Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2025eko maiatzaren 26koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Arabako lurralde-ordezkariarena, Erriberabeitiko udal-mugartean (Araba) Beitia instalazio fotovoltaikoari eta bere ebakuazio-azpiegiturari dagokien proiektuaren aurretiazko administrazio-baimena ematen duena, Mirador Norte FV SLk sustatuta.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 154
  • Hurrenkera-zk.: 3577
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2025/05/26
  • Argitaratze-data: 2025/08/18

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi jarduerak; Ingurune naturala eta etxebizitza
  • Azpigaia: Industria; Ingurumena

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Espedientea: 01GEY 202200014 / 01GEZ 202400012.

  1. 2022ko irailaren 30ean, Mirador Norte FV SL merkataritza-sozietateak «Beitia» eguzki-instalazio fotovoltaikoaren proiektuaren aurretiazko administrazio-baimena, eraikitzeko administrazio-baimena eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua aurkeztu zituen, proiektu teknikoa eta dagokion ingurumen-dokumentua aurkeztuz, bai eta banaketa-sarearen kudeatzaileak emandako legezko gaitasunaren eta gaitasun tekniko eta ekonomikoaren egiaztapena eta sarbide- eta konexio-baimena ere.

  2. Hainbat eskakizun egin ziren dokumentazioa zuzentzeko; hala, ingurumen-dokumentazioa 2023ko maiatzaren 5ean osatu zen, eta dokumentazio teknikoa, berriz, proiektu teknikoari dagozkion kalkuluak aurkeztuz, 2023ko abuztuaren 8an.

  3. 2023ko ekainaren 5ean, ingurumen-txostena eskatu zitzaion Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzari.

  4. Ingurumen-ebaluazio sinplifikatuaren prozedurarekin batera, jendaurreko informazio sektorialaren izapidea hasi zen, energia elektrikoa ekoizteko, garraiatzeko eta banatzeko instalazioen administrazio-baimenaren prozedurak arautzen dituen martxoaren 31ko 48/2020 Dekretuaren 10. artikuluan aurreikusitakoa. Horretarako, dagozkion iragarkiak argitaratu ziren, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren 2023ko irailaren 21eko 181. zenbakian eta Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialaren 2023ko irailaren 25eko 113. zenbakian. Aldi berean, aipatutako 48/2020 Dekretuaren 11. artikuluan aurreikusitako kontsultak egin ziren.

  5. 2023ko irailaren 19an, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egin zuen. Txosten horretan zehaztutakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ohiko ebaluazioa egin behar da, ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzakeelako. Ebazpena 2023ko irailaren 20an jakinarazi zitzaion sustatzaileari. Ondoren, 2023ko irailaren 25ean, ingurumen-inpaktuaren nahitaezko azterketa aurkezteko errekerimendua jakinarazi zitzaion sustatzaileari.

  6. 2024ko urtarrilaren 31n, Mirador Norte FV SL sustatzaileak proiektuaren onura publikoko aitorpena eskatu zuen, sektore elektrikoari buruzko 24/2013 Legearen 55. artikuluan ezarritakoaren arabera.

  7. 2024ko martxoaren 15ean, Mirador Norte FV SL sustatzaileak jendaurreko informazio eta kontsulten izapide berri bat hasteko beharrezkoa den dokumentazioa osatu zuen, sektore elektrikoari buruzko 24/2013 Legearen, ingurumen-ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen eta nahitaezko desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen ondorioetarako. Dokumentazio hori honako hau da:

    «Beitia» instalazio fotovoltaikoaren proiektua (4 MW-eko potentzia) Erriberabeitian (Araba), 2023ko azarokoa. Azken proiektuak hainbat aldaketa jasotzen ditu 2023ko irailean jendaurrean jarritakoarekin alderatuta; bereziki, Baia ibaiarekiko gurutzaguneko ebakuazio-lineari dagokionez.

    «Beitia» instalazio fotovoltaikoaren proiektuaren (4,668 MWp/4 MWn) ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorako ingurumen-inpaktuaren azterketa, 2023ko abendukoa. Memoria, eranskinak, planoak eta sintesi-dokumentua.

    Fitxategi kartografikoak shape formatuan.

    Sustatzaileak desjabetu beharrekotzat dituen ondasun eta eskubideen zerrenda.

  8. Jendaurreko informazioaren izapidea Arabako Industria Administrazioaren Lurralde Ordezkariaren 2024ko maiatzaren 9ko iragarkiaren argitalpenen bidez hasi zen. Argitalpen horren bidez, jendaurrean jarri ziren Erriberabeitiko udal-mugarteko (Araba) «Beitia» eguzki-instalazio fotovoltaikoaren proiektua eta hari dagokion ingurumen-inpaktuaren azterketa, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (103. zk., 2024ko maiatzaren 28koa) eta Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean (63. zk., 2024ko ekainaren 5ekoa). Halaber, El Correo egunkarian argitaratu zen 2024ko ekainaren 7an, baita Noticias de Álava egunkarian ere, 2024ko ekainaren 14an.

  9. Aldi berean, kontsultak egin zitzaizkien ukitutako Administrazio publikoei eta pertsona interesdunei:

    Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritza.

    Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketaren Zuzendaritza.

    Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza.

    Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritza.

    Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza.

    URA-Uraren Euskal Agentzia.

    Ebroko Konfederazio Hidrografikoa.

    Arabako Foru Aldundiko Natura Ingurunearen Zuzendaritza.

    Arabako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza.

    Arabako Foru Aldundiko Errepideen Zerbitzua.

    Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Zuzendaritza.

    Erriberabeitiko Udala.

    Ekologistak Martxan.

    Natura Defendatzeko eta Ikertzeko Arabako Taldea (Gaden).

    Arabako Natur Institutua (IAN-ANI).

    SEO Birdlife.

    Eguzkizaleak aisia-elkartea.

    Red Eléctrica de España.

    ADIF.

  10. Alegazioak aurkezteko ezarritako epearen barruan, jendaurreko informazioaren bigarren izapidean, ingurumen-ebaluazio arruntaren prozedura barne, honako hauen alegazioak jaso ziren:

    Ekienea SL, «Beitia» proiektuan Ekienena SLk sustatutako «Ekienea» instalazioko ebakuazio-linearen zortasun-eremuaren barruan modulu fotovoltaikoak egoteari dagokionez. Instalazio horren izapidetzea Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioari dagokio.

    Partikularren 236 alegazio, eduki berarekin.

    Jendaurreko informazioaren lehen izapidean, ohiko ingurumen-ebaluazioaren prozeduraren aurretik, Arabako Nekazarien Elkartearen (UAGA) alegazio bat jaso zen.

    Labur-labur, aurkeztutako alegazioak honako puntu hauetan oinarritzen dira:

    Proiektuak balio agrologiko handiko azalera handia hartzea, eta beste proiektu batzuen eragin metatua Erriberabeitiko udal-mugartean.

    Paisaian eragina izatea, hura aldatzea eta galtzea.

    Ondare historiko eta arkeologikoaren gaineko inpaktua.

    Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) gisa katalogatutako Baia ibaiari eragitea.

    Lurpeko linearen uholde-arriskua eta akuiferoei eragitea.

    Korridore ekologikoen sareari eta lurreko konektagarritasunari eragitea, Burgos-Gasteiz abiadura handiko trenbide-linearen eragin metatua.

    Saturazioa eremuan zenbait parke fotovoltaiko elkarrekin ikusteagatik eta elkarrekin egoteagatik.

    Bero-uhartearen efektua, habitat naturalen, faunaren, pertsonen eta sute-arriskuaren gainean inpaktua duena.

    Ekarpen ekonomiko minimoa, ekonomiaren eta bizi-kalitatearen ikuspegitik dakartzan debaluazioarekin alderatuta.

    Gertutasuneko kontsumoari zuzendu gabeko sorkuntza-eredua.

    «Energia berriztagarrien burbuilaren» ondorioak.

    Alegazioak sustatzaileari bidali zitzaizkion, aintzat har zitzan eta erantzun ziezaien.

  11. Kontsulten izapidean, honako Administrazio publiko eta pertsona interesdun hauen txostenak edo alegazioak jaso ziren, eta sustatzaileari bidali zitzaizkion, kontuan hartu zitzan eta erantzun bat eman ziezaien:

    Erriberabeitiko Udala. Alegazioak aurkeztu zituen, hirigintzako eta ingurumeneko txostenekin batera. Adierazi zuen proiektua ez zaiela egokitzen udaleko arau subsidiarioei, Lurralde Antolamendurako Gidalerroak urratzen direla, Nekazaritza eta Basogintzako Lurralde Plan Sektorialak (LPS) ezarritako parametroak urratzen direla, eta euskal kultura-ondarearen gaineko eragina duela (Las Celadas kokagunearen zona arkeologikoa). Era berean, adierazi zuen proiektua hasieran onetsitako Energia Berriztagarrien LPSko zehaztapenen aurkakoa dela. Adierazi zuen proiektua bidegabe zatikatu dela beste autonomia-erkidego bati ustez eragiten diolako, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen arabera plan berezi bat onetsi beharra dagoela azpimarratu zuen, eta ingurumen-inpaktu itzulezina alegatu zuen, bai nekazaritza-eragin sektorialaren ikuspegitik, bai paisaia-inpaktuaren ikuspegitik. Ohar horietan oinarrituta, Erriberabeitiko Udalak proiektua ez baimentzeko eskatu zuen.

    Arabako Foru Aldundiko (AFA) Kultura Zuzendaritzako Museo eta Arkeologia Zerbitzua. Obrei hasiera eman baino lehen, arkeologia-balorazioa egiteko zundaketa mekanikoak edo eskuzkoak eskatu zituen. Sustatzaileak ados dagoela adierazi zuen.

    AFAren Kultura Zuzendaritzako Historia eta Arkitektura Ondarearen Zerbitzua. Adierazi zuen proiektuak ez diela eragiten babestutako elementuei edo higiezinei. Sustatzaileak ados dagoela adierazi zuen.

    AFAren Nekazaritza Zuzendaritza. Proiektuaren eraginaren balorazioa egin zuen: moderatua «balio estrategiko handia» azpikategoriarako, eta bateragarria «trantsizioko landa-paisaia»rako. «Solaria Zierbena Solar 2» proiektuarekin metatutako eragina aztertu zuen, eragina larri eta kritiko mailetara igoz. Ukitutako bi nekazaritza-ustiategien bideragarritasun ekonomikoaren berri eman zuen; horietako batek eragin moderatua du, eta larria besteak. Herriguneen gaineko eraginaren analisia egin zuen, eta adierazi zuen ez duela eraginik inguruko guneetan (500 metro).

    Eusko Jaurlaritzako (EJ) Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren Kultura Ondarearen Zentroa. Adierazi zuen ustezko arkeologia-eremuak daudela (Zarriza eta Las Celadas kokaguneak) eta azken horri eragiten zaiola; beraz, beharrezkotzat jo zuen kontrol arkeologikoa egitea, AFAren Museo eta Arkeologia Zerbitzuak ezarritakoarekin bat etorriz. Aireko ebakuazio-lineak Donejakue bidearen «Barne-bidea» gurutzatzen duela adierazi zuen; beraz, printzipioz, ez luke erromesak pasatzea eragotziko. Sustatzaileak ados dagoela adierazi zuen.

    Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritza. Baia ibaiaren lurpeko gurutzatze-eremuan uholdeak izateko arriskuari buruzko oharrak egin zituen, baita ibaiaren ibilguaren uholde-arriskuari, arrisku sismikoari eta baso-suteen arriskuari buruzkoak ere. Autobabes-plan bat egiteko beharra adierazi zuen, jarduera, zentro edo establezimendu jakin batzuei larrialdi-egoerei aurre egiteko eska dakizkiekeen autobabeserako betebeharrak arautzen dituen azaroaren 2ko 277/2010 Dekretuan xedatutakoaren arabera. Sustatzaileak ados dagoela adierazi zuen.

    Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketaren Zuzendaritza. Proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko oharrak egin zituen, bai eta proiektuak Araba Erdialdeko Eremu Funtzionaleko Paisaiaren Katalogoan aplikatzekoak diren eduki eta zehaztapenekin duen bateragarritasuna eta inpaktu metagarriak eta sinergikoak aztertzeko beharra ere jaso zituen.

    URA-Uraren Euskal Agentzia. Hainbat gogoeta eta baldintza tekniko-administratibo egin zituen exekuziorako, eta sustatzaileak horiekin ados dagoela adierazi zuen.

    Ebroko Konfederazio Hidrografikoa. Hainbat gogoeta eta baldintza tekniko-administratibo egin zituen exekuziorako, eta sustatzaileak horiekin ados dagoela adierazi zuen.

    Red Eléctrica de España. Ez zion aurka egin proiektuari. Dena den, adierazi zuen beharrezko egiaztapenak egin beharko direla, behin eraikuntza amaitutakoan, ziurtatu ahal izateko gauzatutako proiektuak betetzen dituela garraio-sareko lineen arauzko distantziak. Sustatzaileak ados dagoela adierazi zuen.

    ADIF. Txostenean adierazi zuen gaur egun garatzen ari dela Ameguyo-Manzanos tartearen abiadura handiko trenbide-linearen oinarrizko proiektua; beraz, kontuan hartu beharko da «Beitia» instalazio fotovoltaikoaren proiekturako, eta errespetatu egin beharko dira jabari publikoko eremuak, babes-eremuak eta eraikuntza-muga. Sustatzaileak bere adostasuna adierazi zuen, eta aditzera eman zuen ADIFen proiektua kontuan hartu duela instalazio fotovoltaikoaren proiektua idazterakoan.

    AFAren Natura Ingurunearen Zuzendaritza. Adierazi zuen 2023ko abuztuko txostenaren bidez emandako gomendioak jasotzeko proiektuari egindako aldaketek, ingurumen-ebaluazio sinplifikatuaren izapidearen barruan, ondorioztatzen dutela gune babestuen gaineko afekzioak ez direla esanguratsuak, eta, beraz, proiektua exekutatzea bateragarria dela natura-balioak gune horietan kontserbatzearekin. Era berean, adierazi zuen beharrezkoa dela edozein kausak eragindako espezieak edota habitatak leheneratzea, ezartzen diren argibideei eta baldintzei jarraituz.

  12. 2024ko irailaren 17an, eskaera aurkeztu zen ingurumen-organoaren aurrean orduko Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren aurrean, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko. Proiektuaren dokumentazio teknikoa bidali zen, baita ingurumen-inpaktuaren azterketa eta jendaurreko informazioaren eta kontsulten izapideen emaitzak ere. Eskaera 2025eko otsailaren 11n osatu zen, Zuzendaritza horrek egindako zuzenketa-errekerimendua bete ondoren, eta Mirador Norte FV SL sustatzaileak aurkeztutako dokumentazio hau aurkeztu zitzaion espedienteari:

    «Beitia» instalazio fotovoltaikoaren proiektuaren eranskina, 2025eko otsailekoa, sarbideei, obrako instalazio osagarriei eta lur-mugimenduei buruzko informazio teknikoa zabalduz.

    Ingurumen-inpaktuaren azterketa aldatua, 2025eko otsailekoa, barnean hartzen duena Natura Ondarearen eta Klima Aldaketaren Zuzendaritzak kontsulta-fasean egindako txostenean eskatutako informazioa (lurzoru ez-urbanizagarritik kanpoko kokalekuen edo kokaleku degradatuen balorazioa, efektu metagarri eta sinergikoen inpaktua eta paisaiaren gaineko inpaktua).

    Fitxategi kartografikoak shape formatuan, «Energia berriztagarriko proiektuetarako jarraibideak (eolikoa eta fotovoltaikoa)» jarraibideetan ezarritako formatuaren arabera.

  13. 2025eko maiatzaren 9an, Ingurumen Administrazioaren zuzendariak ebazpen bat eman zuen, Mirador Norte FV SLk sustatutako 4 MW-eko «Beitia» instalazio fotovoltaikoaren proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena (IIA) formulatzen duena.

    Ebazpen horretan proiektuaren IIAren aldeko txostena egin zen, eta proiektuaren baldintzak eta ingurumenean sor ditzakeen kalteen kontrako ondorioak prebenitzeko eta zuzentzeko neurriak finkatu ziren.

  14. Sustatzaileak sarbide- eta konexio-baimena du, 2022ko ekainaren 28koa, banaketa-sarearen kudeatzaileak (i-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU) emandakoa, ST Miranda azpiestazioan sortutako energia husteko (30 kV).

    OINARRI JURIDIKOAK

    Lehenengoa. Arabako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Lurralde Ordezkaritza da espediente hau izapidetzeko eta ebazteko organo eskuduna, hala xedatzen baita Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren 20. artikuluan.

    Bigarrena. Espedientean bete dira Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legean agindutako arauzko izapideak; Eusko Jaurlaritzaren martxoaren 31ko 48/2020 Dekretua, zeinaren bitartez arautzen baitira energia elektrikoa ekoizteko, garraiatzeko eta banatzeko instalazioen administrazio-baimenaren prozedurak; bat etorriz ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearekin, baita Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearekin eta nahitaezko desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearekin ere.

    Hirugarrena. Aurkeztutako alegazioei hamargarren aurrekarian laburtuta daudenei dagokienez, bai eta hainbat administrazio, organismo eta zerbitzu-enpresa desberdinek egindakoei ere hamaikagarren aurrekarian adierazten den bezala; haien edukia, sustatzaileak emandako erantzunak, «Beitia» eguzki-instalazio fotovoltaikoaren proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena eta Arabako Lurralde Ordezkaritzak egindako txostena aztertu ondoren, honako hauek adierazi behar dira:

  1. Ingurumenari lotutako alegazioei dagokienez, alegazio horiek kontuan hartu ziren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren adierazpena (IIA) egin aurretik egindako ingurumen-azterketan. Adierazi behar da eguzki-instalazio fotovoltaikoaren ingurumen-inpaktuaren adierazpenak barnean hartzen dituela proiektuaren baldintzak eta ingurumen-organoak ezarritako ingurumen-efektu kaltegarrien prebentzio- eta zuzentze-neurriak.

  2. Erriberabeitiko udal-mugartean balio agrologiko handiko azaleraren okupazio handiari eta beste proiektu batzuen eragin metatuari buruzko alegazioei dagokienez, adierazi behar da espedientea izapidetzean Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Zuzendaritzaren txostena jaso zela, eta bertan ondorioztatu zela «Beitia» proiektuaren inpaktu isolatua moderatua zela balio estrategiko handiko azpikategoriarako. Beste proiektu batzuekin metatutako inpaktuari dagokionez, zera adierazi behar da: horietako batzuk izapidetze-fase goiztiarretan daudela, eta, beraz, ezin dela jakin bideragarriak diren ebazpen honen datan; edo ondorengo datetako eskaerei dagozkiela; edo beste udal-mugarte batzuetan kokatuta daudela; edo ez daudela nekazaritza-balio handiko lurzoruetan. Nolanahi ere, IIAn adierazten dira nekazaritza-erabilera babesteko neurriak (IIAren 4.4 atala), baita sustatzaileak konpentsazio-plan bat garatzeko beharra ere, hain zuzen ere nekazaritza-balio handiko lurrei eragiten direlako.

  3. Paisaia-eraginari dagokionez, IIAren 4.2 apartatuan jasotzen dira paisaia babesteko eta ukitutako azalerak leheneratzeko neurriak, barnean hartzen dutenak sustatzaileak Ingurumena Lehengoratzeko eta Paisaia Integratzeko Plan bat garatzeko beharra.

  4. Ondare historiko eta arkeologikoaren gaineko inpaktua kontuan hartu da IIAn, bertako 4.6 apartatuan ezartzen baita nahitaezkoa dela arkeologia-baloraziorako zundaketa mekanikoak edo eskuzkoak egitea, baita eragin arkeologikoa duen eremuaren gutxienez heren bat hartzea ere. Lortutako emaitzak ikusita, AFAko Museo eta Arkeologia Zerbitzuak dagozkion zuzenketa-neurriak ezarri ahal izango ditu.

  5. Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) gisa katalogatuta dagoen Baia ibaiaren gaineko eraginari dagokionez, adierazi behar da eragin hori jada kontuan hartu zela ingurumen-ebaluazio sinplifikatuaren hasierako izapidean; beraz, ingurumen-organoak egindako ingurumen-txostenak erabaki zuen jada proiekturako ingurumen-ebaluazio arrunta egiteko beharra. Sustatzaileak aldaketak egin zituen proiektuan, ebakuazio-linea zulaketa horizontal zuzenduaren bidez gurutzatzeko, ingurumen-ebaluazio sinplifikatuan bildutako txostenekin bat etorriz. IIAn (4.3 atalean) ibaiertzeko landare-formazioei ez eragitea bermatzeko neurri espezifikoak ezarri dira.

  6. Lurpeko linearen uholde-arriskuari eta akuiferoen gaineko eraginari dagokienez, adierazi behar da arrisku hori kontuan hartu dela IIAn, lurzorua eta urak babesteko neurriak zehaztuz, hargatik eragotzi gabe dagozkion baimen sektorialetan uren arloan eskumena duten erakundeek egokitzat jotzen dituzten neurriak.

  7. Korridore ekologikoen sarearen eta lurreko konektagarritasunaren gaineko eraginari dagokionez (Burgos Vitoria-Gasteiz abiadura handiko trenbideari metatua), IIAn identifikatu da, Korridore Ekologikoen Sarearen barruan, Baia ibaiaren gaineko eragina, eta berariazko neurriak ezarri dira bertarako.

  8. Inguruko parke fotovoltaikoak elkarrekin ikusteagatiko eta elkarrekin egoteagatiko saturazioagatiko eragina kontuan hartu zuen ingurumen-organoak, IIA formulatu aurretik beste parke fotovoltaikoekin eta lotutako azpiegiturekin izan daitezkeen inpaktu metagarri eta sinergikoen azterketak egitea eskatu zuenak.

  9. Modulu fotovoltaikoak instalatzearen ondoriozko «bero-uharte» posibleei eta habitat naturalei, faunari eta pertsonei eragin diezaieketen berotze-eragin klimatikoei dagokienez, ez dago berotze-efektu horiek gerta daitezkeela adierazten duen ebidentzia zientifikorik. Sute-arriskuari dagokionez, uste da eremuak kalteberatasun ertaina duela baso-suteen aurrean. Parke fotovoltaikoaren jarduerari, transformadore elektrikoak dituenez, eragiten dio 21/2019 Dekretuak aldatutako azaroaren 2ko 277/2010 Dekretuak, zenbait jarduera, zentro edo establezimenduren autobabes-betebeharrak arautzen dituenak, larrialdiei aurre egiteko. Beraz, autobabes-plan bat prestatu beharko da jarduera hasi aurretik, eta Euskadiko Autobabes Planen Erregistroan inskribatzeko eskatu beharko da.

  10. Alegatzen da proiektuak ekarpen ekonomiko minimoa ekarriko lukeela debaluazio ekonomikoaren eta bizi-kalitatearenaren aurrean, ez diola interes komun bati erantzuten, baina bai, ordea, hurbileko kontsumora bideratzen ez den sorkuntza-eredu bati eta «berriztagarrien burbuila» efektuari. Alde horretatik, adierazi behar da alegazio horien esparruak gainditu egiten dituela Ordezkaritza honen eskumenak, zeinak baitira administrazio-baimenen eskaera zehatzak ebaztea instalazioen eta lotutako ekipamenduaren baldintza teknikoak eta segurtasunekoak egiaztatu ondoren, baita ingurumena babesteko baldintzak, instalazioaren kokalekuaren ezaugarriak eta proiektua gauzatzeko gaitasun legal, tekniko eta ekonomikoa behar bezala bete direla egiaztatzea ere. Bestalde, energia elektrikoa ekoizteko instalazioak onura publikokotzat jotzen dira, sektore elektrikoari buruzko 24/2013 Legearen 54. artikuluaren arabera, eta ez dago inolako arau-eragozpenik ekoitzitako energia zuzenean banaketa- edo garraio-sarera ebakuatzen duten instalazio fotovoltaikoak baimentzeko.

  11. Hirigintza-izaerako eta lurralde-antolamenduarekin lotutako alegazioei dagokienez, adierazi behar da sustatzaileak dagokion plan berezia onartzeko eskatu duela, Lurzoruari buruzko 12/2007 Legean xedatutakoaren arabera. Ebaluazio-izapide hori independentea da proiektuaren aurretiazko administrazio-baimenarekiko eta hori da ebazpen honen xedea, sektore elektrikoari buruzko araudiaren arabera, baina osagarria da. Nolanahi ere, ezinbestean zehaztu behar da baimen hau emateak ez duela kentzen sustatzaileak proiektua gauzatzeko behar diren bestelako baimen edo lizentzia batzuk lortu behar izatea.

    Halaber, honako hau adierazi behar da: 128/2019 Dekretuaren arabera (128/2019 Dekretua, uztailaren 30ekoa, zeinaren bidez behin betiko onesten baitira Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak), «Beitia» eguzki-instalazio fotovoltaikoaren eta haren ebakuazio-azpiegituraren proiektuko instalazioak berariaz debekatuta ez dauden erabilerei dagozkie, aplikatu beharreko arauen II. eranskineko Erabileren Erregulazioko 2.d puntuko Erabilera Matrizearen arabera (ingurune fisikoaren antolamendua).

  12. Energia berriztagarrien LPSari buruzko alegazioei dagokienez, ezin dira onartu, LPS hori ez baitago behin betiko onetsita. Beraz, proiektua baimentzeari begira, indarrean dagoen araudia baino ezin da aplikatu.

  13. Proiektua instalazio fotovoltaikoetarako ingurumen-zonakatzera egokitzeari dagokionez, adierazi behar da zonakatze hori ez dela, berez, instalazio horiek ezartzeko berariazko debekua, baizik eta instalazio horiek ezartzeko erreferentzia bat.

  14. Proiektuaren balizko zatikatzea alegatzen da, ez duelako Gaztela eta Leóngo erkidegoaren gaineko eragina jasotzen; horrek Arabako Lurralde Ordezkaritzak espedientea ebazteko eskumenik ez izatea eragingo luke. Argitu behar da «Beitia» proiektua eguzki-instalazio fotovoltaikoa eta ebakuazio-azpiegitura barne Arabako Lurralde Historikoan kokatuta dagoela bere osotasunean, eta banaketa-sarearekiko konexioa ST Miranda-ren (30 kV) 6-Miranda-Industrial 5 linearen (30 kV) bidez egiten den arren, «Beitia» proiektuaren eta banaketa-sarearen linea horren arteko konexio-puntua Erriberabeitiko udal-mugartean (Araba) dagoela. i-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU enpresaren banaketa-sareari dagokion aipatutako linea ezin da hartu «Beitia» proiektuaren zati gisa, eta, beraz, ez da baimen honen xede.

    Laugarrena. Proiektuak ingurumenean inpaktua izan lezakeela kontuan hartuta, IIAn, ebazpen-zatiaren bigarren puntuan, proiektuaren baldintzak eta ingurumen-ondorio kaltegarrietarako prebentzio-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak ezarri dira, ingurumen-inpaktuaren azterketan adierazitakoez gain. Hona hemen neurriok, laburbilduta eta azaletik adierazita:

  1. Paisaia babesteko eta eragindako lekuak leheneratzeko neurriak:

    Landare-pantaila instalatzea.

    Modulu fotovoltaikoetan islatzearen kontrako tratamendua aplikatzea gomendatzen da.

    Ingurumena Leheneratzeko eta Paisaia Integratzeko Proiektu bat garatu beharko da.

  2. Ingurumena babesteko neurriak:

    Hesiaren gainerakoan neurriak hartuko dira: itxitura-eremuak minimizatzea, baso-masetatik urruntzea, fauna basatiari pasatzen uztea, talkaren aurkako seinaleak jartzea 10 metrotik behin hesiaren trazadura osoan, eta landare-pantaila instalatzea.

    Baia ibaia gurutzatzean ibaiertzeko landare-formazioen gaineko eraginik ez dagoela bermatzea, ibaiertzeko ibai-eremuen kalitatea eta kontserbazio-egoera zainduz.

    Jardunean hasi aurretik, azterlan bat egingo da, eta mirotz urdinak eremu hori apiriletik ekainera bitartean nola erabiltzen duen aztertzen duen analisia jasoko da bertan.

    Instalazio fotovoltaikoa gauez argiztatzea saihestuko da.

    Obrak hasi aurretik, fauna-prospekzioa egingo da, habiak baztertzeko edo berresteko. Jarduketak gauzatzeko egutegia ezarriko da, kaltetu litezkeen espezie babestuen aldi sentikorrak kontuan hartzeko.

    Espezie aloktonoen hedapena saihesteko neurriak hartuko dira.

  3. Nekazaritza-erabilera babesteko neurriak:

    Jarduketek landa-bideetan duten eragina kontuan hartu beharko da. Beharrezkoa bada, dagokion txosten teknikoa eskatu beharko zaio Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Garatzeko Zerbitzuari.

    Eragindako lurzati ureztatuen erabilera-aldaketaren berri eman beharko zaio Ureztatzaileen Erkidegoari.

  4. Lurzorua eta urak babesteko neurriak:

    Ahal den neurrian, lurzoruaren nibelazioak saihestuko dira panelak ezartzeko eremuan, lurzoruaren jatorrizko profila mantenduz.

    Arreta berezia jarriko zaio zulatzeko bentonitazko lohiak erabiltzeari, eta euste-hesiak ezarriko dira Baia ibaira isurtzea saihesteko.

  5. Kultura-ondarea babesteko neurriak:

    Zundaketa mekanikoak edo eskuzkoak egin beharko dira arkeologia-baloraziorako, obrak hasi aurretik. Proiektuak eragindako gainerako lursailei dagokienez, lur-mugimenduen kontrol eta jarraipen arkeologikoa egingo da.

  6. Hauts-emisioak murrizteko neurriak.

  7. Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.

  8. Hondakinak eta lurrak kudeatzeko neurriak.

  9. Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruekin lotutako neurriak:

    Eguzki-jatorriko energia elektrikoa ekoizteko jarduera (azpiestazioak eta potentzia-transformadoreak bakarrik) lurzorua kutsa dezakeen energia gisa jasota dago. Beraz, aipatutako instalazioek nahitaez bete beharko dituzte Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean jasotako betebeharrak.

  10. Garbiketa eta obra bukatzea.

  11. Konpentsazio-neurriak.

  12. Jarduera uztea.

  13. Ingurumen-aholkularitza.

  14. Jardunbide egokien sistema bat hartzea.

  15. Lan-programa diseinatzea.

    Bosgarrena. Sektore Elektrikoari buruzko 24/2013 Legearen 53.1 artikuluak ezartzen du energia elektrikoa ekoizteko instalazioek aurretiazko administrazio-baimena behar dutela. Era berean, ezartzen du hura ez dela emango, baldin eta titularrak ez baditu aldez aurretik lortzen garraio- edo banaketa-sareetarako sarbide- eta konexio-baimenak.

    Sektore Elektrikoari buruzko 24/2013 Legearen 53.6 artikuluak adierazten du administrazio-baimenak administrazio eskudunak emango dituela, aplikatu beharreko bestelako xedapenen arabera eta, bereziki, lurraldearen antolamenduari eta ingurumenari buruzko xedapenen arabera beharrezkoak diren emakida eta baimenak alde batera utzi gabe.

    Sektore Elektrikoari buruzko 24/2013 Legearen 53.7 artikuluaren arabera, Administrazio publikoak aplikatu beharreko araudian ezarritako eskakizunak betetzen ez direnean edo sistemaren funtzionamendurako kaltegarria denean soilik ukatu ahal izango du baimena.

    Aipatutako lege-xedapenak ikusita, eta oro har zein zehazki aplikagarri diren gainerakoak oinarri hartuta, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Arabako lurralde-ordezkariak

Mirador Norte FV SLri aurretiazko administrazio-baimena ematea «Beitia» eguzki-instalazio fotovoltaikoaren eta haren ebakuazio-azpiegituraren proiekturako. Hau da proiektua:

  1. 4 MWn-ko potentzia instalatuko instalazio fotovoltaikoa: 665 Wp-ko 7.020 panel, 125 kW-eko 32 inbertsore eta 4.000 kVA-ko 0,63/30 kV transformazio-zentro bat, Erriberabeitiko udal-mugarteko (Araba) 1. poligonoko 30, 31, 34, 35, 36 eta 37. partzeletan kokatua.

  2. Erdi-tentsioko lurpeko linea (30 kV), transformazio-zentrotik ebakuazio-puntuaren ondoko sekzionamendu-zentrorainokoa, 1.632 metroko luzera duena eta oso-osorik Erriberabeitiko udal-mugartetik igarotzen dena.

  3. Banaketa-sareranzko ebakuazioa ST Mirandaren (30 kV) 6-Miranda-Industrial 5 linean (30 kV) egingo da, Erriberabeitiko udal-mugarteko 16133 (4944889) eta 16134 (4947033) bermeen arteko tartean.

    «Beitia» eguzki-instalazio fotovoltaikorako eta haren ebakuazio-azpiegiturarako aurretiazko administrazio-baimena baldintza hauekin ematen da:

    1. Exekuzio-proiektua Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak 2025eko maiatzaren 9an egindako ingurumen-inpaktuaren adierazpenean (IIA) ezarritako baldintzetara eta babes- eta konpentsazio-neurrietara egokitu beharko da, hala badagokio. Era berean, administrazioek, organismoek eta zerbitzu-enpresek kontsulta-fasean ezarritako eta sustatzaileak onetsitako baldintza teknikoak jaso beharko ditu. Alde horretatik, Arabako Lurralde Ordezkaritzaren aurrean egiaztatu beharko da, gehienez ere sei hilabeteko epean, aurkeztutako exekuzio-proiektuak ezarritako baldintzak eta neurriak betetzen dituela. Baldintzak eta neurriak betetzeak proiektuan funtsezko aldaketak eragiten baditu, dagokien baimena eskatu beharko da aldaketa horietarako.

    2. Eraikitzeko eta onura publikoko aitorpena egiteko administrazio-baimena emateko, konponbide tekniko bat aurkeztu beharko da Ekienea instalazio fotovoltaikoaren ebakuazio-linearen zortasun-eremuarekiko arauzko distantziak betetzeko. Gaur egun, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioa ari da hori izapidetzen (esp.: PFot-1042).

    3. Onesteko aurkeztu beharreko proiektuak, hala badagokio, araudi elektrikoaren arabera eta industriaren arloan aplikagarriak diren industriako segurtasun- eta kalitate-arauak bete beharko ditu, eta, gainera, instalazio elektrikoei aplikatu beharreko araudian adierazitako agiri eta zehaztapenak eduki beharko ditu.

    4. Sistemaren operadoreak ezartzen dituen arau teknikoak eta jarduteko prozedurak bete beharko dira.

    5. Udal- eta foru-mailako eskumeneko baimen edo lizentziak ezertan eragotzi gabe eman da ebazpen hau, eta obrak egiteko beharrezkoak diren beste baimen batzuk nahiz aplikatzekoak diren xedapenetatik eratorritakoak baztertu gabe, lurralde-antolamenduari, ingurumenari eta meatzeei dagozkienak bereziki, eta, hala dagokionean, eskatzaileak haiek eskuratzeko betebeharra izango du. Era berean, hirugarrenen eskubideak alde batera utzi gabe ematen da, eta jabetza-eskubidea salbu utzita.

      Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango da bere aurka Deskarbonizazioko zuzendariaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera kontatzen hasita, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin.

      Vitoria-Gasteiz, 2025eko maiatzaren 26a.

      Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Arabako lurralde-ordezkaria,

      JAVIER AIZPURU OCHOA DE ERIBE.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik