Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2023ko uztailaren 12koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Balmasedako udal-mugarteko R18 eta R19 exekuzio-unitateen Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 160
- Hurrenkera-zk.: 4019
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2023/07/12
- Argitaratze-data: 2023/08/23
Gaikako eremua
- Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa
Testu legala
2023ko apirilaren 19an, Balmasedako Udalak eskabidea aurkeztu zuen Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, hasiera emateko Balmasedako R18 eta R19 exekuzio-unitateen Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari. Eskabidearekin batera zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukiarekin.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2023ko maiatzaren 2an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eragindako administrazio publikoei eta interesdunei. Jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Balmasedako Udalari prozedura hasi zela jakinarazi zitzaion.
Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri jarri zen Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, horren gaineko interesa zuen orok aukera izan zezan ingurumenaren arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.
Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluari jarraikiz.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handi bat bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko xedez.
Balmasedako R18 eta R19 exekuzio-unitateen Hiri Antolamenduko Plan Berezia abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.
Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuko prozedura 75. artikuluan arautzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera. Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio adierazgarririk izan dezakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bete behar ez badu, Plana garatzeko zer baldintza ezarri behar diren ingurumena behar bezala babesteko.
Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau
Lehenengoa. Balmasedako R18 eta R19 exekuzio-unitateen Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, ondoren adierazten den moduan:
Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Planaren xedea da esparruaren antolamendu xehatua aldatzea. Antolamendu hori 2004ko martxoaren 18an behin betiko onartutako Balmasedako Plangintzako Arau Subsidiarioetan ezarrita dago.
Zehazki, indarreko plangintzan aurreikusten diren bizitegi-eraikinen antolaera eta forma aldatu nahi dira, ahalik eta lur-mugimendu gutxien egin daitezen haiek eraikitzeko, eta, horrenbestez, alboko mazelan lerradurak gertatzeko arrisku geologikoa murriztu edo saihestu dadin.
Planak 747,34 m2-ko lurzati pribatu bat definitzen du bizitegi kolektiborako. Esparruaren gainerakoa, berriz, espazio libre eta berdeguneetarako (1.305,93 m2) eta ibilgailuen eta oinezkoen bideetarako (108,73 m2) erabiliko da.
Lurzati pribatuan 35 etxebizitza eraikitzea aurreikusten da. Gaur egun indarrean dagoen plangintzarekin konparatuta, azalera gehiago hartuko da espazio libreetarako, eta proposatutako bizitegi-eraikinak azalera gutxiago hartuko du. Hala ere ez da aldatuko eremuari esleitutako eraikigarritasuna (3.806,68 m2), eraikinak solairu gehiago edukiko dituelako, hain zuzen ere erdisotoko solairua, beste sei solairu eta atikoa. Erdisotoko solairuan erabilera publikoko karrerapea eta trastelekuak izango dira, etxebizitzetara sartzeko atariaz gainera.
Esparruaren atzealdeko mazelan oinezkoentzako zidorrak bakarrik diseinatu dira, maldan gora egingo dutenak. Planaren baldintza garrantzitsua da inguru horretan lur-mugimendu handirik ez egitea, detektatu diren egonkortasun-arazoak direla eta.
Halaber, arroka sendoko substratuetan hondeatuz gero sor litezkeen arriskuak kontuan hartuta, aparkalekuetarako sotorik ez eraikitzea proposatzen da.
Esparruak badu ibilgailu eta oinezkoentzako sarbidea hegoaldean, Presa Encimera kalean zehar. Halaber, hiri-lurzoruan dagoenez, eskura ditu behar diren zerbitzu-sareak ere (ura, saneamendua, energia eta telekomunikazioak).
Ingurumen-dokumentuan bi aukera aztertu dira, tartean 0 aukera, hau da, egungo egoera mantentzea:
Egungo antolamenduak «L» formako eraikin bat proposatzen du, Presa Encimera kaletik urrunduz plazatxo bat eratzen duena kale horri begira. Hala, igorritako dokumentazioaren arabera, «L» horren beso luzea, kaletik urrundu ahala, modu arriskutsuan hurbiltzen da mazelako alde maldatsuenera. Ondorioz, hondeaketa handia egin beharko litzateke proposatutako eraikinaren asentua ahalbidetzeko.
Planean, berriz, 1. aukera garatu da, alegia, eraikina Presa Encimera kaleari «atxikita» eraikitzea, lursaileko alderik lauenean, eta lurra ahalik eta gutxien hondeatzea. Horri gehitzen zaio aparkalekuetarako sotorik ez eraikitzeko proposamena, ahalik eta gutxien hondeatu behar izateko.
Ingurumen-dokumentuaren arabera, zenbait aukera aztertu dira, baina, sotoetan gehiegi hondeatu behar litzatekeela eta hurbileko mazelak arrisku geoteknikoak sortuko lituzkeela kontuan izanda, ondorioztatu da 1. aukera garatzea beste biderik ez dagoela R18 eta R19 unitateen antolamendua egokitu ahal izateko, unitate horietan aurreikusitako eraikigarritasuna aldatu gabe.
Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.
Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek aintzat hartuta:
Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.
Planak zenbateraino eragiten dien beste plan edo programa batzuei, hierarkizatuta daudenei barne: Planaren antolamendu-eremua finkatu gabeko hiri-lurzorua da, bizitegi-erabilerakoa, Balmasedako hirigunearen hego-mendebaldean kokatua. Planak aldaketa txiki batzuk baino ez ditu indarrean den hirigintza-antolamenduarekiko. Bizitegi-eraikinen antolaera eta forma aldatzen ditu, esparruak dituen arrisku geoteknikoak arintzeko edo saihesteko, baina eutsi egiten die esparruan indarrean den plangintzako hirigintza-zehaztapenei eta eraikigarritasunari. Planaren ezaugarriak kontuan hartuta, ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuetan. Ez da aurkitu bateraezintasunik hierarkikoki nagusia den plangintzarekiko.
Plana egokia ote den ingurumen-arloan bereziki garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko: Plana egokia da garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko. Hain zuzen ere, energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko neurriak sar daitezke planean.
Planarekin zerikusia duten ingurumen-arazo esanguratsuak: Planaren esparruan arrisku geotekniko handia dagoenez, hirigintza-garapena gauzatu ahal izateko beharrezkoa da eraikuntza-proiektuan aintzat hartzea geotekniari eta egonkortasunari buruzko txostenean (2023ko martxoa, GTK) gomendatutako neurriak; gainera, jarduketak egitean kontuan hartu behar da, besteak beste, honako arlo hauetan indarrean den araudia: segurtasuna eta osasuna, ingurumena, lurrazaleko eta lurpeko urak, hondakinen kudeaketa eta kutsadura akustikoa.
Era berean, plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.
Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak:
Planaren xede den eremua Presa Encimera kalean dago, Balmasedako hirigune historikotik hego-mendebaldera. Finkatu gabeko hiri-lurzorua da. Lursailak 2.162 m2 ditu, eta horietatik 1.000 m2 dagozkio R-18 unitateari eta 1.162 m2 dagozkio R-19 unitateari. Marmol-lantegia izandako industria-eraikuntza txiki abandonatu batek R-18 lurzatiaren parte bat okupatzen du. Gainerakoa ortuak eta lur landugabeak dira.
Planak ez du ingurumen-eragin nabarmenik planteatzen intereseko natura-alderdietan, zonak ez baitu babes berezia behar duen elementurik. Ingurunean ez dago intereseko lekurik, naturagune babestuei, hezeguneei eta korridore ekologikoei dagokienez. Era berean, aztergai den eremuan ez dago arriskuan dauden fauna- eta flora-espezieen berri, eta ez da detektatu babestutako edo inbentariatutako habitatik, ez paisaiarik, ez kultura-ondareko elementurik ere.
Eremuan dagoen arrisku geotekniko handia da alderdi garrantzitsuena, Planaren kokapenari dagokionez. Kontuan hartu behar da, aurkeztutako dokumentazioan azaltzen den bezala, 2007ko martxoan lurrak irristatu zirela Planaren xede den lursailaren alboko mendi-hegalean. Presa Encimera kaleko 18tik 30era bitarteko eraikinek kalte handiak izan zituzten eta eraitsi egin behar izan ziren. Horren harira, sustatzaileak esparruko geotekniari eta egonkortasunari buruzko txostena aurkeztu du, GTK-k 2023ko martxoan egina. Azterlan horretan ondorio gisa azaltzen denez, «esparruko ezegonkortasun-faktore nagusia mazelan ura egotea da, zeren, mendi-hegalean gora malda handia dagoenez, materialak urez asetzen direnean, presio hidrostatikoek ingurua ezegonkortzen baitute».
Ez da beste arrisku esanguratsurik detektatu; eremuak ez du uholde-arriskurik, ez da identifikatu lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako lurzatirik, eta akuiferoak kutsatzeko kalteberatasuna txikia da eremuaren alde batean eta antzemanezina gainerakoan.
Sustatzaileak igorritako dokumentazioak barne hartzen du eragin akustikoari buruzko azterketa bat, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 37. artikuluan aurreikusten den bezala egin dena. Etorkizuneko bizitegi-garapenean bete beharreko kalitate akustikoko helburuak hauek dira: 60 dB(A) egunez eta arratsaldez eta 50 dB(A) gauez.
Lurretik bi metro gorago egindako zarata-mapek erakusten dutenez, kanpoaldeko kalitate akustikoko helburuak beteko dira, bai gaur egun bai aurreikusi den etorkizunean. 20 urte barru, fatxadei eragiten dien soinuaren mapan, aztertutako aldi guztietarako betetzen dira kalitate akustikoko helburuak, proiektatutako eraikinean.
Indarrean dagoen antolamenduan aurreikusitako egoera kontuan hartuta baloratu behar dira ingurumen-ondorioak. Aurkeztutako informazioaren arabera, Planak aldaketa nagusi batzuk egingo ditu gaur egun indarrean dagoen plangintzan: bizitegi-eraikinen antolaeraren eta formaren ingurukoak, hain zuzen ere.
Plana garatzearen ondoriozko efektu nagusiak urbanizazio-obrak egin eta bizitegi-eraikin berria eraikitzearekin lotuta daude, eta neurri txikiagoan instalazioak eraistearekin. Obra horiek honako ondorio hauek izango dituzte: lurzorua okupatzea, hondakinak sortzea, lurrak mugitzea eta soberakinak sortzea, makinak joan-etorrian ibiltzea, lurpeko urei eta lurzoruei eragitea istripuzko isurketengatik, herritarrei enbarazu egitea emisio atmosferikoengatik eta zaratagatik eta abar. Hori guztia, hiri-periferiako eremu batean. Fase horretan, gainera, mazela desegonkortzeko arriskua egongo da.
Ustiapen-fasean, inpaktu nagusiak mazela irristatzeko arriskuaren eta eremuko egoera akustikoaren ondorio izango dira.
Espedientean dagoen dokumentazioaren arabera, Planak berekin dakar, egungo plangintzarekin konparatuta, lur-mugimendu gutxiago egitea eta mazela irristatzeko arriskua saihestea, eraikuntza mazelatik urrunago kokatuz eta sotoko solairua kenduz. Nolanahi ere, esparruak arrisku geotekniko handia du eta hura garatzean aintzat hartu behar dira geotekniari eta egonkortasunari buruzko txostenean adierazitakoa (2023ko martxoa, GTK).
Zaratari dagokionez, inpaktu akustikoari buruzko azterlanaren emaitzen arabera, etorkizunean bizitegi-erabilera nagusi den eremuetarako ezarritako KAHak beteko dira, aztertutako hiru aldietan, bai kanpoaldean, bai fatxadan.
Hori dela eta, ingurumen-dokumentu estrategikoak planteatzen dituen neurri zuzentzaileak eta jasangarritasunaren aldekoak aplikatuta, eta aurrerago zehazten diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak ere aplikatuta, ez da espero jarduketek ingurumenean inpaktu adierazgarririk izango dutenik, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoari jarraikiz, baldin eta eragin-eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduketak, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez egiten badira; bereziki, geotekniari eta egonkortasunari buruzko txostenean (2023ko martxoa, GTK) arrisku geoteknikoak direla-eta azaldutako gomendioak betetzen badira.
Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri esanguratsurik izan ez dezan eta Balmasedako R18 eta R19 exekuzio-unitateen Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, baldin eta ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira, betiere.
Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dauden arauei jarraikiz ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean bertan adierazitakoaren arabera.
Aplikatzeko neurrien artean, Plana garatzeko proiektu eta jarduketen ondoriozkoak nabarmendu behar dira, hala obra-faseari nola jardueraren funtzionamendu-faseari lotutakoak.
Hautemandako arriskuekin lotutako neurriak:
Esparruan arrisku geoteknikoak gutxitu edo saihesteko, Planeko hirigintza-garapenean aintzat hartu beharko dira GTK-k 2023ko martxoan geotekniari eta egonkortasunari buruz egindako txostenean gomendatzen diren neurriak. Zehazki, honako hauek:
Gorago dauden lurzati mugakideetan behar diren ekintza guztiak egingo dira beheko lurzatiko ezpondetan bultzadarik ez sortzeko: azaleko zein sakoneko drainatzea, landareztatzea eta uraren hustuketa.
Esparruaren mugetatik kanpo, iparraldean eta ipar-mendebaIdean, gorago dauden lurretan jarduketa horiek egiteaz gainera, lurzatiaren barruan ere kontuan hartu behar da drainatze orokor eta eraginkorraren beharra, bai ezpondetan, bai eraikuntza-eremuan. Hondeaketen ostean segurtasuna areagotzeko, aintzat hartu behar da aukera hau: mazelan gora, malda leuntzea eta goiko ezpondek gehienez 3H/2V-ko malda izatea. Horregatik, azterlanean egiaztatu denez, ezarritako gehieneko malda duen ezpondarako (3H/2V) lurzatiko hondeatze eta drainatze jarduketekin, ezpondak egonkorrak dira (SF: 1.304) eta ez zaio eragiten egonkortasun orokorrari. Beraz, ez dago garrantzi handiagoko jarduketen beharrik. Hori guztia, betiere, bermatzen baldin bada iparraldeko lurzati mugakideek ez dutela urik isuriko azterlaneko lurzatira, horrek ezegonkortasun orokorra sortuko lukeelako, aurreko urteetan gertatu izan den bezala.
Aukera hau baloratuko da: ezpondaren gainazalean harri-lubeta egitea, batez besteko 1,00 metroko potentziakoa, bultzada aktiboari eusteko.
Bestalde, auskultazio-plana edukitzea gomendatzen da, hondeaketetan gerta litezkeen mugimenduak kontrolatzeko. Horretarako, oinarrizko tresna geotekniko hauek erabil litezke: nibelazio-iltzeak hondeaketako euste-elementuen gainaldean, hondeaketan gerta daitezkeen desplazamendu horizontalak neurtzeko; eta punteria-ituak eta -prismak, behar adina, bai mehelin arteko eraikinen fatxadetan, bai mazelako elementu finkoetan.
Geotekniako espezialistek egiaztatu beharko dute azkenean hartzen diren neurriak egokienak direla detektatutako arriskuetarako. Obrak gainbegiratu, eta, behar izanez gero, aldaketak egin beharko dituzte.
Bestalde, obrak egin bitartean lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten beste kokagune batzuk atzemanez gero, edo lurzorua kutsatzen duten substantziak daudelako zantzu funtsatuak egonez gero, horren berri eman beharko zaie, berehala, Balmasedako Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, azken horrek zehatz ditzan zer neurri hartu behar diren eta zein pertsona fisikok edo juridikok bete beharko dituen neurriak, Lurzorua kutsatzea saihesteko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikuluarekin bat.
Ingurumena lehengoratzeko neurriak:
Planaren garapenean eta, zehatzago, arrisku geoteknikoak saihesteko neurrietan, esparrutik kanpoko jarduketak egin behar dira, landa-lurzoruan. Beraz, garapen-proiektuan neurri zuzentzaile hauek ezarri behar dira:
Ingurumena eta paisaia lehengoratzeko proiektua egin behar da, eta esparrua garatzeko proiektuan sartuko da. Proiektu horretan zehaztu behar da zer tratamendu emango zaion drainatze-sare berriari eta nola landareztatuko den lurrak egonkortzeko obrek ukitutako eremua. Gomendatzen da bioingeniaritzako teknikak erabiltzea drainatze-sistema berriak babesteko eta landareztatzeko.
Nolanahi ere, ingurumena eta paisaia lehengoratzeko lanak egingo dira garapenak eragindako eremu guztietan. Landareztatze-lanetan espezie autoktonoak erabiltzea gomendatzen da, edo, halakorik ezean, lurzoruaren babesa areagotzen duten zuhaitz edo zuhaixka espezieak. Bereziki saihestuko da prozesu inbaditzaileak sor ditzaketen espezieak erabiltzea.
Ahalmen inbaditzaileko espezie aloktonoak (Buddleja davidii, Cortaderia selloana eta beste batzuk) ez ugaltzeko neurriak hartuko dira. Ildo horretan, kontrol-neurriak hartuko dira landare espezie inbaditzailerik sar ez dadin mugitutako lurren eta landarerik gabe utzitako lursailen bidez (prestatutako gainazaletan segituan landatzea eta ereitea, landare-lurren pilaketen babesa eta abar). Gainera, landare-lurrak modu berezituan kudeatzea proposatuko da, baldin eta lur horiek aipatutako espezieak barreia ditzaketen propaguluak badituzte.
Oro har, eremuko berdeguneak diseinatzeko, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» hartuko da kontuan, Udalsarea 21en lan-koadernoa, 20.b zenbakia, 2017ko apirilekoa (http://www.udalsarea21.net/Publicaciones/Ficha.aspx?IdMenu=892e375d-03bd-44a5-a281-f37a7cbf95dc&Cod=ec1f62b8-a941-4c9a-9280-e4202e656a69&Idioma=eu-ES) eta Eusko Jaurlaritzaren «Ibaietako natura-ingeniaritzako tekniken eskuliburua» (https://www.uragentzia.euskadi.eus/u81-000374/eu/contenidos/documentacion/manual_tec_ing_nat_amb_flu/eu_doc/index.shtml).
Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk:
Aurretik adierazitakoari kalterik egin gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak loturik egongo dira obrak egiteari, lurrak eta soberakinak kudeatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, hondeatutako lurzoruak kontrolatzeari, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Planak azkenean bere egiten dituen zehaztapenei erantsi beharko zaizkie horiek guztiak. Besteak beste, honako neurri hauek hartu beharko dira:
Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak izango ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretara isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.
Obrak, bai eta lurzorua okupatu beharra dakarten jarduera osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak, barne hartuta makinak gordetzeko guneak, obra-txabolak, landare-lurra eta obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.
Hondakinak sortu eta kudeatzea: Ekonomia zirkularra bultzatzeko hondakinen eta lurzoru kutsatuen apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.
Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira 112/2012 Dekretua, ekainaren 26koa, Eraikuntza eta Eraispen Hondakinen Kudeaketa Arautzeko dena.
Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa Arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.
Obretan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.
Kamioiek obrara sartzeko eta handik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makina mekanikoak erabiliko dira.
Lurzoruaren eta lurpeko uren babesa: neurri prebentibo eta zuzentzaileak ezarriko dira obra-faserako, ustekabeko isuriek eragindako erasanak saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, eta abar). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.
Garapen-proiektuak hondakin- eta euri-urak bereiz biltzeko sare bat diseinatu beharko du. Hondakin-urak udalerriko hondakin-uren kolektore orokorrera konektatuko dira.
Euri-urei dagokienez, hiri-drainatze sistemek hirigintzako garapenaren inpaktua jatorrian txikiagotu beharko dute, euri-uren jariatzeak daraman kutsadura-kargari dagokionez; halaber, jariatze-uren bolumena murrizteko neurriak aurreikusi behar dituzte (Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Espainiako zatiaren Plan Hidrologikoaren Araudiaren 44. artikulua). Hori dela eta, garapen-proiektuek drainatze jasangarriko sistemak jaso beharko dituzte hiriko drainatze-azpiegituran (Drainatze Jasangarriko Hiri Sistemak).
Obrako zarata: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.
Eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.
Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan (https://www.ihobe.eus/argitalpenak) jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko, bai eta energia berriztagarrien sustapena ere. Neurri horiek alderdi hauetan eragin beharko dute, gutxienez:
Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.
Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortutako energia kopurua eta/edo kontsumoa murriztea.
Edateko ura. Edateko ur gutxiago kontsumitzea.
Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.
Barneko kalitatea. Barneko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.
Bigarrena. Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, baita sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Balmasedako R18 eta R19 exekuzio-unitateen Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.
Hirugarrena. Balmasedako Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.
Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Bosgarrena. Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezkoak dituen efektuak izateari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren ez bada Balmasedako R18 eta R19 exekuzio-unitateen Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartzen lau urteko epean. Hala gertatuz gero, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, salbu eta ez bazaio ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen. Kasu horretan, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko uztailaren 12a.
Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,
JAVIER AGIRRE ORCAJO.