Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2024ko otsailaren 15ekoa, Segurtasuneko sailburuordearena, zeinaren bidez egiten baita Ertzaintzaren karrerako funtzionarioentzat gordetako Ertzaintzako Intendente eta Komisario kategorietako lanpostuak izendapen askearen bidez behin betiko betetzeko prozeduraren (C289) eta zerbitzu-eginkizunak esleitzeko prozeduraren (C290) deialdia.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Segurtasun Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 39
- Hurrenkera-zk.: 928
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2024/02/15
- Argitaratze-data: 2024/02/22
Gaikako eremua
- Gaia: Segurtasuna eta justizia; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Herrizaingoa; Funtzio publikoa
Testu legala
Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuaren 2023ko urriaren 23ko Aginduaren bidez onartutako Ertzaintzako lanpostuen zerrenda (urriaren 31ko EHAA, 208. zk.) ikusita, beharrezkoa da hutsik dauden lanpostuak behin betiko betetzea.
Indarrean dagoen lanpostuen zerrendan, deialdi honetako lanpostuetarako, izendapen askez betetzekoak direla ezarri da, zuzendaritzakoak edo/eta erantzukizun berezikoak direla aintzat hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bateginaren 96. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz. Sistema horren araubide juridikoa Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko erregelamendua onartzen duen apirilaren 4ko 58/2023 Dekretuaren 21.etik 26.era bitarteko artikuluetan aurreikusten da; beraz, lanpostuak behin betiko esleitzeko, aldez aurretik egokitasun-txostena behar da, proposamena arrazoitzeko, merezimendu- eta gaitasun-printzipioek eskatuta eta Espainiako Konstituzioaren 9.3, 23. eta 103.3 artikuluetan agindutakoak eskatuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren 535/2014 eta 89/2016 epaien arabera, besteak beste.
Lanpostuak legez ezarritako sistemaren bidez ahalik eta lasterren betetzeko beharrizana kontuan hartuta, zerbitzu publikoari behar bezalako arreta eskaintzeko, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 3. artikuluan ezarritako elkarlan eta efizientzia printzipioak kontuan hartuta, komenigarria da lanpostuak behin betiko betetzeko hautaketa-prozeduraren eta zerbitzu-eginkizunak esleitzeko prozeduraren deialdia aldi berean egitea, erakundearen barruan eskatutako kategoria duten karrerako funtzionario nahikorik ez egoteagatik hutsik dauden lanpostuei dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak 192/222 epaian, besteak beste, onartu bezala.
Prozeduran aurkeztuko den hautagai-kopurua eta eskainitako lanpostu-kopurua kontuan izanda, komenigarritzat jotzen da ahalik eta gehien luzatzea egokitasun-txostenak emateko epeak eta horiek bukatzeko ebazpena ematea, Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko erregelamendua onartzen duen apirilaren 4ko 58/2023 Dekretuaren 23. artikuluarekin bat etorriz, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32. artikuluarekin lotuta.
Segurtasun Sailaren egitura organiko eta funtzionalari buruzko urtarrilaren 19ko 6/2021 Dekretuaren 14.2.d) artikuluak Segurtasuneko sailburuordeari ematen dizkion eskumenez baliatuz, honako hau
Lehenengoa. Ertzaintzaren egituraren barruan, Ertzaintzako karrerako funtzionarioentzat gordetako zenbait lanpostu izendapen askearen sistemaren bidez behin betiko betetzeko deialdia onartzea eta argitaratzea, 1. eranskinean jasota dauden oinarriak aintzat hartuta.
Bigarrena. 1. Deialdi honen bidez behin betiko beteko diren lanpostuak eta dotazioak (hutsik daudenak) 2. eranskinean jasota daude, baita esleipenen ondorioz hutsik geratzen diren lanpostuak ere.
Eman beharreko esleipen iragankorren kopurua behin betiko betetzen ez diren lanpostu hutsen edo okupatzailerik gabe geratzen diren dotazioen araberakoa izango da, lanpostu-zerrendan aurreikusitako gehieneko dotazioen kopurua osatu arte.
Hirugarrena. 1. Prozedura honetan ematen diren egintza eta xedapen guztiak Gurenet atarian argitaratuko dira, hurrengo atalean eta deialdiaren oinarrietan ezarritakoari kalterik eragin gabe; hala ere, onartzen diren zerrendak jasotzen dituzten eranskinak interesdunek soilik kontsultatu ahal izango dituzte Segurgunea atariaren bidez.
Segurtasuneko sailburuordearen ebazpen baten bidez argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian behin betiko atxikipenak erabakitzen dituen ebazpena.
Laugarrena. 1. Hautaketa-prozedura honetako izangaiak zenbaki profesionalaren bidez identifikatuko dira.
Datu pertsonalen tratamenduek honako hauen eskakizunak bete beharko dituzte: datu pertsonalen babesari buruzko egungo araudia; 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa; eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa.
Ezarritako segurtasun-neurriak Administrazio Elektronikoaren esparruan Segurtasun Eskema Nazionala arautzen duen urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuak onartutako II. eranskinean (Segurtasun-neurriak) aurreikusitakoak dira.
Bosgarrena. Aurreikusi ez den guztirako, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea aplikatuko da.
Seigarrena. Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraz, ebazpenaren eta beronen oinarrien aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko diote Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko otsailaren 15a.
Segurtasuneko sailburuordea,
RODRIGO GARTZIA AZURMENDI.
Lehenengoa. Lanpostuak behin betiko betetzeko prozeduran parte hartzeko betekizunak (C289).
Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute eskainitako lanpostuetan aritze aldera, eskatutako baldintza orokorrak eta lanpostuen zerrendan ezarrita dauden eskakizunak betetzen dituzten Ertzaintzako karrerako funtzionario guztiek. Horrez gain, hauetako egoeraren batean egon beharko dute: zerbitzu aktiboan, zerbitzu berezietan, seme-alabak edo senideak zaintzeko eszedentzian, genero-indarkeriaren ondoriozko eszedentzian eta Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen testu bateginaren 86. artikuluan aurreikusitako eszedentzian. Halaber, parte hartu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen testu bateginaren 92.2 artikuluan aurreikusitako eran zerbitzu aktibora itzultzen diren funtzionarioek.
Bestetik, deialdi honetan aurreikusitako prozeduraren bitartez zerbitzu aktibora itzuliz, hauek ere parte ahal izango dute: nahitaezko eszedentzia egoeran daudenek edo beste herri-administrazio batzuetan zerbitzuan ari direnek, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen testu bateginaren 84. artikuluan xedatutakoaren arabera birgaitutakoek, sei hilabetetik gorako etendura-egoeran daudenek eta gainerako borondatezko eszedentziadunek, baldin eta egoera horietarako ezarritako iraute-denbora bete badute.
Ebazpen hau ematen den egunean lanpostu bati behin betiko atxikita ez dauden Ertzaintzako karrerako funtzionarioek, deialdiko lanpostuei dagozkien kategorietakoak badira, prozedura honetan parte hartu beharko dute, eta izendapen askearen bidez betetzeko diren lanpostu huts guztiak eskatu, dagokien kategoriaren arabera bete ahal badituzte. Hori egin ezean, derrigorrez atxikiko dira horietako edozein lanpostutara.
Hauek ezin izango dute parte hartu deialdi honetan:
Hutsegite larria edo oso larria egin izanagatik eginkizunen etendura irmoaren administrazio-egoeran daudenek, betiere egoera horretan iraun bitartean.
Lekualdatzeko zehapena izan dutenek, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen testu bateginaren 140.2.b) artikuluan jasotakoari jarraituz.
Interes partikularrengatiko borondatezko eszedentzia egoeran daudenek, baldin eta egoera horretan indarreko araudian eskatzen den gutxieneko denbora eman ez badute.
Bigarrena. Zerbitzu-eginkizunetarako prozeduran parte hartzeko betekizunak (C290).
Deialdi honetan parte hartzeko, interesdunek baldintza hauek bete beharko dituzte:
Zerbitzu aktiboan dagoen Ertzaintzako karrerako funtzionarioa izatea.
Aldi baterako betetze-prozeduran eskainitako lanpostua kategoria jakin baterako gordetzen dela aintzat hartuta kategoria horretakoa izatea, nahiz eta lanpostuen zerrendan ezarritako gainerako baldintzak bete ez; nolanahi ere, lanpostuen zerrendan berariaz aurreikusitako titulazio- edo gaikuntza-baldintzak bete beharko dira.
Intendente-kategoriarako gordetako lanpostuak aldi baterako betetzeko, Betearazpen Eskalako kategorietakoak izatea, eta komisario kategoriarako gordetako lanpostuak aldi baterako betetzeko, komisariondokoaren kategoriakoa edo Ertzaintzaren Ikuskapen Eskalako edozein kategoriatakoak izatea, baldin eta eskainitako lanpostuak betetzeko eskatzen diren gainerako baldintza orokorrak eta lanpostuen zerrendan ezarritako eskakizunak betetzen badituzte.
Ezingo dute parte hartu prozedura honetan deialdi honetan eskatutako lanposturako exijitzen den espezialitateaz bestelako espezialitate jakin batekoak direla-eta lanpostuan gutxieneko aldi batez egon beharra duten eta aldi hori lanpostuan egin ez duten Ertzaintzako funtzionarioek. Nolanahi ere, salbuespena izango da organo eskudunak uko egitea onartu izana.
Lanpostuan gutxienez egin beharreko aldi hori betetze-ondorioetarako, dagokion espezialitatearen betekizuna duten lanpostuetan zeinahi atxikipen-araubidetan lanean eman diren aldiak hartuko dira kontuan, betiere, funtzionarioak espezialitate hori egiaztatu duenetik aurrera, Ertzaintzako espezialitateei buruzko apirilaren 4ko 57/2023 Dekretuaren 10. artikuluarekin eta xedapen iragankorrarekin bat etorriz.
Hirugarrena. Eskabideak aurkezteko epea.
Hautaketa-prozedura honetan parte hartu nahi dutenek hamabost egun balioduneko epean aurkeztu beharko dute eskabidea, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Eskabidea bide telematikoz aurkeztu behar da, Segurgunea atariaren bitartez: https://segurgune.euskadi.eus
Segurgunea atarian identifikatzeko, bi bide daude: txartel profesionaleko IZPari lotutako ziurtagiri digitala erabiltzea, Interneteko konexioa eta ziurtagiri digitalen txartel-irakurgailua dituen ekipo batekin; edo erabiltzaile-izena eta pasahitza erabiltzea, posta korporatibo pertsonalean OWA posta elektronikoko aplikazioaren bidez jasoko den identifikazio-kodearekin batera.
Prozedura honetan eskabideak, erreklamazioak edo errekurtsoak aurkezteko aplikazioaren erabiltzaile-eskuliburua eskuragarri egongo da langilearen atarian eta polizia-zentroetako giza baliabideen bulegoetan.
Eskabideak aurkezteko epea igarotakoan, egindako eskabideak lotesleak izango dira eskatzaileentzat.
Eskabidea aldatzeko edo prozeduran parte hartzeari uko egiteko, Segurgunea atariaren bidez egin beharko dira izapideak, eskabideak aurkezteko epearen barruan. Bigarren eskabiderik edo aurreragokorik eginez gero, eskabideak aurkezteko epearen barruan egindako azkena bakarrik izango da baliozkoa; aurreko guztiak baliogabetuta geldituko dira, eta epe hori bukatuta aurkezten direnak ondoriorik gabe. Halaber, eskabideak aurkezteko epearen barruan atzera egiteak ondoriorik gabe uzten ditu egindako eskabideak.
Eskabideak aurkezteko epea amaitzen den eguna izango da eskatutako betekizunak betetzeko eta, hala badagokio, merezimenduak balioesteko erreferentzia-data.
Parte hartzeko baldintzak betetzen direla ofizioz egiaztatuko da, eta merezimendu orokorrak ere ofizioz baloratuko dira, Giza Baliabideen Zuzendaritzak kudeatzen duen langileen datu-baseetako datuen arabera.
Langilearen atarian espediente pertsonalari buruzko informazioa dago eskuragarri (titulazioak, prestakuntza, hizkuntza-eskakizunak, etab.); izangaiek akatsak edo omisioak aurkitzen badituzte, eskabideak aurkezteko epearen barruan zuzendu ahal izango dituzte, jakinarazpen baten bidez. Jakinarazpen horri egiaztagirien kopia erantsiko zaio, eta postontzi honetara bidali: provisiondepuestos@seg.euskadi.eus
Epe berean eta modu berean alegatu ahal izango da betekizunak edo merezimenduak betetzen direla.
Prozedura honetan ez da kontuan hartuko eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren aurkeztutako eskabiderik eta/edo dokumentaziorik.
Organo eskudunak egiaztatuko ditu betekizunak eta alegatutako merezimenduak, eta, kasuaren arabera, horretarako, kontsulta egingo die bere erregistroei, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako erregistroei, administrazio publikoen datu-bitartekaritzarako plataformari, edo ziurtagiriak ematen dituen erakundeari.
Kontsulta horiek kasu guztietan egingo dira, salbu eta eskatzailea modu arrazoituan aurka agertzen bada, eta tratamendu-jardueraren ardura duen organoak arrazoiok aintzat hartzen baditu. Modu arrazoituan aurka agertuz gero, nahitaez aurkeztu beharko dira kontsultatzeari aurka egiten zaion jatorrizko agiriak.
Laugarrena. Izendapen askeko sistemaren bidez lanpostuak behin betiko betetzeko prozedura.
Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko erregelamendua onartzen duen apirilaren 4ko 58/2023 Dekretuaren 23. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, norbait izendatzeko, hornituko den lanpostua atxikita dagoen administrazio-unitatearen edo -organoaren titularrak aldez aurretik txostena eman beharko du. Txostenean, prozeduran onartutakoetatik egokiena dena proposatuko da, edo bestela deialdia hutsik geratu dela adieraziko da. Hautagairik egokiena proposatzeko, deialdi honetan aipatzen diren lanpostuen kategorietako gaitasun profesionalak eta konfiantzaren osagaia aintzat hartuko dira. Horiek Gurenet atarian argitaratuko dira.
Egokitasun-txostena ematerakoan honako alderdi hauek gutxienez kontuan hartuko dira: kategoria-igoeren eta lanpostuetako jardueren historiala, eta izandako azken destinoa.
Egokitasun-txostenak emateko ezarri den epea, Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko erregelamendua onartzen duen apirilaren 4ko 58/2023 Dekretuaren 23. artikuluan zehaztutakoa da.
Bosgarrena. Lanpostuak behin betiko betetzeko prozedura ebaztea.
Behin betiko atxikipenaz izendapen askeko sistemaren bidez hornitu beharreko lanpostuak Segurtasuneko sailburuordearen ebazpen bidez adjudikatuko dira, eta adjudikaziodunei banaka jakinaraziko zaie. Ebazpen hori prozedura honetan ezarritakoarekin bat etorriz argitaratuko da.
Izendapena egiteko ebazpena arrazoituko da, hautatutako izangaiak deialdian eskatutako baldintzak eta gainerako zehaztapenak betetzen dituen eta izendapena egiteko eskumena aipatuz. Nolanahi ere, emandako ebazpenaren funtsa izango da beharrezko prozedura betetzea.
Behin betiko atxikipenek Segurtasuneko sailburuordearen ebazpenaren bidez zehaztutako egunetik aurrera izango dituzte ondorioak.
Behin betiko adjudikazioak borondatezkoak dira eta ez dute lantokia aldatzearen ondoriozko kalte-ordainik sorraraziko.
Seigarrena. Izendapen askeko sistemaren bidez behin betiko betetako lanpostua uztea.
Izendapen askeko sistemaren bidez behin betiko atxikipenaz lanpostu baten adjudikaziodun diren funtzionarioak nahierara lanpostutik kendu ahalko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen testu bateginaren 103.5 artikuluan xedatutakoaren arabera.
Izendapen askeko lanpostutik kendutako langilea, behin-behinean, lanpostutik kendu eta hurrengo egunetik aurrerako ondorioekin, beste lanpostu bati atxikiko zaio, Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko erregelamendua onartzen duen apirilaren 4ko 58/2023 Dekretuaren 28. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
Zazpigarrena. Zerbitzu-eginkizunen esleipena.
Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bateginaren 105. artikuluaren 1. eta 5. ataletan xedatutakoarekin bat etorriz, zerbitzu-eginkizunak eman daitezke funtzionarioak berea ez duen kategoria bateko lanpostuetan edo funtzioetan jardun dezan, baina betiere eskala berean edo gaineko hurrengoan aritu beharko du.
Otsailaren 24ko 30/1998 Dekretuaren xedapen gehigarria aplikatuz, Ertzaintzan euskararen normalizazio-prozesua arautzen duen Dekretua aldatzen duen maiatzaren 22ko 76/2012 Dekretuaren hamargarren artikuluak emandako idazketaren arabera, zerbitzu-eginkizunak eman ahal izango zaizkie eskatutako hizkuntza-eskakizuna edo baliokidea egiaztatuta izan ez arren gainerako betekizunak betetzen dituzten funtzionarioei.
Deialdi honen xede diren lanpostuen behin betiko hornikuntza Segurtasuneko sailburuordearen ebazpen bidez ebatzi ondoren, zerbitzu-eginkizunak esleituko dira aurkeztutako eskabideak kontuan izanik; baina, horretarako, nahitaezkoa izango da lanpostu hori atxikita dagoen administrazio-unitatearen edo -organoaren titularraren aldez aurreko txostena. Txostenean, zerbitzu-eginkizunen prozeduran onartutakoetatik egokiena dena proposatuko da, edo bestela deialdia hutsik geratu dela adieraziko da. Hautagairik egokiena proposatzeko, deialdi honetan aipatzen diren lanpostuen kategorietako gaitasun profesionalak aintzat hartuko dira. Horiek Gurenet atarian argitaratuko dira.
Aurreko puntuan adierazitako txostenak deialdia egiten duen organoak eskatuta emango dira, eta hark agindutako epean, betiere deialdi hau ebazteko epe orokorraren barruan.
Egokitasun-txostena ematerakoan honako alderdi hauek gutxienez kontuan hartuko dira: izangaiak prozeduran parte hartzeko baldintzak betetzea, kategoria-igoeren eta lanpostuetako jardueren historiala, izandako azken destinoa eta konfiantzaren osagaia.
Zerbitzu-eginkizunaren adjudikaziodun suertatzen den funtzionarioari behin betiko atxikipenaz duen lanpostua gordeko zaio.
Zerbitzu-eginkizunaren adjudikaziodunak bere kategoriako ordainsariak jasoko ditu, baita betetzen duen lanpostuari dagozkion osagarriak ere.
Zerbitzu-eginkizun hauek borondatezkoak dira eta esleipenak ez du zerbitzuaren ondoriozko kalte-ordainik sorraraziko, lanpostuz aldatzeagatik.
Zerbitzu-eginkizunak nahierara ezeztatu ahal izango ditu horiek ematen dituen organoak berak edozein unetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bateginaren 105.6 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
Zortzigarrena. Deialdia ebazteko epea.
Deialdi hau ebazteko epea Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz luzatuko da, eskabideak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik kontatzen hasita.
(Ikus .PDF)