Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2025eko ekainaren 2koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, Vitoria-Gasteizen (Araba) «Alfarotarren Etxea» Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 118
- Hurrenkera-zk.: 2834
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2025/06/02
- Argitaratze-data: 2025/06/24
Gaikako eremua
- Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena; Gobernua eta Administrazio Publikoa
Testu legala
2025eko martxoaren 26an, Vitoria-Gasteizko Udalak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren aurrean eskaera osatu zuen Vitoria-Gasteizko «Alfarotarren Etxea» Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-txosten estrategikoa eman zedin. Eskabidea Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen aplikazio-esparruan egin da; arau horrek arautzen ez dituen alderdietan, berriz, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen aplikazio-esparruan.
Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legeak 16. eta 29. artikuluetan ezartzen duen edukiarekin.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2025eko apirilaren 20an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Aldi berean, Vitoria-Gasteizko Udalari jakinarazi zitzaion prozedura hasi zela.
Halaber, espedientean jasota dauden dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin zitzan.
Erantzuteko legezko epea amaituta eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legeak 75. artikuluan xedatzen duenari men eginez.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.
Plana abenduaren 9ko 10/2021 Legeak 72.2 artikuluan aintzat hartzen dituen kasuen artean sartzen da; hor ezartzen da zer plan eta programak pasatu behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua, hauek zehazteko: ingurumen-eragin nabarmenik ez duela ingurumen-txosten estrategikoaren arabera edo ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar dela, ingurumenean eragin nabarmena izan dezakeelako.
Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan arautzen da, aipatu legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideei jarraikiz, bai eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikulutik 32. artikulura bitartekoetan ere, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideei jarraikiz.
Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedientean datozen dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ondoren, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, berau baita organo eskuduna, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuak xedatzen dutenaren arabera. Txosten horretan aztertzen da Planak ingurumenean ondorio nabarmenak izan ote ditzakeen ala ez eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana gauzatzeko, eta ingurumena behar bezala babesteko.
Aplikatu beharreko lege eta arauak ikusita (10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzkoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluaziokoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 18/2024 Dekretua, ekainaren 23koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak), honako hau
Lehenengoa. Vitoria-Gasteizko (Araba) «Alfarotarren Etxea» Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, ondoren adierazten den moduan:
Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Gaur egun, ezinezkoa da formalizatzea eremuari 2023ko irailaren 6ko ALHAOn argitaratu zen behin betiko onespenean Manuel Iradier kaleko 5. zenbakian (Alfarotarren etxea) dagoen eraikinari esleitu zitzaion eraikigarritasuna, aplikatu beharreko babes-araubidea aldatzeko Katalogoaren aldaketan jasotako atzeraemanguneen, gehieneko lerrokaduren eta bolumetrien baldintzatzaileekin. Hori dela eta, beharrezkoa da Plan Berezi hau idaztea, baldintzatzaileak doitzeko eta esleitutako eraikigarritasuna lortu ahal izateko.
«Alfarotarren Etxea» Hiri Antolamendurako Plan Bereziaren (HAPB) helburua da bolumenak, lerrokadurak, sestrak, eraikuntzaren altuerak, atzeraemanguneak eta abar definitzea Vitoria-Gasteizko (Araba) Manuel Iradier kaleko 5. zenbakiko eraikina handitzeko. Hau da, HAPOak onartutako eraikigarritasun osoa finkatzeko aukera emango duten bolumen berrien ezaugarriak definitzea; eta horretarako, antolamendu xehatuko zehaztapen batzuk aldatu egin behar dira, mugekiko tarteari eta eraikuntzaren gehieneko altuerari dagokienez.
Eremuaren azalera osoa 1.511 m2koa da, eta hiru eraikin daude bertan. Bi txikienak lurzatiaren hegoaldeko eta iparraldeko mugekin lerrokatuta daude, eta garaje eta trasteleku modura erabiltzen ziren, eta ez da aurreikusten haiek mantentzea. Gunearen erdian dagoena Alfaro familiaren etxebizitza zen garai batean, eta hutsik eta oso hondatuta dago gaur egun. Azken etxebizitza hori Birgaitze/Kontserbaziorako Babes Bereziko Erregimen Berezia duten eraikinen katalogoan jasota dago, fatxada manten dadin.
Lurzatiko orubea hirugarren sektoreko erabilera gisa finkatuta dagoen hiri-lurzorua da, eta gainerako etxadia bizitegi-erabilerakoa da, OR-2 ordenantza aplikatuz. Kalearen beste aldean Karmengo Amaren eliza dago.
Lursailaren eraikigarritasuna: 3.022 m2(sabai). Eraikin nagusiak 719,15 m2(s)-ko eraikigarritasun finkatua du; beraz, 2.302,85 m2(s) ditu gauzatzeko.
Azalera hori oso mugatua da nahi den hedapena egiteko, babestuta dagoen eraikina bere bolumetria eta kokapenarekin mantendu beharra dela eta. Plan Bereziak horretarako behar liratekeen baldintzatzaileak doitu nahi ditu, eta horretarako lau alternatiba aztertu dira:
alternatiba: eraikin exentua bolumetria berri batekin mantendu, atzeraemanguneekin, nahitaezko lerrokadurekin eta ordenantza arautzailearen eta ezarritako mugimendu-eremuaren araberako altuerekin: L formako eraikin berri bat egingo litzateke, gehienez 13,50 metroko altuerarekin (BS+3) eta 4,50 metroko atzeraemangunearekin. Baztertu egiten da, lurzati osoaren eraikigarritasuna gauzatuko ez lukeelako eta etxebizitza mugakideen gutxieneko eguzkiztapen-baldintza betetzea eragotziko lukeelako.
alternatiba: dagoen eraikina birgaitzea, fatxada mantenduz, estalkia berregin gabe eta ezarritako mugimendu-eremuaren mugak kontuan hartu gabe, eraikigarritasunaren % 100 baliatzeko hartzeko moduan. Horretarako, L formako handitze-bolumen bat hartuko litzateke. Hala ere, diseinu hori ezetsi egin zen, Arabako Foru Aldundiko ondare-zerbitzuaren iritziz eraikinaren egungo estalkiak balio tipologiko handia duelako eta birgaitzen denean bolumetrikoki erreproduzitu behar delako.
alternatiba: eremuan dagoen eraikin exentua mantentzea, lurzatian bolumen berririk eraiki gabe; baztertu egin da, ez duelako ahalbidetzen baimendutako eraikigarritasuna gauzatzea, eta administrazioak ez du aurreikusten lurzati horren eraikigarritasuna birkokatzea edo arrazoi horrengatik kalte-ordainik ezartzea.
alternatiba: lurzatian dagoen eraikin exentua mantentzea, pastilla-itxurako BS+6ko bolumetria berriarekin Manuel Iradier kaleko 7. zenbakiko eraikinaren aurrean, eta pastilla-itxurako BS+2+A, iparraldean, 2 m-ko atzeraemanguneekin mugekiko, eta aparkaleku-sotoarekin. 3.682,05 m2-ko azalera lortzen da hartara; beraz, baimendutako eraikigarritasunari dagokionez, 660,05 m2 gehiago lortu da, eta horrek aukera ematen du proiektuan doikuntzak egiteko. Alternatiba hori aukeratu da katalogatutako eraikinarekin errespetuzko harremana egikaritzen duelako, eta lehendik dauden bizitegi-eraikinen eguzkiztapen-baldintzak bermatzen dituelako.
Planaren ezaugarri teknikoak eta ingurumenekoak aztertu ondoren eta abenduaren 9ko 10/2021 Legeak, 75.3 artikuluan xedatzen duenaren arabera, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira Planari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion ala ez zehazteko.
Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:
Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuentzako esparrua: Planak ez du baldintzatzailerik ezartzen, besteak beste, etorkizunean proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak baimendu ahal izateko kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez.
Planak nolako eragina duen beste plan edo programa batzuetan, hierarkizatuta daudenak barne: Plana garatzeko proposatu diren jarduketak eta aurkeztu den dokumentazioa aztertuta, ez da hauteman ingurumen-eragin nabarmenik, ez eta beste plan edo programa batzuekiko bateraezintasunik ere.
Plana egokia ote den ingurumen-arloan garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren irizpideak integratu ahal izateko: plana egokitzat jotzen da garapen jasangarria sustatzeko ingurumen-irizpideak integratu ahal izateko.
Planarekin zerikusia duten ingurumen-arazo nabarmenak: aurreko puntuetan adierazitakoari jarraituz eta aintzat hartuta bai eremuaren ingurumen-ezaugarriak bai Planaren irismena, ez da hauteman Plana gauzatuz gero ingurumen-arazo esanguratsurik sortuko litzatekeenik, betiere eremuarekin lotutako jarduketak egiten badira, besteak beste, ingurumenari, kultura-ondareari, segurtasun eta osasunari, hondakinen kudeaketari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez.
Era berean, plana egokitzat jotzen da Europako nahiz Espainiako ingurumen-arloko legediaren betearazpenerako.
Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak:
Hirugarren sektoreko erabilera izan dezan finkatutako hiri-lurzoruan dago eremua.
Kultura-ondarearen ikuspegitik, Alfarotarren Etxea, 1900. urteko eraikina da, Vitoria-Gasteizko HAPOaren Katalogoko 3.1 eranskineko zerrendan jasota dagoena; han arautzen da babes-erregimen berezia, eraikinei dagozkien kategoriaren arabera aplikatu beharreko parametro eta zehaztapen desberdinekin. Alfarotarren Etxeak birgaitze/berritzeko katalogazioa du, eta fatxada mantentzekoa da (ALHAO, 2023-09-26, 105. zk.).
Eremuan ez da detektatu intereseko espezierik. Lurzatian eta eraikinean jarduerarik ezaren eta utzikeriaren ondorioz, sastrakak eta landareak hazi dira, eta pilatuz joan dira eraikinean bertan; horrez gain, usoak eta hiri-inguruneetan ohikoa den bestelako fauna ere ugaritu egin da.
Eragin hidrologikoei dagokienez, iragazkortasun handiko lurzoruek osatzen dute jarduera-eremua, porositatearen ondorioz, edo akuiferoak betetzeko eremu bati dagokio, eta kalteberatasun-maila handia du kutsadurarekiko.
Trenbide-eraginei dagokienez, trenbideen eragin-banden 200 m-ko esparruan dago eremua.
Zortasun aeronautikoei dagokienez, Alfarotarren Etxearen kokaleku den Vitoria-Gasteizko udalerriari eragiten diote Forondako aireportuko zortasun akustikoek, aireontzien operazioko zortasunek eta aerodromoko eta irrati-maiztasuneko zortasuneko eremuek.
Planaren inpaktu akustikoaren azterketak zirkulazioa identifikatu du egungo soinu-iturri nagusitzat. Kontuan hartuta bideen neurketa-balioak eta egungo neurketak jasotzen dituzten zarata-mapetan islatzen diren soinu-mailak, eta bigarren mailako bidetik azterlanaren xede den lurzatirako proposatutako bolumen eraikigarrirainoko distantzia handiagoa, ondorioztatzen da aldaketa horrek ez duela ezarrita dauden kalitate akustikoko helburuen ez betetzerik erakartzen.
Planaren ezaugarriak aintzat hartuta, nabarmena ez den eragina izango du ingurumenean.
Plana garatzearen ondorioz sor daitezkeen inpaktuak identifikatzen dira ondoren; obra-fasean agertuko lirateke haietako gehienak:
Lurzorua okupatzea eta iragazgaiztea, eraikin berriak eraikitzearen ondorioz.
Hondakinak sortzea eta baliabideen kontsumoa; bi eraikin osagarriak eraistearen eta eraikin berria eraikitzearen ondorioz.
Istripuz isurketarik izanez gero, lurzorua eta ura kutsa daitezke.
Zarata eta atmosfera-kutsadura obra fasean.
Bizi-kalitatearen gaineko eragina; inpaktu negatiboa obra-fasean, zarata sortzearen, airearen kutsaduraren, trafikoa ugaritzearen eta abarren ondorioz.
Ebazpen honetan, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan, eta Planari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik izan ez dadin, betiere ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira hartan.
Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatu beharko dira, ingurumen-txosten estrategikoa formulatzen duen ebazpen honetan adierazitakoari men eginez, eta, aurreko horren aurkakoa ez den edozertan, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta eremuaren antolamendurako planetan jasotakoari jarraikiz.
Aplikatu beharreko neurrien artean, Plana garatzeko proiektu eta jarduketen ondoriozkoak nabarmendu behar dira, hala obra-faseari nola jardueraren funtzionamendu-faseari lotutakoak. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira:
Kultura-ondareari dagozkion neurriak.
Manuel Iradier kaleko 5. zenbakian dagoen eraikina udal-babeseko kultura-ondasuna da; beraz, plangintzan eta katalogoan ezarrita dagoen babes-araubidea du, eta udal-kontrolaren araubidea bete behar du. Udal-babesa duten kultura-ondasunak ez daude 6/2019 Legearen mende; izan ere, euskal kultura-ondarearen parte diren arren, ez daude inskribatuta ez Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroan, ez Oinarrizko Babesaren EAEko Erregistroan.
Hala eta guztiz ere, eraginpean dauden administrazio publikoei egindako kontsulten erantzunetan agertzen diren gogoetak kontuan hartuta, proiektatutako bolumen berriak altuera-diferentzia handia duela irizten da, eta horrek eraikin babestuaren gaineko ikusmen-kutsadura sortzen duela. Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzak uste du katalogatutako ondasunaren kultura-balioak sustatuko dituen eta eskala urbano egokia mantenduko duen alternatiba berri bat aztertu behar dela, hari dagozkion ordenantzek aurreikusten duten moduan. Gainera, hura handitzeko eraikin independenteak egitea gomendatzen du, katalogatutako eraikinetik bereizitako fatxada berriak planteatuz eta beharrezkoa den tokietan konexio puntualak ezarriz; baina, azkenean ezin bada planteatu banantzeko zerrenda hori eta atxikitzea onartzen bada, eraikina errespetatzen duten eta jarduketaren itzulgarritasuna bermatzen duten materialak eta teknikak erabiliz egin beharko litzateke.
Edonola ere, bai Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzak, bai Arabako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzak uste dute kontuan hartu beharko liratekeela dagozkien zerbitzu teknikoek egin dituzten oharrak, Manuel Iradier kaleko 5. zenbakian dagoen eraikinaren babes-araubidea aldatu ahal izateko katalogoa aldatzeko onespen-izapidean egindako txostenetan (2023ko ekainaren 1ekoan eta 2023ko maiatzaren 18koan, hurrenez hurren). Aldaketa horren arabera, fatxada (1. kategoriakoa) mantendu eta eraikina birgaitzeko/berritzeko esku-hartzeak ezartzen dira.
Bestalde, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legeak ezarritako gainerako xedapenekin bat etorriz, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen ezer aurkituz gero, berehala jakinarazi beharko zaio Arabako Foru Aldundiko Kulturako Zuzendaritzari; gero, hark erabakiko du zer neurri hartu behar diren.
Lurzorua eta lurpeko urak babestera bideratutako neurriak.
Prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarri beharko dira obra-fasean, istripuzko isurien eragina eragozteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiliz, isuriekin kutsatutako lurzoruak eraman eta kudeatuz, eta abar). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak eta makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan jarri beharko dira. Ezingo da egin makinen mantentze-lanik iragazgaiztu gabeko eremuetan.
Kamioiek obrara sartzeko eta handik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makinak erabiliko dira.
Hondakinak ekoizteari eta kudeatzeari buruzko neurriak.
Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatu beharko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.
Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei men eginez, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legeak 8. artikuluan ezartzen duen lehentasun-hurrenkerari men eginez kudeatu beharko dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.
Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik ez dela bideragarria haiek balorizatzea.
Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak kudeatu beharko dira, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuak xedatzen duenaren arabera.
Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuak arautzen duenari men eginez kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.
Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean eduki beharko dira, behar bezala etiketatutako edukiontzi estankoetan; zolata iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, aska txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.
Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta, isurketaren bat gertatuz gero, nahasita, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan. Hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen. Edukiontziak edo ontziak era argian, irakurgarrian eta ezabaezinean etiketatuta egon beharko dute, indarrean dagoen araudiaren arabera.
Eremu jakin bat egokitu beharko da behin-behinean pilatzeko hondakin arriskutsuak, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak eta pinturak, eta abar; gainera, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita jarri beharko dira hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak. Era berean, eraikuntza-aldian eta lanek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko elementu estankoak (bidoiak eta abar) jarri beharko dira lanak egiteko eremu osoan. Motaren arabera bereizi beharko dira hondakinak, eta ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.
Beren-beregi debekatuta dago sortzen diren tipologia bateko eta besteko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereizi beharko dira, eta haiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarri, nahasketa horiek ekiditeko.
Araudia betetzea errazagoa izan dadin, zeregin bakoitzaren ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatu beharko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez da inola ere sortu ahalko kontrolatu gabeko efluenterik erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.
Vitoria-Gasteizko Udalari eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak detektatzearen ondoriozko kutsadura-zantzu guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legeak 22.2 artikuluan xedatzen duena betetzeko.
Soberakinen biltegi baimendura eraman beharko dira obretan sortutako hondeaketa-soberakinak, eta haien kudeaketa egingo da Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuak, uztailaren 7koak eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuakxedatzen dutenaren arabera.
Zaraten eraginak gutxitzeko neurriak.
Lanek irauten duten bitartean, sorburuan zaratak murrizteko jardunbide egokiak aplikatu beharko dira, bereziki indusketa-, eraispen-, kargatze eta deskargatze- eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makineriaren mantentze orokorreko lanetan, zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan, eta obretan erabilitako ekipamenduaren zaraten kontrolean ere, besteak beste.
Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan ezarritakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.
Beste alde batetik, Plana garatzetik eratortzen diren proiektuen ondoriozko obrek sortutako soinu-mailak ezingo ditu gainditu Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsaduraren urriaren 16ko 213/2012 Dekretuak ezartzen dituen kalitate akustikoaren helburuak obra horien eragin-eremuan.
Obrek sei hilabete baino gehiago iraungo dutela aurreikusten bada, inpaktu akustikoaren azterketa egin beharko da, egoki diren zuzenketa-neurriak zehazteko, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuak 35.bis artikuluan xedatzen duenari men eginez. Inpaktu akustikoari buruzko azterketa horretan, aztertu beharko da zer onura akustiko lortu nahi den zuzenketa-neurri horien bitartez, eremu akustiko eta eraikin kalteberetan zarata murrizteari dagokionez, eta eraginpean dagoen udalari jakinarazi beharko zaio haren edukia.
Lurraldearen paisaia-lehengoratzerako neurriak.
Ingurumena eta paisaia lehengoratzeko lanak egin beharko dira, hirigintza-garapena egikaritzearen eraginpean dauden gune guztietan, aurreikusiz landareztatze-lanetan batez ere espezie autoktonoak erabiliko direla, eta beren-beregi saihestuko dela prozesu inbaditzaileak sor ditzaketen kanpoko espezieak erabiltzea.
Ahalmen inbaditzailea duten espezie aloktonoak, demagun Buddleja davidii, Cortaderia selloana edo beste batzuk, ugaltzea eragozteko neurriak hartuko dira. Ildo horretan, kontrol-neurriak hartu beharko dira landare-espezie inbaditzailerik sar ez dadin mugitutako lurren eta gorrituta utzitako lursailen bidez (prestatutako gainazaletan lehenbailehen landatuz eta ereinez, landare-lurren pilaketak babestuz, eta abar). Era berean, espezie horien propaguluak eduki ditzakeen landare-lurra bereizita kudeatzea proposatuko da.
Planaren eremuko espazio berdeak diseinatzeko, kontuan hartuko da «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua»; Udalsarea 21 lan-koadernoa, 20 b zenbakia (2017ko apirila, Eusko Jaurlaritza; https://www.ihobe.eus/argitalpenak helbidean dago eskuragarri).
Etxegintza eta eraikuntza jasangarriaren aldeko neurriak.
Etxegintza eta eraikuntza jasangarriago baterako beharrezkoak diren ezaugarriei dagokienez, «Eraikuntza iraunkorreko gida» (https://www.ihobe.eus/argitalpenak helbidean dago eskuragarri) argitalpenetan jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, honako alderdi hauetan eragin beharko dute:
Materialak. Lehengai berriztaezin gutxiago kontsumitzea.
Energia. Energia gutxiago kontsumitzea edo iturri berriztaezinen bidez sortutako energia gutxiago erabiltzea.
Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.
Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.
Barne-kalitatea. Barneko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.
Bigarrena. Ebaztea, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta betiere, sustatzaileak proposatutako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, ez dela aurreikusten Vitoria-Gasteizko (Araba) «Alfarotarren Etxea» Hiri Antolamendurako Plan Bereziak ingurumenean kalte adierazgarririk eragingo duenik, eta beraz, Planari ez zaiola ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar.
Hirugarrena. Ebazpen honen edukia Vitoria-Gasteizko Udalari jakinaraztea.
Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Bosgarrena. Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legeak 75.5 artikuluan xedatzen duenaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarra galduko du eta berezkoak dituen ondorioak sortzeari utziko dio baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean, Vitoria-Gasteizko «Alfarotarren Etxea» Hiri Antolamendurako Plan Berezia onesten ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, baldin eta ez bazaio ingurumen-organoari eskatu haren indarraldia luzatzea. Luzapena eskatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarrita dagoen moduan.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko ekainaren 2a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.