Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2024ko uztailaren 17koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Donostiako AY.13-Errondo Gaina II hirigintza-eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Partzialari buruzko Ingurumen Adierazpen Estrategikoa.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 168
- Hurrenkera-zk.: 4051
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2024/07/17
- Argitaratze-data: 2024/08/29
Gaikako eremua
- Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena
Testu legala
2020ko abenduaren 18ko Ebazpenaren bidez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioko Zuzendaritzak Donostiako AY.13-Errondo Gaina II HEaren Plan Partzialaren ingurumen-azterketa estrategikoaren irismen-dokumentua formulatu zuen, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuan xedatutakoari jarraituz.
Alkatetzak 2023ko urriaren 17an emandako ebazpenaren bidez, hasierako onarpena eman zitzaion AY.13-Errondo Gaina II Sektorearen Plan Partzialari.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 21. artikuluan eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzeko urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 12. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Donostiako Udalak Planaren eta haren ingurumen-azterketa estrategikoaren jendaurreko informazioaren izapidea bete zuen, jendaurrean 45 egunez jarrita, 2023ko urriaren 26ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialeko (207. zenbakia) iragarkiaren bidez. Era berean, indarrean dagoen araudiaren arabera, ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsulta egiteko izapidea bete zuen.
Donostiako Udalak, 2024ko maiatzaren 14ko ziurtagiri baten bidez, administrazio publikoei entzuteko izapidean hiru txosten jaso zirela adierazi zuen; horien emaitza eta edukia administrazio-espedientean jasota daude. Era berean, aurkeztutako dokumentazioan jasotakoaren arabera, ingurumen-edukirik gabeko alegazio bat jaso zen.
2024ko uztailaren 1ean, Donostiako Udalak AY.13-Errondo Gaina II HEaren Plan Partzialaren (aurrerantzean, Plana) Ingurumen Adierazpen Estrategikoa egiteko eskaera osatu zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan.
Eskaerarekin batera, honako hauek aurkeztu zituen: Plan Partzialaren behin betiko proposamena (behin betiko onespenerako dokumentua), 2024ko otsailekoa; Ingurumen Azterketa Estrategikoa, 2021eko maiatzekoa; eta informazio publikoaren izapidea eta ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei entzunaldia egiteko izapidea azaltzeko zenbait dokumentu.
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak eragin ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea, eta ingurumenaren babes-maila handia bermatzea, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.
Halaber, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluaren arabera, ingurumen-ebaluazioak ingurumena babesteko maila handia bermatu eta garapen jasangarria sustatuko du. Horretarako, planak, programak eta proiektuak egiteko, hartzeko, onesteko edo baimentzeko ingurumen-alderdiak bateratuko ditu; ingurumen-alternatiba bideragarriak aztertu eta hautatuko ditu; ingurumenarekiko ondorio kaltegarriak prebenitzeko, zuzentzeko eta, hala badagokio, konpentsatzeko aukera ematen duen neurriak ezarriko ditu; eta ingurumen-ebaluazioaren helburua betetzeko beharrezkoak diren zaintza-, jarraipen-, eta zehapen-neurriak ezarriko ditu.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.1 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, administrazio publiko batek abian jarritako edo onetsitako planei eta programei ohiko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaie, bai eta haien aldaketei ere, horiek lege- edo arau-xedapen batek beharturik prestatu eta onartu badira, baldin eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitera legez behartutako proiektuak baimentzeko etorkizuneko esparrua ezartzen badute eta arlo jakin batzuei erreferentzia egiten badiete, hala nola hiri- eta landa-lurraldearen antolamenduari eta lurzoruaren erabilerari.
Orobat, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 61. artikuluan xedatutakoaren arabera, II.A. Eranskinean zehazten denari jarraituz ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen planei, programei eta horien aldaketei eta berrikuspenei ohiko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egingo zaie. Eranskin horretan jasotako plan eta programen artean, etorkizunean ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitera legez behartutako proiektuak baimentzeko esparrua ezartzen duten eta arlo jakin batzuei hala nola hiri- eta landa-lurraldearen antolamenduari eta lurzoruaren erabilerari erreferentzia egiten dieten planak eta programak daude.
Halaber, kontuan hartuta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 17. artikulua eta hurrengoak, eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzeko urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 8. artikulua eta hurrengoak, bai Donostiako Udalak, bai Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak beharrezkoa den guztia xedatu dute Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura aurrera eramateko ingurumen-azterketa estrategiko baten bidez zeinaren irismena aurrez ezarri baita, kontsulta publikoen bidez eta ukitutako administrazio publikoen eta interesdunen parte-hartze prozeduraren bidez.
Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-azterketa estrategikoa egokia dela eta indarrean dagoen araudiari egokitzen zaiola, ingurumen-adierazpen estrategiko hau eman du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (organo eskuduna da, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren arabera), Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuarekin bat etorriz. Esandako adierazpen horretan, ingurumenaren arloko alderdiak Planaren proposamenean egoki txertatu direla baloratzen da, eta plan horrek ingurumenean eragingo dituen inpaktu esanguratsuen aipamena ere jasotzen da, azkenean onartuko den Planean sartu beharreko azken zehaztapenak barnean direla, ingurumen-ondorioetarako bakarrik.
Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 211/2012 Dekretua, urriaren 16koa, Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duena; 18/2024 Dekretua, ekainaren 23koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau
Lehenengoa. Donostiako AY.13-Errondo Gaina II HEaren Plan Partzialaren ingurumen-adierazpen estrategikoa egitea, honako baldintza hauen arabera:
Planaren eremua Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren AY.13 Errondo Gaina II lurzoru urbanizagarriko sektorea da, 30.539 m2-ko azalerakoa.
Planaren xedea da AY.13 Errondo Gaina II eremuaren antolamendu xehatua definitzea, Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean (aurrerantzean, HAPO) ezarritako zehaztapenak garatuz.
Eremuan, gaur egun, bi eraikin nagusi daude: bata bizitegi-izaerakoa, hutsik dago, eta bestea, industria-izaerakoa, ez da erabiltzen, baina beste etxebizitza txiki bat du atxikita eta bertan jendea bizi da. Gaur egun, eremuaren erabilera bakarrak deskribatutako eraikinei lotuta daude, eta eremuaren hego-mendebaldeko ertzean sortu diren kontrolatu gabeko baratze txikiak landu eta ustiatzearekin.
Azpiegiturei dagokienez, eremu horretan goi-tentsioko eta goi-tentsio oso handiko aireko linea elektrikoen bi euskarri daude, ondoko azpiestazio elektrikoarekin lotuak. Halaber, eremuaren mugan hirugarren dorre bat dago; tarte horretan, linea lurpetik igarotzen da, eremuaren mendebaldeko mugaren ingurutik.
Antolamendu xehatuak alderdi hauetara egokitu behar izan du:
Azpiestazio elektrikoaren presentzia: Plan Partzialak antolatzen duen bizitegi-eremuaren ondo-ondoan dago eta HAPOk finkatu egiten du.
Aireko linea elektrikoak: Planean, azkenean, eremua zeharkatzen duten bi linea elektrikoak lurperatzea erabaki da. Horretarako, euskarrien kokapena ere aldatu beharko da.
Nahitaezko ekipamendu pribatua: eremuak 500 m2s eraikigarri inguru izan behar ditu sestra gainean, eta, horrez gain, sestra azpiko eraikigarritasun-kopuru bat ere lotu dakioke, baina oraindik zehaztu gabe dago. Azpiestazio elektrikoa hor egoteak bizitegi-erabileretarako dakartzan mugak kontuan hartuta, etxebizitzen ordez azpiestazioaren ondoan ekipamendu pribatuko lurzati hori kokatzea planteatzen da.
Espazio libreen tokiko sistema: Plan Partzialak mendi-hegal zuhaiztsuaren goiko eremua espazio libreen tokiko sisteman sartzen du, eta eremu urbanizatuaren perimetro osoan zehar irisgarri egingo du, oinezkoentzako ibilbide berde bat definituz.
Hauek dira Plan Partzialaren oinarrizko jarduketak:
Eraikinak ezartzeko behar diren lurzatiak antolatzen dira. Lurzatiek HAPOk eremuari esleitutako bizitegirako hirigintza-eraikigarritasuna bete behar dute, hautatutako eraikuntza-tipologia xehatuaren arabera (a.40) eta horren berezko mugekin (6 etxebizitzatarako atariak, gehienez 12 etxebizitza lurzati bakoitzeko, 120 m2-ko batezbesteko etxebizitza-tamaina).
Ibilgailuen eta oinezkoen bide-sarea, aparkalekua eta eremuko azpiegiturak ezartzeko behar den erreserba egiten da, definitutako lurzati guztietarako irisgarritasuna bermatuz, baita zerbitzuko ibilgailuen zirkulazioa eta eska daitekeen aparkaleku-plazen kopurua ere.
Sistema lokalen sareko zuzkidura eta ekipamenduetarako lurzoru-erreserbak egiten dira.
Ekipamendu pribatuetarako sabai eraikigarriaren gutxieneko zuzkidura egiten da.
Honako antolamendua proposatzen da:
Eremua erdiko bide-trazadura baten inguruan eratuko da, eta sarbidea San Juan de Dios klinikarekiko paraleloan dagoen bidetik izango du. Eremua garatzeko, bide hori hau da, eremutik kanpoko lurzorua zabaldu egin behar da, mendi-hegalaren alde aldapatsuan. Eremuaren barruan, bide-sarea (e.10.1 lurzatia, 5.213 m2-ko azalerakoa) biribilgune batez osatuta dago. Biribilgune hori mendebaldeko ertzean dago, eremurako sarbidearen ondoan, eta ekialderantz luzatzen den norabide bakarreko barne-eraztun batekin lotzen da. Bide-eraztun horrek lineako aparkalekuak eta espaloia izango ditu bizitegi-lurzatien aldean; barruan, berriz, lorategi-erdibitzaile gune bat, aparkaleku-gune bat eta erdiko zuzkidura-espazioa (g.00.1 lurzatia), bulebar gisa. Bide-eraztunari lotutako espaloitik bizitegi-lurzatietarako zuzeneko sarbidea dago, bai oinezkoentzat, bai ibilgailuentzat antolatua, lurzati guztietara ibilgailuekin sartzeko puntuak definitu baitira.
Deskribatutako bide-eraztunean oinarrituta, eraztun osoan, zortzi (8) bizitegi-lurzati (a.10.1/a.10.8) definitzen dira, guztira 9.524 m2-ko azalerakoak eta lurzati bakoitzak gehienez 1.465 m2s-ko bizitegi-eraikigarritasuna izango du. Gehieneko eraikuntza-profila honakoa izango da: bi soto, hiru goiko solairu eta teilatupeko solairu bat. Lurzati bakoitzeko 12 etxebizitza libre onartzen dira; guztira, 96 etxebizitza.
Bizitegi-lurzati horien kanpoko eremuan, berdeguneetarako eta espazio libreetarako f.10.1 lurzati osoa erabiliko da, 11.585 m2-ko azalerakoa, eremuaren muga perimetraleko mendi-hegal basotsuari dagokiona.
Bestalde, Plan Partzialak tokiko sistemen sareko zuzkidura publikoetarako 13.442 m2-ko lurzoru-erreserba ezartzen du guztira, g.00.1 (1.551 m2) eta f.10.1 (11.891 m2) lurzatietan. Gune horretan lorategiak eta jolas- eta aisialdi-eremuak kokatuko dira.
Interes publiko eta sozialeko zerbitzuei eta hezkuntza-ekipamenduari dagokienez, g.00.2 lurzatia (2.360 m2) definitu da. Lurzati horri 495,60 m2s-ko eraikigarritasuna atxiki zaio (489 m2s-ko gutxienekotik gorakoa), tokiko sistemen sareko ekipamendu pribatuetarako.
Aparkalekuari dagokionez, Plan Partzialean bide publikoari lotutako 74 aparkaleku-plaza aurreikusten dira gutxienez, eta 184 aparkaleku-plaza gutxienez lurzati pribatu eraikigarrietan; hau da, guztira 258 aparkaleku-plaza gutxienez.
Oinezkoentzako ibilbideei dagokienez, Planak espazio libreen sistemaren barruko oinezkoentzako ibilbide bat definitu du. Plataforma urbanizatuaren kanpoko perimetro osoa zeharkatzen du, kilometro erdi inguruko luzera du eta gehienez % 6ko maldak. Ibilbide hori, «C» alderantzikatu baten formakoa, eremuaren ipar-mendebaldeko erpinetik abiatzen da, bide publikoari lotutako espaloitik, eta hego-mendebaldeko erpinean amaitzen da, bide publikoko espaloian. 500 metro inguruko luzeran, hasieraz eta amaieraz gain, eremuko erdiko espazio publikoarekin lotzen duten beste zortzi puntu ditu, uniformeki banatuta, bizitegi-lurzatiek eduki behar dituzten lur gaineko erabilera publikoko zortasun-zerrenda zabalen bidez. Ibilbide horren eta haren lotura-puntuen bidez, zuhaitz-masa, eremuaren ipar, ekialde eta hegoaldeko ertzetakoa zein bere mugetatik haragokoa, sortuko den espazio publiko berrian integratuko da.
Azkenik, Planean ezartzen denez, gutxienez 101 zuhaitz landatu behar dira e.10 lurzatian (lerrokadura-zuhaiztia) eta f.10.1 lurzatiaren mendebaldean. Zuhaitz horiez gain, gehiago ere landatuko dira, eremuaren ipar-ekialdeko koadrantean ukituko den zuhaitz-eremua konpentsatzeko. Zehazki, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzaren 2024ko urtarrilaren 8ko txostenean ezarritakoa betez. Plan Partzialean, eremuaren barnealdeko konpentsaziozko leheneratze-guneaz gain (3.700 m2), aurrekoarekin mugakide den gune bat ere leheneratzeko beharra ezartzen da, baina eremuaren kanpoaldean, 2.930 m2-koa; horrela, guztira 6.800 m2-koa izango da konpentsazioa.
Eremuan behar diren zerbitzu-azpiegitura sare guztiak egongo da.
0 aukeraz edo esku ez hartzeko aukeraz gain, Ingurumen Azterketa Estrategikoak bost antolamendu-aukera aurkezten ditu, azken hamarkadetan, 1995eko HAPOan planteatutako hasierako antolamendu orientagarritik abiatuta, balioetsi diren eremua garatzeko proposamenei dagozkienak.
Ingurumenaren ikuspegitik, alternatiba horien arteko alde nagusiak bizitegi-lurzatien eta bideen eraketan daude. Proposamen batzuetan, mendi-hegalaren okupazioa handitzea dakarte, eta, ondorioz, lur-mugimendu handiagoak egitea eta zuhaitz-masan eragin handiagoa izatea. Era berean, hasierako proposamenetan familia bakarreko etxebizitza-tipologia bat antolatzen zen, eta horrek okupazio-ratio handia zekarren.
Horien aurrean, Planak azkenean hautatzen duen aukeran erdiko espazio publikoaren inguruan eraztun formako barne-bide bat definitzen da, kale itsurik ez izateko. Horrela, lehendik dauden zuhaitzen gaineko eragina murrizten du eta perimetroko hegalak espazio libreen sisteman integratzen ditu. Gainera, familia bakarreko etxebizitzen tipologia ezabatzen duenez, lurzoruaren erabilera optimizatzen du.
Planaren eremua Errondo Gainean dago, Anoetako kirol-gunetik ikusten den muinoaren ekialdeko muturrean. Eremuaren mendebaldean, San Juan de Dios klinika eta azpiestazio elektriko bat daude. Ekialde, iparralde eta hegoaldean, eremua beheranzko malda handiak eta zuhaizti trinkoak dituzten mendi-hegalez inguratuta dago. Hegal horiek auzotik eta Anoetako kirol-eremutik nahiz Gl-20 saihesbidetik bereizten dute. Aldiz, azpiestazioaren ondoan dagoen hegoaldeko hegaleko zatian baratze txikiak daude, eta zuhaitz gutxi batzuk.
Bere ingurumen-ezaugarri nagusiak hauek dira:
Eremua Urumeako Unitate Hidrologikoan dago, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoko Euskal Autonomia Erkidegoko Barne Arroen eremuan. Zehazki, Urumea ibaiaren isuri-arroan dago, «Urumea-trantsizioko drainatzea» ur-masa gisa identifikatuta. Eremutik ez da ibai-ibilgurik igarotzen.
Eremua Zumaia-Irun lurpeko ur-masaren gainean dago, zehazki Ipar Antiklinorioa eremuko Zumaia-Irun sektore kuaternarioarekiko mugan, zeina interes hidrogeologikoko eremu gisa identifikatuta baitago.
Aztergai dugun eremuaren erdigunean azalera artifizializatuak daude, eta landaretza espezie erruderaletara eta nitrofiloetara mugatzen da. Eremuaren gainerako zatian, landaredi-unitateak baso-landaketak, baratzeak, belardiak, sasitzak eta baso misto degradatua dira. Baso mistoa da eremuko landaredirik interesgarriena, eta, kalkulatzen denez, urbanizazioaren okupazio zuzenak baso horren 2.200 m2 ingururi eragiten dio. Baso hori Errondo pasealekuaren eta Errondo eta Puio gainen artean dagoen baso-masa jarraituaren zati txiki bat da; guztira, 10 ha-tik gorako azalera du. Eremuan ez da hauteman espezie babesturik, ezta Batasunaren intereseko habitatik ere.
Eremuaren ezaugarriak kontuan hartuta, fauna-espezieak hiriko edo hiri-periferiako inguruneekin lotutakoak izango dira. Eremu horretan ez da fauna-espezie mehatxaturik identifikatu.
Eremuan ez dago naturagune babesturik, ez eta EAEko Igarobideen Sareko elementurik edo geologia-intereseko lekurik ere. Halaber, ez dago jasota ezein katalogotan (EAEko naturagune garrantzitsuen katalogo irekian eta LAGetako natura-intereseko guneen zerrendan), ezta Plan Hidrologikoko Gune Babestuen Erregistroan ere.
Planaren eremuan kultura-ondare arkitektoniko edo arkeologikoko elementu babesturik ere ez dago.
Paisaiari dagokionez, eremua Pasaiako eta Astigarragako ikuseremuen mugan dago. Ikuseremu arruntak dira, paisaia-balio txikikoak, eta ez daude jasota Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoan. Donostialdeko eta Bidasoa Behereko Lurralde Plan Partzialeko (LPP) Paisaiaren Zehaztapenen arabera, eremua Donostiako ingurabide periferikoaren paisaia-unitatean sartzen da. Unitate hori, paisaia hobetzeari dagokionez, Paisaia Interes Bereziko Eremu gisa identifikatuta dago. Nolanahi ere, ez da jarduera espezifikorik zehazten Planaren eremu zehatzerako.
Ingurumen-arriskuei dagokienez, ez dago jasota gune horretan lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako lurzatirik dagoenik. Era berean, ez du uholde-arriskurik, eta, oro har, akuiferoak kutsatzeko arrisku oso txikia duten lursailetan dago kokatuta.
Zaratari dagokionez, GI-20 errepidea da Planaren eremuari eragiten dion emisio-foku nagusia. Aurkeztutako Inpaktu Akustikoaren Azterketaren emaitzen arabera, gaur egun gainditu egiten dira nagusiki bizitegi-erabilera duten eremu akustikoetarako eta etorkizuneko garapenetarako ezarritako Kalitate Akustikoko Helburuak, aztertutako hiru aldietan (eguna, arratsaldea eta gaua). Zehazki, maila akustiko handienak eremuaren hegoaldeko eta ekialdeko muturretan hautematen dira: 62 dB (A) egunez eta arratsaldez, eta 55 dB (A) gauez. Ildo horretan, adierazi behar da eremua Ipar-mendebaldeko Babes Akustiko Bereziko Eremu gisa (BABE) deklaratutako gunearen barnean dagoela.
Ebazpen hau bat dator Ingurumen Azterketa Estrategikoaren ondorio nagusiekin, eta uste da nahikoa justifikatu dela Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioko zuzendariak 2020ko abenduaren 18ko Ebazpenaren bidez emandako irismen-dokumentuan aurkeztu ziren ingurumen-irizpideen integrazioa.
Planak ingurumen-azterketa estrategikotik eratorritako ingurumen-alderdiak txertatu ditu, ingurumen-organoak emandako irismen-dokumentuan eskatutako sakontasun-, xehetasun- eta zehaztasun-maila bermatuta. Plangintza-prozesuan ingurumen-inpaktu posibleak kontuan hartzen direla bermatzeko asmoz ingurumen-izapidean adierazitako irizpide guztiei behar besteko zorroztasunez heldu zaiela ondorioztatzen da.
Plana izapidetzean, ez da gehitu ingurumen-ebaluazio estrategikoa zabaltzea eskatzen duen jarduketa berririk, eta ez da atzeman birdefinitu edo kendu behar den Planaren jarduketarik.
Indarrean dagoen araudiaren arabera hartuko dira babes-, zuzenketa-, konpentsazio- eta jarraipen-neurriak, baita hurrengo apartatu hauetan xedatutakoaren arabera eta, aurrekoa galarazten ez dutenetan, Ingurumen Azterketa Estrategikoan aurreikusitakoaren arabera ere. Halaber, Planak zehaztapen hauek jaso beharko ditu:
1. Uren kalitatearen gaineko eragina murrizteko neurriak.
Urbanizazio- eta eraikuntza-proiektuek azaleko uretara solidoak ahalik eta gutxien iristeko neurriak aurreikusi beharko dituzte, adibidez, dekantazio-tangak, sedimentuentzako tranpak edo iragazkiak.
Urbanizazio-proiektuak hondakin- eta euri-urak bereiz biltzeko sare bat diseinatu beharko du.
Euri-urei dagokienez, hiri-drainatze sistemek hirigintzako garapenaren inpaktua jatorrian txikiagotu beharko dute, euri-uren jariatzeak daraman kutsadura-kargari dagokionez; halaber, jariatze-uren bolumena murrizteko neurriak aurreikusi behar dituzte. Hori dela eta, garapen-proiektuek drainatze jasangarriko sistemak sartu beharko dituzte hiriko drainatze-azpiegituran.
2. Intereseko landaredia babesteko neurriak.
Obrak, bai eta lurzorua okupatzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira.
Beharrezkoak diren mozketa-lanak eta sastrakak garbitzekoak, obra-sarbideak irekitzekoak eta kontratistaren instalazio-guneak makineria-parkea, obra-etxolak, obra-materialak aldi baterako biltegiratzeko gunea eta landare-lurrak eta hondakinak aldi baterako pilatzeko guneak barne ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira, eta, zehazki, zuzenki okupatzekoa ez den eremuko baso-masari eragitea saihestuko da.
Obrak hasi aurretik, zehatz-mehatz balizatuko da afekziorik gabe geratu behar duen landaredia, bai eta botatzea saihesteko agian kimatu beharko diren zuhaitzak ere. Zuzeneko okupaziorik aurreikusten ez den eremuetan ahal dela ez da landarerik moztuko, ez garbituko.
3. Lurraldearen leheneratze ekologiko eta paisajistikorako neurriak.
Urbanizazio-proiektuak Leheneratze Proiektu bat jaso beharko du, proiektuaren eraginpeko eremu guztiak errekuperatzeko, Planaren garapenak ukituko duen zuhaitz-azalera osoa (6.630 m2) konpentsatzera bideratutako lursailak eta espazio libreak barne, ondoren ezartzen diren irizpideekin.
Garapenak ukitutako gune guztietan egingo dira ingurumena eta paisaia leheneratzeko lanak. Horretarako, landareztatze-lanetan espezie autoktonoak erabiliko dira, eta beren-beregi saihestuko da prozesu inbaditzaileak sor ditzaketen kanpoko espezieak erabiltzea. Leheneratzeko lanetan harizti-baso mistoko berezko espezieak erabiliko dira.
Espazio libreak diseinatzeko, Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak kontuan hartuko dira (Udalsarea 21en lan-koadernoa, 20.b zenbakia, 2017ko apirilekoa, Eusko Jaurlaritza).
Ahalmen inbaditzaileko espezie aloktonoen zabalkundea eragozteko neurriak hartuko dira (Cortaderia selloana, Buddleja davidii edo beste batzuk). Ildo horretan, kontrol-neurriak hartuko dira landare-espezie inbaditzailerik sar ez dadin mugitutako lurren eta landarerik gabe utzitako lursailen bidez (prestatutako gainazaletan segituan landatzea eta ereitea, landare-lurren pilaketak babestea eta abar). Era berean, espezie horien propaguluak izan ditzakeen landare-lurra bereizita kudeatzea proposatuko da.
4. Kultura-ondareari dagozkion neurriak.
Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa gorabehera, lur-mugimenduak egin bitartean aztarna arkeologikoren bat egon daitekeelako zantzuren bat aurkitzen bada, lanak eten egingo dira, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiari; hark erabakiko du zer neurri hartu.
5. Zaraten eraginak gutxitzera bideratutako neurriak.
Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, ezin izango dira gauzatu garapen berriak kanpoko ingurunean kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez badira, hargatik eragotzi gabe Dekretu horren 43. eta 45. artikuluetan xedatutakoa.
Nolanahi ere, eraikinen barnealdean kalitate akustikoaren helburuak betetzeko neurriak hartu beharko dira, eraikinen erabileren eta motaren arabera. Fatxadaren isolamenduak espezifikoki justifikatu beharko dira eraikuntza-proiektuan.
Beste alde batetik, Plana garatzetik eratortzen diren proiektuen ondoriozko obrek sortutako soinu-mailak, obra horien eragin-eremuan, ezingo ditu gainditu Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsaduraren Dekretuan (urriaren 16ko 213/2012 Dekretua) ezarrita dauden kalitate akustikoaren helburuak.
6. Aurreikusitako garapena gauzatzen den bitartean ingurumena babesteko neurri orokorrak.
Aurreikusitako garapenean, ingurumen-balioei eustea bermatzen duten neurriak aplikatu beharko dira. Bereziki:
Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburua: hainbat gairekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, hala nola lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, isurketak saihesteko prebentzio-neurriak, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.
Hondakinak sortu eta kudeatzea: Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak eta hondeaketetatik eratorritakoak.
Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.
Hondakinak ezabatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea haien balorizazioa ez dela bideragarria teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.
Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.
Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, baldin eta hondakinak isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeatzeko zailagoak badira. Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte, eta itxita egon beharko dira kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen. Aipatutako edukiontziek edo ontziek era argian, irakurgarrian eta ezabaezinean etiketatuta egon beharko dute, indarrean dagoen araudiaren arabera.
Eremu jakin bat egokituko da behin-behineko hondakin arriskutsuak pilatzeko; besteak beste, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin inerteak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, lanek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu estankoak (bidoiak, etab.) jarriko dira lanak egiteko eremu osoan. Motaren arabera bereiziko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.
Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.
Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zolata iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.
Araudia betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, inola ere ez da kontrolik gabeko efluenterik sortuko, erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.
Donostiako Udalari eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak detektatzearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.
Halaber, dauden eraikinak eraistean, arreta handiz jokatu beharko da, eta amiantoa duen hondakinik antzematen bada, otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak, Amiantoak ingurumena ez kutsatzeko eta amiantoaren ondoriozko kutsadura txikitzekoak, ezartzen dituen eskakizunak bete beharko dira. Era berean, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko egingo diren manipulazioak amiantoarekin lan egitean segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak ezartzen dituen martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera egingo dira.
Obretan sortutako hondeaketa-soberakinak soberakinen biltegi baimendu batera eramango dira, eta haien kudeaketa hauen arabera egingo da: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena, eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.
Lurzoruaren eta lurpeko uren babesa: prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira obra-faserako, istripuzko isuriek eragindako erasanak saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea eta abar). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Ez da makinen mantentze-lanik egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.
Airearen kalitatearen babesa: kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makinak erabiliko dira.
Kalitate akustikoa babestea: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.
Obrek iraun bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makinen mantentze-lan orokorretan eta zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan ere.
Sei hilabeterako baino gehiagorako lanak badira, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35.bis artikuluaren arabera, inpaktu akustikoari buruzko azterketa bat egin beharko da, behar diren zuzenketa-neurriak zehazteko. Inpaktu akustikoari buruzko azterlan horretan aztertu beharko da zer onura akustiko lortu nahi den zuzenketa-neurri horien bitartez, eremu akustiko eta eraikin zaurgarrietan zarata-maila murrizteari dagokionez, eta eragindako udalerriari jakinarazi beharko zaio haren edukia.
7. Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriaren aldeko neurriak.
Planaren eremuan eraikingintza eta eraikuntza jasangarrienerako behar diren ezaugarriei dagokienez, EAEko Etxebizitzen Eraikingintza Jasangarriaren Gidaren gomendioak hartu beharko dira kontuan, eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko.
Aipatutako eremuaren urbanizazioari dagokionez, «Urbanizazio-proiektuen garapen jasangarrirako gida»ren gomendioak kontuan hartu beharko dira. Proiektu horien diseinuaren, egikaritzearen, mantentzearen eta bizitza-amaieraren jasangarritasun-maila balioestea da gidaliburu horren helburua.
8. Klima-aldaketa apaltzeari eta klima-aldaketara egokitzeari buruzko neurriak.
Klima-aldaketari eta trantsizio energetikoari buruzko maiatzaren 20ko 7/2021 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, Plana gauzatzeko proiektuak klima-aldaketaren aurrean pixkanaka eta erresilientziaz egokitzeko beharrezkoak diren neurriak kontuan hartuta diseinatuko dira.
Ingurumen-jarraipeneko plana.
Ingurumen-azterketa estrategikoan ezarritakoari jarraituko dio Planaren ingurumen-jarraipenak, zeinak ingurumen-zaintzako programa bat jasotzen baitu. Programa horren xedea da behar diren zaintza- eta kontrol-sistemak ezartzea, egiaztatu ahal izateko planaren aurreikuspenak betetzen direla, eta, horien barruan, planteatutako jarduketen ingurumen-exijentziak mantentzen direla.
Urbanizazio-proiektuan, obrak gauzatu bitartean egin beharreko kontrolak zehaztu beharko dira, bereziki inpaktu akustikoari, indusketako soberakinen kudeaketari eta espazio libreak zein ukitutako baso-masa konpentsatzeko azalerak leheneratzeari dagozkienak. Kontrol bakoitzerako, besteak beste, kontrol-parametroak, metodologia, aldizkakotasuna eta atalase-balioak zehaztuko dira.
Planetik eratorritako proiektuen ingurumen-ebaluazioa egiteko gidalerro orokorrak.
Planetik eratorritako proiektuen ingurumen-ebaluazioan, aintzat hartuko dira lurraldearen baldintzatzaileak eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioko zuzendariak 2020ko abenduaren 18an emandako Ebazpenaren bidez eginiko irismen-dokumentuan adierazten diren ingurumen-irizpideak.
Arreta berezia jarriko da, besteak beste, lurzoru-kontsumoa minimizatzean; hondakinak egoki kudeatzean; eremuaren kalitate akustikoan; ingurumen-baliabideen erabilera jasangarrian; habitatak eta espezieak zaintzean eta hobetzean; lurraldean egiten diren esku-hartzeetan paisaia modu egokian integratzean; arrisku naturalak minimizatzean, eta lehentasuna ematean kalteen prebentzioari, ez konpentsazioari.
Bigarrena. Donostiako AY.13-Errondo Gaina II HEaren Plan Partziala onartzeko, bi urteko gehieneko epea ezartzen da, ingurumen-adierazpen estrategiko hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igarotakoan, Plana ez bada onartu, ingurumen-adierazpen estrategiko honen indarraldia amaituko da, eta hortik aurrera ez du ondorerik izango. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren izapidea, non eta ez den ingurumen-adierazpen estrategikoaren epea luzatzea erabakitzen. Hori guztia, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 27. artikuluarekin bat etorriz.
Hirugarrena. Ebazpen honen edukia Donostiako Udalari jakinaraztea.
Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko uztailaren 17a.
Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria falta izanik, eta bat etorriz Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarriak dioenarekin.
Ingurumen Jasangarritasunaren sailburuordea,
AITOR ALDASORO ITURBE.