Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2024ko abuztuaren 7koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak Galdakaoko eta Bediako udal-mugarteetan (Bizkaia) sustatutako Bilboko metroaren 5. linearen Galdakaoko Ospitalea-Bedia zatia hartzen duen proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 180
  • Hurrenkera-zk.: 4274
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2024/08/07
  • Argitaratze-data: 2024/09/16

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Garraio eta herri lanak
  • Azpigaia: Ingurumena

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2022ko azaroan, Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak jendaurrean jarri zuen «Bilboko Metropoliko Trenbidearen 5. lineari buruzko informazio-azterlana». Halaber, 2024ko martxoaren 4an Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratutako iragarkiaren bidez (BAO, 57. zk.), Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak berriro ere jendaurrean jarri zituen «Bilboko Metropoliko Trenbidearen 5. lineari buruzko informazio-azterlana» eta hari dagokion ingurumen-inpaktuaren azterketa, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluan adierazitakoa betez, egoki iritzitako alegazioak aurkez zitezen.

Jendaurreko informazioaren izapidearen aldi berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei. Emaitza espedientean jasota dago.

2024ko maiatzaren 27an, Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak eskabide bat aurkeztu zuen Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, Bilboko metroaren 5. linearen Galdakaoko Ospitalea-Bedia zatiaren proiektuari buruzko ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko.

Eskaerarekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu zen:

Bilboko Metropoliko Trenbidearen 5. lineari buruzko informazio-azterlana. Memoria eta hainbat eranskin ditu. SENERek egin zuen 2022ko irailean.

Jendaurreko informazioaren izapidearen emaitzei buruzko dokumentuak.

Eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsulta-izapidearen emaitzari buruzko dokumentazioa.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan eta Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan ezarritakoaren arabera, horien helburua da ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea, ingurumena babesteko maila handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.

Era berean, Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 76. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egingo zaie arau horren II.D eranskinean zerrendatutako proiektu publiko edo pribatuei. Bilboko metroaren 5. linearen Galdakaoko Ospitalea-Bedia zatiaren proiektua ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntari atxikita dago. Izan ere, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.D eranskinean dago jasota, zehazki 4. epigrafean: II.E eranskinean jasotako beste programa batzuek, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuko prozedura gauzatu ondoren ingurumen-organoak hala erabakitzen badu edo sustatzaileak hala eskatzen badu.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 35. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatzeko, Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak, organo substantiboa den aldetik, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura egiteko beharrezkoa dena xedatu du. Horretarako, ingurumen-inpaktuaren azterketa gehitu du espedientean eta kontsulta publikoak egin ditu; gainera, eraginpeko administrazio publikoek zein pertsona interesdunek prozeduran parte hartu dute.

Proiektuaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertuta, eta ikusirik ingurumen-inpaktuaren azterketa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, irismen-dokumentuan jasotako baldintzak barne, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau eman du; bertan, proiektuaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egin da, eta proiektua aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jaso da, baita sartu beharreko azken oharrak ere, soilik ingurumen-arlokoak. Zuzendaritza hori eskumena duen organoa da Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera.

Orain arte ezarritakoari jarraikiz, espedienteko txostenak aztertu, eta honako hauek guztiak ikusi dira: 10/2021 Lege Orokorra, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 18/2024 Dekretua, ekainaren 23koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, bada, honako hau

HAU EBAZTEN DUT

Lehenengoa. Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak Galdakaoko eta Bediako udal-mugarteetan (Bizkaia) sustatutako Bilboko metroaren 5. linearen Galdakaoko Ospitalea-Bedia zatia hartzen duen proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau egitea, ingurumen-ondoreetarako soilik.

Proiektuaren eremua Galdakao Ospitaletik Bedia udalerriaren iparraldeko muturreraino hedatzen da, Usansoloko hirigunea zeharkatuz. Trenbidearen trazatua, nagusiki, tunelean proiektatzen da.

Proiektuaren xedea da Bilboko Metropoliko Trenbidearen zati berria (Galdakao Ospitalea geltokiaren eta Euskotrenen 5. lineako egungo trenbideekiko loturaren artekoa) eraikitzeko eta martxan jartzeko behar diren obrak zehaztea, bai eta obrek izango dituzten eraginak eta balorazio ekonomikoa ere. 5. lineako tarte hori Galdakaoko udalerritik igaroko da, Bedia udalerriko loturaraino.

Alternatiben azterketa.

Proiektuak 0 alternatiba edo «ez jardutekoa» aztertzen du, bai eta aurrerago zehaztuko diren bi garapen-alternatibak ere.

Baztertu egiten du 0 alternatiba, ez lukeelako beteko Durangaldeko bidaiariak Bilboko metro-sarera Bedia-Usansoloko Ospitalea konexioaren bidez konektatzeko baldintza, eta, ondorioz, egungo egoera mantenduko litzatekeelako. Egoera horrek ibilgailu pribatuarekiko edo autobusekiko mendekotasun handiagoa izatera behartzen du, ingurumenaren ikuspegitik aukera kaltegarriagoak direnak metroarekin edo trenarekin alderatuta.

Bestalde, aztertutako garapen-alternatibei dagokienez, 2. alternatiba, hots, proiektua garatuko duena, onuragarriagotzat jotzen da; izan ere, 1. alternatibaren aldean, hori luzeagoa izango balitz ere, a priori lurpetik joango litzateke ia osorik, eta ez lieke eragingo dauden ibilguei, intereseko landarediari edo faunari.

Zehazki, informazio-azterketak aztergai den zatirako bi trazatu aztertzen ditu, 1. eta 2. alternatiba gisa identifikatzen direnak:

  1. alternatiba.

    Lehenengo trazatua 1.281,69 m luze da, Ibaizabal ibaiaren ondotik doa, eta Euskotrenen egungo trenbideekin bat egiten du, Bediako geltokitik Usansolorako tartean dagoen zuzenaren iparraldetik.

    Hain zuzen, tartea Galdakaoko Unibertsitate Ospitaleko geltokian hasten da, eta hegoalderantz luzatzen da, meatze-tunelean barrena (0+530 KPraino); lehenengo Ibaizabal ibaia zeharkatzen du eta, ondoren, ibaiaren paraleloan igarotzen da, ezkerraldetik, ibilguaren eta Usansoloko hirigunearen artetik. Usansoloko hegoaldeko muturraren parean, tunel faltsu bat proiektatzen da 0+770 KPraino. Azkenik, azken zatia (0+770etik 1+220ra bitartekoa) lubakietan eta altuera ertaineko lubetetan proiektatzen da, Ibaizabalgo terrazaren deposituen gainean, eta Lekubaso errekaren gaineko pasabide-obra barne hartzen du. Trenbide berria Euskotrenen E-4 linearekin lotuko da, Lemoako eta Bediako geltokien artean dagoen eraikina baino pixka bat lehenago.

  2. alternatiba.

    Bigarren trazatua eta lehenengoa desberdinak dira: bigarrena luzeagoa da (1.610,93 m) eta Usansoloko hirigunea inguratzen du mendebaldetik.

    Aurrekoaren antzera, trazatua Usansolo Ospitaleko geltokian hasten da eta hegoalderantz egiten du, meatze-tunelean barrena, eta Ibaizabal ibaia, Usansoloko hiri-eremua, Euskotrenen trenbideak eta Lekubaso erreka zeharkatzen ditu. Azken zatian (1+370etik 1+610era bitartekoa) irteera-aho batetik atera eta lubakitik igarotzen da, mendebaldeko aldean egungo plataformarekin bat egin arte.

    Larrialdietako irteerak.

    Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, 2. alternatiban 170 metro inguruko luzerako ebakuazio- eta aireztapen-galeria bat proiektatzen da, zatiaren tarteko puntu batean (0+900 KP inguruan), Lekubaso errekaren ezkerreko ertzeko lurretan. Eremu horrek, halaber, tarteko hasiera-puntu izateko eta obrei ekin ahal izateko balioko du.

    Anezka-autobusen zerbitzua.

    Trenbide-trazatu berriaz gain, proiektuak anezka-autobusen zerbitzu berri bat ematea aurreikusten du, Usansolotik Ospitalera. Proposatutako ibilbideak 2.372 m ditu, eta zirkuitu osoa 10 minututan egin ahal izango dela espero da.

    Lurren balantzea.

    Proiektuaren arabera, 2. alternatiba garatzeko, zabortegira 147.730,64 m3 inguru soberakin botatzea aurreikusten da:

    Lurra hondeatzea, aire zabalean: 7.861,34 m3

    Arroka hondeatzea, aire zabalean: 11.363,22 m3

    Tunela hondeatzea: 117.245,25 m3

    Aireztapen-putzua eta larrialdi-irteera hondeatzea: 11.260,82 m3

    Soberakinak uzteko, honako hauek planteatzen dira: ETStik gertu dauden beste obra batzuk, Bilboko portua edo Lemoan dagoen biltegi bat, jarduketa-eremutik 5 km ingurura dagoena.

    Obrak egikaritzeko epea.

    Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, 1. alternatiban deskribatutako obrak 21 hilabetean egingo lirateke, eta 2. alternatibakoak, berriz, 22 hilabetean.

    Obrako instalazio lagungarriak.

  1. alternatibako obra-pilaketa eta -instalazioen eremua, segur aski, sarrera-inguruaren eta larrialdi-irteeraren ondoan kokatuko da, Lekubaso errekaren ezkerreko ertzeko lurretan.

    Bigarrena. Baldintza hauek ezartzea proiektua gauzatzeko (lotesleak dira, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 78.1 artikuluan xedatzen denaren arabera):

    1. Proiektua garatzeko baldintzek zein babes- eta zuzenketa-neurriak bat etorriko dira indarrean dagoen araudiarekin, Ebazpen honen atal hauetan ezarritakoarekin, eta, aurrekoari aurka egiten ez dion guztian, proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoarekin.

      Proiektu honen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko prozedurak, proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazio teknikoaz gain, kontuan izan du espedientean ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko prozeduraren fase orotan erantsitako txostenen edukia, bai eta jendaurreko informazioaren izapideak iraun duen bitartean jasotako alegazioak ere.

    2. . Proiektua aldatzen edo zabaltzen bada, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

      Proiektuan aldaketa puntualak egiten badira, ingurumenaren ikuspegitik ere arrazoitu egin beharko dira, aurreko paragrafoan adierazitako garrantzia ez badute ere. Babes- eta zuzenketa-neurrietan, ingurumena zaintzeko programan, aurrekontuan eta baldintzen agirian jasoko dira proiektuari egiten zaizkion aldaketak.

    3. Ingurumen-ebaluazioko prozeduraren alderdi garrantzitsuak.

      Proiektuaren eremua Usansoloko hirigunearen (Bizkaia) inguruan dago, eta hainbat garraio-azpiegitura, bizitegi- eta industria-garapen eta ekipamendu ditu. Ingurunearen ezaugarriak kontuan hartuta, interes handieneko ingurumen-balioak dauden ibai-ibilguekin lotuta egongo dira, bai eta intereseko habitat naturalak dituzten okupaziorik gabeko eremuak ere.

      Hauek dira eremuaren ezaugarri nagusiak:

      Proiektuaren eremua Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoari dagokion Ibaizabalgo Unitate Hidrologikoan dago. Zehazki, Ibaizabal IV (ES068MAR002850) gisa identifikatutako ur-masaren erkidegoarteko arroan kokatzen da. Proiektatutako trazatuak, aldi batean, Ibaizabal ibaia tunelaren azpitik zeharkatzen du, eta aurreikusitako alternatibetako bat (1. alternatiba), hein handi batean, ibilguaren paraleloan doa, hori ere lurpetik. Gainera, bi alternatibetan Lekubaso erreka zeharkatu behar da, Usansolo eta Bedia arteko udal-mugatik igarotzen dena.

      EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren (LPS) arabera, Ibaizabal ibaia IV. mailako gisa sailkatzen da (200 eta 400 km2 arteko isuri-arroa) bere osagai hidraulikoaren arabera; aldiz, Lekubaso erreka 1. mailako gisa identifikatzen da (10 eta 50 km2 arteko isuri-arroa). Ingurumen-osagaiari dagokionez, tarte horretan, Ibaizabalen ertzak leheneratzeko beharra duten ertz gisa identifikatzen dira.

      Lurpeko urei dagokienez, eremua hegoaldeko antiklinorioko lurpeko ur-masaren gainean dago (ES017MSBT017.006), eta Arabako plataformaren jabariko Balmaseda-Elorrio Kuaternarioko sektorea barne hartzen du, interes hidrogeologikoko eremu batekin bat eginez. Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, proiektatutako trazatuak ez datoz bat ur-puntu bakar batekin ere.

      Proposatutako trazatuak, nagusiki, Ibaizabal ibaiaren uholde-lautadekin bat egiten duten alubioi-depositu eta alubioi-kolubial motako material litologikoen gainean daude. Ospitalearen inguruko hainbat puntutan, txandakako material detritikoak nagusitzen dira (hareharriak eta lutitak), eta Lekubasoko muinoaren inguruan, berriz, ale ertaineko arroka detritikoak (limolitak). Proiektuaren eremuan, porositateagatik iragazkortasun ertaina duten materialak dira nagusi; edonola ere, bertako akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasuna txikia da.

      Nekazaritza eta Basogintzako LPSaren arabera, proposatutako trazatuen azken zatia lurzoru urbanizaezinetik igarotzen da, nagusiki «Nekazaritza eta abeltzaintza: Trantsizioko Landa Paisaia» gisa sailkatutakoetatik.

      Proiektuaren eremuan dagoen landarediari dagokionez, baso-lurren, nekazaritza-lurren eta eremu urbanizatuen mosaiko bat identifikatzen da. Ildo horretan, intereseko landaredia Ibaizabal ibaiaren eta Lekubaso errekaren ertzetan dago, bai eta landa-inguruneko baso- eta larre-formazio naturaletan ere. Hain zuzen, proposatutako trazaturako aurreikusitako jarduketak kontuan hartuta, lurrazaletik joango den trazatu-zatia bat etorriko litzateke Ibaizabal ibaiaren ertzetako galeria-basoarekin, belardiekin eta baso-landaketekin.

      Dauden iturri bibliografikoetan eta datu-baseetan oinarrituta, ingurumen-azterketak ez du identifikatzen proiektuaren eremuan mehatxatuta dagoen flora-espezierik. Hala ere, GeoEuskadin eskuragarri dagoen kartografiaren arabera, proiektatutako jarduketek 6510 Altitude baxuetako sega-belardi txiroak Batasunaren intereseko habitatari (BIH) eragin liezaioketela aurreikusten da, eta 91E0 Alnus glutinosa eta Fraxinus excelsior espezieen baso alubialak lehentasunezko BIHtik hurbil garatuko lirateke.

      Faunari dagokionez, ingurumen-azterketak espezie babestuen zerrenda bat jasotzen du hainbat katalogotan, eta posible da espezie horiek azterketa-eremuaren ingurunean egotea. Horien artean, bisoi europarra nabarmendu behar da, zeinak Kudeaketa Plan bat baitu Bizkaiko Lurralde Historikoan kontserbatzeko. Plan horren arabera, Ibaizabal ibaia «hobetu beharreko tartea» da espezie horrentzat, eta Lekubaso ibaia, berriz, «interes bereziko eremua».

      Proiektuaren xede den eremuan ez dago naturagune babesturik, ez eta interes geologikoko lekurik ere. Halaber, ez du bestelako katalogoetan jasotako ezein gune ukitzen (EAEko naturagune garrantzitsuen katalogo irekia eta LAGetako natura-intereseko guneen zerrenda), ez eta Plan Hidrologikoko Gune Babestuen Erregistroko elementurik ere. Aitzitik, eremua EAEko Korridore Ekologikoen Sareko Gorbeia-Urdaibai korridore ekologikoak zeharkatzen du ekialdetik mendebaldera, eta Ibaizabal ibaia EAEko Azpiegitura Berdearen «Bilbe Urdinean» sartzen da.

      Ez da aurkitu deklaratutako edo inbentarioan sartutako kultura-ondareko elementurik.

      Ingurumen-arriskuei dagokienez, 1. alternatiban proposatutako trazatuaren zati handi bat 10 urteko errepikatze-denborako uholdeek har ditzaketen eremuen azpitik igarotzen da; aldiz, 2. alternatibaren trazatuak Ibaizabal ibaia gurutzatuko den lekuan eta Lekubaso errekaren inguruan soilik egiten du bat eremu horiekin. Bestalde, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako 2 lurzatiren azpitik igarotzen da 2. alternatiba.

      Proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, proiektatutako jarduketen inpaktu nabarmenenak obra-fasean gertatuko dira, honako hauen ondorioz: lurrak mugitzea, landaredia moztea eta sastrakatik garbitzea, makinak lekuz aldatzea (soberakinak eta hondakinak sortuko dituzte horiek), istripuz isurketak egitea, jariatzeek lurrazaleko urei kalte eragin ahal izatea, faunaren habitataren kalitatea murriztea eta emisio atmosferiko eta akustikoek bizilagunei eragozpenak eragitea.

      Deskribatutakoa kontuan hartuta, 1. alternatiba egikaritzeak inpaktu gehiago ekarriko lituzke, lurrazaletik trazatu luzeagoa igaroko litzakeelako, eta landaredia duten 408 m lineal ingururi eragingo lieke, nagusiki Ibaizabal ibaiaren ondoan dauden labore-belardiei eta baso-landaketei, besteak beste Batasunaren intereseko 6510 eta 91E0* habitatei. Halaber, Lekubaso erreka lubetatik gurutzatzen du, eta, hala, bisoi europarraren Interes Bereziko Eremuari eragingo lioke. Bestalde, trazatuaren zati handi bat uholde-arriskuko eremuetatik igarotzen da eta, aurkeztutako dokumentazioaren arabera, aurreikusitako tunel faltsuaren zati bat egiteak egungo uholde-xafla handitzea ekarriko luke.

      Proposatutako 2. alternatibari dagokionez, ia trazatu osoa tuneletik egingo da, eta, beraz, ez da aurreikusten aipatutako ibilguetan eragin zuzenik izango duenik. Eragingo litzaiokeen landarediaren azalera ere txikiagoa izango litzateke, 280 m lineal ingurukoa, nagusiki Batasunaren intereseko habitat batekin bat ez datozen landaketa linealak izango lirateke.

      Hautatutako alternatibak ez die eragiten Balio Estrategiko Altuko lurzoruei eta ez dago uholde-arriskuko eremuan, nahiz eta lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan jasotako lurzati baten azpitik (48036-00182 kodea) eta 48036-00117 lurzatitik hurbil igaroko litzatekeen.

      Trazatua, nagusiki, tuneletik doanez, ez da aurreikusten konektagarritasun ekologikoan, paisaian edo kultura-intereseko elementuetan eraginik izango duenik. Halaber, aurkeztutako dokumentazioaren arabera, tunela egiteak ez die eragingo ibilguen egungo dinamikari eta lurpeko hidrologiari.

      Zaratari dagokionez, aurkeztutako azterketa akustikoak lurrazaletik igaroko den linearen zatiaren egoera akustikoa aztertzen du, bai 1. alternatibarentzat, bai 2. alternatibarentzat. Operazio-egoeran, kalkulatutako hiru agertokietarako (urteko batez besteko maila, igorpen handieneko eguneko maila eta gehieneko maila), emaitzek adierazten dute ez direla gainditzen kalitate akustikoko helburuak inguruko eraikinen fatxadetan. Era berean, bibrazioen azterketatik ondorioztatzen denez, bi alternatiben kasuan esposizio handiena duten eraikinetan ere ez dira gainditzen bibrazioei aplika dakizkiekeen muga-balioak.

    4. Babes- eta zuzenketa-neurriak.

      Babes- eta zuzenketa-neurriak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo ataletan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.

      Neurri horiek eta kontrolerako izendatutako langileek ingurumen-inpaktuaren azterketan ezarritako kalitate-helburuak eta ingurumen-inpaktuaren adierazpen honetan ezarritakoak bermatu beharko dituzte.

      Neurri horiek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan eta proiektu-planoetan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, obretako jardunbide egokiak aplikatuko dira.

      1. Natura-ondareari ahalik eta gutxien erasateko neurriak.

      Aplikazio-araudian xedatutakoa gorabehera, honako prebentzio- eta zuzenketa-neurri hauek erantsiko zaizkio proiektuari ondare naturala babeste aldera:

      Ezinbesteko eremu txikienean egingo dira lanak eta lurzorua okupatzea dakarten gainerako jarduketa osagarriak; betiere proiektuko planoek ezartzen dituzten mugen barruan. Aipatutako mugetatik kanpo, ezingo da izan eraginik sarbideak egin, materialak bildu, instalazioak kokatu edo beste edozein jarduketa osagarri egin behar izateagatik, eta ahal bezainbeste mugatuko da lanak egiteko makinen eta ibilgailuen zirkulazioa.

      Ustekabeko kalterik egiten bada aipatutako eremutik kanpo, zuzenketa- eta leheneratze-neurriak hartuko dira. Aurrez, txostena egingo du ebazpen honetako D.12 puntuak aipatzen duen ingurumen-aholkularitzak.

      Obra-eremuaren mugaketa zehatza, eremu horretarako sarbideak, makina-parkea, obrako materialak behin-behinean biltegiratzeko eremuak, eta hondeaketa-lurrak eta hondakinak behin-behinean biltzeko eremuak eraikuntza-proiektuan zehaztu beharko dira, eta ingurumenari ahalik eta kalterik txikiena egiteko moduko irizpideetan oinarrituta proiektatuko dira. Zehazki, dagoeneko artifizializatuta dauden eta natura-balio gutxi duten eremuak lehenetsiko dira, eta interes ekologiko handiko landaredia duten azalerak okupatzea saihestuko da, hala nola baso-masa autoktonoak eta Batasunaren intereseko habitat hauek: 91E0* Ibaiertzetako haltzadi eurosiberiarra eta 6510 sega-belardi atlantikoak, bazkatu gabeak.

      Kontratistak berak egokitu beharko ditu bere instalazio osagarriak, bertan gauzatuko diren jardueren ondoriozko ingurumen-inpaktuak minimizatzeko.

      Kontratistaren instalazio-eremu horien mugaketa zehatza eta ezaugarriak kasuan-kasuan jarduten duen obra-zuzendaritzak onartu beharko ditu, betiere ebazpen honetako D.12 puntuan ezarritako ingurumen-aholkularitzaren txostena ikusi ondoren.

      Eremu horiek 1. eranskineko 08.04 planoan daude jasota, ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau egiteko aurkeztutako dokumentazioaren obra-pilaketa eta -instalazioen eremuaren planoan.

      Behin-behineko sarbideak egikaritzeak eta obra-instalazioak jartzeak eragindako eta zuzeneko erabilerarik egitea aurreikusten ez den eremuetan, landaredia autoktonoa soiltzea saihestu beharko da; bereziki, behar diren neurriak hartuko dira mozketa behar-beharrezkoa ez duten zuhaitzei kalterik ez egiteko. Lanak mugakide dituzten natura-interes handiko eremuetan, alegia, aurretiaz deskribatutako landaredia dagoen eremuetan, kontu handiz ibiliko da, proiektua gauzatzeko ezinbesteko eremuan bakarrik izateko eragina.

      Horretarako, obrak hasi aurretik, zehatz-mehatz mugatu eta in situ balizatuko dira lanak egiteko nahitaez moztu edo kendu behar ez diren bertako zuhaitz-aleak eta Batasunaren intereseko habitatak. Gainera, kontserbatu beharreko zuhaitzak behar bezala babestuko dira, sustrai-sistemak ez izateko kolperik eta kalterik. Bestalde, zuinketako fasean eta lanak egiterakoan, ebazpen honetako D.12 puntuak aipatzen duen ingurumen-aholkularitzako botanika-espezialista bat izango da lanetan bertan aipatutako eremu bereziki sentikorretan, Obraren Zuzendaritzari laguntzeko.

      Proiektuaren eraginpeko eremua bisoi europarraren interes bereziko eremu baten (Lekubaso erreka) eta hobetu beharreko zati baten (Ibaizabal ibaia) barruan dago, Bizkaiko Lurralde Historikoan Bisoi Europarra, Mustela lutreola (Linnaeus, 1761), Kudeatzeko Plana onesten duen ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretuan ezartzen denarekin bat, galzorian dagoen eta babesteko neurri bereziak behar dituen espeziea baita.

      Bisoi europarraren aleengan eragina izan dezakeen ezer egin aurretik, honako hauek kontuan hartuko dira: azaroaren 25eko 9/2021 Legea, EAEko natura-ondarea kontserbatzeari buruzkoa; uztailaren 9ko 167/1996 Dekretua, Basa eta itsas fauna eta landaredian arriskuan dauden espezieen EAEko Zerrenda arautzeko duena; eta, dagokionean, foru-organo eskudunak, bisoi europarraren kudeaketa-planaren administrazio arduradun gisa, xedatzen duena.

      Aurretiaz adierazitakoari kalterik egin gabe, obrek bisoi europarraren Interes Bereziko Eremuan eragina izan badezakete, Bizkaiko Foru Aldundiko organo eskudunari baimena eskatu beharko zaio, eta Bizkaiko Lurralde Historikoan bisoi europarraren kudeaketa-planaren 2.2.1 eta 2.2.4 Gidalerroetan adierazitako neurriak hartuko dira. Horretarako, jarduketa horiek ez dira egingo bisoi europarra ugaltzeko aldi kritikoan, hots, martxoaren 15etik ekainaren 31ra bitartean.

      Obrak hasi aurretik, proiektuaren eremuan identifikatutako espezie inbaditzaileak desagerrarazteko kanpaina bat egingo da (hala nola Cortaderia selloana, Buddleja davidii, Robinia pseudoacacia, Crocosmia aurea edo beste batzuk).

      Kontrol-neurriak hartuko dira lurrak mugitu diren landaretzarik gabeko eremuetan landare-espezie inbaditzaileak sar ez daitezen. Gainera, lurren jatorria kontrolatu beharko da; bereziki, landare-estalkia lehengoratzeko lanetan erabilitako lurren kasuan. Ahal dela, ez da erabiliko espezie inbaditzaileekin kutsatuta egon litekeen lurrik.

      2. Urak eta lurzoruak babesteko neurriak.

      Aplika daitezkeen prozeduren esparruan uren arloko organo eskudunak egoera honetan ezar ditzakeen baldintzez gain, eta Uraren Euskal Agentziak entzunaldiko izapidean emandako txostenean adierazitako gogoetez gain, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ere hartu beharko dira:

      Eraikuntza-fasea drainatze-sarera ahalik eta jalkin xehe gutxien isuriz egin beharko da. Horretarako, urak bideratzeko gailuak eta sedimentuak atxikitzeko sistemak proiektatu eta gauzatuko dira, eta horietan bilduko dira obren ondorioz kutsatutako urak.

      Instalazio osagarrien eremuetan eta makinak aparkatzekoetan, dekantazio-baltsak jarriko dira, bai eta solidoak atxikitzen eraginkortasun frogatua duten bestelako gailuak ere, hidrokarburoak bereizteko sistemak dituztenak, betiere.

      Proiektatutako tuneletako sarbideetan, prentsa-iragazkiak dituzten dekantagailu lamelarrak jarriko dira, indusketatik datozen efluenteak tratatzeko.

      Gailu horien neurriak ezartzean, behar diren kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoak ahalik eta ondoen atxikitzeko, eta, betiere, isurketa horiek lokalizatuak eta indarrean dagoen araudiaren araberakoak izango direla bermatuko da, uraren parametro fisiko eta kimikoei dagokienez.

      Sistema horien ezaugarriak, kokaleku zehatza eta neurriak adierazi beharko dira ebazpen honen D.13 puntuan aipatutako lan-programetan.

      Aurreko lerrokadetan aurreikusi diren hondakin-urak tratatzeko sistemak mantendu egin behar dira aldizka, tratamendu-sistemaren eraginkortasun hoberena bermatzeko eta une oro erabilera-gaitasun nahikoa daukatela ziurtatzeko.

      Dekantatzen diren sedimentuak aldian-aldian jasoko dira, eta, haiek kudeatzeko, Ebazpen honen D.6 puntuan aplikatuko da.

      Lekubaso errekaren eta Ibaizabal ibaiaren inguruetan egiten diren lur-mugimenduek isuri zehaztugabeak sor baditzakete, iragazkiak jarriko dira obrak eragindako eremuan zehar.

      Ibilguen ertzetan ez da lurrik pilatuko, ez eta ur-laminatik gertu egoteagatik urak kutsatzeko arriskua dakarten beste eremu batzuetan ere. Eremu horietan, ur-lamina baino 30 metro atzerago egingo dira lanak, gutxienez, eta urak bideratzeko gailuak eta jalkinak atxikitzeko sistemak jarriko dira, aurreko atalean adierazitakoari jarraikiz.

      Obrak hasi aurretik, eragin-eremuan dauden ur-puntuen egoera zehatza egiaztatu beharko da, eta, mapa batean haien kokapena zehaztu, bai eta emaria, jardun-araubidea, aprobetxamenduak eta eragin-analisia ere.

      Iturburuetan kalteak eragin direla identifikatzen bada, beharrezko diren babes-, zuzenketa- eta zaintza-neurriak hartu beharko dira, iturburu horien funtzio ekologikoari edo aprobetxamenduari eusteko. Iturburuetatik, iturrietatik eta inguruko eremuetatik datozen urak bereizteko ahaleginak egingo dira bereziki, horretarako, inguruan ubideak edo hodi bereziak eraikiz, solidoak eraman ditzaketen eremuekin nahasi ez daitezen.

      Obrako makinak gordetzeko eremua eta horien mantentze-lanetarako tokia drainatze-sare naturaletik bereizi beharko dira. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olio eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Ezin izango da egin erregaien zamalanik, olio-aldaketarik eta lantegiko jarduerarik, horretarako adierazitako eremuetatik kanpo.

      Ebazpen honen D.13 puntuan aipatzen den dokumentazioan jasoko dira elementu horien ezaugarriak, kokalekua eta neurri zehatzak.

      Obretan, hidrokarburoak xurgatzeko material jakina izango dute, hala nola erroiluak edo material pikortua, ezbeharrez gerta daitezkeen jario edo ihesetan berehala erabiltzeko.

      Berariaz debekatuta egongo da makinak konpontzea edo makinei olioa aldatzea zeregin horretarako berariaz ezarritako eremuetatik kanpo. Obrak egiten ari diren inguruan ez badago azpiegitura egokirik zeregin horietarako, berariazko eremu bat egokitu beharko da. Esparru hori mugatuta egongo da, eta zorua iragazgaiztu egin beharko da; era berean, efluenteak jasotzeko sistema bat eduki beharko du, lurzorua eta urak ez kutsatzeko.

      Ez da lur-mugimendurik, hondeaketarik edo zulaketarik egingo lurra kutsatuta dagoela antzeman den guneetan, deskutsatze-lanak egin eta obren jarduketen ondorioz lurpeko uretara kutsadura-transferentziarik ez dela gertatuko bermatu arte.

      Hormigoi-upelak berariaz horretarako egokitutako guneetan garbituko dira. Ezingo da inola ere hormigoi-esnea ibilgura isuri. Hormigoiaren hondakinak Ebazpen honetako D.6 puntuan ezartzen diren baldintzen arabera kudeatu beharko dira.

      Dekantazio-putzuen aldizkako mantentze- eta garbiketa-lanak egin beharko dira, eta metatutako lohiak aldizka hustuko dira, tratamendu-sistemaren funtzionamenduaren errendimendu optimoa bermatzeko.

      Lanen zein ustiapen-garaian sortzen diren efluenteak isurtzeko, isuriak isurketarako baimenean organo eskudunak kasu bakoitzerako ezarritako baldintzak bete beharko ditu.

      Obren eraginez soildutako lurren landare-berritze azkarra eta handia egingo da. Horrela, obra-leku bakoitzean lur-mugimenduak amaitu ahala, ingurumen-eraginaren azterlanean adierazten diren birmoldatze- eta landareztatze-lanak egingo dira.

      Obrak dirauen bitartean, garbiketa-lanen kontrol zehatza egingo da ibilgailuak igaro ondoren, bai proiektuaren zuzeneko jarduera-eremuan eta eragindako ingurunean, bai iristeko bideetan eta, bereziki, jendea bizi den inguruetan. Beharrezkoa bada, obrek eragindako lursailetan ureztatze-sistema bat ezarriko da.

      3. Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria izango dela bermatzera zuzendutako neurriak.

      165/2008 Dekretuan jasotako bi kokaleku (kodeak: 48036-00182 eta 48036-00117) identifikatu dira (165/2008 Dekretua, irailaren 30ekoa, Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioari buruzkoa). Dena den, eremu horietan proiektatutako trazatua tuneletik joango da, zeina meatze-lanak egiteko teknikaren bidez egikarituko baita, eta, a priori, ez da aurreikusten lurzati horiei eragingo zaienik. Lurrazalean ere ez da jarduketarik egitea aurreikusten, eta, beraz, ez da aurreikusten lurrazaleko jardueren ondorioz lurzoruak kutsatzea. Proiektua aldatzen bada, eta material kutsatzaileak izan ditzaketen lurzoruen puntu horietan eraginen bat badu, otsailaren 4ko 1/2005 Legean (lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzekoan) xedatutakoa bete beharko da.

      Aurrekoak gorabehera, obrak gauzatzean lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten leku gehiago aurkitzen badira, edo lurzorua kutsatzen duten substantziak daudela pentsatzeko arrazoi sendoak baldin badaude, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legean ezarritakoa beteko da, halaber.

      4. Hauts-emisioak murrizteko neurriak.

      Lanek irauten duten bitartean, ibilgailuak igaro ondorengo garbitze-lanak zorrotz kontrolatuko dira, bai obren eraginpeko ingurunean, bai obretara sartzeko guneetan. Pistak ureztatzeko eta aldi baterako estali gabe dauden eremuak eta ibilgailuak pasatzean material partikulatua aireratu daitekeen gainazalak garbitzeko sistema bat izan beharko da. Gainera, lehorraldietan, hautsa duten lur- eta material-pilak ureztatu egingo dira.

      Obra-guneko irteeran, ibilgailuak garbitzeko gailuak jarriko dituzte, solidoak biltzeko sistema bati konektatuta, aurkeztutako dokumentazioan adierazi bezala. Gailuok egoera onean mantenduko dira obra-faseak iraun bitartean.

      Ebazpen honetako D.2 puntuan zehaztutako dokumentazioan adieraziko dira aipatutako elementuen ezaugarriak, kokaleku zehatza eta neurriak.

      Indusketatik ateratako materiala hezetasun-baldintza egokienetan garraiatuko da, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lokatzak eta partikulak barreia ez daitezen.

      5. Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzera bideratutako neurriak.

      Lanek iraun bitartean, jardunbide egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko bereziki indusketa-, eraispen-, zama- eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makineriaren mantentze orokorrean, zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan, zarata sortzeko ordutegiaren mugaketan, lanetan erabilitako ekipoen zaraten kontrolean eta abarrean ere.

      Meategiko tunela gauzatzean, bibrazio handienak sortzen dituzten aurreratze-metodoak (mailu hidraulikoa, etab.) ahalik eta gehien saihestuko dira, bibrazio horiek hurbileko eraikuntzetara nabarmenki transmititu daitezkeen eremuetan.

      Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonifikazio akustiko, kalitate-helburu eta igorpen akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-igorpenei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-igorpenak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

      Leherketak eginez gero, UNE 22-381-93 arauaren arabera egin beharko dira; hortaz, proiektuaren eremuko eraikin eta instalazioetan eragindako bibrazioek ezingo dituzte arau horretan ezarritako mugak gainditu.

      Eraikuntzen agerieneko fatxadan, aireko uhinaren presioak ezingo du 128 dB(L) gainditu, balio handiena baita hori.

      Lanek dirauten artean, banakako informazio-sistema antolatu beharko da indusketa-eremutik hurbil bizi direnentzat. Hala, bizilagunek zehatz-mehatz jakingo dute zer-nolako neurriak hartuko diren leherketek eragiten dituzten bibrazioen eta aire-uhinaren ondorioak gutxitu eta kontrolatzeko. Sistema horrek, gutxienez, informazio hau emango du: lanen iraupena, sarbideetan ibiliko diren makina motak, haiek erabiltzeko araubidea, ordutegi-mugak, abiadura-mugak eta segurtasun-baldintzak.

      Zarata-fokuek Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako muga-balioak bete beharko dituzte eta, proiektua garatzerakoan, ukitutako eremuan obrek sorrarazitako zaratarengatik ez dira gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita daudenak, eta hori guztia dekretu horretako 35.bis artikuluan aurreikusitakoa eragotzi gabe.

      Ildo horretan, sustatzaileak azterketa bat erantsi beharko dio espedienteari, lanek soinuaren ikuspegitik duten eraginari buruzkoa. Bertan, identifikatuko da proiektuaren zer fasetan izango den zarata handiena eta zer immisio-maila aurreikusten diren soinu-isurien fokuen eraginaren mende dauden eraikinen fatxadetan baldintzarik okerrenetan. Egokitzat jotako zuzenketa-neurriak zehaztuko dira, eta hor aztertuko da zer onura akustiko lortu nahi den zuzenketa-neurri horien bitartez, eremu akustikoetako eta eraikin sentikorretako zarata-maila murrizteari dagokionez. Eduki horren berri emango zaie Galdakaoko eta Bediako udalerriei.

      Trenbide-azpiegiturek nahiz funtzionamendu-fasean aurreikusita dauden kanpora irteteko ekipamenduek (aireztatze-zuloak, geltokietarako sarbideak, etab.) beharrezko neurriak hartu beharko dituzte, dagozkien eremu akustikoen kanpoko eta barneko ingurumenera ez igortzeko zaratarik, aipatutako urriaren 16ko 213/2012 Errege Dekretuaren 51. artikuluan xedatutako mugak gainditzen dituenik.

      Era berean, neurriak hartuko dira trenaren jardunak zuzenean nahiz zeharka sor dezakeen zaratak ez ditzan gainditu urriaren 16ko 213/2012 Errege Dekretuaren 31. artikuluan eta hurrengoetan zarataren gainean ezarritako helburu akustikoak.

      Lehenago xedatutakoa zortasun akustikoko eremuetatik kanpo aplikatuko da.

      Aurreikusitako mugak gainditzen direla egiaztatuz gero, emisioak, hedapenak eta immisioak zuzentzeko sistema egokiak ezarri beharko dira, eremu bakoitzari dagokion erabileraren arabera, inpaktu horiek murrizte aldera, betiere.

      Tren-azpiegiturak beharrezko neurriak hartuko ditu etxebizitza-, egoitza-, ospitale-, edota hezkuntza- nahiz kultura-eraikinen barrura ez helarazteko kalitate akustikoko helburuak gainditzea eragiten duen bibraziorik, betiere urriaren 16ko 213/2012 Errege Dekretuaren 51. artikuluak ezarritakoaren arabera; horiek ebaluatzeko prozedura jasota dago aipatu urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren II. eranskineko 2 b) zatian.

      Urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 29.4 artikuluaren arabera, egikaritze-proiektuak mugatuta izan beharko du zortasun akustikoaren eremua, aipatu arauaren 28. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

      6. Hondakinak eta hondeaketa-lurrak kudeatzeko neurriak.

      Proiektuaren gauzatze- eta funtzionatze-faseetan zehar sortutako hondakinen kudeaketa Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta araudi zehatzetan xedatutakoaren arabera egingo da.

      Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira; hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea, balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne, eta, azkenik, deuseztatzea.

      Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea haien balorizazioa ez dela bideragarria teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.

      Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdinetako hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.

      Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

      Aipatutako 112/2012 Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, proiektuaren sustatzaileak gehitu beharko dio eraikitze-proiektuari hondakinen eta eraikitze- eta eraispen-materialen kudeaketa-azterlan bat, eta I. eranskinean ezarritako gutxieneko edukia izan beharko du.

      Halaber, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan aurreikusitako eskakizunak betetzeaz gain, plan bat prestatuko du kontratistak, obrako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortzen diren hondakinekiko eta materialekiko betebeharrak nola konplituko dituen azaltzeko. Ebazpen honen D.13 puntuan aipatzen den lan-programan txertatuko da plan hori.

      Amiantoa duen hondakinik edo elementurik aurkitzen bada, otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak ezarritakoa bete beharko da amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura prebenitu eta gutxitzekoa da errege-dekretu hori, bai eta martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuak ezartzen duena ere amiantoaren eraginpean egoteko arriskua duten lanei aplikatu behar zaizkien segurtasuneko eta osasuneko gutxieneko xedapenak ezartzen ditu errege-dekretu horrek.

      Zabortegira bidali beharreko hondakinak, gainera, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuaren eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera kudeatuko dira. Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

      Sustatzaileak aurkeztutako dokumentazio teknikoaren arabera, proiektuaren obrek iraun bitartean sortutako lur-mugimenduen balantzeak 147.730 m3-ko lur- eta harri- soberakina ematen du, eta hori obren kokalekutik kanpo kudeatu beharko da.

      Aurkeztutako dokumentazioan ez da zehaztu zertarako erabiliko diren edo nora bideratuko diren hondeaketa-soberakinak, baina ETS inguruan sustatzen ari den obrak aprobetxatzea planteatzen da, edo, hala badagokio, Bilboko portura edo Lemoako Lemoatxa harrobi zaharrean dagoen soberakinen biltegirik hurbilenera eramatea. Induskatutako lurren soberakinen azken helmugarako proposamenak Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzaren oniritzia beharko du.

      Edonola ere, soberakin horiek kudeatzeko, hierarkiaren printzipioari eta hondakinak kudeatzeko hurbiltasunaren printzipioari jarraituko zaie. Hondeatutako material kutsagabe naturalei dagokienez, ukitutako lursaila morfologikoki leheneratzeko erabiltzea baztertu ondoren, balorizazioa lehenetsiko da, honelako lanetarako erabiliz: material horiek behar dituzten gertuko eraikuntza-obrak, erauzketa-jarduerek eragindako lursailak birgaitzeko lanak edo beste espazio degradatu batzuk leheneratzeko lanak. Hala, ez dira ezabatuko betelan-instalazioetan. Horretarako, urriaren 10eko APM/1007/2017 Aginduan Hondeatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzkoa xedatutakoa izango da aplikatzekoa.

      Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela-eta, isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Orobat, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan hondakinak biltegiratzeari, nahasteari, ontziratzeari eta etiketatzeari buruz ezarritako betebeharrak bete beharko dira, eta itxita egongo dira kudeatzaile baimendu bati entregatu arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

      Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da hondakin arriskutsuak aldi batean pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak eta pinturak. Gainera, hondakin geldoak biltzeko berariazko edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

      Aipatutako ontziak edo bilgarriak argi nahiz irakurtzeko eta ezin ezabatuzko moduan etiketatu beharko dira, bai eta indarreko araudiaren arabera ere.

      Apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 29. artikuluari eta Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatuko da sortzen den olio erabilia. Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zolata iragazgaitz baten gainean egon beharko dira, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

      Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, inolaz ere ez da efluente kontrolatu gaberik sortuko, erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.

      Kontuan hartuko da abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 84.3 artikuluan erosketa publiko berdeari buruz xedatutakoa.

      Obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipena jasoko duen txosten bat egin beharko da, eta indarreko legedian jasotako identifikazio-dokumentuak eta tratamendu-kontratuak txosten horretan sartu beharko dira.

      Obrak amaitzean, proiektuaren sustatzaileak lurren mugimenduen balantze zehatza eta indusketa-soberakinen jarraipena igorri beharko dizkio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, bai eta honako hau zehaztu ere: atera ziren lekuetan ez beste leku edo obra batzuetan eraikuntzara bideratutako materialen kopuruak eta ezaugarriak.

      7. Kultura-ondarea babesteko neurriak.

      Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Ondare Kulturalaren Zerbitzuari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

      8. Uholde-arriskua gutxitzeko neurriak.

      Jarduketak bat etorri beharko dira abenduaren 9ko 638/2016 Errege Dekretuarekin, zeinaren bidez Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamendua aldatzen baita, lehentasunezko fluxu-eremuko eta uholde-arriskuko eremuko erabileren mugei dagokienez.

      9. Paisaia babesteko eta obren eraginpeko lekuak lehengoratzeko neurriak.

      Eraikuntza-proiektuak «Ingurumena lehengoratzeko proiektu» espezifiko bat hartu beharko du baitan, eta bertan zehaztuko dira lehengoratu beharreko eremuei, erabili beharreko espezieei, landaketa- eta mantentze-esparruari, aurrekontuari eta abarri buruzko gaiak. Lehengoratzeko proiektu horrek Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzaren oniritzia beharko du.

      Halaber, babes- eta zuzenketa-neurri hauek hartuko dira:

      Obrak eragindako eremu guztietan egingo dira obraren paisaia-integraziorako lanak, bai eta kontratistaren instalazio-eremuetan edo bestelako eremuetan ere, baldin eta, ingurumen-inpaktuaren azterketan agertu ez arren, proiektuaren ondorioz kaltetu badira. Lehengoratze horren arabera, urbanizatu gabeko aldeetan landarez estali daitezkeen eremu guztiak landareztatuko dira, eta hiri-aldeetan berriro jarriko dira lorategi-elementuak.

      Landareztatze-lanetan espezie autoktonoak erabiliko dira, habitat naturalizatuak sortzen laguntzeko eta inguruko landaredi naturalarekin bat etortzen saiatzeko. Eremuaren ezaugarriak kontuan hartuta, ibilguetatik gertuen dauden haltzadi kantauriarreko konplexuko espezieak eta hariztiaren berezko espezieak erabiliko dira. Halaber, eragindako belardi eta laboreen eremuetan, dagokion berrereintza egingo da. Larreak berriz erein ahal izateko, aldez aurretik lurra pixka bat landu edo biratu beharko da, ez trinkotzeko, berrereintza eta erneketa egokiak izan daitezen.

      Hala badagokio, kendutako zuhaitz-masak, ondo kontserbatutako baso autoktonoen kasuan, 1:2 proportzioan konpentsatuko dira (ezabatua:zaharberritua), eta, gainerako baso misto gazteen kasuan, 1:1 proportzioan. Konpentsazio hori proiektuaren jarduketa-eremuan egin beharko da lehentasunez.

      Landareztatzeak, bertako espezieak sartuta, landaretza-masa trinkoak eta jarraituak ezartzeko aukera eman beharko du; habitat naturalak sortu beharko dira, eta, ahal dela, horiek inguruan dagoen landaredi naturalarekin lotu.

      Ingurumen-lehengoratzean lurraren berroneratze geomorfologikoa eta edafikoa sartuko da, bai eta landare-estalkia izan dezaketen guneen landareztatzea ere.

      Obrek ukitutako eremu guztietako leheneratze-neurriak obrak egin ahala hartuko dira; hala, obrek aurrera egiten duten neurrian, birmoldaketa- eta landareztatze-lanak egingo dira. Lehengoratuko diren gainazalek ureztatze-sistema bat izan beharko dute, gutxienez landareztatzearen lehenengo faseetan.

      Lur-mugimenduek irauten duten artean, landare-lurra kendu, metatu eta bereizita zabalduko da, eragindako eremuen leheneratzea eta landareztatzea errazte aldera. Landareztatze-lanetarako kendutako landare-lurra modu egokian biltegiratuko da, eta saihestu egingo da hura trinkotzea, era desegokian pilatzea eta manipulatzea euria egiten duenean. Gainera, pilatutako lurrak egoki mantenduko dira, eta, behar izanez gero, hidroereinketa erabiliko da.

      Obra kontratatzeko baldintzen agirian eta aurrekontuetan, proposatutako landareztatze-jarduketak behar bezala beteko direla bermatzeko behar diren baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak jasoko dira.

      Fallopia japonica, Buddleja davidii, Cortaderia selloana edo beste landare inbaditzaile batzuk ez zabaltzeko ekintzak gauzatuko dira. Ildo horretan, bereziki kontrolatu beharko da landare-estalkia lehengoratzeko zereginetan erabiliko diren lurren jatorria, eta aipatutako espezie horiekin kutsatuta egon daitezkeen lurrak erabiltzea ekidingo da. Gainera, landare-lurrak hilabetez baino gehiagoz pilatuko badira obran, hidroerein edo plastikozko geruza batekin estaliko dira, urak lurrik ez eramateko, lurraren ezaugarriei ez kalterik egiteko eta, ahal den heinean, espezie inbaditzaileak sartzea eragozteko.

      Ingurua lehengoratu ondorengo bi urteetan, mantentze-lanak egingo dira: lurra aitzurtu, ongarritu, ureztatu eta hutsarteak landareberritu. Ereindako edo landatutako eremuak mantentzeko lanetan, ahalik eta herbizida eta pestizida gutxien erabiliko da, eta prozedura mekanikoei lehentasuna emango zaie. Herbizidak eta pestizidak ezinbestekoak izanez gero, iraunkortasun eta toxikotasun txikiena duten produktuak erabiliko dira.

      10. Jardunbide egokien sistema bat ezartzea.

      Obrek iraun bitartean, langileek jardunbide egokien sistema bat beharko dute, helburu hauek, besteak beste, ahalik eta hobekien bermatzeko:

      Obraren erabilera-mugak eta makineriaren zirkulazioa kontrolatzea.

      Ongi kontserbatutako landarediaren gaineko eraginak kontrolatzea.

      Hondakinik ez isurtzea eta olio-isurketen edo lur-arrasteen ondorioz lurzorua eta ura ez kutsatzea.

      Obretan sortutako hondakinak era egokian kudeatzea.

      Proiektuak eragindako herriguneetako biztanleei enbarazurik ez eragitea zarata eta hautsarekin.

      11. Garbiketa eta obra bukatzea.

      Behin obrak amaituta, garbiketa-kanpaina sakona egingo da, proiektuaren eraginaren mende egon den esparru osoan obra-hondakinik ez uzteko. Hondakinak lan-eremutik aterako dira, eta, haiek kudeatzeko, ebazpen honetako D.6 puntuan xedatzen dena aplikatuko da.

      12. Ingurumen-aholkularitza.

      Obra amaitu arte eta horren berme-aldian zehar, Obra Zuzendaritzak ingurumenaren eta babes- eta zuzenketa-neurrien inguruan kualifikatutako aholkularitza izan beharko du. Baldintza-agiriak gai horiei buruz esleitzen dizkion funtzioen alorrean Obra Zuzendaritzak hartu beharreko erabakiek, aldez aurretik, aholkularitza horrek egindako txostena izan beharko dute.

      Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du, obra gauzatzean; besteak beste, proiektuko ekintzen eragina egiaztatuko du, bereziki honako hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hautsa eta zarata sortzea, makinak direla-eta zarata sortzea, hondakinen eta lur-soberakinen kudeaketa, natura- eta kultura-ondarea babestea.

      13. Lan-programa diseinatzea.

      Obrak hasi aurretik, kontratistak proposamen zehatzak egingo ditu ondorengo azpiatal hauetan jasotako alderdiei buruz, gutxienez.

      Lanak egiteko programari erantsiko zaizkio proposamen horiek, eta obren zuzendariak berariaz onartuko ditu; aurrez, txosten bat egingo du aurreko atalean aipatutako ingurumen-aholkularitzak. Dokumentu hauek bilduko ditu aipatutako programak:

      Lan-eremuetarako sarbideen kokapenaren eta ezaugarrien xehetasuna (xehetasun-kartografia barne): oinplanoa, luzetarako eta zeharkako profilak, lur-mugimenduak eta sortutako ezpondak.

      Kontratistaren instalazioen eremuen kokalekuari eta ezaugarriei buruzko xehetasunak, pilaketak behin-behinean biltzeko eremua, makineria-parkeak, instalazioak eta materialak, ibilgailuak garbitzeko eremuak eta beste edozein azpiegitura adierazita.

      Xehetasun-kartografia bidez, zehatz-mehatz zedarrituko dira obrak gauzatzeko nahitaez bota behar ez diren zuhaitz autoktonoak eta zuhaitz-unadak.

      Obren ondorioz kutsatzen den ura biltzeko eta tratatzeko gailuen kokapena eta ezaugarriak. Dekantazio-putzuen, luzetarako jalkitze-hesien edo aurreikusitako beste gailu batzuen kokapen zehatza, neurriak eta tratamendu-ahalmena.

      Ibilgailuak garbitzeko gailuen kokapena eta ezaugarriak.

      Obretako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sor daitezkeen hondakinak nola kudeatuko diren islatzen duen plana, honako hauetan xedatutakoaren arabera: Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuaren 5.1 artikuluan, eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuaren 7. artikuluan.

    5. Ingurumen-zaintzako programa.

      Sustatzaileak proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoaren arabera gauzatuko da Ingurumena Zaintzeko Programa, eta ondoren zehaztuko diren kontrol hauek erantsi behar zaizkio.

      Programa hori obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartuta egon behar da, eta bete ahal izatea bermatuko duen aurrekontuaz hornituko da.

      1. Gorabeheren erregistroa.

      Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta babes- eta zuzenketa-neurriak zenbateraino bete diren jasotzeko erregistroa ere. Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren eskura egongo da erregistroa, hark ikuskatzeko, eta, nolanahi ere, lanak amaitutakoan, hari bidaliko zaio. Proiektua gauzatzean aldaketarik egin bada, aldaketa horiek xehetasunez adierazi beharko dira. Ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu egin beharko dira aipatutako aldaketak.

      Horri dagokionez, obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txostena egin beharko da, indarrean dagoen legediak hondakinen kontrolerako, jarraipenerako eta onarpenerako jasotzen dituen agiriak erantsita.

      2. Obraren okupazio-mugen kontrola.

      Egiaztatuko da egindako okupazioa bat datorrela proiektuan aurreikusitako eremuarekin, obrek ez dutela hartzen aurreikusitakoa baino azalera handiagoa, eta babes-zedarriak egoera onean daudela.

      Halaber, makinen kokapen zuzena eta egoera, instalazio osagarrien eremuak eta soberakinen biltegiak kontrolatuko dira. Gainera, horiek guztiek zuzenketa-neurri egokiak dituztela bermatuko da (drainatzea, dekantazio-sistemak, gurpilak garbitzeko sistemak, eta abar).

      3. Obrak egin bitartean uren kalitatea kontrolatzea.

      Oro har, ingurune urtarrera isurketak egin ditzakeen obra-lekurik izanez gero, D.12 puntuan aurreikusitako ingurumen-aholkularitzak egiaztapena egingo du astero, urak isuri aurretik urak bideratu, drainatu eta eusteko gailuak ondo dabiltzala ziurtatze aldera. Hauxe ere aztertuko du: ibaira material xeheak isuri ote diren.

      Era berean, isuri baino lehen aztertu egingo dira Ebazpen honen D.2 puntuan aurreikusitako solido esekiak atxikitzeko gailuetatik eratorritako hondakin-urak, bai eta gurpilak eta upelak garbitzeko sistemetatik eratorritakoak ere. Hilean behin honako parametro hauek aztertuko dira, gutxienez: emaria, pH.a, solido esekiak, eta olioak eta koipeak.

      Sistema horien funtzionamendua eraginkorra ez dela ikusten bada, beharrezkoak diren neurriak hartuko dira, kaltea sortzen duten obra-lekuetan lanak aldi baterako gelditzea barne, material esekiak dituzten urak lur gaineko ur-ibilguetara iritsi ez daitezen.

      4. Kalitate akustikoaren kontrola.

      Lanek eragina duten eremuan, kutsadura akustikoa kontrolatuko da. Neurketa-puntuen eta maiztasunaren aldetik, kontrola bat etorriko da eragin akustikoaren azterketaren erabakiekin. Azterketa hori eraikitze-proiektuari erantsiko zaio. Era berean, obrak egiteko faseak eta jarduketa-motak tipifikatzea ahalbidetuko da, soinu-isurien arabera. Sustatzaileak proposamen zehatz bat egin beharko du aipatutako gaiei buruz.

      Jendea bizi den etxebizitzen edo ondare-interesa duten higiezinen inguruan leherketak egin behar izanez gero, eragin handieneko fatxadetan, aldizka bibrazioen kontrolak egingo direla zehaztuko da ingurumena zaintzeko programan. Neurketak UNE 22-381-93 arauan ezarritakoari jarraituz egingo dira, eta, emaitzak aurkeztean, leherketari buruzko datu guztiak zehaztuko dira.

      Linea berria zerbitzuan jarri ostean, eraikin sentikorrenei transmititutako bibrazioen kontrola egin beharko da.

      Kontrolak diseinatzeko, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legean eta lege hori garatzeko erregelamenduetan xedatutakoari jarraitu beharko zaio, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2013 Dekretuan xedatutakoari ere.

      5. Airearen kalitatea kontrolatzea.

      Meategian zulatzeko teknikaz baliatuta egindako tunelen sarbideko guneak eragindako eremuan, aire-ingurumenean dauden partikulen kontzentrazioa neurtzeko kontrolak egingo dira, legez ezarritako kalitate-helburuak ez direla gainditzen egiaztatzeko.

      6. Lehengoratzearen arrakasta kontrolatzea.

      Obra amaitu ondorengo bost urteetan, proiektuak eragindako guneak lehengoratzeko prozesuaren arrakastaren jarraipena egingo da urtean behin.

      7. Ingurumena zaintzeko programaren dokumentu bategina.

      Ingurumen Zaintzako Programaren dokumentu bategina egin beharko du sustatzaileak, eta bertan bilduko ditu ingurumen-inpaktuaren adierazpenean proposatutako betebeharrak eta proiektuaren ingurumen-txostena formulatzeko ebazpenean finkatutakoak.

      Kontrolatuko diren parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentziako balioak zehaztuko dira programa horretan, bai eta honako beste hauek ere: laginketarako eta analisirako metodologia, kontrol-puntuak non dauden kokatuta xehetasunezko kartografian, kontrol horien maiztasuna, eta hori guztia gauzatzeko aurrekontuaren xehetasunak.

      8. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak bidaltzea.

      Ingurumena zaintzeko programaren emaitzekin batera, ingurumen-gaietan espezializatutako entitate batek egindako jarraipen-txostena ere aurkeztu beharko da. Txosten horretan emaitzen analisia jasoko da, epe horretan izandako gertakari nagusiak bereziki aipatuta, haien balizko kausak eta konponbideak eta, halaber, laginak nola hartu diren zehaztuko da, aldez aurretik egin ez bada.

      Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2021 Legearen 52.2 artikuluan xedatutakoa betez, baldintzak edo ingurumen-inpaktuaren adierazpenean ezarritako prebentzio- eta zuzenketa-neurriak betetzeari buruzko jarraipen-txostenean, ingurumena zaintzeko programan aurreikusitako neurriak egiaztatzeko zerrenda bat jasoko da. Biak, ingurumena zaintzeko programa eta egiaztapen-zerrenda, organo substantiboak argitaratuko ditu bere egoitza elektronikoan, eta horren berri emango zaio ingurumen-organoari.

      Ingurumena Zaintzeko Programaren barruko txosten eta analisien emaitzak behar bezala erregistratuko dira. Proiektuaren sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez gutxienez, eta datu horiek administrazio publikoen ikuskaritza-zerbitzuen eskura jarriko dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikagarri den araudia betetzeko.

    6. Baldin eta arautegi berria indarrean jartzeak edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala eginarazten badigute, babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumen-zaintzako programa aldarazi ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai eta neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan ere. Ingurumen-organoak, era berean, alda ditzake babes- eta zuzenketa-neurriak eta Ingurumena Zaintzeko Programa, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta eta organo substantiboaren bidez, edo ofizioz. Hori guztia, Ingurumena Zaintzeko Programan lortutako emaitzetan oinarrituta egingo da, edo sor daitezkeen ingurumen-inpaktuen aurrean ezarri diren babes-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak nahikoa ez direla egiaztatzen bada.

      Hirugarrena. Proiektua gauzatzen hasteko epea lau urtekoa izango da, ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igaro eta proiektua gauzatzen hasi ez bada, ingurumen-inpaktuaren adierazpen honi amaitu egingo zaio indarraldia, eta utzi egingo dio dagozkion ondorioak sortzeari. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren izapidea, non eta ez den erabakitzen ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren indarraldia luzatzea. Hori guztia, bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 78.5 artikuluan eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 43. artikuluan ezarritakoarekin.

      Laugarrena. Aurreko atalean xedatutakoaren ondorioetarako, Proiektuaren sustatzaileak aldez aurretik jakinarazi beharko dio ingurumen-organoari noiz hasiko den proiektua gauzatzen.

      Bosgarrena. Ebazpen honen edukia jakinaraztea Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren Zuzendaritzari eta proiektuaren sustatzaileari, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari.

      Seigarrena. Ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

      Vitoria-Gasteiz, 2024ko abuztuaren 7a.

      Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

      JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik