Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2024ko abuztuaren 13koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita Zierbenan (Bizkaia) gas industrial ontziratuak betetzeko, biltegiratzeko eta banatzeko jardueraren proiektu teknikoaren ingurumen-inpaktuaren txostena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 180
- Hurrenkera-zk.: 4275
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2024/08/13
- Argitaratze-data: 2024/09/16
Gaikako eremua
- Gaia: Ekonomi jarduerak; Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía; Ingurune naturala eta etxebizitza; Garraio eta herri lanak
- Azpigaia: Industria; EAEko udalak; Ogasun; Ingurumena
Testu legala
2024ko apirilaren 30ean, Zierbenako Udalak eskaera bat egin zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, Zierbenako gas industrial ontziratuak betetzeko, biltegiratzeko eta banatzeko jardueraren proiektu teknikoaren ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren esparruan (Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan eta hurrengoetan dago arautua).
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua betez, kontsulta-izapidea abiarazi zuen 2024ko maiatzaren 27an, eragindako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait organismoren txostenak jaso dira, eta emaitzak espedientean daude jasota. Era berean, organo eskudunari jakinarazi zitzaion izapidea hasi zela.
Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.
Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak badauzkala ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egiteko behar diren judizio-elementu guztiak, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.E. eranskineko E6 Taldeko 6.c epigrafean xedatutakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaie hauei: «Petrolio-produktuak, produktu kimikoak eta petrokimikoak biltegian gordetzeko industria-instalazioak, 100 metro kubikoko edo gehiagoko edukiera baldin badute».
Proiektuaren bidez instalazio bat egin nahi da, presio handian ontziratutako gas industrialak ontziratzeko, biltegiratzeko eta banatzeko jarduerak garatzeko, horretarako biltegiratze kriogenikoak eta botilak erabiliz. Gainera, izotz lehorra fabrikatzeko sistema bat ezarriko da, CO2 likidoa erabiliz.
Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ondoren, eta kontuan hartuta proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela, ingurumen-inpaktuaren txosten hau egin du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita horretarako eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan xedatutakoaren arabera. Txosten honetan, proiektuak ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen edota, bestela, zer baldintzatan garatu behar den proiektua, ingurumena behar bezala babesteko.
Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau
Lehenengoa. Zierbenako udalerrian gas industrial ontziratuak betetzeko, biltegiratzeko eta banatzeko jardueraren proiektu teknikoaren ingurumen-inpaktuaren txostena egitea, baldintza hauetan:
Instalazioak definitzea da proiektuaren xedea, presio handian ontziratutako gas industrialak ontziratzeko, biltegiratzeko eta banatzeko jarduerak garatzeko, horretarako biltegiratze kriogenikoak eta botilak erabilita. Gainera, izotz lehorra fabrikatzeko sistema bat ezarriko da, CO2 likidoa erabiliz.
Ebazpen honetan, zeinaren bidez Zierbenan gas industrial ontziratuak betetzeko, biltegiratzeko eta banatzeko jardueraren proiektu teknikoari dagokion ingurumen-inpaktuaren txostena egiten baita, proiektuaren ingurumen-dokumentuaren edukia aztertzen da, bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F eranskinean ezarritako irizpideekin:
Proiektuaren ezaugarriak.
Xedea eta egoera.
Proiektuaren eremua Zierbena eta Santurtzi arteko mugan, Bilboko Portuaren jabari publikoan, dagoen lurzati bati dagokio. Lurzatiak 3.845,20 m2-ko azalera du; bide publikoekin muga egiten du iparraldean, ekialdean eta mendebaldean, eta portuko trenbide-adar batekin hegoaldean, industria-ingurune batean.
Jardueraren bidez, gas industrialak (O2, N2, Ar, CO2 eta gas horien nahasketa He eta H2 elementuekin) kargatzeko zentro bat ezarri nahi da, medikuntza- eta industria-erabileretara eta, epe ertainera, elikadura-erabileretara bideratutako merkatuak hornitzeko.
Era berean, CO2 likidoa erabiliz izotz lehorra fabrikatzeko ekoizpen-sistema bat ezarriko da.
Bestalde, azetilenozko botilak merkaturatu ahal izango dira (ez dira instalazioan ontziratuko). Konposatu horretarako (hidrogenoarekin eta hidrogeno-nahasketekin batera), biltegiratzeko gehieneko gaitasuna 2.000 Nm3 baino handiagoa izango da.
Instalazioaren ekoizpen-bolumena 94 tonakoa izango da eragiketaren lehen urte osoan, 270 tonakoa bigarren urtean, eta 300 tonakoa hirugarren urtean.
Instalazioen deskribapena.
Jardueraren zati bat lehendik dagoen pabiloian egingo da. Pabiloiak hormigoi prefabrikatuzko egitura du, eta 999,80 m2-ko oinplanoa (sestran du sarbidea). Beheko solairuan, laborategi bat, aldagelak, gas erregarriak biltegiratzeko eremu bat (2. eremua: 108,88 m2), izotz lehorrerako eta beste batzuetarako bilgarriak biltegiratzeko eremu bat (4. eremua: 125,71 m2), eta gas geldoak eta erregaiak kargatzeko eremu bat (220,04 m2) egongo dira. Pabiloiaren barruan, lehenengo solairuan, zenbait bulego, bilera-gela eta jangela egongo dira, eta 136,89 m2 erabilgarri izango ditu guztira.
Pabiloiaren kanpoaldean, iparraldean, gas sukoiak, geldoak eta erregaiak biltegiratzeko eremu bat egongo da (1. eremua: 623,77 m2). Eremu hori bi markesinaz estalita egongo da.
Pabiloiaren eta lurzatiaren ekialdeko mugaren artean 145,51 m2-ko azalerako aparkalekua dago, eta, haren ondoan, hutsik dauden botilak biltegiratzeko eremu bat (3. eremua: 63,61 m2); hark metalezko estalkia izango du.
Gainera, pabiloiaren barruan dagoen gas geldoak eta erregaiak kargatzeko eremuarekin lotuta, kanpoaldean eremu bat mugatu da lau (4) biltegi kriogeniko eta ponpatzeko eta gasifikatzeko makinak jartzeko (108,88 m2). Eremu horren ondoan, ATEX eremu bat dago, sektorizatua; sarbide independentea du kanpotik, eta bertan, nahasketak egingo dira gas leherkorrekin (18,81 m2).
Urbanizazioaren gainerako zatia ibilgailuen zirkulaziorako erabiliko da, eta 1.732,60 m2-ko azalera du.
Lurzatiak hornidura-sareetarako harguneak, euri- eta hondakin-uren saneamendua, behe-tentsioa eta komunikazioak ditu.
Obren deskribapena.
Pabiloiaren egitura eta inguratzailea bere horretan mantenduko dira, eta hura proiektatutako instalaziora egokitzea aurreikusten da (irekiera berriak, arotzeria-lanak, eraispen txikiak, etab.). Pabiloiaren zoladura proiektatutako erabileretara egokituko da, eta ez da lur-mugimendurik aurreikusten. Bestalde, hondakin-urak, edateko ura eta ur bero sanitarioa husteko sarean tarte berriak egingo dira, eta instalazio elektrikoa egokituko da. Arazketa-ekipo bat instalatuko da pabiloiko isurketa-puntuan, eta euri-urak husteko sarearen hargunea mantenduko da.
Jardueraren deskribapena.
Gas hauek erabiliko dira jarduerarako: oxigenoa (O2), nitrogenoa (N2), karbono dioxidoa (CO2) eta argona (Ar). Helioa (He) eta hidrogenoa (H2) ere erabiliko dira aurreko gasekin nahasketak egiteko. Horiek atmosfera erabat estankoetan tratatu, manipulatu eta banatuko dira.
Jardueraren hasieran, kamioiak eta furgonetak sartuko dira instalaziora, kanpoko biltegiak betetzera (astero) eta hutsik dauden botilak deskargatzera (gero berriz betetzeko).
Zehazki, oxigenoa, nitrogenoa, karbono dioxidoa eta argona biltegiratuko dira lehengai gisa, dagokien biltegi kriogenikoan, pabiloiaren ondoko aire zabaleko esparru batean. Depositu horiek 30.000-60.000 litroko bolumen gordina izango dute, eta gasak egoera likidoan biltegiratuko dira. Depositu kriogenikoetatik, goi-presioko pistoia duten ponpa kriogenikoek ponpatuta lortzen da azken produktua (botiletan goi-presioan ontziratutako gasak), eta, horren ondoren, produktua ingurumen-lurrungailu batean gasifikatzen da.
Modu kriogenikoan biltegiratuta ez dauden gasak (H2, He...) ATEX nahasketetarako eremura eramango dira. ATEX eremu gisa hartuko dira, halaber, hidrogenoa, hidrogeno-nahasketak eta azetilenoa biltegiratzeko eremuak.
Goi-presioko gasak pabiloiaren barruko hainbat banagailutara bideratzen dira, eta, bertatik, betetze-arrapaletara eramaten dira. Proiektuaren memoriaren arabera, banagailu bat izango da oxigenoarentzat, beste bat argonarentzat eta nitrogenoarentzat, beste bat gas geldoen nahasketentzat, eta laugarren bat gas sukoien nahasketentzat. Hala ere, memorian zehar beste banaketa-koadro bat ere identifikatzen da karbono dioxidoarentzat.
Era berean, proiektuak adierazten du betetze-estazioak elementu hauek izango dituela:
Oxigenoa: Hamasei botila betetzeko bi rack edo arrapala, eta blokeak betetzeko bi puntu.
Gas geldoak: Hamasei botila betetzeko bi rack edo arrapala, eta blokeak betetzeko bi puntu, gas puruak edo gas geldo horien (argona, nitrogenoa eta karbono dioxidoa) edozein nahasketa betetzeko. Hemen deskribatutakoa ez dator bat 55.01 zenbakiko planoan adierazitakoarekin.
Nahasketa-panela: Hamasei botila betetzeko rack edo arrapala bat, eta blokeak betetzeko puntu bat, oxigeno-, nitrogeno-, argon-, karbono dioxido eta helio-nahasketak ontziratzeko. Hemen deskribatutakoa ez dator bat 55.01 zenbakiko planoan adierazitakoarekin.
CO2: Bi botila betetzeko eta karbono dioxidoaren bloke baterako puntuak, eta CO2 likidoa erabiliz izotz lehorra fabrikatzeko sistema bat.
ATEX nahasketa-panela: pabiloiaren kanpoaldean dago, eta hamar botila eskuz betetzeko panel bat izango du, argona, nitrogenoa, helioa, karbono dioxidoa eta hidrogenoa nahasteko.
Oxigenoa, nitrogenoa eta argona gehienez 150 litroko botiletan ontziratuko dira, baita botila-blokeetan ere, 200 barreko eta 300 barreko (15 ºC) betetze-presioetan. Gas konprimatu horiek egoera puruan nahiz gas-nahasketen bidez ontziratuko dira.
Karbono dioxidoa likidotuta ontziratuko da, gehienez 150 litroko botiletan eta botila-blokeetan; horiek produktuaren 0,75 kg-ko edukiera izango dute litro bakoitzeko. Egoera puruan nahiz gas-nahasketetan ontziratuko dira; horretarako, giro-beroko trukagailu bat eta ur berotan bustitako hodibihur bat erabiliko dira gasifikatzeko.
Gas-nahasketak gehienez 150 litroko botiletan ontziratuko dira, baita botila-blokeetan ere, 200 barreko eta 300 barreko (15 ºC) betetze-presioetan. Gas-nahasketak hainbat proportziotan ontziratuko dira, betiere nahasketak behar bezala kontrolatuta, grabimetriaren bidez nahiz ontzien presioa eta tenperatura kontrolatuz.
Azken produktua duten botilek, bidali aurretik biltegiratu baino lehen, berrogeialdia egingo dute, laborategian produktuaren kalitatea egiaztatzeko.
Eremu horrek gas sukoiak biltzeko 2.000 Nm3-tik gorako gehieneko gaitasuna izango du, eta gas erregarriak biltegiratzeko 2.400 Nm3-tik gorako gaitasuna.
Instalazioko elementu pneumatikoei eragiteko nahiz ponpa kriogenikoak etengabe purgatzeko erabiltzen den zerbitzuko gas gisa, nitrogenoaren andel kriogenikotik sifoi bidez ateratzen den nitrogenoa erabiltzen da, eta giro-beroaren trukagailu batean gasifikatu eta/edo berotzen da.
Gasak ontziratzeaz gain, gordailu kriogenikotik datorren karbono dioxido likidoa erabiliz izotz lehorra sortzeko bi makina izango dira. Gordailu horrek elur karbonikoa sortzen du presio atmosferikora hedatzeko prozesu batean. Elur hori modu hidraulikoan konprimatzen da ganbera edo matrize batean, pallet itxurako izotz lehorra sortzeko.
Gas nagusien kontsumoa hau izango da urtean: 147 t oxigeno, 326 t argon, 72 t nitrogeno eta 166 t karbono dioxido. Kalkuluen arabera, urtean 11 tona oxigeno, 13 tona argon, 8 tona nitrogeno eta 2 tona nitrogeno galduko dira lurrunduta.
Jarduera 8 orduko txandetan egituratutako lan-ordutegian garatzen da. Hasiera batean, instalazioan txanda bakarrean lan egingo dute hamabost langilek.
Proiektuaren kokalekua.
Proiektuaren eremua Zierbena eta Santurtzi arteko mugan, Bilboko Portuko jabari publikoan, dagoen lurzati bati dagokio. Lurzatiak 3.845,20 m2-ko azalera du; bide publikoekin muga egiten du iparraldean, ekialdean eta mendebaldean, eta portuko trenbide-adar batekin hegoaldean, industria-ingurune batean. Gaur egun, bere horretan mantenduko den pabiloi bat dago, eta partzialki asfaltatutako eremuak inguruan. Eremuaren gainerako zatiak itxura artifizializatua eta degradatua du, eta landaredi erruderal nitrofiloa dago.
Hauek dira eremuaren ezaugarri nagusiak:
Lurzatia itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoan dago, 90eko hamarkadaren amaieran itsasoari kendutako eremu batean, portua eta haren instalazioak eraikitzeko. Nerbioi kanpoko trantsizioko ur-masaren itsasertzaren muga 350 m baino gehiagora dago, eta ez dator bat gainazaleko ibilgu bakar batekin.
Eremua hegoaldeko antiklinorioko lurpeko ur-masaren gainean dago. Eremua ez dator bat interes hidrogeologikoko ezein eremuekin.
Bere jatorri antropikoa kontuan hartuta, lurzatia 10 metrotik gorako potentziako betelan artifizial baten gainean dago finkatuta; material naturalez osatuta dago, askotariko jatorriak dituzten arrokez batez ere.
Eremuaren eta inguruaren artifizializazio-maila handia dela eta, landare-espezie erruderalak eta nitrofiloak bakarrik daude. Flora exotiko inbaditzaileko aleak ere identifikatu dira, hala nola Cortaderia selloana. Ez da identifikatu Batasunaren intereseko habitatik (BIH) edo mehatxatutako flora-espezierik, eta faunaren presentzia oso baldintzatuta dago, eremuaren industria-erabilera handia dela eta.
Ez dago jasota interes geologikoko lekurik dagoenik, eta, era berean, ez da ukitzen naturagune babesturik, natura-intereseko beste ezein gunerik, EAEko Igarobide Ekologikoen Sareko elementurik, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoko Plan Hidrologikoan Babestutako Guneen erregistroko elementurik eta kudeaketa-plan bat duen fauna-espezie mehatxatuen interes bereziko eremurik.
Eremuan ez da identifikatu kultura-ondarearen elementu katalogaturik.
Zaratari dagokionez, proiektuak dio lurzatitik kanpo ateratzen den zarata gehienez 70 dB(A) izango dela eguneko ordutegian, eta 60 dB (A) gaueko ordutegian. Hala ere, ez dago ondorio horiek justifikatzen dituen daturik.
Ingurumen-arriskuei dagokienez, eremuak ez du uholde-arriskurik edo baso-suteak jasateko arriskurik, eta ez dago akuiferoen gainean. Itsasertzeko LAParen arabera, mareei edo olatuei dagokienez, eremua ez dago klima-aldaketarekin lotutako arriskuen pean.
Arrisku teknologikoei dagokienez, ez dago lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioan jasotako lurzatiak ukitzen dituen eremurik. Nolanahi ere, salgai arriskutsuen garraioari dagokionez arrisku ertainekotzat identifikatutako trenbide-linea baten mugakidea da, eta SEVESO enpresen istripu-hipotesien erasan-banda batzuen eraginpean dago.
Balizko inpaktuaren ezaugarriak.
Eremuaren eta proiektuaren izaera eta ezaugarriak direla eta, ez da aurreikusten inpakturik intereseko natura-elementuetan. Obretan zehar, makinen joan-etorriek, pabiloia eta orubea egokitzeko obrek eta jarduerarako azpiegituren instalazioak eragingo dituzte inpaktu nagusiak. Zentzu horretan, jarduketen ondorioz, aldi baterako eta leku jakinetan, gutxitu egingo da giza habitaten kalitatea (zarata, hautsa, bibrazioak eta abar areagotuko dira), lurzoruak edo urak kutsatu ahal izango dira ustekabeko isurketen ondorioz, eta hondakinak sortu ahal izango dira. Hori guztia dagoeneko hiritartuta dagoen industria-ingurune batean eta artifizializatutako lurzati batean.
Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, ez da lur-mugimendurik aurreikusten. Hala ere, arreta berezia jarri beharko zaio lurzatian dagoen landaredi erruderalaren belar-sastrakak kendu ondoren sortzen diren hondakinen kudeaketari, espezie aloktono inbaditzaileak identifikatu baitira.
Jarduerak berak eragin ditzakeen inpaktuei dagokienez, aurkeztutako dokumentazioaren arabera, gasak atmosfera erabat estankoetan tratatu, manipulatu eta banatuko dira; horrenbestez, atmosferara egingo diren isuri bakarrak andeletako presioa arintzean sortutako haizeak izango dira.
Era berean, ez da bero-, usain- edo hauts-isurketarik aurreikusten, eta ez da egingo jardueraren berariazko isurketa industrialik. Nolanahi ere, arazketa biologikoko sistema bat instalatzea aurreikusten da aldageletatik datozen urak tratatzeko, lurretik itsasora egindako isurien balioak betetzeko. Gainera, aurkeztutako dokumentazioaren arabera, jardueratik eratorritako hondakinak hauek izango dira batez ere: erabilitako ponpak eta iragazki xurgatzaileak lubrifikazio-olioak, eta pabiloiko administrazio-jardueran sortutakoak; hondakin horiek tipologiaren arabera biltegiratu eta kudeatuko dira.
Zaratari dagokionez, jardueraren soinu-foku nagusiak hego-mendebaldeko fatxadan dauden konpresio-ponpak izango dira. Ondorioz, instalazioak kalitate akustikoaren helburuak beteko ditu lurzoru industrialean.
Eremuaren eta egin nahi den jardueraren ezaugarriak kontuan hartuta, eta aintzat hartuta bai sustatzaileak proposatutako babes- eta zuzenketa-neurriak bai ingurumen-inpaktuaren txosten honetan bertan agindutakoak, ez da aurreikusten proiektuak eragin negatibo nabarmenik izango duenik ingurunearen aipatutako alderdietan.
Bigarrena. Ebazpen honetan, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin Zierbenako udalerrian gas industrial ontziratuak betetzeko, biltegiratzeko eta banatzeko jardueraren proiektu teknikoan, baldin eta ezarritako neurri babesleak eta zuzentzaileak txertatzen badira, betiere.
Babes- eta zuzenketa-neurriak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoen aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan xedatutakoaren arabera.
Bestalde, neurri horiek eta kontrolerako langile kopurua behar adinakoak izango dira ingurumen-dokumentuan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-txosten honetan ezarritakoak bermatzeko.
Neurri horiek guztiak proiektuaren baldintza-agirietan aintzat hartu beharko dira osoro, eta baldintza horiek beteko direla bermatuko duen aurrekontu-zuzkidura ere eduki beharko dute. Era berean, jardunbide egokiak aplikatuko dira obretan.
Honako apartatu hauetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira:
Natura-ondarea babesteko neurriak.
Obrak hasi aurretik, proiektuaren eremuan identifikatutako espezie inbaditzaileak desagerrarazteko kanpaina bat egingo da (hala nola Cortaderia selloana, Buddlelia davidii, Phyllostachys aurea edo beste batzuk).
Kontrol-neurriak hartuko dira lurrak mugitu diren eta landaretzarik gabe gelditutako eremuetan landare-espezie inbaditzaileak sar ez daitezen. Hala badagokio, landare-estalkia leheneratzeko lanetan erabilitako lurren jatorria ere kontrolatuko da, espezie inbaditzaileak izan litzakeen lurrik ez erabiltzeko.
Oro har, Estatuko Portuei eta Merkataritzako Marinari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen irailaren 5eko 2/2011 Legegintzako Errege Dekretuan xedatutakoa beteko da.
Zehazki, eta LED horretako 62. artikuluan jasotakoari jarraikiz, instalazioak beharrezkoak diren baliabideak izango ditu ustekabeko kutsadura, itsasoko kutsadura, eta atmosferako eta lurreko kutsadura prebenitzeko eta haren aurka borrokatzeko, araudi aplikagarrian ezarritakoaren arabera eta, hala badagokio, portuko zerbitzuen xedapen partikularren agirietan, merkataritza-zerbitzuak emateko baldintza berezietan, Portu Agintaritzak lizentzien edukian ezarritako edukietan edo baimen eta emakiden klausuletan finkatutako baldintzetan ezarritakoaren arabera.
Era berean, instalazioak ustekabeko kutsaduragatiko kontingentzia-plan bat izango du.
Urak eta lurzoruak babesteko neurriak.
Oro har, eraikuntza-fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta gai kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze-sarera.
Hidrokarburoen material xurgatzaile espezifikoa jarri beharko da eskura obretan, ustekabeko isuri edo ihesen bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.
Beharrezkoa bada, obra-eremuetan, obren eta jarduera osagarrien ondorioz kutsatzen den ur guztia biltzeko eta kudeatzeko gailuak proiektatu eta eraikiko dira. Haien neurriak zehazteko, kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoak ahalik eta hobekien atxikitzeko eta isuriak lokalizatuak eta indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen parametro fisiko-kimikoen araberakoak direla bermatzeko.
Obrako makinak gordetzeko eremua eta haiek mantentzeko tokia drainatze-saretik isolatu beharko dira. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olioek eta erregaiek ez ditzaten lurzorua eta ura kutsatu. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta lantegiko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako eremuetatik kanpo egin.
Portu Agintaritza gauzatzen ari den saneamendu-sarea martxan dagoen unean, instalazioetako hondakin-urak sare horretara konektatuta egongo dira.
Jarduera martxan jarri aurretik, Uraren Euskal Agentziaren baimena jaso beharko da jardueran sortuko diren hondakin-urak itsaso eta lehorraren arteko jabari publikora isurtzeko, betiere Portu Agintaritzak jabari publikoko eremua okupatzeko emango duen baimenari edo emakidari kalterik egin gabe.
Instalazioa garbitzeko urak aparte bildu beharko dira, eta ez lurzatian proiektatutako euri-urak jasotzeko sare berriaren bidez.
Zaraten eta bibrazioen ondorioak minimizatzera zuzendutako neurriak.
Lanek dirauten artean, beharrezkotzat jotzen diren jarraibide egokiak aplikatuko dira, ordutegien mugaketari, zamalanei, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.
Egunez bakarrik egingo da lan.
Obretako zarata: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.
Bestalde, proiektua garatzean, obraren afektazio-eremuan sorrarazitako zaratek ez dituzte gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritakoak, hargatik eragotzi gabe dekretu horretako 35.bis artikuluan aurreikusitakoa.
Jarduera instalatzearen ondorioz sortutako zarata-foku berriek urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako muga-balioak bete beharko dituzte.
Airearen kutsadura minimizatzeko neurriak.
Obrek irauten duten bitartean, sarbideak garbituko dira, eta, harrotzen den hauts-kantitatea zein den, ureztatzeak ere programatuko dira. Sarbideek egoera egokian egon beharko dute une oro.
Obra-eremuko irteeran, ibilgailuak garbitzeko gailuak jarriko dira, solidoak biltzeko sistema bati konektatuta, aurkeztutako dokumentazioan adierazi bezala. Gailuok egoera onean mantenduko dira obra-faseak iraun bitartean.
Hezetasun-baldintza egokietan garraiatuko da hondeaketa-materiala, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lohi eta partikularik ez barreiatzeko.
Sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioa ikusita, ezin da baztertu azetilenoa biltegiratzeko jarduera 34/2007 Legearen (azaroaren 15ekoa, airearen kalitateari eta atmosferaren babesari buruzkoa) aplikazio-eremutik kanpo dagoela, eta, beraz, xedapen horretan ezarritakoa aplikatu beharko litzateke.
Edonola ere, neurri egokiak hartuko dira istripuz gertatutako emisioen probabilitatea txikitzeko, eta haien efluenteek giza osasunerako nahiz segurtasun publikorako arriskurik ez izateko.
Hondakinak kudeatzeko neurriak.
Sortutako hondakin guztiak Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, bereizi egin beharko dira hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.
Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu beharko da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu beharko dira. Hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa eta deuseztatzea barne.
Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: aldez aurretik behar bezala justifikatzen denean ezinezkoa dela hondakinak teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren ikuspegitik balorizatzea.
Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdinetako hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.
Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.
Hondakindegira bidali beharreko hondakinak Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.
Betelanetarako, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako balioen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek.
Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela-eta, isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.
Sortutako olio erabilia Industriako olio erabiliaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuaren arabera kudeatuko da. Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zolata iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.
Eremu jakin bat egokituko da, behin-behinean hondakin arriskutsuak pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.
Jardunbide egokien sistema bat ezartzea.
Langileek jardunbide egokien sistema bat beharko dute, helburu hauek, besteak beste, ahalik eta hobekien bermatzeko:
Obraren okupazio-mugak kontrolatzea.
Hondakin-uzterik ez egitea, eta olio-isurketen ondorioz edo lurra leku batetik bestera eramateagatik lurzorua eta ura ez kutsatzea.
Obretan sortutako hondakinak era egokian kudeatzea.
Proiektuaren eragin-esparruko biztanleei zarata eta hautsa direla eta eragindako eragozpenak ekiditea.
Garbiketa eta obren amaitzea.
Obrak bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da; proiektuaren eraginpeko eremua batere obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak desegin beharko dira.
Ingurumen-aholkularitza.
Obra amaitu arte eta horren berme-aldian zehar, obra-zuzendaritzak ingurumenaren, eta oro har, neurri babesle eta zuzentzaileen inguruan kualifikatutako aholkularitza izan beharko du. Obra-zuzendaritzak baldintza-agiriak gai horiei buruz esleitzen dizkion funtzioen alorreko erabakiak hartu aurretik, aholkularitza hori ematen duten adituek txosten bat egin beharko dute.
Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du, obra gauzatzean. Besteak beste, proiektuko ekintzen eragina aztertuko du, bereziki honako hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hauts eta zarataren sorrera, hondakinen kudeaketa eta natura-ondarearen babesa.
Hirugarrena. Zehaztea, lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera, eta betiere Ebazpen honetan jasotako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, baita sustatzaileak proposatutakoak ere (aurrekoen aurkakoak ez badira), ez dela aurreikusten proiektua gauzatzeak ondorio kaltegarri adierazgarririk izango duenik ingurumenean. Beraz, ez da beharrezkotzat jotzen Zierbenan gas industrial ontziratuak betetzeko, biltegiratzeko eta banatzeko jardueraren proiektu teknikoari, Tres Sesenta Gases SA enpresak sustatu duenari, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar izatea.
Laugarrena. Ebazpen honen edukia Zierbenako Udalari jakinaraztea.
Bosgarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea.
Seigarrena. Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean. Halako kasuetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko abuztuaren 13a.
Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,
JAVIER AGIRRE ORCAJO.