Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2025eko irailaren 17koa, Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturako zuzendariarena, zeinaren bidez erabakitzen baita Eusko Jaurlaritzak Murugainen duen telekomunikazio-zentroa Aretxabaleta eta Arrasate udalerrietan handitzeko desjabetze-espedientearen eraginpeko ondasun eta eskubideak okupatu aurreko aktak noiz egingo diren.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 184
- Hurrenkera-zk.: 4057
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2025/09/17
- Argitaratze-data: 2025/09/29
Gaikako eremua
- Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua; Garraio eta herri lanak
- Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Gobernua eta Administrazio Publikoa
Testu legala
Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Administrazio eta Zerbitzu Orokorretako sailburuordearen 2023ko irailaren 21eko 369/2023 Ebazpenaren bidez, behin betiko onartu zen Eusko Jaurlaritzak Murugainen duen telekomunikazio-zentroa handitzeko proiektua, Aretxabaleta eta Arrasate udalerrietan, eta behin betiko onartu zen egikaritzeak eragindako ondasun eta eskubideen zerrenda.
Garai hartan Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburu zenak 2024ko martxoaren 20an emandako Aginduaren bidez erabaki zen nahitaezko desjabetzearen espedienteari hasiera ematea, eta eraginpeko ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzea hamabost egunez; Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (73. zk.), 2024ko apirilaren 12an Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (71. zk.) eta prentsan argitaratu ziren iragarkiak, jakinarazteko zerrenda hori jendaurrean jarriko zela. Horrez gain, erabaki zen Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernu Kontseiluari eskatzea proiektu horren eraginpeko ondasun eta eskubideak urgentziaz okupatu beharrekoak zirela deklaratzea, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako.
Jendaurrean jarri ondoren, martxoaren 25eko 71/2025 Dekretuaren bidez deklaratu da Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak urgentziaz okupatu behar dituela, nahitaezko desjabetzearen ondoreetarako, Eusko Jaurlaritzak Murugainen duen telekomunikazio-zentroaren proiektuak Aretxabaletan eta Arrasaten hartzen dituen ondasun eta eskubideak.
Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan aurreikusitakoa betez, ebazpen honen bidez dei egiten zaie honekin batera doan zerrendan agertzen diren ondasun eta eskubideen titularrei, adierazitako egun eta orduan, eta dagokion udaletxera bertaratu ondoren, eraginpeko ondasun eta eskubideak okupatu aurreko aktak egin ditzaten, eta, hala badagokio, lurrak formalki okupatu aurreko aktak egin ditzaten. Beharrezkoa izanez gero, lursailera bertara joan ahal izango da, interesdunek hala eskatuz gero.
Egintza horretara interesdunek berek joan beharko dute, edo haien izenean jarduteko behar bezalako baimena duten ordezkariek; haien titulartasuna egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte (eskritura publikoak, pribatuak, Jabetza Erregistroaren ziurtagiriak edo informazio-oharrak, eta abar), bai eta beren eskubideak egiaztatzen dituen beste edozein dokumentu ere. Egoki iritziz gero, perituak eta notario bat eraman ahal izango dituzte, baina hori haien konturakoa izango da. Era berean, eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen Erregelamenduaren 56.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, interesdunek eta eskubide erreal edo ekonomikoen titularrek, lehen adierazitako zerrendan agertu ez badira, egoki iritzitako alegazioak aurkeztu ahal izango dituzte idatziz Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Saileko Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz, Araba), aurretiko aktak egiteko adierazitako egunera arte, eraginpeko ondasun eta eskubideen zerrendan egon daitezkeen akatsak zuzentzeko.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko irailaren 17a.
Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturaren zuzendaria,
PABLO GARCIA ASTRAIN.
(Ikus .PDF)