Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2023ko uztailaren 4koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, «Zumaiako San Migel tuneletik gertu dagoen kolektorea eraikitzeko proiektuak» ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda onartzen duena, eta titularrei dei egiten diena okupazioaren aurretiko aktak egiteko.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 135
- Hurrenkera-zk.: 3453
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2023/07/04
- Argitaratze-data: 2023/07/17
Gaikako eremua
- Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua; Garraio eta herri lanak
- Azpigaia: Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa
Testu legala
2023ko maiatzaren 12ko Ebazpenaren bidez, «Zumaiako San Migel tuneletik gertu dagoen kolektorea eraikitzeko proiektua» onetsi zen, eta maiatzaren 29an Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen.
Proiektu honetan aurreikusitako esku-hartzeak San Migel tunelaren irteeran egingo dira, BilboDonostia trenbidea Zumaiatik igarotzen den lekuan, 79+387 KPan. Hona hemen jarduketak laburbilduta:
Euri-uraren kolektorea diseinatzea.
Inguru horretan ezponda egonkortzea.
Euri-uraren kolektorea birjarriko da, lehendik dagoenak ez duelako behar besteko edukierarik trenbide-plataforman jasotako euria husteko; euri asko egiten duenean, urpean gelditzen da plataforma. Birjartze lan horietan, drainatze-obraren sekzioa handituko da, husteko ahalmena handitzeko, eta irteera-kota berrira egokituko da kolektorea, datozen hilabeteetan trenbidea berritzeko egingo diren obren ondorioz aldatu egingo baita kota hori.
Halaber, proiektuak trenbide-plataformaren ezkerraldean dagoen ezponda konpontzea aurreikusten du, San Migel tunelaren irteeraren ezkerraldean, Donostiarako noranzkoan; izan ere, lurra jausten da bertan. Horretarako, egokitzat jotzen da lur-jausiei eusteko neurria aplikatzea.
Lursailak lortzeko eta ukitutako ondasun eta eskubideak kudeatzeko, proiektuak ondasun eta eskubide horien identifikazio xehatua biltzen du (desjabetzeen eranskinean jaso dira lurzatien zerrenda eta planoak).
Garraio Azpiegituren zuzendariaren 2023ko maiatzaren 26ko Ebazpenaren bidez, erabaki zen proiektua gauzatzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak nahitaez desjabetzeko prozedurari hasiera ematea eta desjabetzeen eranskinaren zerrenda jendaurrean jartzea. Interesdunei jakinarazi zitzaien, eta 2023ko ekainaren 9an Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta «El Diario Vasco» eta «Noticias de Gipuzkoa» egunkarietan argitaratu zen. Ondasun eta eskubideen zerrenda hori Zumaiako udaletxeko iragarki-taulan ere jarri zen.
Izapide honetan alegazio-idazki bakarra aurkeztu da; Zerbitzu Teknikoetara bidali da, neurriak hartzeko eta kontuan hartzeko, akatsak zuzendu behar badira ere. Erantzun indibidualizatua bidali zaio.
Jendaurrean jartzeko epea amaituta, ukitutako ondasun eta eskubideen behin betiko zerrenda egin da.
Organo honek eskumena du garraio-azpiegituren arloko jarduerak gauzatzeko beharrezkoak diren desjabetze-espedienteak izapidetzeko, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 16.2.c) artikuluak xedatzen duenaren arabera.
Abenduaren 19ko 26/2022 Legeak aldatutako Trenbide Sektoreari buruzko irailaren 29ko 38/2015 Legearen 6.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, trenbide-lineen proiektuak, horien tarteak edo trenbide-azpiegiturako beste elementu batzuk onesteak edo lehendik daudenak aldatzeak lursail berriak erabiltzea eskatzen badu, horietan identifikatutako eraginpeko ondasun eta eskubideen nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako, onura publikoko edo gizarte-intereseko deklarazioa egingo da, eta okupatu beharrekoa eta presakoa dela deklaratuko da. Legezko adierazpen horrek Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluan aurreikusitako prozedurara jotzeko ahalmena ematen dio administrazioari; hartara, lurrak okupatu edo ukitutako ondasunak eskuratuko ditu, ondasun edo eskubide horiek deskribatzen dituzten aktak egin ondoren, titularrak identifikatuz eta baloraziorako beharrezkoak diren datuak jasoz, eta, aldez aurretik, okupazioaren aurreko gordailu gisa perituak zehaztutako zenbatekoa ordainduz edo kontsignatuz, eta, hala badagokio, okupatzeko presak eragindako kalteen zenbatekoa ordainduz edo kontsignatuz.
Ondorioz, egindakoa ikusita, eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 20., 21. eta 52. artikuluetan eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen Erregelamendua onartzen duen 1957ko apirilaren 26ko Dekretuaren 56. artikuluan eta horrekin bat datozen eta oro har aplikatu beharreko gainerako xedapenetan xedatutakoarekin bat etorriz, honako hau
Lehenengoa. «Zumaiako San Migel tuneletik gertu dagoen kolektorea eraikitzeko proiektuak» ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda onartzea, eta hura okupatu beharra deklaratzea, Trenbide Sektoreari buruzko irailaren 29ko 38/2015 Legearen 6.2 artikuluan adierazitako ondorioekin.
Bigarrena. Zerrenda horretan agertzen diren jabeei dei egitea, Zumaiako Udalera joan ondoren, ukitutako ondasun eta eskubideak okupatu aurreko aktak egiteko, zerrenda horretan adierazitako egun eta orduetan, eta, hala badagokio, horiek formalki okupatzeko; hala ere, beharrezkoa izanez gero, aukera egongo da lursailetara bertaratzeko, interesdunek hala eskatuta.
Egintza horretara interesdunek berek joan beharko dute, edo haien izenean jarduteko behar bezalako baimena jaso duten ordezkoek; haien titulartasuna egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte (eskritura publikoak, Jabetza Erregistroko ziurtagiriak edo informazio-oharrak, etab.), bai eta beren eskubideak egiaztatzen dituen beste edozein agiri ere. Egoki iritziz gero, beren perituekin eta notario batekin batera aurkeztu ahal izango dira, baina hori haien kontura izango da.
Era berean, eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen Erregelamendua onartzen duen 1957ko apirilaren 26ko Dekretuaren 56.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, interesdunek alegazioak aurkeztu ahal izango dituzte okupazioaren aurreko akta egiten den egunera arte, akatsik egonez gero horiek zuzentzeko. Horretarako, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Garraio Azpiegituren Zuzendaritzara jo beharko dute, idatziz (Donostia kalea 1, Lakua 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
Ebazpen hau ez da behin betikoa administrazio-bidean, eta, beronen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Azpiegitura eta Garraioetako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Errekurtsoa jartzeko idazkia organo honi edo Azpiegitura eta Garraioetako sailburuordeari zuzendu behar zaio.
Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute, bi (2) hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan. Nolanahi ere, aurretik aukera izango dute errekerimendua egiteko, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan zehaztutako moduan eta epean.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko uztailaren 4a.
Garraio Azpiegituren zuzendaria,
MARĶA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.
(Ikus .PDF)
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (2)
- Ikus: EBAZPENA, 2023ko maiatzaren 26koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baita «Zumaiako San Migel tuneletik gertu dagoen kolektorea eraikitzeko proiektuak» ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda.
- Ikus: EBAZPENA, 2023ko maiatzaren 12koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez ontzat ematen den «Zumaiako San Migel tuneletik gertu dagoen kolektorea eraikitzeko proiektua».