Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2024ko abuztuaren 1ekoa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Lemon Tree Power Ren 10 SLUk Aiarako udal-mugartean (Araba) sustatutako 23 MW - 3H-ko PB Navegantes 31 baterien biltegiratze-instalazioaren proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena eta egiten baita proiektu horren irismen-dokumentua.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 172
- Hurrenkera-zk.: 4116
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2024/08/01
- Argitaratze-data: 2024/09/04
Gaikako eremua
- Gaia: Ekonomi jarduerak; Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía; Ingurune naturala eta etxebizitza; Garraio eta herri lanak
- Azpigaia: Industria; EAEko udalak; Ogasun; Ingurumena
Testu legala
2024ko apirilaren 30ean, Industria Administrazioko Arabako Lurralde Ordezkaritzak eskaera bat egin zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, Lemon Tree Power Ren 10 SLUk Aiarako udal-mugartean (Araba) sustatutako 23 MW - 3H-ko PB Navegantes 31 baterien biltegiratze-instalazioaren proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren esparruan (Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan eta hurrengoetan dago arautua).
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua betez, kontsulta-izapidea abiarazi zuen 2024ko maiatzaren 14an, ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait organismoren txostenak jaso dira, eta emaitzak espedientean daude jasota. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion izapidea hasi zela.
Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok aukera izan zezan ingurumenaren arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.
Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, EAEko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraituz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, horrela ingurumenaren babes-maila handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2 artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, proiektuari ingurumen-ebaluazio sinplifikatua egin behar zaio, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 4. taldeko n) letran hau dagoelako jasota: «Stand-alone motako biltegiratze energetikoa, bateria elektrokimikoen bidez edo energia elektrikoko instalazioekin hibridatutako edozein teknologiaren bidez».
Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ondoren, eta kontuan hartuta proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela, ingurumen-inpaktuaren txosten hau egin du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita horretarako eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan xedatutakoaren arabera. Txosten honetan, proiektuak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura bete behar duen, edota, bestela, zer baldintzatan garatu behar den proiektua, ingurumena behar bezala babesteko.
Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, hau
Lehenengoa. Aiarako udal-mugarteko (Araba) 23 MW - 3H-ko PB Navegantes 31 baterien biltegiratze-instalazioaren proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egitea, eta ebaztea proiektuak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta bete behar duela, ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeelako jarraian azaltzen ditugun arrazoi hauengatik:
Proiektuaren helburua da bateriak biltegiratzeko stand-alone instalazio bat eraikitzea, hau da, energia elektrikoa sortzeko instalazio batean sartu gabeko instalazio bat. Bateriak dituzten biltegiratze-sistemek (BESS, Battery Management Storage System ingelesezko sigletan) malgutasuna ematen dute sorkuntza berriztagarriko baliabide batzuen aldakortasuna kudeatzeko, era honetan: sareko energia hartzen dute sorkuntza eskaera baino handiagoa denean, eta sarera isurtzen dute eskaera sorkuntza baino handiagoa denean.
Instalazioaren potentzia instalatua 23 MW-ekoa da eta 3 orduko autonomia du; beraz, energia nominala 69 MWh-koa da. Instalazio honetarako, litio-ioiko teknologia hautatu da.
Aipatutako proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena ematea xede duen ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-dokumentuaren edukia aztertzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F eranskinean ezarritako irizpideekin bat:
Proiektuaren ezaugarriak.
Biltegiratze-instalazioa Aiarako (Araba) udalerriko lurzati batean proiektatzen da, 4.791 m2-ko azalerakoa. Aurreikusten den okupazio-eremua 4.000 m2-koa da. Instalazioa 4 metroko zabalerako bide perimetral batek inguratzen du. Esparruak 2 metroko altuerako hesi perimetral bat izango du.
BESSeko instalaziorako sarbidea zorurik gabeko bide batetik egiten da, iparraldean A-3622 errepidearekin lotzen dena. Egokitu egin beharko da, hautatutako aukeraren arabera.
Beharrezkoa den tarteetan, BESSeko instalaziorako sarbideak egokitu egingo dira, obra-fasean zama-ibilgailuak pasatzen direla bermatzeko. Gutxienez 6 metroko zabalera emango zaie eta bihurguneetan zabalagoak izango dira, kamioiak edo makinak pasatzen direla bermatzeko. Ingurumen-dokumentuak ez ditu deskribatzen instalazioaren sarbidea egokitzeko obrak, ezta obra horiek eragingo duten okupazioa ere.
Biltegiratze-instalaziotik energia kanporatzeko, 30 kV-eko eta 369,99 m-ko luzerako erdi-tentsioko lurpeko linea elektriko bat erabiltzen da, Aiarako azpiestazioraino (I-DE Redes Eléctricas Inteligentes enpresaren jabetzakoa).
Instalazioa elementu hauek osatzen dute:
Bateria-sistema. Bateria-sistema da instalazioaren muina, energia metatzeaz arduratzen baita. Bateria baten unitaterik txikienari gelaxka esaten zaio; haren barruan sortzen dira erreakzio kimikoak. Gelaxkak modulu barruan konektatzen dira, eta modulu horiek, aldi berean, baterien rack-etan konektatzen dira. Bateria-racka jo daiteke sistemaren oinarrizko unitatetzat, hura baita fabrikatzaileek normalki hornitzen duten elementua.
Energia bihurtzeko sistema (edo potentzia-estazioak). Potentzia-unitateek (PCS) eta transformazio-estazioak osatzen dute. Potentzia-unitateek bateriak kargatu eta deskargatu egiten dituzte, eta irteera-tentsiora egokitzen dute haien korronte zuzeneko tentsioa. Era berean, transformazio-estazioak tentsioa igotzen du instalazioko erdi-tentsioko sareko tentsioraino.
Energia kudeatzeko sistema. BESS sistema kudeatzeaz arduratzen den kontrol-sistema da. Haren funtzioak dira instalazioa monitorizatzea, konexio-puntuan beharrezko kontrolak egitea eta sistemaren operadorearekin komunikatzea.
Sistema osagarriak. Sistemaren segurtasuna eta errendimendua mantentzeaz arduratzen dira. Osagai hauek dituzte: hozteko sistemak, suteak detektatzeko eta itzaltzeko sistemak eta babes-sistemak.
Proiektuan biltegiratze-unitateak deitzen direnetan integratzen da bateria-sistema. Era berean, unitate horiek bloketan sartuta daude, bateria-sistemez eta potentzia-estazioez osatuak. Aipagai dugun instalazioak 5 bloke ditu. Haietako lau 10 bateria-rackez eta 4 potentzia-estazioz (PCS) osatuta daude. Denera, 5,11 MW-eko potentzia nominala du instalazioak. 5. blokeak 2 biltegiratze-unitate eta potentzia-unitate 1 ditu, eta 2,55 MW-eko potentzia nominala du. Bloke bakoitzak transformadore bat du.
Laburbilduz, instalazioak 18 biltegiratze-unitate ditu (unitateko 10 rack dituena), 9 potentzia-unitate eta 5 transformadore.
Elementu horiez gain, mozte-gune bat instalatzen da instalazioaren lurzatiaren barruan, eraikin prefabrikatu batean.
Biltegiratze-unitateak, transformadoreak eta mozte-gunea hormigoizko lauzetan bermatzen dira.
Kableatua:
Korronte zuzeneko behe-tentsioko kableak baterien unitate modularretan barneratzen ditu fabrikatzaileak, unitatean integratuta dagoen PCSraino.
Korronte alternoko behe-tentsioko kableak, bateria-unitateen PCSetatik potentzia-transformadoreetara doazenak, behe-tentsioko zangetan lurperatuko dira zuzenean.
Transformadoreen eta mozte-gunean dauden erdi-tentsioko gelaxken arteko erdi-tentsioko kableak zanga batean lurperatuko dira zuzenean.
Erdi-tentsioko instalazio elektrikoaren helburua da BESS sistemaren energia kargatzea/deskargatzea potentzia-transformadoretik mozte-guneraino. Instalazioaren erdi-tentsioko sare elektrikoa korronte alternokoa izango da.
Mozte-gunetik lurpeko linea bat ateratzen da, 369,99 m eta 30 kV-ekoa. Linea horren helmuga egungo Aiarako azpiestazioa izango da.
Proiektuaren kokalekua.
Proiektuaren esparrua ez dago naturagune babestu baten barruan kokatuta, ez eta natura-intereseko leku batean ere. Era berean, instalazioaren eremuan ez dago katalogatutako fauna- edo flora-espezieen eremu kritikorik, ezta onartutako kudeaketa-plana duen espezieen interes bereziko eremurik ere. Halaber, ez dago interes geologikoko gunerik (IGG).
Proiektuaren eremuan dagoen landaredia, funtsean, larre atlantikoek osatzen dute. Batasunaren intereseko habitat (BIH) honekin bat datoz: BIH 6510 (Artzaintzan erabili gabeko sega-belardi atlantikoak). Beste landaredi mota bat ere badago: haritz kanduduneko basoak. Azpiestazioarekin lotzeko linea elektrikoaren hasieran daude, instalazioaren iparraldean. Instalazioaren mendebaldea baso misto atlantiko baten gaineko aldean dago.
Badaude intereseko beste bi habitat ere. Instalaziotik 7,7 metrora mendebaldera, BIH 4030 dago (Ulex sp. nagusi duen txilardi atlantikoa), eta proiektutik 93,08 metrora ekialdera, lehentasunezko BIH 91E0* (Ibaiertzeko haltzadi eta lizardi eurosiberiarra).
Proiektuaren eremuan eta inguruetan ez dago mehatxatutako flora-espezierik. Era berean, ez dago kudeaketa-plan onartua duen fauna-espezierik.
Ingurumen-dokumentuaren arabera, instalaziotik 2,6 metrora hegoaldera Zerralde erreka dago, Izoria ibaiaren adarra; Izoria ibaia instalaziotik 121 metrora dago. Eremua Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoko erkidego arteko arroetan dago.
Aiarako azpiestazioaren sarrerarako lurpeko linea elektrikoaren azken zatia gainjarrita dago Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruen Inbentarioan sartutako lurzati batekin. Halaber, handik gertu beste lurzati batzuk daude, aipatutako inbentarioan sartuta daudenak.
Akuiferoen kalteberatasunari dagokionez, proiektu osoa kalteberatasun txikiko eremu batean dago.
Inpaktu potentzialaren ezaugarriak.
Aztertutako dokumentazioa ikusita, eragin nagusia obra-fasean gertatuko da; izan ere, gaur egun belardi atlantikoek eta espezie autoktonoen basoek okupatzen duten eremu batean egingo dira obrak.
Honako hauek osatzen dute proiektua garatzen den lurzatiko landaredia:
Sega-belardi atlantikoak: Batasunaren intereseko habitat (BIH) 6510 (EBko kodea).
Haritz kanduduneko basoa: sarbidean zehar banatua dago, PB Navegantes 31 instalazioaren iparraldean dagoen parke batean.
Baso misto atlantikoa: instalazioaren mendebaldeko alderdia landaredi-unitate horren gaineko aldean dago.
Ibaiertzeko basoa, Zerralde ibaiaren inguruan.
Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak egindako txostenaren arabera, lurzatiaren mendebaldean eta hegoaldean dagoen zuhaitz-masa autoktonoa zaindua izateko interes handikoa da, zuhaitz zaharrak daudelako eta tokiko testuinguru batean konektagarritasun ekologikoari ekarpen garrantzitsua egiten diolako.
Sustatzaileak instalazioa bertan kokatzea justifikatzeko argudiatzen du «industria-lurzorua» dela. Aiarako Udalak egindako txostenean azaltzen den bezala, finkaren hirigintza-egoera Markijana Industria Plan Partzialaren sektorean lurzoru urbanizagarri industrial gisa sailkatua egotetik ondorioztatzen da. Hasi gabe dago plan hori garatzeko behar den hirigintzaren kudeaketa.
Indarrean dauden arau subsidiarioen dokumentazio grafikoak (O.7.6-Murga-Markijanako Industrialdea planoa) espazio libreen sistemaren lagatzeko zerrenda bat zehazten du. Horren arabera, 10. poligonoko 57. lurzatia, baterien biltegiratze-instalazioa ezartzeko pentsatutakoa, bat dator lagapen horrekin. Beraz, a priori, partzela horretan ez dago baimenduta oinarrizko zerbitzu-azpiegiturak erabiltzea.
Sustatzaileak osatutako dokumentazioaren arabera, badago zuhaiztien gaineko eragina minimizatzeko aukera, hesiak atzeraemanda eta biltegiratze-instalazioaren mendebaldetik doan bide perimetrala kenduta. Hala ere, ekintza hori ez da behar bezala justifikatzen ingurumen-dokumentuaren eranskinean, eta aukera gisa baino ez da planteatzen. Beraz, proiektuaren alderdi garrantzitsu bat da, eta argitu egin beharko da, landarediaren gaineko eragina benetan ebaluatu dadin.
Sustatzaileak egindako dokumentazioan Zerralde erreka «ibai ez-iraunkorra» dela adierazten bada ere, Uraren Euskal Agentziak egindako txostenak zehazten du erreka horren ibilgua jabari publiko hidraulikotzat hartzen dela, eta dagozkion zortasun- eta polizia-eremua dituela. Zerralde errekaren arro drainatzailearen azalera 4,96 km2 da. Proiektuaren eremuan Zerralde errekaren jabari publiko hidraulikoaren babes-zortasunaren eremu zati bat sartzen da, baita haren polizia-eremua ere.
Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 6. eta 7. artikuluetan xedatutakoaren arabera, zortasun-eremuan ez da inolako eraikitze-jarduketarik egingo, lurzorua ez da aldatuko, ez da hondeaketarik egingo, ez dira lurrak mugituko, eta une oro errespetatu beharko da ibaiertzeko landaredia.
Alde horretatik, proiektuak aurreikusten dituen jarduketak Zerralde errekatik 3 bat metrora daude punturik hurbilenean. Beraz, proiektatutako obrak urrundu egin beharko dira, aipatutako zortasun-eremutik kanpo gera daitezen. Gainera, lurzatiaren hegoaldean, Zerralde errekastotik gertu, materialak metatzeko eremuak proiektatzen dira, eta haiek ere zortasun-eremutik kanpo kokatu beharko dira.
Era berean, EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planaren F apartatuan ezarritako atzeratzeak errespetatuko dira, hau da, Zerralde errekaren 15 metroko atzeratzea.
Ondorioz, baterien instalazioaren eragin-eremua birplanteatu behar da, uren arloan indarrean dagoen araudia bete dezan.
Uholde-arriskuei dagokienez, ingurumen-dokumentuak dio du proiektuak ez duela inolako kalteberatasunik uholdeen aurrean. Zerralde ibaiadarra instalaziotik 2,6 m hegoaldera dagoenez, uholde-arriskua gerta daiteke euri-jasaren bat izanez gero. Ez dakigu, beraz, zenbaterainokoa den arrisku hori.
Horri dagokionez, Uraren Euskal Agentziaren txostenak jakinarazten du ezen, Zerralde errekaren uholde-arriskuari buruzko informaziorik ez dagoenez, obrak egiteko nahitaezko baimenaren esparruan justifikazio edo azterketa hidrauliko bat aurkeztu beharko dela, aztertzeko ea baterietarako plataformak, barneko bideek eta ekipamenduek ez duten eraginik izango korronteen erregimenean, eta ea aurreikusitako erabilerak bateragarriak diren Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrologikoko Plan Hidrologikoaren araudian xedatutakoarekin.
Beste ondorio batzuk izango dira obra-fasean solido esekiak Zerralde errekako uretan isurtzeari lotutakoak.
Horrenbestez, ondorioztatzen da emandako informazioaren arabera ezin dela baztertu proiektuak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeenik.
Bigarrena. Erreferentziako proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketaren irismenari buruzko dokumentua prestatzea, ebazpen honen eranskinean adierazten den moduan.
Hirugarrena. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren Arabako Lurralde Ordezkaritzari ematea ebazpen honen edukiaren berri.
Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadin agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko abuztuaren 1a.
Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,
JAVIER AGIRRE ORCAJO.
Ingurumen-inpaktuaren azterketaren zabaltasuna, xehetasuna eta zehaztasuna.
Ingurumen-inpaktuaren azterketak bete egin beharko ditu, gutxieneko edukiei eta egiturari dagokienez, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak 35. artikuluan eta VI. eranskinean xedatzen dituenak.
Aurrekoari jarraituz, egiten diren atalek eskema metodologiko honi jarraitu behar diote:
Proiektuaren deskribapen orokorra egitea eta lurzoruak eta beste natura-baliabide batzuek etorkizunean izango duten erabilera aurreikustea. Jardueren ondorioz sortuko diren hondakinen, isurien eta materia- eta energia-emisioen motak eta kantitateak zenbatestea.
Aztertutako aukera nagusiak azaltzea, zero aukera barnean hartuta (proiekturik ez egitea, alegia), eta hartutako irtenbidearen alde egiteko arrazoi nagusiak justifikatzea, proiektuak eragingo dituen ingurumenaren gaineko ondorioak kontuan hartuta.
Ingurumen-inbentarioa egitea eta elkarreragin ekologiko edo ingurumen-elkarreragin garrantzitsuenak deskribatzea.
Inpaktua identifikatzea, kuantifikatzea eta neurtzea: ebaluatuko da ea zer-nolako eragina izan dezakeen proiektuak, zuzenean nahiz zeharka, biztanlerian, giza osasunean, floran, faunan, biodibertsitatean, geodibertsitatean, lurzoruan, zorupean, airean, uretan, faktore klimatikoetan, klima-aldaketan, paisaian eta ondasun materialean (ondare historiko-artistikoa eta arkeologikoa barne), ingurumenaren gaineko ondorioak kontuan hartuta. Halaber, arreta jarriko zaio faktore guztien arteko elkarreraginari, proiektua gauzatu, ustiatu, eta, hala badagokio, eraitsi edo bertan behera uzteko fase guztietan.
Proiektuak Natura 2000 Sareko naturaguneetan izango dituen ondorioak ebaluatzeko atal espezifiko bat gehituko da, leku bakoitzeko kontserbazio-helburu espezifikoak kontuan hartuta, eta barne hartuko ditu aipatu inpaktuak, Natura 2000 Sareko prebentzio-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak eta haien jarraipena. Naturagune horietan eragin negatiborik aurreikusten ez bada, behar bezala justifikatu beharko da hori.
Ingurumenean eragiten diren ondorio kaltegarriak prebenitu, zuzendu, eta, hala badagokio, konpentsatzeko aurreikusi diren neurriak.
Proiektuaren kalteberatasuna. Istripu larri edo hondamendi garrantzitsuren bat gertatzeko arriskuarekiko kaltebera izatearen ondorioz proiektuak ingurumenean sor ditzakeen kontrako efektu esanguratsuen deskribapena.
Ingurumena zaintzeko programa.
Azterketaren laburpena eta ondorioak, erraz ulertzeko moduan. Azterketa egitean izandako informazio- edo teknika-zailtasunen txostena, zailtasunik izan bada.
Proposatzen diren jarduketen eta ziurrenik kalteak jasango dituen ingurunearen ezaugarriak direla eta, eta egindako kontsulten emaitzak ikusita, ingurumen-inpaktuaren azterketan aipatutako atalak garatu beharko dira, ondoren adierazitako hedadurarekin eta xehetasun-mailarekin.
Ingurumen-inpaktuaren azterketa egitean, kontuan hartuko dira administrazio publikoetatik eta kontsultatutako pertsona interesdunetatik jasotako txostenak, bai eta hasierako dokumentuaren kontsulta- eta informazio publikoko izapidearen ondoren jasotako alegazioak ere. Nolanahi ere, justifikatu beharko da azterketaren irismenak erantzuten diela txosten horiei, bai eta dagokion irismen-dokumentuan finkatzen denari ere.
Proiektuaren deskribapena eta proiektuko ekintzak.
Ingurumen-inpaktuaren azterketak barne hartu behar du esku-hartzearekin lotuta dagoen jarduera multzoaren deskribapen xehea, eta kontuan hartu okupatu edo aldatuko diren eremu guztiak; bereziki, inguruneko ingurumen-baldintzei nabarmen eragin diezaieketen ekintzak identifikatu behar ditu, zehatz aztertuta instalazioa egiteko fasea eta obraren funtzionamenduko fasea. Halaber, sortuko diren hondakinen, isurien eta materia- eta energia-emisioen motak eta kantitateak zenbatetsi behar ditu.
Saihestu eta zuzendu nahi diren kalteen jatorria izan daitezke bai proiektuak proposatutako jarduera bera, bai berezkoak zaizkion jarduera osagarri guztiak; bereziki, honako hauek: sarbideak egokitzea, obrarako instalazio osagarriak ezartzea eta erabiltzea, eta materialak eta makinak metatzea.
Jarduketa guztiak xehetasun-maila nahikoarekin definitu beharko dira, proiektua gauzatzeak ingurumenean izan litzakeen ondorioak kalkulatzeko eta prebentzio- eta zuzenketa-neurri egokiak diseinatu ahal izateko, hartara hautemandako ingurumen-inpaktuak modu eraginkorrean murrizten, desagerrarazten edo konpentsatzen direla bermatzeko.
Behar bezala justifikatu behar da instalazioaren azken diseinuak betetzen dituela administrazio publikoei kontsultak egiteko fasean gai horri buruz egindako txostenetan adierazitako betekizunak.
Hala, erabat definituta geratu behar dute gai hauek:
Proiektuaren eraginpeko eremuaren kokalekua eta mugaketa. Proiektuko ekintza guztiek hartzen dituzten eremuak, aldi baterako eta behin betiko okupazio-eremuak bereizita.
Lurzatiaren egokitzapen-obrak. Lur-mugimenduen balantzea. Hala badagokio, lur-mugimendu horien ondoriozko soberakinen norakoa.
Instalazioan sartzeko bidea egokitzeko beharrezkoak diren obren deskribapena. Bide horren zabalera, profilak eta aurreikusitako lur-mugimenduak.
Lurpeko ebakuazio-linearen zabalera. Obra-fasean dauden aldi baterako okupazio-beharrak. Metaketa-eremua.
Drainatze-sareen xehetasun-planoak, isurtze-puntuak adierazita.
Lur-mugimenduen balantzea, eta obra-ingurunetik kanpo kudeatu beharreko indusketa-lanen soberakinen zenbaketa, halakorik baldin badago.
Obren iraupen aurreikusia eta obra-plana.
Proiektua behar bezala deskribatzeko beharrezkoak diren xehetasun-planoak aurkeztuko dira, gutxienez honako hauek barne hartuta:
Kokapen geografikoaren plano geoerreferentziaduna.
Egin behar diren jarduketen oinplanoa. Proposatutako jarduketek behar bezala zehaztuta eta bereizita egon behar dute.
Obrako instalazio osagarrien kokapen-planoa, materialak metatzeko eremuak barne.
Hautabideen azterketa eta erabakitako konponbidearen justifikazioa.
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak xedatzen duenaren arabera, ingurumen-inpaktuaren azterketan irizpide anitzeko azterketa bat sartu behar da proposatutako proiekturako teknikoki bideragarrienak diren aukerei buruz; hain zuzen, haien artean, ingurumenaren aldetik egokienak izanik proiekturako esanguratsuak diren alternatibei buruz (zero aukera edo jarduketarik ez egitea barne). Halaber, proposatutako konponbidearen justifikazio bat sartu behar da.
BESSeko instalazioa sega-belardien eremuan kokatuko da. Mendebaldeko eta hegoaldeko mugetan bide perimetral bat dago, baina ez da ezinbestekoa instalazioaren funtzionamendurako. Hain zuzen, sustatzaileak berak planteatzen du lurzatiaren mendebaldeko eta hegoaldeko bidea kentzea, ekialdekoa bere horretan utzita. Beraz, BESSeko instalazioaren definizioa birplanteatu behar da, mendebaldeko eta hegoaldeko bidea kentzeko, eta, ahal den neurrian, alderdi horietako hesiak atzeraemateko.
Lurzatiaren mendebaldeko eta hegoaldeko bidea kenduta ere, zalantza dago beharrezkoa ote den lurzatiaren hego-mendebaldeko zerrenda horretan esku hartzea, BESSeko instalazioa eraikitze aldera lursaila egokitzeko. Kontu hori argitu egin beharko da.
Proiektuaren eremua Zerralde errekatik 3 bat metrora dagoenez, eta jabari publiko hidraulikoaren babes-zortasunaren eremua ibilgutik hasita 5 metroko zerrenda bat denez, haren zati bat hartzen du, bai eta polizia-eremuarena ere. Izoria ibaiaren ibilguari dagokionez, aipatutako ibaitik 118 metro ingurura dago.
Sustatzaileak egindako dokumentazioan erreka ibai ez-iraunkorra dela adierazten bada ere, erreka horren ibilgua jabari publiko hidraulikotzat hartzen da, dagokion zortasun- eta polizia-eremuarekin. Zerralde errekaren arro drainatzailearen azalera 4,96 km2 da.
Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 6. eta 7. artikuluetan xedatutakoaren arabera, zortasun-eremuan ez da inolako eraikitze-jarduketarik egingo, lurzorua ez da aldatuko, ez da hondeaketarik egingo, ez dira lurrak mugituko, eta une oro errespetatu beharko da ibaiertzeko landaredia.
Alde horretatik, jarduketak Zerralde errekatik 3 bat metrora daude punturik hurbilenean. Beraz, proiektatutako obrak urrundu egin beharko dira, aipatutako zortasun-eremutik kanpo gera daitezen. Gainera, lurzatiaren hegoaldean, Zerralde errekastotik gertu, materialak metatzeko eremuak proiektatzen dira, eta haiek ere zortasun-eremutik kanpo kokatu beharko dira. Era berean, EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planaren F apartatuan ezarritako atzeratzeak errespetatuko dira, hau da, Zerralde errekaren 15 metroko atzeratzea.
Apartatua bukatzeko, egindako hautua argudiatu beharko da, teknikoki eta ingurumenari dagokionez bideragarria dela bermatuta; era berean, inguruneko ingurumen-osagaiei ahalik eta gutxien eragiteko ahalegina egin beharko da.
Halaber, behar bezala justifikatu beharko da instalazioaren azken diseinuak betetzen dituela eragindako administrazio publikoei kontsultak egiteko fasean gai horri buruz egindako txostenetan adierazitako betekizunak.
Ingurumen-inbentarioa eta interakzio ekologiko garrantzitsuenen deskribapena.
Apartatu honetan ingurunea deskribatu beharko da, eta arreta berezia jarriko da elementu baliotsuenetan eta proiektuko ekintzek gehien eragin ditzaketenetan. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak xedatzen duena betez, proiektua egin aurretik lekuaren egoera eta ingurumen-baldintzak aztertzen dituen txostena ere sartu behar da, baita azterlan bat ere, oraingo ingurumen-egoera eta ebaluatzen den proiektutik eratorritako jarduketaren ondoriozko egoera alderatzen dituena, aztertutako alternatiba bakoitzaren kasuan.
Ingurumen-inbentarioa apartatuz apartatu baloratuko da. Balorazio horretan, elementuen garrantzi erlatiboa aztertuko da erreferentzia-esparru baten barnean (tokiko mailan, eskualdekoan eta abar).
Kasu guztietan, datuak eskuratzeko iturri dokumentalak adieraziko dira, material bibliografikoak izan, norberak prestatuak edo bestelakoak izan.
Orokorrean, ingurumen-inbentarioaren azalpena modu laburrean egingo da. Ekidin egingo dira ingurumen-inpaktuaren azterketaren ikuspuntutik ekarpenik egiten ez duten azalpen orokorrak, eta kontuan hartuko da proiektuak ingurumenean izan ditzakeen eraginak ulertzeko behar dena.
Aurrekoa ezertan eragotzi gabe, proiektuaren eraginpean dagoen eremuaren ezaugarriak ikusita, ingurumen-inbentarioak honako alderdi hauek hartuko ditu barne:
Geologia eta geomorfologia.
Proiektuaren eragin-eremuaren ezaugarri geologiko eta geomorfologikoak. Baldintza geoteknikoak.
Interes geologiko/geomorfologikoa duten leku, gune eta eremuen identifikazioa.
Material litologikoen iragazkortasuna. Akuiferoen kalteberatasuna. Kalteberatasun handiko guneak, kargatze-guneak, hustubideak eta abar identifikatzea, halakorik badago, bai eta gune horien eta proiektuaren arteko erlazioa ere.
Lurrazaleko eta lurpeko hidrologia.
Sare hidrografikoa proiektuaren eragin-eremuan. Proiektuak ukitutako ibilguen eta haien ertzen egoera.
Akuiferoen eta interes hidrogeologikoko guneen kutsatzeko kalteberatasuna.
Uren kalitatea. Proiektuak eragindako zatien egoera ekologikoa (biologikoa, fisiko-kimikoa eta hidromorfologikoa) zehaztea.
Eremuan dauden ur-puntuak. Haien ezaugarriak deskribatzea, erabilera adierazita, eta xehetasun-kartografian kokatzea.
Eremu horretan dauden biozenosien eta ekosistemen deskribapena.
Apartatu honetan, ukitutako komunitateak identifikatuko dira, eta honako hauek adieraziko: kontserbazio-maila; egiturazko konplexutasuna; espezie bereizgarri, enblematiko edo adierazgarriak, etab. Kontuan hartuko da, bereziki, ea badagoen espezie mehatxaturik eskualde, estatu, Europa eta nazioarte mailan.
Ingurumen-inpaktuaren azterketak xehetasunez zehaztuko ditu, azterketa partikularizatu baten bidez, proiektuaren jarduketek eragindako intereseko habitat bakoitzaren eta landare autoktonoen masen eremua, haien osaera, kontserbazio-egoera eta balio ekologikoa. Bereziki, emango dira proiektuaren kalteak jasan ditzakeen ibaiertzeko basoaren eremuari eta kontserbazio-egoerari buruzko datuak.
Botanikako aditu batek proiektuaren eragin-eremuari buruzko prospekzio zehatzak egin beharko ditu. Haren eginkizuna izango da proiektuaren eragin-eremuan dauden mehatxatutako flora-populazioak edo -aleak non dauden identifikatzea eta xehetasunezko kartografian seinaleztatzea.
Halaber, landarediaren azterketak jasoko du zein balizko landare-espezie aloktono inbaditzaile dauden eta zehazki non dauden.
Bertako faunari dagokionez, ingurumen-inpaktuaren azterketaren xede izango da, bereziki, proiektuaren eragin-eremuan dauden edo egon daitezkeen fauna-espezieen habitatak zaintzea eta lehengoratzea. Baloratu beharko du eremuan ba ote dagoen interesekoa den edo mehatxatuta dagoen faunarako intereseko eremurik (hazkuntza-eremuak, babeslekuak eta elikadura-guneak). Alde horretatik, faunaren diagnostikoa osatzeko, fauna-talde guztiak barne hartzen dituzten prospekzioak egin beharko dira, proiektuaren eremuan dauden espezieei buruzko informazio zehatza lortzeko, bai eta haiek espazioa erabiltzen duten moduari buruzkoa ere. Mehatxu-maila dela eta, bereziki azpimarratu behar da uhalde-enararen habiak daudela kendu nahi den lur-kordoian, eta, beraz, espezie horren kudeaketa-planak ezartzen dituen baldintzatzaileak kontuan hartu behar direla.
Kultura-ondarea.
Paisaia.
Inguruaren paisaia-baliabideei dagokienez, paisaiaren kalitatea eta hauskortasuna aztertuko dira.
Dokumentazio grafikoa.
Jarduketa-eremuaren ingurumen-inbentarioaren alderdi garrantzitsuenen irudi kartografiko geoerreferentziadunak txertatu beharko dira, hala eskala orokorrean nola xehatuan, eta kasuan-kasuan erabili den eskala adierazi beharko dute.
Inpaktuen identifikazioa eta balorazioa.
Inpaktuen identifikazioa, kuantifikazioa eta balorazioa egiteko, kontuan hartuko da ingurumen-inbentarioko elementuen eta inpaktuak sor ditzaketen proiektuko ekintzen arteko interakzioa. Kaltearen neurria zenbatesteko, kontuan hartuko dira proiektuak zuzenean nahiz zeharka eragingo dien baliabideen kalitatea eta kantitatea. Obra-faseko, funtzionamendu-faseko eta eraispen-faseko inpaktuak bereiziko dira.
Inpaktuak baloratzeko, proiektutik eratorritako jarduketa guztiak hartuko dira kontuan, hala nola, eta hala badagokio, soberako materialak soberakin-biltegietara eramateko trafikoa, sarbide iraunkorrak eta aldi baterakoak, instalazio osagarriak, lurren eta materialen aldi baterako metaketak eta abar.
Ingurumen-inpaktuak zenbatesteko erabilitako metodologiak eta balioeste-metodoak zehaztuko dira. Erabilitako adierazle edo parametroak aipatuko dira, ahal den heinean oro har onartuta dauden arauak edo azterketa teknikoak erabiliz, inpaktu mota bakoitzaren araberako muga-balioak edo gida-balioak ezartzeko.
Inpaktuen identifikazioa eta balorazioa ongi arrazoitu beharko da kasu bakoitzean, eta, horretarako, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen VI. eranskinean adierazitako terminologia erabiliko da. Kasu honetan, funtsean, egungo egoera eta etorkizunekoa konparatuko dira, zuzenketa-neurriak kontuan hartuta.
Zehazki, beste alderdi batzuk ezertan eragotzi gabe, proiektuaren eta eraginpeko eremuaren ezaugarriak kontuan hartuta, ingurumen-inpaktuaren azterketak bereziki azpimarratu beharko ditu Zerralde ibaiaren afekzioarekin lotutako ingurumen-inpaktuen balorazioa eta natura-baliabideei eragindako ondorioak landaredi natural autoktonoaren eta faunaren gaineko kalte posibleak kontuan hartuta. Proiektuaren eraginpean dagoen landaredi mota bakoitzaren azalera kuantifikatuko da.
Obra-faseko aldi baterako okupazioa eta okupazio iraunkorra bereiziko dira. Batasunaren intereseko landarediaren eta habitaten gaineko inpaktua baloratzeko, eragindako azalera ez ezik, kontuan hartuko dira haien kontserbazio-egoera, adierazgarritasun-maila eta konektagarritasunean betetzen duten lekua ere.
Gainera, baloratuko dira kutsadura akustikoak eta hondakinen, isurketen eta emisioen kudeaketa egokiak obra-fasean eragin ditzaketen inpaktuak.
Proiektuaren kalteberatasuna.
Istripu larriak edo hondamendi handiak gertatzeko arriskua dela-eta proiektuak ingurumenean eragin ditzakeen ondorio kaltegarriak deskribatu, analizatu, eta, hala badagokio, kuantifikatuko dira, baita istripu edo hondamendi horiek gertatzeko arriskua ere. Helburu hori lortze aldera, erabili ahal izango da proiektuari aplikatu beharreko beste arau batzuei jarraituz egindako arrisku-ebaluazioen bitartez lortutako informazio esanguratsua.
Deskribapenean, horrelako ezbeharrek (kasua bada) ingurumenean sortzen dituzten kalte esanguratsuak prebenitzeko eta arintzeko aurreikusitako neurri guztiak bildu behar dira, baita halako larrialdietarako proposatzen diren prestakuntzari eta erantzunari buruzko xehetasunak ere.
Prebentzio-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak proposatzea.
Ingurumen-inpaktuaren azterketan adierazi beharko da zer neurri aurreikusten diren aztertutako inguruneko elementu bakoitzaren gaineko ingurumen-ondorio negatibo esanguratsuak murrizteko, desagerrarazteko edo konpentsatzeko.
Babes- eta zuzenketa-neurriak eta beharrezkoa bada konpentsazio-neurriak diseinatzeko, kontuan hartu behar dira proiektua gauzatzeko behar diren elementu eta jarduketa guztiak, eta bat etorri behar dute inpaktuekin; zehazki, proiektuak hartzen duen eremuko ingurumen-elementu eta -balioen gaineko ekintzek eragindakoekin.
Zehatz-mehatz identifikatu eta deskribatuko da inpaktuak prebenitzeko eta zuzentzeko ekintza bakoitza. Deskribapenak xehetasun-maila nahikoa izan beharko du hautemandako ingurumen-inpaktuak modu eraginkorrean murrizten, desagerrarazten edo konpentsatzen direla bermatzeko, egikaritze-proiektuek izan ohi dituzten apartatuak barne hartuta: memoria, neurketen koadroa, obra-unitateen definizioa, aurreikusitako neurri bakoitzari dagokion aurrekontuko partida eta preskripzio teknikoen agiria, baita hori guztia hobeto ulertzeko behar den kartografia ere. Neurriak obraren planean txertatuko dira, eta neurriak gauzatzeko egutegi koordinatu bat proposatuko da.
Zehazki, eta ezertan galarazi gabe aurreko apartatuetan eskatutako analisien emaitzen ondorioz sartu beharko liratekeen beste neurri batzuk, prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurrien proiektuak neurri hauek hartu eta garatuko ditu, besteak beste:
Natura-ondarea babesteko neurriak.
Proiektuaren diseinuarekin (lan-eremuak mugatzea, etab.) eta obren egikaritzearekin lotutako prebentzio-neurriak, hala nola obren eraginpeko eremua balizatzea sarbide osagarriak, metaketa-guneak eta abar barne hartuta, obra ez dadin balizatutako lurraldetik harago joan.
Landaredi autoktonoa babesteko neurriak.
Landaredi aloktono inbaditzailea desagerrarazteko neurriak.
Sistema hidrologiko eta hidrogeologikoa babesteko neurriak.
Jarduketak egingo diren zatietan uren kutsadura minimizatzeko neurriak, hala nola solido esekien ekarpenak eta makineria-parkeen eta instalazio osagarrien guneetatik datozen beste kutsatzaile batzuen isuriak ekiditekoak.
Metatze-guneak eta eremu osagarriak egoki kokatzea, zuzeneko nahiz jario bidezko kaltea ekiditeko.
Makineria eta instalazio osagarriak egokitzeko neurriak (iragazgaiztea, drainatze-sarea eta abar).
Obra-eremuetan, eta batez ere indusketa-lanetako materialekin kargatutako kamioiak ibili behar dutela aurreikusten den irtenbidetan, ibilgailuak garbitzeko instalazioak ipini beharko dira dekantazio-putzuekin konektatuta. Azterketak azaldu beharko ditu elementu horien ezaugarriak, kokapen zehatza eta neurriaren justifikazioa.
Ingurumena lehengoratzeko eta paisaian txertatzeko neurriak.
Obrek aldi baterako eragindako gune guztietan ingurumena lehengoratzeko zuzenketa-neurriak.
Fauna-habitata lehengoratzen laguntzen duten ekintzak, ibilguaren ertzei eragiten dieten zatietan.
Landareztatze-proiektu bat idaztea, honako hauek barnean hartuko dituena:
Eremu bakoitzeko lehengoratze-prozesuetan erabili beharreko espezieak, landaketen dentsitatea, aleen tamaina, ereintzen edo hidroereintzen konposizioa, neurketak, eta proposatutako jarduketak gauzatzeko eta landareztatutako eremuen mantentze-lanak bermatzeko beharrezkoak diren aurrekontu-partidak.
Landareztatzeko proposamena, gune bakoitzaren ezaugarriak kontuan hartuta.
Aurreikusitako mantentze-lanak: besteak beste, hutsarteak landareztatzea, ureztatze-lanak, eta, hala badagokio, ongarritze-lanak. Gomendatzen da mantentze-lan horiek obrak egin eta gutxienez 3 urtez luzatzea.
Ibaiertzak landareztatzeko, zuhaitz- eta zuhaixka-espezie autoktonoak erabiliko dira; zehazki, eremuaren naturalizazio eta funtzionaltasun ekologikoa areagotzen lagunduko dutenak.
Landareztatze-prozesuan, flora aloktonoaren inbasio-prozesuak saihesteko neurriak barne hartuko dira, kontuan hartuz lur-mugimenduek landare mota horien zabalkundea erraztu dezaketela.
Plano bat erantsiko da, proiektu-eskalan; bertan zehaztu eta irudikatuko dira landareztatuko diren eremuak, kasu bakoitzean aurreikusi den tratamendua adierazita (ereintzak, landaketak, etab.).
Zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak ingurumena lehengoratzeko proiektu espezifiko batean bilduko dira. Proiektu hori uholdeetatik babesteko proiektuarekin lotuko da maila guztietan (aurrekontua barne), eta honako alderdi hauek zehaztuko ditu:
Herritarrei eragindako kalteak eta eragozpenak murrizteko neurriak.
Atmosferaren kalitatea babesteko neurrien proposamena, obra-fasean sortutako hautsarekin eta zaratarekin lotutakoak barne.
Funtzionamendu-aldian zarata-mailak minimizatzera bideratutako neurrien proposamena.
Hondakinak kudeatzeko neurriak.
Obra-fasean hondakinak kudeatzeko proposamena. Bilketa-, biltegiratze- eta tratamendu-sistemen deskribapena.
Ingurumena zaintzeko programa.
Ingurumena zaintzeko programa bat eratuko da. Programa horren helburu nagusia izango da sistema bat ezartzea, ingurumen-inpaktuaren azterketan finkatutako kalitate-helburuak betetzen direla bermatzeko, bai eta bertan adierazitako jarraibideak eta zuzenketa-neurriak ere.
Programaren helburuak zehaztuko dira, eta, helburu bakoitzarentzat, bildu beharreko datuak, erabiliko den metodologia, neurketa-puntuak (puntu horiek zehazki kokatzeko egoera-planoa eta krokisa barne) eta neurketen maiztasuna.
Kalitate-helburuak, hala dagokionean, legediak zehazten dituen muga-balioen edo gida-balioen araberakoak izango dira, edota oro har onartuta dauden azterketa teknikoen araberakoak. Hala ere, proiektuaren eraginpeko eremuaren berezitasunek eta ezaugarri zehatzek hala eskatzen badute, balio zorrotzagoak ezarri beharko dira beharrezkoak irizten zaien parametroetan.
Era berean, dagokion aurrekontua erantsi beharko da, behar bezainbat banakatua, proiektua garatzearen ondoriozko eraginen jarraipen egokia egin ahal izateko. Proiektuari buruz eta proiektuak ingurunean duen eraginari buruz jasotako datuen ondorioz beharrezkoak diren kontrolez gain, jarraian adieraziko diren kontrolak izan beharko ditu programak:
Obrek okupatzen duten eremuaren mugen kontrola.
Obrek irauten duten bitartean ur-ibilguaren eta uren kalitatearen gaineko kalteen kontrola.
Landarediaren gaineko eraginaren kontrola.
Obrako jardunbide egokien kontrola, hauek saihesteko: hondakinak botatzea, lurzorua edo urak kutsatzea olio-jarioen, hormigoi-esneen eta lur-arrasteen ondorioz, eta herritarrei eragozpenak sortzea zarataren, hautsaren eta abarren ondorioz.
Lur-mugimenduen eta indusketa-materialen kudeaketaren kontrola.
Sortutako hondakinen kudeaketaren kontrola.
Lehengoratze-lanen kontrola.
Aurreikusitako prebentzio-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurrien eraginkortasuna egiaztatzeko beste kontrol batzuk.
Kontrol-puntuak kartografikoki islatu beharko dira.
Ingurumen-inpaktuaren azterketaren laburpena.
Ingurumen-inpaktuaren azterketaren eta haren ondorioen laburpen-dokumentu bat idatzi beharko da, abenduaren 9ko 21/2013 Legeak VI. eranskinean ezarritako ezaugarriak dituena. Dokumentuan labur-labur eta edonork ulertzeko moduan bildu beharko dira proiektuaren izaerari buruzko informazioa, proiektuak inguruneari eragiten dion modua, eta aurreikusitako inpaktuak ekiditeko edo minimizatzeko proposatutako neurriak. Halaber, dokumentazio grafikoa sartzea ere gomendatzen da, jendeari informazioa emateko.
Hala badagokio, ingurumen-inpaktuaren azterketa egitean aurkitutako zailtasun tekniko edo informatiboak aipatu beharko dira.
Dokumentazio kartografikoa.
Adierazpen kartografikoak egin beharko dira, behar bezala geoerreferentziatuak. Adierazpen horren esparruak proiektuaren eraginpeko eremu guztiak hartuko ditu, honako hauek barne: instalazio osagarriak, metaketa-eremuak, obraren eremura sartzeko irekitzen diren bide berriak, eta, hala badagokio, soberakin-biltegien kokapena.
Kartografia xehetasun nahikoaz egingo da, aurreikusten diren trazaduren, lursailen okupazioaren eta obra horietako bakoitzaren ezaugarri orokorren egokitasuna aztertu ahal izateko, ingurumenaren ikuspegitik.
Beharrezkoak diren xehetasun-planoak gehituko dira (adibidez, sarbideen xehetasuna puntu kritikoetan eta ibilguak gurutzatzeko puntuetan), proiektua behar bezala aztertzea ahalbidetzeko, bai eta haren elementu bakoitzak sortuko dituen eraginak ere.
Gainera, planoak shape formatuan aurkeztuko dira, eta obrako elementu nagusiak jasoko dituzte.
Dokumentazioa aurkezteko jarraibideak.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 77. artikuluan eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, egiaztapen batzuk egin ondoren, organo substantiboak ingurumen-organoari bidaliko dizkio ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta abiarazteko eskaera eta harekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak, hala nola proiektuaren dokumentu teknikoa, ingurumen-inpaktuaren azterketa, informazio publikoaren eta kontsulten emaitza, eta jaso diren alegazio eta txostenen ingurumen-edukiari buruz sustatzaileak egin dituen oharren dokumentu bat, oharrok nola hartu diren kontuan azaltzen duena.
Eskatzen diren agiriak formatu digitalean aurkeztu behar dira, horretarako prestatu diren argibideen arabera. Argibide horiek Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean daude, esteka honetan:
https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/ingurumena/, dagokion atalean [Arloak> Ingurumen ebaluazioa >Proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura izapidetzea > Eskaerak aurkeztea]
Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa aurkezpen-gidaren arabera egin eta aurkeztu beharko da. Gida ingurumen-organoaren web-orrian dago eskuragarri, esteka honetan:
https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/eia/eu_def/adjuntos/2022_Dokumentuak-aurkezteko-GIDA_v4.pdf