Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2023ko maiatzaren 3koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Irungo HAPOko 6.2.06-Txenperenea eremuaren aldaketa puntualaren ingurumen-adierazpen estrategikoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 94
  • Hurrenkera-zk.: 2374
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2023/05/03
  • Argitaratze-data: 2023/05/19

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren 2021eko apirilaren 15eko Ebazpenaren bidez, Irungo HAPOko 6.2.06-Txenperenea eremuaren aldaketa puntualaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-azterketa estrategikoaren irismen-dokumentua eman zen, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean eta urriaren 16ko 211/2012 Dekretuan xedatutakoari jarraikiz (dekretu horrek planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen du).

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 21. artikuluan eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 12. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Irungo Udalak ingurumen-azterketa estrategikoaren jendaurreko informazioaren izapidea bete zuen, hura 45 egunez jendaurrean jarrita (2022ko maiatzaren 13ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean iragarkia jarrita), haren eraginpean zeudenek egoki ikusten zituzten alegazioak egin zitzaten, beren interesen defentsan.

Era berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 22. artikuluan xedatutakoa aplikatuta, Irungo Udalak kontsulta egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei, zeinak aurretik ere kontsultatuak izan baitziren arauaren 19. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta 45 eguneko epea eman zien egoki iritzitako txostenak eta alegazioak aurkez zitzaten.

Irungo Udalak jakinarazi du zenbait txosten jaso direla, administrazio-espedientean jasota geratu diren emaitza eta edukiekin, eta txosten horiek kontuan hartu direla Planaren behin betiko bertsioa idatzi denean.

2023ko otsailaren 13an, Irungo Udalak HAPOko 6.2.06-Txenperenea eremuaren aldaketa puntualaren ingurumen-adierazpen estrategikoa egiteko eskaera bete zuen Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren aurrean, urriaren 16ko 211/2012 Dekretuan eta abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera.

Eskaerarekin batera honako hauek aurkeztu zituen: behin betiko plan-proposamena, haren ingurumen-azterketa estrategikoa eta informazio publikoaren izapidea eta ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei entzunaldia egiteko izapidea azaltzeko zenbait dokumentu.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumen-efektu nabarmenak izan ditzaketen planen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea, eta ingurumenaren babes-maila handia bermatzea, garapen jasangarria sustatzeko.

Era berean, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handi bat bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.1 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaie administrazio publiko batek abian jarritako edo onetsitako plan eta programei, bai eta haien aldaketei ere, haien prestaketa eta onespena beharrezkotzat jo badu legezko edo erregelamenduzko xedapen batek, baldin eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitera legez behartutako proiektuak baimentzeko etorkizuneko esparrua ezartzen badute eta arlo jakin batzuei erreferentzia egiten badiete, hala nola hiri- eta landa-lurraldearen antolamenduari eta lurzoruaren erabilerari.

Halaber, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaie administrazio publiko batek abian jarritako planei eta programei (aipatu legearen II.A eranskinean zerrendatuta), eta horien aldaketei eta berrikuspenei, horiek egitea lege- edo erregelamendu-xedapen batek edo Gobernu Kontseiluaren erabakiren batek eskatzen badu. Plan horietako bat dira hiri-antolamenduko plan orokorrei egiten zaizkien aldaketak, baldin eta ingurumenean ondorio adierazgarriak izan baditzakete.

Halaber, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 17. artikuluan eta hurrengoetan eta urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren (Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzekoa) 8. artikuluan eta hurrengoetan adierazitakoaren arabera, bai Irungo Udalak, bai Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak beharrezkoa den guztia xedatu dute planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura aurrera eramateko ingurumen-azterketa estrategiko baten bidez, zeinaren irismena aurrez ezarri baita kontsulta publikoen eta eraginpeko administrazio publikoen eta herritar interesdunen parte-hartze prozeduraren bitartez.

Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-azterketa estrategikoa egokia dela, indarrean dagoen araudiari egokitzen zaiola eta irismeneko dokumentuan jasotako baldintzak betetzen dituela, ingurumen-adierazpen estrategiko hau eman du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, organo eskuduna baita otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera, zeinaren bidez ezartzen baita Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala. Esandako adierazpen horretan, ingurumenaren arloko alderdiak Planaren proposamenean txertatzearen aldeko balorazioa egiten da, eta plan horrek ingurumenean eragingo dituen inpaktu esanguratsuen aipamena ere jasotzen da, azkenean onartuko den Planean sartu beharreko azken zehaztapenak barnean direla, ingurumen-ondorioetarako bakarrik.

Kontuan hartu dira: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzkoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 211/2012 Dekretua, urriaren 16koa, Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duena; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau

Lehenengoa. Irungo HAPOko 6.2.06-Txenperenea eremuaren aldaketa puntualari buruzko ingurumen-adierazpen estrategikoa egitea, jarraian zehazten den moduan:

  1. Irungo HAPOko 6.2.06-Txenperenea eremuaren aldaketa puntualaren helburua da, alde batetik, hirigintza-antolamendu berri bat definitzea, aurretiazko antolamenduan baino dentsitate eta erabilera-aniztasun handiagokoa; indarrean dagoen plan orokorrak 85.000 m2t-ko eraikigarritasuna ematen dio eremu horri, eta orain parke linealak eta berdeguneak proposatu dira, hiri-eredua jasangarriagoa izan dadin. Bestalde, antolamendu berri horrekin Plaiaundiko kirol-instalazioak Plaiaundiko Parke Ekologikotik atera, eta Txenperenea eremura aldatu ahal izango dira, ingurumen-irizpideei jarraikiz.

    Honako hauek dira jarduketa-proposamen nagusiak:

    Hirigintza-baldintzatzaile jasangarrietara egokitutako bizitegi-garapenari bide ematea (110.431 m2-ko bizitegi-lurzorua).

    Zuzkidura-sistema orokorrerako lurzati bat sartzea, gaur egun Plaiaundiko Parke Ekologikoan dauden kirol-instalazioak hartuko dituena, aipatu parketik ateratzeko (20.381 m2 komunitate-ekipamendurako).

    Antolamenduan, parke lineal bat sortzea (berdeguneen sistema orokorra) bizitegi-eremuaren luzera osoan, Alai Txoko parkearekin eta Egiluze finkako zuhaiztiarekin lotuko dena (19.830 m2-ko espazio libreen sistema orokorra).

    Altzulegarrea baserria kontserbatzea, HAPOn katalogatuta dago eta.

    Garapen berria egungo hiri-bilbean integratzea eta Hegoaldeko Ingurabideak hartuko duen lurzorua (11.425 m2-ko bide-sistema orokorra). bide-sistema orokorrean sartzea, bide-sistema orokor gisa.

    Azpiestazio elektriko berria ezartzeko baldintzak txertatzea, onartutako Plan Partzialaren Aldaketan definitu zen bezala (1.460 m2s zerbitzu-azpiegituretarako).

    HAPOren aldaketaren xede den eremuak bat egiten du hirigintzako 6.2.06 esku-hartze eremurako indarrean dagoen plan orokorrak mugatutakoarekin, eta betetzen ditu udalak ezarritako zehaztapenak; beraz, 162.971 m2-ko azalera du guztira. Bi lurzoru mota sartzen dira: 157.608 m2 lurzoru urbanizagarri sektorizatuak dira, eta 5.363 m2, sektoreari atxikitako hiri-lurzorua.

    Iparraldean mugakide du Lapitze auzoa, eta hegoaldean, Bilbo-Behobia AP-8 autobidea. Hiri eta landa arteko trantsizioko hiri-inguruko eremua da, lurzati-egitura landatarrekoa, zeinean sei baserri eta horiei atxikitako lurrak baitaude. Eremuak gehienbat malda leunak dauzka, % 20tik beherakoak (azaleraren % 57an). Topografia irregularra da gehienean; sektorearen azaleraren % 40k % 20 eta % 50 arteko pendizak ditu, eta lurraren % 4 baino gutxiagok, % 50etik gorakoak.

    Eremuaren zatirik handiena sega-belardiak diren arren, nabarmentzekoa da 46.000 m2 ingurutan (eremuaren % 28an) zuhaitz-masa nahiko homogeneoak eta trinkoak daudela, espezie autoktonoetakoak, tartean lizar (Fraxinus excelsior) eta sahats (Salix atrocinerea) ale gazteak eta garaiak, eta tamaina handiko haritz isolatuak, baita lizarrak eta zumarrak ere, heskaien formako zuhaitz-masetan. Aloktono inbaditzaile gisa katalogatutako espezieen aleak ikusi dira, hala nola sasiakazia (Robinia pseudoacacia) eta tximeleten zuhaixka (Buddleja davidii).

    Ondare arkeologikoa eta arkitektonikoa kontuan hartuta, Txenperenean Altzulegarrea baserria dago, tokiko kultur interesa duena eta udalerriko ondare arkitektonikoaren katalogoan sartuta dagoena. Bestalde, Donejakue Bidearen ibilbideak eremua zeharkatzen du tarte txiki batean, harik eta AP-8a zeharkatu arte.

    Hauteman den ingurumen-arrisku nagusia zarata da. Inpaktu akustikoari buruzko azterlanaren emaitzen arabera, egoera akustikoa kaltegarria da, eta eremuan kalitate akustikoko helburuak gainditzen dira. Irungo HAPOko 6.2.06-Txenperenea eremuaren aldaketa puntualaz Ekolurrek idatzitako Azterlan Akustikoaren arabera, eremuak Babes Akustiko Bereziko Eremu izendatzeko baldintzak betetzen ditu.

  2. Ebazpen hau bat dator ingurumen-azterketa estrategikoaren ondorio nagusiekin, eta uste da nahikoa justifikatu dela Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren 2021eko apirilaren 15eko Ebazpenaren bidez emandako irismen-dokumentuan aurkeztu ziren ingurumen-irizpideen integrazioa.

    Planak ingurumen-azterketa estrategikotik eratorritako ingurumen-alderdiak txertatu ditu, ingurumen-organoak emandako irismen-dokumentuan eskatutako sakontasun-, xehetasun- eta zehaztasun-maila bermatuta. Plangintza-prozesuan ingurumen-eragin posibleak kontuan hartzen direla bermatzeko, uste da nahikoa zorrozki heldu zaiela ingurumen-izapidean adierazitako irizpide guztiei.

  3. Plana izapidetzean, ez da gehitu ingurumen-azterketa estrategikoa zabaltzea eskatzen duen jarduketa berririk, eta ez da atzeman birdefinitu edo kendu behar den Planaren jarduketarik.

  4. Indarrean dagoen araudiaren arabera hartuko dira neurri babesleak, zuzentzaileak, konpentsatzaileak eta jarraipenekoak, baita hurrengo apartatu hauetan xedatutakoaren arabera eta, aurrekoa galarazten ez dutenetan, ingurumen-azterketa estrategikoan aurreikusitakoaren arabera ere. Planak, halaber, honako zehaztapen hauek bete beharko ditu garapen-dokumentuak idazteko:

    1. Intereseko landaredia babesteko neurriak.

    Obrak egiten hasi aurretik, zehaztasunez balizatuko dira afektazioetatik salbu geratu behar duten landareak, bai eta inausketak pairatu ditzaketen zuhaitzak ere, bota ez ditzaten. Zuzeneko okupaziorik aurreikusten ez den eremuetan ez da landaredirik moztuko ez garbituko.

    Obrak eta lurzoruaren okupazioa dakarten gainerako eragiketa osagarriak proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan egingo dira.

    Obrarako sarbideak eta kontratistaren instalazioguneak makineria-parkea, obra-etxetxoak, obra-materialen, landare-lurren eta hondakinen behin-behineko pilaketa-eremuak barne ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira, eta, zehazki, landaredia autoktonoari eragitea saihestuko da.

    2. Lurraldearen leheneratze ekologiko eta paisajistikorako neurriak.

    Urbanizazio-proiektuak landareztatze-proiektu bat jaso beharko du proiektuak ukitutako eremu guztiak leheneratzeko, ondoren ezartzen diren irizpideekin:

    Ingurumena eta paisaia leheneratzeko lanak egingo dira garapenak ukitutako gune guztietan, Horretarako, espezie autoktonoak erabiliko dira landareztatze-lanetan, eta beren-beregi saihestuko da prozesu inbaditzaileak sor ditzaketen kanpoko espezieak erabiltzea.

    Garapen-proiektuetan ezpondak edo lubetak egonkortu behar badira, bioingeniaritzako teknikak erabiliko dira esku hartzeko eremuen tratamenduan. Ezponden gainazalak egonkortzeko, ez da gutinatzea erabiliko (hormigoia botatzea), baina salbuespenez hala egiten bada, paisaian integratu beharko da, ezkutatuta.

    «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» (Udalsarea 21 lan-koadernoa, 20. zk., 2017ko apirila) kontuan hartuko da, hala badagokio, eremuko gune urbanizatuetan landaketak egiteko.

    Ahalmen inbaditzaileko espezie aloktonoen zabalkundea saihesteko neurriak hartuko dira (Robinia pseudoacacia, Buddleja davidii, etab.). Ildo horretan, kontrol-neurriak hartuko dira landare-espezie inbaditzailerik sar ez dadin mugitutako lurren eta landarerik gabe utzitako lursailen bidez (prestatutako gainazaletan segituan landatzea eta ereitea, landare-lurren pilaketen babesa eta abar). Obrek irauten duten bitartean, jarraipena egingo da espezie horiek eremuan ugaritzen diren ikusteko eta, aleak agertuz gero, kasuan kasuko espeziaren araberako metodologia erabiliz kenduko dira.

    3. Kultura-ondareari dagozkion neurriak.

    Txenperenea eremuak arkeologia-potentzial handia duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak proposatzen du eremua ebaluatzeko programa bat egitea obrak egin aurretik, prospekzio, kata eta zundaketen bidez, Txenperenea eremuko lur-mugimenduek eragindako gunean, azalera nahikoa kontuan hartuta.

    Edonola ere, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa gorabehera, lur-mugimenduak egin bitartean aztarna arkeologikoren bat egon daitekeelako zantzuren bat aurkitzen bada, lanak eten egingo dira, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

    4. Uren kalitatearen gaineko eragina murrizteko neurriak.

    Urbanizazio- eta eraikuntza-proiektuek barne hartu beharko dituzte obrak egin bitartean solidoak lurrazaleko uretara ahalik eta gutxien iristeko neurriak, adibidez, jalkitze-tangak, sedimentuentzako tranpak edo iragazkiak.

    Urbanizazio-proiektuak hondakin- eta euri-urak bereiz biltzeko sare bat diseinatuko du. Saneamendu-sarearen diseinua eta baldintza teknikoak Gipuzkoako Ur Partzuergoaren Isurien Erregelamenduan ezarritako zehaztapenetara egokituko dira. Hondakin-urak baimentzeko prozedura bete beharko dute ur-administrazioan.

    Euri-urei dagokienez, hiri-drainatze sistemek jatorrian murriztu beharko dute hirigintza-garapenaren inpaktua, euri-urak jariatzean sortutako karga kutsakorrari dagokionez. Urbanizazio- eta eraikuntza-proiektuek drainatze jasangarriko sistemak izango dituzte, hala nola: zoladura iragazkorrak, estalki landareztatuak, areka hobetuak, zerrenda iragazleak, ekaitz-tankeak, iragazketa-zangak, drainak eta abar.

    5. Zaraten eraginak murrizteko neurriak.

    Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, ezin izango dira gauzatu garapen berriak kanpoko ingurunean kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez badira, hargatik eragotzi gabe dekretu horren 43. eta 45. artikuluetan xedatutakoa.

    Lanek iraun bitartean, jardunbide egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketa-, eraisketa-, zamalan- eta garraio-lanetan, baita erabilitako makineriaren mantentze-lanetan, zaraten eta bibrazioen murrizketan, eta erabilitako ekipamenduen zaraten kontrolean ere.

    Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

    Beste alde batetik, Plana garatzetik eratortzen diren proiektuek behar diren neurriak hartu beharko dituzte eragin-eremuan ez daitezen gainditu, jarduketen zaratagatik, Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsaduraren urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita dauden kalitate akustikoaren helburuak.

    6. Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriaren aldeko neurriak.

    Eraikingintza eta eraikuntza jasangarrienerako behar diren ezaugarriei dagokienez, EAEko eraikingintza jasangarriaren giden gomendioak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko.

    Neurri horiek, gutxienez, arlo hauetan izan beharko dute eragina:

    Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

    Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortutako energia kantitatea edo/eta kontsumoa murriztea.

    Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.

    Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

    Uraren zikloa. Uraren kudeaketa eta kalitatea hobetzea.

    Atmosfera. Gas-, hauts-, zarata-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

    Eraikinen barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

    Hondakinak. Hondakin solido gutxiago sortzea.

    Lurzoruaren erabilera. Lurzoruaren okupazioa murriztea.

    Mugikortasuna eta garraioa. Garraio-prozesuak gutxitzea eta pertsonen mugikortasuna hobetzea.

    Ekosistemak eta biodibertsitatea. Naturaguneen funtzioak hobetzea eta biodibertsitatea handitzea edo kontserbatzea.

    Paisaia. Sektorearen eta haren instalazioen paisaia-integrazioa.

    Arriskuak eta segurtasuna. Arrisku naturalak edo antropikoak minimizatzea.

    Klima-aldaketa. Klima-aldaketaren efektuetara egokitzea.

    7. Klima-aldaketa arintzeari eta klima-aldaketara egokitzeari buruzko neurriak.

    Klima-aldaketari eta trantsizio energetikoari buruzko maiatzaren 20ko 7/2021 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, Plana gauzatzeko proiektuak klima-aldaketaren aurrean pixkanaka eta erresilientziaz egokitzeko beharrezkoak diren neurriak kontuan hartuta diseinatuko dira.

    8. Ingurumena babesteko neurri orokorrak aurreikusitako garapena gauzatzen den bitartean.

    Aurreikusitako garapenetan, ingurumen-balioei eustea bermatzen duten neurri guztiak aplikatu beharko dira. Bereziki:

    Langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburuak gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, ibilguetarako isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea eta hondakinak kudeatzea.

    Hondakinen sorkuntza eta kudeaketa: Apirilaren 8ko 7/2022 Legeak (Hondakinen eta lurzoru kutsatuen Legea, Ekonomia zirkularra bultzatzekoa) araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketakoak, obra-lekuetakoak, bilgarriak eta errefuseko nahiz garbiketa-kanpainetako materialak.

    Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak bi xedapen hauen arabera kudeatuko dira: 105/2008 Errege Dekretua, otsailaren 1ekoa, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko dena, eta 112/2012 Dekretua, ekainaren 26koa, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko dena.

    Zabortegira bidali beharreko hondakinak, gainera, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuaren eta Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea eta betegarriak egikaritzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera kudeatuko dira.

    Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira. Betelanak jalkitzeko, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako baloreen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek.

    Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek behar bezala bete beharko dituzte apirilaren 8ko 7/2022 Legearen (Hondakin eta lurzoru kutsatuena, ekonomia zirkularra bultzatzeko) 21. artikuluan ezarritako segurtasun-neurriak.

    Industria-olio erabilien kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

    Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezarriko dira dagokion obra-faserako, ustekabeko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (obrako instalazio osagarriak iragazgaiztea, material xurgatzaileak erabiltzea, etab.).

    Airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestea: eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makina mekanikoak erabiliko dira.

  5. Ingurumen-jarraipeneko plana.

    Ingurumen-azterketa estrategikoak ingurumen-zaintzako programa egoki bat jasotzen du. Programa horren xedea da beharrezko zaintza- eta kontrol-sistemak ezartzea, egiaztatu ahal izateko planaren aurreikuspenak betetzen direla, eta, horien barruan, planteatutako jarduketen ingurumen-exijentziak mantentzen direla. Hainbat kontrol proposatzen dira, Planaren esparrukoa den proiektuaren obra-faserako; jarraipen-adierazleen eta atalase-balio jakin batzuen arabera burutu beharreko jarduketa batzuk dira kontrol horiek.

    Urbanizazio-proiektuak obretan zehar egin beharreko kontrolak zehaztu beharko ditu, bereziki landaredia autoktonoa babesteari buruzkoak. Kontrol bakoitzerako, kontrol-parametroak, metodologia, aldizkakotasuna eta atalase-balioak zehaztuko dira, besteak beste.

  6. Planetik eratorritako proiektuen ingurumen-ebaluaziorako gidalerro orokorrak.

    Planaren ondoriozko proiektuen ingurumen-ebaluazioan, aintzat hartuko dira lurraldearen baldintzatzaileak eta Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariak 2021eko apirilaren 15ean emandako Ebazpenaren bidez eginiko irismen-dokumentuan adierazten diren ingurumen-irizpideak.

    Besteak beste, honako alderdi hauek nabarmendu behar dira: lurraldearen gaineko esku-hartzeak paisaian egoki integratzea, lur-soberakinak eta sortutako hondakinak behar bezala kudeatzea, eremuaren kalitate akustikoa, ingurumen-baliabideen erabilera jasangarria, arrisku naturalak minimizatzea eta kalteen prebentzioa lehenestea konpentsazioaren aurretik.

    Bigarrena. Bi urteko gehieneko epea ezartzea, Irungo HAPOko 6.2.06-Txenperenea eremuaren aldaketa puntuala onartzeko, ingurumen-adierazpen estrategiko hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igarota, proiektua ez bada onartu, ingurumen-adierazpen estrategiko honen indarraldia amaituko da, eta hortik aurrera ez du ondorerik izango. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren izapidea, non eta ez den ingurumen-adierazpen estrategikoaren epea luzatzea erabakitzen. Hori guztia, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 27. artikuluarekin bat etorriz.

    Hirugarrena. Ebazpen honen edukiaren berri ematea Irungo Udalari.

    Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

    Vitoria-Gasteiz, 2023ko maiatzaren 3a.

    Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

    JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik