Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2023ko urtarrilaren 23koa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariarena, hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko azterketetara dei egiten duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: HAEE; Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 22
  • Hurrenkera-zk.: 521
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2023/01/23
  • Argitaratze-data: 2023/02/01

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Lana eta enplegua; Gobernua eta herri administrazioa; Funtzio publikoa

Testu legala

Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legeak 189. artikuluan ezartzen du IVAP izango dela hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko gaituta dagoen organismo bakarra. Horretarako, IVAPen erantzukizuna izango da euskal administrazio publikoetan eta haien erakunde eta organismoetan hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko probak antolatzea eta aldian-aldian proba horietarako deialdiak egitea.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuak 33. artikuluan ezartzen duena betez, IVAPek aldian-aldian antolatzen ditu hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko deialdi orokorrak, dekretu horren ezarpen-esparruan sartzen diren Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioen zerbitzuko langileek hizkuntza-eskakizuna egiazta dezaten.

Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko hizkuntza-normalkuntzari buruzko ekainaren 29ko 174/2010 Dekretuak 15.2.b) paragrafoan ezartzen duena betez, Justizia Administrazioko Kudeaketa, Izapidetze eta Laguntza kidegoetako eta Auzitegiko medikuen eta Laborategiko laguntzaileen kidegoetako funtzionarioek IVAPek aldian-aldian antolatzen dituen deialdi orokorren bitartez egiaztatu ahal izango dituzte hizkuntza-eskakizunak.

Bestalde, aplikagarriak dira, alde batetik, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean sinatutako lankidetza-hitzarmena, eta, bestetik, Justizia Ministerioaren, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren eta Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren artean sinatutakoa. Hitzarmen horien bidez, Karrera Judizialeko kideei, Karrera Fiskaleko kideei eta Euskal Autonomia Erkidegoko Idazkari Judizialen kidegokoei aukera ematen zaie hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko deialdietara aurkezteko.

Azkenik, Ertzaintzan euskararen normalizazio-prozesua arautzen duen 30/1998 Dekretua aldatzen duen maiatzaren 22ko 76/2012 Dekretuak, hirugarren xedapen gehigarrian, IVAPek hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko antolatzen dituen deialdietan parte hartzeko aukera ematen die Ertzaintzako funtzionarioei, bai karrerakoei bai praktiketakoei.

COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiaren ondorioz, eta osasun-esparruko agintariek zehaztutako prebentzio-arau eta -jarraibideetara egokituz, IVAPek berariazko neurriak hartuko ditu hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko 2023ko lehenengo deialdia gauzatzeko, segurtasuna eta zuhurtasuna gidari. Hori dela eta, azterketa-denbora murrizteko, zenbait proba laburtu dira, betiere proben eskakizun-maila bermaturik, ebazpen honen 10. eta 11. oinarrietan zehazten den erara.

Horiek horrela, aipatutako araudia betez, hauxe

Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko azterketetara dei egiten duen IVAPeko zuzendariaren ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta hurrengo artikuluetan ezarritakoaren arabera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango du eragina.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko urtarrilaren 23a.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,

MAITE BARRUETABEÑA ZENEKORTA.

  1. oinarria. Deialdiaren helburua.

    Deialdi honek aukera ematen du Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuan xedatuta dauden lehen, bigarren, hirugarren eta laugarren hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko. Hizkuntza-eskakizun bakoitza Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko maila banarekin dago baliokidetuta: B1, B2, C1 eta C2, hurrenez hurren.

    Interesdunek hizkuntza-eskakizun bakarrerako egin ahal izango dute eskaera.

  2. oinarria. Deialdian parte hartu dezaketenak.

    Hauek aurkeztu ahal izango dira deialdi honen bidez deitutako azterketetara:

    Apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren ezarpen-esparruan dauden Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioen zerbitzuko langileak.

    Justizia Administrazioko Kudeaketa, Izapidetze eta Laguntza kidegoetako eta Auzitegiko medikuen eta Laborategiko laguntzaileen kidegoetako funtzionarioak, ekainaren 29ko 174/2010 Dekretuaren 15.2.b) paragrafoak ezartzen duena betez.

    Euskal Autonomia Erkidegoko Karrera Judizialeko kide eta kidegaiak, behin-behineko epaileak, ordezko magistratuak, ordezko epaileak eta bake-epaileak, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak eta Eusko Jaurlaritzak, Justizia Administrazioarekiko Harremanetarako Zuzendaritzaren bitartez, sinatu zuten lankidetza-hitzarmenak ezartzen duena betez.

    Euskal Autonomia Erkidegoko Karrera Fiskaleko kide eta kidegaiak, ordezko fiskalak, Idazkari Judizialen kidegoko kide eta kidegaiak, eta behin-behineko idazkari judizialak, Justizia Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzak sinatu zuten lankidetza-hitzarmenak ezartzen duena betez.

    Ertzaintzako funtzionarioak, bai karrerakoak bai praktiketakoak, Ertzaintzan euskararen normalizazio-prozesua arautzen duen Dekretua aldatzen duen maiatzaren 22ko 76/2012 Dekretuak hirugarren xedapen gehigarrian xedatzen duena betez.

  3. oinarria. Izena ematea.

    Azterketetan parte hartu ahal izateko eskaerak aurkezteko epea 10 egun baliodunekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

    Eskaerak Azternet Interneteko aplikazioaren bidez kudeatuko dira (www.ivap.euskadi.eus/azternet). Aplikazio horren bidez, interesdunek eskaera aurkeztu ahal izango dute, deialdiaren oinarri honetan bertan adierazten den moduan, eta deialdi honetan parte hartzearekin lotutako kudeaketa guztiak kontsultatu eta egin ahal izango dituzte. Hartara, onartuta dagoen ziurtagiri digitalen baten bidez identifikatu beharko dira (ziurtagiri horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan kontsultatu daitezke: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/).

    Deialdian parte hartzeko eskaerak aurkezteko, kontuan hartuko dira interesdunaren langile-eremuaren berezitasunak:

    1. Eusko Jaurlaritzaren sare korporatibora sarbidea duten langileek horretarako prestatutako bitarteko elektronikoen bidez egingo dute eskaera. Horretarako, Intraneteko JAKINA atarian sartu eta eskaera elektronikoa egin beharko dute.

    2. Deialdi honetan parte hartu nahi duten Ertzaintzako karrerako eta praktiketako funtzionarioek haien saileko Gurenet Intranetaren bidez egin beharko dute eskaera, bertan eskuragarri egongo den eskaera-eredua betez, oinarri honetan bertan eskaerak aurkezteko aurreikusitako epean. Epe hori amaitutakoan, eskaera aurkeztu duten pertsonen behin betiko zerrenda bidaliko dio Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak IVAPi.

    3. Osakidetzako langileek elektronikoki bete beharko eskaera, helbide honetan:

      www.osakidetza.euskadi.eus (Profesionalak > Euskara > Hizkuntza-eskakizunak > HE akreditazioa > 1. deialdia (2023-02-01) > Eskaera).

      Izena emateko epea amaitutakoan, eskaera aurkeztu duten Osakidetzako langileen behin betiko zerrenda bidaliko dio Osakidetzak IVAPi.

    4. Deialdi honen aplikazio-eremuan sartzen diren gainerako pertsonek leku hauetan egin dezakete eskaera:

      1. www.ivap.euskadi.eus/azternet helbide elektronikoan, onartuta dagoen ziurtagiri digitalen baten bidez identifikatuta (ziurtagiri horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan kontsultatu daitezke: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/).

      2. Sektore publikoko gainerako erregistro elektronikoetan, posta-bulegoetan, Espainiak atzerrian dituen ordezkaritza diplomatiko edo bulego kontsularretan, erregistro-gaietan laguntzeko bulegoetan eta indarrean dauden xedapenek ezartzen duten beste edozein bulego edo erregistrotan.

      3. IVAPen edozein egoitzatan. Hauek dira egoitza horien helbideak:

      Donostia-San Sebastián kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

      Errekalde zumarkalea 18, 48009 Bilbao.

      San Bartolome kalea 28, 20007 Donostia / San Sebastián.

      Unibertsitateko etorbidea, 20560 Oñati.

      Eskaera aurkezteko bitarteko telematikoak erabiltzen ez dituztenek ebazpen honen II. eranskinean eta Interneteko https://www.ivap.euskadi.eus/2022-2-deialdia/z16-a3hedei/eu/ helbidean jasotako eskaera-inprimakia erabili beharko dute.

  4. oinarria. Deialdira lehen aldiz aurkeztuko direnak.

    IVAPek antolatutako deialdietara lehen aldiz aurkezten direnek edota, inoiz aurkeztu arren, ondoren lanpostuz aldatu direnek, lanpostu berriaren izenaren eta kodearen ziurtagiria aurkeztu beharko dute eskaerarekin batera, hizkuntza-eskakizunen erregistroan jaso ahal izateko. Egoera horretan daudenek, Azternet aplikazioa erabili beharrean, ezinbestean bete beharko dute ebazpen honen II. eranskinean eta Interneteko www.ivap.euskadi.eus helbidean jasota dagoen eskaera-inprimakia.

    Ertzaintzari dagokionez, Segurtasun Sailak egiaztatuko ditu lanpostuei dagozkien inguruabarrak.

    Osakidetzari dagokionez, Osakidetzak berak egiaztatuko ditu lanpostuei dagozkien inguruabarrak.

  5. oinarria. Laugarren hizkuntza-eskakizunera aurkeztuko direnak.

    Laugarren hizkuntza-eskakizuneko azterketa egin ahal izango dute, alde batetik, lanpostuan hizkuntza-eskakizun hori esleitua duten langileek eta, bestetik, betetzen duten lanpostuaren hizkuntza-eskakizuna edozein izanda ere, 3. hizkuntza-eskakizuna egiaztatu edo horren baliokide den titulu edo ziurtagiriren bat lortu duten langileek.

    Lehen aldiz aurkeztu eta 3. hizkuntza-eskakizunaren baliokide den titulu edo ziurtagiriren bat dutenek horren kopia ere bidali beharko dute eskaerarekin batera, titulu edo ziurtagiri hauetakoren bat bada:

    Iruñea, Tutera, Madril, Bartzelona eta Miranda de Ebroko Hizkuntza Eskola Ofizialek emandako euskara-egiaztagiriak.

    Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailak ematen duen Euskararen Gaitasun Agiria (EGA).

    Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak emandako Euskararen Gaitasun Agiria (EGA).

    Era berean, 4. hizkuntza-eskakizuneko azterketara aurkeztu ahal izango dira Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko C1 mailari dagokion azterketa egitetik salbuetsita daudenak ere, apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuan xedatutakoa betez. Horretarako, azterketa egitetik salbuesten dituzten ikasketak egin izana egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko dute, dagokion unibertsitateak emana, aipatutako dekretuko 2. artikuluan eta 5. artikuluko 3. atalean zehazten den moduan.

  6. oinarria. Azterketa egiteko egokitzapenak behar dituzten pertsonak.

    Azterketak egiteko egokitzapenen bat behar dutenek eskaera-orrian adierazi beharko dute zer egokitzapen eskatzen duten (aulki edo mahai berezia, entzungailuak eta abar), eta eskaeraren oinarri den mediku-txostena ere aurkeztu beharko dute. Datu horiek deialdi honen 22. oinarrian jasotzen den bezala egongo dira babestuta. Azterketa-egokitzapena egingo da, betiere proben edukia indargabetzen ez bada edo eskatu beharreko gaitasun-maila murrizten ez bada.

  7. oinarria. Deialdira onartutakoen zerrendak.

    Deialdi honetan parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea amaitu eta horiek aztertu ondoren, deialdira onartutakoen behin-behineko zerrenda argitaratuko da, IVAPeko zuzendariaren ebazpen bidez, IVAPen webgunean (www.ivap.euskadi.eus).

    Interesdunek bost egun balioduneko epea izango dute, deialdira onartutakoen behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, IVAPeko zuzendariari erreklamazioa idatziz aurkezteko. Deialdi honen 23. oinarrian adierazitako erregistro eta bulegoetan aurkeztu ahal izango dira erreklamazioak.

    Erreklamazioak aurkezteko epea amaitu eta horrelakorik aurkeztu ez bada, azterketarien behin-behineko zerrenda behin betiko bihurtuko da. Erreklamazioren bat egon bada, aurkeztutakoak aztertu eta ebatzi ondoren, IVAPen webgunean argitaratuko da azterketarien behin betiko zerrenda, IVAPeko zuzendariaren ebazpen bidez.

  8. oinarria. Epaimahaia.

    IVAPeko zuzendariaren ebazpen bidez izendatuko dira azterketak kalifikatuko dituzten epaimahaikide titular eta ordezkoak. Ebazpen hori IVAPen webgunean argitaratuko dira, onartuen behin betiko zerrendarekin batera.

    Apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuari jarraituz, epaitu beharreko proben edukiak nolakoak diren kontuan hartuta osatuko da Epaimahaia. Epaimahaikide gehienak karrerako funtzionarioak edo langile finkoak izango dira, eta 4. hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta izan beharko dute.

    Epaimahaikideak euren izenean arituko dira; ezin izango dute epaimahaikide bezala aritu, beraz, beste erakunde edo pertsona baten izenean.

    Epaimahaiak IVAPeko langile baten laguntza izango du idazkari lanetarako.

    Epaimahaiak, egoki baderitzo, aholkulari espezialistak eduki ahal izango ditu bertako kideei laguntza emateko. Aholkulariok beren espezialitate teknikoetara mugatuko dute jarduna, izaera horrekin bakarrik hartzen baitute parte kalifikazio-organo horretan.

    Epaimahaiaren jarduera Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. eta hurrengo artikuluen araberakoa izango da.

  9. oinarria. Azterketa-fasea. Idatzizko azterketa eta ahozko azterketa.

    Edozein hizkuntza-eskakizun egiaztatzeko prozesuak bi azterketa ditu, idatzizkoa eta ahozkoa, eta hurrenkera horretan egingo dira. Bi azterketa horiek baztertzaileak izango dira. Beraz, ezinbestekoa da idatzizko azterketa gainditzea ahozko azterketan parte hartu ahal izateko.

  10. oinarria. Idatzizko azterketa.

    Lehenengo azterketa idatzizkoa izango da. Azterketa horretan trebetasun bi neurtuko dira: irakurmena eta idazmena. Trebetasun bakoitza neurtzeko berariazko proba bat egongo da. Idatzizko azterketa gainditzeko, trebetasun biei dagozkien probak gainditu beharko dira, zein bere aldetik. Irakurmen-probak bi ariketa izango ditu, eta idazmen-probak ariketa bat.

  11. oinarria. Ahozko azterketa.

    Bigarren azterketa ahozkoa izango da, eta mintzamena eta entzumena neurtuko dira. Entzumena mintzamen-probarekin batera neurtuko da, berariazko entzumen-probarik egin gabe. Mintzamen-proba grabatu egingo da, ez bada azterketariak, berariaz eta idatziz, horretarako baimenik ematen ez duela. Epaimahaiak aurrez aurreko mintzamen-proba ebaluatuko du betiere, eta ez grabazioa, halakorik dagoenean. Epaimahaikideek ebaluazio-fitxan jasoko dute beren irizpena.

    Ahozko azterketa gainditzeko, entzumena eta mintzamena gainditu beharko dira.

  12. oinarria. Azterketen egunak, lekuak eta orduak.

    Eskaera kopurua eta azterketak egiteko behar diren baliabideak kontuan hartuta onartuko ditu IVAPek azterketen egutegia eta azterketak egiteko lekuak. Baldintza bi horiek aintzat hartuta, aukera egongo da azterketa bat baino gehiago egiteko egun eta ekitaldi bakarrean.

    IVAPen webgunean argitaratuko dira azterketen egunak, lekuak eta orduak. Webgune horretan argitaratutako egun eta lekuak ofizialak dira; beraz, deitutako pertsonek onartuta dauden hizkuntza-eskakizunaren arabera bakoitzari egokitu zaion egunean eta lekuan baino ezin izango dute egin azterketa.

    Hala ere, izena ematean ahozko azterketa egiteko aukeratu zuten lurralde historikoa aldatzeko eskatu ahal izango dute interesdunek, 7. oinarrian aurreikusitako 5 egun balioduneko epean (deialdira onartutakoen behin-behineko zerrendaren aurkako erreklamazioak aurkezteko epean). Hortik aurrera, ez da horrelako aldaketarik onartuko. Horretarako, nahi duten aldaketa arrazoitzen duen idazki bat aurkeztu beharko dute deialdi honen 23. oinarrian adierazitako erregistro edo bulegoren batean.

    Azterketa egin ahal izateko, nahitaez aurkeztu beharko da NANa, pasaportea edo gidabaimena.

  13. oinarria. Ebaluazio-irizpideak: Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratua.

    Hizkuntza-eskakizun bakoitzean eskatzen den ezagutza-maila neurtzeko, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratua hartuko da kontuan. Marko Bateratuko B1, B2, C1 eta C2 mailen deskribapena IVAPen webgunean dago ikusgai.

  14. oinarria. Azterketak kalifikatzeko modua.

    Trebetasun bakoitzaren emaitza (irakurmena, idazmena, entzumena eta mintzamena), bai azterketa bakoitzarena bai prozesu osoarena, orokorra izango da, hau da, «gai» edo «ez gai».

  15. oinarria. Trebetasunei dagozkien probak zuzentzeko hurrenkera.

    Irakurmena, idazmena, entzumena eta mintzamena baztertzaileak dira; beraz, emaitzak «gai» izan behar du trebetasun bakoitzari dagokion proban, hurrengo trebetasunaren proba zuzendu ahal izateko.

  16. oinarria. Idatzizko azterketaren emaitza gordetzea.

    Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko IVAPeko zuzendariaren 2022ko uztailaren 28ko deialdian edo Osakidetzako zuzendari nagusiaren 2022ko uztailaren 29ko deialdian idatzizko azterketa (irakurmena eta idazmena) gainditu baina ahozko azterketa (entzumena eta mintzamena) gainditu ez zuten azterketariak, edo aurkeztu ez zirenak, salbuetsita daude ebazpen honen bidez deitutako deialdian idatzizko azterketa egitetik. Hortaz, zuzenean joango dira ahozko azterketara. Hala ere, egoera horretan dauden azterketari guztiek ezinbestean eman beharko dute izena deialdi honetan, dagokion epearen barruan.

    Era berean, deialdi honetan idatzizko azterketa gainditu baina ahozko azterketa gainditzen ez dutenei, edo aurkezten ez direnei, idatzizko azterketaren emaitza gordeko zaie IVAPen 2023ko bigarren deialdi orokorrerako. Kasu horretan ere, dagokion epean eman beharko dute izena deialdi horretarako.

    Laugarren hizkuntza-eskakizunera aurkezten diren eta idatzizko azterketa egitetik salbuetsita daudenen kasuan, bi deialdien arteko denbora-tartean lanpostuz aldatu izanez gero, mintzamen-probako lehenengo ariketan aritzeko aukeran izango dituen gaiak berdin izan daitezke azterketariak gaur egun duen lan-esparruari buruzkoak zein aurreko deialdian izan zuen lan-esparruari buruzkoak.

  17. oinarria. Idatzizko azterketaren emaitzak eta erreklamazio-epea.

    Idatzizko azterketaren behin-behineko emaitzak, Epaimahaiak onartu ondoren, IVAPen webgunean argitaratuko dira. Idatzizko azterketa gainditzen dutenek baino ez dute egingo ahozko azterketa. Idatzizko azterketaren behin-behineko emaitzen kontra erreklamazioa aurkeztu nahi duenak prozesuaren behin-behineko emaitzak argitaratu arte itxaron beharko du, hau da: fase honetan ezin izango da erreklamaziorik aurkeztu.

  18. oinarria. Ahozko azterketaren emaitzak eta behin-behineko emaitza orokorrak.

    Epaimahaiak ahozko azterketaren behin-behineko emaitzekin batera onartuko ditu prozesuaren behin-behineko emaitza orokorrak. Behin-behineko emaitza horiek IVAPeko zuzendariaren ebazpen bidez jakinaraziko dira, erakunde horren webgunean eta EHAAn argitaratuz. Deialdi honetako hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeari buruzko ondorioak argitalpen horretatik aurrera sortuko dira.

  19. oinarria. Erreklamazioak eta behin betiko emaitza orokorrak.

    Interesdunek bost egun balioduneko epea izango dute erreklamazioak egiteko, EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Deialdi honen 23. oinarrian adierazitako erregistro eta bulegoetan aurkeztu ahal izango dira erreklamazioak.

    Erreklamatzen diren probak berriro zuzenduko dira, eta berrikusketaren emaitza (Gai / Ez gai) behin betiko kalifikazioak argitaratuz jakinaraziko da. IVAPek ez du zuzenketaren inguruko azalpen pertsonalizaturik emango. Erakunde honek darabilen ebaluazio-mota ziurtatze-erakunde eta ziurtatze-prozedura bati dagokiona da; alegia, barne begirakoa (ebaluazio sumatiboa) eta ez kanpora begirakoa (ebaluazio formatiboa).

    Behin-behineko emaitza orokorren aurkako erreklamazioak aztertu eta ebatzi ondoren, Epaimahaiak prozesuaren behin betiko emaitza orokorrak onartuko ditu. Emaitza horiek IVAPen webgunean argitaratuko dira, IVAPeko zuzendariaren ebazpen bidez.

    Behin betiko emaitza orokorrak onartzen dituen IVAPeko zuzendariaren ebazpena EHAAn argitaratuko da, azterketariek egiaztatu dituzten hizkuntza-eskakizunak adierazita.

    Prozesuaren behin betiko emaitzak jakinarazten dituen IVAPeko zuzendariaren ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta hurrengo artikuluetan ezarritakoaren arabera.

    Errekurtso hori deialdi honen 23. oinarrian adierazitako erregistro eta bulegoetan aurkeztu ahal izango da.

  20. oinarria. Argitaratzea.

    Prozesu honetako egintza eta iragarki guztiak IVAPen webgunean argitaratuko dira; era berean, behin-behineko eta behin betiko emaitza orokorrak EHAAn argitaratuko dira.

    Gainera, Ertzaintzako langileei buruz deialdi honetan argitaratu behar diren edukiak saileko Gurenet Intranetaren bidez ere argitaratuko dira, aurreko paragrafoan adierazitako argitalpenen momentu berean.

  21. oinarria. Ziurtagiriak jasotzea.

    Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko azterketaren bat gainditzen dutenek Azterneten eskuratu ahal izango dute IVAPeko zuzendariaren ziurtagiria (kontsultak/IVAP HE ziurtapenak), inprimatzeko moduko formatu digitalean. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan ere eskuratu ahal izango da ziurtagiri digitala (www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa), NIRE KARPETA atalean.

  22. oinarria. Datuen babesaren inguruko oinarrizko informazioa.

    Datu pertsonalak «hizkuntza-eskakizunak egiaztatzea» izeneko tratamendu-jardueran sartu eta tratatuko dira.

    Arduraduna: IVAP.

    Helburua: Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko kudeaketa eta jarraipena (deialdi orokorretarako ESKAERAK kudeatzea; baliozkotzeak kudeatzea; hautaketa-prozesuak kudeatzea). Egiaztatutako hizkuntza-eskakizunen erregistroa eta salbuespenen erregistroa sortzea. Eskatzaileen, historikoen, ziurtagirien eta egiaztapenen kudeaketa. Azterlanak eta estatistikak egitea.

    Legitimazioa: interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoen izenean egindako eginkizun bat betetzeko beharrezko tratamendua.

    Hartzaileak: Foru-aldundiak; toki-administrazioko beste organo batzuk; autonomia-erkidegoko beste organo batzuk; EAEn langileen arloan eskumena duten erakundeak; Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza (Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratua); Aldizkari Ofiziala.

    Eskubideak: datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubideak, eta informazio gehigarrian jasotzen diren beste eskubide batzuk.

    Informazio gehigarria: Gure webgunean kontsulta daiteke datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatz guztia. https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/021700-capa2-eu.shtml

    Araudia: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

  23. oinarria. Errekurtsoa.

    Interesdunek errekurtsoa aurkeztu dezakete deialdiaren, haren oinarrien eta horietatik eta auzitegien jardunetatik eratorritako administrazio-egintza guztien aurka, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitako kasu eta moduetan.

    Errekurtso eta erreklamazio horiek eta ahozko azterketaren lekua aldatzeko eskaerak leku hauetan aurkeztu ahal izango dira:

    1. IVAPen edozein egoitzatan (helbideak deialdi honetako 3. oinarrian daude zerrendatuta).

    2. EAEko Administrazio Publikoaren erregistro elektroniko orokorrean (https://www.euskadi.eus/erregistroa/erregistro-elektroniko-orokorra/web01-tramite/eu/) identifikazio eta sinadura elektronikoko edozein bitartekoren bidez identifikatuta, administrazio honen egoitza elektronikoan onartuta badago eta «Tramiteak eta zerbitzuak > Identifikazio elektronikorako onartutako bitartekoak» atalean kontsulta badaitezke (https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/).

    3. Halaber, sektore publikoko gainerako erregistro elektronikoetan, posta-bulegoetan, Espainiak atzerrian dituen ordezkaritza diplomatiko edo bulego kontsularretan, erregistro-gaietan laguntzeko bulegoetan eta indarrean dauden xedapenek ezartzen duten beste edozein bulego edo erregistrotan aurkeztu ahal izango dira.

      (Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.