Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2025eko azaroaren 10ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez Amorebieta-Etxanoko Karmen egikaritze-unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzen baita.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 228
- Hurrenkera-zk.: 5051
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2025/11/10
- Argitaratze-data: 2025/11/26
Gaikako eremua
- Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena; Gobernua eta Administrazio Publikoa
Deskribapenak
Testu legala
2025eko abuztuaren 20an, Amorebieta-Etxanoko Karmen egikaritze-unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren aldaketaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuari hasiera emateko eskaera egin zuen Amorebieta-Etxanoko Udalak Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren aurrean. Eskaerarekin batera, hainbat dokumentu aurkeztu zituen; besteak beste, planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan zehaztutako edukiarekin.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan xedatutakoa betez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsultak egiteko izapidea hasi zuen 2025eko irailaren 19an, eta espedientean jasota dago emaitza. Era berean, Amorebieta-Etxanoko Udalari prozedura hasi zela jakinarazi zitzaion.
Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.
Erantzuteko legezko epea amaitu eta espedienteko dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, egiaztatu da ingurumen-organoak irizpen-elementu nahikoak dituela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluaren arabera.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan xedatutakoaren arabera, dagokion ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta horien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.
Plana Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluko kasuetan sartzen da bertan, ingurumen-organoaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar duten plan eta programak ezartzen dira; zehazki, hau dio a) letran: «Aurreko apartatuan aipatutako plan eta programen aldaketa txikiak»; halaber, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.B eranskineko 2. apartatuko kasuetan ere sartzen da. Izan ere, II.A eranskineko planen eta programen aldaketa txikiak jasotzen ditu apartatu horrek, II.G eranskineko aldaketa txikien definizioaren arabera.
Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura 75. artikuluan dago araututa, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera. Txosten honetan, planak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen ala ez aztertzen da eta, beraz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren plana gauzatu eta ingurumena behar bezala babesteko.
Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau
Lehenengoa. Amorebieta-Etxanoko Karmen egikaritze-unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, honela:
Planaren azalpena: helburuak eta jarduketak.
Planaren eremua Karmen egikaritze-unitatea (aurrerantzean, EU) da, azaroaren 18ko 1613/2005 Foru Aginduaren bidez onartutako arau subsidiarioen aldaketa puntualaren bidez sortua. Antolamendu xehatuaren zehaztapenak Karmen EUaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren bidez onartu ziren behin betiko, 2011ko irailean. Gaur egun, Karmen EUa garatzeke dago.
Karmen EUak 5.572,44 m2-ko azalera du, eta Amorebieta-Etxanoko (Bizkaia) hirigunearen iparraldeko perimetroan dago, hiri-lurzoru finkatugabean, oso hurbil AP-8 autobidetik, iparraldean, eta El Carmelo ikastetxetik, hego-ekialdean. Iparraldean eta ekialdean Betarragane sektorearekin egiten du muga. Sektore horretan, hainbat bizitegi-lurzati, espazio libreak eta Karmen eta Betarragane kaleak lotzen dituen oinezkoentzako bide bat garatu dira. Hegoaldean, Karmen kaleko 16. zenbakiko eraikinarekin egiten du muga, eta mendebaldean, Karmen kalearekin.
Gaur egun, Karmen kaleko 20., 22. eta 24. atariei dagozkien bizitegi-eraikinak daude eremuan, baita garajeak, txabola motako eraikuntzak, baratze batzuk, Betarragane kalearekin lotuta dagoen oinezkoentzako bide bat, hiri-berdegune bat eta askotariko landaredia ere.
Karmen EUaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren aldaketaren xedea da indarrean dagoen plan berezian jasotako antolamenduari buruzko hirigintza-parametro batzuk berrikustea eta eguneratzea, dauden desorekak zuzentzeko eta unitatea bideragarri egiteko.
Plan berezia aldatzeko proposamenak indarrean dagoen plan bereziaren helburuak errespetatu nahi ditu, eta hirigintza-parametro berriak planteatzen ditu beheko solairuen okupazioari, altuerei eta erabilerei dagokienez, eraikigarritasunaren egiturazko zehaztapenak aldatu gabe, indarrean dagoen plan berezian aurreikusitako espazio publikoak birdefinituz. Zehazki, proposamenaren helburua da Karmen kalearen eta Betarragane sektorearen arteko irisgarritasuna hobetzea, Urgozo kiroldegirako oinezkoentzako eta ibilgailuentzako sarbidea eskainiz, eta ingurumen-kalitatea hobetzea muino naturalari eutsiz, hesi bisual eta akustiko gisa balio dezan.
Aldaketak alderdi hauek hartzen ditu:
Antolamendua. Bolumenak eta eraikuntza:
Antolamenduak mantendu egiten du indarrean dagoen planeko bolumenen kokapena, bi eraikin bereizirekin: bata iparraldean (2. eraikina) eta bestea hegoaldean (1. eraikina).
Eraikuntza-profila handitzen du (solairu bat gehiago). BS+4+A izatetik BS+6 izatera igaroko da.
Ez da aldatuko egungo planean esleitutako eraikigarritasuna (bizitegi-lurzorua).
eraikina: 3.824,04 m2.
eraikina: 3.727,96 m2.
Ez da aldatuko oinplanoko 3.963 m2-ko gehieneko okupazioa, sotoko okupazio-azalerari aplikatzekoa (arau subsidiarioen 8.1.1 artikulua).
eraikina: 925,21 m2.
eraikina: 1.041,79 m2.
Handitu egingo da eraikin bakoitzeko etxebizitza kopurua.
eraikina: 27 etxebizitzatik 33ra.
eraikina: 27 etxebizitzatik 33ra.
Hegalkinak (balkoiak, terrazak eta begiratokiak) eta erabilgarriak ez diren beste eraikuntza-elementu batzuk (teilatu-hegalak, inpostak eta antzekoak) baimentzen dira beheko solairutik aurrerako fatxadan zehar, irizpide batzuen arabera: gehieneko irtengunea ezin da 1,5 metrotik gorakoa izan, ez da hegalkinik baimentzen beheko solairuan, eta, hegalkinen sestrari dagokionez, hegalkinen planoaren beheko muturra ez da jarriko lehen solairuko lurzorua baino kota baxuagoan, eta goikoa (hegalaren sabaia) ez da azken solairuko sabaia baino gorago egongo.
Eraikinak eraikigarritasun jakin bat du esleituta, eta haren bolumena gehieneko lerrokadura batzuekin (sestra gainekoak zein azpikoak) zehazten da. Lerrokadura horiek antolamendu-planoan definituta daude, eta behin betiko lerrokadurak definitu gabe geratzen dira, bloke bakoitzaren eraikuntza-proiektuak defini ditzan.
Beheko solairuko sestrak aldatu egingo dira, ± 50 cm alda baitaitezke (xehetasun-azterketa izapidetu gabe), beheko solairuan etxebizitzak diseinatzeko.
eraikina: +85 cm.
eraikina: +83,45 cm.
Urbanizazio-proiektuan adierazitako garajeetarako sarbidea.
Bizitegi-erabilera bi eraikinetako solairu guztietarako. Beheko solairuek bizitegi- edo merkataritza-erabilera izan dezakete. Sotoaren eta erdisotoaren solairuek garaje-erabilera izango dute, eta etxebizitzei atxikita egongo dira (trastelekuak, instalazio-gelak).
Jardueraren deskribapena. Bideak eta espazio publikoak:
Espazio publikoa berrantolatzea, urbanizazio atseginagoa izateko eta urbanizazio-kostuak murrizteko.
Lurzati mugakideetara egokitzeko hondeaketaren (harriena eta hormena) ondoriozko kostuak murriztea, espazio libreak berrantolatuz.
Hondeaketa lurzati mugakideetara zabaltzea horma txikiagoak lortzeko, lursailak ezponda moduan antolatuz.
Karmen eta Betarragane lotzen dituen oinezkoentzako bidea aldatzea, lursailera egokituz egungo Karmengo 24 zenbakidun eraikineraino.
Haurrentzako jolas-eremu bat zegoen plaza kentzea, berdegunea handitzeko.
Eremutik kanpo, ekialdean, bide-eremu bat urbanizatzeko beharra, Betarragane kaleko bidearekin lotzeko.
Azalerak.
Etxebizitza kolektiboetarako azalera berbera izango da: 1.967 m2.
Bestalde, Hirigintzako estandarrak arautzeko otsailaren 18ko 45/2025 Dekretura egokitzeko lana ere egingo da; dekretu horrek tokiko sistemen sareko zuzkiduretarako eta ekipamenduetarako lursailen erreserbarako gutxieneko estandarrak eta azalera arautzen ditu hiri-lurzoru finkatugabean, jarduketa integratuetan eta eraikigarritasuna handitzeagatiko zuzkiduran. Horrela, azalera eta ekipamendu hauek proposatzen dira aldaketan:
Hiri-lurzoruko tokiko zuzkidurak: 3.605,43 m2 (indarrean dagoen HAPBan 3.605,44 m2-koa da).
Tokiko bide-sistema: 1.966,24 m2 (indarrean dagoen HAPBan 1.860,56 m2-koa da).
Espazio libreak eta berdeguneak: (indarrean dagoen HAPBan 1.744,88 m2-koa da).
Espazio libreak: 959,64 m2.
Berdeguneak: 679,55 m2.
Aparkamendua: 100 plaza.
Landaredia: 66 unitate (indarrean dagoen HAPBan 54 unitate dira).
Ingurumen-dokumentuaren arabera, lorategi-lanetan edo landareztatzekoetan Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak sortu zuen. Bertan, zuhaitz- eta zuhaixka-espezie hauek proposatzen dira, besteak beste: Cornus sanguinea, Corylus avellana, Laurus nobilis, Prunus avium, Acer campestre, Populus nigra, Betula pubescens eta Fraxinus excelsior.
Karmen EUaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren aldaketaren behin betiko onespena lortu ondoren, haren zehaztapenek izaera arauemailea izango dute Amorebieta-Etxanoko udalerriko arau subsidiarioen egikaritze-unitate horretan. Ondoren, lankidetza-sistema bidezko egikaritze-unitate bakar gisa garatu beharko da jarduketa integratu baten barruan, eta eremua gainerako hiri-bilbearekin lotu beharko da, plan bereziak berak ezarritako urbanizazio-baldintzen bidez. Hirigintzako jarduketa-programa bat (HJP) ere egin beharko da, hiri-lurzoruko jarduketa integratuen garapena eta egikaritzea arautzeko eta antolatzeko.
Aukerak.
Ingurumen-dokumentuak bi aukera aurkezten ditu: 0. aukera edo «ez esku hartzekoa» eta 1. aukera. 1. aukera hautatu da unitatea gauzatzeko proiektua, 2011n onartu zenetik garatu gabe dagoena, bideragarri egiteko; izan ere, aukera ematen du etxebizitza berriak sortzeko, hiri-bilbea azkentzeko eta ondoko hiri-sektoreak konektatzeko.
Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez erabakitzeko.
Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek kontuan hartuta:
Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: kontuan hartuta kokapena, eragindako eremuaren ingurumen-ezaugarriak, proposatutako garapenaren garrantzia eta etorkizunean planaren esparruan gauzatuko diren proiektuen izaera, ez dago zertan plana ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren mende jarri, berezitasunik ez duela uste da eta.
Planak zer neurritan eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, hierarkizatuta daudenetan barne: planak Karmen EUaren antolamendua aldatzen du, hiriko bizitegi-lurzoru finkatugabean garatzeke dago gaur egun, eraikigarritasunaren egiturazko zehaztapenak aldatu gabe, indarrean dagoen plan berezian aurreikusitako espazio publikoak birdefinituz. Planak, bere ezaugarriak kontuan hartuta, ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuetan. Ez da aurkitu bateraezintasunik hierarkian gorago dagoen plangintzarekiko.
Plana egokia ote den ingurumen-alderdiak barnean hartzeko eta, bereziki, garapen jasangarria sustatzeko: plana egokitzat jotzen da garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko; izan ere, energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko neurriak sar daitezke planean.
Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, baldin eta planaren eraginpeko eremuarekin lotutako jarduketak eta jarduerak zaratari, lurzoruei, urei, hondakinei eta isurketei, segurtasunari, osasunari eta ingurumenari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira.
Era berean, plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.
Kontuan hartuta kokapena, ukitutako eremuaren ingurumen-ezaugarriak eta plana garatuz etorkizunean gauzatuko diren proiektuen garrantzia, uste da planak ez duela berezitasunik eta ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.
Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak:
Plan bereziaren aldaketaren eremua Amorebieta-Etxanoko udalerriaren erdialdean dago, hirigune nagusiaren iparraldeko perimetroan. 5.572,44m2-ko azalera du, eta, Udalplanaren arabera, «hiriko bizitegi-lurzoru finkatugabea» da. Eremuko litologia pitzadura bidezko iragazkortasun txikia duten tuparri-kareharrien, kareharrizko tuparrien eta kalkareniten alternantziaz osatuta dago. Planaren xede diren lurzoruak ez daude antolatuta Nekazaritza eta Basozaintzako LPSan.
Eremua Ibaizabalgo Unitate Hidrologikoan (UH) dago, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren barruan (ES017). Gertuen dauden ur-ibilguak, mendebaldean, San Bartolome erreka eta Garatondo ibaia dira, 85 m eta 150 m-ra gutxi gorabehera, hurrenez hurren, eta 120 m ekialdera, gutxi gorabehera, izenik gabeko 7907 jariatzea. Eremuan ez dago Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroko elementurik.
Ikuspegi hidrogeologikotik, planaren eremua «Bizkaiko sinklinorioa» (ES017MSBT017-005) lurpeko ur-masaren gainean dago, zeina egoera onean baitago, oro har. Era berean, eremuaren hegoaldea «Etxano kuaternarioa» sektorearen gainean dago. Aztergai den eremuan ez dago EAEko hidrogeologia-intereseko lekurik, eta akuiferoak kutsatzeko arriskua oso txikia da.
Eremuak ez du ukitzen Natura 2000 sareko naturagune babesturik, ez eta inbentarioan sartutako beste gune babestu edo natura-interesekorik ere. Halaber, ez dauka ezein inbentario edo katalogotan jasotako paisaia-baliorik, eta ez du ukitzen EAEko Geologia Intereseko Lekuen Inbentarioan jasotako geologia-intereseko lekurik, ez eta EAEko korridore ekologikoen sareko elementurik ere.
EUNIS habitataren kartografiaren arabera (geoEuskadi), Karmen EUaren zatirik handiena «dentsitate handiko herrien eta hirien eraikuntza» gisa sailkatzen da, eremuaren ekialdeko muga izan ezik, zeina «bazkatutako belardi eta manipulatu gabeko larre» gisa eta «larratu gabeko sega-belardi atlantiko» gisa sailkatuta baitago. Hala ere, ingurumen-dokumentuak adierazten duenez, eremuan, lursail artifizializatuei lotutako landaredi erruderala dago batez ere, baina tamaina eta itxura oneko zuhaitz eta zuhaixka interesgarri batzuk ere badaude (haritzak, lizarrak, platanoak, sahatsak, etab.). Gainera, espezie inbaditzaile ugari dagoela adierazten du, hala nola Buddleja davidii eta Cortaderia selloana. Eremuan ez da identifikatu Batasunaren intereseko habitatik edo mehatxatutako flora-espezierik.
Planaren eremuan ez da identifikatu mehatxatutako fauna kudeatzeko planen xede den gunerik. Alabaina, eremutik gertuen dauden ibilguak hobetu beharreko tarte gisa sartuta daude Bisoi Europarraren Mustela lutreola Kudeaketa Planean (118/2006 Foru Dekretua, ekainaren 19koa, Bisoi Europarraren Mustela lutreola. Linnaeus, 1761 Kudeaketa Plana onartzen duena, Bizkaiko Lurralde Historikoan, galtzeko arriskuan dagoen espeziea den eta babesteko neurri bereziak behar diren aldetik). Ingurumen-dokumentu estrategikoaren arabera, eremuan dagoen fauna bat dator hiri-inguruneetara egokitutakoarekin.
Karmen EUan ez dago kultura-ondarearen arloko intereseko elementurik.
Halaber, eremuan ez dago lurzorurako kutsagarriak izan daitezkeen jarduera edo instalazioak dauzkaten lurzoruen inbentarioan sartutako lursailik.
Eremuaren egoera akustikoari dagokionez, ingurumen-dokumentuak, Udalak onartutako Amorebieta-Etxanoko zarata-mapan oinarrituta, zarata-foku nagusitzat errepideak identifikatzen ditu, bereziki AP-8 (iparraldean), eta, neurri txikiagoan, BI-635 (Karmen kalea, mendebaldean), eta Karmen EUaren iparraldea eta mendebaldea dira eragin handiena jasotzen dutenak. Gaur egun, egun-argiz eta arratsaldez, iparraldeko mugan 65-70 dB (A) tartean daude maximoak; iparraldeko eta mendebaldeko zerrendetan, 60-65 dB (A) tartean, eta, ekialdean, 55-60 dB (A) tartean. Gauean, maximoak 55-60 dB (A) tartekoak dira AP-8 autobidetik eta Karmen kaletik (iparraldea eta mendebaldea) hurbilen dagoen eremuan, eta 50-55 dB (A) tartekoak gainerakoan. Karmen EUa A eremu akustikoaren tipologiakoa da. Bizitegi-erabilerako lurzoruak nagusi diren lurralde-eremuak edo -sektoreak dira, eta hauek dira garapen berrietarako kalitate akustikoko helburuak: (KAH) 60 dB (A) egun-argiz eta arratsaldez, eta 50 dB (A) gauez. KAHak gainditzen badira ere, Amorebieta-Etxanoko Udalak zarataren aurkako ekintza-plana onartu zuen 2025ean. Plan horretan, Karmen EUa babes akustiko bereziko eremu (BABE) gisa definitzen da.
Ingurumen-dokumentuaren arabera, eremua Bizkaiko foru-errepideen zortasun akustikoko eremuaren barruan dago, zeina 213/2012 Dekretua aplikatuz mugatuta baitago.
Eremuan eraiki beharreko bi eraikin trenbidetik 75 metro baino gehiagora daudenez, ez da bibrazioen azterketarik aurkeztu.
Ingurumen-arriskuei dagokienez, eremuak ez du arriskurik arlo hauetan: uholdeak, sismikotasuna, baso-suteak eta Seveso III Zuzentarauaren mendeko enpresen hurbiltasuna. Higadurari dagokionez, RUSLE kartografiaren arabera, eremuak higadura-prozesu larriak ditu iparraldean, eta muturrekoak hegoaldean. Eremua 100 m-ko arrisku-bandan dago, salgai arriskutsuak errepidez garraiatzeagatik arrisku ertainekotzat jotzen den bide-tarte batean (AP-8).
Aurrekoa ikusita, inpaktu nagusiak obra-fasean sortuko dira, ekintza hauen ondorioz: eremuan dauden eraikinak eraistea eta desegitea; landarediaren zati bat garbitzea eta kentzea; hondeaketak eta lur-mugimenduak; eraikinak, hormak eta bideak egitea; eremua urbanizatzea, eta ereiteak eta landaketak egitea. Beraz, jarduketa horiek ondorio hauek izango dituzte: lurzorua okupatzea, landaredia kentzea, emisio atmosferikoak, hondeaketa-soberakinak, hondakinak, isurketak eta zarata sortzea, etab. Horrek guztiak baliteke airearen, uren eta lurzoruen kalitatean eragina izatea.
Landaredia kentzeari dagokionez, ingurumen-dokumentuak neurrizkotzat jotzen du landarediaren gaineko inpaktua, ale heldu batzuen tamaina handiagatik eta espezie autoktonoek duten interesagatik. Horrekin lotuta, zuhaitz helduen galera konpentsatzeko neurri gisa, Karmen EUrako kalkulatutako 66 zuhaitz- eta zuhaixka-ale gehiago sartzea proposatzen da. Horretarako, kontuan hartuko dira Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egindako Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua liburuxkan jasotako gomendioak eta neurriak.
Era berean, eremuan dauden landare-espezie inbaditzaileak kentzea aurreikusten da, eta hori positiboki baloratzen da.
Ustiapen-faseari dagokionez, eremuko bizitegi-jarduera handitzearen ondoriozko inpaktuak izatea ere espero da, mugikortasunaren hazkundeari, baliabideen kontsumoari eta hondakinen ekoizpenari lotuta. Egoera akustikoari dagokionez, lurzatiak ez ditu KAHak betetzen, BABE bat da eta foru-errepideen zortasun akustikoaren barruan dago; beraz, neurri zuzentzaileak ezarri beharko dira atalase onargarriak gainditzen dituzten soinu-emisioak arintzeko, eta, horretarako, urbanizazio-proiekturako inpaktu akustikoari buruzko azterlan bat egitea aurreikusten da.
Proposatzen diren jarduketen eta haien ondoriozko eraginen ezaugarriak aintzat hartuta, planaren eraginak munta txikikoak, aldi baterakoak, itzulgarriak eta garrantzi gabeak izango dira oro har, baldin eta indarrean dagoen legeria betetzen bada, lurzoruei, urei, zaratari, hondakinei eta isurketei buruzkoa bereziki, eta obrak jarduketa mota horietarako jardunbide egokiak kontuan hartuta egiten badira.
Ebazpen honetan, beherago aipatzen diren neurri babesle eta zuzentzaileak ezartzen dira, planak ez dezan ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik eragin, eta ez dadin beharrezkoa izan Amorebieta-Etxanoko Karmen egikaritze-unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren aldaketaren ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea, baldin eta ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak bertan txertatzen badira.
Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, bat etorriz ingurumen-txosten estrategikoak formulatzen duen ebazpenean adierazitakoarekin eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-agiri estrategikoan eta planean bertan jasotakoarekin.
Beraz, planak jaso beharko dituen zehaztapenen artean, honako hauek daude:
Eremuko kalitate akustikoa babesteko neurriak.
Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, ezin izango da gauzatu garapen berririk, baldin eta ez badira betetzen kanpoaldeko kalitate akustikoaren helburuak, hargatik eragotzi gabe dekretu horren 43. eta 45. artikuluetan xedatutakoa.
Nolanahi ere, eraikinen barnealdean kalitate akustikoaren helburuak betetzeko neurriak hartu beharko dira, eraikinen erabileren eta motaren arabera. Fatxadaren isolamenduak espezifikoki justifikatu beharko dira eraikuntza-proiektuan.
Beste alde batetik, plana garatzetik eratortzen diren proiektuen ondoriozko obrek sortutako soinu-mailak, obra horien eragin-eremuan, ezingo ditu gainditu Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsaduraren Dekretuan (urriaren 16ko 213/2012 Dekretua) ezarrita dauden kalitate akustikoaren helburuak.
Paisaia-integrazioarekin lotutako neurriak.
Planak esplizituki jasoko du oinarrizko proiektuak edo egikaritze-proiektuak lehengoratze-proiektua izan behar duela; azken horretan, proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak bilduko dira, eta jarduketak xehetasunez garatuko dira, gauzatzeko behar adinako xehetasun-mailarekin, aurrekontua barne.
Gune libreak landareztatzeko, Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua liburuxkan jasotako gomendioak eta neurriak baliatuko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egin zuen. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua txikiagoa izan dadin. Lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana.
Errepideak babesteko neurriak.
Bizkaiko Foru Aldundiko Berrikuntza eta Bide Kudeaketako Zuzendaritza Nagusiaren txostena kontuan hartuta, planak Bizkaiko Errepideei buruzko urriaren 20ko 5/2021 Foru Arauaren erreferentzia jaso beharko du hirigintza-araudian; beraz, arau horren 38. artikuluaren arabera, jaso beharko du foru-errepideekiko eraikuntza-lerroak berrogeita hamar (50) metrora egon beharko duela autobideetan, galtzadaren kanpoko ertzetik neurtuta.
Osasun publikoari buruzko neurriak.
Beren eragin-eremuan biztanleriarengan duten eragin negatibo edo positiboagatik garrantzitsuenak edo esanguratsuenak izan daitezkeen planeko ekintzak jasoko dira, eta honako hauek deskribatuko dira: eragindako biztanleria, eraikin kalteberen presentzia (ikastetxeak, zentro soziosanitarioak) eta pertsonak egon ohi diren eremuak (parkeak, jolas-eremuak). Kontuan hartu behar da plana aukera bat dela ingurunea aprobetxatzeko eta osasunaren gizarte-baldintzatzaileen gainean jarduteko (hiri-diseinua eta -kalitatea, oinarrizko baliabide eta zerbitzuetarako sarbidea, pertsonen baldintza sozioekonomikoak, etab.).
Soberakinen kudeaketari buruzko neurriak.
Planaren eremuaren barruan, lur-mugimendua orekatua izatea lehenetsiko du proiektuak. Hori posible ez bada, lehentasuna emango zaio lur- eta arroka-soberakinak mailegu-premian dagoen hurbileko obra batean balorizatzeari. Balorizatzea ezinezkoa bada, soberakinak metatzeko egon daitezkeen kokalekuak identifikatuko dira, eta soberakinak eramateko dauden aukerak ingurumen-irizpideekin aztertuko dira, ingurumen-inpaktu txikiena duen lekua hautatzeko. Azken kasu horretan, soberakinen biltegi baimendu bat izango da beti, eta arau hauetan xedatutakoa betez egingo da haien kudeaketa: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena; eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.
Beste prebentzio-neurri eta neurri zuzentzaile batzuk:
Aurreko neurriak ezertan eragotzi gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak lotuta egongo dira obretako, lurrak eta soberakinak kudeatzeko, hondakinak sortu eta kudeatzeko, hondeatutako lurzoruak kontrolatzeko, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira, eta planak azkenean hartzen dituen zehaztapenei erantsiko zaizkie:
Jardunbide egokien eskuliburua edukiko da, obrako langileek erabil dezaten. Gai hauekin lotutako alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretara isurketak egitea saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean ahalik eta gutxien eragitea, hondakinak kudeatzea eta abar.
Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak (barnean direla makinak gordetzeko guneak, obra-txabolak, obrako materialak, landare-lurra eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak) ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.
Hondakinak sortu eta kudeatzea: obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira.
Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzeari aurrea hartzea sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkeran kudeatu daitezela; hau da: prebentzioa, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.
Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea ez dela bideragarria haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.
Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta hondakin-tipologia horiek isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuagoak edo kudeatzen zailagoak bihurtzen badira. Hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte, eta itxita egongo dira kudeatzaileari entregatu arte, isurita edo lurrunduta edukirik gal ez dezaten. Edukiontzi edo ontzi horiek argi etiketatu beharko dira, irakurtzeko eta ezin ezabatuzko moduan, eta indarrean dagoen araudiaren arabera.
Eremu jakin bat egokituko da hondakin arriskutsuak bertan behin-behinean pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Halaber, obran zehar, eta lanek irauten duten bitartean, elementu estankoak jarriko dira (bidoiak eta abar) sortutako hondakinak biltzeko. Hondakin horiek motaren arabera bereizi beharko dira, aipatutako garbigunean aldi baterako biltegiratu baino lehen.
Espresuki debekatuta dago sortutako hondakin-tipologia desberdinak elkarren artean edota beste hondakin edo efluente batzuekin nahastea. Halako hondakinak jatorritik bereiziko dira, eta bilketa- eta biltegiratze-bitarteko egokiak prestatuko dira nahasketa horiek ekiditeko.
Olio erabiliak estalpean utziko dira kudeatzaile baimendu bati entregatu arte, behar bezala etiketatutako depositu estankoetan, zolata iragazgaitz baten gainean, eta kubo txikietan edo isuriei eta ihesei eusteko sistemen barruan.
Aplikatzekoa den araudia betetzen laguntzeko, lanetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da langileek sistema horiek behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez da inola ere kontrolik gabeko efluenterik sortuko erregaiak eta produktuak biltegiratzetik, makineria mantentzeko lanak egitetik edo hondakinak erretzetik.
Industrian erabilitako olioen kudeaketa arautzen duen 2006ko ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatuko dira olio erabiliak.
Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak.
Lurzoruaren eta lurpeko uren babesa: prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira obra-faserako, istripuzko isurien eraginak saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea eta abar). Ustekabeko isurketarik gertatuz gero, lurzoru kutsatua eta material xurgatzailea berehala jasoko dira, eta hondakin arriskutsu gisa biltegiratu eta kudeatuko dira.
Bilketa-eremuak, instalazio lagungarriak eta makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Makineriaren mantentze-lanak iragazgaitzak ez diren eremuetan egitea saihestuko da. Nolanahi ere, hondakinak bereziki olio erabiliak biltzeko sistema bat izango duen plataforma iragazgaiztu baten gainean egingo dira obran erabiltzen den makineriari erregaia jartzeko, lubrifikatzaileak aldatzeko eta abarretarako lanak, urak ez kutsatzeko.
Obretako zarata: obra-fasean erabilitako makineriak bete egin behar ditu aire zabalean erabiltzen diren makinen soinu-emisioen inguruan indarrean dagoen legerian ezarritako aginduak, Zaratari buruzko 2003ko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen 2007ko urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan ezarritakoaren arabera (zonifikazio akustikoari, kalitate-helburuei eta emisio akustikoei dagokien errege-dekretua), eta, bereziki, hala badagokio, 2002ko otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakoaren arabera (aire zabalean erabiltzen diren makina jakin batzuen ondoriozko soinu-emisioak arautzen dituen errege-dekretua 2006ko apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua).
Obrek iraun bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira zaratak sorburuan bertan murrizteko bereziki, hondeaketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makineriaren mantentze-lan orokorretan eta zaratak nahiz bibrazioak sorburuan murrizteko eginkizunetan ere.
Eguneko lan-ordutegian egingo dira lanak.
Sei hilabeterako baino gehiagorako lanak badira, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35.bis artikuluaren arabera, inpaktu akustikoari buruzko azterketa bat egin beharko da, egoki diren zuzenketa-neurriak zehazteko.
Horrek guztiak ez du kentzen Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa betetzea; hau da, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala emango zaio horren berri Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Departamentuari, hark zer neurri hartu behar diren erabaki dezan.
Kamioiek obrara sartzeko eta handik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presiopeko ura edo erratz-makina mekanikoak erabiliko dira.
Obrek kaltetutako eremuak lehengoratzea: proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak lehengoratuko dira. Hala badagokio, espazio libreak lehenbailehen landareztatuko dira, higadura-prozesuak gertatzea, solidoak drainatze-sarera arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa saihesteko.
Eraikingintza jasangarria: eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoak izateko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan jasotako ingurumenaren arloko neurriak eta jardunbide egokiak erabiliko dira (hemen eskuragarri: https://www.ihobe.eus/argitalpenak), eraikinen energia-aurrezpen eta -efizientzia eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek alderdi hauetan eragin beharko dute, gutxienez:
Materialak. Lehengai berriztaezin gutxiago kontsumitzea.
Energia. Energia gutxiago kontsumitzea edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.
Edateko ura. Edateko ur gutxiago kontsumitzea.
Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.
Barnealdeko kalitatea. Barnealdeko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.
Bigarrena. Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, baita sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Amorebieta-Etxanoko Karmen exekuzio-unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren aldaketak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.
Hirugarrena. Ebazpen honen edukia jakinaraztea Amorebieta-Etxanoko Udalari.
Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea.
Bosgarrena. Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek galdu egingo du indarra eta utzi egingo dio dagozkion ondoreak sortzeari, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta gehienez lau urteko epean, ez bada Amorebieta-Etxanoko Karmen egikaritze-unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren aldaketa onesten. Kasu horretan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazioa egiteko prozedura, salbu eta ingurumen-organoari haren indarraldia luzatzeko eskatzen bazaio. Hori gertatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz zehaztutako moduan.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko azaroaren 10a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.