Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2023ko uztailaren 18koa, Portu eta Itsas Gaietako zuzendariarena. Horren bidez, Bermeo eta Zumaiako portuetako praktikaje-zerbitzurako baimena emateko partikularren arteko norgehiagoka-prozedura ebazten da (zerbitzuaren preskripzio partikularren agiria 2023ko maiatzaren 18ko Ebazpenaren bidez onartu zen).

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 150
  • Hurrenkera-zk.: 3851
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2023/07/18
  • Argitaratze-data: 2023/08/08

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía; Garraio eta herri lanak
  • Azpigaia: EAEko udalak; Ogasun; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Lehenengoa. Eusko Jaurlaritzako Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzaren ustez, beharrezkoa da Bermeo eta Zumaiako portuetan praktikaje-zerbitzua emateko araubidea antolatzea.

Praktikaje-zerbitzua, Portuen eta Itsas Garraioaren ekainaren 28ko 2/2018 Legearen 31.1 artikuluan jasotako gainerako zerbitzuak bezala, portuko eta itsasoko operazio eta premiak eta portuen funtzionamendu egokia bermatzera zuzendutako prestazioen barruan sartuko litzateke.

Zehazki, portuan itsasontziak hurbildu, sartu, atrakatu eta irteteko maniobretan segurtasuna hobetzea da zerbitzu honen helburua eta, horretarako, itsasontzien kapitainei aholkularitza teknikoa ematen zaie.

Bigarrena. Horren arabera, Bermeo eta Zumaiako portuetan praktikaje-zerbitzua edukitze aldera, Portu eta Itsas Gaietako zuzendariaren 2023ko maiatzaren 18ko ebazpenaren bidez, praktikaje-zerbitzu egokiaren berezko beharrizanetara ondoen egokitzen zen eskaintza hautatzeko prozedura hasi zen.

Aipatu ebazpena onartzen zuen preskripzio partikularren agiriak hilabete ezartzen zuen, hura Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, eskabideak aurkezteko. Argitalpen hori 2023ko ekainaren 2an egin zen.

Hirugarrena. Epea igarotakoan, Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzako Itsas Gaietako Arloak jasotako eskabideak aztertu eta balorazio-txosten egokia igorri zuen.

Eskabide bakarra ageri zenez Guillermo Goiri Lartiteguiren izenean (sarrera-zenbakia: 441918, 2023ko ekainaren 15a), aztertu egin zen. Lehenik eta behin, preskripzio partikularren agiriko 7. eta 8. klausuletan ezarritako baldintzak betetzen ote zituen aztertu zen eta, ondoren, betetzen zituela egiaztatutakoan, baloratu egin zen, agiri horretako 9. klausulan ezarritako esleipen-irizpideen arabera.

Laugarrena. Igorritako txostena kontuan hartuta eta, horren arabera, Guillermo Goiri Lartiteguik aurkeztutako eskabideak ezarritako baldintza guztiak betetzen ditu, eta beharrezko baliabideak dauzka zerbitzua baldintza egokietan emateko.

Bosgarrena. Portuen eta Itsas Garraioaren ekainaren 28ko 2/2018 Legearen 5-2 artikuluak egungo Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari esleitzen dio autonomia-erkidegoko portuetan politika garatu eta egikaritzeko eskumena; berari dagokio, era berean, titulartasun autonomikoko portu-sistema koordinatu eta kontrolatzea. Horretarako, bere ardura da, besteak beste, portuen gaineko jarduerak planifikatzea, portuetako zerbitzuak ematea, eta orokorrean portuan garatzen diren zerbitzu eta jarduerekin lotutako ikuskaritza- eta kontrol-ahalmenaz baliatzea.

Hori guztia dela eta, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren 7.h) eta 14.1-i) artikuluek Zuzendaritza honi esleitzen dizkioten eskumenen arabera, honako hau:

Lehenengoa. Guillermo Goiri Lartiteguiri baimena ematea Bermeo eta Zumaiako portuetan praktikaje-zerbitzua garatzeko. Baimen hori bost urtez egongo da indarrean.

Bigarrena. Baimen hori arautzen duten baldintzak Portu eta Itsas Gaietako zuzendariaren 2023ko maiatzaren 18ko ebazpenean ezarritako horiek izango dira (2023ko ekainaren 2ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria).

Hirugarrena. Ebazpen hau eskatzaileari jakinaraztea eta, halaber, ohartaraztea administrazio-bidea agortzen duela eta beronen aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri daitekeela, Industriako sailburuordearen edo ebazpena ezarri duenaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko uztailaren 18a.

Portu eta Itsas Gaietako zuzendaria,

AITOR ETXEBARRIA ATUTXA.