Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2025eko azaroaren 3koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, BI-4105 errepidean (Meñaka udalerrian) bizikleta-espaloi bat eraikitzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egiten duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 233
- Hurrenkera-zk.: 5148
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2025/11/03
- Argitaratze-data: 2025/12/02
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza; Garraio eta herri lanak
- Azpigaia: EAEko udalak; Ingurumena
Testu legala
2025eko irailaren 8an, Meñakako Udalak eskabide bat aurkeztu zuen Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua abiarazteko, BI-4105 errepidean (Meñaka udalerrian) bizikleta-espaloi bat eraikitzeko proiektuari lotuta (aurrerantzean, proiektua). Eskaera Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoaren arabera egin da, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluak eta hurrengoek arautzen duten proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren esparruan.
Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua aplikatuta, 2025eko irailaren 9an Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea hasi zuen pertsona interesdunentzat eta ukitutako administrazio publikoentzat. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait organismoren txostenak jaso dira, eta haien emaitza espedientean bildu da. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion izapidea hasi zela.
Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.
Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak badauzkala ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egiteko behar diren judizio-elementu guztiak, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan xedatutakoaren arabera, dagokion ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta horien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 76. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren azterketa sinplifikatua egin behar zaio, lege horren II.E. eranskineko E9 taldeko n) epigrafean deskribatutakoarekin pareka daitekeelako: Bizikletentzako eta oinezkoentzako bide berriak, 2 km-ko edo gehiagoko luzera jarraitua edo etena dutenak, urbanizatu gabeko eremuetatik igarotzen badira.
Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta ikusirik proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarrean dagoen araudian xedatutako alderdietara egokitzen dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren txosten hau ematen du (organo hori da eskuduna Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera). Bertan aztertzen da ea aipatutako proiektuak ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzakeen eta, horren ondorioz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren azterketa arruntaren prozedura egin behar zaion; halakorik egin behar ez bada, proiektua garatzean ingurumena egokiro babesteko bete beharreko baldintzak ezartzen dira txostenean.
Kontuan hartu dira: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau
Lehenengoa. Ingurumen-inpaktuaren txostena egitea, BI-4105 errepidean (Meñakako udalerrian) bizikleta-espaloi bat eraikitzeko Meñakako Udalak sustatutako proiektuari lotuta, baldintza hauetan:
Proiektuaren xedea da bizikletaz eta oinez ibiltzeko ibilbide bat eraikitzea Meñakako udal-mugen artean, Ametzaga (20+100 KP) eta Meñakabarrena (22+170 KP) auzoak lotzeko.
Ebazpen honen bidez, BI-4105 errepidean (Meñakako udalerrian) bizikleta-espaloi bat eraikitzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egiten da, eta, bertan, proiektuaren ingurumen-dokumentuaren edukia aztertzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz:
Proiektuaren ezaugarriak.
Trazadurak 2.820 metroko luzera du guztira, eta BI-4105 errepidearekiko paraleloan doa, orografiara egokituta. Jarduketa-eremua Ametzaga auzotik (20+100 PK) Meñakabarrenera (22+170 PK) doa, eta bi muturretan luzatzen da, Mungiako Larrauri eta Atela entitateen mugetaraino.
Proiektuaren jarduketarako, bizikleta-espaloi partekatua da proposatzen den tipologia; bizikleta-bidearen erabilera bat dator espaloiarekin, eta bi noranzko ditu, ibilgailuen trafikotik alboko elementuen bidez bereizita. Zabalera generikoak 2,5 metroko zirkulazio-eremu bat du bizikleta-espaloirako, eta 0,5 metroko berma bereizle bat galtzadaren eta oinezkoentzako/bizikletentzako plataformaren artean. Kanpoalderantz 0,50 metroko beste berma bat dago seinaleztapen, drainatze, argiztapen eta abarretarako. BI-4105 errepideko galtzadak 3,0-3,2 metroko bi errei eta 0,3-0,5 metroko bazterbideak ditu.
Teknikoki eta ekonomikoki konponbide bideragarri bat bilatzeko, ahal den neurrian BI-4105 errepideko bide-plataforma aprobetxatzea izan da irizpidea; horrela, murriztu egin dira jarduketaren kostuak eta lur-mugimenduak, bai eta desjabetzeen eta okupazioek hirugarrenentzat dituzten eraginen kostuak ere.
Proiektuaren memorian, proiektuaren deskribapena esparru txikitan banatu da:
Meñaka Iparraldea eremua: 530 metroko tartea da (1+00 PKtik 1+530 PKra), udalerriaren mugaren eta Meñakako zeharbidearen artean. Plataformaren ezkerraldean (Belakorako noranzkoan) ezponda lur-erauztea aurreikusten da, plataforma handitzeko eta bizikleten eta oinezkoen banda gehitzeko. Oinezkoentzako pasabide bat gaitu da, Ametzaga auzotik bidezidorrera errazago iristeko.
Meñakako zeharbidea eremua: Meñakako zeharbidea 260 metrokoa da (1+530 km-tik 1+775 km-ra), itxituretatik eta etxebizitzetatik hurbil, eta horrek baldintzatu egiten du hartu beharreko konponbidea. Hainbat irtenbide planteatzen dira, proposatutako ibilbideari jarraitutasuna emateaz gain, tartean dauden ekipamenduak (aparkalekuak, espaloiak...) integratzeko, zeharkako konektagarritasuna hobetzeko eta ibilgailuen igarotze-abiadura modu eraginkorrean moteltzeko.
Meñaka Hegoaldea eremua: Proposatutako ibilbideak lur-erauzketa bat izango du ezkerraldean ere, 700 metroan zehar (1+775etik 2+510era), Ugarte auzoraino. Auzo horretatik igarotzean, ibaiertza aldatzea eta bi zebra-bide sortzea planteatzen da, ibilbiderako irisgarritasuna bermatzeko.
Meñakabarrena Iparraldea eremua: Ibilbideak 600 metro inguruan jarraituko du (2+510 KPtik 3+125 KPra). Tarte hori eskuinaldetik doa, gehiegizko lur-erauzketak saihesteko eta bizikleta-espaloia jendea bizi den lurzati gehien dituen ertzetik eramateko.
Meñakabarrena eremua: Ibilbideak bihurgunearen barrualdetik jarraitzen du (3+125 KPtik 3+260 KPra), eta, gainera, bi muturretan zebra-bideak jartzea aurreikusten da, bai eta perimetroko espaloiak elkargunera egokitzea ere (1. eta 2. espaloiak, Meñakabarrena).
Meñakabarrena Hegoaldea eremua: Ibilbideak 700 metroan jarraitzen du (3+125 KPtik 3+921,90 KPra) Mungiako udalerri-mugaraino. Tarteko eremuan ertza aldatuko da, lehendik dagoen zabalgune bat aprobetxatzeko, eta eskuineko ertzera itzuliko dira azken zatian. Ertz-aldaketa bakoitzean zebra-bide bat dago.
Jarduketan, egiturei dagokienez, zeharkako drainatze-obra bat handituko da (aurrerantzean, ZDO) (ZDO 1+770) Bela errekaren pasabidean, hormigoi armatuzko kaxa batekin, eta hormigoi armatuzko hiru euste-horma eraikiko dira.
Zeharkako drainatze-obrek (ZDO) egungo geometria handitu dute; ZDO 3, 4, 8, 9, 10, 11 (pita bakarrik), 14, 15 eta 16. Horretarako, bioingeniaritzako teknikak aplikatzen dira ZDOen irteeran; xede horrekin, hegalak eraikiko dira, Krainer hormez eta aldaxkazko pantaila-hormez osatuak. Irteera-guneetan, ahal izan denetan, harrizko enkatxoaren azalera handitu da.
Bide-zoruei eta zoladurei dagokienez, Bizkaiko Foru Bizikleta Bideei buruzko ekainaren 27ko 10/2014 Foru Araua betetze aldera, bide-zoruaren diseinua egiteko erreferentziatzat hartu dira Euskal Autonomia Erkidegoko Errepideen Plan Orokorraren Batzordeak idatzitako 2015eko iraileko «Bizikleta-bideen zoruak diseinatzeko gomendioak».
Lanak egiteko, 9 hilabeteko epea aurreikusten da.
Ingurumen-dokumentuak 0 alternatibaren azterketa edo «proiektua ez gauzatzea» jasotzen du, bai eta trazadura-alternatiba batzuk ere azken soluziorako aldaerak planteatu diren eremuetan, nahiz eta guztiak BI-4105 errepidearekiko paraleloak izan.
0 alternatiba baztertu egin da, udalerrian luzetarako konektagarritasuna beharrezkoa delako. Hautatutako alternatiba jabari publikoko bandari lotutako lursailen okupaziora egokitu da, eta horrek ibilbide berria ezartzea errazten du, desjabetze-izapideak murriztuz eta ingurunean eraginak minimizatuz.
Proiektuaren kokapena.
Bizikleta-espaloia BI-4105 errepidearekiko paraleloan proiektatu da, 20+100 eta 22+170 kilometro-puntuen artean, 2 km pasatxoko luzerarekin, Ametza auzotik Meñakabarrena auzora, Meñakako udal-mugartearen barruan, Mungialdeko eremu funtzionalean (Bizkaiko iparraldea).
Proiektua Butroeko Unitate Hidrologikoan (UH) dago, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren barruan. GeoEuskadiren bisorean eskuragarri dagoen gainazaleko uren hidrografiaren arabera, ikusten da trazadurak gainditzen dituela Giltzeta jariatzea, Bela erreka eta Ugarte erreka, topografian ikusitako beste bi jariatze-urez gain. Ibilgu horiek «Butroe-A» ur-masara isurtzen dira (kodea: ES111R048010). Uraren kalitateari dagokionez, 2024. urtean ur-masaren egoera ekologikoa «neurrizkoa» zen, egoera kimikoa «ona» eta egoera globala «ona baino okerragoa». 2020-2024 aldian, egoera globala ona baino okerragoa zen. Plan Hidrologikoko Zona Babestuen Erregistroari dagokionez, eremua Butroe estuarioko mantenugaien ekarpenarekiko sentikorra den zonako hartze-eremuan dago. Bestalde, bisoi europarra kudeatzeko planaren arabera, Giltzeta, Bela eta Elortza errekak eta horien ibaiadar batzuk interes bereziko eremutzat jotzen dira Arriskuan dauden Espezieen Euskal Katalogoan galzorian dauden espezietzat jotako espezie horrentzat (118/2006 Foru Dekretua, ekainaren 19koa, Mustela lutreola (Linnaeus, 1761) bisoi europarraren Kudeaketa Plana onartzen duena Bizkaiko Lurralde Historikoan, galtzeko arriskuan dagoen eta babesteko neurri espezifikoak behar dituen espezie gisa).
Hidrogeologiari dagokionez, proiektua Ipar Antiklinorioko lurpeko ur-masaren gainean dago (ES017MSBT017-009), zeinak 2024. urtean egoera global «ona» baitu, eta bat dator Jata-Sollube eta Jata-Meñaka sektore kuaternarioarekin.
Eremuaren litologia buztin nahasiez, ofitez, hareharriez, lutitez, betegarri antropogenikoez eta alubioi-metakinez osatzen da, eta iragazkortasun handia du alubioi-biltegian. Proiektuaren xede den eremuan ez dago EAEko Geologia Intereseko Lekuen Inbentarioan sartutako interes geologikoko lekurik.
Okupatutako lurzoru ia guztiak EAEko Nekazaritza eta Basogintzaren «Nekazaritza eta abeltzaintza: balio estrategiko handia» eta «Nekazaritza eta abeltzaintza: trantsizioko landa-paisaia» kategorietan daude sailkatuta LPSan. Gainera, «Baso» gisa sailkatutako eremuren batean eragiten du proiektuak. Aipatutako LPSaren erabilera-matrizearen arabera, proiektuan aurreikusitako erabilerak onargarritzat jotzen dira (2a), baina nekazaritza eta basogintzako jardueraren gaineko eraginaren azterketa bat egin behar zaie. Ildo horretan, kontuan hartu behar da Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritzako Zuzendaritza Nagusiak, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 76. artikuluaren arabera egindako kontsulta-izapidearen esparruan, JIHPa egin duela, eta horren emaitza II. motako esku-hartzea izan dela, eragin bateragarriarekin, baina neurri gehigarriak hartu behar direla kontuan.
Landarediaren ikuspegitik, eta EUNIS habitaten kartografiaren arabera (geoEuskadi), eremuan, larratu gabeko sega-belardi atlantikoak, dentsitate handiko herri eta hirietako eraikuntzak, dentsitate txikiko eraikuntzak, baratzeak eta fruta-arbolak daude, baita Pinus radiata eta Eucalyptus sp. landaketak eta beste fruta-arbola batzuk ere. Proiektuaren eremuko belardi gehienak Batasunaren intereseko habitatekoak dira (BIH): 6510 Altitude txikiko sega-belardi pobreak (Alopecurus pratensis, Sanguisorba officinalis). GeoEuskadiren arabera, proiektuaren eragin-eremuan ez dago mehatxatutako flora-espezierik. Ingurumen-dokumentuak adierazten du eremuan landare-espezie aloktonoak finkatu direla, hala nola panpa-lezka (Cortaderia selloana), tximeleta-zuhaixka (Buddleja davidii), kanabera arrunta (Arundo donax) edota banbua (Phyllostachys sp.).
Proiektuaren ezarpen-eremua bat dator, esan bezala, bisoi europarraren interes bereziko eremuekin, baina ez dago EAEko Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoak kudeatzeko planaren eremuetan, ezta 2016ko maiatzaren 6ko Aginduan jasotako eremuetan ere. Agindu horren, arriskupean dauden hegazti-espezieen ugalketa, elikadura, sakabanatze eta kontzentrazioko lehentasunezko eremuak mugatzen dira, eta abifaunaren babes-eremuak argitaratzen (2016-05-23ko EHAA).
Ingurumen-dokumentuaren arabera, proiektuaren ingurunean dagoen faunaren artean, UTM 10x10 laukian, honako hauek nabarmentzen dira, duten mehatxu-mailagatik: apoarmatu korrontezalea (Mauremys leprosa), baso-igel iberiarra, mozolo europarra (Athene noctua), urre-belarritsua (Plecotus auritus), ferra-saguzar handia (Rhinolophus ferrumequinum) eta Potomida littoralis; horiek guztiak egoera «kalteberan» daude, eta usapal europarra (Streptopelia turtur) miru gorria (Milvus milvus) eta bisoi europarra (Mustela lutreola) «galtzeko arriskuan» daude.
Eremua ez dator bat ez Natura 2000 Sareko natura-ondarearen eremu babestuekin, ez naturagune babestuekin, ez eta nazioarteko tresnak aplikatuz babestutako guneekin ere. Era berean, ez dago Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetako azpiegitura berdean sartutako natura-guneen katalogoetako beste espaziorik, ez bilbe berdeko edo urdineko elementurik, ez korridore ekologikorik, ez eta onura publikoko mendirik ere.
Paisaiari dagokionez, EAEko Paisaia Berezi eta Bikainen Katalogoaren aurreproiektuaren arabera, azterketa-eremua bat dator ibai-eremuan belardiak eta labore atlantikoak nagusi diren nekazaritza-paisaiako unitateekin eta ibai-eremuko nekazaritzako eta basogintzako mosaikoarekin. Planaren eremua ez dago paisaia berezi eta bikainen artean, eta Meñakako eta Mungiako ikuspen-arroetan kokatuta dago. Biek dute ingurune arrunta eta balio oso txikia.
Planaren xede den eremuak ez du eraginik kultura-ondarean. Hala ere, Meñakabarreneko Santa Maria ermitatik hurbil dago (Meñakako 6. balizko arkeologia-gunea. EHAA, 107. zk., 97-06-06koa); zehazki, Meñakako Andra Mari elizatik 12 metrora (Meñakako 4. balizko arkeologia-gunea. EHAA, 107. zk., (97-06-06koa), proiektuaren mendebaldetik 25 m-ra.
Proiektua bat dator Bizkaiko Bizikleta Bideen Lurralde Plan Sektorialean jasotako bizikleta bidezko mugikortasunaren estrategiarekin (10/2014 Foru Araua, ekainaren 27koa, Bizkaiko foru bizikleta bideei buruzkoa) eta Bizikleta Bideen Gida-eskuliburuarekin.
Ingurumen-arriskuei dagokienez, lurzoruen higadura hidrikoaren mailari buruz geoEuskadin eskuragarri dagoen kartografiaren arabera, eremuak higadura-arrisku potentzial handia du, eta, bestalde, interes hidrogeologikoko gune baten gainean dago. GeoEuskadiren uholde-arriskuaren kartografiaren arabera, eremuak ez du uholde-arriskurik, ezta akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasun handiko zonarik ere. Ez da aurkitu baso-suteei lotutako arrisku handirik, ez dator bat kutsagarriak izan daitezkeen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako lurzoruekin, ez dago Seveso enpresek eragindako arrisku kimikorik inguruan, eta ez da arrisku sismiko handiko zona.
Salgai arriskutsuak garraiatzeagatiko arriskuari dagokionez, hurbileko BI-631 errepidearen kokapenari esker, errepide bidezko garraioa arrisku txikikoa da Meñaka Iparraldetik igarotzean, eta 600 metroko distantzia-bandaren eraginpean dago. Hala ere, salgai arriskutsuen garraioak ez du trenbiderako arriskurik eragiten.
Meñaka udalerriko klima-aldaketari dagokionez, hiri-ingurunean arrisku eta kalteberatasun txikia dago ibai-uholdeei dagokienez. Hala ere, lehorte handieneko aldiak ugaritu egin dira, eta eragina dute jarduera ekonomikoan (nekazaritza eta abeltzaintza); bero-boladek giza osasunean eragiteko arriskua oso handia da (kalteberatasun-indizeak eta udalerriko arriskua klima-aldaketaren aurrean. Ihobe 2017).
Balizko inpaktuaren ezaugarriak.
Proiektatutako jarduketen eta proiektuaren eragin-eremuaren ezaugarriak ikusita, proiektuaren ondoriozko jarduketen inpaktuak, obra-fasean, honako hauetatik eratorritakoak izango dira: landaredia garbitzea, lur-mugimenduak, makinen joan-etorriak eta drainatze-obren eta hormen eraikuntza. Jarduketa horiek eragina izango dute ibai-morfologian, landaredi-azaleren galeran, Batasunaren intereseko habitatetan, faunaren iragazkortasunean eta paisaia-kalitatearen murrizketan. Horri gehitu behar zaizkio lurzoruaren, azaleko uren eta lurpeko uren (akuiferoen kalteberatasun oso handia) kalitatean eragiteko arriskua erabilitako makineriatik sortutako ustekabeko isuriengatik, edo, lur-mugimenduak egitean, solido esekiengatik, baliabideen kontsumoa, atmosferaren kalitatean izango den eragina (obretan, hautsa eta beste kutsatzaile batzuk isurtzea) eta sortuko den zarata. Horrez gain, lurrak iraultzeak erraztu egingo du, fase horretan, landare-espezie inbaditzaileak sartzea edo barreiatzea; beraz, horrelako espezieak ugaritzeko arrisku-faktorea izango da.
Eremuko ibilguak ez dira bideratuko; hala ere, Bela errekan lehendik dagoen ZDOa handituko da (8. ZDOa, 1+170 kp), eta Ugarte errekan ahokadura berri bat planteatuko da (11. ZDOa). Horrek eragina izango du errekaren jabari publiko hidraulikoan, eta eragozpenak eragingo dizkio faunari obrak dirauen bitartean. Bioingeniaritzako teknikak aplikatuko dira zaharberritzeko. Bela errekan pasabide lehor bat jarriko da ZDOa ugaztun erdi-urtarren (bisoi europarra, adibidez) igarobidera egokitzeko.
Proiektuak zuzenean eragiten dio 6510 BIHari. Ingurumen-dokumentuaren arabera, eragindako azalera 18.000 m2 ingurukoa izango da, nahiz eta BIH horretan kartografiatutako azaleran zuhaitz- edo zuhaixka-eremuak eta etxebizitzetara sartzeko bideak dauden.
Lur-mugimenduei dagokienez, 13.506,24 m3-ko guztizko indusketa kalkulatu da; horietatik 9.570,14 m3 landare-lurrari dagozkio, eta gainerakoa ezpondei. Induskatutako lurren % 19 berrerabiliko da (ezpondak eta landare-lurra).
Ustiapen-fasean, ingurumen-dokumentuak hainbat alderdi positibo aipatzen ditu: airearen kalitatea hobetzearekin lotutako inpaktuak, mugikortasun jasangarria sortzen duelako, bai bizikletena bai oinezkoena, ibilgailu motordunen ordez; trafiko motordunaren zarata murriztea; ibilgailu motordunen kutsadura ez gehitzea; faunak zeharkako drainatze-obretako hobekuntzak erabiltzea, eta paseo-eremuek eta bizikletaz mugitzeak ematen duten bizi-kalitatea.
Eremuaren eta egin nahi den jardueraren ezaugarriak aztertuta, eta aintzat hartuta bai sustatzaileak proposatutako babes- eta zuzenketa-neurriak, bai ingurumen-inpaktuaren txosten honetan bertan agindutakoak, ez da aurreikusi proiektuak eragin negatibo nabarmenik izango duenik ingurunearen alderdi horietan.
Bigarrena. Ebazpen honetan, jarraian aipatzen diren neurri babesle eta zuzentzaileak ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenak izan ez ditzan eta BI-4105 errepidean (Meñaka udalerrian) bizikleta-espaloia eraikitzeko proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar ez izateko, betiere ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.
Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ondorengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza honetan aurkeztutako dokumentazioan ezarritakoaren arabera.
Bestalde, neurriak eta kontrolerako langileen kopurua behar adinakoak izango dira ingurumen-dokumentuan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-inpaktuaren txosten honetan ezarritakoak bermatzeko.
Neurri horiek guztiak obrak kontratatzeko baldintza-agirietan txertatu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide egokiak aplikatuko dira obretan.
Apartatu hauetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira.
Natura-ondarea babesteko neurriak.
Bizkaiko Lurralde Historikoan Mustela lutreola bisoi europarra kudeatzeko plana onartzen duen ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretuarekin bat, interes bereziko eremuetan espezie horrek ugaltzeko erabiltzen duen habitataren ezaugarriak aldatzea dakarren edozein jarduketa egiteko, Bizkaiko Foru Aldundiko organo eskudunaren aurretiazko baimena beharko da. Gainera, organo horrek mugak ezarri ahal izango dizkie, bai lanak gauzatzeko moduari, bai lanak egiteko uneari. Eragindako ibilguetan ez da jarduerarik egingo bisoi europarra ugaltzeko aldi kritikotik kanpo (martxoaren 15etik uztailaren 31ra).
Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Landaredi autoktonoa kentzea edo moztea saihestuko da zuzeneko okupazioa aurreikusi ez den eremuetan. Horretarako, obrak hasi aurretik, obren aldi baterako okupazio-eremua zuinkatu eta balizatuko da, eta ezingo da obrarekin lotutako jarduerarik egin hortik kanpo.
Proiektuak zehatz-mehatz definitu beharko du 1+770 ZDOa (Bela erreka) nola egokitu behar den fauna igarotzeko, eta horri buruzko xehetasunak jasoko dira planoetan, pleguan eta aurrekontuan. Hura diseinatzeko, «Fauna-pasabideak eta perimetro-hesiak diseinatzeko preskripzio teknikoak» gida hartuko da kontuan (Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioa. 2015. Fauna-pasabideak eta perimetro-hesiak diseinatzeko preskripzio teknikoak (bigarren edizioa, berrikusia eta zabaldua). Garraio-azpiegiturek eragindako habitat-zatikatzea murrizteko dokumentuak, 1. zenbakia. Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioa. 139 or. Madril), zehazki, ugaztun txikiak igarotzeko egokitutako drainatzeetarako jarraibideek gomendatzen dute alboko aulkietarako gutxieneko zabalera 0,5 m-koa izatea eta altuera ohiko uholde-xaflaren arabera zehaztea; alboko nasetara sartzeko arrapalek, ahal dela, 30.º-ko malda izan behar dute, eta gomendatutako gehieneko malda 45.º-koa izango da. ZDOaren bi aldeetako alboko aulkietarako sarbideen ingurunea haltzadi kantauriarreko berezko espezieekin landareztatu beharko da, eta zuhaixka-proportzio handia izan beharko du.
Obrarako sarbideen irekiera eta kontratistaren instalazio-eremuak makineria-parkea, obra-etxolak, obrako materialak aldi baterako biltegiratzeko eremua eta landare-lurra eta hondakinak aldi baterako metatzeko guneak barne ingurumenean ahalik eta eragin txikiena izateko irizpideen arabera proiektatuko dira. Bereziki saihestuko dira zuhaiztiei, BIHei, nekazaritza-balio handiko lurzoruei eta ibilguei zuzenean edo zeharka eragin diezaieketen kokalekuak.
Proiektuaren eraginpeko eremu guztiak ingurumen-dokumentuan jasotako proposamenaren arabera lehengoratuko dira.
Ura babesteko neurriak.
Jabari publiko hidraulikoan eta horiekin lotutako babes-eremuetan egiten den jarduera orok Uraren Euskal Agentziaren aldez aurreko baimena beharko du, zeinak, hala badagokio, dagozkion baldintzak ezarriko baititu.
Irizpide orokor gisa, ibilguaren 5 metroko zortasun-zerrendak egoera naturalean eta libre utziko dira, eta balizatuko egingo dira, eremu horretan ibilgailurik ez sartzeko, materialik eta betegarririk ez pilatzeko, eta etxola, ontzi, itxitura, kutxatila eta bestelakorik ez jartzeko (behin-behinekoak zein behin betikoak).
Makinak ezingo dira ibilguan ibili, salbu eta ibilgura iristeko eta ZDOa gauzatzeko behar-beharrezkoak diren puntuetan. Puntu horiek behar bezala seinaleztatu eta balizatu beharko dira, ibaiertzen eta erriberako landarediaren behar baino eragin handiagorik egon ez dadin. Proiektua gauzatzeko beharrezkoak diren lur-mugimenduak egitean ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da eta ahalik eta material xehe eta substantzia kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze-sarera. Beharrezkoak diren prebentzio-neurriak hartu beharko dira obretatik datozen solido esekiak dituzten jariatze-urak lehen aipatutako erreken ibilgura irits ez daitezen. Horretarako, horiek kontrolatzeko eta prebenitzeko beharrezkoak diren neurriak ezarriko dira, bereziki bizikleta-espaloiak Giltzeta, Bela, Ugarte eta izenik gabeko beste erreka batzuk zeharkatzen dituen tarteetan: ingurumen-dokumentuan aurreikusitako jalkinei eusteko gailuak, dekantazio-putzuak, luzetarako iragazketa- eta jalkitze-hesiak, etab. Nolanahi ere, gailu horiek lur-mugimenduak hasi aurretik gaitu beharko dira.
Ez dira inola ere garbituko hormigoi-makinen upelak obra-eremuan. Hormigoi-makinetako kanaletak garbitzean sortutako urak geotestilez estalitako edukiontzietara edo putzuetara isuriko dira, isuri aurretik dekantatzeko eta pH-a kontrolatzeko.
Gune osagarriak gainazal iragazgaiztuen gainean instalatuko dira, eta drainadura perimetrala izango dute, bertatik zirkulatzen duten jariatze-urak isuri aurretik tratatu ahal izateko.
Urak tratatzeko sistema guztiak ondo instalatzen eta mantentzen direla kontrolatu beharko da, eraginkortasunez funtzionatzen dutela bermatzeko. Horretarako, laginketak egingo dira dekantazio-sistemen isurketa-uretan eta obrek eragindako lurrazaleko ibilguetan. Gutxienez, honako parametro hauek aztertuko dira: pHa, solido esekiak, eta olioak eta koipeak.
Ibilguen barruan erabiltzen diren makinek eta elementu osagarriek (langileen jantzi eta oinetakoak barne), espezie inbaditzaileen sakabanaketaren aurkako prebentzio-neurriak bete beharko dituzte. Espezie inbaditzaileen landare-hondakinik ez dagoela bermatuko duen azterketa bisuala egingo da, eta URA-Uraren Euskal Agentziak zebra-muskuiluari buruz (Dreissena polymorpha) ezarritako desinfekzio-protokoloei jarraituko zaie.
Lurzoruak babesteko neurriak.
Obren faserako prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira ustekabeko isurketek lurzoruetan izan dezaketen eragina saihesteko, batez ere makinak hornitzen eta mantentzen direnean (hidrokarburoetarako material xurgatzaile espezifikoa erabiltzea, isurketak eragindako lurrak kendu eta kudeatzea, etab.). Eragiketa horiek plataforma iragazgaiztu baten gainean egin beharko dira. Lurzoruetan ustekabeko isurketarik gertatuz gero, isuritakoa material xurgatzailearekin bilduko da, eta eragindako lurrak eta material xurgatzailea berehala bildu eta hondakin arriskutsu gisa biltegiratu eta kudeatuko dira.
Espezie exotiko inbaditzaileak ez hedatzeko neurriak.
Proiektuak flora aloktono inbaditzailea desagerrarazteko eta kontrolatzeko programa bat jaso beharko du. Programa horrek, alde batetik, eremuan dauden taxonen diagnostikoa eta inbentarioa jasoko ditu, haiek desagerrarazteko jarraibideekin batera, eta, bestetik, obra gauzatzean eta ustiapen-fasean aplikatuko diren babes- eta zaintza-neurriak zehaztuko ditu, ale berriak goiz detektatuko direla eta bide berriaren ertzak landare-espezie inbaditzailerik gabe mantenduko direla bermatzeko.
Obrak hasi aurretik, jarduketa-eremuan dauden espezie aloktono inbaditzaileen aleak kenduko dira.
Obran erabiltzen diren makina guztiek garbi egon beharko dute, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, halakoetan proiektuaren eragin-eremuan koka litezkeen espezie inbaditzaileen propaguluak edo haziak egon baitaitezke.
Obrak ukitzen dituen eremu guztietan egingo dira obraren paisaia-integraziorako lanak; aurkeztutako lehengoratze-proiektuan agertu ez arren, obrak bukatutakoan kalteak izan dituztenetan ere egin behar dira lan horiek.
Lur-mugimenduek irauten duten artean, landare-lurrari dagozkion horizonteak modu selektiboan kenduko dira, eta landare-lurra bereizita metatu eta zabalduko da, eragina pairatu duten eremuen lehengoratzea eta landareztatzea errazte aldera. Lehengoratzean, ez dira erabiliko flora inbaditzaileko espezieekin [hala nola budleia (Buddleja davidii), panpa-lezka (Cortaderia selloana), sasiakazia (Robinia pseudoacacia)] kutsatuta egon litezkeen lurrak, jatorria obran bertan edo kanpoan izan.
Obra kontratatzeko baldintzen agirian eta aurrekontuetan, proposatutako landareztatze-jarduketak behar bezala beteko direla bermatzeko behar diren baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak jasoko dira.
Zarataren ondorioak gutxitzeko neurriak.
Lanek dirauten artean, beharrezkotzat jotzen diren jarraibide egokiak aplikatuko dira, ordutegien mugaketari, zamalanei, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.
Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.
Bestalde, proiektua garatzean, obraren eragin-eremuan sorrarazitako zaratek ez dituzte gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritakoak, hargatik eragotzi gabe dekretu horretako 35.bis artikuluan aurreikusitakoa. Alde horretatik, sei hilabete baino gehiago irautekoak diren lanetan, inpaktu akustikoari buruzko ikerketa bat egin beharko da, zer zuzenketa-neurri behar diren zehazteko.
Eguneko lan-ordutegian egingo dira lanak.
Kultura-ondarea babesteko neurriak.
Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoa betez, lurrak erauzteko obretan arkeologia-izaerako aztarnarik aurkituz gero, berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari, eta azken horrek zehaztuko du zer neurri hartu behar diren.
Nekazaritza-balioa duten lurrak babesteko neurriak.
Proiektuak eragindako trafikoaren ondorioz bide-sarea hondatzen dela ikusiz gero, lehengoratu egingo dira bideak, azpiegiturak edo kaltetutako beste edozein zortasun-elementu (landa-elementu tradizionalak, hala nola harlangaitz-hormak, hesiak, heskai biziak eta abar).
Itxiturak eta lurzatietan dauden gainerako azpiegitura-elementuak (bideak, drainatzeak, etab.) eta eragindako laboreak ordeztu behar dira.
Belardi, laborantza-eremu eta aprobetxamenduetatik erretiratzen den lurzoruaren gainazaleko geruzaren landare-lur emankorrena gainerako indusketa-lurretatik aparte pilatu beharko da, ondoren jatorrizko lekuan jartzeko, beheko geruzetara irauli gabe.
Makinen, materialen eta abarren erabileraren eraginpean dauden belardi eta laborantza-eremuetan, dagokion berrereintza egingo da. Belardietako berrereintzarako, aldez aurretik lurra pixka bat landu edo aitzurtu beharko da, lurra ez trinkotzeko, ondorengo berrereintza eta erneketa egokiak izan daitezen.
Hala badagokio, eragindako laborantzak birlandatuko dira, dagozkien kalte-ordainekin.
Hondakinak eta lurrak kudeatzeko neurriak.
Proiektuaren gauzatze- eta funtzionatze-faseetan sortutako hondakinak Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko eta Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatu behar dira.
Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira; hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea, balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne, eta, azkenik, deuseztatzea.
Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea ez dela bideragarria haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.
Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.
Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta, isurketaren bat gertatuz gero, nahasita, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan. Hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautzeko eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte, eta itxita egongo dira kudeatzaileari entregatu arte, isurita edo lurrunduta edukirik gal ez dezaten.
Edukiontzi edo ontzi horiek argi etiketatu beharko dira, irakurtzeko eta ezin ezabatuzko moduan, eta indarrean dagoen araudiaren arabera.
Sortzen den olio erabilia kudeatzeko, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 29. artikuluari eta Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituko zaie. Erabilitako olioak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako andel estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuriei aurre egiteko sistemen barruan.
Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da hondakin arriskutsuak aldi batean pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak eta pinturak. Gainera, hondakin geldoak biltzeko berariazko edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.
Aplikatzekoa den araudia betetzen laguntzeko, lanetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez da inola ere kontrolik gabeko efluenterik sortuko erregaiak eta produktuak biltegiratzetik, makineria mantentzeko lanak egitetik edo hondakinak erretzetik.
Aurkeztu den dokumentazio teknikoaren arabera, lur- eta arroka-soberakinak izango direla aurreikusten da. Soberakin horiek kudeatzeko, hierarkiaren printzipioari eta hondakinak kudeatzeko hurbiltasunaren printzipioari jarraituko zaie. Eraginpeko eremua morfologikoki lehengoratzeko erabiltzea baztertu ondoren, balorizatzea lehenetsiko da, honelako lanetarako erabiliz: material horiek behar dituzten gertuko eraikuntza-obrak, erauzketa-jarduerek eragindako lursailak birgaitzeko lanak edo beste espazio degradatu batzuk lehengoratzeko lanak. Hala, ez dira ezabatuko betelan-instalazioetan. Horretarako, kontuan izango da urriaren 10eko APM/1007/2017 Agindua, Hondeatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzkoa.
Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak Eraikuntza eta Eraispen Hondakinen Ekoizpena eta Kudeaketa arautzen dituen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza eta Eraispen Hondakinen Kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
Amiantoa duen hondakinik edo elementurik aurkitzen bada, otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak ezarritakoa bete beharko da amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura prebenitu eta gutxitzekoa da errege-dekretu hori, bai eta martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuak ezartzen duena ere amiantoaren eraginpean egoteko arriskua duten lanei aplikatu behar zaizkien segurtasuneko eta osasuneko gutxieneko xedapenak ezartzen ditu errege-dekretu horrek.
Zabortegira bidali beharreko hondakinak, hain zuzen ere Hondakinak zabortegietan utzita deuseztatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuaren eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera kudeatuko dira. Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.
Kontuan hartuko da abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 84.3 artikuluan erosketa publiko berdeari buruz xedatutakoa.
Atmosfera ahalik eta gutxien kutsatzeko eta ahalik eta hauts gutxien aireratzeko neurriak.
Obrak egin bitartean, zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak iragan ondoko garbiketa-lanak, bai egin beharreko jardunaren eraginpeko ingurunean, bai jardun-eremuetara sartzeko guneetan. Sarbideetan metatutako hautsa eta lokatza ezabatu egingo dira, ahal dela, eskuzko metodoen edo erraztatzeko makina automatikoen bidez, gainazaleko uren kalitatean eragina izan lezaketen solido esekien karga handia duten jariatze-urak sortzea saihesteko. Beharrezkotzat jotzen bada ureztatzea, aldi lehorretan partikulak aireratzea saihesteko, obra-zuzendaritzaren oniritzia beharko da. Gainera, hautsa duten lur- eta material-pilaketak ureztatzeko beharra dagoen aztertuko da.
Jardunbide egokien sistema bat ezartzea.
Beharginek jardunbide egokien sistema bat hartu beharko dute, helburu hauek, besteak beste, ahalik eta hobekien bermatzeko:
Lanek okupatzen dituzten mugak kontrolatzea.
Hondakinen isurketak saihestea, bai eta olio-isurien eta lurren arrastatzearen ondoriozko lurzoruaren eta uren kutsadura ere.
Proiektuak eragindako herriguneetako biztanleei enbarazurik ez eragitea zarata eta hautsarekin.
Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Eremu horretatik kanpo, ahalik eta gehien murriztuko dira makinen joan-etorriak. Adierazitako eremutik kanpo ustekabeko afekziorik gertatuz gero, zuzenketa- eta lehengoratze-neurri egokiak ezarriko dira.
Kontratistak elementu hauek egokitu beharko ditu egin beharreko jardueren ondoriozko ingurumen-inpaktuak ahalik eta txikienak izan daitezen: lur geldo eta begetalak aldi baterako metatzeko guneak; obrako instalazioak eta eraikinak; makinak; materialen, olioen eta erregaien biltegiak; ibilgailuak edo bestelako egiturak garbitzeko eremuak; urak arazteko sistemak, eta obrako sarbideak eta pistak. Obra-zuzendaritzak onetsi beharko ditu kontratistaren instalazio-eremu horien mugaketa eta ezaugarriak. Inola ere ez da makinen mantentze-lanik egingo behar bezala iragazgaiztuta ez dauden eremuetan.
Obrak amaitzean, kanpaina bat egingo da sobran dauden material guztiak eta obretan sortutako hondakinak kentzen direla bermatzeko, eta azken horiek indarreko legeriaren arabera kudeatuko dira.
Garbitzea eta obra amaitzea.
Obra bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da; proiektuak ukitutako eremua inolako obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak desmuntatu egin beharko dira.
Ingurumen-aholkularitza.
Obra amaitu arte eta haren berme-aldian zehar, obra-zuzendaritzak aholkularitza bat izan beharko du; hain zuzen, ingurumenaren, eta, oro har, babes- eta zuzenketa-neurrien inguruan gaitua dagoena. Obra-zuzendaritzak ebazpenik eman behar badu, baldintza-agiriak horrelako gaien inguruan esleitzen dizkion funtzioak erabiliz, aholkulariek txostena egin beharko dute aldez aurretik.
Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du, obra egikaritzean. Besteak beste, proiektuko ekintzen eragina aztertuko du, bereziki hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hauts eta zarataren sorrera, ibilguen gaineko eragina, hondakinen kudeaketa eta natura-ondarearen babesa.
Hirugarrena. Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta betiere ebazpen honetan ezarritako neurri babesleak eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere aurrekoen aurkakoak ez badira, ez da aurreikusten ingurumenean eragin negatibo nabarmenik sortuko denik proiektua gauzatzearen ondorioz. Beraz, ez da beharrezkotzat jotzen BI-4105 errepidean (Meñakako udalerrian) bizikleta-espaloi bat eraikitzeko proiektuari buruz ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea.
Laugarrena. Ebazpen honen edukia Meñakako Udalari jakinaraztea.
Bosgarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Seigarrena. Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketa sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko azaroaren 3a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.