Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2024ko abenduaren 20koa, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitaratzea Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia organismo autonomoaren Zuzendaritza Nagusiaren eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen (HABE) Zuzendaritza Nagusiaren arteko kudeaketa-gomendioari buruzko akordioa. Akordio hori Ertzaintzaren lehenengo eta bigarren hizkuntza-eskakizunetako hizkuntza-gaikuntzako ikastaroak egiteko kudeaketa materialari buruzkoa eta Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Oinarrizko Eskalako agenteen kategoriako sarrera-ikastaroetako ikasleei euskara emateari buruzkoa da.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Segurtasun Saila; Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 14
- Hurrenkera-zk.: 345
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2024/12/20
- Argitaratze-data: 2025/01/22
Gaikako eremua
- Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
- Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa; Sailak; Funtzio publikoa
Testu legala
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia organismo autonomoak eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak akordio hori sinatu dute, eta behar den publikotasuna emateko, honako hau
Arkauti, 2024ko abenduaren 20a.
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusia,
MIREN DOBARAN URRUTIA.
Alde batetik, Miren Dobaran Urrutia andrea, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia (PLEA) organismo autonomoko zuzendari nagusia, Lehendakariaren abuztuaren 9ko 225/2024 Dekretuaren bidez izendatua.
Bestetik, Ibone Bengoetxea Otaolea, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Lehendakariaren ekainaren 24ko 20/2024 Dekretuaren bidez izendatua, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen (HABE) buru gisa, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea sortarazteko eta euskaltegiak araupetzeko azaroaren 25eko 29/1983 Legean ezarritakoaren arabera
ADIERAZTEN DUTE:
Lehenengoa. Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legearekin bat etorriz, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari atxikitako administrazio-izaerako organismo autonomoa dela, bere nortasun juridikoa duena eta, bere helburuak bete daitezen, jarduteko gaitasun osoa. Haren egitekoen artean, Ertzaintzaren funtzionarioentzako hizkuntza-gaikuntzako ikastaroak programatzeko, antolatzeko eta burutzeko eskumenak daude, otsailaren 24ko 30/1998 Dekretuak maiatzaren 22ko 76/2012 Dekretuak emandako idazketa berria xedatuakoaren arabera.
Bigarrena. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia organismo autonomoak ez duela nahiko giza baliabiderik eta baliabide materialik Ertzaintzaren lehen eta bigarren hizkuntza-eskakizuna eskuratzeko hizkuntza-gaikuntzako ikastaroak burutzeko horiek deitzeko eskumena duen organoak deituta, ez eta EAEko Poliziaren Oinarrizko Eskalako agente Kategorian sartzeko ikastaroetako ikasleei eskolak emateko ere. Beraz, zeregin hori gomendatu behar zaio baliabide haiek dituen eta zeregin horretan espezializatua dagoen entitate bati.
Hirugarrena. Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea sortu zeneko azaroaren 25eko 29/1983 Legearekin bat etorriz, HABE erakundea Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari atxikitako administrazio-izaerako organismo autonomoa dela, bere nortasun juridikoa duena eta, bere helburuak bete daitezen, jarduteko gaitasun osoa.
Laugarrena. HABE erakundeak antolaera eta baliabide egokiak dituela Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak dituen beharrizanei (lehenago aipatuak) erantzuteko.
Bosgarrena. Arestian esandako horrengatik guztiarengatik, bildutakoek, parte hartzen duten aldetik, Kudeaketa-gomendioari buruzko Akordio hau legezko egitea hitzartu dute, honako hauen arabera:
KLAUSULAK
Lehenengoa. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluan eta Euskal Sektore Publikoari buruzko maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 29. artikuluan xedatutakoaren arabera, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia organismo autonomoak eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak (HABE) hitzartu dute HABEk kudeaketa materiala eraman dezala Ertzaintzaren lehen eta bigarren hizkuntza-eskakizuna eskuratzeko hizkuntza-gaikuntzako ikastaroei dagokienez eta eskolak eman diezaiela EAEko Poliziaren Oinarrizko Eskalako agente Kategorian sartzeko ikastaroetako ikasleei, Akademiak ez baitu horretarako beharrezkoak diren nahiko baliabide material eta giza baliabiderik.
Bigarrena. HABEri gomendatzen zaion kudeaketa materiala jarduketa hauekin du zerikusia, kasu bakoitzean zehaztutako norainokoan:
Ertzaintzaren lehen eta bigarren hizkuntza-eskakizua eskuratzeko hizkuntza-gaikuntzako ikastaroetako eskolak ematea, Arkauti, Erandio, Oiartzun eta Iurretako zentroetan, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak edo Segurtasun Saileko Giza Baliabideen Zuzendaritzak haietara joateko izendatzen dituen ikasleei, bai eta EAEko Poliziaren Oinarrizko Eskalako agente Kategorian sartzeko ikastaroetako ikasleei ere.
Ikastaroan parte hartzen duten ikasleen ebaluazioa eta asistentziaren jarraipena egitea.
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari bidaltzea programari eta programa horretan sartuta dauden ikasleei buruz eskatzen duen informazioa, batez ere, ikasleen aprobetxamendu mailari eta asistentziari buruzko informazioa.
Hirugarrena. Gomendioaren xede den kudeaketa materialak sortutako gastuak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako aurrekontuari egotziko zaizkio; aurretik HABEk fakturatu beharko ditu, ematen dituen zerbitzuen prezio publikoak eta egiten dituen jarduerak finkatzen dituen Aginduan ezarritakoarekin bat etorriz, hain zuzen, indarrean dagoena ikasturte edo jarduera ekonomiko bakoitza hasten den unean. Euskaltegietako irakasleen joan-etorriek sortutako gastuei dagokienez, zerbitzuengatiko kalte-ordainak ezartzen ditueneko otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuan ezarritakoari jarraituko zaio. Halaber, ikasleei emango zaizkien ikasmaterialek sortutako gastuak aurkeztutako fakturen arabera ordainduko dira.
Gehienezko aurrekontu mugatzailea ezartzen da Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia organismo autonomoaren eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen arteko 2024ko kudeaketa-gomendiorako: zortziehun eta berrogeita lau mila eta hogeita hamasei euro eta hogeita hamar zentimo (844.036,30 euro), BEZa barne, 2024 2074501000 1.22240.23700 2019/001386 partidaren kontura.
Laugarrena. Kudeaketa-gomendio honek sinatzen denetik 2024ko abenduaren 31ra arteko indarraldia izango du, eta urtero luzatu ahal izango da, bi alderdiek hala adostuz gero, gehienez ere lau urtera arte. Luzapen horiek dagokion ekitaldirako aurrekontu-esleipen egokia eta nahikoa egotearen baldintzapean egongo dira.
Bosgarrena. Kudeaketa-gomendio honek, zeina Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 29. artikuluan eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluan aurreikusitako izaera baitu, ez dakar harekin Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia organismo autonomoari esleitutako eskumenen titulartasuna eta eskumen horiek baliatzeko funtsezko elementuak lagatzea.
Seigarrena. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako organismo autonomoaren ardura da kudeaketa-gomendio honen xede den jarduera materiala osatzen duten eta haren oinarri diren izaera juridikoko egitate edo ebazpen juridikoak ematea
Zazpigarrena. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak hizkuntza-gainkuntzako ikastaroen kudeaketarako beharrezkoak diren ikasleen datu pertsonalak lagako dizkio HABEri, Herrizaingo sailburuaren 2003ko irailaren 2ko Aginduko I. eranskinaren 40. apartatuan eta ondorengo aldaketetan xedatutakoarekin bat etorriz. Agindu horren bidez, Herrizaingo Sailak eta hari atxikitako «Euskal Herriko Poliziaren Ikastegia» erakunde autonomoak dituzten datu pertsonalen fitxategi automatizatuak arautzen ditu.
Zortzigarrena. Kudeaketa-gomendio hau bertan behera geldituko da, bere indarraldia amaitzen denean eta, horrez gain, arrazoi hauetako bat egoten denean, hargatik eragotzi gabe hasitako jarduerekin amaitzea:
Alderdiek adostasunez horrela egitea erabakitzen dutenean.
Agindutako jarduerak egitea ezinezko edo alferrikako egiten duten inguruabarrak agertzen direnean.
Akordio honetan ezarritako baldintzak betetzen ez direnean, aldeetako edozeinek aldez aurretik iragarrita, behar bezala jakinarazita. Bertan behera uzteko nahia jakinarazi eta handik hiru hilabetera galduko du indarra kudeaketa-gomendioak.
Esandakoarekin bat datozela adierazteko, bi aldeek kudeaketa-gomendioa izenpetzen dute.
Arkauti, 2024ko abenduaren 13a.
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusia,
MIREN DOBARAN URRUTIA.
Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erankundeko lehendakaria,
IBONE BENGOETXEA OTAOLEA.