Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2024ko abenduaren 16koa, Osasuneko Eraldaketa, Plangintza eta Digitalizazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita zainketa aringarrien eremu funtzionaleko akreditazio-diploma salbuespenezko bidetik lortzeko prozedurarako.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Osasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 37
  • Hurrenkera-zk.: 869
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2024/12/16
  • Argitaratze-data: 2025/02/24

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza; Osasun eta kontsumoa
  • Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa

Testu legala

Uztailaren 10eko 639/2015 Errege Dekretuak akreditazio-diplomak eta akreditazio aurreratuko diplomak arautzen ditu, Lanbide Sanitarioen Antolamenduari buruzko azaroaren 21eko 44/2003 Legearen 36. artikulua garatzean.

Titulu horiek arautzearekin batera, administrazioek osasun langileen prestakuntza-ahalegina aitortzen dute, segurtasun juridikoa ematen da, pazientearen segurtasuna areagotzen da eta gaitasun profesionalak hobetzen dira. Gaur egun, hainbat osasun-langilek artatzen dituzte zainketa aringarria behar duten pazienteak, osasun-zentroetan zein etxeetan. Zainketa horien premia gero eta handiagoa, patologien konplexutasuna, larritasuna eta espezifikotasuna eta eskumen-arlo horretan erabiltzen diren prozedurak kontuan hartuta eta laguntzaren kalitatea eta segurtasuna bermatze aldera, egokitzat jotzen da honako hauek sortzea proposatzea: Zainketa aringarrien eremu funtzionaleko akreditazio-diploma (aurrerantzean, ZAAD).

Hauek dira aldeko proposamenaren oinarriak:

Arretaren eta zainketa aringarrien nazioarteko erakundeen aintzatespena. OMEk, 2014ko 67. Osasunaren Mundu Batzarraren ebazpenean, zainketa aringarriak eskuratzeko aukerak hobetzeko eskatu zien estatu kideei, osasun-sistemetako osagai nagusia baita, eta lehen mailako arreta, arreta komunitarioa eta etxeko arreta azpimarratu zituen.

Gaur egungo biztanleriaren eredu demografiko eta epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz, zainketa aringarria behar duten gaixotasun-prozesuak ugaritu egin dira, eta horrek konplexutasun handiko egoerak eta herritarren eskaera handia dakartza. Gero eta handiagoa den eskari hori beharrezko kalitate-bermeak dituen eskaintza batekin lotu behar da, eta zainketa aringarriak osasun-sistemetan eta gizarte-laguntzan integratu behar dira; hartara, osasun-laguntza ematean, berdintasun-, ekitate- eta unibertsaltasun-irizpideak beteko dira.

Zainketa aringarrien eremu funtzionalari edukia ematen dioten eskumen eta prozedura espezifikoen kopurua.

Pazienteei ematen zaien laguntzaren kalitatean, segurtasunean eta bizi-kalitatean ekarriko duen hobekuntza; izan ere, eskumen-eremu horrek bizitzaren amaierako egoerak behar bezala baloratzeko aukera ematen du, arreta osoa eta holistikoa emateko, pazientearen eta hurbileko familia- eta gizarte-ingurunearen alderdi biopsikosozial guztiak aintzat hartuz.

Eremu funtzional hori bizitzaren amaieran pertsonaren osotasuna barne hartzen duten askotariko alderdi zabalekin lotzen da (etika klinikoa, diziplinarteko lana, familiaren arreta, espiritualtasuna, eta abar), eta, beraz, komenigarria izango litzateke haren doktrina-oinarriak egiaztagiri batean, akreditazio-diploman, jasotzea.

Azken urteotan, Espainian zainketa aringarriak garatu egin dira, eta ekonomia eta giza baliabide ugari ezarri dira autonomia-erkidegoetan. Horren ondorioz, jarduera profesional hori lanaldi osoan edo partzialean egiten duten osasun-langile ugari daude, eta ZAAD honek aukera emango lieke ibilbide profesionala aitortzeko, Osasun Sistema Nazionaleko lurralde guztietan antzeko prestakuntza egiaztatuaren bidez.

Abenduaren 26ko SND/1427/2023 Aginduaren bidez, zainketa aringarrien eremu funtzionaleko akreditazio-diplomak sortzeko oinarriak argitaratu ziren. Hain zuzen, Osasun Sistema Nazionaleko Lurralde arteko Kontseiluaren erabaki hori argitaratu zen Estatuko Aldizkari Ofizialean, 2023ko abenduaren 30ean. Horren helburua da gaixo terminalei zainketa aringarriak emateko eta haien bizi-kalitatea hobetzeko gaitasuna aitortzea, sintoma fisikoak ez ezik, premia praktikoak, zainketa orokorrak eta laguntza psikologikoa ere aintzat hartuta, talde-lanean.

Zainketa aringarrien eremu funtzionalak zaintzen eta artatzen dituen pazienteak edozein adinetakoak dira eta bizitzaren amaieran daude egoera aktiboan, aurreratuan edo progresiboan dauden gaixotasunak edo sendatzeko aurreikuspenik ez dutenak dituztelako. Gaixotasun horien kudeaketa konplexua da, gainera.

Eskumen-arlo horretan jarduteko oinarriak dira pazienteari arreta osoa ematea eta laguntza- eta erosotasun-neurriak ezartzea; hartara, pazientearen ahalik eta bizi-kalitate handiena sustatuko da, haren egoera arinduko da eta haren giza duintasuna indartuko da. Ezinbesteko elementuak dira sintomak behar bezala kontrolatzea eta komunikatzeko eta laguntza-harremanak izateko trebetasunak izatea. Pazientea osotasunean artatzeak berekin dakar maila guztiak (fisikoa, psikologikoa, soziala, funtzionala eta espirituala) barne hartzen dituen ikuspegi holistikoarekin baloratzea, ulertzea eta tratatzea. Gainera, jarduera horrek pazientearen familia-giroa barne hartu behar du, eta arreta berezia eskaini behar dio zaintzaileari. Hamar eskumen-eremu espezifikotan egituratzen da jarduera.

Agindu horren eranskinaren 6. apartatuak diplomak lortzeko baldintzak ezartzen ditu, eta bi bide aurreikusten ditu, salbuespenezkoa eta arrunta, 6.1 eta 6.2 apartatuetan deskribatuak, hurrenez hurren. Salbuespenezko bidearen kasuan, eskabidea aurkezteko epea hura lortzeko prozeduraren eskumena duen administrazio autonomoak egindako argitalpenetik aurrera hasiko da, jasota dagoenez.

Eranskin beraren 7.2 apartatuak, berritzeko eskabidea aurkezteko epea ezartzen duenak, adierazten du eskabidea administrazio eskudunak ezarritako prozeduraren arabera izapidetuko dela.

Beraz, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 18.1 artikuluak ezartzen duenez, Euskal Herriari dagokio, barne-osasun arloan, Estatuko oinarrizko legeria lege bidez garatu eta betearaztea, eta Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 319/2024 Dekretuaren 10. artikuluak emandako eskumenak kontuan hartuta, honako hau

Lehenengoa. Euskal Autonomia Erkidegoan zainketa aringarrien eremu funtzionaleko akreditazio-diploma salbuespenezko bidetik lortzeko deialdia onartzea eta argitaratzea, Zainketa aringarrien eremu funtzionaleko akreditazio-diploma akreditatzeko prozedura arautzen duen abenduaren 26ko SND/147/2023 Aginduarekin eta ebazpen honen I. eranskinean ezarritako oinarriekin bat etorriz.

Bigarrena. Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituz.

Hirugarrena. Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko abenduaren 16a.

Osasuneko Eraldaketa, Plangintza eta Digitalizazioaren zuzendaria,

GONZALO TAMAYO MEDEL.

Lehenengo oinarria. Xedea eta aplikazio-eremua.

Deialdi honen xedea da zainketa aringarrien eremu funtzionaleko akreditazio-diploma lortzea, salbuespenezko bidetik, abenduaren 26ko SND/147/2023 Aginduarekin bat etorriz. Agindu horren bidez, zainketa aringarrien eremu funtzionaleko akreditazio-diplomak sortzeko oinarriak argitaratu ziren.

Zainketa aringarrien eremu funtzionaleko akreditazio-diploma eskura dezaketen osasun-langileak Euskal Autonomia Erkidegoan diharduten medikuntzako, erizaintzako, psikologia klinikoko, osasun-psikologia orokorreko eta fisioterapiako kolektibo espezifikoetako kideak dira, betiere aipatutako SND/147/2023 Aginduaren eranskineko 6. puntuan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

Bigarren oinarria. Eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

ZAAD salbuespenezko bidetik eskuratu ahal izango du eskabidea egiten duen osasun-langileak, baldin eta jarraibide hauek indarrean jartzean A) eta B) baldintza hauek betetzen baditu:

  1. Azken hamar urteetan gutxienez lau urteko lanaldi osoko jardun profesionala egin izana egiaztatzea. Jardun profesional horrek bat etorri beharko du, gutxienez, osasun-zerbitzu publikoetako estatutupeko langileen ohiko lanaldiarekin, egiaztatu behar diren gaitasunek barne hartzen dituzten zeregin guztietan, lanpostuko jardueraren barruan. Gainera, jardunak ebaluazio positiboa izan beharko du, eta hala egiaztatu beharko du Osasun Sistema Nazionalean dagokion osasun-erakundeak, bere prozedura-arauen arabera, edo autonomia-erkidegoak uztailaren 10eko 639/2015 Errege Dekretuaren 1.2 artikuluan adierazitako moduan izendatutako erakundeak. Era berean, nazioarteko osasun-erakundeetan egindako lana ere baloratuko da.

    Jarduera lanaldi partzialean egiten bada, zerbitzu-emate baliokidea egiaztatu beharko da.

    Jardun profesionalak autonomia-erkidego eskudunak aitortutako zainketa aringarrien unitateetan edo ospitaleko edo etxeko euskarri-taldeetan edo U.67 baimenduetan egina izan beharko du.

    Egiaztapen horretan, langileak egiaztatu behar dituen gaitasunak noiz bete dituen zehaztuko da.

  2. Zainketa aringarrietako masterreko edo unibertsitate-adituko titulua izatea, ofiziala edo berezkoa, Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoan, dagokion autonomia-erkidegoak ezarritako araudian eta uztailaren 27ko 640/2021 Errege Dekretuan (unibertsitateak eta unibertsitate-zentroak sortu, aitortu eta baimentzeari eta unibertsitate-zentroen egiaztapen instituzionalari buruzkoa) ezarritako baldintzak eta betekizunak betetzen dituzten unibertsitateek edo osasun-zentroek emana.

    Interesdunaren lantoki den osasun-administrazioari zuzendutako eskabideak, salbuespen gisa, sei hilabeteko epean aurkeztu ahal izango dira, autonomia-erkidegoko administrazio eskudunak horiek lortzeko prozedura argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, horretarako ezartzen den eredu ofiziala betez.

    Hirugarren oinarria. Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

    1. Epea.

      Abenduaren 26ko SND/1427/2023 Aginduaren eranskinaren 6.2 apartatuan aurreikusitako salbuespenezko bidetik zainketa aringarrien eremu funtzionaleko akreditazio-diplomak lortzeko eskabideak deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo sei hilabeteetan aurkeztu ahal izango dira, salbuespen gisa.

    2. Aurkezteko modua.

    1. Eskabidea.

    1. Uztailaren 10eko 639/2015 Errege Dekretuaren 9. eta 10.1 artikuluen arabera, diploma eskuratzeko prozedurak interesdunak eskatuta hasiko dira. Horretarako, interesdunak dagokion eskabidea aurkeztu beharko du, eta, horrekin batera, baita eranskin honen bigarren oinarrian diploma lortzeko ezartzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatzen duen dokumentazioa ere. Eskabideak ebazpen honen II. eranskineko ereduaren araberakoa izan behar du.

    2. Aurkezteko tokia.

      Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan eskuratu daitekeen formulario normalizatuaren bidez (https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1254101), urriaren 1eko 39/2015 Legearen (administrazio publikoen prozedura administratibo erkidearena) 14. artikuluaren arabera eta otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren (administrazio elektronikoari buruzkoa) 28. artikuluko lehenengo apartatuaren arabera.

      Eskatzaileek eurek hautatzen duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskabidea, eta, harekin batera, eskatzen den dokumentazioa. Orobat, eskabidea aurkeztu izanaren ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluak ezartzen duenari jarraikiz.

    3. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

      Akreditazioaren eskabide-inprimakiarekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu behar da:

    1. Jardun profesionalaren ziurtagiria.

      Azken hamar urteetan gutxienez lau urteko lanaldi osoko jardun profesionala egin izana egiaztatzea. Jardun profesional horrek bat etorri beharko du, gutxienez, osasun-zerbitzu publikoetako estatutupeko langileen ohiko lanaldiarekin, egiaztatu behar diren gaitasunek barne hartzen dituzten zeregin guztietan, lanpostuko jardueraren barruan. Gainera, jardunak ebaluazio positiboa izan beharko du, eta hala egiaztatu beharko du Osasun Sistema Nazionalean dagokion osasun-erakundeak, bere prozedura-arauen arabera. Era berean, nazioarteko osasun-erakundeetan egindako lana ere baloratuko da. (1.480 ordu urtean, osasun-zerbitzu publikoetako estatutupeko langileen lanaldi arruntari dagozkionak, autonomia-erkidegoak onartutako zentroetako zainketa aringarrietako unitateetan edo U.67 baimenduetan).

      Jarduera lanaldi partzialean egiten bada, zerbitzu-emate baliokidea egiaztatu beharko da.

    2. Zainketa aringarrietako unibertsitate-masterraren ziurtagiria (gutxienez 60 ECTS).

      Etengabeko prestakuntzako masterra, espezializazio-diploma eta aditu-diploma, egiaztapen-kodearekin (prestakuntza egin zen zentroan eskatu beharko da, ziurtagirian agertzen ez bada). Berezko unibertsitate-prestakuntza guztiekin batera egiaztapen-kode bat aurkeztu beharko da.

      Laugarren oinarria. Eskabideak baloratzea.

      Eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioa Balorazio Batzordeak aztertuko du, eta hark, aztertu ondoren, ebazpen-proposamena helaraziko dio Osasuneko Eraldaketa, Plangintza eta Digitalizazioaren zuzendariari edo etorkizunean osasun-langileen egiaztapen tekniko eta profesionaleko jardueran aritzeko eskumenak bere gain hartuko dituen zuzendariari (akreditazioaren eskabideak ebazteko organo eskuduna).

      Bosgarren oinarria. Ebazpena.

      Osasuneko Eraldaketa, Plangintza eta Digitalizazioaren zuzendariak ebazpen arrazoitu eta espresua emango du, eskatutako akreditazioa onartzeko edo ukatzeko, eskabidea aurkeztu eta hiru hilabeteko epean. Epe horren zenbaketa eten egingo da, interesdunek eskabideetan dauden hutsak zuzentzeko eta eskabide horiek hobetzeko behar duten denboran.

      Epe hori bukatu eta ebazpen berariazkorik jakinarazi ez bada, interesdunak baietsitzat jo beharko ditu bere eskabidea, hala agintzen baita urriaren 1eko 39/2015 Legearen 24.1 artikuluan.

      Osasuneko Eraldaketa, Plangintza eta Digitalizazioaren zuzendariaren ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Osasuneko sailburuordeari, hilabeteko epean jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluari eta hurrengoei jarraikiz.

      Seigarren oinarria. Diplomaren indarraldia eta berritzea.

      Zainketa aringarrien eremu funtzionaleko akreditazio-diplomek bost urteko indarraldia izango dute, hala agintzen baitute uztailaren 10eko 639/2015 Errege Dekretuaren 3.3 artikuluak eta abenduaren 26ko SND/1427/2023 Aginduaren eranskinaren 7.1 apartatuak. Ofiziala izango da, lurralde nazional osoan baliozkoa izango da, eta jaso duen profesionalak soilik erabili ahal izango du.

      Zazpigarren oinarria. Estatuko Profesional Sanitarioen Erregistroari jakinaraztea.

      Estatuko Profesional Sanitarioen Erregistroa arautzen duen uztailaren 25eko 640/2014 Errege Dekretuaren 5.k) artikulua betez, Osasuneko Eraldaketa, Plangintza eta Digitalizazioaren Zuzendaritzako Antolamendu Profesionaleko Zerbitzuak erregistro horri jakinaraziko dizkio emandako diplomak, aipatutako errege-dekretuan eta Estatuko Profesional Sanitarioen Erregistroa arautzen duen uztailaren 25eko 640/2014 Errege Dekretua garatzen duen irailaren 15eko SSI/890/2017 Aginduan ezarritako baldintzetan.

      Zortzigarren oinarria. Datu pertsonalak babestearen arloko informazio-klausula.

      Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 Erregelamendua (EB), Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa (Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra); Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, eta datuen babesaren alorrean indarrean dauden gainerako arauak betetzeko, jakinarazten da datu pertsonalak «Irakaskuntza eta garapen profesionala» deritzon tratamendurako erabiliko direla. Hauek dira fitxategi horren ezaugarriak:

      Arduraduna: Osasun Saila; Osasuneko Eraldaketa, Plangintza eta Digitalizazioaren Zuzendaritza.

      Helburua: Osasun Sailak deitutako osasun-prestakuntza espezializatuko tutoreak akreditatzeko eta berrakreditatzeko prozeduraren jarraipena egitea eta eskabideak kudeatzea.

      Legitimazioa: interes publikoaren alde edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak baliatuz gauzatutako eginkizunak betetzeko behar den tratamendua (44/2003 Legea, azaroaren 21ekoa, lanbide sanitarioak antolatzeari buruzkoa).

      Hartzaileak: arlo honetan eskumenak dituzten administrazio publikoei eman ahal izango zaizkie datu pertsonalak.

      Eskubideak: eskubidea duzu zure datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta zure datuen tratamendua mugatzeko nahiz tratamenduaren aurka egiteko ere (informazio gehigarrian dago azalduta).

      Informazio gehigarria: web-helbide honetan eskuratu daiteke datuen babesari buruzko informazio gehiago:

      Tratamendu-jardueren erregistroa (TJE) (euskadi.eus).

      (Ikus .PDF)

      (Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik