Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2025eko azaroaren 7koa, Ingurumen Administrazioko zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Irungo Ignacio Zuloaga kalea 2 lurzatiaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 233
- Hurrenkera-zk.: 5149
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2025/11/07
- Argitaratze-data: 2025/12/02
Gaikako eremua
- Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena; Gobernua eta Administrazio Publikoa
Testu legala
2025eko abuztuaren 27an, Irungo Udalak eskabidea aurkeztu zuen Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, Irungo Ignacio Zuloaga kalea 2 lurzatiaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiten hasteko. Eskabidea Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoaren arabera egin da, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluak eta hurrengoek arautzen duten ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuko prozeduraren esparruan.
Eskaerarekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen; besteak beste, Plan Bereziaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan zehaztutako edukiarekin.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan xedatutakoa betez, 2025eko urriaren 1ean Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak hasi zuen eraginpeko administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsultak egiteko izapidea, eta emaitza espedientean dago.
Halaber, espedienteko dokumentuak Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren webgunean egon ziren eskuragarri, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.
Ikusita zer erantzun jaso diren eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsulten izapidean, eta kontuan hartuta nolakoa den plana eta nolako eragina izango duen ingurumenean, txosten honen xedea hau zehaztea da: ea plan horri ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion, balitekeelako ingurumenean eragin nabarmena izatea, edo, bestela, ea ez duen eragin nabarmenik ingurumenean, dagokion ingurumen-txosten estrategikoak ezarriko duen moduan, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan xedatutakoaren arabera, dagokion ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmena izan dezaketen planak, programak eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatu eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.
Plan Berezia Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuetako bat da. Artikulu horretan ezartzen da zer plan eta programa pasa behar diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik; zehazki, a) apartatuan ezartzen da ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitera legez behartutako proiektuak etorkizunean baimentzeko esparrua, eta proiektu horiek gai hauei buruzkoak dira: nekazaritza, abeltzaintza, basogintza, akuikultura, arrantza, energia, meatzaritza, industria, garraioa, hondakinen kudeaketa, ur-baliabideen kudeaketa, itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoaren okupazioa, itsas ingurunearen erabilera, telekomunikazioak, turismoa, hiri- eta landa-lurraldearen antolamendua, edo lurzoruaren erabilera.
Gainera, Plana Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.B eranskinaren 2) apartatuko kasuen artean dago; izan ere, II.A eranskineko planetan eta programetan egindako aldaketa txikiei egiten die erreferentzia, II.G eranskineko aldaketa txikien definizioaren arabera.
Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura 75. artikuluan araututa dago, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera. Txosten honetan, Planak ingurumenean eragin nabarmena izan dezakeen ala ez aztertzen da eta, beraz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana gauzatu eta ingurumena behar bezala babesteko.
Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau
Lehenengoa. Irungo Ignacio Zuloaga kalea 2 lurzatiaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa egitea, jarraian adierazten den moduan:
Planaren azalpena: helburuak eta jarduketak.
Irungo (Gipuzkoa) Ignacio Zuloaga kalea 2 lurzatiaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia Irungo udal-mugartearen mugen barruan dago. Zehazki, Plan Bereziaren eremua Irungo Ignacio Zuloaga kaleko 2an dagoen lurzatia da, guztira 1.204,06 m2-ko azalera duena.
Irungo HAPOren arabera (2015ean onartu zen behin betiko), lurzatia RP-5 gisa kalifikatuta dago, «5. mailako lurzati kolektiboa», eta hiri-finka gisa sailkatuta.
Lurzatian dagoen eraikina, Irungo HAPOko Ondare Arkitektonikoaren Katalogoaren Aldaketa Puntualaren arabera, R.82 kodearekin identifikatuta dago, hiriko etxe gisa, ondare arkitektoniko motakoa delarik, oinarrizko babes-mailarekin eta kontserbazio partzialarekin.
Aldaketa Puntualaren dokumentuaren fitxaren erregulazioak adierazten du zein diren eraikinaren elementu babestuak:
Ignacio Zuloaga eta Juan Albisu kaleetaranzko estalkia eta teilatu-hegalak eratzea.
Ignacio Zuloaga eta Juan Albisu kaleetara ematen duten fatxaden osaera, honako hauek jarrita: baoak, harlanduak, moldurak, erliebeak eta begiratokiak.
Lurzatia ixteko hormaren harlangaitza bide publikoetarantz.
HAPOk RP-5 lurzatietarako zehazten duenez, bereizteko aukera dago; hala ere, aztergai dugun kasuan, gutxieneko parametroak bete arren, ezin da bereizketa gauzatu, ondarearen katalogoak eraikinaren hegoaldeko eta ekialdeko fatxadak kontserbatzea eskatzen duelako, eta horrek esan nahi du, eraikin babestuak lurzatian duen kokapenagatik, ezin dela egin lurzatiaren gutxieneko azalerara iristen den bereizketarik.
Lehendik dauden eraikuntza-elementuen kontserbazioa interes publiko eta sozial baten ondorio da, baina egia da, halaber, horrek eremuaren ondare-balioa kaltetzen duela, ezin baita lortu jatorrizko lurzatiari ezarritako muga eraikigarria gainditzeko bereizitako bi lurzati independenteren batura emango lukeen eraikuntza-aprobetxamendua.
Horregatik, Ondarearen Katalogoko zehaztapenek mugatutako eskubideak berreskuratzeko, beharrezkoa da lurzatiaren eremurako Hiri Antolamenduko Plan Berezi berri bat idaztea, lurzatiaren azalerak gauzatu ezin den bereizketa baten bidez emango lukeen aprobetxamendua lortu ahal izateko.
Era berean, plan horrek oinplanoko okupazioaren ehuneko berri bat baimendu beharko du, eraikuntza-eskubideak agortuko direla bermatzeko.
Horrela, HAPBren xedea da Irungo Ignacio Zuloaga kaleko 2an dagoen lurzatiaren hirigintza-araudia aldatzea, eraikigarritasuna handitu ahal izateko, hirigintza-eremuaren lerrokaduretara eta profilera egokituko den egungo eraikina handituz edo eraikina birgaituz, HAPOren eta Ondare Arkitektonikoaren Katalogoaren Aldaketa Puntualaren arabera handituz.
Helburu hori betetzeko, HAPBk proposatutako antolamendua bat dator indarrean dagoen udal-plangintzarekin, honako irizpide hauek kontuan hartzeaz gain:
Arrazionaltasun-irizpidea: eraikinaren hegoaldeko eta ekialdeko fatxadak kontserbatuta (ondarearen katalogoa), oinplano-okupazioa handitzea proposatzen da, ezarritako profilera iristeko, lurzatiaren eraikigarritasun-soberakina agortu arte (0,80 m2/m2-ko lurzati garbiaren gaineko eraikigarritasun-koefizientea, lurzatiaren gutxieneko tamaina 500 m2-ra eta gehieneko azalera eraikigarria 750 m2-ra mugatuta).
Irizpide ekonomikoa: eremuan higiezinen merkatuan hobeto txerta daitezkeen ezaugarriak, azalerak eta salmenta-prezioak dituzten etxebizitzen kopuru bat eduki ahal izateko. Horretarako, lurzatia kontserbatzea eta eraikina 11 etxebizitza hartzeko handitzea proposatzen da, eta, aldi berean, eraikina ingurune hurbilean ahalik eta ondoen integratzea.
Eraikinak oinezkoentzako sarbide irisgarri bat izango du etxebizitza bakoitzerako, Ignacio Zuloaga kaletik, eta ibilgailuentzako sarbide bakar bat lurzatirako, Juan Albisu kaletik. Era berean, sotoan bi solairu egitea aurreikusten da.
Plan Berezia EAEko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legean xedatutakoaren arabera idatzi da, eta haren edukia lege horren 68. eta 69. artikuluetako zehaztapenetara egokituko da egiturazko antolamenduari dagokionez, bai eta 56. eta 57. artikuluetakoetara ere, jarduketa integratuen antolamendu xehatuari dagokionez.
Plan Bereziaren izapidetzeari dagokionez, ingurumen-izapidetzea ingurumen-organoaren ingurumen-txosten estrategikoarekin ebatzi ondoren, eta organo substantiboak Plana behin betiko onartu ondoren, eraikuntza-proiektu bat idatziko da. Kasu horretan, ez da Urbanizazio Proiektua idatzi beharko, urbanizazio-obra osagarriak baino ez baitira beharko, 2/2006 Legearen 195. artikuluaren arabera. Beraz, Eraikuntza Proiektuak berak zehaztuko ditu Urbanizazio Osagarriko obrak. Nolanahi ere, urbanizazio-obrak fase bakarrean gauzatuko dira.
Era berean, dagokion Birpartzelazio Proiektua egin beharko da, eta horrek ezarriko ditu jabetza horizontalaren araubideari dagokionez sartu behar diren zortasunak edo baldintzak, komunikazio-gune komunari, garajeetarako sarbideari eta abarri dagokienez.
Aztertutako alternatibak.
Planak ez du beste aukerarik garatu; izan ere, eremua erabat mugatuta dago Ignacio Zuloaga kalea 2-ko eraikina dagoen lurzatira.
Bakar-bakarrik bete nahi ditu araudiak eta lehendik dagoen eraikina birgaitzeko eta handitzeko aplikatu beharreko hirigintza-parametroek eskatzen dituzten lerrokadurak, tarteak eta altuerak, eta, aldi berean, ziurtatu nahi du ondare gisa babestea sustatu duten elementuen kontserbazioa (Irungo HAPOko Ondare Arkitektonikoaren Katalogoaren Aldaketa Puntuala).
aukera (egungo egoera) eta 1. aukera (Plan Bereziak garatutako proposamena) dira alternatiba bideragarri bakarrak.
alternatiba.
«Ez esku hartzeko» edo egungo egoerari eusteko aukera horrek ekarriko luke lurzatian eta eraikuntzan gaur egungo baldintzei eustea, eta egoera orokor txarra du, batez ere duen abandonu-egoera nabarmenagatik eta azken urteetan mantendu ez delako, eta hori eraikinaren hegoaldeko eta ekialdeko fatxadak gutxienez kontserbatzeko beharraren kalterako litzateke, Ondaretik eskatzen den bezala.
Alternatiba horrekin, saihestu egingo lirateke eraikinean etxebizitza berriak eraikitzearen eta birgaitzearen ondoriozko inpaktuak, baina kontuan hartuta zer hiri-eremutan egingo liratekeen, bai eta haien behin-behinekotasuna eta ingurumen-inpaktu orokor txikia ere, aldea ez da esanguratsutzat jotzen.
Eta are gehiago kontuan hartzen bada, ziur aski, egungo eraikina gehiago hondatuko dela, eta aurri-deklarazioa eta haren eraispen saihetsezina gertatuko direla. Horrek are gehiago minimizatzen ditu eraikina egitearen edo ez egitearen arteko aldeak, bereziki ingurumenaren ikuspegitik.
Beraz, eta bereziki eraikinaren ondare-interesa dela eta, baztertu egin da 0 alternatiba.
alternatiba.
Alternatiba hori Plan Bereziak garatutako proposamenari dagokio, eta, beraz, ingurumen-dokumentu honetan definitu eta aztertu da. Alternatibari esker, egungo eraikinaren ondarerako interesgarriak diren elementu nagusiak (hegoaldeko eta ekialdeko fatxadak) kontserbatu ahal izango dira, eta, aldi berean, egungo eraikina birgaitu eta zabaldu egingo da, gehienez ere 11 etxebizitza berri hartzeko; haren itxura ere hobetuko da eta eraikina Irungo eremu horretako egungo bizitegi-ingurunean integratzen lagunduko du.
Horrela, kontuan hartuta, alde batetik, HAPBren xede den eraikinaren egungo egoera txarra eta haren zati batzuen ondare-interesagatik kontserbatzeko beharra, eta, bestetik, Planean ezarritako proposamena garatuz gero, ingurumenean inpaktu esanguratsurik ez egotea, ingurumen-kostu handiegia eta justifikaziorik gabea ekar dezaketenik, uste da aukerarik egokiena 1. alternatiba dela, aztertutako HAPBren proposamenarekin bat datorrena.
Proposatutako Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez erabakitzeko.
Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek kontuan hartuta:
Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: kontuan hartuta kokapena, eraginpeko eremuaren ingurumen-ezaugarriak, proposatutako garapenaren garrantzia eta etorkizunean Planaren esparruan gauzatuko den proiektuaren izaera, ez dago zertan Plana ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren mende jarri, berezitasunik ez duela uste da eta.
Planak beste plan edo programa batzuetan nolako eragina duen, hierarkizatuta dauden eraginak barne: Planaren ezaugarriak kontuan hartuta, planak ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste ezein plan edo programatan. Ez da aurkitu bateraezintasunik hierarkian gorago dagoen plangintzarekin.
Plana egokia ote den ingurumen-alderdiak barnean hartzeko eta, bereziki, garapen jasangarria sustatzeko: uste da Plana egokia dela garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko. Hain zuzen ere, energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko neurriak sar daitezke Planean, bai eta klima-aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko neurriak ere.
Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, ingurumenari, kultura-ondareari, segurtasunari eta osasunari, hondakinen eta isurien kudeaketari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira eraginpeko eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak.
Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.
Ondorioen eta eragina jasan izan dezakeen eremuaren ezaugarriak:
Plana Euskadiko eskualde batean dago, eta klima mesotermikoa, tenperaturetan moderatua eta oso euritsua du.
Kasu honetan, hurbil dagoenez, Planaren inguruko airearen kalitatea kontrolatzeko estaziorik adierazgarriena Jaizkibelgo estazioa da, Hondarribian kokatua, Planaren mendebalderantz 5,5 km ingurura. Hala, estazio horrek azken lau urteetarako (2020 eta 2023 artean) dituen datuen arabera, egiaztatu da egunen % 94,39an airearen kalitatea ona edo oso ona izan dela.
Planaren ingurunea oso bizitegi-eremu lasaia da zarataren ikuspegitik, eta inguruan ez dago zarata-igorle handirik, HAPBren eremuko eragin akustikoan eragina izan dezakeenik.
Bizitegi-erabilerako eremu horietarako ezarritako kalitate akustikoko helburuei dagokienez, kontuan hartu behar da lehendik dauden eremu urbanizatuak direla; beraz, aipatutako indarreko legeriaren arabera, helburuak 65 dBA dira eguneko eta arratsaldeko aldietarako, eta 55 dBA gaueko aldietarako.
Eskualde-geologiaren ikuspegitik, azterketa-eremua Pirinioen mendebaldeko bukaeran dago, Eusko-Kantauriar arroaren barruan, Euskal Arkua izenekoan.
Unitate litoestratigrafikoei dagokienez, Planaren inguruan definitutako azterketa-eremuak unitate bakarra du, tuparriak eta kareharri hareatsuak txandakatzeari dagokiona, mendebalderantz, hareharri karetsuak eta tuparriak.
Planaren eremua Bidasoako Unitate Hidrologikoan dago, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoan.
Lurpeko ur-masei dagokienez, Planaren inguruko azterketa-eremu osoa Zumaia-Irun izeneko masaren gainean kokatuta dago, Kostako katea/Goi Kretazeo domeinuan eta Kantauri Ekialdeko mugapean. Akuifero-mota Detritiko finkatua Detritiko mistoa da.
Ur-masa horri dagokionez, «Lurpeko uren egoeraren jarraipena egiteko sarearen» (URA-Agentzia) 2023ko azken txostenak adierazten du masa horren egoera kimikoa Ona dela gutxienez 2015etik.
Lurpeko ur-masa horren egoera kuantitatiboari dagokionez, 2023ko azken txostenak dio hura Ona dela.
EAEko plan hidrologikoetako Eremu Babestuen Erregistroari dagokionez, azterketa-eremua eta Planaren mugaketa bakarrik bat datoz mantenugaien ekarpenarekiko sentikorrak diren eremuen bilketa-eremuarekin, «Bidasoako Estuarioa» izenekoarekin.
Planaren inguruko azterketa-eremuak bi arro ditu: Bidasoa-Oiartzun arro-artea (Bidasoatik Oiartzun ibairaino) eta Bidasoa ibaia (Endaraerrekatik itsasoraino). Hurrenez hurren, aztertutako eremuaren % 59,01 eta % 40,99 hartzen dute, eta ibilguen higadura-maila ertaina eta ertaina dute, hurrenez hurren.
Naturagune babestuei dagokienez, ez dago babestutako lekurik Planaren inguruan definitutako azterketa-eremuan. Hurbilen dagoena Txingudi-Bidasoa Hegaztientzako Babes Bereziko Eremua eta Kontserbazio Bereziko Eremua da, Natura 2000 Sarearen barruan dagoena, eta RAMSAR hezeguneen zerrenda ere badagoena; Planaren xede den lurzatiaren iparraldean eta ipar-ekialdean dago, 400 metro baino gehiagora, Irungo hiri-eremutik kanpo.
Era berean, Eusko Jaurlaritzaren 2019ko Batasunaren Intereseko Habitaten kartografiaren arabera (GeoEuskadi), zeinak 2012ko kartografiara eguneratzen baitu, Planaren inguruko azterketa-eremuak ez du intereseko habitatik.
Landarediari dagokionez, planaren eremua Eurosiberiar izeneko eskualde biogeografikoan dago, Kantabria-Euskal Konoaren sektorean eta Euskal Autonomia Erkidegoaren ekialdeko barrutian.
Rivas-Martínezen Espainiako landaredi-serieen kartografiaren arabera (1987), aztergai den eremuak landaredi multzo bakarra du: muino-montana orocantabrica, Cantabroeuskalduna eta lizar-galaicoasturiana mesofitikoa edo Fraxinus excelsior (Polysticho setiferi-Fraxineto excelsioris sigmetum).
Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren kartografia ere kontsultatu da, eremuko landaredi potentzialari buruzkoa. Horren arabera, Planaren inguruan definitutako azterketa-eremuak landaredi potentzial mota bakarra du: Harizti azidofiloa eta harizti-baso misto atlantikoa.
Landa-lanaren bidez, aztergai den eremuan bi landaredi mota baino ez dira definitu: landaredirik gabeko eremuak eta hiri-inguruneak, bai eta lorategi eta landaredi apaingarriak ere; haietako bakoitzak azterketa-eremuaren % 60,04 eta % 39,96 hartzen du.
Faunari dagokionez, eskuragarri dagoen informazio publikoa kontsultatuta, ez da aurkitu Planaren inguruan definitutako azterketa-eremuarekin bat datorren espezie babestuen erreferentziarik edo banaketa-eremurik.
Planaren inguruan definitutako azterketa-eremua bat dator, zati batean, abifauna linea elektrikoetatik babesteko «Kosta-Txingudi-Bidasoa» izeneko eremu batekin. Eremu horrek Natura 2000 Sareko «Txingudi-Bidasoa» kostaldeko Naturagune Babestua, KBEa eta HBBEa inguratzen ditu, eta iparraldean dago, Irungo hirigunearen periferian.
Linea elektriko horiei dagokienez, Eusko Jaurlaritzaren kartografiak ez du adierazten haietako bakar bat ere jarduketa-eremuaren barruan dagoenik, baina hurbilen dagoena 200 metro baino gutxiagora dago, HAPBren iparraldean.
Era berean, Planaren azterketa-eremuak ez du elementurik EAEko azpiegitura berdean eta haren korridore ekologikoan dagoenik, eta, berriz ere, hurbilena Txingudi-Bidasoa KBEetako eta HBBEetako natura-ingurune babestua da, zeina azpiegitura berde horretan «biodibertsitate-erreserba» gisa sartuta baitago.
Era berean, ez da adierazten paisaia- eta kultura-mugarririk edo haien eragin bisualeko eremurik dagoenik.
Arriskuei dagokienez, ez da arrisku handirik hauteman honako hauen ondorioz: higadura, iragazkortasuna, akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasuna, baldintza geoteknikoak, lurzoru kutsatuak, baso-suteen arriskua, uholde-arriskua, sismikotasunaren, arrisku teknologikoen eta salgai arriskutsuen garraioa.
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren bidez eskuragarri dagoen informazioaren arabera, Planaren inguruan definitutako azterketa-eremuan, eraikinen erdiak gutxi gorabehera kultura-ondaretzat hartzen dira, eraikitako ondasunen kategorian, eta nabarmentzekoa da, adibidez, «La Inmaculada» zahar-egoitza, eta zenbait «Etxe» (Montano, Villa M.ª Luisa, Alaider Etxea, etab.), bai eta Planaren xede den eraikina bera ere.
HAPBren xede den Ignacio Zuloaga etxearen kasuan, Irungo HAPOren Ondare Arkitektonikoaren Katalogoaren Aldaketa Puntuala, Hiri Etxe gisa R.82 kodearekin identifikatuta dagoena, ondare arkitektoniko gisa jasota dago, oinarrizko babes-mailarekin eta kontserbazio partzialarekin.
Aurreko guztiagatik, eta kontuan harturik eremuaren gaur egungo egoera, planetik eratortzen diren jarduketak, eta, orobat, prebentzio-neurrien eta neurri babesle eta zuzentzaileen aplikazioa, ez da espero jarduketa horiek inpaktu nabarmenik sortuko dutenik ingurumenean.
Ebazpen honetan, neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Irungo Ignacio Zuloaga kalea 2 lurzatiaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, baldin eta ezarritako neurri babesleak eta zuzentzaileak txertatzen badira.
Neurri babesleak eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ingurumen-txosten estrategikoak formulatzen duen ebazpenean adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-agiri estrategikoan eta planean bertan jasotakoarekin bat etorriz.
Beraz, hauek dira planak jaso beharko dituen zehaztapenetako batzuk:
Kultura-ondareari dagozkion neurriak.
Eraikina Irungo udal-katalogoan jasota dago, Ignacio Zuloaga 2 izena duelarik, eta 2022ko Katalogoaren Aldaketa Puntualean Irungo ondare arkitektonikoaren eraikin garrantzitsu gisa ageri da; udal-babeseko kultura-ondasun bat da, eta, beraz, plangintzan eta katalogoan ezarritako babes-araubidea du, eta udal-kontrolaren araubidearen mende dago. Udal-babeseko kultura-ondasunak ez daude 6/2019 Legearen mende; izan ere, euskal kultura-ondarearen parte badira ere, ez daude inskribatuta ez Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroan, ez Oinarrizko Babesaren EAEko Erregistroan.
Hala ere, eraginpeko administrazio publikoei egindako kontsulten erantzunetan ezarritako gogoetak kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren txostenak dio ezen, babestu beharreko ondasunei dagokienez, Ignacio Zuloaga 2 higiezinak babes ertainerako proposamena duela.
Eraikina udal-katalogoan jasota dago, Ignacio Zuloaga 2 izena duelarik, eta Irungo ondare arkitektonikoaren eraikin garrantzitsu gisa ageri da 2022ko Katalogoaren Aldaketa Puntualean. Ildo horretan, katalogoko fitxa partikularreko zehaztapenen arabera, eraikinean egiten den edozein esku-hartzek errespetatu behar ditu eraikinaren tipologia-, eraikuntza- eta konposizio-ezaugarriak.
Hala ere, katalogoko fitxa horietan ezartzen diren zehaztapenei dagokienez, Planak eraikuntzan inpaktua duten jarduketa batzuk planteatzen ditu, ekarriko dutenak fatxada bat eraistea eta Ignacio Zuloaga kalearen aurreko estalkia eta fatxada babestua aldatzea. Beraz, Sail horren arabera, proposatutako jarduketek eragin larria dute tipologian, eraikuntzan eta konposizioan, eta, horregatik, ez dira egokitzat jotzen.
Bidalitako proposamenean, mendebaldeko fatxada eraisten da, eraikina handitzeko. Erantsitako bolumen horrek erabat aldatzen ditu babestutako fatxadaren osaera eta proportzioak, eta jatorrizko diseinua hutsaltzen du. Atxikitako eraikinarekin eta estalkipeko terraza bat sortuta, egungo estalkiaren osaera ere aldatuko da. Ondarearen ikuspegitik, esku-hartze horiek eraikinaren arkitektura-balioei egindako laido nabarmenak dira, eta babestutako ondasunaren osotasunari eta benetakotasunari eragiten diote.
Handitzeei dagokienez, lehendik dagoen eraikina eta haren esanahi kulturala errespetatu behar dituzte. Ildo horretan, zehazten da handitzeak elementu berri gisa ezagutzeko modukoak izan behar direla, argi eta garbi identifikatzeko modukoak, eta lekuarekiko harmoniari eutsi behar diotela.
Sestra azpiko esku-hartzeei dagokienez, egungoak baino askoz ere zabalagoak diren garajeko lurpeko solairuak gaituz, adierazi behar da, mota horretako esku-hartzeak eginez gero, bermatu egin behar dela egitura osorik eta eraikinaren kanpoko bolumetria mantentzen direla.
Ez dago etxebizitzaren balio-galera alegatzen duen kultura-ondarearen justifikaziorik, horrelako Plan Berezi bat birplanteatzea eragin dezakeenik.
Aurreko guztiagatik, kultura-ondarearen ordenamendu sektorialak ezarritako gomendioekin bat datorren alternatiba bat planteatu beharko litzateke, horrela bermatu nahi baitira ondasun horien kontserbazioa eta balioa nabarmentzea, bai eta bilatu ere eraikigarritasuna handitzeko formula berriak.
Lehendik dauden eraikinen osotasunari eusteko, haien gaineko esku-hartzeak minimizatu beharko lirateke, etxebizitzaren egungo banaketa eta tipologia errespetatuz, lehendik dauden fatxadak eta baoen kokapena mantenduz eta gainerako elementu eta espazio osagarriak zainduz (terrazak, eskailerak, begiratokiak, etab.).
Babes ertaineko proposamena duten eraikinen kasuan, Ignacio Zuloaga 2 higiezinaren kasuan esaterako, Kultura Ondarearen Zuzendaritzak zaharberritze kontserbatzailearen motako esku-hartzeak gomendatzen ditu, Ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuei buruzko abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuan jasotako «Birgaitzeko esku-hartzeak» izeneko I. eranskinean definitzen diren bezala.
Bestalde, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, obrek dirauten bitartean aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, berehala jakinarazi beharko zaio Arabako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari; gero, hark erabakiko du zer neurri hartu.
Lurzorua eta lurpeko urak babesteko neurriak.
Prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira obra fasean, istripuzko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, etab.). Bilketa-eremuak, instalazio lagungarriak eta makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.
Kamioiek obrara sartzeko eta handik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makina mekanikoak erabiliko dira.
Hondakinak ekoizteari eta kudeatzeari buruzko neurriak.
Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak ezarritakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortzen diren hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.
Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.
Hondakinak ezabatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea haien balorizazioa ez dela bideragarria teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren ikuspegitik.
Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan (eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko dena) xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
Olio erabiliak kudeatzeko, Industria-olio erabilien kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan xedatutakoa beteko da.
Erabilitako olioak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpe batean utziko dira, behar bezala etiketatutako andel estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuriei eusteko sistemen barruan.
Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela-eta, isurketen baten ondorioz nahasiz gero, arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte, eta itxita egongo dira kudeatzaileari eman arte, isuri edo lurrundu ez daitezen. Edukiontzi edo ontzi horiek argi etiketatu beharko dira, irakurtzeko eta ezin ezabatuzko moduan, eta indarrean dagoen araudiaren arabera.
Eremu jakin bat egokituko da, behin-behinean hondakin arriskutsuak pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, lanek dirauten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu estankoak (bidoiak, etab.) jarriko dira lanak egiteko eremu osoan. Motaren arabera bereiziko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.
Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta haiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.
Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez da inola ere sortuko kontrolik gabeko efluenterik erregaiak eta produktuak biltegiratzetik, makineria mantentzeko lanak egitetik edo hondakinak erretzetik.
Induskatutako materiala lurzoru naturala bada, lekuan bertan berriro erabili ahal izango da, edo, bestela, kudeatu ahal izango da baimendutako betelan batean edo sortu zenetatik ezberdina den betelanetan edo obretan, betiere, urriaren 10eko APM/1007/2017 Aginduan ezarritakoaren arabera.
Obretan sortutako hondeaketa-soberakinak lurzoru naturalak ez badira, eta balorizatzaile baimendu batean onargarriak ez badira, soberakin-biltegi baimendu batera eraman beharko dira, eta Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuaren eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera kudeatuko dira soberakinak.
Zaraten eraginak gutxitzeko neurriak.
Lanek dirauten bitartean, jardunbide egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketa-, eraisketa-, zamalan- eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makineriaren mantentze-lanetan, zaraten eta bibrazioen murrizketan eta obrak egitean erabilitako ekipamenduen zaraten kontrolean ere.
Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuei eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretura (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietara.
Beste alde batetik, Plana garatzetik eratortzen diren proiektuen ondoriozko obrek sortutako soinu-mailak, obra horien eragin-eremuan, ezingo ditu gainditu Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita dauden kalitate akustikoaren helburuak.
Lanek sei hilabete baino gehiago irauten badute, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35.bis artikulua betez, inpaktu akustikoari buruzko azterlan bat egin beharko da, behar diren neurri zuzentzaileak zehazteko. Inpaktu akustikoari buruzko azterketa horretan, aztertu beharko da zer onura akustiko lortu nahi den neurri zuzentzaile horien bitartez, eremu akustiko eta eraikin kalteberetan zarata murrizteari dagokionez, eta eraginpeko udalerriari jakinarazi beharko zaio haren edukia.
Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriaren aldeko neurriak.
Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoetarako beharrezko diren ezaugarriei dagokienez, «Etxebizitzen Eraikuntza Jasangarrirako Gida»-n (hemen eskuragarri: https://www.ihobe.eus/argitalpenak) jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek alderdi hauetan eragin beharko dute, gutxienez:
Materialak. Lehengai berriztaezin gutxiago kontsumitzea.
Energia. Energia gutxiago kontsumitzea edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.
Edateko ura. Edateko ur gutxiago kontsumitzea.
Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.
Barnealdeko kalitatea. Barnealdeko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.
Bigarrena. Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta ebazpen honetan ezarritako neurri babesleak eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Irungo Ignacio Zuloaga kalea 2 lurzatiaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.
Hirugarrena. Irungo Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukiaren berri.
Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Bosgarrena. Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek galdu egingo du indarra eta utzi egingo dio dagozkion ondoreak sortzeari, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta gehienez lau urteko epean ez bada Irungo Ignacio Zuloaga kalea 2 lurzatiaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia onesten. Kasu horretan, berriro hasiera eman beharko zaio Planaren ingurumen-ebaluazioa egiteko prozedurari, salbu eta ingurumen-organoari haren indarraldia luzatzeko eskatzen bazaio. Hori gertatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz zehaztutako moduan.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko azaroaren 7a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.