Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2025eko ekainaren 11koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Andoaingo HAPOaren aldaketa puntualari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa, 28. Industrial Sorabilla hirigintza-jarduerarako eremurako.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 131
- Hurrenkera-zk.: 3092
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2025/06/11
- Argitaratze-data: 2025/07/11
Gaikako eremua
- Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena
Testu legala
2025eko otsailaren 18an, Andoaingo Udalak Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari eskatu zion has zedila Andoaingo HAPOaren aldaketa puntualaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua, 28. Industrial Sorabilla hirigintza-jarduerarako eremuari dagokiona (aurrerantzean, Plana). Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, zeinak Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia baitzuen.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2025eko apirilaren 7an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira.
Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.
Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluarekin.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri behar dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmena izan dezaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, horrela ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.
Plana Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago. Bertan, ingurumen-organoak sinplifikatutako ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar dien planak eta programak ezartzen dira, zehazki, a) letran («Aurreko paragrafoan aipatutako plan eta programetan aldaketa txikiak egitean») eta Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.B eranskinean, 2. apartatuan. II.A eranskineko planen eta programen aldaketa txikiak, II.G eranskineko aldaketa txikien definizioaren arabera. Halaber, ziurtatzen da ez dela Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean («Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar duen plan edo proiektu batek ingurumen-inpaktuaren ebaluazio estrategiko arrunta noiz behar duen erabakitzeko irizpideak») agertzen den irizpide bakar bat ere aplikatu behar.
Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan arautzen da, II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera. Txosten honetan, Planak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen ala ez aztertzen da eta, beraz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana gauzatu eta ingurumena behar bezala babesteko.
Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau
Lehenengoa. Andoaingo HAPOaren aldaketa puntualaren ingurumen-txosten estrategikoa egitea, 28. Industrial Sorabilla hirigintza-jarduerarako eremuari dagokiona, jarraian zehazten den moduan:
Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Andoaingo udalerriaren antolamendu orokorra indarrean dagoen Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean (aurrerantzean, HAPO) dago jasota, zeina 2011ko maiatzaren 19an onartu baitzen behin betiko (2011ko ekainaren 10eko GAO). Bere zehaztapenen artean, 28. Industrial Sorabilla hirigintza-jarduerarako eremua hartzen du, eta hiri-lurzoru gisa sailkatzen, «B jarduera ekonomikorako erabilera guneak» kalifikazio orokorrarekin. 16.329 m2-ko azalera du.
Indarrean dagoen Andoaingo HAPOaren aldaketa hau 28. Industrial Sorabilla hirigintza-jarduerarako eremuari dagokio, zehazki, Sorabilla auzoko Inquitexen bulegoak zeuden 7884032 katastro-lurzatiari, hotel-programa baten ezarpena babesteko.
Aldaketa puntualaren xede den lurzatia Rainalet SLrena da, hotelaren garapenaren sustatzailearena. Forma trapezoidala eta 5.474,07 m2-ko azalera ditu, lurzati industrialez eta bulegoez inguratuta dago, eta N-1 errepidetik gertu dago. Lurzatia maldan dago, lurzatiaren hegoaldean dagoen sarbidetik (+46,50) iparraldean dagoen lurzatiaren hondora (+52,00).
Indarrean dagoen HAPOak lurzatian dagoen eraikina finkatzen du, zeina erabiltzen ez diren Inquitexeko bulegoei baitagokie, eta 424,50 m2-ko sabai-eraikigarritasuna du. Eraikigarritasun hori ez da nahikoa hotel-programa bat garatzeko.
Planaren bidez, lurzatiaren eraikigarritasuna handitu da, sestra gaineko 3.300 m2-ko sabai-eraikigarritasunera arte. Hala, hotel txiki baterako behar den eraikigarritasuna ahalbidetzen da eta egungo bulego-eraikinari eusten zaio, zeina zaindu beharreko ondare-intereseko ondasuna baita. Horregatik, katalogoa ere aldatzen da, Inquitexen bulegoak zeuden eraikina II.b mailako udal-intereseko higiezin gisa sartzeko.
«B Jarduera ekonomikorako erabilera guneak» kalifikazio orokorra mantentzen da eremu osoan, mendebaldeko mugan izan ezik, non 520 m2-ko azalera bat «F.2. Ibai-ibilguen sistema» gisa mugatzen baita, ur-ibilgu bat igarotzen delako bertatik eta bat datorrelako URAk 2024ko uztailean egindako txostenarekin, zeina ingurumen-dokumentu estrategikoan sartuta baitago.
Planean proposatutako antolamendu xehatuak zehatz-mehatz kalifikatuko du Inquitexen bulego ohiei dagokien 4.911,32 m2-ko lurzatia, «c lurzatia hirugarren sektoreko erabilera» gisa, aurreikusitako hotel-erabilerarekin bat etortzeko.
Azkenik, Aldundiaren biribilgune berriak eragindako eta indarrean dagoen HAPOan «BSO» Bide Sistema Orokor gisa kalifikatutako lurzatiaren 211 m2-ko zati bat 28. hirigintza-jarduerarako eremutik kanpo geratuko da, doan lagako zaio Andoaingo Udalari eta aldaketak ez dio eragingo.
Etorkizuneko hotelak bulego-eraikina (BS + 1) eta haren inguruan egingo den handitzea hartuko ditu. Egingo den eraikin berriak beheko solairua eta goiko 3 solairu (BS + 3) izango ditu, eta bulegoen eraikinari atxikita egongo da. Iparraldean patio zabal bat egongo da, zeina beiraz eginiko korridore batek zeharkatu ahal izango baitu beheko solairuan, eraikin berria lehendik dagoenarekin lotzeko. Sestra azpian 820 m2-ko sabai eraikigarria izango duen garaje bat eraikitzea aurreikusten da, 16 aparkaleku izango dituena. Bertarako sarbidea ekialdeko fatxadan dagoen arrapala bat izango da. Halaber, sestra gainean aparkalekuak jartzea aurreikusten da: 27 aparkaleku, eraikinen iparraldeko eta mendebaldeko fatxadak inguratzen dituen bidean; eta 15, lurzatiaren hegoaldean. Azken horiek ibilgailuentzako kargalekuak izango dituzte. Lurzatira gaur egungo toki beretik sartuko da, hegoaldetik.
Plana dagozkion eraikuntza-proiektuak eta urbanizazio-lan osagarriak idatzi eta izapidetu ondoren gauzatuko da, zeinak udaleko hirigintza-baimena lortzeko beharrezkoak diren.
Aztertutako alternatibak:
Ingurumen-dokumentu estrategikoak bi antolamendu-alternatiba jasotzen ditu, 0 alternatibaz edo «ez esku hartzekoaz» gain. 0 alternatiba baztertu egin da, indarrean dagoen plangintzak finkatutako 424,50 m2-ko sabai eraikigarriko eraikuntza ez delako nahikoa hotel-programa bat garatzeko, eta esku ez hartzeak gaur egun erabiltzen ez den lurzatian dagoen zaborra eta landaredi erruderala mantentzea ekarriko lukeelako.
alternatiba, ingurumen-dokumentu estrategikoan «Antolamendu alternatiboa» deitu zaiona, eraikin berria bulego-eraikinaren eskuinaldean biltzean datza.
alternatibak, ingurumen-dokumentu estrategikoan «Antolamendu orokorra» deitzen zaionak, eraikin berriak egungo eraikinaren inguruan antolatzen ditu.
Kontuan hartuta bi antolamenduek antzeko ondorioak izango lituzketela ingurumenari dagokionez, 2. alternatiba hautatzen da garatu beharreko alternatiba gisa, hau da, «Antolamendu orokorra», hirigintza-irizpideetan oinarrituta.
Proposatutako Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.
Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:
Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: kontuan hartuta proposatutako garapenaren garrantzia eta etorkizunean Planaren esparruan gauzatuko diren proiektuen izaera, ez dago zertan Plana ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren mende jarri, berezitasunik ez duela uste da eta.
Planak zer neurritan eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, hierarkizatuta daudenetan barne: Planak indarreko Andoaingo HAPOa aldatzen du, hiri-lurzoru finkatuan dagoen lurzati baten eraikigarritasuna handitzeko, eta, hala, Inquitexeko bulego ohietan hotel-programa bat ezartzea ahalbidetzen da. Planak, bere ezaugarriak kontuan hartuta, ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuetan. Ez da hauteman bateraezintasunik hierarkian gorago dagoen plangintzarekin.
Plana egokia ote den ingurumen-alderdiak barnean hartzeko eta, bereziki, garapen jasangarria sustatzeko: Plana egokia da garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko. Hain zuzen ere, energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko neurriak sar daitezke Planean.
Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman Plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere Planaren eraginpeko eremuarekin lotutako jarduketak eta jarduerak lurzoruei, urei, zaratari, hondakinei eta isurketei, segurtasunari, osasunari eta ingurumenari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira.
Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europako nahiz Espainiako legedia txertatzeko, ingurumenaren arloan.
Kontuan hartuta kokapena, eragindako eremuaren ingurumen-ezaugarriak eta etorkizunean plana garatzean gauzatuko diren proiektuen garrantzia, ez dago zertan ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren mende jarri, berezitasunik ez duela uste da eta.
Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak:
Planak 5.474,07 m2-ko eremu bat antolatzen du Andoaingo udal-mugartean, eta, Udalplanaren arabera, hiri-jarduera ekonomikorako lurzoru finkatu gisa dago sailkatuta. Litologiari dagokionez, eremua porositateagatiko iragazkortasun ertaineko alubioi-metakinez osatuta dago. Planaren xede diren lurzoruak ez daude antolatuta Nekazaritza eta Abeltzaintzako LPSan.
Eremua «Oriaren unitate hidrologikoan (UH)» dago, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoan (ES017). Zehazki, Oria VI (ES028MAR002662) ur-masaren isurtze-arroan dago, erkidegoarteko arroen eremuan. Ingurumen-dokumentu estrategikoaren arabera, aztertutako eremuaren mendebaldean euri-uren jariatze bat dago, ez dena ur-ibilgu bat osatzera iristen. Jariatze hori Oria ibaira isurtzen da, azterketa-eremutik 140 m ingurura. Eremuak ez du barnean hartzen Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroko elementurik.
Ikuspegi hidrogeologikotik, eremua «Gatzume-Tolosa» lurpeko ur-masaren (ES017MSBT017-003) gainean dago, eta lurzatiaren zati batek Tolosako sektore kuaternarioa ukitzen du. Aztergai dugun eremua EAEko interes hidrogeologikoko eremuetako batean dago, eta akuiferoen kutsadurarekiko urrakortasun handia du.
Eremuan ez da hautematen ingurumen-balio nabarmenik. Ez du ukitzen Natura 2000 sareko naturagune babesturik, ezta inbentarioan sartutako beste gune babestu edo natura-interesekorik ere. Halaber, ez dauka EAEko geologia-interesguneen inbentarioan sartutako geologia-interesgunerik edo EAEko igarobide ekologikoen sareko elementurik.
Eunis habitaten kartografiaren arabera (geoEuskadi), eremua bazkatu gabeko sega-belardi atlantikoek osatzen dute, Batasunaren intereseko habitat gisa katalogatuta dago (aurrerantzean, BIH): 6510 Altitude baxuetako sega-belardi elkorrak (Alopecurus pratensis, Sanguisorba officinalis). Hala ere, ingurumen-dokumentu estrategikoaren arabera, lurzatia utzita egoteak lagundu egin du landaredi erruderal nitrofiloaren kolonizazioan; hala, interes botanikorik ez duten sasiek (Rubus sp.) eta espezie erruderalek (Brachypodium pinnatum, Convolvulus arvensis, Oenothera rosea, Dipsacus fullonum, etab.) inbaditu dute lurzatia. Era berean, adierazten da eremuan egiaztatu ahal izan dela eremu horretako belar-formazioetako bat ere ez dela 6510 Batasunaren intereseko habitatekoa. GeoEuskadiren kartografiaren arabera, ez dago flora babestuko espezierik.
Ez Planaren eremuan, ez haren ingurune hurbilean, ez da identifikatu fauna mehatxatua edo Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoak kudeatzeko plan onartuen xede den espaziorik. Ingurumen-dokumentu estrategikoaren arabera, eremuan ageri den fauna eremu antropizatuei lotuta dauden espezieek osatzen dute.
Aldaketa puntualaren xede den eremuak Inquitexen bulego ohien eraikina hartzen du, eraikitako kultura-ondareko babestutako elementutzat hartzen dena. Gainera, eremuak, hegoaldean, Donejakue bidearen barruko bideari dagokion bide batekin egiten du muga.
Eremua Andoaingo ikuspen-arroari dagokio, eta eremu antropogenikoan dagoen industria-paisaia da. Eremua ez dago EAEko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoan sartuta (Eusko Jaurlaritza, 2005).
Ingurumen-dokumentu estrategikoak, I. eranskinean, egungo eta etorkizuneko egoeraren azterketa akustiko bat jasotzen du, 2024ko irailean Acusmedek egina. Bertan, zaratagune nagusi gisa identifikatzen dira N-1 errepidea (Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeatzen duena) eta inguruko industriak. Gaur egun, lurzatiaren iparraldeko eta hegoaldeko mugetan ez dira betetzen nagusiki «"c" taldean sartu gabeko hirugarren sektoreko erabilera» egiten duten eremuetan eguneko eta arratsaldeko aldietarako ezarritako kalitate akustikoko helburuak (aurrerantzean, KAH) egunez eta arratsaldez. Etorkizuneko egoera operazionalean ere KAHak gainditzen dira eremu horietan, egunez eta arratsaldez. Fatxadako balioak BS + 3 profileko eraikinean gaindituko lirateke, iparraldean.
I errepidearen zarata-mapa estrategikoaren arabera, eremua errepidearen eragin-eremuan dago.
Uholde-arriskuari dagokionez, Oria ibaia ES017-GIP-15-3 uholde arrisku handiko eremuan (UAHE) integratuta dago, baina jarduketa-eremua Oria ibaiaren ezkerraldean dago, jabari publiko hidraulikoaren zaintza-eremutik kanpo. Aipatutako UAHEaren Arriskugarritasun eta Uholde Mapek eremuaren zati txiki barne hartzen dute. Haatik, Planean aurreikusitako eraikinak uholde-arriskuko eremutik kanpo geratzen badira ere, hego-ekialdean, ibilgailuentzako kargalekuz hornituriko aparkalekua ukitzen du 500 urteko errepikatze-denborako uholdegunearen eragin-eremuak, eta 1,20 metrora arteko balioetara iristen da.
Gainerako arriskuei dagokienez, eremuan ez dago Ihoberen lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzoruen inbentarioan jasotako kokalekurik, eta ez da sismikotasunetik, baso-suteetatik edo Seveso Zuzentarauaren mendeko enpresetatik hurbil egoteagatik eratorritako arrisku handirik identifikatzen. Eremua salgai arriskutsuak errepidez garraiatzeagatiko 0-200 metroko arrisku-zerrendaren eraginpean dago (errepide hori arrisku ertainekotzat jotzen da (N-1)), bai eta salgai arriskutsuak trenbidez garraiatzeagatiko 200-600 metroko arriskuko afekzio-zerrendaren eraginpean ere. Mendebaldean, RUSLE (Revised Universal Soil Loss Equation) ereduaren arabera muturreko higadura-prozesuak jasan dituen eremu bat dago.
Aurrekoa kontuan harturik, Plana garatzeak ekar ditzakeen ondorioak eraikuntza berriak eraikitzeko eta ingurua urbanizatzeko obrak gauzatzearekin daude lotuta, eta horrek askotariko lanak ekarriko ditu, hala nola lurzorua okupatzea, lurrak mugitzea, materialak eta hondakinak aldi baterako garraiatzea, eraikuntza- eta eraispen-hondakinak (EEH) erretiratzea, urbanizazioa berrezartzea, istripuz gertatutako isurketak, ibilgailuen trafikoa areagotzea, ur- eta energia-kontsumoa, emisio atmosferiko eta akustikoek biztanleei eragindako eragozpenak eta abar. Hori guztia industria-eremu batean izango da. Ingurumen-dokumentu estrategikoan ez da inpaktu nabarmenik identifikatzen.
Zaratari dagokionez, aurkeztutako azterketa akustikoaren arabera, etorkizuneko egoeran, lurzatiaren iparraldeko eta hegoaldeko mugetatik hurbilen dagoen eremuan, lortutako emaitzek «c» taldean sartzen ez diren hirugarren sektoreko erabilerako eremuetarako kanpoko KAHak gainditzen dituzte egunez eta arratsaldez (65 dBA), lurzatiaren iparraldean 10 metrora eta hegoaldean 4 metrora arte doan zerrendan. Zehazki, fatxadako balioen kasuan, eraikin berriaren iparraldeko fatxadan gaindituko dira (BS + 3). Ez denez eraginkorra eremu horretan pantaila akustiko bat jartzea, azterketa akustikoak isolamendua fatxadan bertan egitea planteatzen du, barnean dauden hoteleko langileentzat eta bezeroentzat eraginak minimizatzeko eta, horrela, barnealdean kalitate akustikoko helburuak (aurrerantzean, KAH) betetzeko.
Eremuaren zati baten uholde-arriskuari dagokionez, aurkeztutako proiektuan sartutako URA Uraren Euskal Agentziaren txostenak lurzatiaren mendebaldetik igarotzen den ur-korrontearen trazadura egokitzea eta lehengoratzea iradokitzen du, drainatze jasangarriko sistemen bidez (SUDak), lursailean infiltratzeko eta eremuan putzuak eratzea saihesteko. Era berean, txostenak gogorarazten du hirigintza-garapen berrietan zoladura eta okupazio iragazgaitzaren tamaina minimizatu beharko dela, Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoaren 48. artikuluan urbanizatu beharreko eremu berrietan eta komunikazio-bideetan drainatzeari buruz ezarritakoa betetzeko. Alde horretatik, kontuan hartuta antolamenduko eraikinek ez dutela uholde-arriskuaren orbanaren eraginik, ingurumen-dokumentu estrategikoaren arabera uholde-arriskua oso txikia da, eta ez du aztertzen zein izango liratekeen Planak eremuko uholde-arriskuan izango lituzkeen ondorioak. Dena den, eremuaren hego-ekialdean jartzea aurreikusten diren aparkalekuetako batzuk 500 urteko errepikatze-denborako uraldietarako uholde-arriskuko eremuan daude.
Indarrean dagoen legeria eta, bereziki, zaratari eta airearen kutsadurari, urei, lurzoruei, hondakinei eta isurketei buruzkoak betetzen badira, eraginak txikiak izango dira, eta, oro har, aldi baterakoak, itzulgarriak eta lehengoratzeko modukoak.
Kontuan harturik aurreko guztia, eremuaren gaur egungo egoera, Planak indarrean den plangintzaren aldean proposatzen dituen aldaketen ondoriozko jarduketak, eta, orobat, aplikaturik prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak, a priori ez da espero jarduketa horiek inpaktu nabarmenik sortuko dutenik ingurumenean.
Ebazpen honetan, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta ez dadin beharrezkoa izan «28. Industrial Sorabilla hirigintza-jarduerarako eremuari dagokion Andoaingo HAPOaren aldaketa puntualari» ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea, betiere ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira.
Babes- eta zuzenketa-neurriak indarrean dagoen araudiaren arabera eta ingurumen-txosten estrategikoak formulatzen duen ebazpenean adierazitakoaren arabera gauzatuko dira, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean bertan jasotakoaren arabera.
Beraz, Planak jaso beharko dituen zehaztapenen artean, honako hauek ditugu:
Eremuko kalitate akustikoa babesteko neurriak:
Kontuan hartuko da, bat etorrita Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluarekin, etorkizunean ezingo dela hirigintza-garapenik gauzatu kanpoko giroan kalitate akustikoaren helburuak (KAH) betetzen ez diren guneetan, hargatik eragotzi gabe dekretu horren 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoa.
Bestalde, eraikinak egikaritzeko proiektuan behar bezala justifikatuko da fatxadan erabiliko den isolamendua, betiere eraikinen barruan KAHak betetzeko, hargatik eragotzi gabe 43. artikulua betetzea.
Uholde-arriskuari buruzko neurriak:
Errekastoa ingurunean integratzen lagundu beharko da, ur-bazterreko landaredia eta naturalizazio-baldintza egokiak zainduz. Jariatzearen inguruneko paisaia- eta landare-diseinua ingurumena lehengoratzeko irizpideetara egokitu beharko da, lehentasuna emanez belar-espezieak ereiteari eta haltzadi kantauriarreko berezko ur-bazterreko espezieak landatzeari, tokiko landareei lehentasuna emanda. Espezie inbaditzaileak baztertuko dira, eta egun lurzatian daudenak ezabatuko dira.
Izapidetzearen etorkizuneko faseetan, eremuan sartuko diren drainatze jasangarriko hiri-sistemen tipologia zehaztu behar da, eraikigarritasuna handitzearen ondoriozko jariatzearen igoera konpentsatzeko. Konponbide horiek lagundu egin beharko dute, halaber, jariatzea lurzatiaren hegoaldean estalpean sartzen den eremuan identifikatutako istiltze-arazoak arintzen.
Halaber, plangintzaren ebaluazio tekniko-hidraulikoa behar bezala egiteko, honako hauek zehaztu behar dira:
Proposatutako hotel-erabileraren ondoriozko ur-baliabideen eskari berriak zenbatestea, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak baliabide nahikoa dagoen erabaki ahal izan dezan, Uren Legeari buruzko testu bateginaren 25.4 artikuluaren arabera.
Gipuzkoako Ur Kontsortzioaren txostena, hornidura- eta saneamendu-azpiegituren nahikotasuna eta gaitasuna egiaztatzen dituena, hotel-ekipamendu berriaren beharrei dagokienez.
Proiektatutako hornidura- eta saneamendu-sareen irudikapen kartografikoa.
Azkenean planteatuko den jarduketa-proposamena PHaren Araudiaren 37.5 artikuluan ezarritakotik eratorritako erabileren araubide mugatzailera egokitu beharko da. Horren arabera, lurraldearen antolamenduan eta hirigintzan eskumena duten administrazioak izan beharko dira erabilerak eta jarduerak baimendu beharko dituztenak. Era berean, 37. artikulutik 40.era bitartekoak eta 42.etik 45.era bitarteko artikuluetan ezarritako mugak betetzen direla zaindu beharko dute.
Ondare historikoa babestearekin lotutako neurriak:
Eusko Jaurlaritzaren Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzako Euskal Kultura Ondarearen Zentroaren txostenaren arabera, bulegoen ondare-izaera kontuan hartuta, sestra azpiko espazioa ez da zabalduko bulegoen eraikinaren azpiraino.
Landarediari eragiten dioten neurriak:
Planak esplizituki jasoko ditu IDEan proposatutako prebentzio-neurriak eta landaredia lehengoratzeko neurriak, lurzatia garatzeko baldintzatzaile gisa.
Planak espezie inbaditzaileen kontrola jaso beharko du: obrak hasi aurretik, jarduketa-eremuaren prospekzio bat egingo da, bertan dauden flora aloktono inbaditzailearen aleak aurkitzeko eta horiek desagerrarazteko erabiliko den protokoloa zehazteko, eta neurri egokiak ezarriko dira eremuan eta ingurunean ez hedatzeko. Ildo horretan, ezin izango da espezie aloktono inbaditzaileak hauteman diren eremuetako landare-lurrik berrerabili obran, eta behar bezala eta modu bereizian kudeatu beharko da.
Ingurumen-integrazioari buruzko neurriak:
Planak esplizituki jasoko du oinarrizko proiektuak edo egikaritze-proiektuak «lehengoratze-proiektua» ere jaso behar duela, zeinak proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak bilduko dituen eta jarduketak gauzatzeko behar adinako xehetasun-maila izango duen, aurrekontua barne.
Gune libreak landareztatzeko, Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburuan jasotako gomendioak eta neurriak baliatuko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egin zuen. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak agertzeko arriskua txikiagoa izan dadin. Lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana.
Soberakinen kudeaketari buruzko neurriak:
Planaren eremuaren barruan, lur-mugimendua orekatua izatea lehenetsiko du proiektuak. Hori ezinezkoa bada, lehentasuna emango zaio lurren eta arroken soberakinak mailegu-lurrak behar dituen hurbileko obra batean balorizatzeari. Balorizazioa ezinezkoa bada, soberakinak metatzeko egon daitezkeen kokalekuak identifikatuko dira, eta ingurumen-irizpideekin aztertuko da nora eraman daitezkeen soberakinak, ingurumen-inpaktu txikiena duen lekua hautatzeko. Azken kasu horretan, soberakinen biltegi baimendu batera eramango dira beti, eta haien kudeaketa hauen arabera egingo da: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena, eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.
Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk:
Aurreko neurriak eragotzi gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak lotuta egongo dira obrak egiteari, lurrak eta soberakinak kudeatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, hondeatutako lurzoruak kontrolatzeari, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Besteak beste, honako neurri hauek hartu beharko dira, eta Planak azkenik ezartzen dituen zehaztapenetan txertatu:
Jardunbide egokien eskuliburua edukiko da, obrako langileek erabil dezaten. Gai hauei lotutako alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretara isurtzea saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jarduerak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.
Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak, barnean hartuta makinak gordetzeko guneak, obra-txabolak, obrako materialak aldi batean pilatzeko guneak, landare-lurra eta hondakinak aldi baterako metatzeko eremuak, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.
Hondakinak sortu eta kudeatzea: hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak ezarritakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.
Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa eta deuseztatzea barne.
Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik ez dela bideragarria haiek balioestea.
Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, baldin eta hondakinak isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtzen badira edo kudeatzeko zailagoak badira. Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek, eta itxita egongo dira kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen. Aipatutako edukiontziak edo ontziak etiketatu egin beharko dira argi eta irakurtzeko eta ezin ezabatuzko moduan, indarrean dagoen araudiaren arabera.
Eremu jakin bat egokitu beharko da behin-behinean pilatzeko hondakin arriskutsuak, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak eta pinturak. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarri beharko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, lanek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko elementu estankoak (bidoiak eta abar) jarriko dira lanak egiteko eremu osoan. Motaren arabera bereiziko dira hondakinak eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.
Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, nahasketok saihesteko.
Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako edukiontzi estankoetan; zolata iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.
Araudia betetzea errazagoa izan dadin, zeregin bakoitzaren ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, inola ere ez da kontrolik gabeko efluenterik sortuko erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.
Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio industrial erabiliak.
Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira dagokion obra faserako, istripuzko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, etab.). Istripuz isurketarik gertatuz gero, kutsatutako lurzorua eta material xurgatzailea berehala bilduko dira, eta hondakin arriskutsu gisa biltegiratu eta kudeatuko dira.
Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak eta makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan jarriko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan, eta, nolanahi ere, hondakinak bereziki, olio erabiliak biltzeko sistema izango duen plataforma iragazgaiztu baten gainean egingo dira obran erabiltzen den makineriari erregaia jartzeko, lubrifikatzaileak aldatzeko eta bestelakoak egiteko lanak, urak kutsatu ez daitezen.
Obren zarata: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan ezarritakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.
Obrek iraun bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makinen mantentze-lan orokorretan eta zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan ere.
Egunez lan egingo da.
Obrek sei hilabete baino gehiago iraungo dutela aurreikusten bada, inpaktu akustikoaren azterketa egin beharko da, egoki diren zuzenketa-neurriak zehazteko, hala ezarrita baitago urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluan.
Horrek guztiak ez du kentzen Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa betetzea; hau da, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala emango zaio horren berri Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari, hark zer neurri hartu behar diren erabaki dezan.
Kamioiek obrara sartzeko eta handik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makina mekanikoak erabiliko dira.
Obrek kaltetutako eremuak lehengoratzea: proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak lehengoratuko dira. Hala badagokio, espazio libreetako landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira; horrela, ekidin egingo dira higadura-prozesuak, solidoak drainatze-sarera arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa.
Eraikingintza jasangarria: eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoak izateko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan jasotako ingurumenaren arloko neurriak eta jardunbide egokiak erabiliko dira (hemen eskuragarri: https://www.ihobe.eus/argitalpenak), eraikinen energia-aurrezpen eta -efizientzia eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek alderdi hauetan eragin beharko dute, gutxienez:
Materialak. Lehengai berriztaezin gutxiago kontsumitzea.
Energia. Energia gutxiago kontsumitzea edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.
Edateko ura. Edateko ur gutxiago kontsumitzea.
Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.
Barneko kalitatea. Barneko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.
Bigarrena. Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten «28. Industrial Sorabilla hirigintza-jarduerarako eremuari dagokion Andoaingo HAPOaren aldaketa puntualak» ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.
Hirugarrena. Ebazpen honen edukia jakinaraztea Andoaingo Udalari.
Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Bosgarrena. Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezkoak dituen efektuak izateari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren ez bada «28. Industrial Sorabilla hirigintza-jarduerarako eremuari dagokion Andoaingo HAPOaren aldaketa puntuala» onartzen lau urteko epean. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen zaionean salbu. Luzapena eskatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko ekainaren 11.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.