Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2025eko azaroaren 27koa, Araubide Juridikoaren, Zerbitzuen eta Hauteskunde Prozesuen zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren (Segurtasun Sailaren bidez) eta erkidego horretako udalen artean sinatu beharreko lankidetza-hitzarmenaren eredua, Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren arteko lankidetzarako.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Segurtasun Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 244
- Hurrenkera-zk.: 5425
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2025/11/27
- Argitaratze-data: 2025/12/18
Gaikako eremua
- Gaia: Segurtasuna eta justizia; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Herrizaingoa; Gobernua eta Administrazio Publikoa; Instituzional
Testu legala
Gobernu Kontseiluak 2025eko azaroaren 4an aipatutako hitzarmena onartu du, eta, publikotasun egokia emateko, hau
Vitoria-Gasteiz, 2025eko azaroaren 27a.
Araubide Juridikoaren, Zerbitzuen eta Hauteskunde Prozesuen zuzendaria,
GOIATZ AIZPURU LIZARRALDE.
..................(e)n, 2025....(e)ko......................aren.......(e)(a)n (Elektronikoki sinatua)
BILDU DIRA:
Alde batetik, Bingen Zupiria Gorostidi jauna, Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburua, Euskal Autonomia Erkidegoko (aurrerantzean, EAE) Administrazio Orokorraren ordezkari gisa.
Eta bestetik,.......................................... jauna/andrea,........................... (e) ko Udaleko alkatea, udalaren ordezkari gisa.
Bi alderdiek, beren karguen arabera eta bakoitzari ematen zaizkion ahalmenak erabiliz, hitzarmen hau sinatzeko gaitasun juridikoa eta jarduteko gaitasun nahikoa aitortzen diote elkarri, eta, horretarako, honako hau
ADIERAZTEN DUTE:
Euskal polizia-eredua Euskadiko Poliziak osatzen du, hau da, Ertzaintzaren erakunde komunen menpeko polizia integrala eta euskal udalerrietako Udaltzaingoaren baturak.
Kidego bakoitzari esleitu zaizkion funtzioei dagokienez, ereduaren koherentzia sustatzeko, beharrezkoa da polizia-kidegoak elkarren osagarri izateko formulak bilatzea, elkarrekiko harremana eta lankidetza erraztuko duten mekanismoak ezarriz.
Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legearen 42. artikuluaren eta ondorengoen arabera, betebehar hauek dituzte bi polizia-kidego horiek: elkarri laguntza eta informazioa ematea; biek erabiltzeko komunikazio-sare bat sortu eta mantentzea eta komunikazio-zentralen interkonexioa erraztea; Udaltzaingoa Euskal Herriko Poliziaren Datu Bilketarako Zentroan integratzeko neurriak hartzea; polizia-instalazioen erabilera partekatuari eta zerbitzu komunak sortzeari bidea ematea eta dokumentu, inprimaki eta formulario komunen erabilera sustatzea.
Lankidetza hori errazteko, lege horrek tokiko polizia-koordinaziorako batzordeak ezartzen ditu, eta polizia-lankidetzarako hitzarmenak sinatzea aurreikusten du.
Ertzaintzaren eta udaltzaingoaren arteko lankidetza-tresnen beharra hainbat faktoreren ondorio da:
Batak zein besteak egin beharreko funtzioak edo funtzio partekatuak egotea. Horren ondorioz, polizia-indarrak koordinatu egin behar dira, bitarteko eta baliabideen erabilera arrazionala egiteko eta emaitza eraginkor eta efizienteagoak lortzeko edo baterako ekintza edo operatiboak planifikatu eta egiteko;
Lurraldean eginiko funtzio batzuk elkarren osagarri izatea. Horrela, berezko eskumen batzuk gauzatzerakoan kontuan hartu behar dira horrek besteen eskumenetan izango dituen ondorioak, eta horretarako ezinbestekoa da intereseko informazioa trukatzea;
Berezko eskumenak gauzatzeak lurraldetik kanpo ere eragina izan ahal izatea, zentzu horretako lankidetza adosteko beharra eragiten duena;
Lurraldean dauden polizia-baliabideak optimizatzeko eta beste indarrek bakarrik dituzten bitarteko tekniko edo zientifikoak partekatzeko aukera.
Aipatutako 15/2012 Legearen 44. artikuluak polizia-lankidetzarako hitzarmenak sistematizatzen ditu, haien eduki posibleak ezarriz: polizia-kidegoen artean zerbitzuak mugatzea eta esleitzea legez ezarritako eginkizunen arabera; poliziaren presentzia estandar orokorrak definitzea; batera jarduteko edo baterako kudeaketako zerbitzuak eskaintzeko protokoloak edo planak egitea; udaltzaingoaren lankidetza kontuan hartzea polizia judizialaren eginkizunetan, hala nola salaketak jasotzea eta delitu-mota jakinak ikertzea, eta emaitzak ebaluatzeko adierazleak ezartzea.
Horregatik guztiagatik, bi aldeek posible den lankidetza eta elkarlanik handiena lortu nahi dute bi administrazioen mendeko polizia-kidegoei dagozkien funtzioak egiterakoan, eta, horretarako, lankidetza-hitzarmen hau sinatu dute jarraian azaltzen diren klausulen arabera:
ESTIPULAZIOAK
Lehenengoa. Xedea.
Esparru-hitzarmen honen xedea Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren arteko lankidetza eta elkarlanerako moduak eta prozedurak arautzea da, lurraldean erabil daitezkeen polizia-baliabideak optimizatzeko eta herritarren segurtasun publikoaren beharrei zerbitzu hobea emateko.
Bigarrena. Printzipioak.
Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren arteko lankidetza, elkarlana eta koordinazioaren printzipioak 15/2012 Legearen 3. artikuluan zehaztutakoak izango dira, batik bat irizpide hauei dagokienez:
Herritarrei bermatzea poliziak sentsibilitate goreneko erantzun azkar, bizkor eta eraginkorra emango diela.
Kalitatea eta efizientzia delituaren biktimei arreta ematerakoan eta horiek babesterakoan.
Leialtasun instituzionala izatea eta elkarlanean aritzea. Hori gauzatzeko bi kidegoek elkarri laguntza eta babesa emango diote bakoitzari legez esleitu zaizkion funtzioak eta baterako ohiko funtzioak egiten direla bermatzeko.
Gertuen dagoen edo baliabideak mobiliza ditzakeen polizia-kidegoak esku hartuko du aurrena, ekintza horren gaineko eskumenik izan ez arren, eskumena duen indarra iritsi eta horren ardura hartzen duen arte, hitzarmen honetan xedatutakoaren arabera.
Herritarren segurtasuna eta bizikidetza normala bermatzeko beharrezkoa den informazio guztia elkarri transmititzea.
Herritarren segurtasunean zuzeneko eragina duten arazoen aurrean arreta eskaintzen duten gainerako baliabide publikoekin koordinatzea eta elkarlanean aritzea.
Hirugarrena. Zerbitzuak mugatzea.
Ertzaintzari eta Udaltzaingoari dagozkien polizia-zerbitzuak legez ezarritako eginkizunen banaketaren ondoriozko titulartasun-esleipenaren arabera mugatu eta esleituko dira. Hori bateragarria da bi kidegoek premia-arrazoiak direla-eta hasiera batean nahitaez esku hartzearekin eta jarduera bateratuak egiteko jarduera-protokoloak ezartzeko beharrarekin.
Ertzaintzak polizia integral gisa lege-ordenamenduak esleitzen dizkion funtzioak betetzen ditu. Horrela, honako hauen titularra eta arduraduna da:
Herritarren segurtasuneko eta ordena publikoko polizia-lanak.
Polizia administratiboa.
Polizia judiziala.
Trafikoa ordenatu eta arautzeko lanak, hiriarteko bideetako trafiko-istripuen atestatuak egitea eta bide horietako erabiltzaileei laguntza ematea.
Udaltzaingoak bere udalerrian betetzen ditu uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen testu bateginaren 55. artikuluan jasotako eginkizunak, eta horrela honako hauen titularra eta arduraduna da:
Udalerrietako agintariak babestea eta eraikin eta instalazioak zaindu eta haien kontu egitea.
Herriguneko trafikoa arautzea, seinaleztatzea eta zuzentzea, zirkulazio-arauetan ezarritakoaren arabera, eta herri barruan gertatzen diren trafiko-istripuetako atestatuak egitea.
Administrazio-poliziaren lanak egitea bere eskumen-esparruan, udaleko ordenantza, bando eta gainerako xedapen eta egintzei dagokienez, eta ingurumenaren eta ingurune-babesaren arloko indarreko arauak bete daitezen zaintzea, gai horietarako toki-eskumenen eremuan.
Udaltzaingoa, gainera, Ertzaintzarekin lankidetzan aritzen da manifestazioak babesteko eta giza kontzentrazio handietan ordena mantentzeko, hala eskatzen zaienean. Halaber, polizia judizialaren eginkizunetan parte hartzen du, polizia judizialeko unitateekiko elkarlanean.
Badira funtzio partekatuak:
Hurbileko poliziaren zereginak, herritarrei laguntza ematea.
Aurrea hartzeko eginbideak eta lege-hauste diren egintzak eragoztera zuzendutako jarduketa oro burutzea.
Gatazka pribatuak adiskidetasunez konpontzeko esku hartzea, eskatzen bazaie.
Espazio publikoak eta konkurrentzia publikoko leku eta establezimenduak zaintzea, hitzarmen honek zehaztutako mugaketa funtzionalean edo berariazko akordioetan, holakorik balego.
Istripu, hondamen eta zorigaitz publikoetan laguntza ematea, legean ezarritakoaren arabera eta babes zibileko planekin bat etorriz.
Laugarrena. Dispositiboak, operazioak eta intzidentziak.
Herritarren segurtasunaren arloko polizia-jarduketek polizia-kidego bateko zein besteko titular bat izango dute. Horrek esku-hartzearen aginte- eta zuzendaritza-funtzioak beteko ditu, bai eta eginbideak egin ere, beste polizia-kidegoaren lankidetzaren kalterik gabe, beharrezkoa denean.
Titulartasuna erabakitzeari dagokionez, poliziaren operatiboak eta esku-hartzeak honela sailkatuko dira:
Aurreikusgarritasunaren arabera:
Dispositiboak: polizia-baliabideak prebentzio-lanetan era programatuan erabiltzea, lehentasunezko egiteko espezifikoarekin.
Operazioak: polizia-baliabideak lan betearazleetan era programatuan erabiltzea, lehentasunezko egiteko espezifikoarekin.
Intzidentziak: aurreikuspenik gabe sortzen diren gertaerak, zerbitzu publikorako esanguratsuak direnak.
Titulartasunaren arabera:
Esklusiboak: bere eskumenak betez erakunde bakar batek kudea ditzakeenak.
Partekatuak: bi erakundeek kudea ditzaketenak.
Konplexuak: bere eskumenak betez gutxienez erakunde batek partzialki kudea ditzakeenak.
Tokiko polizia-koordinaziorako batzordean adostutako protokoloetan edo bi polizia-kidegoen koordinazio operatiboko mahaian sinatutako aldebiko protokoloetan, intzidentzien zerrendak jasoko dira eta titulartasunak esleituko dira, hitzarmen honetan eta beronen eranskinean adierazitako irizpideen arabera.
Programatutako edozein polizia-dispositibok edo -operaziok behin-behineko titulartasuna edo aldez aurretik berretsia izango du irizpide hauen arabera, beheranzko hurrenkeran:
Administrazio baten eskumen esklusibotasuna, bere zaintzan eta bermean.
Administrazio baten lehentasunezko interesa beste baten gainean.
Eragin zuzena jasan dezaketen bitartekoak.
Ekimena gertakarian.
Dispositibo bat antolatu ondoren sor daitezkeen intzidentziek dispositiboaren behin-behineko titulartasunari eutsiko diote.
Herritarren segurtasunaren arloan programatu gabeko intzidentziak gertatzen badira, titulartasuna esleitzeko lehentasunezko irizpide hauek erabiliko dira, hurrenkera honetan:
Gertakari horren gaineko Administrazio baten eskumen esklusiboak.
Gertakariaren kokalekua.
Esleitutako baliabidearen gertakariarekiko gertutasuna.
Komunikazioaren hartzailea.
Intzidentzia baten hasierako faseetan (aurrekariak, prestakuntza edo jatorria) behin-behineko titulartasun bat esleituko zaie intzidentziei sinatutako protokoloaren arabera. Titulartasun hori berretsi egingo da kontrola lortzen den garapen-fasean. Intzidentzia baten behin-behineko titulartasuna beste polizia-kidego bati transferitu ahal izango zaio, inguruabarrek hala eskatzen dutenean.
(Ikus .PDF)
Titulartasun esklusiboko intzidentzien kasuan, irizpide hauen arabera jokatuko da:
, 2. eta 3. faseak (aurrekariak/prestakuntza/jatorria): Gertakaria 3. irizpidearen arabera esleituko da (polizia-kidegoetako edozeinen gertueneko baliabidearen hurbiltasuna). Gertuen dagoen baliabidea zein den argi ezartzea posible ez bada, premiazko arrazoiengatik, 4. irizpidea aplikatuko da (deia jaso duen bi zerbitzuetako edozein).
fasea (bilakaera): Gertakaria egiaztatzen da eta behin-behineko titulartasuna esleitzen du polizia-kidego jardulearen zerbitzuburuak 1. eta 2. irizpideen arabera (eskumen esklusiboak edo lurralde-eremua).
fasea (kontrola): Lekua babesten da, ebidentziak segurtatzen dira, lekukoak egiaztatzen dira eta atariko informazioa jasotzen da polizia-kidego jardulearen zerbitzuburuak titulartasuna ebatzi arte, behin-behinekoa berretsiz edo hura transferitzeko aginduz 1. eta 2. irizpideen arabera (eskumen esklusiboak edo lurralde-eremua). Titulartasuna esleitzeko irizpideari buruzko gatazkarik badago, zerbitzuburuak aginduak eskatuko dizkio bere goragoko hurrenari.
Titulartasuna ebazten denean, titularra ez den polizia-kidegoak jarduketak utziko ditu eta laguntza eskainiko dio besteari zerbitzuburuak amaitzeko agindu arte.
fasea (ebazpena): Gertakaria zuzenean ezagutzen duen lehen unitatea ordezkatutakoa izango da titularra ez bada, eta berehala jaso ahal izango zaio deklarazioa kidego titularraren polizia-zentroan.
fasea (dokumentazioa): Atxiloturik badago, atxiloketa egin duten agenteak titularraren polizia-etxera joango dira, eta bertan atxilotuak eta objektuak aurkeztuko dituzte, atxiloketaren eginbidea egingo dute eta horretarako hasitako atestatuan adierazpenak egingo dituzte.
Hainbat motatako gertakariak dituzten intzidentzietan, garrantzi juridikoari dagokionez, banako administrazio bakoitzaren eskumen esklusibo bakoitzari tratamendu hau emango zaio:
Gertakaria hainbat intzidentziatan banatuko da, eta bakoitzaren titulartasuna administrazio eskudunari esleituko zaio ezarritako irizpideen arabera.
Baldin eta egitateen loturak hainbesterainoko lotura badu, non banaka hartuta ez liratekeen gertatu izango, ezarritako irizpideen arabera, titulartasuna larriena ezagutzen duen kidegoari egokituko zaio, hargatik eragotzi gabe lotutako egintzetan eskuduna den kidegoaren azpititulartasuna, zeinak lehenengoaren zuzendaritzapean lagundu beharko baitu.
Bosgarrena. Baterako jarduketa-protokoloak edo -planak.
Ertzaintzak eta Udaltzaingoak baterako jarduketa-protokoloak edo -planak prestatu ahal izango dituzte polizia-dispositibo eta -operazioak garatzeko, poliziaren eraginkortasun handiagoa lortzeko bi polizia-kidegotako agenteen lankidetza beharrezkoa denean.
Baterako jarduketa-protokoloek edo -planek helburu hauek izan ditzakete:
Polizia-kidego baten edo bestearen titulartasun esklusiboko dispositibo edo operatiboei laguntzea, agenteak eta estaldura-baliabide materialak edo teknikoak indartuz.
Titulartasun partekatua edo polizia-kidego baten zein bestearen titulartasuna duten dispositibo edo operazioetako jarduketako erantzukizunak banatzea, edo horiek sektorizatzea. Egokia denean, baterako jarduketak egiteko aukera planteatu ahal izango da.
Dispositibo edo operazio konplexuen koordinazioa planifikatzea, bere eskumenen arabera polizia-kidego bakoitza bestearekin koordinatu beharko den kasuetan.
Seigarrena. Poliziaren presentziaren estandar orokorrak.
Ertzaintzak eta Udaltzaingoak koordinaziorako irizpideak zehaztuko dituzte, eskura dauden baliabideak era egokian erabiltzen direla segurtatzeaz gain, udalerri osoan poliziaren presentzia jarraitu eta nabaria egon dadila bermatzeko.
Udaltzaingoak patruilatze jarraituak antolatu beharko ditu hitzarmen honetan jasotako funtzio eta egitekoen arabera. Horretarako, zirkulazio-polizia, administrazio-polizia eta herritarren arazoen aurreko hurbileko poliziaren lanak lehenetsiko dira, eta arreta berezia emango zaie istripuen ondoriozko premiazko laguntza-eskaerei eta bizikidetza-arauak betetzen laguntzeari, esleituta dituzten segurtasun-poliziaren funtzioen kalterik gabe.
Ertzaintzak, laguntza emateko betebehar eta funtzioen kalterik gabe, etengabeko patruilatzeari eutsi behar dio, delituzko egitateek, herritarren segurtasunerako arriskuek eta desordena publikoek eragindako premiazko eskaerei berehala eta behar bezala erantzungo zaiela bermatzeko, bai eta udalerri osoan eskumen-eremu horiek prebenituko direla bermatzeko ere.
Era berean, Ertzaintzak Udaltzaingoari lagunduko dio herritarren lasaitasuna eta ongizatea kaltetzen dituzten gizalegearen kontrako jarrerak zaintzeko.
Zazpigarrena. Informazio-trukea.
Ertzaintzak eta Udaltzaingoak delituak prebenitzeko eta herritarren segurtasuna hobetzeko informazio erabilgarria emango diote elkarri erregulartasunez.
Horretarako, tokiko polizia-koordinaziorako batzordeetan, polizia- eta delitu-jardueren hileko laburpenak, informazioa eta datu estatistikoak trukatzeko prozedurak eta eduki zehatzak ezarriko dira, udalerri bakoitzean udalerriko segurtasunerako garrantzitsutzat jotzen diren alderdiak zehaztuz.
Bi polizia-kidegoek berehala jakinaraziko dizkiote honako hauek elkarri:
Manifestazioak, ordena publikoko istilu garrantzitsuak, aztoramendu soziala eragin lezaketen delitu larriak.
Ibilgailu motordunen lapurretak edo desagertzeak.
Lehergaiak jarri izanaren jakinarazpenak edo mehatxu terroristak.
Ezbeharrak: suteak etxebizitza edo eraikin industrialetan, garraio publikoen istripu larriak.
Mugikortasunean eragin larria duten bide publikoaren okupazio edo mozketak.
Koordinazio operatiboko mahaiak egokitzat jotzen dituen beste egoera batzuk.
Premiazko polizia-komunikazioetarako protokolo bat ezarriko da, informazio-trukea errazteko. Era berean, beste polizia-kidegoaren lankidetza beharrezkoa den egoeretan hasierako gertakariaren ondoren gertatutako intzidentzien berri eman beharko da, zuzeneko harremanak ezarriz.
Pertsona askoren presentzia edo parte-hartzea duten ekitaldi, egoera edo intzidentzietan, bi polizia-kidegoetako arduradunak denbora errealean koordinatu beharko dira, egokiak diren sareko lotura-sistemak erabiliz.
Bi erakundeek instalatutako bideozaintza-zirkuituak batera erabiltzeko aukera aztertuko da.
Aldian behin Segurtasun Sailak udalerriari herrian erregistratutako delinkuentziaren bilakaeraren laburpen bat emango dio. Bertan, datu hauen xehetasunak emango dira, besteak beste: ezagutzen diren delituen guztizko kopurua; mila biztanleko arau-hauste penalen indize ofiziala; delitu mota bakoitzaren bilakaera, etab. Horrela, egoeraren egiazko diagnostikoa egin ahal izango da eta beharrezkotzat jotzen diren politikak eta segurtasun-operatiboak abiarazi ahal izango dira.
Zortzigarrena. Euskadiko Poliziaren Datuak Prestatzeko Zentroan parte-hartzea.
Hitzarmen honetako helburuak betetzea errazteko, eta poliziaren datu-baseen sistema integratu bat artikulatzeko, bi aldeek neurri zehatzak hartuko dituzte Udaltzaingoa Euskadiko Poliziaren Datuak Prestatzeko Zentroan integra dadin, dagozkion protokoloak sinatuta.
Integrazio horren helburua Udaltzaingoari sistemak duen informaziorako sarbidea ematea izango da, ezartzen diren segurtasun- eta murrizketa-mailekin. Honela Udaltzaingoa herritarren segurtasun eta polizia judizialaren funtzioak betetzen ari denean sortzen duen polizia-informazio guztia aipatutako Euskadiko Poliziaren Datuak Prestatzeko Zentroan integratzea lortuko litzateke.
Datu-baseetarako sarbidea eta kontsulta protokolo baten arabera egingo da (Hitzarmen honi eranskin gisa atxikiko zaio). Bertan zehaztuko dira ekipo eta programen ezaugarri teknikoak, sarbide-mailak, datuen konfidentzialtasunaren segurtasun-mailak, datu pertsonalak babesteko indarrean dagoen araudia betetzeko modua eta datuak legez hirugarrenei lagatzeko baldintzak, beharrezkoa denean. Hori guztia datu pertsonalak babesteko araudiak ezarritako baldintzak betez egingo da.
Herritarren segurtasunaren eta polizia judizialaren arloan udaltzaingoek egiten dituzten jarduerekin lotutako arau-hauste penalen, pertsonen eta ibilgailuen gaineko datuak Euskadiko Poliziaren Datu Bilketarako Zentroaren bidez partekatuko dituzte udaltzaingoek, Segurtasun Sailak ezartzen dituen prozedura eta irizpideen arabera.
Bederatzigarrena. Koordinazio operatiboa.
Intzidentzia-tipologia askotarikoak sailkatzeko eta dispositibo eta operazioen titulartasuna esleitzeko koordinazio operatiborako mahai bat antolatuko da, bi erakundeetako ordezkariek osatutakoa.
Organo hori hilero bilduko da, deialdia alde batek zein besteak egin eta gero.
Hauek dira bere zereginak:
Baterako dispositiboak eta operazioak planifikatzea, horien titulartasuna esleitzea, aginte-lanak egitea eta polizia-kidegoen arteko koordinazio eta laguntza antolatzea.
Intzidentzien tipologia zehaztea, eguneratzea eta berrikustea eta titulartasunak esleitzea.
Titulartasunak transferitzeko protokoloak ezartzea.
Aurreikusitako koordinazio-mekanismoen jarraipena eta bilakaera egitea eta martxan jartzea.
Koordinazio-sistemetako gabeziak zuzendu eta hobekuntzak ezartzea.
Sistema operatiboak analizatzea, ikertzea eta homogeneizatzea.
Baliabideen kudeaketa garatzea eta bateratzea.
Tokiko polizia-koordinaziorako batzordeak koordinazioaren alorrean hartutako erabakiak gauzatzea.
Hamargarrena. Aginte eta kontrol zentroen interkomunikazioa/integrazioa.
Beharrezko neurri teknikoak hartuko dira Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren komunikazio-zentralen (AKZ) arteko interkomunikazioa bermatzeko. Era berean, kanal edo frekuentzia bateratuen erabilera erraztuko da baterako segurtasun-dispositibo espezifikoak eta ohiz kanpokoak garatzeko.
Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren AKZek interkomunikazioa izango dute honako jarduera hauek egiteko:
Baliabide operatiboen kokapen geografikoari eta erabilgarritasunari buruzko informazioa trukatzea.
Zerbitzu-unitateei, kideei, esleitutako bitartekoei, indikatiboari eta patruila-eremuari buruzko informazioa txanda bakoitzaren hasieran.
Polizia-intereseko mezuen hedapen orokor edo selektiboa erraztea.
Herritarrek egindako deiak azaldutako gertakariaren titulartasuna duen zerbitzuari bideratzea.
Udaltzaingoko kidegoak edo zerbitzuak SOS-Deiak zentroan eta Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren AKZ taktika operatiboetan integratzea bultzatuko da.
Udaltzaingoa dagokion Ertzaintzaren aginte- eta kontrol-zentroan (Ardatz) integratzea erraztuko da, egokia denean. Horrek polizia-komunikaziorako zentral bateratu baten bidez egingo du lan.
Hamaikagarrena. Polizia judizialaren funtzioetan parte hartzea.
Segurtasun Sailak eta hitzarmen hau sinatzen duen udalerriak Udaltzaingoak polizia judizialaren funtzioetan parte har dezala adostu dute, hitzarmen honetan zehazten diren baldintzetan, eta honako helburu hauekin:
Udalerriko polizia-erantzuna hobetzea, arau-hauste penalak ikertzearen arloan Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren arteko koordinazioa handituz, herritarren segurtasuna indartze aldera.
Udalerrian egiten diren edo poliziak ezagutzen dituen delituak ahalik eta hobekien argitzea.
Biktima eta lekukoei lehentasunezko arreta ematea eta salaketak egitea erraztea.
Polizia-atestatuak kalitate gorenekoak direla bermatzea, prozedura penaletan eraginkorrak izan daitezen, batik bat prozedura azkarreko delitu eta falten kasuan.
Udaltzaingoak bere gain hartuko dituen gaien zerrenda eta horietako bakoitzari buruz hartuko dituen ardura zehatzak, hala salaketak jasotzeari dagokionez nola gertakariak ikertzeari dagokionez, alde biek adostuko dute hitzarmen honen jarraipen-batzordean, jarraian azaltzen diren arau-hauste penalen inguruan, delitu arinak edo ez hain larriak:
Ospitaleratzea eskatzen ez duten lesioak.
Etxeko eta genero indarkeria.
Familia-harremanen kontrako delituak.
Kondena-urratzeak, une oroko lokalizazio-zigorrarenak; urruntze-aginduak eta gidatzeko baimenaren gabetzeak.
Ebasketak.
Ibilgailuak berreskuratzeko salaketak, betiere ibilgailuok poliziaren intereskotzat jotzen ez badira.
Udalaren ondare historikoa.
Bide publikoan edo azoka txikietan egiten diren izaera komertzialeko edo irabazi-asmoko jarduerak, jabetza intelektual edo industrialaren kontrako delituak badira.
Elektrizitate-iruzurrak eta antzekoak.
Trafiko-segurtasunaren aurkako delituak.
Mehatxuak eta derrigortzeak.
Sorospen-eginbeharra ez betetzea.
Kalteak oro har, eta bereziki hiri-altzarietan egindakoak.
Osasun publikoaren aurkako delituak.
Polizia judizialaren funtzioetan poliziek duten lankidetza-maila zehatza ebazteko honako alderdi hauek izango dira kontuan:
Euskadiko polizia-kidego bakoitzarentzat aurreikusitako eskumenen esparrua.
Udaltzainen kopurua, herriko biztanle-kopuruaren arabera, bai eta arlo honetan erantzukizun handiagoak hartzeko gaitasun operatibo nahikoa izatea, honako faktore hauen arabera:
Udaltzainen prestakuntza-maila eta esperientzia polizia judizialaren funtzioak egiten;
Polizia judizialaren funtzioetan espezializatutako taldeak edo unitateak antolatzeko gaitasun teknikoa eta operatiboa;
Polizia judizialaren funtzioak egiten laguntzeko beharrezkoak diren baliabide material eta teknikoen erabilgarritasuna.
Udaltzaingoak polizia judizialaren funtzioak egiteko jarduera-eremua udalerria izango da eta, poliziaren lehen auzialdian, hitzarmen honetan aipatutako arau-hausteetatik delitu arin edo ez hain larritzat jotzen direnei baino ez die eragingo, hala salaketak jasotzeari nola gertakariak ikertzeari dagokionez.
Ikerketa bat egiterakoan udalerritik kanpoko jarduketak egiteko beharra sortzen duten elementu edo zantzuak aurkitzen badira, egoeraren berri emango zaie berehala Ertzaintzaren ikerketa kriminal eta polizia judizialeko arduradunei, ikerketak eten egingo dira eta Ertzaintzaren arduradun horren esku utziko da egindako guztia, agintari judizialei jakinarazi eta gero.
Poliziaren jarduketa guztiak berehala transferituko dizkio Udaltzaingoak Ertzaintzari, jarduketak egiterakoan honako egoera hauetako bat gertatzen ari dela hautemango balitz: Ertzaintza gertakari bera dagoeneko ikertzen ari dela, gertakariak udalerritik kanpoko inplikazio garrantzitsuak dituela, Udaltzaingoaren eskumeneko lurralde-eremutik edo funtzioetatik kanpoko beste arau-hauste penal batzuk ere egin direla edo gertakariak horrelakoekin lotura duela, edo egileak antolatutako gaizkile-taldeak izan litezkeela.
Salaketak egitea:
Herritarrei salaketak egitea errazteko eta eskaintzen zaien polizia-arreta hobetzeko, Bulego Mugikorrak martxan jartzea komenigarria den aztertu eta erabakiko da. Bulego mugikor horiek udaltzainek osatuko lituzkete, edo, bestela, udaltzainek eta ertzainek, modu bateratuan.
Gainera, salaketak telefonoz edo internet bidez izapidetzeko beharrezko neurriak ere erabakiko dira, betiere teknikoki posible bada, eta salaketak behar bezala formulatzen direla bermatuz betiere.
Era berean, salaketa-mota jakin batzuk gertakarien lekuan bertan egiteko aukera emateko neurriak ere aztertuko dira, salatzaileari dagokion formularioa eskainiz.
Atestatuak egitea eta horiek telematikoki transmititzea:
Atestatuak eta eginbideak egiteko, indarreko legeria prozesal eta penalean ezarritako irizpideei jarraituko diete. Hori egiteko, beharrezkoa dena erabili ahal izango da Udaltzaingoak Ertzaintzaren dokumentazio-euskarri normalizatu eta informatizatuak erabil ditzan, egindako polizia-jarduketarako egokiak diren heinean.
Udaltzaingoak egiten dituen atestatuak idazteko eta polizia judizialaren arloko ofizioak eta idatziak egiteko, atestatuak egiteko Ertzaintzaren informatika-aplikazioa erabiliko da. Ondorio horietarako konexioa informatika-sistemen bidez egingo da.
Edozein kasutan ere, Udaltzaingoak egindako atestatuen kopia bat bidaliko zaio Ertzaintzari, ezartzen diren protokoloen arabera. Horren harira, Udaltzaingoak prozedura bat ezarriko du dagokion Ertzaintzaren unitateko arduradunari egunero informazioa emateko.
Ikerketak eta atestatuak egiterakoan erabiltzen diren datuen tratamendu informatikoa egiterakoan datu pertsonalak babesteko araudian ezarritako xedapenak hartuko dira kontuan.
Euskadiko Poliziaren Datuak Prestatzeko Zentroan Integratzea:
Udaltzaingoaren polizia judizialaren funtzioak indartu eta optimizatzeko, polizia judizialaren ikerketak eta jarduketak egiteko beharrezkoak diren Euskadiko Poliziaren Datuak Prestatzeko Zentroko datu-baseekin interkonektatuko da Udaltzaingoa, hitzarmen honetan ezarritako arau-hausteen alorrean.
Horretarako, Ertzaintzaren informatika-sistemekin integratzeko eta konektatzeko informatika-aplikazioak instalatuko dira Udaltzaingoaren bulegoetan, batik bat polizia-atestatuak egiteari dagokionez, horrela Udaltzaingoak polizia judizialaren funtzioak betez egindako jarduketetako lankidetza eta koordinazioa errazteko. Horretarako, datu pertsonalak babesteko arloan indarrean dagoen araudia kontuan izango da.
Sarbide horren bidez, datu-baseetara sartu eta horiek erabiltzeko protokoloan zehazten diren datu-baseetako datu administratibo, polizial eta judizialak kontsultatu ahal izango dira, eta modu mugatuan tratatu.
Udaltzaingoak delituak ikertzeko egiten dituen jarduera guztiak, bai agintaritza judizialarentzako atestatuarekin amaitzen direnak bai artxibatzen direnak, Euskadiko Poliziaren Datuak Prestatzeko Zentroan erregistratuko dira beharrezkoak diren jarraibide teknikoen arabera; gaitutako udaltzainek kontsultatu ahal izango dituzte, segurtasun-baldintzak eta datu pertsonalak babesteko araudia errespetatuz.
Polizia judizialaren oinarrizko prozedura operatiboak:
Atxiloketa, identifikazioa eta datuak hartzea.
Udaltzaingoko kideek egindako jarduketen ondorioz pertsona bat atxilotuko balitz, atxiloketa Udaltzaingoak berak kudeatuko luke pertsona hori epailearen eskuetan jarri arte, beharrezkoa izanez gero.
Udaltzaingoak atxilotuak identifikatu eta haren datuak hartzeko baliabide propiorik ez balu, atxilotutako pertsonak ertzain-etxera eraman beharko lirateke.
Atestatuak egitea eta atxilotua epailearen esku uztea.
Udaltzaingoak, polizia judizialaren funtzioak betez, beharrezkoak diren ikerketak eta atxiloketak egingo ditu, Konstituzioan eta gainerako ordenamendu juridikoan xedatutakoaren arabera.
Pertsona bat atxilotzerakoan, atestatuaren instruktoreak izango du atxilotua epailearen esku uzteko ardura edo, hala dagokionean, hura aske uzteko edo legez dagokion egoerara pasatzeko ardura, bai eta atestatua agintaritza judizialari bidaltzekoa ere.
Epaitegietako gobernu-organoek emandako arauek ezarritakoaren arabera eramango da atxilotua bulego judizialetara.
Era berean, prozedura azkarraren bidez epaitzeko den delitu baten atestatua izapidetzean, aipatutako epaitegietako gobernu-organo horrek erabakitakoa beteko da.
Atestatuaren instruktorearen ardura izango da eginbideak Fiskaltzari eta legean ezarritako gainerako organismo publikoei bidaltzea.
Atestatuaren instruktorearen ardura izango da, era berean, segurtasuneko plan estatistikoa betearaztea.
Edozein kasutan, Udaltzaingoak egindako atestatuen kopia bat bidaliko dio Ertzaintzari, ezartzen diren protokoloen arabera. Horren harira, Udaltzaingoak prozedura bat ezarriko du dagokion Ertzaintzaren unitateko arduradunari egunero informazioa emateko.
Polizia zientifikoa, kriminala eta azterketa teknikoa.
Hitzarmen honen arabera egiazta eta iker ditzakeen delituen ikerketa egiteko, Udaltzaingoak gertakariaren lekuan bertan egingo du begi-ikuskapen teknikoa, eta gertakariak argitzen lagundu dezaketen zantzu edo proba-elementu oro jasoko du.
Begi-ikuskapen teknikoa egiten duten udaltzainek akta bat jasoko dute, eta horri krokisak, argazki- edo bideo-erreportajeak eta bildutako elementuak txertatuko dizkiote. Hori guztia polizia-atestatuari gehituko zaio, arreta berezia emanez zaintza-katea bermatzeari.
Udaltzaingoak polizia zientifikoaren eta azterketa teknikoaren lanak egiteko baliabide propio eta egokirik ez balu, Ertzaintzaren Polizia Zientifikoaren Unitatearen lankidetza eta laguntza eskatuko luke. Laguntza unitate horren bidez eman ezin denean bakarrik joko da beste zerbitzu batzuetara. Agintaritza judizial eskudunari intzidentzia horren berri emango zaio.
Koordinazio operatiboa.
Esku hartzen duten bi aldeen adostasunez, polizia judizialaren arloko koordinazio operatiborako zentro bat sortu ahal izango da. Horren buru bi polizia-kidegoetako alor horretako arduradunak izango dira, eta helburua polizia-jardun koordinatua une oro bermatzea izango da.
Zentro horrek etengabe funtzionatu beharko du egunean 24 orduz eta bilerak antolatuko dira aldian behin ikerketa kriminal guztietan polizia eraginkorra dela bermatzeko eta hitzarmen honetan jasotako alor operatibo guztiak betetzen direla ziurtatzeko.
Udaltzaingoak polizia judizialaren alorrean egiten dituen jarduketa guztien berri emango dio egunero polizia judizialaren arloko koordinazio operatiborako zentroari dokumentu normalizatu baten bidez, atestatuen transmisio elektronikoaren kalterik gabe.
Prestakuntza.
Polizia judizialeko talde edo unitateetako kide diren udaltzaingoko kidego edo zerbitzuetako agenteek, esperientzia egiaztatua izan ezean, espezializazio-ikastaro bat egin beharko dute arlo horretan.
Udaltzainei zuzendutako polizia judizialaren alorreko prestakuntza-ekintzak sustatuko dira, eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian gauzatuko dira. Prestakuntza-ekintza horiek aurrera eramateko, agintaritza judizialaren eta Fiskaltzaren lankidetza lortzeko ahaleginak egingo dira.
«Polizia Judizialean» espezializatzeko hasierako ikastaroak egitea ez da ezinbestekoa izango Udaltzaingoko funtzionarioen kasuan, baldin eta, hitzarmen hau sinatzen den egunean, gutxienez hiru urteko esperientzia egiaztatuta badute eginkizun horien garapen espezializatuan.
Hamabigarrena. Komunikazio instituzionala.
Bi polizia-kidegoek elkarrekin esku hartzeagatik egiten diren prentsa-oharrak, zabaldu aurretik, bi prentsa-kabineteen artean trukatuko dira, laguntza eman zuen zerbitzuak ohar horiek osa ditzan, eta gertakariaren titularra den polizia-erakundeak eman ditzan; nolanahi ere, bi polizia-kidegoek egindako lanaren aitortza bermatuko da.
Egokia dela erabakitzen denean, prentsa-ohar bateratuak eman ahal izango dira.
Edonola ere, komunikabideei informazioa eman behar dien polizia-kidegoak arreta jarriko du gertakarien ikerketan eragina izan lezaketen datuak publiko ez egiteko.
Zerbitzuei buruz egiten diren estatistika eta ebaluazioen aurretiazko azterlana egin beharko da tokiko polizia-koordinaziorako batzordean, eta horiek argitaratu eta komunikabideei zabaltzeko batzorde horren adostasuna lortu beharko da aldez aurretik.
Hamahirugarrena. Emaitzak ebaluatzeko adierazleak.
Tokiko polizia-koordinaziorako batzordeetan edo, bestela, koordinazio operatiboko mahaietan, polizia-lankidetzaren emaitzak ebaluatzeko adierazleak ezarriko dira, hainbat irizpide erabilita: krimenaren eta indarkeriaren indizeak, segurtasun-faltaren pertzepzioa, poliziaren eta komunitatearen arteko harremanak, poliziaren jarduna eta horren kudeaketa instituzionala, besteak beste.
Adierazle horien helburuak ere askotarikoak izan ahalko dira, hala nola abiarazi diren baterako programen eragina neurtzea, estrategia baten esparruko emaitzak edo helburu espezifikoak bete diren neurtzea edo aurreikusitako helburu estrategikoak betetzeko beharrezko jarduera espezifikoen inplementatze- edo aurrerapen-maila ezagutzea.
Hamalaugarrena. Jarraipenerako Batzorde Mistoa.
Hitzarmena behar bezala betetzen dela zaintzeko, Jarraipen Batzorde Tekniko bat eratuko da, bi kidez osatua; bata Segurtasun Sailaren ordezkari, eta, bestea, dagokion udalaren ordezkari. Segurtasun Saileko ordezkaria izango da batzordeburua.
Batzorde horri dagokio hitzarmena interpretatzean sor daitezkeen zalantzak argitzea, betearaztean sor daitezkeen desadostasunak konpontzea, hitzarmenaren martxa berrikustea eta, beharrezkoa izanez gero, hobetzeko proposamenak egitea.
Batzordea urtean behin bilduko da gutxienez, eta baita aldeetako batek horrela eskatzen badu, adostasunez hartu beharko dituztelarik erabakiak.
Hamabosgarrena. Aldaketak.
Lankidetza-hitzarmen hau aldatu ahal izango da indarrean dagoen bitartean, bi alderdiek hala adostuta, eta akordio berriak eranskin gisa gehituko zaizkio dokumentu honi.
Hamaseigarrena. Hitzarmenaren araubidea eta auziak.
Hitzarmen honek izaera administratiboa du, eta interpretatzeko eta garatzeko, administrazio publikoen arteko lankidetza-hitzarmenei aplikatu beharreko ordenamendu juridiko administratiboari jarraituko zaio.
Hamalaugarren klausulan aurreikusitako Jarraipen Batzordeari esleitutako funtzioen kalterik gabe, hitzarmen hau garatu eta gauzatzerakoan bi aldeen artean sortzen diren auziak administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren esku utziko dira.
Hamazazpigarrena. Indarraldia eta amaiera.
Honako hitzarmen honen indarraldia lau urtekoa da, sinatzen den egunetik zenbatzen hasita. Epe hori amaitu aurreko edozein unetan, hitzarmenaren sinatzaileek aho batez adostu ahal izango dute hitzarmena beste lau urtez luzatzea, edo hura azkentzea.
Lankidetza-hitzarmen hau irakurri ondoren, bertan esandakoarekin bat datozela adierazteko, aldeek bina kopia sinatzen dituzte, testuaren goiburuak aipatutako tokian eta egunean, eta ezarritako estipulazioekin bat.
Segurtasuneko sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.
.............................(e)ko Udaleko alkatea,
........................................................... jauna/andrea.
(Ikus .PDF)