Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2025eko azaroaren 6koa, Ingurumen Administrazioko zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Ermuko (Bizkaia) AOD-01 Okin Zuriren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-adierazpen estrategikoa.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 244
- Hurrenkera-zk.: 5424
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2025/11/06
- Argitaratze-data: 2025/12/18
Gaikako eremua
- Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena; Gobernua eta Administrazio Publikoa
Testu legala
2020ko urtarrilaren 14ko Ebazpenaren bidez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioko Zuzendaritza zenak, EAED-252INET espedientearen esparruan, Ermuko (Bizkaia) AOD-01 Okin Zuriren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-azterketa estrategikoaren irismeneko dokumentua egin zuen, kontuan hartuta Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoa.
Ermuko Udalak jendaurrean ipini zuen planaren eta haren ingurumen-azterketa estrategikoaren informazioa, 45 egun baliodunetan, 2021eko irailaren 13ko Bizkaiko Aldizkari Ofizialean iragarkia argitaratuta (176. zk.), xedapen hauek betez: abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 21. artikulua eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 12. artikulua. Era berean, indarrean dagoen araudiaren arabera, ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsulta egiteko izapidea bete zuen.
Ermuko Udalak azaldu du jendaurreko informazioaren aldian alegazio bat aurkeztu dela, eta ukitutako administrazio publikoekin eta pertsona interesdunekin egindako kontsulta-izapidean jasotako txostenetako batzuk ere igorri ditu, administrazio-espedientean jasotako emaitzarekin eta edukiarekin.
2025eko abuztuaren 26an, Ingurumen Administrazioko Zuzendaritzak honako hauek eskatu zizkion Ermuko Udalari: kontsultatutako administrazio publikoetako erakundeen eta pertsona interesdunen zerrenda, jasotako txosten guztien zerrenda, txosten horien hitzez hitzeko kopia eta laburpen ez-teknikoa, besteak beste.
2025eko irailaren 23an, Ermuko Udalak eskaera egin zion Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari, Ermuko (Bizkaia) AOD-01 Okin Zuriren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-adierazpen estrategikoa egin zezan.
Eskaerarekin batera, honako hauek aurkeztu zituen: planaren behin betiko proposamena, 2023ko uztailekoa; ingurumen-azterketa estrategikoa, 2023ko uztailekoa; eta jendaurreko informazioaren izapidearen eta ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei entzunaldia egiteko izapidearen inguruko azalpenak emateko zenbait dokumentu.
Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen planak arautu behar dituzten oinarriak ezartzea eta ingurumenaren babes-maila handia bermatzea, garapen jasangarria sustatzeko.
Halaber, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluaren arabera, ingurumen-ebaluazioak ingurumena babesteko maila handia bermatu eta garapen jasangarria sustatuko du. Horretarako, planak, programak eta proiektuak egiteko, hartzeko, onesteko edo baimentzeko ingurumen-alderdiak bateratuko ditu; ingurumen-alternatiba bideragarriak aztertu eta hautatuko ditu; ingurumenarekiko ondorio kaltegarriak prebenitzeko, zuzentzeko eta, hala badagokio, konpentsatzeko neurriak ezarriko ditu; eta ingurumen-ebaluazioaren helburua betetzeko beharrezkoak diren zaintza-, jarraipen-, eta zehapen-neurriak ezarriko ditu.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.1.a) artikuluan xedatutakoa aplikatuz, administrazio publiko batek abian jarritako edo onetsitako planei eta programei ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar zaie, bai eta haien aldaketei ere, lege- edo arau-xedapen batek beharturik prestatu eta onartu badira, baldin eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitera legez behartutako proiektuak baimentzeko etorkizuneko eremua ezartzen badute eta arlo jakin batzuei erreferentzia egiten badiete, hala nola hiri- eta landa-lurraldearen antolamenduari eta lurzoruaren erabilerari.
Orobat, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 61. artikuluan xedatutakoaren arabera, II.A. eranskinean zehazten denari jarraituz ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzaketen planei, programei eta horien aldaketei eta berrikuspenei ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egingo zaie. Eranskin horretan jasotako plan eta programen artean, etorkizunean ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitera legez behartutako proiektuak baimentzeko esparrua ezartzen duten eta arlo jakin batzuei hala nola hiri- eta landa-lurraldearen antolamenduari eta lurzoruaren erabilera erreferentzia egiten dieten planak eta programak daude.
Era berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 17. artikuluan eta hurrengoetan eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzeko urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 8. artikuluan eta hurrengoetan adierazitakoaren arabera, bai Ermuko Udalak bai Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak beharrezkoa den guztia xedatu dute Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura aurrera eraman ahal izateko ingurumen-azterketa estrategiko bat egitearen bitartez, zeinaren irismena aurrez ezarri baita kontsulta publikoak egitearen bidez eta eraginpeko administrazio publikoek eta herritar interesdunek parte hartzeko prozeduraren bitartez.
Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-azterketa estrategikoa egokia dela eta indarrean dagoen araudiari egokitzen zaiola, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-adierazpen estrategiko hau ematen du, organo eskuduna baita abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera (Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen du dekretu horrek). Adierazpenean, baloratzen da ingurumenaren arloko alderdiak egoki txertatu direla planaren proposamenean; era berean, adierazpenak aipatzen du zer inpaktu nabarmen eragingo duen plan horrek ingurumenean, azkenean onartuko den planean sartu beharreko azken zehaztapenak barne, ingurumen-ondorioetarako bakarrik.
Kontuan hartu dira: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzkoa; 211/2012 Dekretua, urriaren 16koa, Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duena; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau
Lehenengoa. Ermuko (Bizkaia) AOD-01 Okin Zuriren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-adierazpena formulatzea, jarraian zehazten den moduan:
Planaren xede den eremua AOD-01 Okin Zuri da, 13.665,7 m2ko azalerakoa, eta Ermuko udal-mugarteko hiri-lurzoru finkatugabeko hiru zona hartzen ditu:
zona: Okin Zuri auzoa. Okin Zuri auzoko 13.377 m2 inguruko azalerak osatzen du, Ermuko iparraldean, SUS La Cantera lurzoru urbanizagarriaren alboan. Eremuaren zati bat industria-eraikin isolatuek okupatzen dute gaur egun. Zona horren barruan, eta lehendik dagoen errepideak bereizita, kirol-eremu bat eta umeentzako jolastoki bat dago eremu horretan dagoen lurpeko aparkalekuaren gainean; eraikinik gabeko beste lurzati batzuk ere badaude, tamaina ertain-handiko landaredia eta zuhaitzak dituztenak. Eremu horretan elkartzen dira Berano (ipar-ekialdean) eta Ambre (ipar-mendebaldean), BI-2301 errepidearen eta Markinarako errepidearen arteko bidegurutzean elkartzen diren errekak, eta horrela sortzen da Ego ibaia, BI-2301 errepidearekiko paraleloan kanalizatuta agertzen dena azalean.
zona: Parrokia-aretoak. Done Jakue elizari atxikitako parrokia-aretoak dira, 153,16 m2 inguruko azalera okupatzen dute, eta elizaren hegoaldeko eta ekialdeko fatxadak hartzen dituzte, basilika-oinplanoa aldatuz.
zona: Erdikokale, 5. zk. Erdikokaleko 5. zenbakian dagoen bizitegi-eraikina da; bertan, 4 etxebizitza eta 2 lokal baimentzen dira, eta 135,54 m2 inguruko azalera hartzen du.
Planak lurzorua antolatzen du, zenbait bizitegi-lurzati eta sistema orokorren eta tokiko sistemen sareko zuzkidura publikoak eta ekipamenduak ahalbidetuz. Honako hau da planak AOD-01 Okin Zuri eremurako proposatzen duen antolamendua:
zona: Okin Zuri auzoko bizitegi-zona errematatzea, lehendik dauden industria-eraikinak kenduz eta 170 etxebizitzako eskaintza berria sortuz; horien artean, babes publikoko 49 etxebizitza. Ez da mugarik ezartzen ez oinplanoko okupazioan, ez eraikinen altueran; muga horiek garapen-plangintzak zehazten dituenak izango dira. Okin Zuriko lurpeko aparkalekuaren egungo plataformaren gainean espazio zentral bat sortuko da plaza moduan, Espazio Libreen Sistema Orokor gisa jasota geratuko dena. Ego ibaia eremutik igarotzen denez, ibaiaren ondoan zerrenda bat libre mantendu beharko da, ibilguaren babes-funtzioa betetzeko eta antolamenduan integratu ahal izateko. Berano errekaren ertzetan berdegune-zerrenda bat jarriko da, ertzak lehengoratu ahal izateko. Gainera, ibilgailuentzako eta oinezkoentzako sarbide bat jarriko da, Okin Zuri auzoa Zubiaurre etorbidearekin eta La Cantera SUS lurzoru urbanizagarriaren ondoko eremuarekin lotzeko.
zona: lurzoru hori espazio libreen tokiko sistemara bideratuko da, hirigune historikoaren erdigunea eta Orbe kardinalaren plaza Valdespinako markesaren parkearekin lotzeko. Horretarako, elizari atxikitako parrokia-aretoak eraitsi beharko dira. Parrokia-aretoak eraitsi ondoren, eranskinak eragindako elizaren fatxadak lehengoratu beharko dira.
zona: gaur egungo parrokia-aretoen eta eraikin honen arteko trukea egingo da; hala Erdikokaleko 5. zenbakiko eraikina ekipamendu pribatua izango da aurrerantzean, eta eraikinaren eraikigarritasunari eta egungo bolumenari eutsiko die.
Bizitegi-areak:
Lehen adierazi denez, 170 etxebizitza egingo dira; horien artean, babes publikoko 49 etxebizitza.
Horretarako, 1. zonan 5 bizitegi-lurzati berri definitzen dira, PR izenekoak, eta HAPOn ezarritako ehunekoetan izango dituzte Etxebizitza Libreak (VL), Babes Tasatuko Etxebizitzak (VT) eta Babes Orokorreko eta Bereziko Etxebizitzak (VP):
PR-VP-01: 2 bizitegi-blokek osatzen dute (BR-01 eta BR-02).
BR-VT-01: (BR-03) bizitegi-blokeak osatzen du.
PR-VL-01: 3 bizitegi-blokek osatzen dute (BR-08, BR-09 eta BR-10).
PR-VL-02: 2 bizitegi-blokek osatzen dute (BR-06 eta BR-07).
PR-VL-03: 2 bizitegi-blokek osatzen dute (BR-04 eta BR-05).
PR-VL-01 eta PR-VL-02 lurzatietan, beheko solairuan merkataritza-erabilerako lokalak jarri ahal izango dira.
Bestalde, PR-VP-01, PR-VT-01 eta PR VL-03 lurzatietan, beheko solairuko erabilera 2/2006 Legeak ezartzen dituen tokiko zuzkidura batzuen lagapenen parte izatea aurreikusten da, eta irabazi-asmorik gabeko eraikigarritasun gisa jasotzen da.
Eraikinak okupatzen ez dituen bizitegi-lurzati horien espazio libreak erabilera publikoko zortasuna du, eta haren egitura dimentsionatu egin beharko da, udaleko mantentze-lanetako ibilgailuak igaro ahal izateko.
PR-VL-02 lurzatiaren kasuan, zehazki, BR-06 eta BR-07 azpilurzatien arteko pasabide arkupedun bat planteatzen da, suhiltzaileen ibilgailuak bidetik plazaren barrualdera igaro ahal izateko, eta, hala, Suteetatik Babesteko Oinarrizko Segurtasun Dokumentua (SS) betetzeko.
Beste zuzkidura publiko batzuk (ODT):
Plan Bereziak lagapenak proposatzen ditu, eta, beraz, eremu osoan 4.499 m2 baimentzen dira tokiko beste zuzkidura publiko batzuetarako:
SL-ODP lurzatian, 385 m2ko lurzoru-azalerakoa. Lurzati horretan, 2.356 m2ko irabazi-asmorik gabeko eraikigarritasuna baimenduko litzateke sestra gaineko bloke batean, beheko solairua + 8 solairu + atikoa, aldameneko bizitegi-eraikinen profilari eusteko, baina hori ez litzateke gauzatuko HAPBren kontura.
PR-VP-01, PR-VT-01 PR-VL-03 lurzatietako beheko solairuetan lokalak lagatzea planteatzen da. Horiei solairuarte bat edo lehen solairu bat gehitzen zaie, eta, beraz, azalera eraikia 2.143 m2 da guztira.
Aparkalekuak:
zonako bizitegi-arean, guztira 238 aparkaleku-plaza aurreikusten dira, eta, horretarako, sotoko 2 solairu hartu dira kontuan. Hala, 66 aparkaleku-plaza proposatzen dira PR-VP-01 eta PR-VT-01etan, 50 plaza PR-VL-03n eta 122 plaza PR-VL-02 eta PR-VL-01en.
Ibilgailuen bidearen eta alboko aparkalekuaren alboetan kokatutako kanpoko urbanizazioan 36 aparkaleku-plaza daude lur gainean, eta horietako bat desgaituentzat da.
Gainera, Plan Bereziaren antolamendu-proposamenak eutsi egiten dio 1. Zonan dagoen lurpeko aparkalekuari, zeinak, 2.027 m2 inguruko azaleran, 79 aparkaleku-plaza dituen.
Lurpeko aparkaleku-erabilera baimentzen da SL-ODP lurzatian ere.
Espazio libreen sistema orokorra:
zonan, 3 lurzati daude Espazio Libreen Sistema Orokorrerako (aurrerantzean, ELSO); guztira, 2.882 m2ko azalera dute.
ELSO 1: egungo lurpeko aparkalekuaren gainean plaza gisa eratzen den gunea, 2.128,09 m2ko azalerakoa.
ELSO 2: Ego ibaiaren ondoko gunea, ibaia BI-2301 errepidearekiko paralelo doan tartean; ibaia antolamenduan integratzen du, eta ibilgua babesten. Guztira 619,40 m2ko azalera du.
ELSO 3: Berano errekaren eta egungo errepidearen artean dagoen zona, eremuaren ipar-ekialdean lurrazaletik doan zatian erreka hori lehengoratu ahal izateko. Guztira 134,51 m2ko azalera du.
Berdeguneen eta espazio libreen tokiko sistemak:
Eremu osoan, berdeguneen eta espazio libreen tokiko sistemara (aurrerantzean, BELTS) bideratutako 3 lurzati ezarri dira; guztira, 2.929 m2ko azalera dute, eta horietatik 2.506 m2 erabil daitezke.
BELTS 1: 1. zonatik iparraldera kokatua. Tokiko sistema horren zati bat Berano errekaren mugakide da, eta ubideratze-horma eraistea eta tarte horretan errekaren ingurumena lehengoratzea ahalbidetzen du. 1.964 m2ko azalera du, eta horietatik 1.500 m2 bakarrik kontatzen dira espazio libre guztietan, mendiari eusteko harri-lubetaren azalera kenduta.
BELTS 2: 1. zonan dago, ipar-ekialdean, PR-VL-O1 eta PR-VL-O2 bizitegi-lurzatien eta SUS La Cantera eremuaren artean, eta berdegune edo plaza bat sortzen du. Gainera, aparkalekuko plazaren eta Okin Zuri auzoko etxebizitzen artean dagoen espazioa biltzen du, zona horretan dauden berdeguneak edota plazak lotuz. Guztira 853 m2ko azalera du.
BELTS 3: hirigune historikoaren erdigunea eta Valdespinako Markesaren parkea lotzen dituen oinezkoentzako gune bat da, eta 153 m2 inguruko azalera du. Elizari atxikitako parrokia-aretoak eraitsi ondoren sortzen da. Eraisteko jarduketa hori Ermuko Hirigune Historikoko Gune Arkeologikoaren barruan dagoenez, eta harresi zaharraren arrastoak daudela uste denez, azterketa arkeologiko bat egin beharko da, eta obra-proiektuak izan dezakeen eragina ere aztertu, hala ezartzen baitu Euskal Kultura Ondareari buruzko 6/2019 Legeak 65. eta 67. artikuluetan.
Ibaiak eta errekak:
zonan, antolamendu-proposamenak bere horretan uzten du Berano eta Ambre erreken egungo gaur egoera bideratuta eta lurperatuta igarotzen dira batik bat bai eta Ego ibaiarena ere BI-2301 errepidearekiko paraleloan kanalizatuta ageri da lurrazalean.
Azalera takimetro zehatz baten gainean egiaztatu ondoren, Ibaien Sistema Orokorraren (ISO) lurrazalean desfase bat dagoela adierazi da. AOD-01 Okin Zuri eremuaren fitxan 1.600 m2ko azalera jasotzen da, baina azalera 1.153 m2koa duela egiaztatu da. Ibaiaren sestra gaineko azalera 529,47 m2 da, eta sestra azpikoa edo lurpekoa 623,53 m2.
Ubide-bazterrak:
Plan Bereziak Berano errekaren ertzak neurri batean lehengoratzea ezartzen du, ibaiertzen albo bakoitzean berdeguneak baitaude, bai tokiko sistema gisa, bai sistema orokor gisa, BI-2301 foru-errepidearen ondoan dagoen ibai-zatian izan ezik, hor ezin baita esku-hartze hori egin.
BELTS-01 espazio libreen tokiko sistemaren mugakide den ertzean ubideratzea kendu ahal izango da, eta naturalizatu. Urbanizazio Proiektuak Ingurumena eta Paisaia Leheneratzeko Plana eduki beharko du, eta zehaztu beharko ditu aurreikusitako landareztatzeak, espezieak, landaketa-esparrua, mantentze-lanak, etab.
Berano errekaren ertzaren ondoko SUS La Canterari dagokionez, gaur egun Markinarako errepidea dago, eta haren trazadura aldatu egingo da SUS La Cantera garatzen denean. Eremu hori garatzen ez den bitartean, ertz hori kanalizatuta mantendu beharko da, baina, behin garatzen denean eta dagozkion espazio libreak lagatzen direnean, naturalizatu ahal izango da.
Landaretzarako hornidurak:
Plan Bereziak 170 zuhaitz landatu edo kontserbatu behar ditu.
Aurreikusitako antolamendu xehatua dela-eta, Ego ibaiaren ondoko zuhaiztiak bakarrik kontserbatuko lirateke, hau da, gutxi gorabehera hamar zuhaitz. Gainerakoak urbanizazioan sartu beharko dira.
Ekipamenduetarako lurzati pribatua:
Plan bereziak Erdiko kaleko 5. zenbakiko eraikina, 3. zonakoa, parrokia-areto berriak hartzeko ekipamendu pribatu gisa definitzen du, 510 m2ko azalera eraikia duena, bere eraikigarritasunari eta gaur egungo bolumenari eutsiz.
Higiezin hori Ermuko Hirigune Historikoko Gune Arkeologikoaren barruan dagoenez, azterketa arkeologiko bat egin beharko da, eta obra-proiektuak izan dezakeen eragina ere aztertu, hala ezartzen baitu Euskal Kultura Ondareari buruzko 6/2019 Legeak 65. eta 67. artikuluetan.
Bidegintza:
BI-2301 errepidea udal-kale bihurtuko da.
Sareak eta azpiegiturak:
zonan, kanalizatutako sareak eta aireko lineak daude. Ildo horretan, beharrezkoa da zona hori zeharkatzen duen aireko erdi-tentsioko sare batean jardutea, eta Okin Zuri auzoaren barruan lurperatzea planteatzea.
Saneamendu-sareak kanalizatuta daude, eta BI-2301 errepidetik igarotzen den kolektore primarioak eremu horretarako aurreikusitako hazkunde berrien saneamendu-isurketak xurgatzeko gaitasuna du.
Hornidura-sarea kanalizatuta dago, eta zona horri ematen dio zerbitzua. Adierazten denez, hasiera batean, eraikin berrietarako hornidura-zerbitzua ez dago arriskuan gaur egungo sarearekin, baina alderdi hori zehatzago aztertu beharko da urbanizazio-proiektuan.
Parkeko eta errepideetako argiteria publikoaren sarea aldatu eta egokitu egin beharko dira, baita hornidura- eta saneamendu-sareak ere, besteak beste.
zonak eta 3. zonak zerbitzu-azpiegiturak dituzte, baina beharrezkoa da dauden argiteria publikoko, elektrizitateko eta abarretako aireko lineak desmuntatzea. Linea horiek parrokia-aretoen fatxadei eta Erdikokaleko 5. zenbakiko etxebizitza-eraikinari eragiten diete.
Hirigintza-datuen laburpena:
Planaren garapen aurreikusia Ituntze Sistemaren edo Eragile Urbanizatzailearen Sistemaren mende dago, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 160. artikuluan araututa dagoenez. Nolanahi ere, kudeaketa-sistema horren ordez lankidetza-sistema ezarri ahal izango da, edo Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko Legearen 159.2 artikuluan ezarritako beste edozein sistema, plan berezi hau garatzeko idatzi beharreko Urbanizatzeko Jarduketa Programan.
HAPOren arabera, urbanizazio-obra guztiak eta eremu honetan sartutako edota atxikitako sistema orokorren obrak, bai eta, hala badagokio, jarduketa integratuaren eremutik kanpo eta lehendik dauden sistema orokorrekin lotura egiteko beharrezkoak direnak ere, gehienez ere lau (4) urteko epean egin beharko dira, Plan Berezia onartzen denetik zenbatzen hasita. Eraikitzea gehienez ere lau (4) urteko epean osatuko da, Okin Zuri HAPBren eremuaren urbanizazio osoa egiten denetik kontatzen hasita.
Ingurumen-azterketa estrategikoan jasotzen denez, eremua garatzeko Urbanizazio Proiektuarekin batera, Ingurumena eta Paisaia Leheneratzeko Plana egin beharko da, eta zehaztu aurreikusitako landareztatzeak, espezieak, landaketa-esparrua, mantentze-lanak, etab.
Alternatibak:
Alternatibei dagokienez, hasierako dokumentu estrategikoak 0 alternatiba edo «ez esku hartzea» aztertzen du, egungo egoera hartuta eta Ermuan indarrean dagoen plangintzaren hirigintza-kudeaketa bultzatu gabe.
zonarako, alternatiba hauek proposatzen dira:
1. alternatiba: erreka agerian uztea trazaduraren azkenean.
Berano errekaren egungo trazadura agerian uztea planteatzen da, eta, puntu horretatik aurrera, 7 metroko errodadura-bide bat egitea espaloien eta lineako aparkalekuen ondoan. Errekaren egungo trazadura errespetatuz eta proposatutako sekzioarekin, ikusi da aparkalekuaren gaur egungo sarbideari eragiten zaiola eta ez dagoela mantentzerik. Hortaz, baztertu egin da irtenbide hori; izan ere, gaur egungo aparkalekuari eragiteak dakarren ondorio ekonomikoak haren sarbideari eragiten dioten obren ondorioz partzialki eraistea eta berriz eraikitzea edota egokitzea, eremu hori garatzea eragotziko luke.
2. alternatiba: Berano erreka agerian uztea, trazadura aldatuz, lurpeko aparkalekuari ez eragiteko.
Berano errekaren ibilbidea agerian uztea planteatzen da, lurpeko aparkalekuari eragin gabe. Lurpeko aparkalekurako sarbidetik, 7 metroko errodadura-bidea egingo da espaloien eta lineako aparkalekuen ondoan.
3. alternatiba: Berano errekaren ubideratzea HAPOren aurreikuspenen arabera mantentzea.
Eremu osoa berrantolatzea proposatzen du, baina Berano erreka agerian utzi gabe. Ibaiaren hobekuntza gaur egun estali gabe dauden zonetan jarduketak eginda proposatzen da, ibilguko hormak kenduz eta ibaiaren mugakide diren berdeguneen kokapena aprobetxatuz, hormak kentzeko eta ibilgu naturalizatuagoak egiteko.
4. alternatiba: Berano erreka partzialki agerian uztea, trazadura aldatuz, lurpeko aparkalekuari ez eragiteko.
Berano errekaren ibilbidean 21 metro agerian uztea planteatzen da, lurpeko aparkalekuari eragin gabe. Lurpeko aparkalekurako sarbidetik, 7 metroko errodadura-bidea garatzen da espaloien ondoan, erreka eta haren inguruko eremuak agerian utzi ahal izateko, eta errepidearen trazaduran bihurgune bat sortzen da, bidegintza konplexua dakarrena.
Gainera, lineako aparkalekuak kendu beharra dago, eta horrek lur gaineko aparkalekuen defizita sortzen du; haien ordez, aparkaleku gehiago jarri beharko lirateke lurzati pribatuan.
Ingurumen-dokumentu estrategikoak baztertu egiten ditu 1., 2. eta 4. aukerak 1. zonarako, bideragarritasun ekonomikoaren arrazoiengatik. Azkenik, 1. zonarako, 3. alternatiba hautatu da, indarrean dagoen Ermuko HAPOn planteatutako proposamena garatzen duena.
eta 3. zonetarako, antolamendu-irizpideak oso espezifikoa dira, eta, beraz, ezinezkoa da beste alternatibarik egotea, gaur egungoaz bestelakorik.
Udalplanen arabera hiri-lurzoru finkatugabe gisa sailkatutako hiru zonak osatzen dute planaren xede den eremua.
Eremuak ez du ukitzen Natura 2000 sareko naturagune babesturik, ez eta inbentarioan sartutako beste gune babestu edo natura-interesekorik ere. Halaber, ez dauka inbentario edo katalogoren batean jasotako paisaia-baliorik, eta ez du ukitzen EAEko Interes Geologikoko Lekuen Inbentarioan sartutako interes geologikoko lekurik.
Litologiari dagokionez, 1. zonan pitzaduragatiko iragazkortasun txikia duten tupak eta kareharriak daude, eta 2. eta 3. zonetan pitzaduragatiko iragazkortasun ertaina duten tupak eta kareharri hareatsuak txandakatzen dira. 1. zonak goranzko malda du iparralderantz, eta kotarik altuena + 196 metrora dago. 2. eta 3. zonek desnibel txikiak dituzte, egungo ingurunearen urbanizazioak baldintzatuta.
Eremua «Debako unitate hidrologikoan (UH)» dago, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoan (ES017). Zehazki, Ego-A (ES111R041020) ur-masaren isuri-arroan dago. Ego ibaiak 1. zona mugatzen du mendebaldean, eta ekialdeko mugatik Berano eta Infernuerreka errekak igarotzen dira (Beranoren adarrak). Berano errekak 1. zona ekialdetik mendebaldera zeharkatzen du, lurpean. Bestalde, 2. eta 3. zonetatik hurbilen dagoen ibilgua Ergo ibaia da, eta lurpean igarotzen da 40 m eta 23 m ingurura, hurrenez hurren.
Planak antolatzen duen lurzorua Bizkaiko sinklinoriko lurpeko uraren gainean dago (ES017MSBT017-005). Eremuak ez du akuiferoen kalteberatasun nabarmenik, 1. zonaren mendebaldeko mugan izan ezik, zeinak kalteberatasun ertaina duen. Eremuak ez du ukitzen interes hidrogeologikoko zonarik.
Eunis (geoEuskadi) habitaten kartografiaren arabera, eremuko hiru zonak, nagusiki, dentsitate handiko herri eta hirietako eraikin gisa identifikatuta daude. Ingurumen Azterketa Estrategikoaren arabera, 1. zonan haritz azidofiloen baso bat eta baso misto degradatu bat daude. Eremuaren barnean ez dago Batasunaren intereseko habitatik edo mehatxatutako flora-espezierik.
Ziurrenik, eremuan dagoen fauna hiri-eremuetara egokitutako espezie arruntek osatzen dute. Gainera, eremuko ibilgu guztiak (Ego, Infernuerreka eta Berano) «hobetu beharreko tarte» gisa sartuta daude bisoi europarraren (Mustela lutreola) kudeaketa-planean.
Eremua Zabaletako ikuspen-arroari dagokio; eremu antropogenikoan dagoen hiri-paisaia bat da, eta ibai-eremuan basogintzako mosaiko bat osatzen du. Eremua ez dago sartuta EAEko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoan (Eusko Jaurlaritza, 2005).
Eremuko 1. zonak ez du ukitzen kultura-ondare babestuko elementurik; 2. eta 3. zonak, berriz, Valdespina jauregitik oso gertu daude (13. Fitxa), ondare-eraikiaren kultura-ondasun izendatua. Badira beste elementu eraiki batzuk ere: Erdiko Etxea 5 bera (8. fitxa), Iturria, (26. fitxa), Erdiko Etxea 9 (9. fitxa), Santiago Plaza 1eko Etxea (10. fitxa), Cardenar Plaza 4ko Etxea (6. Fitxa), Ermuko frontoia (51. fitxa) eta Santiago Iturria (27. fitxa). Beste elementu arkeologiko batzuk ere badaude: harresia, txalet bat eta Santiago eliza.
zonak hiru lurzati industrial ukitzen ditu, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzoruen inbentarioan sartuta daudenak (kodeak: 48034-00061, 48034-00060 eta 48034-00062).
Eremuko hiru zonen zati bat Mallabia-Eibar Uholde Arrisku Handiko Eremuaren (UAHE) barruan dago (ES017-BIZ-DEB-05), IV. taldean. Ego ibaia 1. zonatik igarotzen den tarteak 10 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskua du, eta ibilguaren trazadurarekin bat dator. 2. eta 3. zonak Ego ibaiaren 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskuaren eremuaren eraginpean daude.
Gainerako arriskuei dagokienez, eremuko zonek ez dute baso-sutearen arriskurik, ezta SEVESO enpresak gertu izateagatik ere; ez da sismikotasunak eragindako arrisku handirik identifikatu, eta gertu ez dago salgai arriskutsuen garraioan istripu-arrisku handia duen errepide eta trenbiderik. Eremuko zonak higadura-maila txikiko eremu gisa sailkatuta daude, RUSLE ereduaren arabera, 1. zonaren iparraldeko muga izan ezik, zeinak muturreko higadura-prozesuak baititu, RUSLE ereduaren arabera.
Bizkaiko foru-errepideen zarata-maparekin bat etorriz, AOD-01 Okin Zuri eremuko 1. zona BI-2301 errepidearen zortasun akustikoko zonaren barruan dago.
Sustatzaileak aurkeztutako inpaktu akustikoari buruzko azterlanaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretua betez, 1. zonan, gaur egungo egoeran, ebaluazio-aldi guztietan, gainditu egiten dira lursail-mailako kalitate akustikoaren helburuak, eta zarata-foku nagusiak BI-2301 errepideko trafikoa eta «Mecanizados A.G.G.A» industria-jarduera dira. Beraz, eremua garatu ahal izateko, Babes Akustiko Bereziko Eremu (BABE) izendatu behar da, eta alderdi hori posible da, hiri-lurzoruaren berritzea baita. Ildo horretatik, Okin Zuri auzoa BABE deklaratu zen, eta behin betiko onartu zen, Alkatetzaren 2019ko maiatzaren 8ko 1.411/2019 zk.-ko Dekretuaren arabera (2019ko maiatzaren 28ko BAO, 100. zk.). 2. eta 3. zonei dagokienez, lurzati osoa okupatzen duten eraikinetan ez dira gainditzen kalitate akustikoaren helburuak fatxadaren mailan.
Kontuan hartuta eremua gehienbat artifizializatuta dagoela, planak eragindako afekzioak txikiak dira.
Planaren garapenak izan ditzakeen ondorioak lotuta daude Santiago elizaren bizitegi-eremua eta parrokia-aretoak hartzeko eraikinetan eta instalazioetan obrak egitearekin, bai eta aparkalekuak eta berdeguneak egitearekin eta Berano errekaren ertzak lehengoratzearekin ere. Jarduketa horiek honako hauek eragingo dituzte: hondakinak sortzea (obrak eta eraispena); lur-mugimendu posibleak eta soberakinak sortzea; makinen joan-etorriak; ustekabeko isurketek urei eta lurzoruei eragiteko arriskua; 1. zonan dagoen harizti azidofiloaren eta baso mistoa sasiz garbitzea; emisio atmosferikoek eta akustikoek herritarrei eragindako eragozpenak eta abar.
Uraren Euskal Agentzia URAk positiboki baloratzen du gaur egun aire zabalean dagoen Berano errekaren eremua leheneratzea eta lurpean dagoen zatia gaur egungo egoeran mantentzea, bideratze-hormak kenduz eta berdeguneen kokapena aprobetxatuz. Jarduketa horiek Ingurumena eta Paisaia Leheneratzeko Planaren arabera egin behar dira. Gainera, jarduketa horiek bisoi europarraren (Mustela lutreola), kudeaketa-planean xedatutakoa bete beharko dute, Berano erreka «Hobetu beharreko tartetzat» hartzen baita.
Eremuaren uholde-arriskuari dagokionez, URA Uraren Euskal Agentziak uste du Planean aurreikusitako jarduketak, printzipioz, bateragarriak direla Mallabia-Eibar Uholde Arriskua Kudeatzeko Planarekin (ES017 BIZ-DEB-05), eta Berano erreka leheneratzeak eta naturalizatzeak ez duela uholde-arriskurik eragingo garatu beharreko eremuan.
Eremuan kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak ukitzeari dagokionez, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoa beteko da.
Kultura-ondarearen gaineko eraginari dagokionez, IAEk jasotzen du 2. eta 3. zonetan edozein obra egiteko azterketa arkeologiko bat egin beharko dela, Kultura Ondareari buruzko 6/2019 Legea betez. Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren Euskal Kultura Ondarearen Zentroak gomendio batzuk egin ditu Erdikokale 5 eraikina (3. zona) eta elizaren ondoan eraikiko den sakristia berria (2. zona) berritzeari buruz, eta aurrerago azalduko ditugu.
Ustiapen-fasean, baliabideen eta energiaren kontsumoa areagotzearekin, inguruko mugikortasuna handitzearekin eta eremuan jarduera berriak ezartzearekin lotutako eraginak espero dira eremuaren 1. zonan. Ikuspuntu sozialetik, eremu degradatu bat lehengoratzen da, espazio libreak sortzen dira eta etxebizitzak eta aparkalekuak eraikitzen dira. 2. eta 3. zonei dagokienez, aisialdiko espazio libre bat lortzen da, eta kultura-ondareko elementuen balioa azpimarratzen da,
Txosten hau bat dator Ingurumen Azterketa Estrategikoaren ondorio nagusiekin, eta uste da nahikoa justifikatu dela Ingurumen Administrazioko zuzendariaren 2020ko urtarrilaren 14ko Ebazpenaren bidez emandako irismeneko dokumentuan aurkeztutako ingurumen-irizpideen integrazioa.
Planak ingurumen-azterketa estrategikotik eratorritako ingurumen-alderdiak txertatu ditu, ingurumen-organoak emandako irismen-dokumentuan eskatutako sakontasun-, xehetasun- eta zehaztasun-maila bermatuta. Ondorioztatzen da ingurumen-arloko izapidetze-prozesuan adierazitako alderdi guztiak behar besteko zorroztasunez jorratu direla, plangintza-prozesuan gerta litezkeen ingurumen-eraginak kontuan hartu direla bermatzeko moduan.
Plana izapidetzean, ez da gehitu ingurumen-ebaluazio estrategikoa zabaltzeko eskatzen duen beste jarduketarik, eta ez da detektatu planean birdefinitu edo kendu beharreko jarduketarik.
Indarrean dagoen araudiaren arabera hartuko dira neurri babesgarriak, zuzengarriak, konpentsagarriak eta jarraipenekoak, baita hurrengo apartatu hauetan xedatutakoaren arabera eta, aurrekoa galarazten ez dutenetan, ingurumen-azterketa estrategikoan aurreikusitakoaren arabera ere. Planak zehaztapen hauek jaso beharko ditu:
1. Natura-ondarea babesteko neurriak:
Ibai-ibilguen kontserbazio eta hobekuntza aktiboa 2.2.1 zuzentarau nagusia aplikatu behar da, Bisoi europarra Bizkaian kudeatzeko planean (118/2006 Foru Dekretua) jasota dagoena, eta planak ziurtatu beharko du bisoi europarraren habitatak zaindu, mantendu edo berreskuratuko direla. Alde horretatik, Berano erreka lehengoratu beharko da BELTS 1 tartean, bisoi europarra kontserbatzeko.
Plan Partzialak bere araudian Bisoi Europarraren Kudeaketa Planaren 11. artikuluan xedatutakoa betetzeko beharra jaso behar du. Bertan jasotzen denez, Kudeaketa Planari loturiko baimenen edo emakiden administrazio-prozeduretan, bai eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioetan ere, jarduketek eta proiektuek espeziearen gainean eta haren populazio-dinamikan izan ditzaketen eraginak eta inpaktuak aztertzeko, diagnostikatzeko eta baloratzeko beharrezkoak diren txostenak eta azterketak jasoko dira. Habitata eta espeziea beharrezkoak diren baldintzetan mantentzera zuzendutako babes-neurriak jasoko dituzte txosten eta azterketa horiek, baita habitata berreskuratzera zuzendutako zuzenketa-neurriak ere, habitatak espeziearen gutxieneko eskakizunak betetzen ez dituen kasuetan.
Planaren araudiak honako betebehar hau jasoko du: bai urbanizazio berrien obrak egiteko, bai obra-lizentziak emateko, sustatzaileek nahitaez bete beharko dituzten baldintzak jaso beharko dira, espezie exotiko inbaditzaileen Espainiako katalogoa arautzen duen abuztuaren 2ko 630/2013 Errege Dekretuan jasotako flora-espezie inbaditzaileen foku berrien sorrera gutxiagotzeko.
D.2. Ekologia eta paisaia leheneratzeari buruzko neurriak.
Planaren arautegian, eremua garatzeko baldintzatzaile gisa, honako neurri hauek sartu beharko dira: landaredia babestea, espezie inbaditzaileak desagerraraztea eta kontrolatzea, ingurumena leheneratzea eta paisaia integratzea. Berariaz jaso beharko da Plana garatzeko proiektuak Leheneratze-proiektu bat izango duela eta bertan garatuko direla leheneratze ekologiko eta paisajistikoko planak proposatutako jarduketak, gauzatzeko behar adinako xehetasunez, aurrekontua barne. Egin beharreko jarduketak ezarriko ditu proiektu honek. Besteak beste, honako hauek:
Ingurumena eta Paisaia Leheneratzeko Planak zehaztu egin beharko ditu aurreikusitako landareztatzeak, espezieak, landaketa-esparrua, mantentze-lanak, etab.
Planaren garapenak eragindako eremu guztiak eta espazio libreak sartuko dira, Berano errekaren eta Ego ibaiaren ertzak barne, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko eta eremuko landaredi potentzialaren berezko espezieak erabiltzeko, eta harizti azidofiloaren eta harizti/baso misto atlantikoaren berezko espezieak proposatuz.
Berano erreka leheneratzeko, haltzadi kantauriarraren berezko espezieak lehenetsiko dira. Kontuan izan beharko da bisoi europarraren (Mustela lutreola) Kudeaketa Planak hobetu beharreko tarte deklaratzen dituela errekaren ertzak, eta, beraz, zuhaixka-espezieak sartu beharko dira.
Berdeguneak Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua argitalpenari jarraikiz loreztatuko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egin zuen. Espezie autoktonoak erabiliko dira eta jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak agertzeko arriskua txikiagoa izan dadin. Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia, Cortaderia selloana edo beste batzuk. Leheneratze-lanetan erabiliko den landare-lurrak flora inbaditzailearen propagulurik ez duela bermatuko da.
Leheneratze-proiektuak bermatuko du espazio libreetako landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo direla; horrela, higadura-prozesuak ekidingo dira, bai eta solidoak drainatze-sarera arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa ere.
D.3. Jabari publiko hidraulikoa babesteko neurriak:
Planak zehaztuko du Berano errekarako eta Ego ibairako ezarritako gutxieneko atzeratzea 10m-koa izango dela eraikinerako eta 5m-koa urbanizaziorako. Atzeratze horiek ez dira aplikatuko Berano errekaren gainean proiektatutako urbanizazioan, aldez aurretik urbanizatutako eremua baita.
Egiten diren jarduketek Uraren Euskal Agentziaren obra-baimena beharko dute aldez aurretik.
D.4. Uren kalitatea babesteko neurriak:
Urbanizazio- eta eraikuntza-proiektuek neurriak aurreikusi beharko dituzte lurrazaleko uretara ahalik eta solido gutxien iristeko (adibidez, jalkitze-tangak, sedimentuentzako tranpak edo iragazkiak).
Urbanizazio-proiektuak hondakin- eta euri-urak bereiz biltzeko sare bat diseinatu beharko du.
Euri-urei dagokienez, hiriko drainatze-sistemek jatorrian minimizatu beharko dute hirigintza-garapenaren inpaktua, euri-jariatzeek eragindako karga kutsatzaileari dagokionez, eta jariatze-uren bolumena murriztera bideratutako neurriak hartu beharko dituzte, hala nola gainazal eta akabera iragazkorrak, edo zoladura edo okupazio iragazgaitzaren kopurua behar-beharrezkoa den azaleretara minimizatzea. Horregatik, apirilaren 11ko 849/1986 Errege Dekretuaren 146.ter artikuluaren arabera, plana jabari publiko hidraulikoan garatzeko proiektuek esaterako, urbanizazio berriak, industrialdeak eta, oro har, hirigintza-garapenak drainatze jasangarriko sistemak izan beharko dituzte. Horretarako, gida hau kontuan hartzeko gomendatzen da: Uholde-arriskura egokitzeko gida: Drainatze jasangarriko hiri-sistemak. 2019. MITECO.
5. Saneamenduari eta hornidurari buruzko neurriak:
Urbanizazio-proiektuan, egungo hornidura- eta saneamendu-sareetara konektatzeko puntuen kokapena zehaztu beharko da.
Saneamendua obra-eremu osoan proiektatuko da, bereizita. Hornidura-saretik ez datozen urak, hala nola drainatzeak, ezingo dira lotu ur beltzen saneamendu-sarera.
Egungo sare bateratuak sare bereizi bihurtzea dakarten jarduerak bultzatu beharko dira.
Etorkizuneko urbanizazio-proiektua onartzeko, aldeko txostena eskatuko zaio Gipuzkoako Ur Kontsortzioa Gipuzkoako Urak erakundeari.
6. Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruei buruzko neurriak:
Planak antolatzen duen eremuan lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak jasan dituzten lurzoruen inbentarioan jasotako bi kokaleku daudenez (kodeak: 48034-48060 eta 48034-00062), Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legeak eta berau garatzen duen 209/2019 Dekretuak xedatutakoa beteko da.
Edonola ere, Ermuko Udalari eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak detektatzearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.
7. Kultura-ondareari dagozkion neurriak:
Santiago Eliza eta Erdikokale 5 Etxea, 2. eta 3. zonetan kokatuak hurrenez hurren, Ermuko Hirigune Historikoaren Gune Arkeologikoan daude (EHAA, 194. zk., 94/10/11), Babes Ertaineko Kultura Ondasun izendatua, Monumentu Multzo kategoriarekin. Horregatik, Planak azterketa arkeologiko bat egiteko beharra jaso beharko du, obra-proiektuak izan dezakeen eragina barne, eta bereziki interesgarria izango da eliza harresi zaharraren ekialdeko horma-atalean oinarritzen den edo haren ondoan agertzen den egiaztatzea.
Erdikokale 5eko eraikina eraberritzean, egituraren material generikoa eta elementu bereziak mantentzea gomendatzen da, eta isolamendu termiko eta akustikoko elementu berriak fatxadaren kanpoaldetik ez jartzea.
Elizaren ondoan eraikiko den sakristia berriaren bolumena, materialak eta diseinua haren ondare-balioekin bateragarriak izatea gomendatzen da.
Aurreikusitako antolamenduak ukitutako gainerako lursailei dagokienez, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa gorabehera, lur-mugimenduak egiten direnean aztarna arkeologikoren bat egon daitekeen zantzuren bat aurkitzen bada, lanak eten egingo dira, eta berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailari; hark erabakiko du zer neurri hartu.
8. Eremuko kalitate akustikoa babesteko neurriak:
Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, ezin izango da gauzatu garapen berririk, baldin eta ez badira betetzen kanpoaldeko kalitate akustikoaren helburuak, hargatik eragotzi gabe dekretu horren 43. eta 45. artikuluetan xedatutakoa.
Nolanahi ere, eraikinen barnealdean kalitate akustikoaren helburuak betetzeko neurriak hartu beharko dira, eraikinen erabileren eta motaren arabera. Fatxadaren isolamenduak espezifikoki justifikatu beharko dira eraikuntza-proiektuan.
Beste alde batetik, Plana garatzetik eratortzen diren proiektuen ondoriozko obrek sortutako soinu-mailak, obra horien eragin-eremuan, ezingo ditu gainditu Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsaduraren Dekretuan (urriaren 16ko 213/2012 Dekretua) ezarrita dauden kalitate akustikoaren helburuak.
9. Ingurumena babesteko neurri orokorrak, aurreikusitako jarduketak gauzatu bitartean:
Aurrekoei kalterik egin gabe, Planaren araudiak barnean hartuko du Plana garatzeko proiektuen hirigintza-lizentziak ematean sustatzaileek nahitaez bete beharreko baldintzak sartzeko betebeharra, honako hauei dagokienez:
Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburua. Gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak; makineria; aldi baterako desbideratzeak; isurketak saihesteko prebentzio-neurriak; ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea; herritarren lasaitasunerako kaltegarriak izan daitezkeen jardunak minimizatzea; hondakinak kudeatzea, eta abar.
Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak (barnean direla makinak gordetzeko guneak, obra-txabolak, obrako materialak, landare-lurra eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak) ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.
Hondakinak sortu eta kudeatzea: sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne, Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira.
Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzeari aurrea hartzea sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkeran kudeatu daitezela, hau da: prebentzioa, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.
Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea haien balorizazioa ez dela bideragarria teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.
Olio erabiliak kudeatzeko, Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan xedatutakoa beteko da.
Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemek independenteak izan beharko dute, baldin eta, isuriren bat gertatu eta nahastuz gero, hondakinok arriskutsuagoak edo kudeatzeko zailagoak badira. Hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautzeko eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte, eta itxita egongo dira kudeatzaileari entregatu arte, isurita edo lurrunduta edukirik gal ez dezaten. Edukiontzi edo ontzi horiek argi etiketatu beharko dira, irakurtzeko eta ezin ezabatuzko moduan, eta indarrean dagoen araudiaren arabera.
Eremu jakin bat egokituko da hondakin arriskutsuak bertan behin-behinean pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak, eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Halaber, obran zehar, eta lanek irauten duten bitartean, elementu estankoak jarriko dira (bidoiak eta abar) sortutako hondakinak biltzeko. Hondakin horiek motaren arabera bereizi beharko dira, aipatutako garbigunean aldi baterako biltegiratu baino lehen.
Espresuki debekatuta dago sortutako hondakin-tipologia desberdinak elkarren artean edota beste hondakin edo efluente batzuekin nahastea. Halako hondakinak jatorritik bereiziko dira, eta bilketa- eta biltegiratze-bitarteko egokiak prestatuko dira nahasketa horiek ekiditeko.
Olio erabiliak estalpean utziko dira kudeatzaile baimendu bati entregatu arte, behar bezala etiketatutako depositu estankoetan, zolata iragazgaitz baten gainean, eta kubo txikietan edo isuriei eta ihesei eusteko sistemen barruan.
Aplikatzekoa den araudia betetzen laguntzeko, lanetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da langileek sistema horiek behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez da inola ere kontrolik gabeko efluenterik sortuko erregaiak eta produktuak biltegiratzetik, makineria mantentzeko lanak egitetik edo hondakinak erretzetik.
Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
Aurreikusitako eraispenak egitean, arreta handiz jokatu beharko da, eta amiantoa duen hondakinik antzematen bada, otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak ezartzen dituen eskakizunak bete beharko dira (108/1991 Errege Dekretua, otsailaren 1ekoa, Amiantoak ingurumena ez kutsatzeko eta amiantoaren ondoriozko kutsadura txikitzekoa). Era berean, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko egingo diren manipulazioak amiantoarekin lan egitean segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak ezartzen dituen martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera egingo dira.
Obretan sortutako hondeaketa-soberakinak soberakinen biltegi baimendura eramango dira, eta haien kudeaketa hauen arabera egingo da: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena, eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.
Lurzoruak eta urak babestea: neurri prebentibo eta zuzentzaileak ezarriko dira obra-faserako, istripuzko isurketen eragina saihesteko, batez ere makineria mantentzeko lanetan (material xurgatzaileak erabiltzean, isurketak ukitutako lurrak kendu eta kudeatzean, etab.). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.
Airearen kalitatea babestea: garbi mantendu beharko dira kamioiek obrara sartzeko edo obratik irteteko erabiltzen dituzten bideak; horretarako, presioko ura edo erratz-makina mekanikoak erabiliko dira.
Hondeaketatik ateratako materiala hezetasun-baldintza egokienetan garraiatuko da, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lokatzak eta partikulak barreia ez daitezen.
Kalitate akustikoaren babesa obretan: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarrita dagoenera.
Obrek iraun bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makinen mantentze-lan orokorretan eta zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan ere.
Eguneko lan-ordutegian egingo dira lanak.
Obrek sei hilabete baino gehiago irauten badute, inpaktu akustikoaren azterketa bat egin beharko da, dagozkion neurri zuzentzaileak zehazteko, EAEko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluaren arabera. Inpaktu akustikoaren azterketan analizatu beharko da zer onura akustiko lortzea espero den neurri zuzentzaileak aplikatuz, eremu akustikoetan edo eraikin sentikorretan zarata-maila murrizteari dagokionez, eta ukitutako udalerriari jakinarazi beharko zaio haren edukia.
10. Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriaren aldeko neurriak:
Planaren eremuan eraikingintza eta eraikuntza jasangarrienerako behar diren ezaugarriei dagokienez, EAEko etxebizitzen eraikingintza jasangarriaren giden gomendioak hartu beharko dira kontuan, eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko.
Era berean, eta aipatutako eremuaren urbanizazioari dagokionez, kontuan hartu beharko dira Urbanizazio-proiektuen garapen jasangarrirako gida-ren gomendioak. Gidaliburu horren helburua da proiektu horien diseinuaren, egikaritzearen, mantentzearen eta bizitza-amaieraren jasangarritasun-maila balioestea.
Neurri horiek alderdi hauetan behintzat eragin beharko dute:
Materialak. Lehengai ez-berriztagarrien kontsumoa murriztea.
Energia. Energia-kontsumoa eta energia-iturri ez-berriztagarrien bidezko sorkuntza murriztea.
Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.
Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
Uraren zikloa. Uraren kudeaketa eta kalitatea hobetzea.
Atmosfera. Gas-, hauts-, zarata-, bero- eta argi-emisioak murriztea.
Eraikinen barne-kalitatea. Barne-airearen kalitatea, konforta eta osasuna hobetzea.
Hondakinak. Hondakin solido gutxiago sortzea.
Lurzoruaren erabilera. Lurzoruaren okupazioa murriztea.
Mugikortasuna eta garraioa. Garraio-prozesuak gutxitzea eta pertsonen mugikortasuna hobetzea.
Ekosistemak eta biodibertsitatea. Naturaguneen funtzioak hobetzea eta biodibertsitatea handitzea eta kontserbatzea.
Paisaia. Sektorea eta haren instalazioak paisaian integratzea.
Arriskuak eta segurtasuna. Arrisku naturalak edo antropikoak minimizatzea.
Klima-aldaketa. Klima-aldaketaren ondorioetara egokitzea.
11. Klima-aldaketa apaltzeari eta klima-aldaketara egokitzeari buruzko neurriak:
Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren maiatzaren 20ko 7/2021 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, Plana gauzatzeko proiektuak diseinatuko dira kontuan hartuta klima-aldaketaren aurrean pixkanaka eta erresilientziaz egokitzeko beharrezkoak diren neurriak.
Ingurumen-jarraipeneko plana.
Planaren ingurumen-jarraipenak ingurumen-azterketa estrategikoan ezarrita dagoenari jarraituko dio, zeinak Ingurumena Zaintzeko Programa bat jasotzen baitu. Programa horren xedea da behar diren zaintza- eta kontrol-sistemak ezartzea, egiaztatu ahal izateko planeko aurreikuspenak betetzen direla, eta, horien barruan, planteatutako jarduketen ingurumen-exijentziak mantentzen direla.
Aurreikusitako urbanizazio-proiektuak zehaztu egin beharko ditu obrak egin bitartean egin beharreko kontrolak, batez ere ibai-uren kalitatearekin, inpaktu akustikoarekin eta lur-mugimenduekin lotutakoak bereziki, ukitu egiten dituelako lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioko 48034-00061, 48034-00060 eta 48034-00062 kodeetako lurzatiekin. Halaber, hala badagokio, kontserbatu beharreko ondare-intereseko elementuei buruzko kontrolak zehaztuko ditu. Era berean, ingurumen-jarraipenean, Ego eta Berano erreken leheneratzearen arrakasta kontrolatuko da.
Planaren ondoriozko proiektuen ingurumen-ebaluaziorako gidalerro orokorrak.
Planetik eratorritako proiektuen ingurumen-ebaluazioan, aintzat hartuko dira lurraldearen baldintzatzaileak eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariak 2020ko urtarrilaren 14an emandako Ebazpenaren bidez eginiko irismen-dokumentuan adierazten diren ingurumen-irizpideak.
Arreta berezia jarriko da hauetan, besteak beste: lurzoru-kontsumoa minimizatzea; hondakinak egoki kudeatzea; jabari publiko hidraulikoa babestea; eremuaren kalitate akustikoa; ingurumen-baliabideen erabilera jasangarria; habitatak eta espezieak zaintzea eta hobetzea; lurraldean egiten diren esku-hartzeetan paisaia modu egokian integratzea; arrisku naturalak minimizatzea, eta lehentasuna ematea kalteen prebentzioari, ez konpentsazioari.
Bigarrena. Bi urteko gehieneko epea ezartzea Ermuko (Bizkaia) AOD-01 Okin Zuriren Hiri Antolamenduko Plan Berezia onesteko, ingurumen-adierazpen estrategiko hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igarotzen bada plana onetsi gabe, ingurumen-adierazpen estrategiko honen indarraldia amaitu egingo da, eta hortik aurrera ez du ondoriorik izango. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren izapidea, non eta ez den erabakitzen ingurumen-adierazpen estrategikoaren indarraldia luzatzea. Hori guztia, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 27. artikuluarekin bat etorriz.
Hirugarrena. Ebazpen honen edukia Ermuko Udalari jakinaraztea.
Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko azaroaren 6a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.