraz jendea bizi den etxebizitza bat dago. Sustatzaileak arintzat jotzen du soinu-konfortaren gaineko inpaktua.
Hala ere, Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak zundaketaren zulaketa-fasean sortuko diren dekantazio-lohiak nabarmendu ditu, eta jakinarazi du ingurumen-dokumentuak ez duela alternatibarik jasotzen zundaketarako zuloa egiteko moduari edo aldi baterako okupazio-eremuari dagokienez. Bestalde, 91E0* BIHaren gaineko afekzioaz eta Urdaibaiko Ibai Sarea ES2130006 KBEan aldi baterako okupatutako eremuaz gain, ohartarazten du proiektuaren eremutik ibaian gora ibai-karramarro autoktonoa (Austropotamobius pallipes) dagoela, bai Artika ibaian, bai haren ibaiadarretan, eta Artika ibaia hobetu beharreko zatitzat jotzen dela bisoi europarraren (Mustela lutreola) kudeaketa-planaren arabera. Bi espezie horiek «galtzeko arriskuan daudenak» sailkapena dute Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan. Ildo horretan, adierazten du proiektuak ez duela deskribatzen edo justifikatzen zer motatako aldi baterako egiturekin edo zer jarduera motarekin okupatuko diren habitat horiek aldi baterako. Horregatik, proiektuak ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzakeela uste du, zehazki, galtzeko arriskuan dagoen Austropotamobius pallipes espeziean, zeina Natura 2000 Sareko eremu baten barruan bizi baita; beraz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin beharko litzateke.
Ondarearen gaineko afekzioari dagokionez, ingurumen-dokumentuak adierazten du Ferrerie burdinolak ez duela eraginik pairatuko obraren aldi baterako okupazioaren ondorioz, eta, beraz, ez dela espero kultura-ondareko elementuei eragitea. Euskal Kultura Ondarearen Zentroak jakinarazi duenez, balizko arkeologia gune horri eragingo bazaio, aldez aurretik azterketa arkeologiko bat egin beharko da, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 65. artikulua betetzeko.
Ponpaketaren saiakuntza faseari dagokionez, ingurumen-dokumentuan identifikatutako afekzio garrantzitsuen artean honako hauek daude: lurrazaleko hidrologiaren gaineko eragina, istripuz gertatutako isurketen eta ponpaketa bidez ateratako ura ibilgura isurtzearen ondorioz; lurpeko hidrologiaren gainekoa, akuiferoko ura ponpatzeak inguruan dauden iturburuetan eta putzuetan eragin dezakeelako; naturagune babestuen gainekoa, Urdaibaiko Ibai Sareko KBEaren (ES2130006) presentziaren ondorioz; eta paisaiaren gainekoa, zundaketek eragindako ikusmen-intrusioaren eta kalitatea galtzearen ondorioz. Hala ere, inpaktu horiek guztiak bateragarritzat jotzen ditu, saiakuntza fasearen iraupen laburragatik eta afekzioen neurri txikiagatik.
Eremuaren eta egin nahi den jardueraren ezaugarriak ikusita, eta espedientean dauden txostenak kontuan hartuta, txosten honen iritziz proiektuak ingurumenean ondorio nabarmenak izan litzake, lehen azaldutako arrazoiengatik.
Bigarrena. Erreferentziako proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketaren irismeneko dokumentua prestatzea, ebazpen honen I. eranskinean adierazten diren terminoetan.
Hirugarrena. Ebazpen honen edukia Uraren Euskal Agentziari jakinaraztea.
Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko maiatzaren 29a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.
Irismen-dokumentua, ingurumen-inpaktuaren azterketaren zabalera, xehetasun-maila eta zehaztasun-maila.
Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko araudiaren arabera, ingurumen-inpaktuaren azterketak bete egin beharko ditu, gutxieneko edukiei eta egiturari dagokienez, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak 35. artikuluan eta VI. eranskinean xedatzen dituenak.
Aurrekoari jarraituz, atalek eskema metodologiko honi jarraitu behar diote:
Proiektuaren deskribapen orokorra eta lurzoruak eta beste natura-baliabide batzuek etorkizunean izango duten erabileraren aurreikuspena. Sortuko diren hondakinen, isurien eta materia- eta energia-emisioen motak eta kantitateak zenbatestea.
Aztertutako alternatiba nagusiak azaltzea, 0 alternatiba barnean hartuta (proiekturik ez egitea, alegia), eta hartutako irtenbidearen alde egiteko arrazoi nagusiak justifikatzea, proiektuak eragindako ingurumen-ondorioak kontuan hartuta.
Ingurumen-inbentarioa eta interakzio ekologiko edo ingurumen-interakzio garrantzitsuenen deskribapena.
Inpaktua identifikatzea, kuantifikatzea eta baloratzea: ebaluatuko da zer-nolako eragina izan dezakeen proiektuak, zuzenean nahiz zeharka, biztanlerian, giza osasunean, floran, faunan, biodibertsitatean, geodibertsitatean, lurzoruan, zorupean, airean, uretan, faktore klimatikoetan, klima-aldaketan, paisaian eta ondasun materialetan (ondare historiko-artistikoa eta arkeologikoa barne, ingurumen-efektuak kontuan hartuta). Halaber, arreta jarriko zaio faktore guztien arteko elkarreraginari, proiektua egikaritu, ustiatu, eta, hala badagokio, eraitsi edo bertan behera uzteko fase guztietan.
Proiektuak Natura 2000 Sareko naturaguneetan izango dituen ondorioen ebaluazioa, kontuan hartuta leku bakoitzeko kontserbazio-helburuak, aipatu inpaktuak, eta Natura 2000 Sareko prebentzio-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak eta haien jarraipena.
Natura 2000 Sarearen osotasunari kalte egingo zaiola egiaztatzen bada, sustatzaileak agiri bidez justifikatu beharko du ez dagoela beste alternatibarik eta badaudela lehen mailako interes publikoko ezinbesteko arrazoiak, Natura-ondareari eta biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 46. artikuluaren 5., 6. eta 7. apartatuetan aipatzen diren horietakoak, hain zuzen.
Proiektuak, epe luzera, azaleko ur-masa baten aldaketa hidromorfologikoa eragin badezake edo lurpeko ur-masa baten maila aldarazi, eta horrek ur-masa hori egoera onera edo potentzialera iristea eragotz badezake edota ur-masa horren egoera edo potentziala kaskartu badezake, berariazko apartatu bat erantsi beharko da, ukitutako ur-masen egoera edo potentziala definitzen duten kalitate-elementuen gaineko epe luzeko eraginak ebaluatzeko.
Proiektuaren kalteberatasuna. Istripu larri edo hondamendi handiren bat gertatzeko arriskuarekiko kaltebera izatearen ondorioz proiektuak ingurumenean sor ditzakeen kalte nabarmenen deskribapena, aztergai dagoen proiektuari dagokiona.
Ingurumenaren gaineko ondorio kaltegarriak prebenitzeko, zuzentzeko eta, hala badagokio, konpentsatzeko aurreikusitako neurriak.
Ingurumena zaintzeko programa.
Azterketaren laburpena eta ondorioak, erraz ulertzeko moduan. Azterketa egitean izandako zailtasun informatibo edo teknikoen txostena, zailtasunik izan bada.
Proposatzen diren jarduketen eta ziurrenik kalteak jasango dituen ingurunearen ezaugarriak direla eta, eta egindako kontsulten emaitzak ikusita, aipatutako atalak garatu beharko dira ingurumen-inpaktuaren azterketan, ondoren adierazitako hedadurarekin eta xehetasun-mailarekin.
Proiektuaren deskribapena eta proiektuko ekintzak.
Ingurumen-inpaktuaren azterketak xehetasun-maila nahikoa duen proiektuaren deskribapena izan behar du barne, baita denborarekin aurreikus daitezkeen beharren azalpena ere, lurzoruaren eta bestelako baliabide naturalen erabilerari dagokionez. Halaber, jardueren ondorioz sortuko diren materia- edo energia-hondakin, isuri eta emisio motak eta kopuruak kalkulatu behar ditu, eta, zehazki, ingurumen-baldintzetan eragin garrantzitsuak izan ditzaketen ekintzak identifikatu behar ditu azterketa xehatu baten bitartez, bai zulaketa fasea (exekuzioa) bai saiakuntza fasea (zundaketaren ebaluazioa) aintzat hartuta.
Saihestu eta zuzendu nahi diren kalteak, bai proiektuak proposatutako jarduketatik beretik, bai berezkoak zaizkion jarduera osagarri guztietatik etor daitezke, besteak beste, honako hauetatik: lehengo sarbideak egokitzetik, eta obrarako instalazio lagungarrietarako eta erabiliko diren materialak edo makinak pilatzeko eremu lagungarrien kokapen eta erabileragatik.
Jarduketa horiek guztiak xehetasun-maila nahikoarekin definitu beharko dira, proiektua gauzatzeak ingurumenean izan litzakeen ondorioak kalkulatzeko eta prebentzio- eta zuzenketa-neurri egokiak diseinatu ahal izateko, hartara hautemandako ingurumen-inpaktuak modu eraginkorrean murriztu, desagerrarazi edo konpentsatzen direla bermatuta.
Hala, erabat definituta geratu behar dute gai hauek:
Proiektuaren eraginpeko eremuaren kokalekua eta mugaketa. Proiektuko ekintza guztiek hartzen dituzten eremuak, aldi baterako eta behin betiko okupazio-eremuak bereizita.
Egungo egoeraren deskribapena.
Jarduketen definizioa eta aurreikusitako obren deskribapena. Proposatutako esku-hartze bakoitzaren eta haien eraginpeko eremuen deskribapen zehatza; proiektatutako jarduketen oinplano-trazadura, luzetarako eta zeharkako profilak eta ereduzko sekzioak; aldi baterako okupazioaren eremuan egingo diren jarduera zehatzen deskribapena.
Ibilguaren gaineko afekzioak bai eta, zeharka, Ebro ibaiaren gainekoak ere saihesteko obren faserako aurreikusitako eraikuntza-teknikak, egungo lur-kordoia kentzea eta ibilguan jarduketak egitea aurreikusi den tarteetan.
Ebaketak, sasi-garbitzeak eta inausketak egiteko aplikatu beharreko metodologiaren deskribapena, horietako bakoitzaren eraginpean dauden gainazalak bereizita, bereziki ebakuazio-linea elektrikoa egiteko beharko direnak.
Obrarako aurreikusitako makineria.
Lur-mugimenduak: deskribatuko dira lur-mugimenduak egiteko lanak, haiek egiteko modua eta materiala baztertzeko eta hura aldi baterako metatzeko lekuen aurreikuspenak. Adieraziko dira zenbatetsitako soberakin-kantitatea, proiektuan bertan berrerabiltzeko moduko soberakinen bolumena eta soberakinen norakoa, hala badagokio.
Lur-mugimenduen balantzea, eta obragunetik kanpo kudeatu beharreko indusketa-lanen soberakinen kuantifikazioa egitea, halakorik baldin badago. Soberakinak garraiatzeko aukeratu diren ibilbideak, lurrak helmugara eramateak sorraraziko dituen ondorioak aztertuta.
Soberakin berriak biltegiratu beharra aurreikusten bada, kontuan hartu beharko da horretarako proiektuak otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak agindutakoaren arabera egin behar direla (49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena), eta, beraz, dekretu horren 26. artikuluan zehazten diren ur- eta biodibertsitate-gaietan eskuduntza aitortzen zaien organoen txosten nahitaezko eta lotesleetatik eratorritako emaitza, baldintza eta neurriak ere bildu behar direla haietan.
Proiektuaren faseetan sortutako hondakinak eta haien azken helmuga, barne hartuta lur-mugimenduen soberakinak, eraispen-egiturak eta abar. Obretan sor daitezkeen eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak kudeatzeko, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan (eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko dena) eta ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan (eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko dena) xedatutakoa beteko da.
Obrarako instalazio osagarrien kokapena: makineria-parkeak, lurrak eta obrarako materialak metatzeko guneak, kamioien gurpilak garbitzeko guneak, bulegoen eta langileen instalazioak eta abar.
Sarbideak: obretara sartzeko aurreikusitako bideen xehetasunak, lehendik daudenak edo berriak izan, aldi baterako edo behin betiko izan.
Obren aurreikusitako iraunaldia eta obra-plana (faseetako bakoitzaren zenbatetsitako iraunaldia, halakorik balego).
Proiektua behar bezala deskribatzeko beharrezkoak diren xehetasun-planoak aurkeztuko dira, gutxienez honako hauek barne hartuta:
Kokapen geografikoaren plano geoerreferentziaduna.
Egin behar diren jarduketen oinplanoa. Proposatutako jarduketek behar bezala zehaztuta eta bereizita egon behar dute.
Planoak luzetarako eta zeharkako profilekin, eta proiektuak eragindako zatiko ibilguaren eredu-sekzioak.
Ibilguko sarbideen trazaduren planoa, egokitu behar diren bide-zatiak identifikatuta.
Obrako instalazio osagarrien kokapen-planoa.
Paisaia-lehengoratze eta -integrazio proposamenen planoa.
Alternatiben azterketa eta hartutako irtenbidearen justifikazioa.
Ingurumen-inpaktuaren azterketak barne hartu behar du ingurumenerako egokien diren hautabide teknikoki bideragarrien azterketa, eta haien konparaziozko balorazioa egin behar du, zero alternatiba edo ez jardutekoa barne. Proposatutako irtenbidea justifikatu egin beharko da, eta, jarduketen dimentsioari eta hedadurari ez ezik, aipamena egin beharko die dauden irtenbide tekniko guztiei ere.
Aukerarik onena hautatzeko, askotariko irizpideak jasotzen dituen azterketa global bat egingo da, alderdi ekonomikoak ez ezik, gizarte- eta ingurumen-alorrak ere aintzat hartuta.
Alternatibak baloratzeko prozesu horretan, kontuan hartuko da, gutxienez, zer inpaktu izango dituen alternatiba bakoitzak Batasunaren intereseko eta fauna mehatxatuaren habitatetan, naturagune babestuetan, ibilguan, Natura 2000 Sarean eta kultura-ondarean.
Azterlanak zenbait irtenbide proposatu behar ditu, hala teknikoak nola eraikuntzakoak, ingurunearen osagai baliotsuenen gaineko eragina minimizatzeko; hau da, funtsean, proiektuaren garapen-eremuan dagoen landaredi naturalaren eta mehatxupeko faunaren gainekoa, bai eta naturagune babestuen eta Natura 2000 Sarearen gainekoa ere.
Alde horretatik, aldi baterako okupazio-eremua kokatzeko, honako hauetatik kanpo egongo diren aukerak aztertu beharko dira: 91E0* lehentasunezko BIHa (Alnus glutinosa eta Fraxinus excelsior espezieetako baso alubialak: Alno-Padion, Alnion incanae, Salicion albae), bisoi europarraren (Mustela lutreola) kudeaketa-planaren aplikazio-eremua eta Urdaibaiko Ibai Sarea ES2130006 KBEa. Saihestu beharko da KBEaren eta haltzadien eta lizardien habitat barruan sasi-garbitzeak egitea eta landaredi autoktonoa moztea.
Ingurumen-inbentarioa eta elkarreragin ekologiko edo ingurumen-elkarreragin garrantzitsuenen deskribapena.
Atal honetan, ingurunea deskribatuko da, osagai baliotsuenak eta proiektuko ekintzen eragina gehien pairatu dezaketenak nabarmenduta. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak xedatzen duena betez, proiektua egin aurretik lekuaren egoera eta ingurumen-baldintzak aztertuko dituen txostena ere sartu behar da, baita oraingo ingurumen-egoera eta ebaluatzen den proiektutik eratorritako jarduketaren ondoriozko egoera alderatzeko azterketa bat ere, aztertutako alternatiba bakoitzaren kasuan.
Ingurumen-inbentarioa apartatuz apartatu baloratuko da. Balorazio horretan, elementuen garrantzi erlatiboa aztertuko da erreferentzia-esparru baten barnean (tokiko mailan, eskualdekoan eta abar).
Kasu guztietan, datuak eskuratzeko iturri dokumentalak adieraziko dira, material bibliografikoak izan, norberak prestatuak edo bestelakoak.
Orokorrean, ingurumen-inbentarioaren azalpena modu laburrean egingo da, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren ikuspuntutik ekarpenik egiten ez duten azalpen orokorrak saihesturik, eta proiektuak ingurumenean izan litzakeen eraginak ulertzeko behar dena kontuan hartuta.
Ezertan eragotzi gabe aurretik esandakoa, proiektuaren eraginpean dagoen eremuaren ezaugarriak ikusita, ingurumen-inbentarioak honako alderdi hauek hartuko ditu barne:
Geologia eta geomorfologia:
Proiektuaren eraginpeko eremuaren ezaugarri geologiko eta geomorfologikoak. Baldintza geoteknikoak.
Interes geologiko/geomorfologikoa duten leku, gune eta eremuen identifikazioa.
Material litologikoen iragazkortasuna. Akuiferoen kalteberatasuna. Kalteberatasun handiko guneak, kargatze-eremuak, hustutegiak eta abar identifikatzea, halakorik badago, eta gune horien eta proiektuaren arteko erlazioa.
Lurrazaleko eta lurpeko hidrologia:
Proiektuaren eragin-eremuko sare hidrografikoa. Proiektuak eragindako ibilguen eta haien ertzen egoera.
Akuiferoak eta interes hidrogeologikoko guneak kutsatzeko arriskua.
Uren kalitatea. Proiektuak eragindako zatien egoera ekologikoaren zehaztapena (biologikoa, fisiko-kimikoa eta hidromorfologikoa).
Eremuan dauden ur-puntuak. Horien ezaugarriak deskribatzea, erabilera adierazita, eta xehetasun-kartografian kokatzea.
Eremuan dauden biozenosien eta ekosistemen deskribapena:
Atal honetan, ukitutako komunitateak identifikatu, eta honako hauek adieraziko dira: kontserbazio-maila; egiturazko konplexutasuna; espezie bereizgarri, enblematiko edo adierazgarriak, etab. Kontuan hartuko da, bereziki, ea badagoen espezie mehatxaturik eskualde, estatu, Europa eta nazioarte mailan.
Ingurumen-inpaktuaren azterketak xehetasunez zehaztuko ditu, azterketa partikularizatu baten bidez, proiektuaren jarduketek eragindako intereseko habitat bakoitzaren eta landare autoktonoen masen azalera, haien osaera, kontserbazio-egoera eta balio ekologikoa. Bereziki, proiektuaren kalteak jasan ditzakeen ibaiertzeko basoaren azalerari eta kontserbazio-egoerari buruzko datuak emango dira.
Botanikako aditu batek proiektuaren eragin-eremuari buruzko prospekzio zehatzak egin beharko ditu. Haren eginkizuna izango da proiektuaren eragin-eremuan dauden mehatxatutako flora-populazioak edo -aleak non dauden identifikatzea eta xehetasunezko kartografian seinaleztatzea. Halaber, landarediaren azterketak jasoko du zein balizko landare-espezie aloktono inbaditzaile dauden eta zehazki non dauden.
Bertako faunari dagokionez, ingurumen-inpaktuaren azterketak, funtsean, xede izan behar du proiektuaren eragin-eremuan dauden edo egon daitezkeen fauna-espezieen habitatak zaintzea eta lehengoratzea. Baloratu beharko du eremuan interesekoa den edo mehatxatuta dagoen faunarako intereseko eremurik badagoen (hazkuntza-eremuak, babeslekuak eta elikadura-guneak). Alde horretatik, faunaren diagnostikoa osatzeko, fauna-talde guztiak barne hartzen dituzten azterketak egin beharko dira, proiektuaren eremuan dauden espezieei eta espazioaren erabilerari buruzko informazio zehatza lortzeko.
Bai Artika ibaian, bai ibaiadarretan, ibai-karramarro autoktonoaren (Austropotamobius pallipes) presentziaren zantzuak antzeman dira. Artika ibaiaren arroan, proiektuaren eremutik ibaian gora eta ibaian behera, ibai-karramarro autoktonoaren populazioen presentzia eta banaketa sakon aztertu beharko da.
Proiektuaren eremuak bisoi europarraren (Mustela lutreola) kudeaketa-planeko eremua ukitzen du; zehaztu behar da, edo baztertu, espezie mehatxatu horren edo beste batzuen intereseko kokalekurik badagoen (hazkuntza-, babes- eta elikadura-eremuak). Bisoi europarraren (Mustela lutreola) kudeaketa-planean xedatutakoa bete beharko da.
Proiektua gauzatzeko eremuak Urdaibaiko Ibai Sarea kontserbazio bereziko eremua ukitzen du (ES2130006 KBEa) (358/2013 Dekretua, ekainaren 4koa, zeinaren bidez kontserbazio bereziko eremu izendatzen baitira Urdaibai eta Gaztelugatxeko Donieneko eremuan dauden Batasunaren garrantzizko 4 leku, eta KBE horien eta Urdaibaiko Itsasadarreko HBBEaren kontserbazio-neurriak onartzen baitira; HBBE horrek Artika ibaia eta haren adarrak barne hartzen ditu). Espazioa kontserbatzeko helburuak zehaztuko dira eta egiaztatuko da proposatutako jarduketak bat datozela espazio hori kudeatzeko tresnetan xedatutakoarekin.
Ingurumen-inpaktuaren azterketan, proiektuak lurraldeko konektagarritasun ekologikoan duen eragina baloratu beharko da.
Paisaia:
Inguruko paisaia-baliabideei dagokienez, paisaiaren kalitatea eta hauskortasuna aztertuko dira.
Kultura-ondarea:
Proiektuaren eragin-eremuan dauden kultura-interesekotzat deklaratutako elementuetarako, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoari jarraituko zaio.
Dokumentazio grafikoa:
Jarduketa-eremuaren ingurumen-inbentarioaren alderdi garrantzitsuenen irudi kartografiko geoerreferentziatuak txertatu beharko dira, hala eskala orokorrean nola xehatuan, eta kasuan-kasuan erabili den eskala adierazi beharko dute.
Proiektua egin nahi den eremuaren eta aurreikusitako jardueren kartografiaren kopia gehigarria erantsiko da, shape formatuan, eta Eusko Jaurlaritzak egindako Ingurumen-ebaluazioko prozedurak izapidetzean dokumentazioa aurkezteko gidaren jarraibideen arabera aurkeztuko da.
Inpaktuen identifikazioa eta balorazioa.
Inpaktuen identifikazioa, kuantifikazioa eta balorazioa egiteko, kontuan hartuko da ingurumen-inbentarioko elementuen eta inpaktuak sor ditzaketen proiektuko ekintzen arteko interakzioa. Eraginaren munta zenbatesteko, kontuan hartu behar dira proiektuak zuzenean nahiz zeharka eragingo dien baliabideen kalitatea eta kantitatea. Zulatze-faseko (obrak), funtzionamendu-faseko (saiakuntza) eta eraispen-faseko inpaktuak bereiziko dira.
Inpaktuen identifikazio eta balorazio hori ongi arrazoitu beharko da kasu bakoitzean, eta, horretarako, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen VI. eranskinean adierazitako terminologia erabiliko da. Kasu honetan, funtsean, egungo egoera eta etorkizunekoa konparatuko dira, zuzenketa-neurriak erabiliz.
Ingurumen-inpaktuak baloratzeko erabilitako metodologiak eta zenbatespen-prozesuak zehaztuko dira. Erabilitako adierazle edo parametroak aipatuko dira, ahal den heinean oro har onartutako arauak edo azterketa teknikoak erabiliz, inpaktu mota bakoitzaren arabera muga-balioak edo gida-balioak ezartzeko.
Inpaktuak neurtzeko, proiektutik eratorritako jarduketa guztiak hartuko dira kontuan, honako hauek barne: aldi baterako okupazio-eremuko jarduketak, zundaketaren zulaketa, aldi baterako sarbideak eta iraunkorrak, instalazio lagungarriak, lurren eta materialen aldi baterako pilaketak eta abar.
Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren txostenaren arabera, kontuan hartu beharko dira ibai-karramarro autoktonoaren (Austropotamobius pallipes) presentziaren zantzuak daudela proiektuaren eremutik ibaian gora, bai Artika ibaian, bai haren ibaiadarretan; izan ere, Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoaren arabera «galtzeko arriskuan» dago.
Bereziki, eta beste batzuk alde batera utzi gabe, proiektuaren eta eragindako ingurunearen ezaugarriak kontuan hartuta, ingurumen-inpaktuaren azterketak aztertu beharko ditu lurzoruaren okupazioarekin zerikusia duten ingurumen-inpaktuak eta eremu babestuen gaineko eragina (Natura 2000 Sarea eta Urdaibaiko Biosfera Erreserba); Artika ibaiaren gaineko afekzioarekin zerikusia duten ingurumen-inpaktuak, bai eta hauen gaineko eragina ere: eraiki beharreko zundaketaren bidez urak hartzearen ondoriozko iturburuen gainekoa, ibai-karramarro autoktonoak (Austropotamobius pallipes) beharrezkoak dituen ur-ibilguen emarien gainekoa, landaretza natural autoktonoaren eta Batasunaren intereseko habitaten (HIC 91E0*) gainekoa eta bisoi europarraren gainekoa.
Proiektuaren ondorioz gainazaleko ur-masan aldaketa hidromorfologikoak gertatzeko arriskua dagoenean epe luzera, eta horrek haren egoera edo ahalmena ona izatea eragozten duenean edo hondatzeko arriskua dakarrenean, apartatu espezifiko bat gehitu beharko da, eragindako ur-masen egoera edo ahalmena definitzen duten kalitate-elementuetan (biologikoak, fisiko-kimikoak eta hidromorfologikoak) epe luzera izango dituen ondorioak ebaluatzeko.
Era berean, proiektuak oro har eragindako landaredi mota bakoitzaren azalera kuantifikatuko da. Hala ere, obren faseko aldi baterako okupazioa eta okupazio iraunkorra bereiziko dira. Landarediaren eta Batasunaren intereseko habitaten gaineko inpaktua balioesteko, eragindako eremua ez ezik, kontuan hartuko dira haien kontserbazio-egoera, adierazgarritasun-maila eta konektagarritasunean betetzen duten lekua ere. Urdaibaiko Ibai Sarea KBEan (ES2130006) sartuta dauden eremuak identifikatu eta kuantifikatuko dira.
Gainera, baloratuko dira kutsadura akustikoak eta hondakinen, isurketen eta emisioen kudeaketa egokiak obren fasean eragin ditzaketen inpaktuak.
Ildo horretan, zaratari dagokionez, obren eragin akustikoaren balorazioa jasoko da. Horretarako, kontuan hartu beharko dira azaroaren 17ko Zaratari buruzko 37/2003 Legean zein urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan, EAEko hots-kutsadurari buruzkoan, obretako zaratari buruzko xedapen espezifikoak. Aintzat hartu beharko dira obrako makineriaren potentzia akustikoa, zonifikazio akustikoa eta gune bakoitzean kalitate akustikoari dagokionez ezarritako helburuak.
Baliabide estetiko-kulturalei dagokienez, baloratuko da ea proposamena bateragarria den kultura-ondareko elementuekin.
Ingurumen-inpaktuaren azterketak behar bezala aztertu behar dituen beste inpaktu batzuk dira, hain zuzen, hurbil dauden habia-guneetan edo hegaztien umatzeko beste eremu batzuetan obren fasean eragozpenak sortzearen ondoriozkoak, alderdi hori bereziki garrantzitsua baita arriskuan den fauna-espezie ororentzat.
Azkenik, ingurumen-inpaktuaren azterketak klima-aldaketa barne hartu behar du proiektuaren balizko eragin garrantzitsuak identifikatzeko, deskribatzeko, analizatzeko eta kuantifikatzeko.
Natura 2000 Sareko eremuen gaineko eragina.
Ingurumen-inpaktuaren azterketari buruzko Legearen (21/2013, abenduaren 9koa) 35. artikuluak adierazten duen eran, berariazko atal bat sartuko da proiektuak bere eraginpeko eremuan dagoen Natura 2000 Sareko Urdaibaiko Ibai Sarea KBEan (ES2130006) izango dituen eraginei buruz, eremu osoaren kontserbazio-helburu eguneratuak kontuan hartuta. Batasunaren intereseko habitatetan zuzenean nahiz zeharka eragindako afekzioak zehaztuko eta ebaluatuko dira, eta arreta berezia jarriko zaie eremu horietako lehentasunezko habitatei eta eremu horren kudeaketarako funtsezkoak diren elementuei, eta, horretarako, proiektatutako jarduketa bakoitzaren eraginpean gera daitekeen eremuaren inguruko azterlan xehatua egingo da: mehatxupeko flora eta fauna espezieen gainekoa eta Natura 2000 Sarearen koherentzia gordetzen laguntzen duten ingurunearen beste baliabide batzuen gainekoa.
Analisi horri ekiteko, interesgarria izan daiteke gida hau kontsultatzea: «Natura 2000 Sareko ingurumen-inpaktua ebaluatzeko gida metodologikoa. Biodibertsitatearen eta Natura Ingurunearen Zuzendariordetza Nagusiak erabilitako irizpideak, Natura 2000 Sareko guneen osotasunari egindako kaltea zehazteko, Batasunaren intereseko habitatei erasateagatik».
Natura 2000 Sarearen osotasunari kalte egingo zaiola egiaztatzen bada, sustatzaileak agiri bidez justifikatu beharko du ez dagoela beste alternatibarik eta badaudela lehen mailako interes publikoko ezinbesteko arrazoiak, Natura-ondareari eta biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 46. artikuluaren 5., 6. eta 7. apartatuetan aipatzen diren horietakoak, hain zuzen.
Proiektuaren kalteberatasuna.
Istripu larriak edo hondamendi handiak gertatzeko arriskua dela eta proiektuak ingurumenean eragin ditzakeen ondorio kaltegarrien deskribapena, azterketa eta, hala badagokio, kuantifikazioa egingo da, baita istripu edo hondamendi horiek gertatzeko arriskuari buruzkoak ere. Helburu hori lortze aldera, erabili ahal izango da proiektuari aplikatu beharreko beste arau batzuei jarraituz egindako arrisku-ebaluazioen bitartez lortutako informazio esanguratsua.
Hala badagokio, deskribapenak barne hartuko ditu horrelako gertakariek ingurumenean sor dezaketen kalte adierazgarriak prebenitzeko eta leuntzeko aurreikusitako neurri guztiak, baita halako larrialdietarako proposatzen diren prestakuntzari eta erantzunari buruzko xehetasunak ere.
Prebentzio-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak proposatzea.
Ingurumen-inpaktuaren azterketan adierazi beharko da zer neurri aurreikusten diren aztertutako inguruneko elementu bakoitzak izango dituen ingurumen-ondorio negatibo nabarmenak murrizteko, desagerrarazteko edo konpentsatzeko.
Babes- eta zuzenketa-neurriak eta, beharrezkoa bada, konpentsazio-neurriak diseinatzeko, proiektua gauzatzeko behar diren elementu eta jarduketa guztiak hartu behar dira kontuan, eta bat etorri behar dute inpaktuekin; zehazki, proiektuak hartzen duen espazioko ingurumen-elementu eta balioen gaineko ekintzek eragindakoekin.
Zehatz-mehatz identifikatu eta deskribatuko da inpaktuak prebenitzeko eta zuzentzeko ekintza bakoitza. Deskribapenak xehetasun-maila nahikoa izan beharko du hautemandako ingurumen-inpaktuak modu eraginkorrean murrizten, desagerrarazten edo konpentsatzen direla bermatzeko, egikaritze-proiektuek izan ohi dituzten apartatuak barne hartuta: memoria, neurketen koadroa, obra-unitateen definizioa, aurreikusitako neurri bakoitzari dagokion aurrekontuko partida eta preskripzio teknikoen agiria, baita hori guztia hobeto ulertzeko behar den kartografia ere. Neurri horiek obraren planean integratuko dira, eta neurriak gauzatzeko egutegi koordinatu bat proposatuko da.
Zehazki, eta ezertan galarazi gabe aurreko apartatuetan eskatutako analisien emaitzen ondorioz sartu beharko liratekeen beste neurri batzuk, prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurrien proiektuak neurri hauek hartu eta garatuko ditu, besteak beste:
Natura-ondarea babesteko neurriak:
Proiektuaren diseinuarekin (lan-eremuak mugatzea, etab.) eta obren egikaritzearekin lotutako prebentzio-neurriak, hala nola obren eraginpeko eremua balizatzea sarbide osagarriak, metaketa-guneak eta abar barne hartuta, obra ez dadin balizatutako lurraldetik harago joan.
Mehatxatutako flora- eta fauna-espezieen intereseko lekuak babestea.
Obrak faunarentzako ugalketa-aldi kritikotik kanpo egitea, arriskuan diren espezieak detektatu diren eremuetan.
Landaredia autoktonoa eta intereseko landaredia babesteko neurriak.
Kendu beharreko zuhaitzak seinaleztatzeko aurreikuspena, ezinbesteko gutxienekoa izan dadin.
Landaredi aloktono inbaditzailea desagerrarazteko neurriak.
Prebentzio-neurriak (diseinukoak eta obretan kontuan hartzekoak) eta zuzenketa-neurriak, intereseko fauna-espezieei kalte ez egiteko. Bisoi europarrari eta ibai-karramarro autoktonoari dagokienez, dagozkion prebentzio-neurriak hartu beharko dira, hala nola aldez aurretiko prospekzioak eta obra-egutegiaren doikuntza, baita zuzenketa-neurriak ere, ibaiertzak lehengoratzea, adibidez.
Sistema hidrologikoa eta hidrogeologikoa babesteko neurriak:
Jarduketak egingo den zatian eta ibaian behera uren kutsadura minimizatzeko neurriak, hala nola solido esekien ekarpenak eta makina-parkeen eta instalazio osagarrien guneetatik datozen beste kutsatzaile batzuen isuriak ekiditekoak.
Metaguneak eta eremu osagarriak egoki kokatzea, zuzeneko nahiz jario bidezko kaltea ekiditeko.
Makina-parkeak eta instalazio osagarriak egokitzeko neurriak (iragazgaiztea, drainatze-sarea, etab.).
Obraguneetan, eta batez ere indusketa-lanetako materialekin kargatutako kamioiek ibili behar dutela aurreikusten den irteeretan, ibilgailuak garbitzeko instalazioak ipini beharko dira, dekantazio-putzuetara konektatuta. Azterketak azaldu beharko ditu elementu horien ezaugarriak, kokapen zehatza eta neurriaren justifikazioa.
Lurzoruak babesteko neurriak:
Proiektua lur-mugimenduak minimizatzeko moduan diseinatuko da, jarduketa-eremuetan lurzoruaren jatorrizko profilari eustea kontuan hartuta.
Halaber, neurriak hartuko dira landareztatze-lanetan lurzoruaren landare-geruza berrerabiltzeko.
Biztanleriari eragindako kalteak eta eragozpenak murrizteko neurriak.
Atmosferaren kalitatea babesteko neurriak zehaztuko dira, hautsa, zaratak, usainak eta lurraldearen irisgarritasunarekin eta iragazkortasunarekin lotutako bestelako eragozpenak kontuan hartuta.
Orobat, obrako lanen ordutegia, makinen zirkulazio-abiadura eta abar mugatuko dira.
Hondakinak kudeatzeko neurriak:
Zulatze-fasean eta saiakuntza-fasean hondakinak kudeatzeko proposamena. Bilketa-, biltegiratze- eta tratamendu-sistemen deskribapena.
Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinen kudeaketarekin lotutako prebentzio- eta zuzenketa-neurriek sustatu behar dute hondakinak sortzea prebenitzea, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatzea, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk erabiltzea, balorizazio energetikoa eta deuseztatzea barne. Hondakinak ezabatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik ez dela bideragarria haiek balorizatzea.
Kultura-ondarea babesteko neurriak:
Ingurumen-inpaktuaren azterketak inguruko arkeologia- eta kultura-ondarea babesteko behar diren neurriak jasoko ditu. Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 65. artikulua betez, azterlan arkeologiko bat egiteko beharra ezarriko da, bai eta, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiak hala irizten badio, Ferrerie burdinola izeneko 37 zenbakiko balizko arkeologia gunean proiektu arkeologiko bat egiteko beharra ere, obrak hasi aurretik.
Paisaiarako eta obrek ukitutako lurrak leheneratzeko neurriak:
Proiektuari lotutako ingurumena lehengoratzeko proiektu bat aurkeztuko da. Dagokion dokumentazio grafikoa izango du, eta aurrekontu banakatua proiektuaren gainerakoaren xehetasun maila bera duena. Lehengoratzearen xehetasunak zehaztuko dira: erabiliko diren espezieak, landarearen/haziaren jatorria, tamaina, ereintzaren/hidroereintzaren dentsitatea edo landaketa-esparrua, aurreikusitako mantentze-lanak, etab.
Leheneratzeko neurriak proposatuko dira proiektuak ukitutako eremu guztietarako, baita aldi baterako okupatzen direnetarako ere; espezie autoktonoak erabiliko dira, eskualde bioklimatikoaren baldintza edafiko eta klimatikoetara egokituak.
Zehazki, zuzenketa-neurri gehigarri hauek ezarri behar dira obra egikaritzean eta horren ondorengo ustiapenean:
Belardi, laborantza eta aprobetxamenduetatik erretiratzen den lurzoruaren azaleko geruzaren landare-lur emankorrena gainerako indusketa-lurretik aparte pilatu behar da, ondoren jatorrizko lekuan jartzeko, beheko geruzetara irauli gabe.
Makinen, materialen eta abarren erabileraren pean dauden belardi- eta laborantza-eremuetan, dagokion berrereintza egingo da. Belardiak berrereiteko, aldez aurretik lurra pixka bat landu edo aitzurtu beharko da lurraren trinkotasuna desegiteko, era horretan egokiak izan daitezen ondorengo berrereintza eta erneketa.
Eragindako laborantzak birlandatzea, dagozkien kalte-ordainekin, hala badagokie.
Itxiturak eta lurzatietan nahiz eragindako laboreetan dauden gainerako azpiegitura-elementuak (drainatzeak, etab.) ordeztu behar dira.
Ingurumena zaintzeko programa.
Ingurumena zaintzeko programa bat eratuko da. Programa horren helburu nagusia izango da sistema bat ezartzea, ingurumen-inpaktuaren azterketan finkatutako kalitate-helburuak betetzen direla bermatzeko, bai eta bertan adierazitako jarraibideak eta zuzenketa-neurriak ere.
Programaren helburuak zehaztuko dira, eta, helburu bakoitzarentzat, bildu beharreko datuak, erabiliko den metodologia, neurketa-puntuak (puntu horiek zehazki kokatzeko egoera-planoa eta krokisa barne) eta neurketen maiztasuna.
Kalitate-helburuak, hala dagokionean, legediak zehazten dituen muga-balioen edo gida-balioen araberakoak izango dira, edota oro har onartuta dauden azterketa teknikoen araberakoak. Hala ere, proiektuak eragindako eremuaren xehetasun eta ezaugarriek hala eskatzen badute, balio zorrotzagoak ezarri beharko dira beharrezkoa irizten zaien parametroetan.
Era berean, dagokion aurrekontua erantsi beharko da, behar bezainbat banakatua, proiektua garatzearen ondoriozko eraginen jarraipen egokia egin ahal izateko. Proiektuari buruz eta proiektuak inguruan duen eraginari buruz jasotako datuen ondorioz beharrezkoak diren kontrolez gain, programa horrek jarraian adierazitako kontrolak izan beharko ditu:
Obrek okupatzen duten eremuaren mugen kontrola.
Obrek irauten duten bitartean ur-ibilguaren eta uren kalitatearen gaineko kalteen kontrola.
Landarediaren gaineko kaltearen kontrola.
Mehatxupeko flora- eta fauna-espezieen gaineko kaltearen kontrola.
Espezie inbaditzaileen presentziaren kontrola eta espezie inbaditzaileak (zebra-muskuiluak) ez ugaltzeko hartutako neurrien kontrola.
Obrako jardunbide egokien kontrola, hauek saihesteko: hondakinak botatzea, lurzorua edo urak kutsatzea olio-jarioen, hormigoi-esneen eta lur-arrasteen ondorioz, eta herritarrei eragozpenak sortzea zarataren, hautsaren eta abarren ondorioz.
Lur-mugimenduen eta indusketa-materialen kudeaketaren kontrola.
Sortutako hondakinen kudeaketaren kontrola.
Lehengoratze-lanen kontrola.
Arkeologia-ondarearen gaineko eraginaren kontrola.
Aurreikusitako prebentzio-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurrien leheneratze-plana barne eraginkortasuna egiaztatzeko beste kontrol batzuk.
Ingurumen-inpaktuaren azterketaren laburpena.
Ingurumen-inpaktuaren azterketaren eta haren ondorioen laburpen-dokumentu bat idatzi beharko da, abenduaren 9ko 21/2013 Legeak VI. eranskinean ezarritako ezaugarriak izango dituena. Dokumentuan labur-labur eta edonork ulertzeko moduan bildu beharko dira proiektuaren izaerari buruzko informazioa, proiektuak inguruneari eragiten dion modua eta aurreikusitako inpaktuak saihesteko edo minimizatzeko proposatutako neurriak. Halaber, dokumentazio grafikoa sartzea ere gomendatzen da, jendeari informazioa emateko.
Hala badagokio, ingurumen-inpaktuaren azterketa egitean izan diren zailtasun tekniko edo informatiboak aipatu beharko dira.
Dokumentazio kartografikoa.
Irudikapen kartografikoak lortu beharko dira, behar bezala geoerreferentziatuta (pdf-ek eremuaren koordenatuak jaso beharko dituzte UTM30N ETRS89 erreferentzia-sistema ofizialean). Adierazpen horren esparruak proiektuaren eraginpeko eremu guztiak hartuko ditu, honako hauek barne: instalazio osagarriak, metaketa-eremuak, obraren eremura sartzeko irekitzen diren bide berriak, eta, hala badagokio, soberakin-biltegien kokapena.
Kartografia xehetasun nahikoaz egingo da, aurreikusten diren trazaduren, lursailen okupazioaren eta obra horietako bakoitzaren ezaugarri orokorren egokitasuna aztertu ahal izateko, ingurumenaren ikuspegitik.
Beharrezkoak diren xehetasun-planoak gehituko dira (adibidez, sarbideen xehetasuna, puntu kritikoetan edo ibilguen gaineko bidegurutzeetan), proiektua eta bere elementu bakoitzak sortuko dituen eraginak behar bezala aztertu ahal izateko.
Gainera, eta analisi teknikoa errazteko, planoak shape formatuan aurkeztuko dira, eta obrako elementu nagusiak jasoko dituzte.
Dokumentazioa aurkezteko argibideak:
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 77. artikuluan eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, egiaztapen batzuk egin ondoren, organo substantiboak ingurumen-organoari hauek bidali behar dizkio: ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta abiarazteko eskaera eta harekin batera aurkeztu behar diren dokumentuak, hala nola proiektuaren dokumentu teknikoa, ingurumen-inpaktuaren azterketa, informazio publikoaren eta kontsulten emaitza, eta sustatzaileak egindako oharren dokumentu bat, jasotako alegazio eta txostenetako ingurumen-edukiari eta kontuan hartzeko moduari dagokienez.
Jendaurreko informazioaren eta kontsulten prozesuari dagokienez, adierazi behar da kasu honetan beharrezkotzat jotzen dela kontsulta egitea, Urdaibaiko Biosfera Erreserbari ez ezik, baita Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzari ere.
Dokumentazioa xede horretarako egin diren jarraibideak betez aurkeztu behar da. Jarraibideak Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren webgunean daude eskuragarri (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/ingurumen-ebaluazioa/), atal honetan: Tramiteak > Ingurumen Ebaluazioa > Proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura izapidetzea > Eskaerak aurkeztea.
Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa gidaliburuaren arabera egin eta aurkeztu beharko da. Gidaliburua ingurumen-organoaren webgunean dago eskuragarri, esteka honetan:
https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/eia/eu_def/adjuntos/2022_Dokumentuak-aurkezteko-GIDA_v4.pdf