Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2023ko maiatzaren 3koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Bilboko (Bizkaia) Peñaskaleko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategikoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 95
  • Hurrenkera-zk.: 2400
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2023/05/03
  • Argitaratze-data: 2023/05/22

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Bilboko Udalak, 2023ko otsailaren 24an, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan eskabide bat aurkeztu zuen, hasiera emateko Bilboko Peñaskaleko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukiarekin.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2023ko martxoaren 17an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Bilboko Udalari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola prozedurari.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri jarri zen Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, horretan interesa zuen orok aukera izan zezan ingurumenaren arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.

Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluari jarraikiz.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handi bat bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.

Peñaskaleko Hiri Antolamenduko Plan Berezia abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan aipatutako kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutako prozedura 75. artikuluan arautzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, berau baita eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera. Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio adierazgarririk izan dezakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bete behar ez badu, Plana garatzeko zer baldintza ezarri behar diren ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, hau

Lehenengoa. Bilboko Peñaskaleko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, honela:

  1. Planaren deskripzioa: helburuak eta jarduketak.

    RE.05.2 PE Peñaskal azpieremua Bilboko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak (2022ko martxoaren 31ko erabakiaren bidez behin betiko onetsia) definitutako «RE.05 Iturrigorri-Peñaskal» eremuaren barruan dago. HAPOn adierazten da hiri-berroneratzeko zona dela eremu hori, Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren bidez garatu beharrekoa. Berroneratze hori justifikatuta dago gaur egun auzoak duen narriadura sozial eta ekonomikoagatik eta hirigintza-degradazioagatik.

    Bilboko auzorik hegoaldekoena da eta 200.244 m2-ko azalera hartzen du. Hirigintza-garapen handia du, batez ere bizitegi motakoa, beste erabilera batzuekin osatua (hirugarren sektorekoak, ekipamenduak, espazio libreak...).

    Planaren xedea RE.05.2 (PE Peñaskal) azpieremuaren hirigintza-berrantolaketa da, eta, besteak beste, lehendik dauden eraikinak eraistea (218 etxebizitza) eta haiek beste batzuekin ordezkatzea dakar, dagozkion zuzkidura publikoekin eta irisgarritasuna, segurtasuna, aparkaleku-arazoak eta abar hobetzeko beharrezko neurriekin osatuta, eta hori guztia azpieremuaren eta haren ingurunearen hiri-berroneratze eta -birkualifikazioko jarduketa nabarmen bat sustatzeko helburuarekin.

    Zehazki, dentsitate baxuko bizitegi-eraikin guztiak kenduko dira (7.579,55 m2), eta batez ere eremuaren hego-mendebaldeko muturra berrantolatuko da, dauden eraikinen ordez mendebaldeko hegalean bermatutako bi eraikin multzo jarrita (BS+7 profila duten bost eraikin eta, hurrenez hurren, BS+3 eta BS+4 profila duten beste bi).

    Horrez gain, hego-mendebaldeko muturrean dagoen industria-eraikinean jardutea proposatzen da. Eraikin horrek hezkuntza-erabilera du gaur egun, eta BS+9 bizitegi-eraikin berri bat proiektatu da leku horretan. Hezkuntza-erabilerak 36 eta 42 zenbakiko atarietara lekualdatuko dira, eta ondoko eraikinen antzeko eraikuntza-profila duten ekipamendu-eraikinak proposatu dira.

    Azkenik, beste bi eraikin proiektatu dira kalearen ekialdeko aldean, bi ataritako buruhorma itsuak errematatzeko. Eraikin horiek BS+4 eta BS+5 profil mugakideetara egokituko dira.

    Egungo egoerarekin alderatuta, bide-sarearen azalera xehatua 1.013 m2 areagotu da; ekipamenduena, 240 m2; tokiko espazio libreena, 4.716 m2; eta eraikuntza irekiko bizitegi-azalera, 3.179 m2.

    Guztira, 225 etxebizitza berri antolatu dira.

    Aukerei dagokienez, 0 aukeraz edo esku ez hartzeaz gain, auzoaren berroneratze beharra dela eta, antzeko hiru irtenbide aztertu dira ikuspuntu kuantitatibotik. Espazio publikoa, librea, pribatua eta bideei eskainitakoa oso antzekoak dira; desberdintasuna da horren osaera, espazio librearen aprobetxamenduari dagokionez eta proiektatutako eraikinen eguzkiztapen, aireztapen eta altuerei dagokienez.

    Mendebaldeko hegalaren ezegonkortasunaren ondorioz eta espazio publikoaren eguzkiztapen hobea lortu ahal izateko, lehentasunezkoa da mendebaldeko hegalean bakarrik eraikitzea; beraz, jarduketa-eremua mugatua da, eta, horrenbestez, etxebizitza-dentsitatea handia. Eraiki ezin diren espazioak auzoarentzat elkartzeko eta aisialdirako guneak sortzeko aprobetxatuko dira, gaur egun urriak baitira auzoan. Halaber, auzoan ez dago aparkaleku nahikorik. Baldintzatzaile horiek kontuan hartuta, 3 aukera proposatu dira.

    A aukera kale nagusian zehar eraikuntza jarraitua sortzea da, 12 metroko hondoarekin, lur-erauzketa gehiegizkoa izan ez dadin. Kontuan hartutako eraispenen ondoriozko espazioak espazio libre publikoetarako erabiliko dira. 224 etxebizitza sortuko dira eta eraikinen profila BS+9 izango litzateke, egungoaren bikoitza, eta bi garaje-solairu sestra azpian (178 plaza). Jarduketa horretarako behar den lur-bolumena 30.739,2 m3-koa izango dela aurreikusten da.

    B aukerak, aurrekoarekin alderatuta, eraikuntza jarraitua saihesten du eta bloke independenteak proposatzen ditu espazio libre gehiago lortzeko eta eguzkiztapena hobetzeko. Eraikinen profila BS+9 izango litzateke, eta sestra azpian bi garaje-solairu egiteko aukera (208 plaza). 214 etxebizitza sortzen dira, eta behar den lur-bolumena 44.937,78 m3-koa izango litzateke.

    Azkenik, C aukera bat dator hautatutako soluzioarekin, zeina arestiko paragrafoetan deskribatu baita. B aukeraren antzera, bloke independenteak ordenatzen ditu etxebizitzen eguzkiztapena hobetzeko. Hala ere, altuera txikiagoko eraikinak planteatzen ditu, oinplanoan okupazio handiagoa izan arren, inguruko eraikuntza-ezaugarrietara hobeto egokitzen direnak eta etxebizitza-premiei erantzuten dietenak, 225 etxebizitza berri barne hartuta. Kalkuluen arabera, lur-mugimenduak eta hondeaketak 55.385,74 m3 izango lirateke.

  2. Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek aintzat hartuta:

      1. Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokionez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

      2. Planak zenbateraino eragiten dien beste plan edo programa batzuei, hierarkizatuta daudenei barne: planaren antolamendu-eremua bizitegi-erabilera globaleko hiri-lurzoru finkatu bat da, Bilboko Iturrigorri-Peñaskal auzoko hegoaldean kokatua. Planak, funtsean, Peñaskal auzoan dauden etxebizitzak ordeztea planteatzen du, degradazio-maila eta irisgarritasun-arazo handiak baitituzte, bizitegi-eraikin berriak eginez, batez ere eremuaren hego-mendebaldeko muturrean. Planaren ezaugarriak kontuan hartuta, ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuetan. Ez da aurkitu bateraezintasunik hierarkikoki nagusia den plangintzarekiko.

      3. Plana egokia ote den ingurumen-arloan bereziki garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko: plana egokia da garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko. Hain zuzen ere, energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko neurriak sar daitezke planean.

      4. Planari loturiko ingurumen-arazo esanguratsuak: plana exekutatzeak ez du ingurumen-arazo esanguratsurik eragingo, baldin eta erasan-eremuan egin behar diren esku-hartzeak eta jarduerak gauzatzen badira, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari, lurzoru kutsatuei, kutsadura akustikoari eta kultura-ondarearen babesari dagokienez indarrean dagoen araudia betez.

      5. Era berean, plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

    2. Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak:

      Planaren eremua Bilboko udal-mugartean dago, Iturrigorri-Peñaskal auzoaren hegoaldeko muturrean (Errekalde barrutia).

      Hiri-eremua da, eta kale nagusi baten (Peñascal bidea) bi aldeetan eraikinak daude. Peñaskaleko hirigune luzea, gainera, malda handiko hegalek mugatzen dute bi aldeetan. Malda horiek ezegonkortasun-arazoak dituzte, eta horietan larreen eta baratzeen erabilera tradizionalak abandonatu egin dira kasu gehienetan; horren ondorioz, lehenengo zuhaixka-segida eta gero zuhaitz-segida sortu da, espezie aitzindari eta garapen azkarrekoak, hala nola sahatsak, lizarrak edo hurritzak.

      Hegoaldean, SuperSurreko (AP-8) zati bateko biaduktuaren eta haren pilareen presentzia nabarmentzen da.

      Peñaskal inguruan ibai-sare posible osoa dago (auzoa mugatzen duten ezpondetako jariatze-errekasto txiki gehienak barne), hirigunearen azpian lurperatuta eta hodietatik bideratua.

      Aztertutako eremuko landaredia, funtsean, landaredi erruderal nitrofiloak osatzen du, landaredi apaingarriko lursail txikiekin eta etxebizitza isolatuei lotutako lorategiekin. Unitate horren inguruan eta ekialdean eta mendebaldean Peñaskal inguratzen duten hegalen gainean, beste landaredi-unitate batzuk aurki daitezke; batez ere, aprobetxamendua duten larre, baratze txiki eta fruta-arbolen eremuak eta beste eremu abandonatu batzuk, non sasiz, iratzez eta otez osatutako estalkia garatu baita, sahats-aleren batekin batera. Zenbait kasutan, mendi-hegal horien zati batean baso misto atlantikorako lehen trantsizioa antzematen da, lizar-ale berriekin, haritz gazteren batekin, hurritzekin.

      Batasunaren intereseko habitatei (BIH) dagokienez, Plana zati batean 2.084 m2 bat dator Peñaskal mendiaren ekialdeko hegalaren zati batean dagoen «Larratu gabeko sega-belardi atlantikoak (6510)» habitatarekin.

      Ingurunean ez dago intereseko lekurik, naturagune babestuei, hezeguneei eta korridore ekologikoei dagokienez. Era berean, aztergai den eremuan ez dago arriskuan dauden fauna- eta flora-espezieen berri, eta ez da detektatu babestutako edo inbentariatutako paisaiarik, ez kultura-ondareko elementurik ere.

      Arriskuei dagokienez, ingurumen-dokumentuak adierazten du eremu horretako malda handiko hegal batzuetan, auzoaren hego-ekialdean esaterako, higadura-prozesu handiak gerta daitezkeela.

      Bestalde, eremuaren mendebaldeko zona handi batek oso kondizio geotekniko kaskarrak ditu, mendi-hegalaren ezegonkortasunagatiko arazoak eta malda pikoak (>% 30) konbinatzen baititu.

      Nahiz eta eremuak ez duen uholde-arriskurik EAEko kartografiaren arabera, igorritako dokumentazioaren arabera, Bilboko HAPOk, berriki onetsi denak, Peñaskaleko eremuan problematika gisa identifikatzen du gainazaleko jariatze-urak eragindako euri-uholdeen arriskua, prezipitazio handiko eta drainatze-sarearen asetasuneko gertakarietan, eta arrisku hori saihesteko eta murrizteko zenbait neurri ezartzen ditu Ingurumen Jasangarritasunaren Txostenean.

      Beste arrisku batzuei dagokienez, ez da identifikatu lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako lurzatirik, eta akuiferoak kutsatzeko ageriko urrakortasunik gabeko zona gisa dago katalogatuta eremua.

      Zaratari dagokionez, aztergai dugun eremuari eragiten dion foku igorle nagusia ibilgailuen zirkulazioa da, bereziki Peñascal bidea eta Arraizbidea kaleetakoa, bai eta San Justo zelaiaren hegoaldean dagoen bidearen zati batekoa eta AP-8 SuperSur errepidearen zati batekoa ere, zeina Plan Bereziaren eremuaren hegoaldean eta kale nagusiaren gainetik 50 bat metrora baitago.

      Igorritako dokumentazioak barne hartzen du hots-kutsadurari buruzko azterlan bat, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 37. artikuluan aurreikusten den bezala egin dena. Azterlanak etorkizuneko bizitegi-garapenei dagozkien kalitate akustikoko helburuak (KAH) bere egin ditu, bai eraikin berrietarako, bai eraitsi behar ez diren eraikinetarako.

      Zarata-mapek (2 metrora) erakusten dute kalitate akustikoko helburuak beteko direla bizitegi-erabilerako garapen berrietarako kanpoko espazioan, bai egungo agertokian, bai aurreikusitako etorkizuneko agertokian, Plan Bereziak planteatutako hiru aukeretarako. Era berean, hogei urterako etorkizuneko agertokiari dagozkion fatxaden gaineko eraso-soinuaren mapan, eguneko aldi guztietarako betetzen dira kalitate akustikoaren helburuak etorkizuneko eraikineko fatxada guztietan eta hiru aukeretan.

      Deskribatutakoa kontuan hartuta, Planaren garapenak izan ditzakeen ondorioak honako hauekin lotuta daude nagusiki: urbanizazio-obrak gauzatzearekin, lehendik dauden eraikinak eraistearekin eta bizitegi-eraikin berriak eraikitzearekin. Horren ondorioz, landaredia kendu egingo da, lurzorua okupatuko da, hondakinak sortuko dira, lurrak mugituko dira eta soberakinak sortuko dira, makinen joan-etorria izango da eta abar, eta horrek eraginak izan ditzake azaleko uretan (kasu honetan, zeharkako eraginak euri-urak biltzeko sistemen bidez), lurpeko uretan eta lurzoruetan ustekabeko isurketen ondorioz, herritarrei eragindako eragozpenak emisio atmosferiko eta akustikoen ondorioz eta abar; hori guztia, hain zuzen, guztiz hiri-eremukoa den esparru batean.

      Eremuaren ezaugarriak kontuan hartuta, Plan Bereziak ez du ingurumen-eragin nabarmenik planteatzen intereseko natura-alderdietan, zonak ez baitu babes berezia behar duen elementurik.

      Proiektatutako hondeaketek auzoaren hego-mendebaldeko muturra inguratzen duen landarediari eragingo diote. Landaredi hori interes txikikoa da; izan ere, landaredi erruderal nitrofiloa da ugariena, eta ukitutako zuhaitz- eta zuhaixka-eraketa autoktonoak urriak dira eta heldutasun maila txikia dute. Proposatutako antolamendu xehatua kontuan hartuta, kartografiatutako lursailak, hala nola «Larratu gabeko sega-belardi atlantikoak (6510)» Batasunaren intereseko habitata, bat datoz egotekoa ez den espazio libre batekin, eta, beraz, bateragarria litzateke dauden belardiak mantentzearekin.

      Planean eta ingurumen-dokumentu estrategikoan ingurumena lehengoratzeko aipatzen diren aurreikuspenen aldeko balorazioa egin da, baina ikuspegi orokor batetik; izan ere, hiri-berroneratzeko eragiketa hori Peñaskaleko ingurunearen natura-berroneratzeari ere ekiteko aukeratzat ikusten da, espazio libreetan eta auzoaren perimetroan landareztatze-jarduketak egitearen bidez.

      Arriskuei dagokienez, mendi-hegaletako malda handiek eta eremuko zati handi baten kondizio geotekniko oso kaskarrek egonkortasun-arazoak sor ditzakete proiektatutako eraikin berriak hartzeko hondeatutako ezpondetan. Ildo horretan, arrisku horiek ezabatzeko edo minimizatzeko hartu beharko diren lurzoruei eusteko konponbideak kontuan hartuta, egin beharreko lur-erauzketak oso handiak izango dira, bai eta, ondorioz, lur-mugimenduak eta hondeaketa-soberakinak ere.

      Zehazki, aurkeztutako dokumentazioaren arabera, hondeatutako lurren guztizko bolumena 55.385 m3 ingurukoa izango da, gutxi gorabehera, eta ezingo dira aprobetxatu garapen berrietan. Aurreikuspenen arabera, hondakin horiei ordeztuko diren etxebizitzen eraispenei dagozkienak gehitu beharko litzaizkieke. Hondakin horiek, aurreikuspenen arabera, obrek iraungo duten 10 urteetan banatuta sortuko da, eta baimendutako hondakin-biltegira eramango dira.

      Bestalde, adierazi behar da Planak eta ingurumen-dokumentu estrategikoak drainatze jasangarriko hiri-sistemak (zoladura iragazkorrak, berdeguneak, landaretza-estalkiak, etab.) ezartzeko proposamenak biltzen dituztela, euri-jasa handiak gertatzen direnean sortzen den azaleko jariatze-ura murrizten laguntzeko.

      Ustiapen-fasean, ezabatzea aurreikusten direnak ordezkatuko dituzte nagusiki eraikin berriek (zazpi etxebizitza gehiago egingo dira soilik, egungo etxebizitzekin alderatuta, zeinak ostatu ematearen xede izango baitira), eta, beraz, ez da aurreikusten eremuan bizitegi-jarduera handitzearen ondoriozko inpaktu esanguratsurik. Nolanahi ere, ordeztuko diren etxebizitzek bizigarritasun- eta irisgarritasun-kondizioetan dituzten gabeziak kontuan hartuta, bizitegi-erabilera berriak inguruko trafikoa, mugikortasuna, baliabideen eta energiaren erabilera eta abar hobetuko ditu.

      Zaratari dagokionez, aurkeztutako azterlan akustikoaren emaitzei erreparatuta, ondorioztatzen da aurreikusitako etorkizuneko agertokian eraikin guztietako fatxada guztietan betetzen direla kalitate akustikoaren helburuak, aztertutako eguneko aldi guztietarako.

      Hori dela eta, ingurumen-dokumentu estrategikoak planteatzen dituen neurri zuzentzaileak eta jasangarritasunaren aldekoak aplikatuta, eta aurrerago zehazten diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak ere aplikatuta, ez da espero jarduketek ingurumenean inpaktu adierazgarririk izango dutenik, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoari jarraikiz, baldin eta eragin-eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduketak, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez egiten badira.

    3. Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Peñaskaleko Hiri Antolamenduko Plan Bereziari dagokionez ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

      Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dauden arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean bertan adierazitakoaren arabera.

      Aplikatzeko neurrien artean, Plana garatzeko proiektu eta jarduketen ondoriozkoak nabarmendu behar dira, hala obra-faseari nola jardueraren funtzionamendu-faseari lotutakoak.

      Paisaia- eta ekologia-integraziorako neurriak:

      Intereseko landaredia babestea: intereseko landaredia babesteko neurriak proposatuko dira: obrak egiten hasi aurretik, zehaztasunez balizatuko dira erasanetatik salbu geratu behar duen landaredia, bai eta inausketen eragina jasan dezaketen zuhaitzak ere, bota ez ditzaten. Oro har, zuzenean okupatzea aurreikusten ez den eremuetan, ez da moztuko eta kenduko hango landaredi autoktonoa.

      Eragindako espazioak lehengoratzea: Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak espediente honi buruz egindako txostenaren arabera, Planak berariaz jaso beharko du eraikuntza-proiektuak ingurumena lehengoratzeko proiektu bat izango duela, Planean eta ingurumen-dokumentu estrategikoan espazio libreak landareztatzeari eta auzoaren perimetroari buruz aipatutako neurriak jaso eta garatuko dituena, horrela, natura-ondarea hobetzen, paisaian integratzen eta klima-aldaketaren ondorioen aurka babesten laguntzeko.

      Era berean, komenigarria litzateke RE-05.2 azpieremuaren hirigintza-fitxak lehengoratze-proiektuaren idazketa gidatu behar duten funtsezko irizpideak jasotzea (erabili beharreko espezieak, landaketa-esparrua, gutxienez 2 urtez mantentzea, etab.).

      Proiektua gauzatzearen ondorioz erasandako eremu guztiak lehengoratuko dira. Hala badagokio, espazio libreetako landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira; horrela, ekidin egingo dira higadura-prozesuak, solidoak drainatze-sarera arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak agertzeko arriskua txikiagoa izan dadin. Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana eta beste batzuk. Lehengoratze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzaileko propagulurik ez duela bermatuko da.

      Espazio libreen tratamendua: espazio libreak landareztatzeko, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak aplikatuko dira. Espezie autoktonoak erabiliko dira, hariztien eta baso mistoaren ezaugarriak lehenetsita.

      Espezie inbaditzaileen kontrola: identifikatutako flora aloktono inbaditzaileko aleak kenduko dira, eta eremuan eta inguruan ez hedatzeko beharrezkoak diren neurriak hartuko dira.

      Identifikatutako arriskuekin lotutako neurriak:

      Garapen-proiektuak azaleko jariatze-uren azterketa jaso beharko du, hegalen gainazaleko tratamenduak definitu ahal izateko, eta iragazkortasuna hobetzeko, Bilboko HAPOren Ingurumen Azterlan Estrategikoan ezarritakoaren arabera.

      Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk:

      Aurretik adierazitakoari kalterik egin gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak loturik egongo dira obrak egiteari, lurrak eta soberakinak kudeatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, hondeatutako lurzoruak kontrolatzeari, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Planak azkenean bere egiten dituen zehaztapenei erantsi beharko zaizkie horiek guztiak.

      Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak izango ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretara isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.

      Obrak ez ezik, lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan egingo dira. Kontratistaren instalazio-eremuak, barne hartuta makinak gordetzeko guneak, obra-txabolak, landare-lurra eta obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.

      Hondakinak sortu eta kudeatzea: Ekonomia zirkularra bultzatzeko hondakinen eta lurzoru kutsatuen apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.

      Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.

      Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

      Aipatutako 112/2012 Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, proiektuaren sustatzaileak gehitu beharko dio eraikitze-proiektuari hondakinen eta eraikitze- eta eraispen-materialen kudeaketa-azterlan bat, eta I. eranskinean ezarritako gutxieneko edukia izan beharko du.

      Halaber, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan aurreikusitako eskakizunak betetzeaz gain, plan bat prestatuko du kontratistak, obrako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortzen diren hondakinekiko eta materialekiko betebeharrak nola beteko dituen azaltzeko.

      Amiantoa duen hondakinik edo elementurik aurkitzen bada, otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak (Amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura prebenitu eta gutxitzekoak) ezarritakoa bete beharko da, eta baita martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuan (Amiantoaren eraginpean egoteko arriskua duten lanei aplikatu behar zaizkien segurtasuneko eta osasuneko gutxieneko xedapenak ezartzen dituena) ezarritakoa ere.

      Obretan sortutako hondeaketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko. Soberakinen gordailu berriak ireki behar badira, horiek dagozkien lizentziak eta baimenak izango dituzte. Horiek ezartzeko aukeren azterketa egingo da, eremu degradatuetan kokatzeari lehentasuna emanez.

      Bilboko Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak detektatzearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikuluarekin bat.

      Kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makinak erabiliko dira.

      Lurzoruaren eta lurpeko uren babesa: neurri prebentibo eta zuzentzaileak ezarriko dira obra-faserako, ustekabeko isuriek eragindako erasanak saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, eta abar). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.

      Obrako zarata: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

      Eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.

      Paisaia-integrazioa: ingurunearen ingurumen-ezaugarriak kontuan izanda, eta garapen berria inguruko paisaian integratzeko asmoz, zenbait eraikuntza-kondizio zehaztuko dira (materialak, koloreak, morfologia, altuerak, bolumenak eta abar), bat etorriko direnak inguruneko eraikinen eta estetikaren tipologiarekin.

      Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen aurrezki eta efizientzia energetikoa eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek alderdi hauetan eragin beharko dute, gutxienez:

      Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

      Energia. Energia-kontsumoa murriztea eta/edo iturri berriztaezinen bidez sortzea energia.

      Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.

      Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

      Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

      Barneko kalitatea. Barneko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

      Bigarrena. Zehaztea, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, Ebazpen honetan zehaztutako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Peñaskaleko Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

      Hirugarrena. Ebazpen honen edukia Bilboko Udalari jakinaraztea.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

      Bosgarrena. Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezkoak dituen efektuak izateari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren ez bada Peñaskaleko Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartzen lau urteko epean. Hala gertatuz gero, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, salbu eta ez bazaio ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen. Kasu horretan, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.

      Vitoria-Gasteiz, 2023ko maiatzaren 3a.

      Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

      JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik