Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2025eko abenduaren 9koa, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako Agenteen eta Agente lehenen kategoriako karrerako funtzionarioak Bide Segurtasuneko espezializazio ikastaroan sartzeko hautaketa-prozedurarako.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Segurtasun Saila; Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 251
  • Hurrenkera-zk.: 5547
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2025/12/09
  • Argitaratze-data: 2025/12/30

Gaikako eremua

  • Gaia: Segurtasuna eta justizia; Gizarte gaiak eta emplegua; Hezkuntza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Herrizaingoa; Lana eta enplegua; Funtzio publikoa

Testu legala

Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legearen 23. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren hautespen- eta prestakuntza-araudia onartzen duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 52. artikuluan eta hurrengoetan eta haren ondorengo aldaketetan ezarritakoarekin bat etorriz, Segurtasuneko sailburuordeak egindako eskaera kontuan hartuta, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Zuzendaritza Nagusiak hautaketa-prozedurarako deialdia egiten du Ertzaintzako Oinarrizko Eskalako Agenteen eta Agente lehenen kategoriako karrerako funtzionarioentzat Bide Segurtasuneko Espezializazio Ikastaroan sartzeko.

OINARRIAK

Lehenengoa. Deialdiaren xedea.

  1. Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako funtzionarioentzako Bide Segurtasuneko Espezializazio Ikastaroan sartzeko lehiaketa-sistemaren bidezko hautaketa-prozedurarako deialdia egiten da.

    Deitutako ikastaroa espezializazio-ikastaroa da, Euskal Herriko Poliziaren hautespen- eta prestakuntza-araudia onartzen duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 54. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera.

  2. Guztira, 42 plaza eskaintzen dira deialdian, jarraian zehazten den moduan:

    28 lanpostu, agenteen kategoriako karrerako funtzionarioentzat.

    14 plaza, agente lehenen kategoriako karrerako funtzionarioentzat.

    Deitutako plazen kopurua handitu ahal izango da, hautaketa-prozesu honetan zehar edozein arrazoirengatik bide-segurtasuneko espezialitateari lotutako kategoriek dituzten beharren arabera. Gehikuntza hori Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako iragarki-taulan argitaratuko da, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, Euskal Herriko Poliziaren hautespen- eta prestakuntza-araudia onartzen duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 40.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

    Handitzea ere oinarri hauen arabera arautuko da, eta, nolanahi ere, bederatzigarren oinarriko 3. apartatuan aurreikusitako izapidea baino lehen egin beharko da.

    Hautaketa-prozesu honetan betetzen ez diren deitutako agente lehenen kategoriako lanpostuen kopuruak agenteen kategoriari dagozkion plazak gehituko ditu.

    Bigarrena. Parte hartzeko betekizunak.

  1. Hautaketa-prozeduran parte hartu nahi dutenek baldintza hauek bete beharko dituzte onartuak izateko:

    1. Aldez aurreko eskaera egitea.

    2. Egoera hauetakoren batean egotea:

      1. Agenteen kategoriako 28 lanpostuen hautaketa-prozesuan parte hartzeko, agenteen kategorian karrerako funtzionario izatea eta kategoria horretan zerbitzu aktiboan egotea.

      2. Agente lehenen kategoriako 14 lanpostuen hautaketa-prozesuan parte hartzeko, agente lehenen kategoriako karrerako funtzionario izatea eta kategoria horretan zerbitzu aktiboan egotea.

    3. Ebazpen hau argitaratzen den egunean gutxieneko iraunaldi bereziari loturiko lanpostu bati atxikita ez egotea, salbu eta denbora hori beteta badago, edo organo eskudunak uko egitea onartu badu, edo lotura eta arrazoi bera daukan beste postu baterako izangai bada, uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuaren 97.3 artikuluan eta abenduaren 22ko 388/1998 Dekretuaren 5.3 azken paragrafoan ezarritakoaren arabera.

    4. Edozein potentzia eta pisutako motozikletak bide publikoetan gidatzeko administrazio-baimena izatea (A motako gidabaimena), Gidarien Erregelamendu Orokorra onartzen duen maiatzaren 8ko 818/2009 Errege Dekretuaren arabera.

    5. Bide Segurtasuneko espezialitatea ez izatea.

  2. Prozeduran parte hartu nahi dutenek aurreko apartatuan ezarritako baldintza guztiak bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

  3. Pertsona bat onartua izateko eta hautaketa-prozesuan parte hartzeko, nahikoa izango da eskabidean adieraztea eskatutako baldintza guztiak betetzen dituela, betiere eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean. Hori ofizioz egiaztatuko du deialdia egin duen organoak, eta, horretarako, Giza Baliabideen Zuzendaritzaren ziurtagiria eskatuko du, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako artxiboetan jasota ez dauden datuei dagokienez.

  4. Aurrekoa gorabehera, hautaketa-prozeduraren edozein unetan edo prestakuntza-ikastaroan zehar onartutakoen eta baztertutakoen zerrenda onartzeko eskumena duen organoak jakingo balu horietakoren batek, hasieran edo gerora sortutako inguruabarrengatik, deialdian parte hartzeko eskatzen diren baldintzak ez dituela betetzen, hautaketa-prozesutik edo, hala badagokio, prestakuntza-ikastarotik baztertuko du, hari entzun ondoren.

    Hirugarrena. Eskabideak.

  1. Hautaketa-prozeduran parte hartu nahi dutenek Sailaren Gurenet intranetaren bidez formalizatu beharko dute eskabidea, bertan eskuragarri egongo den eskabide-eredua betez.

  2. Eskabideak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

    Laugarrena. Izangaiak onartzea.

  1. Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Zuzendaritza Nagusiak hautaketa-prozeduran onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda onartuko du, eta hamabigarren oinarrian aurreikusitako moduan argitaratuko da.

  2. Behin-behineko zerrendan, baztertutako pertsona bakoitzari dagokionez, baztertua izateko arrazoiak adieraziko dira, eta 10 egun balioduneko epea emango da erreklamazioak egiteko eta eskabidean dauden akatsak zuzentzeko.

  3. Aurkeztutako erreklamazioak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Zuzendaritza Nagusiaren ebazpenean onartu edo baztertuko dira. Ebazpen horren bidez, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda behin betiko bihurtuko da, eta hamabigarren oinarrian aurreikusitako moduan argitaratuko da.

    Bosgarrena. Epaimahai kalifikatzailea.

  1. Oposizioko probak zehaztu, garatu eta ebaluatzeko, epaimahai kalifikatzaile bat eratuko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bategina onartzen duen 1/2020 Legegintzako Dekretuan eta uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuan aurreikusitakoaren arabera. Epaimahaiburuak eta bi epaimahaikidek osatuko dute epaimahaia, eta horietako bat idazkaria izango da.

    Epaimahai kalifikatzaileko kideen eta haien ordezkoen izendapena hamabigarren oinarrian aurreikusitako moduan jakinaraziko da, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen baten bidez.

    Epaimahai kalifikatzailearen osaera orekatua izango da gizonen eta emakumeen artean, justifikatutako ezintasunik ez badago. Ordezkaritza orekatutzat joko da sexu bakoitzak gutxienez % 40ko ordezkaritza duenean.

  2. Epaimahai kalifikatzailearen jarduna kide anitzeko organoen funtzionamendua erregulatzen duten arauen araberakoa izango da.

    Epaimahai kalifikatzaileko kideei Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legearen 23. eta 24. artikuluetan jasotako abstentzio- eta errekusazio-arrazoiak aplikatuko zaizkie.

  3. Hautaketa-sistemaren lehiaketa-fasearen garapena eta ebaluazioa epaimahai kalifikatzaileari dagokio; autonomia funtzional osoz jardungo du, prozeduraren objektibotasunaren erantzule izango da, eta deialdiaren oinarriak betetzen direla bermatuko du.

  4. Epaimahai kalifikatzaileak behar diren neurriak hartu ahal izango ditu hautaketa-sistema garatzeko oinarri hauetan aurreikusi ez den guztian, eta haren interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren arazoak ebatzi ahal izango ditu, bai eta bere eginkizunak betetzeko sortzen direnak ere.

  5. Epaimahaiak ezin izango du hautatu deialdiko plaza-kopurua baino izangai gehiago. Muga hori hausten duten proposamen guztiak erabat deusezak izango dira.

  6. Epaimahai kalifikatzailearen erabakiak hamabigarren oinarrian aurreikusitako moduan argitaratuko dira.

  7. Epaimahai kalifikatzaile honetan parte hartzeak aurreikusitako legezko kalte-ordainak jasotzea ekarriko du.

  8. Epaimahai kalifikatzaileari zuzendutako idazkiak 2025seguridadvial@seg.euskadi.eus helbide elektronikora bidaliko dira.

    Epaimahaiak bide beretik erantzungo die jasotzen dituen idazkiei, eta Ertzaintzako funtzionarioen posta elektroniko korporatiboko helbide indibidualera bidalita.

    Seigarrena. Hautaketa-prozesua.

  1. Hautaketa-sistema lehiaketa izango da, Euskal Herriko Poliziaren hautespen- eta prestakuntza-araudiaren 7. eta 55. artikuluetan xedatutakoaren babesean.

  2. Hautaketa-prozeduraren guztizko puntuazioa lehiaketa-fasean lortutakoen batura izango da, gehi, hala badagokio, euskararen ezagutza merezimendu gisa ebaluatzetik ondorioztatzen dena. Puntuazio horrek hautaketa-sisteman parte hartzen dutenen lehentasun-ordena zehaztuko du.

    Zazpigarrena. Lehiaketa.

  1. Eskabideak aurkezteko epea amaitu aurretik egindako merezimenduak baloratuko dira.

  2. Euskal Herriko Poliziaren hautespen- eta prestakuntza-araudia onartzen duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 13.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, deialdian parte hartzeko eskatutako betekizunak eta baldintzak ezin izango dira merezimendutzat hartu.

  3. Merezimenduak ez dira alegatu edo egiaztatu beharko. Horiek eskatzaileen Giza Baliabideen Zuzendaritzaren espediente pertsonalean jasotako datuen arabera baloratuko dira, eskabideak aurkezteko azken egunean.

  4. Lehiaketa-fasean, gehienez ere 40 puntu emango dira merezimenduak baloratzean, baremazio honen arabera:

  1. Historia profesionala baloratuko da, eta, horren barruan, Trafikoko Lurralde Unitateei atxikitako lanpostuetan egindako lana, bai Ikerketa Kriminaleko espezialitatean, bai Bide Segurtasuneko espezialitatean, baldin eta 388/1998 Dekretuaren II., III. eta IV. kapituluetan lanpostuak betetzeko aurreikusitako edozein moduren bidez lortu badira (388/1998 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia Kidegoetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko araudia onartzen duena).

    Lanpostu bakoitza Ertzaintzaren lanpostu-zerrendan jasotako lanpostu-kodearen bidez identifikatuko da. Ez dira lanpostu desberdintzat hartuko lanpostu-kode bereko dotazio desberdinak.

    Atal honi gehienez ere 25 puntu emango zaizkio, 0,30 puntu zerbitzuan emandako hilabete oso bakoitzeko (unitatea baino txikiagoak diren zatiak alde batera utzita).

  2. Era berean, historia profesionalaren barruan, 5 puntu emango dira Errepideko Motozikletak Gidatzeko Hobekuntza ikastaroa egin eta gainditzeagatik. Kontsiderazio eta balorazio bera emango zaio Bide Segurtasuneko Espezializazio Ikastaroko 3. moduluan («Dotazioko ibilgailuak gidatzea») sartutako «Motozikleta gidatzea» ikasgaia egin eta gainditzeagatik.

  3. Europar Batasuneko hizkuntza ofizialen ezagutza merezimendu gisa baloratuko da, eta apartatu honetan gehienez ere 5 puntu lor daitezke. Hizkuntza bakoitzeko 2,50 puntu emango zaizkie B-2 mailako edo goragoko ezagutzak egiaztatuta dituztenei, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin bat etorriz.

    Merezimendu horiek titulu ofizialen bidez egiaztatzea baino ez da onartuko. Ez da Europar Batasuneko hizkuntza ofizialen ezagutza egiaztatzeko probarik egingo.

  4. Segurtasun Saileko Giza Baliabideen Zuzendaritzan dauden datuen arabera baloratuko da antzinatasun-merezimendua, eta 0,5 puntu emango dira Ertzaintzan igarotako urte oso bakoitzeko (unitatetik beherako zatiak alde batera utzita). Gehieneko puntuazioak ezin izango du inola ere 5 puntu gainditu.

    Ertzaintzako antzinatasuna zenbatzeko, langileak zerbitzu aktiboan eta bigarren jardueran emandako denbora hartuko da kontuan, praktiketako funtzionario gisa igarotako denbora barne. Era berean, honako egoera hauetan emandako denbora ere zenbatuko da: seme-alabak edo senideak zaintzeko eszedentzian; ordezkaritza-organo publikoetarako hautagai gisa parte hartzeko borondatezko eszedentzian; genero-indarkeriagatiko eszedentzian; nahitaezko eszedentzian; zerbitzu berezietan; eta beste administrazio publiko batzuetan zerbitzuak emateko administrazio-egoeran. Zerbitzu aktiboko edo bigarren jarduerako egoera aldatzen ez duten lizentziek eta baimenek ere ez dute antzinatasunaren zenbaketa etengo.

    Antzinatasuna zenbatzeko hasiera-data hau izango da: Ertzaintzako karrerako funtzionario bihurtu zen prozeduran, praktiketako funtzionarioren izendapenaren ondorioak hasi zireneko eguna.

    Hutsegite arinagatik eginkizun-etenaldiak ez du antzinatasunaren zenbaketa eteten. Era berean, ez da antzinatasun-denbora murriztuko falta astunen kasuan, baldin eta etete-zehapena Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuaren 146. artikuluaren bosgarren apartatuan ezarritako modalitatearen bidez bete bada.

    Zortzigarrena. Euskararen ezagutza baloratzea.

    Euskararen ezagutza agiri bidez egiaztatuko da. Hautaketa-prozesuan ez da euskararen ezagutza egiaztatzeko probarik egingo.

    Eskabideak aurkezteko epearen amaiera-data kontuan hartuta baloratuko da, zehaztapen hauen arabera:

    Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 188. artikuluan ezarritakoaren arabera, euskararen ezagutza merezimendu gisa baloratuko da, eta 4 puntu emango zaizkie Ertzaintzaren 1. hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta dutenei edo euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin parekatzeko azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuan ezarritakoaren arabera aitortu edo parekatu direnei. Dekretu hori uztailaren 4ko 187/2017 Dekretuak eta apirilaren 18ko 65/2023 Dekretuak aldatu zuten (2010eko azaroaren 15eko EHAA, 219. zk.; 2017ko uztailaren 20ko EHAA, 138. zk.; eta 2023ko maiatzaren 17ko EHAA, 92. zk.).

    Bederatzigarrena. Lehiaketaren azken kalifikazioa.

  1. Lehiaketaren azken puntuazioa fase honetan lortutakoen batura izango da, gehi, hala badagokio, euskararen ezagutza merezimendu gisa baloratzetik ondorioztatzen dena, eta hautaketa-prozeduran parte hartzen duten pertsonen lehentasun-ordena zehaztuko du.

    Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren hautespen- eta prestakuntza-araudia onartzen duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 15. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, lehiaketa gainditu ahal izateko behar den gutxieneko puntuazioa ezingo da izan lehiaketan lor daitekeen gehieneko puntuazioaren erdia baino txikiagoa.

  2. Sailkapen-ordenako puntuazio-berdinketak irizpide hauen arabera ebatziko dira, ezarritako hurrenkeran:

    1. 4/2005 Legea, otsailaren 18koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoa.

    2. Puntu gehien lortu duena euskararen ezagutzan.

    3. Trafikoko Lurralde Unitateei atxikitako lanpostuetan aritzean lortutako puntuazio handiena, lanbide-historialaren atalaren barruan.

  3. Hautaketa-prozeduraren kalifikazioa amaitu ondoren, epaimahai kalifikatzaileak hamabigarren oinarrian aurreikusitako moduan onartu eta argitaratuko du, eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Zuzendaritza Nagusira bidaliko:

    1. Lehiaketa gainditu eta hautaketa-prozeduran jarraitzen duten pertsonen behin betiko zerrenda, kategorien arabera ordenatuta eta lortutako puntuazio handienetik txikienera ordenatuta.

    2. Sailkapen-ordenaren lehentasunari jarraituz kategorien arabera hautatutako pertsonen zerrenda, deialdiko plaza kopuruan lekua badute. Kategoria desberdinetako plazetara aurkezten diren pertsonen emaitzak bereiziko dira.

    3. Hautatuak izan ez diren pertsonen zerrenda, sailkapen-hurrenkeraren arabera hautaketa-sisteman puntuazioa lortu duten eta deialdiko plaza kopuruan sartu ez diren pertsonek osatua. Kategoria desberdinetako plazetara aurkezten diren pertsonen emaitzak bereiziko dira.

  4. Aurreko puntuan ezarritako argitalpenaren eta Bide Segurtasuneko Espezializazio Ikastarorako sarbidearen artean aldaketaren bat gertatzen bada, edozein arrazoi dela medio, hautatutako pertsonen zerrendan, aldaketa hori zehazten duen erabakia edo ebazpena argitaratuko da, hamabigarren oinarrian aurreikusitako moduan.

    Hamargarrena. Bide Segurtasuneko Espezializazio Ikastaroa.

    9.3.b) oinarrian xedatutakoaren arabera hautatutako pertsonak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen baten bidez deituko dira, Bide Segurtasuneko Espezializazio Ikastaroa egiteko.

  1. Hala hautatutako pertsonak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Zuzendaritza Nagusiak banatu ahal izango ditu, irakaskuntza-premien eta Ertzaintzaren zerbitzuaren eta haren antolaketaren arabera.

  2. Plazak osatu ezin badira, 9.3.b) oinarrian aipatutako pertsonen zerrenda agortuta dagoelako, 9.3.c) oinarrian aipatutako zerrenda osatzen duten pertsonekin osatuko dira, oinarri honen bigarren puntuan ezarritako esleipen-ordenaren arabera.

  3. Hautatutako pertsonei prestakuntza-ikastaroan parte hartzeko jakinarazpena Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Zuzendaritza Nagusiak izapidetuko du, Giza Baliabideen Zuzendaritzaren bidez.

  4. Bide Segurtasuneko Espezializazio Ikastaroa Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian edo bertako Zuzendaritzak izendatzen duen zentroan egingo da, eta hainbat ikastaro edo txandatan garatu ahal izango da.

  5. Ikastaroaren azken kalifikazioa hamabigarren oinarrian aurreikusitako moduan argitaratuko da.

  6. Ikastaroa amaitu aurretik prestakuntza-ikastaroa borondatez utziz gero, Administrazioak aukera izango du uko egin duen pertsonari bere prestakuntzan inbertitutako zenbatekoak itzultzeko eskatzeko.

    Ondorio horietarako, jarduketa hauetatik eratorritako zenbatekoak erreklamatu ahal izango dira:

    Prestakuntza-ikastaroaren zenbatekoa (indarrean dagoen prezio publikoen araudiaren arabera).

    Prestakuntza-ikastaroan emandako ekipamendu pertsonalaren zenbatekoa.

    Hamaikagarrena. Araubide juridikoa.

  1. Prestakuntza-ikastaroak irauten duen bitartean, ikasleek Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Barne Araudiko barne- eta diziplina-erregimeneko arauak bete beharko dituzte, eta, osagarri gisa, gertakaria irakaskuntzako diziplina-falta hutsa ez den kasuetan, Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoen diziplina-araubideko arauak.

    Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren hautespen- eta prestakuntza-araudia onartzen duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 38.2 artikulua aplikatuz, hautaketa-prozesutik kanpo uzteko arrazoia izango da aurreko puntuan aipatutako bi arauetako edozeinetan arau-hauste astun edo oso astun bat egiteagatik zehapena ezartzea.

    Era berean, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia izango da eskola-jardueretara joatetik salbuesten duen edozein lizentzia edo baimen emateko organo eskuduna.

    Prestakuntza-ikastaroan zehar eskola-jardueretara joatea nahitaezkoa da, eta zerbitzu-premiatzat hartuko da baimen-eskaera ororen ondorioetarako.

  2. Hautatutako pertsonei, ikastaroak egiten ari diren bitartean, betetzen ari diren lanpostuari dagokion lizentzia emango zaie.

  3. Bide Segurtasuneko espezializazio-ikastaroak gainditzeak ez du berez eskubiderik emango lanpostu jakin bati atxikitzeko, ez eta espezialitate hori duten lanpostuei esleitutako eginkizunak betetzeko ere. Hala ere, gainditzen duten pertsonek nahitaez eskatu beharko dituzte, sortzen den lehen deialdian, bai 94. artikuluan jasotako sistema arrunten bidez, bai uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuaren 105. artikuluko salbuespenezko sistemaren bidez, eta lehentasunez, betekizun gisa eskuratutako prestakuntza eta ezagutzak eskatzen dituzten lanpostu huts guztiak. Hala egin ezean, horietako edozeini atxiki edo nahitaez esleitu ahal izango zaizkio. Azken kasu horretan, ez da inolako konpentsazio ekonomikorik jasotzeko eskubiderik izango.

    Ikastaroa edo ikastaroak gainditu ondoren, Giza Baliabideen Zuzendaritzak behin-behinean atxikiko ditu gainditu duten pertsonak Bide Segurtasuneko espezialitatea eskatzen duten lanpostuetara.

  4. Prestakuntza-ikastaroak nahitaezkoak eta baztertzaileak izango dira, eta ikastaroan ez hastea edo ez gainditzea, pertsona automatikoki hautaketa-prozesutik kanpo uztea ekarriko du, eta izan ditzakeen eskubide guztiak galduko ditu. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Zuzendaritza Nagusiak egingo du kanporatzearen deklarazioa.

    Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, ezinbesteko arrazoiak tarteko, ikastaroan hasten ez diren edo hura osatzen ez duten pertsonek hurrengoan egin ahal izango dute, inguruabar eragozleak desagertu ondoren, aldez aurretik eskatuta.

    Kausa baloratzea eta dagokion ebazpena ematea Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Zuzendaritza Nagusiari dagokio.

    Hamabigarrena. Argitalpenak.

    Berariaz besterik xedatu ezean, argitalpenak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako iragarki-taulan egingo dira, hargatik eragotzi gabe Gurenet intranet korporatiboan kontsultatu ahal izatea. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren iragarki-taulan argitaratzen den eguna erabakigarria izango da epeak zenbatzeko.

    Hamahirugarrena. Errekurtsoak.

    Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Zuzendaritza Nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, zuzenean aurka egin dezakete administrazioarekiko auzien jurisdikzioan, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Azken kasu horretan, administrazioarekiko auzien epaitegien lurralde-eskumenari buruzko arauak errespetatu beharko dira, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 14. artikuluan jasotakoak.

    Deialdi honetatik, epaimahai kalifikatzailearen jardueratik edo Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako organoetatik eratorritako administrazio-egintzak aurkaratu ahal izango dituzte interesdunek, administrazio-prozedura erkidea arautzen duen araudian aurreikusitako kasuetan eta moduan.

    Arkauti, 2025eko abenduaren 9a.

    Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusia,

    JON GURUTZ GOMEZ GOICOLEA.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik