Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2024ko azaroaren 20koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitaratzen baita Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakia, urtebetez edo denbora gutxiagoz langabezian dauden 50 urtetik gorako pertsonak Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan kontratatzeko laguntzen deialdia aldatzen duena, hura finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoak gehitzeko.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Ekonomia, Lan eta Enplegu Saila; Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 230
- Hurrenkera-zk.: 5418
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2024/11/20
- Argitaratze-data: 2024/11/26
Gaikako eremua
- Gaia: Ogasun eta Ekonomía; Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Ogasun; Lana eta enplegua; Gobernua eta Administrazio Publikoa; Ekonomia
Testu legala
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2024ko azaroaren 20ko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, urtebetez edo denbora gutxiagoz langabezian dauden 50 urtetik gorako pertsonak Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan kontratatzeko laguntzen deialdia aldatu zen, hura finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoak gehitzeko.
Maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluaren n) apartatuan xedatutakoaren arabera (ekainaren 29ko 156/2021 Dekretuak finkatutako testua), organismo autonomo horretako zuzendari nagusiari dagokio deialdia argitaratzea.
Azaldutakoagatik, honako hau
Lehenengoa. Argitara ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakia, urtebetez edo denbora gutxiagoz langabezian dauden 50 urtetik gorako pertsonak Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan kontratatzeko laguntzen deialdia aldatzen duena, hura finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoak gehitzeko. Erabakia Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak hartu zuen 2024ko azaroaren 20ko bilkuran, eta ebazpen honi eranskin gisa erantsi zaio.
Bigarrena. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak laguntzen deialdia onartzeko hartutako erabakiak ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.
Hirugarrena. Argitaratzen den Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluaren erabaki honen aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu dakioke organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu daiteke zuzenean, Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko azaroaren 20a.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,
FRANCISCO PEDRAZA MORENO.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2023ko azaroaren 7ko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, urtebetez edo denbora gutxiagoz langabezian dauden 50 urtetik gorako pertsonak Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan kontratatzeko laguntzen deialdia onartu zuen, zeina 2023ko azaroaren 15ean argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (218. zenbakia).
Deialdi horretan ezarritakoaren arabera, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aurrekontuko 2.200.000 euro bideratuko dira laguntzak finantzatzeko. Zenbateko horretatik, 1.485.000 euro 2024ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 715.000 euro 2025eko konpromiso-kredituari.
Hori da, hain zuzen, laguntzak emateko ezarri den muga. Dena den, urtebetez edo denbora gutxiagoz langabezian dauden 50 urtetik gorako pertsonak Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan kontratatzeko laguntzen deialdian jasotako eskaeren kopuruak nabarmen gainditu ditu aurreikuspenak; horrek argi uzten du enpresek oso erantzun positiboa eman diotela deialdi honen bitartez lortu nahi den helburuari: lan-merkatuan sartzeko zailtasun handienak dituzten pertsonak laneratzen laguntzea, hala nola 50 urte edo gehiagoko pertsonak, behin langabezian daudenean. Era berean, agerian geratu da gutxiegi direla laguntza horietara bideratutako baliabide ekonomikoak.
Beharrezkoa da, beraz, egoerari erantzuna ematea eta ekimen horretarako laguntza areagotzea, laguntza-programa hori ekonomikoki indartuz, ahalik eta eskaera gehienei erantzute aldera.
Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak proposatuta, organismo autonomo horren Administrazio Kontseiluak, 2024ko azaroaren 20ko bilkuran, erabaki hau hartu du:
ERABAKIA
Aldatzea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2023ko azaroaren 7ko bilkuran hartutako Erabakiaren bidez onartu zuen 2024. urterako laguntzen deialdia, urtebetez edo denbora gutxiagoz langabezian dauden 50 urtetik gorako langabeak EAEko lantokietan kontratatzeko dena (2023ko azaroaren 15eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen, 218. zenbakian). Hain zuzen ere, «Baliabide ekonomikoak eta Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketa» izenburu duen 2. artikuluko lehenengo apartatua aldatuko da. Horrela, deialdi hori finantzatzeko baliabide ekonomikoak 926.600 eurotan gehituko dira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoari dagokion 32110-Enplegua programaren kargura, banaketa honen arabera: 463.300 euro 2024ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 463.300 euro 2025eko konpromiso-kredituari.
Horrenbestez, honela geratzen da idatzita aipatutako deialdiaren 2. artikuluaren lehenengo apartatua:
Deialdi honetan araututako laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak 3.126.600 eurokoak dira; horietatik 1.948.300 euro Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren 2024ko aurrekontuko ordainketa-kreditukoak dira, eta 1.178.300 euro, berriz, 2025eko konpromiso-kreditukoak.