Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2025eko ekainaren 27koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Vitoria-Gasteizen (Araba) «Ibaia Kirol Hiria» Kirol Ekipamendua ezartzeko eta definitzeko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 142
- Hurrenkera-zk.: 3331
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2025/06/27
- Argitaratze-data: 2025/07/29
Gaikako eremua
- Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena; Gobernua eta Administrazio Publikoa
Testu legala
2025eko martxoaren 27an, Gasteizko Udalak eskabidea osatu zuen ingurumen-organoaren aurrean Plan Bereziaren -txosten estrategikoa egin zezan Vitoria-Gasteizen (Araba) «Ibaia Kirol Hiria» kirol ekipamendua ezartzeko eta definitzeko Plan Bereziari buruz, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskabidea Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoaren arabera egin da, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluak eta hurrengoek arautzen duten ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuko prozeduraren esparruan. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukiarekin.
21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2025eko apirilaren 15ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eragindako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.
Legezko erantzun-epea amaitu, eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.
Vitoria-Gasteizen (Araba) "Ibaia Kirol Hiria" kirol-ekipamendua ezartzeko eta definitzeko Plan Berezia abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da; hor ezartzen da zer plan eta programak pasa behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua honako hauek zehazteko: ingurumen-eragin nabarmenik ez duela ingurumen-txosten estrategikoaren arabera edo ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar dela, ingurumenean eragin nabarmena izan dezakeelako.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikulutik 32. artikulura bitartean araututa dago ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura, eta egindako kontsulten emaitza kontuan hartuta eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera ebatziko da.
Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (huraxe baita organo eskuduna, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera). Txosten honetan, Planak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen ala ez aztertzen da eta, beraz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana gauzatu eta ingurumena behar bezala babesteko.
Kontuan hartu dira: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 211/2012 Dekretua, urriaren 16koa, Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duena; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau
Lehenengoa. Vitoria-Gasteizen (Araba) «Ibaia Kirol Hiria» kirol ekipamendua ezartzeko eta definitzeko Plan Bereziaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, honako zehaztapen hauekin:
Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Planaren xedea da, Vitoria-Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren baldintzak betez, plana urbanizatzeko nahiz eraikitzeko egikaritzeko ezinbesteko baldintzak zehaztea.
Honako proposamen hauek egin dituzte:
Barne-espazioak berrantolatzea, kirol-hiriaren funtzionamendu-estrategia berriaren arabera.
Egungo ekipamenduaren izaerari eustea.
Instalazioak hobetzea kirolarien eta bisitarien eskaerak asetzeko.
Ingurune fisikoaren azterketa, hiri-prestazioak areagotzeko.
Hiri finkatuarekiko etorkizuneko loturak aztertzea, bien arteko espazio- eta komunikazio-erlazioa sortzeko. Bereziki hurbilekoekin: Eraztun Berdea, Zabalgana eta Armentia.
Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.
Planaren ezaugarriak:
Ibaia kirol-hiriaren eremuan aurreikusitako jarduketak instalazioaren programa funtzionala zabaltzean dautza. Horretarako, eraikin berriak ere sortuko dira, behar diren zerbitzu guztiak eduki ahal izateko, eremu kopurua handitzearekin batera. Era berean, kanpoko espazioak hobetu eta eskakizun berrietara egokitzen dira.
Gaur egun, kirol-hiriak lau futbol-zelai ditu. Kopuru hori handitu egin da proposamenean, eta sei futbol-zelai lortu dira, bai soropil naturalekoak, bai soropil artifizialekoak.
Jolas-azalerak osatzeko, zenbait berotze-eremu ere planteatzen dira, txikiagoak. Era berean, proposamenak lehendik dauden futbol-zelaietako batzuk egokitzea jasotzen du, harmailak, aldagelak eta lehiaketa baterako beharrezkoak diren bestelako espazioak jartzeko.
Eremuaren topografia kontuan hartzen da une oro, eta zelaiak kota desberdinetan kokatzen dira, lur-mugimenduak minimizatzeko. Antolamenduak hesi fisiko naturalak planteatzen ditu eremu batzuk haize nagusietatik babesteko. Babes hori areagotu egingo da landare-itxitura bat jarriz kirol-hiriaren perimetro osoan.
Sarbide bakarra planteatzen da, bi aparkaleku-zonari bide ematen duen eremuaren hegoaldetik. P1 izeneko aparkaleku nagusia, 218 plazakoa, jendeak oro har erabiltzeko izango da, eta VIP P2 aparkalekua, 58 plazakoa, jokalariek, kidego teknikoak, zerbitzuek eta abarrek erabiltzeko izango da.
Ibaiak eraikin bakarra du gaur egun. Hiri berrirako proposamenean lau eraikin planteatzen dira: egungo eraikina handitzea, sarbidea eta harmailak izango dituen eraikin bat aparkaleku nagusiaren ondoan, aldagelak eta komunak izango dituen pabiloi txiki bat urrunen dauden zelaiei zerbitzua emateko, eta beste pabiloi bat lorezaintzako tresnak biltegiratzeko.
Eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak:
Eremua etena da, 11,2736 ha-koa, eta alde banatan bide publiko bat dago (Bentako bidezidorra). Gasteiz hiriaren mendebaldean dago, N-102 errepidean (lehengo N-I) eta A-4303 auzo-sarean babestuta. Sare hori hurbil dagoen Zuhatzu herriarekin lotzen da, iparraldean. Mendebaldean, Ibaiako kanpinaren instalazioak daude, hurbil dagoen Jundizko industrialdearekin batera, eta, ekialdean, A-4303 auzo-errepidea, Zabalgana auzotik bereizten duten nekazaritza-lurzatiak. Hegoaldean, sarbide-errepidea, N-102 errepide nazionala eta Gasteizko mendien inguruak, Esquibel menditik barrena. Iparraldean, Zuhatzutik hurbil dauden nekazaritza-lurzatiak.
Eremuaren topografia nekazaritza-plataforma/azalera handiek eta 12,62 m-ko desnibela duten futbol-zelaiek markatzen dute. Planak handitu nahi duen sektoreak «nekazaritza eta abeltzaintza: balio estrategiko handia» kategoria du lotuta Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialean, eta, beraz, lurzoru horien gaitasun agrologikoa handia da.
Egungo landaredian zereal, patata eta erremolatxako laboreak dira nagusi. Kokalekuaren egungo egoeraren ezaugarria da ez dagoela intereseko landaredirik, handitzearen hegoaldeko eremu mugakideetan izan ezik, horietan sastrakadiak eta erkamezti-ale isolatuak baitaude: Ipurudia, larrea zumitzarekin, arantzadia edo sasitza,Brachypodium pinnatum espezieko lastonarra edo beste larre mesofilo batzuk edo erkamezti subkantauriarra. Eremu txiki bat dago, 4090. Larre oromediterraneoak dituen formazio bati dagokion lurzatia, muga gisa jarduten duena. Jarduketaren mugetan, halaber, harizti iberiarrak daude, 9240. Quercus faginea eta Quercus canariensis espeziekoak, eta 6210*- Belardi lehor erdinaturalak eta kare-substratuetako sastraka-faziesak.
Aztergai dugun eremuan dagoen fauna gizakiaren presentziara ohituta dauden eremu urbanizatuetako eta nekazaritza-eremuetako komunitateekin lotuta dago.
Ibaia kirol-hiriaren eremutik gertu, eremuaren muturretik 800 metro ingurura, Gasteizko Mendebaldeko Mendiak Naturagunea dago, naturagune garrantzitsuen katalogo irekian sartuta dagoena. Gainera, eremutik gertu, 600 metro ingurura, Natura 2000 Sarea eremua dago: - KBE ES2110013, Arabako Lautadako irlahariztiak.
Era berean, eremuaren inguruan San Migel tenplua izeneko balizko arkeologia-gune bat eta Gasteizko Zuazo baserriari dagokion elementu eraiki bat aurkitu dira. Plan Bereziaren eremuan Balizko Arkeologia Gunea dago, n. 208 (San Migel tenplua), Plan Orokorrean definitua, kalifikazio xehatua.
Ingurumen arriskuei dagokienez, aipatu beharra dago eremua N-102 errepidearen ondoan dagoela, eta ondorioz, trenbidez salgai arriskutsuak garraiatzeko arrisku-eremuaren barruan. Arriskua baxu gisa dago sailkatuta, eta eremua 100, 200 eta 600 metroko afektazio-zerrendaren barruan dago.
Inpaktu Akustikoaren Azterketaren arabera, 20 urteko aurreikuspenean, Vitoria-Gasteizko Ibaia Kirol Hiriak agerian uzten du ez dituela gainditzen kalitate akustikoko helburuak kanpoko ingurunean, etorkizuneko okupazio-azaleran. Hortaz, ez dago neurri zuzentzailerik jarri beharrik. Eta Ibaia Kirol Hiriko fokuak behar bezala bideratuta, Zuhatzu udalerrian ia ez dago argi-eraginik.
Aurreikus daitezkeen ingurumen-ondorioak:
Inpaktu nagusiak obra-fasean sortuko dira, lehendik dauden egiturak eraistearen, kirol-zelaien kota desberdinak lortzeko lur-mugimenduen eta garapen berria paisaian integratzeko jarduketen ondorioz. Beraz, jarduketa horiek ondorio hauek izango dituzte: lurzorua okupatzea, makineriaren joan-etorria, landaredia kentzea, emisio atmosferikoak sortzea, hondeaketa-soberakinak, hondakinak, isurketak eta zarata sortzea, etab. Horrek guztiak baliteke airearen eta lurzoruen kalitatean eragina izatea.
Ustiapen-fasean, Planaren garapenak eragindako inpaktuak eremuan kirol-jarduera handitzearen ondorio izango dira; handiagoak izango baitira mugikortasuna, baliabideen kontsumoa eta sortutako hondakin kopurua.
Ondorioz, ingurumen-agiri estrategikoak planteatzen dituen zuzenketa- eta jasangarritasun-neurriak eta aurrerago zehazten diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak aplikatuta, ez da espero jarduketa horiek ingurumenean ondorio esanguratsurik izango dutenik, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean aurreikusitakoari jarraikiz.
Ebazpen honetan, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Planari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira bertan.
Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ingurumen-txosten estrategikoak formulatzen duen ebazpenean adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-agiri estrategikoan eta esparruaren antolamendurako planetan jasotakoarekin bat etorriz.
Plana garatzeko proiektuetan eta jarduketetan aplikagarriak diren ingurumen-arloko baimenak edo prozedurak alde batera utzi gabe, honako hauek izango dira Planaren ondoriozko obrak gauzatzeko babes-neurri eta neurri zuzentzaileak:
Historia- eta kultura-ondarearen babesa.
Arabako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzak aurkeztutako txostenaren arabera, Lorena Elorza González de Alaiza arkeologoak 2024an egindako aurretiazko balorazio-zundaketetatik eta aurretiazko memoriatik lortutako emaitzak ikusita, Zuhatzuko San Migel Tenplua balizko arkeologia-gunearen mugaketari eragiten dioten lur-erauzketen kontrol arkeologikoa egin beharko da (Vitoria-Gasteizko 208. BAG, 1997/07/08ko EHAA, 129. zk.).
Gainera, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 65. artikuluaren arabera, Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailari berehala jakinarazi beharko zaio proiektuaren aldaketa oro.
Lurzorua eta lurpeko urak babestea.
Prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezarriko dira dagokion obra-faserako, istripuzko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, etab.). Bilketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makineria-parkea aldi baterako iragazgaitzak diren gainazaletan kokatuko dira, eta horien kokapena, ahal den neurrian, lehengoratu egingo da, lurzoruaren iragazte-ahalmena ez murrizteko.
Hondakinak sortzea eta kudeatzea.
Obrak egin eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta arau espezifikoetan xedatutakoa beteko da.
Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak kudeatzeko, Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoa bete beharko da.
Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte (833/1988 Errege Dekretua, uztailaren 20koa, Hondakin toxikoei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duena).
Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.
Obretan sortutako hondeaketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.
Airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestea.
Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.
Kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makinak erabiliko dira.
Jasangarritasuna eraikingintzan.
Kirol jardueretarako beharrezko zerbitzuak izatea ahalbidetuko duten eraikinen eraikingintza jasangarriago egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, Ihobek argitaratutako Eraikuntza jasangarrirako gidan jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen aurrezki eta efizientzia energetikoa eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:
Materialak. Berriztagarriak ez diren lehengaien kontsumoa murriztea.
Energia. Energia gutxiago kontsumitzea edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.
Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.
Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.
Barneko kalitatea. Barneko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.
Bigarrena. Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Vitoria-Gasteizko (Araba) «Ibaia Kirol Hiria» kirol ekipamendua ezartzeko Plan Bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.
Hirugarrena. Ebazpen honen edukia jakinaraztea Vitoria-Gasteizko Udalari.
Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Bosgarrena. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen ondoreak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian Vitoria-Gasteizen (Araba) «Ibaia Kirol Hiria» kirol ekipamendua ezartzeko eta definitzeko Plan Berezia argitaratu eta lau urteko gehieneko epean onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko ekainaren 27a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.