Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2025eko azaroaren 19koa, Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita Envac Iberia SA enpresaren greba-amaierako akordioa inskribatu eta argitaratzea.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomia, Lan eta Enplegu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 239
  • Hurrenkera-zk.: 5303
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2025/11/19
  • Argitaratze-data: 2025/12/11

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Ogasun eta Ekonomía; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Lana eta enplegua; Ekonomia; Funtzio publikoa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Lehenengoa. 2025eko azaroaren 3an, Envac Iberia SA enpresan sinatutako greba-amaierako akordioa aurkeztu zen zuzendaritza honetan.

Bigarrena. 2025eko azaroaren 3an eta 13an, zuzenketa-errekerimenduak egin ziren. 2025eko azaroaren 19an bete ziren.

Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuak (zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen baitira eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen) Ekonomia, Lan eta Enplegu Saila sortu zuen 2. artikuluan, eta 7. artikuluan ezartzen du ezen sail horren eginkizunen artean sartzen dela egikaritzea lan-arloko legeek ezartzen dutena lan-harremanei buruz.

Aipatutako sailaren barruan, Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritza da organo eskuduna Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroa zuzendu eta kudeatzeko, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 5eko 232/2024 Dekretuaren 13.1.i) artikuluan xedatutakoaren arabera.

Lehenengoa. Agintzea akordioa inskribatu dadila Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan, eta alderdiei jakinaraztea.

Bigarrena. Agintzea akordioa argitara dadila Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko azaroaren 19a.

Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendaria,

MARÍA VICTORIA PORTUGAL LLORENTE.

GREBA-AMAIERAKO AKORDIOA ENVAC IBERIA SA-REN ETA LANGILEEN GREBA-BATZORDEAREN ARTEAN BARAKALDO, LAUDIO ETA GALDAKAOKO LANTOKIETARAKO

Bilbao, 2025eko urriaren 30a.

HAUEK BILDU DIRA:

Alde batetik, Roberto Carlos Rello Serrano jauna, adinez nagusia, ***9554** NAN zenbakiduna.

Eta, bestetik, Jon Ander Zelaia Arieta-araunabeña jauna, adinez nagusia, ***5613** NAN zenbakiduna.

Era berean, Greba Batzordea, honako hauek ordezkatua:

Augusto Josa López, ***7946** NAN zenbakiduna.

Raúl Criado Pinto, ***9902** NAN zenbakiduna.

Mikel Campo Román, ***7476** NAN zenbakiduna.

David Ordóñez Ezquerra, ***0146** NAN zenbakiduna.

Joseba Bartolomé Astobiza, ***8793** NAN zenbakiduna.

PARTE-HARTZAILEAK

Lehenengoa, Envac Iberia SA merkataritza-etxearen izenean eta hura ordezkatuz (aurrerantzean, «Envac» edo «Konpainia»), ahalordeduna den aldetik, Madrilgo José Enrique Cortés Valdés notarioaren aurrean 2008ko irailaren 17an emandako eskritura-publikoaren arabera (protokolo-zenbakia: 1776; Madrilgo Merkataritza Erregistroan inskribatua: 20091. liburukia, 224. folioa, 8. atala, M85216. orria, 77. inskripzioa). Enpresaren IFZ A-78779550 da, eta helbidea Madrilen du (Cuevas del Valle 28).

Bigarrena, ELA sindikatuko arduraduna den aldetik, zeina grebaren deitzailea baita, apud-acta ahala duena 2025eko urriaren 27an Lan Harremanen Kontseiluaren aurrean eman diolako Gentzane Eguzkiza Velascok, ELA sindikatuaren legezko ordezkariak, Bizkaiko Lan Harremanen Kontseiluan izapidetzen ari den B-147/2025 espedientean sartutako ahalaren arabera; eta Greba Batzordeko kide bertaratuak, berean izenean eta hura ordezkatuz.

Aldeek, zeinak berea ordezkatuz, elkarri legitimitate nahikoa aitortu diote greba-amaierako akordio hau formalizatzeko, eta, horretarako, honako hau

ADIERAZTEN DUTE:

  1. Konpainiak Barakaldo, Galdakao eta Laudion dituen lantokietara atxikitako langileek 2025eko martxoaren 12an hasi zuten greba, honakoak lortzeko: hitzarmen kolektibo propioa; prebentzioaren arloko hobekuntzak; aparteko orduen eta lanbide-sailkapenaren gaineko hobekuntzak; egonkortasuna, kolektiboaren prekarietatea amaitzeko enplegu-politikak bultzatuz; eta hobekuntza orokorrak enpresaren enplegu-politikan (kontratazioa, partzialtasuna...).

  2. Aldeek, grebaren esparruan, negoziazioak izan dituzte, aipatutako lantokien barruan lan-harremanei aplikagarriak zaizkien lan-baldintzetan hobekuntzak adosteko.

  3. Negoziazio horiek amaitu egin dira, greba-amaierako akordioa idatzita. Akordio hori sinatu da, beraz, enpresaren lehiakortasuna eta langileen ongizatea indartuko duten baldintzak ezartzeko lanean, soldatetan, antolakuntzan nahiz arlo sozialean. Hona hemen akordioaren

    KLAUSULAK

    Lehenengoa. Funtzio- eta langile-eremua.

    Greba-amaierako akordio hau aplikatuko zaie Envac enpresaren eta konpainiak Barakaldo, Laudio eta Galdakaoko Udalekin kontratatuta daukan hiri-hondakin solidoen bilketa pneumatikoko sistema garatzeko eta mantentzeko zerbitzuei atxikitako langileen arteko lan-harremanei.

    Envacek hitz ematen du bermatu egingo duela errespetatzen direla urteko zenbaketa kontuan hartuta akordio honetan aurreikusitakoak baino onuragarriagotzat jotzen diren baldintza pertsonalak. Baldintza horiek ad personam gisa baino ez dira gordeko.

    Bigarrena. Denbora-eremua eta indarraldia.

    2025eko urtarrilaren 1etik aurrera jarriko da indarrean greba-amaierako akordio hau. Greba-amaierako akordio honen iraupena 4 urtekoa izango da, hau da, 2028ko abenduaren 31n amaituko da. Akordioa automatikoki salatuta geratuko da, bestalde, 2028ko azaroaren 1ean. Akordioa salatzen denetik hurrengo akordiorako negoziazioak hasten direnera bitartean ez dira bi hilabete baino gehiago igaro behar, aldeek berariaz kontrakorik adostu ezean.

    Berariaz hitzartzen da, Langileen Estatutuaren 86.3 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, greba-amaierako akordioak indarrean jarraituko duela adostutako iraupena amaitu ondoren, harik eta bi aldeek hura ordeztuko duen beste bat sinatu arte. Beraz, akordioa osorik luzatuko da bere eremu eta eraginkortasun bereko beste batek ordezkatzen duen arte.

    Hirugarrena. Soldata-bermea. Konpentsazioa eta xurgapena.

    Urteko zenbaketa kontuan hartuta akordio honetan ezarritako baldintzak baino hobeak diren baldintza pertsonalak errespetatuko dira, eta soilik ad personam gordeko dira.

    Akordio honek gutxieneko baldintzak ezartzen ditu, eta, beraz, ez die kalterik egingo akordioa indarrean sartzean baliatzen ari ziren onuragarrienei.

    Hitzarmen aplikagarrian ezarritako antzinatasunaren ziozko osagarria xurgatu eta konpentsatu egin ahalko da ezartzen den edozein hobekuntza baliatuta. Hala ere, langile batzuen kasuan hobekuntza zeroren parekoa bada edo antzinatasunaren ziozko osagarriak xurgatu eta konpentsatzeko nahikoa ez bada, hobekuntza-osagarria igo egingo da, antzinatasunari dagokion zenbatekora iristeko falta duen aldean, antzinatasunaren ziozko igoera hori aplikatu behar den unean.

    Aurrekoa hobeto ulertzeko, hona hemen adibide bat:

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)

    Laugarrena. Soldaten egitura eta berrikuspena.

    Soldata-taula aplikagarriak ingeniaritzako enpresen eta azterketa teknikoko, ikuskapen, gainbegiratze eta kontrol teknikoko eta kalitateko bulegoen hitzarmen kolektiboan ezarritakoak izango dira.

    Horrez gain, akordio honen eremuko langile guztiek plus hauek kobratuko dituzte:

    2025. urtea: egungo eta etorkizuneko plantilla guztiak «tokiko plusa» kobratuko du, hots, hilean 150 euro, urteko 14 ordainsarietako bakoitzean. Plus hori jaso du plantilla guztiak 2025ean, langileek greba egin duten ala ez kontuan hartu gabe.

    Urte hasieran soldata igo zaien langileek ere, grebarako eskubidea baliatu edo ez gorabehera, soldata-igoeraren eta tokiko plusaren arteko aldea kobratuko dute.

    Hau da, langile batzuei 2025ean borondatezko hobekuntza igo bazaie, esaterako % 2,8, langile horiek hilean 150 euro jaso dituzte tokiko plus gisa, atzerapenen zioz, urtarriletik, greba-amaierako akordio hau sinatzen denetik aurrera, baina nomina horretan kendu egingo zaie enpresak urtarriletik borondatezko hobekuntzan egin dien igoera (aipatutako adibidean, hilabeteko % 2,8ko igoera).

    2026. urtea: plantilla guztiak «tokiko plusa» kobratuko du, hots, hilean 260 euro, urteko 14 ordainsarietako bakoitzean.

    2027. urtea: plantilla guztiak «tokiko plusa» kobratuko du, hots, hilean 395 euro, urteko 14 ordainsarietako bakoitzean.

    2028. urtea: egungo eta etorkizuneko plantilla guztiak «tokiko plusa» kobratuko du, hots, hilean 530 euro, urteko 14 ordainsarietako bakoitzean.

    Langile orok 2024ko abenduaren 31tik jasotzen zuen borondatezko hobekuntza jasotzen jarraituko du: kontzeptu hori xurgatu eta konpentsatu ahalko da, soilik langileak hirurteko antzinatasuna betetzen duenean. Kasu honetan, enpresak borondatezko hobekuntzatik xurgatu eta konpentsatu ahalko du antzinatasunaren igoeraren zenbateko bera.

    Bosgarrena. Lanaldia, ordutegia eta atsedenak.

    Lanaldia 1.789 ordukoa izango da 2025ean.

    2026. urterako, Galdakaon eta Barakaldon egindako lizitazio berrien ondoriozko administrazio-kontratu berrietatik aurrera, urteko lanaldia 1.730 ordukoa izango da egungo eta etorkizuneko plantilla osoarentzat.

    Urte osoko lan-jarduna, 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera, 1.700 ordukoa izango da.

    Urte osoko lan-jarduna, 2028ko urtarrilaren 1etik aurrera, 1.650 ordukoa izango da.

    Urte osoko lan-jarduna, 2029ko urtarrilaren 1etik aurrera, 1.592 ordukoa izango da.

    Seigarrena. Kontratazioa, lekualdaketak eta lanpostu hutsak.

    Akordio hau sinatzen den datan langile batzuek lanaldi partzialeko kontratua badute, lanaldia igoko zaie, % 100era, akordioa sinatu eta hurrengo hilean, langile horietako bakoitzarekin sinatutako idatzizko agiri baten bidez. Neurri horretatik kanpo geratzen dira langileak familia-kontziliazioaren edo beste edozein arrazoiren zioz eskatutako murrizketa duten kontratuak.

    Lanpostu hutsak sortzen direnean (erretiroagatik, borondatezko bajagatik, nahiz aldi baterako ezintasunen edota oporren ziozko ordezkapenengatik), Envacek lanpostu hori eskainiko die ukitutako lantokian beheragoko kategoria duten langileei, baldin eta langile horiek lanpostu horretarako egokiak badira.

    Lehenik eta behin, lanaldi osoko langileei eskainiko zaie, baldin eta lanpostu hutsa betetzeko egokiak badira. Antzinatasuna gainerako langileen aldean lehentasunezko eskubide gisa aplikatuko da. Ondoren, Envacek, hala badagokio, lanaldi partzialeko langileei eskaini ahalko die.

    Baldin eta, Konpainiaren ustez, langile bat ere ez bada egokia, lan-eskaintza kanpoan argitaratu ahalko du, askatasunez.

    Zazpigarrena. Kontziliazio-politikak.

    Konpainiak neurri zehatzak hartuko ditu lana, bizitza pertsonala eta familia uztartzeko; tartean, honako hauek:

    1. Ordaindutako lizentzia bereziak:

      18 egun natural, ezkonduz gero.

      5 egun natural odol-ahaidetasunezko edo ezkontza-ahaidetasunezko bigarren mailara bitarteko senideen heriotzaren kasuan.

      5 egun ezkontidearen, izatezko bikotekidearen edo odol-ahaidetasunezko edo ezkontza-ahaidetasunezko bigarren mailarainoko ahaideen (izatezko bikotearen odol-ahaidetasunezko ahaidea barne) istripu edo gaixotasun larriagatik, ospitaleratzeagatik edo etxean atseden hartzea eskatzen duen ospitaleratzerik gabeko ebakuntza kirurgikoagatik, bai eta aurrekoak ez diren beste pertsona batzuen kasuan ere, baldin eta langilearekin etxebizitza berean bizi badira eta haiek benetan zaindu behar badira.

      Odol-ahaidetasunezko eta ezkontza-ahaidetasunezko izeba-osaben eta biloben heriotzagatik, egun natural 1, eta 2 egun beste probintzia batean bada.

      Odol-ahaidetasunezko edo ezkontza-ahaidetasunezko seme-alaben, gurasoen eta neba-arreben ezkontzagatik, egun natural 1 probintzian bertan bada, eta 3 egun probintziatik kanpo bada.

      Ohiko etxebizitzaz aldatzeagatik, 2 egun natural.

      Norberaren gauzetarako, egun 1.

    2. Ordutegi-taula bat ezarriko da, eta, oro har, kontuan hartuko du familia-kontziliazioa, baina eman beharreko zerbitzuak betetzeko irizpide logikoak aplikatuz eta, betiere, udaletako pleguetan islatutako baldintzek ahalbidetzen duten neurrian.

    3. Akordio honen aplikazio-eremuan, 6 orduko lanaldi jarraitua egiten duten langileek 20 minutuko atsedenaldia izango dute lanaldiaren barruan, eta minutu horiek benetan lan egindako denboratzat joko dira.

      Lanaldiaren ordutegi-malgutasuna edo banaketa irregularra adostu ahalko dute aldeek, eta, edonola ere, nahitaezko atsedenaldia errespetatu beharko da.

      Zortzigarrena. Aparteko orduak igande eta jaiegunetan.

      Astelehenetik larunbateko 14:00etara bitarteko ordutegia duten langileek larunbatetan (14:00etatik aurrera), igandeetan edota jaiegunetan egindako lan-orduak aparteko ordutzat jotzen badira, ohiko orduaren gainean % 100eko errekarguarekin ordainduko dira.

      Ordutegiaren arabera asteburuetan lan egiten duten langileen kasuan, larunbateko 14:00etatik aurrera egiten dituzten lan-orduak bikoitzak balira bezala zenbatuko dira urteko lanaldia kalkulatzeko orduan.

      Gabonetan eta Urte Berrian egindako lan-egunek konpentsazio osagarria izango dute: egunean 150 euroko haborokina.

      Bederatzigarrena. Oporrak eta eszedentzia.

      Akordio honen pean dauden lantokietara atxikitako langileek 23 opor-egun ordaindu izango dituzte urtean.

      Opor-egunak enpresaren eta langilearen arteko akordio bidez itunduko dira, eta zerbitzua behar bezala estalita geratzen dela bermatuko da.

      Langileak lau (4) hilabetetik gorako eszedentzia eskatzen badu, nahitaezkoa izango da Konpainiak kanpoko kontratazioren bat egitea langilea ordezkatzeko.

      Hamargarrena. Hoditerian sartzeagatiko plusa.

      Hoditerietan sartzeagatik egunean 100 euroko plusa ezartzen da, zeregin horren konplexutasun berezia aitortzeko.

      Osagarri hori jasoko dute benetan hoditerian sartzen diren langileek, eta, edonola ere, lan hori egitea guztiz boluntarioa izango da.

      Hamaikagarrena. Txandakako lanaren plusa eta borondatezko hobekuntza.

      Akordio hau indarrean dagoen bitartean, langileek txandakako lanaren plusa jasotzen jarraituko dute, 2024ko ekitaldian jasotzen zuten zenbateko berean.

      Borondatezko hobekuntzatzat hartuko da, hala badagokio, langilearen banakako urteko soldata gordinaren eta Konpainiari aplikagarri zaion hitzarmen kolektiboan ezarritako soldata-taulak aplikatzearen ziozko emaitzaren arteko aldea.

      Hamabigarrena. Erretiroa.

      Konpainiak hitz ematen du erretiro partziala emango diola hala eskatzen duen langile orori, baldin eta unean-unean legez ezartzen diren baldintzak betetzen baditu. Erretiro hori Gizarte Segurantzaren alorrean indarrean den araudiaren arabera izapidetuko da.

      Hamahirugarrena. Aldi baterako ezintasunen ondoriozko bajak.

      1. Lan-istripuagatiko edo gaixotasun profesionalagatiko aldi baterako ezintasuna.

        Lan-istripu batek edo gaixotasun profesional batek eragindako aldi baterako ezintasunean dauden langileek une bakoitzean indarrean dagoen benetako soldataren % 100 jasoko dute bajaren lehen egunetik aldi baterako ezintasunak irauten duen arte. Klausula horren ondoreetarako, lan-istriputzat joko da Konpainiaren zerbitzura lanean egon bitartean gertatu den hori.

      2. Gaixotasun arruntagatiko aldi baterako ezintasuna.

        Gaixotasun arrunt batek eragindako aldi baterako ezintasunean dauden langileek une bakoitzean indarrean dagoen benetako soldataren % 100 jasoko dute lehen egunetik aldi baterako ezintasunak irauten duen arte.

        Hamalaugarrena. Berme sindikalak.

        Langileen legezko ordezkariek hilean ordaindutako hamabost (15) orduko kreditua izango dute sindikatu-eginkizunak betetzeko, indarreko araudiaren arabera.

        Era berean, langileek eskubidea edukiko dute ordaindutako asanbladak egiteko lanaldian zehar. Urtean guztira zortzi (8) ordu izango dituzte horretarako.

        Asanblada horien deialdia idatziz jakinarazi beharko zaio Envaci, gutxienez berrogeita zortzi (48) ordu lehenago, data, lekua eta gai-zerrenda adierazita. Edonola ere, jardueraren ohiko martxari eutsi beharko zaio.

        Hamabosgarrena. Legezko aplikazioa.

        Akordio honetan aurreikusi ez den horretan, Ingeniaritzako enpresen eta azterketa teknikoko, ikuskapen, gainbegiratze eta kontrol teknikoko eta kalitateko bulegoen hitzarmen kolektibo nazionalean xedatutakoa aplikatuko da.

        Hamaseigarrena. Gatazkak ebaztea.

        Enpresak greba-amaierako akordio hau aldi batez aplikatu gabe utzi nahi badu (arrazoi ekonomikoak, teknikoak, antolaketakoak edo ekoizpenekoak direla-eta), langileen legezko ordezkariei jakinarazi beharko die, zehaztutako kontsulta-aldia hasi baino gutxienez 15 egun lehenago (Langileen Estatutuaren 82.3 artikuluan zehaztutakoa). Kontsulta-aldian langileen legezko ordezkariekin akordiorik lortzen ez baldin bada eta langileen arteko erabakietan gatazkak konpontzeko aplikatu beharreko prozeduren bidez desadostasuna konpontzen ez baldin bada (tartekaritza bakarrik alderdi biek hala nahi izanez gero egingo da), alderdi bakoitzaren gehiengoek (enpresaren ordezkariek eta langileen ordezkari gehienek) akordioa lortu beharko dute aplikazio ezaren desadostasuna Hitzarmen Kolektiboak ez Aplikatzeko Prozedurak Ebazteko Organoari (ORPRICCE) edo, hala badagokio, Hitzarmen Kolektiboen Aholkularitza Batzorde Nazionalari (CCNCC) bideratzeko.

        Hala ere, enpresak eskura dituen tresna juridikoak erabili ahalko ditu jurisdikzio-organoetara jotzeko, egoki deritzonean.

        Hamazazpigarrena. Greba-amaierako akordioaren argitalpena.

        Greba-amaierako akordio honen alde sinatzaileek Jon Ander Zelaia Arieta-araunabeña (ELAko aholkularia) izendatu dute, akordioa sinatu ondoren izapide egokiak egin ditzan akordioa erregistratu, eta, ondoren, Greba-Amaierako Akordioaren testua eta eranskinak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik