Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2025eko irailaren 4koa, Ingurumeneko sailburuordearena, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuaren txostena egiten baita eta ingurumen-baimen bakarra ematen baitzaio Rubén Gómez Pérezek Lemoako udalerriko (Bizkaia) Zubieta auzoko 20. zenbakian sustatutako hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko instalazioari.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 198
- Hurrenkera-zk.: 4381
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2025/09/04
- Argitaratze-data: 2025/10/17
Gaikako eremua
- Gaia: Ekonomi jarduerak; Ingurune naturala eta etxebizitza; Ogasun eta Ekonomía
- Azpigaia: Industria; Ingurumena; Ekonomia
Testu legala
2021eko abenduaren 31n, abenduaren 9ko 10/2021 Legea argitaratu zen, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena.
2022ko apirilaren 9an, apirilaren 8ko 7/2022 Legea argitaratu zen, Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzekoa.
2023ko abenduaren 28an, Rubén Gómez Pérezek ingurumen-baimen bakarraren eskaera osatu zuen, ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin ondoren, Lemoako udalerriko Zubieta auzoko 20. zenbakian hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko instalazio-proiektu baterako, Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoarekin bat etorriz. Eskaerarekin batera, dokumentazio tekniko hau aurkeztu zen:
Proiektu teknikoa.
Laburpen ez-teknikoa.
Hirigintza-bateragarritasunari buruzko txostena, Lemoako Udalak 2023ko abuztuaren 31n emandakoa.
2024ko azaroaren 27an, Rubén Gómez Pérezek ingurumen-inpaktuaren txostena osatzeko dokumentazio osagarria aurkeztu zuen.
2025eko martxoaren 5ean, Lemoako udalerriko Zubieta auzoko 20. zenbakian hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko Rubén Gómez Pérezek eskatutako jarduera berriaren ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egin zen. Txosten horretan ondorioztatzen denez, baldin eta ustiapen-faserako ingurumen-baimen bakarrean ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, ez da aurreikusten proiektua gauzatzeak ingurumenean eragin negatibo nabarmenik eragingo duenik. Beraz, ez da beharrezkotzat jotzen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea. Era berean, txosten horretan ez da zehaztapen gehigarririk ezartzen proiektua onartu behar denerako, ingurumenean eragin nabarmenik izango ez duela bermatzeko.
Aurkeztutako agiriak nahikoa zirela egiaztatu ondoren, Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2025eko martxoaren 19ko iragarkiaren bidez, Rubén Gómez Pérezek sustatutako proiektua 30 egun balioduneko epean jendaurrean jartzea erabaki zen, epe horren barruan egoki iritzitako alegazioak aurkezteko. Horretarako, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Eusko Jaurlaritzaren iragarki taula elektronikoan argitaratu zen, 2025eko apirilaren 16an.
Jendaurrean jartzeko izapidea amaitu ondoren, alegaziorik ez zela aurkeztu egiaztatu zen.
Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen testu bateginaren 37., 38. eta 39. artikuluetan xedatutakoa aplikatuz, 2025eko apirilaren 16an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak txostenak eskatu zizkien Lemoako Udalari, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoari eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari.
2025eko apirilaren 29an jaso zen lehen aipatutako txostena, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoari eskatutakoa.
2025eko ekainaren 3an, aipatutako txostena igorri zen, Lemoako Udalari eskatuta. Txosten horrek, beste ohar batzuen artean, jakinarazi zuen sustatzaileak ez zuela izapidetu lurzoruaren kalitatearen adierazpenetik salbuesteko izapidea.
2025eko ekainaren 4an, ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 33. artikuluaren 7. paragrafoa aplikatuz, baimen hori eman aurreko ikuskapena egin zen.
2025eko uztailaren 10ean, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza honek informazio osagarria eskatu zion Lemoako Udalari, kokalekuan egindako jarduera lurzorua kutsa dezakeen jardueratzat har daitekeen jakiteko.
2025eko abuztuaren 4an, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 40. artikuluan xedatutakoa betez, Rubén Gómez Pérezen esku utzi zen espedientea, espedientean bertan jasotzen den emaitzarekin.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren 10/2021 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko, kontserbatzeko eta hobetzeko arau-esparrua xedatzea.
Legeak ingurumenean eragina duten jardueren antolamendua arautzen du, ingurumena babesteko araudi sektorialean ezarritako prozedura administratiboak sinplifikatzeko eta bateratzeko premisapean. Hala, bertan xedatzen diren baldintzak eta eskakizunak jasotzen ditu, eta jarduerak garatzeko egon daitezkeen oztopo juridikoak eta administratiboak deuseztatzen ditu. Era horretan, Administrazioak esku hartzeko sistema berri bat ezartzen da legearen I.B eranskinean jasotako jarduera eta instalazioetarako, ingurumen-inpaktuei aurrea hartzeko neurri guztiak bilduko dituen administrazio-ebazpen bakarreko prozedura bakarra egon dadin.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren 10/2021 Legearen 19. artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, ingurumen-baimen bakarraren mende egongo da I.B eranskinean jasotako jardueraren bat garatzen duten titulartasun publikoko edo pribatuko jarduera eta instalazioen ustiapena.
EAEko Ingurumen Administrazioaren 10/2021 Legearen 32. artikuluan xedatzen denari jarraikiz, baimen hori, nolanahi ere, instalazioak eraiki, muntatu edo lekualdatu baino lehen eskuratu beharko da, eta instalazioetan egingo diren aldaketetara egokituko da.
Ingurumen-baimen bakarraren bitartez, egintza bakarrean eta Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoak aurretiaz emandako prozedura administratibo bakarrean bateratuko dira hondakinak ekoizteko eta kudeatzeko baimenak, kolektorera, jabari publiko hidraulikora eta itsasoko eta lehorreko jabari publikora eginiko isurien baimenak eta atmosferara eginiko isurpenen baimenak, eta dagozkien isurpenen mugako balioak ezarriko dira, aplika daitekeen arloko araudiak xedaturikoaren arabera.
Rubén Gómez Pérezen kasuan, baimen horiek, ingurumen-izaerako beste zehaztapen batzuen artean, hondakinak ekoizteari eta kudeatzeari, kolektorera isurtzeari eta atmosferara isurtzeari buruzkoak dira. Gainera, egiaztatu da espedientean beste administrazio eta erakunde eskudun batzuek ere parte hartu dutela, aginduzko txostenak igorriz.
Ekainaren 25eko 4/2015 Legearen I. eranskina aldatzen duen abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren arabera, garatuko den instalazioan lehendik garatutako jarduera ez da iristen lurzorua kutsa dezakeen jardueratzat hartzeko gutxienekora.
Instalazioak gehienez isuri ditzakeen substantzia kutsagarrien emisioko muga-balioak ezartzeko, eta, ingurumena ahalik eta gehien babeste aldera, instalazioa ustiatzeko beste baldintza batzuk ezartzeko, ebazpen hau egiterakoan kontuan izan dira eskura diren teknika onenak nahiz sektoreko legeria aplikagarriak ezarritako neurriak eta baldintzak.
Orain arte azaldutakoaren arabera, espedientean jasotako informazioa aztertu ondoren, ebazpen-proposamena sinatu zen, Rubén Gómez Pérezek sustatutako jarduerari aplikatu beharreko baldintzak erantsita, urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 15.8 artikuluan jasotako entzunaldi-izapidea alde batera utzi gabe.
Goian adierazitako izapideak aipatu dugunaren arabera amaituta, entzunaldi-izapidea bete da, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren 10/2021 Legearen 40. artikuluan jasotzen denari jarraikiz.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 43. artikuluak, «Ingurumen-baimen bateratuaren eta ingurumen-baimen bakarraren edukia» izenekoak, honako hau ezartzen du bigarren apartatuan:
Ingurumen-baimen bakarrak honako hau jasoko du, gutxienez:
Substantzia kutsakorretarako isurpenen mugako balioak eta, hala badagokio, lurzorua eta lurpeko urak babestea bermatzen duten preskripzioak.
Instalazioak sortutako hondakinen kudeaketarako erabiliko diren prozedura eta metodoak, hondakinen kudeaketarako hierarkia kontuan izanda.
Hala badagokio, erkidego arteko edo mugaz gaindiko distantzia luzeko edo mugaz gaindiko eremuetan ondorio negatiboa duen kutsadura minimizatzea bermatzen duten preskripzioak.
Isurpen eta hondakinak tratatzeko eta kontrolatzeko sistemak eta prozedurak, neurketa-metodologia, maiztasuna eta neurketak ebaluatzeko prozedurak zehaztuta.
Ingurumenari eragin diezaioketen eta normalak ez diren egoeretako ustiapen-baldintzei buruzko neurriak, hala nola abian jartzea eta geratzea, ihesak, funtzionamendu-akatsak eta aldi baterako geldialdiak.
Instalazioaren itxiera egiteko baldintzak.
Aplika daitekeen legedi sektorialak ezarritako edozein neurri edo baldintza, edo Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoak arrazoituta emandakoak.
Hori horrela izanik, baimenaren edukian hainbat alderdi txertatu behar dira, hain zuzen ere gaur egun Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legeak ezartzen duen ingurumen-baimen bakarraren edukian daudenak, instalazioa gaitzeko tituluak oinarritzen dituen araudian jasota ez dauden arren.
Xedapen hauek hartu dira kontuan: Sailburuordetza honen 2025eko ekainaren 4ko Ebazpena; 10/2021 Legea, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 7/2022 Legea, apirilaren 8koa, Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzekoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, hau
Lehenengoa. Ingurumen-inpaktuaren txostena egitea Lemoako udalerrian hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko Rubén Gómez Pérezek aurkeztutako proiekturako, ebazpen honen laugarren eta bosgarren ataletan ezarritako baldintzekin.
Bigarrena. Zehaztea ezen, lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta betiere ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak planteatutakoak ere aurrekoen aurkakoak ez diren heinean, ez dela aurreikusten ingurumenean eragin negatibo adierazgarririk sortuko denik proiektua gauzatzearen ondorioz. Horrenbestez, ez da beharrezkoa ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea Rubén Gómez Pérezek Lemoako udal-mugartean sustatutako hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko proiektuari buruz.
Hirugarrena. Rubén Gómez Pérezi (helbide soziala: Zubieta auzoa, 20, Lemoa; IFZ: ***7381**) ingurumen-baimen bakarra ematea Lemoako Zubieta auzoko 20. zenbakian hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko instalazio bat jartzeko, ebazpen honen eranskinetan ezarritako baldintzekin.
Laugarrena. Ebazpen honen eranskinetan ezarritako baldintzak eta eskakizunak ezartzea, Lemoako udalerrian (Bizkaia) hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko Rubén Gómez Pérezek sustatutako jarduera ustiatzeko eta jarduera uzteko.
Baldintza orokorren eranskinean ezarritako betekizunak indarrean egongo dira soilik horretarako xedapen orokorrak onartzen ez diren bitartean.
Bosgarrena. AAU01133 erregistro-kodea eta 4820221523 IIZ esleitzea Rubén Gómez Pérezek Zubieta auzoko 20. zenbakian ustiatutako instalazioari. Instalazio horren kokapena hau da: UTM (ETRS89) 30N, X: 517552, Y: 4.783.981.
Ingurumen-baimen bakar honi lotutako baimen- eta inskripzio-kodeak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskura jarritako aplikazio informatikoan agertzen direnak izango dira. Besteak beste, Hondakinen Ekoizpen eta Kudeaketa Erregistroko baimen- eta inskripzio-kodeak erabili beharko dira hondakinak lekualdatzeko dokumentuak betetzeko.
Seigarrena. Baimen honen eraginkortasuna eta baimendutako hondakin-kudeaketaren hasiera baldintzatuko ditu aurretiaz egiaztapenak. Ikuskatze-bisita egingo dute ingurumen-organo honi atxikitako zerbitzu teknikoek, instalazioak aurkeztutako proiektuaren eta ebazpen honetan xedatutakoaren arabera eta Ekonomia zirkularra bultzatzeko eta Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 33.7 artikuluan xedatutakoari jarraikiz eraiki eta hornitu direla egiaztatzeko.
Zazpigarrena. Hiru urtekoa da ingurumen baimen bakarra eman zaion jarduera hasteko epea.
Zortzigarrena. Rubén Gómez Pérezi eskatzea honako alderdi hauei erantzun diezaiela, jarraian zehaztutako epeetan:
Instalazioaren eraikuntza amaituta, hasteko gaituta daudenean, hasi aurretik:
Organo honi zein Udalari aurkeztu beharko dio titularraren erantzukizunpeko adierazpen bat; alegia, instalazioa onartutako proiektura egokitzen dela eta ezarri zaizkion baldintzak beteko dituela konpromisoa hartzen duela.
Teknikari eskudun batek sinatutako ziurtagiria, baimenaren xede den jarduera motaren arabera, instalazioak onartutako proiektuarekin bat datozela eta ingurumen baimen bakarrean ezarritako baldintzak bete direla egiaztatzen duena.
277/2010 Dekretuaren (21/2019 Dekretuak aldatua) I. eranskinean jasotako jarduera bat bada, Euskadiko Autobabes Planen Erregistro Orokorreko inskripzio-ziurtagiria aurkeztu beharko du, edo, horren ordez, bertan inskribatzeko eskabidearen egiaztagiria. Bestela, betebehar hori aplikatu behar ez zaiola justifikatu beharko du.
Industria-establezimenduetako suteen aurkako segurtasun-araudia onartzen duen abenduaren 3ko 2267/2004 Errege Dekretua aplikatu behar bada, industria-establezimenduetako suteen aurkako segurtasunari buruzko eskumena duten organoek emandako ziurtagiriak aurkeztu beharko dira. Erregelamendu horren eraginpean ez badago, egiaztatu beharko du instalazioek suteen aurkako babesaren arloan ezarritako eskakizunak betetzen dituztela, horretarako egiaztatutako administrazioaren erakunde laguntzaile gisa enpresa instalatzaileak emandako ziurtagiria aurkeztuz, azaroaren 5eko 1942/1993 Errege Dekretuak, suteen aurka babesteko instalazioen erregelamendua onartzen duenak, ezarritakoaren arabera; halaber, aparatuen, ekipoen eta sistemen mantentze-lanak erregelamendu horretan xedatutakoaren arabera egiten direla egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du.
Jakinarazpenak jasotako edo harekin batera aurkeztutako datuak, adierazpenak edo dokumentuak zehatzak ez badira, faltsututa badaude edo funtsezko zerbait agertzen ez bada, edo horrelakorik aurkezten ez bada, ezin izango da jarduera egiten jarraitu gertakari horien berri izaten den unetik, kasu horretan egon litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboei kalterik egin gabe.
Eskatutako dokumentazioa Nire Karpetatik aurkeztuko da, AAU01133_SOL_2021_001 espedientearen barruan. Espediente hori itxita badago, dokumentazioa aurkezteko espediente bat irekiko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskura jarritako aplikazio informatikoaren bidez, eta adieraziko da aipatutako hasierako eskabide-espedienteari lotutako dokumentazioa dela.
Jarduera hasi eta 6 hilabeteko epean:
Tratamendu-kontratuak, sortzen diren hondakin arriskugabeen eta arriskutsuen kudeatzaile baimendu batek emandakoak.
Bederatzigarrena. Instalazioetan edozer aldaketa egiteko, eskaera egin beharko da, edo horren berri eman beharko da, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-informazioko sisteman, EAEko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 46. artikuluan (funtsezko aldaketak) edo 47. artikuluetan (funtsezkoa ez den aldaketa) ezarritakoaren ondorioetarako, artikulu horietan kasuan-kasuan eskatzen den informazioa adierazita.
Sustatzaileak aldaketa bat funtsezkoa ez dela justifikatzeko dokumentazioaren kasuan, ingurumen-organoak aztertu eta kalifikatu egingo du eskatutako aldaketa, eta funtsezkoa den edo ez ebatziko du.
Halaber, proiektua aldatzen den kasuetan, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.1.c eta 7.2.c artikuluetan xedatutakoa aplikatuko da.
Baldin eta aldaketak lurzoru berria okupatzea aurreikusten badu eta aipatutako lurzoruak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak baditu edo izan baditu, aldaketa gauzatu aurretik, hartu beharreko kokalekuaren lurzoru-kalitatearen deklarazioa eduki beharko da, Lurzorua Ez Kutsatzeko eta Kutsatutakoa Garbitzeari buruzko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoarekin bat etorriz.
Hamargarrena. Administrazioarekiko harremanez arduratuko den pertsonaren gainean Ingurumen Sailburuordetzari eman dizkion datuetan aldaketarik balego, Rubén Gómez Pérezek aldaketa horien berri emango du.
Hamaikagarrena. Ingurumen baimen bakarraren indarraldia mugagabea da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen organoak aldizka berrikusi behar du, ingurumen baimenen aurrerapen klausularen arabera.
Hala ere, hondakinak tratatzeko jarduerari dagokionez ebazpen honetan jasotako baldintzen indarraldia 8 urtean behin berrituko da, automatikoki, agintari eskudunek aldeko ikuskapena egin ondoren.
Ingurumen baimen bakarraren berrikuspena ofizioz egingo da honako kasu hauetan:
Instalazioak eragindako kutsadura dela-eta, finkatutako emisioen muga-balioak berrikustea edo beste batzuk ezartzea komeni bada.
Isurtzeak nabarmen murriztu daitezkeenean, teknika erabilgarri onenetan egindako aldaketa handien ondorioz gehiegizko kosturik izan gabe.
Prozesuaren edo jardueraren funtzionamendu-segurtasuna dela-eta beste teknika batzuk erabili beharra dagoenean.
Teknika erabilgarri onenak erabiliz lortu litezkeenak baino baldintza osagarri zorrotzagoak aplikatzea beharrezkoa denean, ingurumen-kalitateko arauak beteko badira.
Aplikatu beharreko araudi berria indarrean jartzen denean.
Ingurunearen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza esanguratsu berrietara egokitzeko beharra ikusten bada, bereziki inplikatutako sistemen hauskortasuna areagotzen dela antzematen bada.
Ingurumena zaintzeko programan jasotako emaitzen edo bestelako oharpenen arabera, ingurumen-inpakturako ezarritako neurri babesle, zuzentzaile edo konpentsatzaileak nahikoak ez direla egiaztatzen bada.
Aldaketa beharrezkoa denean, EAEko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 44. artikuluko 1. apartatuan ezarritakoari jarraikiz egindako azterketaren arabera.
Isurtzeko baimena berrikusi eta ezeztatu ahal izango da, Jabari Publiko Hidraulikoko Erregelamenduaren 261. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako arrazoiengatik.
Ingurumen-baimen bakarra berrikusteak ez du kalte-ordainerako eskubiderik ekarriko, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 44.5 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
Hamabigarrena. Organo honi jakinarazi beharko zaio instalazioak aldi baterako edo behin betiko utzi direla edo itxi egin direla, hartutako edo hartuko diren neurriak eta denbora-sekuentzia zehaztuz, kutsadura-arrisku oro saihesteko.
Jarduera behin betiko amaitu dela ulertuko da, baldin eta urtebeteko epea igaro bada jarduera egin gabe, eta titularrak ez badio organo honi modu frogagarrian jakinarazten zein diren egoera horren arrazoiak, behar bezala justifikatuta.
Hamahirugarrena. EAEko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 28.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, Rubén Gómez Pérezek ebazpen honen xede den hondakin arriskugabeen kudeaketan gerta litekeen titulartasun-aldaketa oro jakinarazi beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari, azken horrek onar dezan.
Kasu horretan, hondakinak kudeatzeko jarduera bat izanik, titulartasuna hirugarren baten alde aldatzeko, aldez aurretik egiaztatu beharko da, ingurumen-organo honi atxikitako zerbitzu teknikoek egin beharreko ikuskapen-bisitaren bidez.
Hamalaugarrena. Ingurumen-baimen bakar honetan ezarritako baldintzak ez betetzea arau-hauste astun gisa tipifikatuta dago Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 106. artikuluaren arabera, eta aipatutako legearen 108. artikuluan jasotako zehapenak ezartzea ekar dezake.
Hamabosgarrena. Baimen honek balioa galduko du honelakoren bat gertatuz gero:
Epean ez bada egiaztatzen ebazpen honen zortzigarren apartatuan ezarritako baldintzak betetzen direla, non eta interesdunak ez duen behar bezala justifikatuz epea luzatzeko eskatzen.
Ebazpen honen zazpigarren apartatuan xedatutako hiru urteko epean ez bada abiarazten baimendutako jarduera, non eta interesdunak ez duen epea luzatzeko eskatzen, behar bezala justifikatuta.
Urtebeteko epean ez badu jarduera garatzen, eta titularraren komunikazio frogagarririk bidaltzen ez bazaio baimena eman duen Administrazioari, egoera horren arrazoiak behar bezala azaltzeko.
Hamaseigarrena. Ebazpen honen edukiaren berri ematea Rubén Gómez Pérezi, Lemoako Udalari, ingurumen-baimen integratua emateko prozeduran parte hartu duten organismoei eta gainerako interesdunei.
Hamazazpigarrena. Ingurumen-inpaktuaren txosten hau eta ingurumen-baimen bakar hau Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara daitezela agintzea.
Hamazortzigarrena Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu daiteke Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiz.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko irailaren 4a.
Ingurumeneko sailburuordea,
JOSU BILBAO BEGOŃA.
(Ikus .PDF)