Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2025eko irailaren 9koa, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariarena, zeinaren bidez Ortuellako Udalaren Diruzaintzako lanpostua sailkatzen baita (lanpostu hori Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordeta dago).
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuaren Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 182
- Hurrenkera-zk.: 4008
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2025/09/09
- Argitaratze-data: 2025/09/25
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía
- Azpigaia: EAEko udalak; Ogasun; Gobernua eta Administrazio Publikoa; Funtzio publikoa
Testu legala
Administrazio Publikoetarako Ministerioko Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiaren 1988ko martxoaren 16ko Ebazpenaren bidez, behin betikotzat jo zen Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostuen sailkapena (1988ko martxoaren 22ko BOE, 70. zk.). Ebazpen horren arabera, Ortuellako Udala bigarren motan sailkatzea ebatzi zen.
Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen (TAOL, aurrerantzean) 92 bis artikuluaren lehenengo apartatuak xedatutakoaren arabera, Toki Administrazioaren Arrazionalizazioari eta Iraunkortasunari buruzko abenduaren 27ko 27/2013 Legeak (TAAIL, aurrerantzean) emandako idazkeran, toki-korporazio guztietan beharrezkoak diren zenbait eginkizun publiko daude, eta horien gaineko erantzukizun administratiboa Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordeta dago; eginkizun horien artean kontabilitatea, diruzaintza eta diru-bilketa daude.
Hori dela eta, TAAIL indarrean jarri zenetik, bigarren motako idazkaritza duten toki-korporazioek, nahitaez, Diruzaintzako lanpostua eduki behar dute, eta Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioak dira lanpostu hori bete behar izango dutenak.
Halaber, aipatutako TAOLen 92 bis artikuluaren laugarren apartatuan xedatzen denez, Gobernuak errege-dekretu baten bidez arautuko ditu Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostuak sortu, sailkatu eta ezabatzeko espezialitateak.
Horren ondorioz, 2018ko martxoaren 16an, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitara eman zen 128/2018 Errege Dekretua, Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioen araubide juridikoa arautzen duena (128/2018 Errege Dekretua, aurrerantzean).
128/2018 Errege Dekretuaren 14.1 artikulua kontuan hartuz, Idazkaritza bigarren motakotzat sailkatuta duten toki-korporazioetan Diruzaintza izeneko lanpostu bat egon behar da, eta lanpostu horrek diruzaintzari eta diru-bilketari lotutako eginkizunen administrazio-erantzukizuna izango du. Lanpostu hori, halaber, toki-administrazioko funtzionario batek bete behar izango du, Kontu-hartzailetza Diruzaintza azpieskalan sailkatutakoa, eta Estaturako gaikuntza izango duena.
Era berean, 128/2018 Errege Dekretuaren seigarren xedapen iragankorreko bigarren apartatuan ezartzen da ezen, Idazkaritza bigarren motakotzat sailkatuta duten toki-korporazioetan, errege-dekretu hori indarrean jartzen denean Diruzaintzako lanpostua ez badago gordeta Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioen eskalakoentzat, dagokion autonomia-erkidegoari eskatu beharko zaiola lanpostu hori Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostu gisa sailkatzea Kontu-hartzailetza Diruzaintza azpieskalan.
Hori dela eta, 128/2018 Errege Dekretuaren seigarren xedapen iragankorrean jasotakoaren arabera, Ortuellako Udalak Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzari eskatu zion Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako udal horren Diruzaintzako lanpostuaren sailkapena egiteko.
Gauzak horrela, prozeduraren instrukzio-aldian, Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu zitzaion txostena eman zezala Ortuellako Udalaren eskaeraren gainean; eskaera horren ondorioz, Foru Aldundiak txostena helarazi du; hain zuzen ere, Ortuellako Udalaren Diruzaintzako lanpostuaren sailkapena Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetzeari buruzko aldeko txostena.
Horregatik guztiagatik, udalak aurkeztutako eskabidea ikusirik, TAOLen 92 bis artikuluarekin eta martxoaren 16ko 128/2018 Errege Dekretuaren seigarren xedapen iragankorrarekin bat etorriz, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 8/2021 Dekretuaren 11. artikuluak ematen dizkidan ahalmenez baliatuz, honako hau
Lehenengoa. Ortuellako Udalaren Diruzaintzako lanpostua Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostu gisa sailkatzea Kontu-hartzailetza Diruzaintza azpieskalan.
Bigarrena. Lanpostu hori betetzeko sistema merezimendu-lehiaketa izango da.
Hirugarrena. Ortuellako Udalak bere lanpostu-zerrendan gehitu beharko du lanpostu hori, bete baino lehen.
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta beronen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Erakunde Harremanetarako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, hala xedatzen baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan, hargatik eragotzi gabe zuzenbidean onartutako bestelako aurkaratze-bideak erabiltzea.
Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluari jarraituz, administrazio publiko interesdunek ezin izango dute administrazioarekiko errekurtsorik jarri ebazpen honen aurka. Halere, errekurtsoa jarri ahal izango dute Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegietan, bi hileko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, 29/1998 Legearen 45. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituz. Lehenago, eta epe berean, Administrazio Erregistroen eta Toki Araubidearen Zuzendaritzari eskatu ahal izango zaio ebazpen hau deusezta edo erreboka dezala, 29/1998 Legearen 44.1 artikuluak xedatzen duen bezala.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko irailaren 9a.
Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendaria,
LORETO OSA OCÓN.