Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2023ko maiatzaren 3koa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariarena, zeinaren bidez bi dirulaguntza emateko deialdia egiten baita, 2023-2024ko aldian, Administrazio publikoaren, zuzenbide publikoaren edo administrazio-zientziaren inguruko azterketak eta ikerketak egiteko.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: HAEE; Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 90
  • Hurrenkera-zk.: 2251
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2023/05/03
  • Argitaratze-data: 2023/05/15

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Garraio eta herri lanak; Hezkuntza
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Sailak

Testu legala

Administrazio publikoa, zuzenbide publikoa eta administrazio-zientzia aztertu eta ikertzea ezinbesteko eta etengabeko eginkizun legez agertzen zaigu administrazio-jardunbideak definitzeko, plangintza egiteko eta ebaluatzeko.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea sortzeko uztailaren 27ko 16/1983 Legeak organismoari, besteak beste, xede hauek aitortzen dizkio: EAEko administrazio publikoek lege-, finantzaketa- eta estatistika-arloetan dituzten berezitasunak ikertzea, irakastea eta zabaltzea; eta administrazio-zientzia ikertzea, irakastea eta zabaltzea, EAEko administrazioetan ezartzearekin batera.

Deialdi hau Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan gauzatzen den dirulaguntza-lerro bat da. Plana IVAPeko zuzendariaren 2023ko urtarrilaren 25eko Ebazpenaren bidez onartu da, eta erakundearen web orrian argitaratu da (https://www.ivap.euskadi.eus/contenidos/informacion/gardentasuna_infor_5/es_def/adjuntos/2023-Plan-estrategico-de-subvenciones.pdf).

Oinarritzat hartuta bai aurreko deialdietako esperientzia, bai gizarte-zientzien inguruko ikerketan gaur egun dagoen errealitatea, pentsa dezakegu taldekako ikerketa gero eta garrantzitsuagoa dela eta hortik oso emaitza aberasgarriak lor daitezkeela. Batez ere, kontuan hartzen badugu pertsona ezberdinen ekarpenez hornitzen dela, pertsona horiek orotariko ikuspuntuak dauzkatela eta, bide horretan, aukera sortzen dela proiektu berean ikertze-ikuspegi ezberdinak aintzat hartzeko.

Hortaz, deialdi honetan bi dirulaguntza aurreikusi dira Administrazio publikoaren, zuzenbide publikoaren edo administrazio-zientziaren inguruko azterketak eta ikerketak egiteko. Dirulaguntzok ikerketa-taldeei zuzenduta daude, bai dagoeneko sendotutako taldeei, bai ad hoc eratutako taldeei.

Hori horrela, hau

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen zuzendariaren ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari; beraz, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluaren eta hurrengoen arabera. Horretarako, hilabete bat izango da, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Errekurtso hori ebazpen hau eman zuen organoari aurkez dakioke edo, bestela, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari. Gora jotzeko errekurtsoa jarri zenetik hiru hilabete igarota ebazpen espresurik ematen ez bada, errekurtsoa ezetsi egin dela ulertu beharko da, eta administrazioarekiko auzibidera jo ahal izango da.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko maiatzaren 3a.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,

MAITE BARRUETABEÑA ZENEKORTA.

Lehenengoa. Helburua.

Deialdi honen helburua Administrazio publikoaren, zuzenbide publikoaren edo administrazio-zientziaren inguruko ikerketa sustatzea da eta, horretarako, 2023-2024ko aldian honako hauei buruzko azterketak eta ikerketak egiteko bi dirulaguntza eman:

  1. Euskal erakunde eta administrazio publikoen eskumen-, erakunde- edo arau-esparrua.

  2. Euskal erakunde eta administrazio publikoen antolakuntza, egitura edo funtzionamendua.

  3. Euskal erakunde eta administrazio publikoen erakundeekiko eta gobernuekiko harremanak.

  4. Kudeaketa publikoa edo zerbitzu publikoa gure lurralde-eremuan.

  5. Gure lurralde-eremuko edo beste lurralde-eremu batzuetako ereduak, proposamenak eta esperientziak ekartzea, baldin eta horiek eragina izan badezakete gure erakundeak eta administrazioak hobetzeko; bereziki, oinarri honetan adierazitako gaietan.

    Bigarrena. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

    Ikerketa sustatzeko bi dirulaguntzatarako deialdia egiten da eta horietako bakoitzak hogei mila (20.000) euroko ordainsaria izango du.

    Betiere, dirulaguntzen zenbatekoa kobratzeko eskubidea baldintzapean dago, hau da, bukatutako ikerlanek jasoko duten balorazioaren baldintzapean, hamabigarren oinarri-arauaren arabera.

    Ikerketarako dirulaguntza horiek Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Azterlan eta Argitalpen Zerbitzuak esleituko ditu, bai eta jarraipena egin ere.

    Hirugarrena. Parte-hartzaileen betekizunak.

    Dirulaguntzak ikerketa-taldeei zuzenduta daude.

    Dirulaguntzak eskatu ahal izateko, eskatzaileek baldintza hauek bete behar dituzte:

  1. Ikerketa-taldea gutxienez bi ikertzailek osaturik egongo da. Taldea honelakoa izan daiteke: finkoa, edo deialdi honetan parte hartzeko aurkeztuko duen proiektuari ekiteko ad hoc eratua. Eskabidean espresuki adierazi beharko da taldearen kide bakoitzak duen partaidetzaren ehunekoa.

  2. Ikerketa-taldearen partaide batek, gutxienez, administrazio-auzotasuna Euskal Autonomia Erkidegoan izatea 2022ko urtarrilaren 1az geroztik edo lehenagotik.

  3. Ikerketa-taldearen partaide guztiek unibertsitate-titulu ofiziala izatea. Atzerrian eskuratutako tituluei dagokienez, homologazioa aurkeztu beharko da eta, homologaziorik izan ezean, unibertsitateak edo agintari-akademiko eskudun batek emandako ziurtagiria aurkeztu behar du, alegatutako titulua eman zen estatuan unibertsitate-titulu ofiziala dela egiaztatzeko.

  4. Ikerketa-taldearen partaide guztiek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izango dituzte.

    Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzen duten ziurtagiriak automatikoki egiaztatuko ditu organo kudeatzaileak, dirulaguntza esleitu zein ordainketak egin aurretik. Hala ere, eskatzaileak berariaz egin ahal dio aurka egiaztapen horri, eta, kasu horretan, izaera hori egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.

    Laugarrena. Baztertzeko arrazoiak.

    Ezin izango dituzte eskatu deialdi honetako dirulaguntzak honako hauek:

  1. Dirulaguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen debekuren bat, administrazio-zehapenen bat edo zehapen penalen bat izan duen pertsona fisiko osok. Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legean sartutako debekuak eta zehapenak ere barruan direla.

  2. Administrazio publikoari, zuzenbide publikoari edo administrazio-zientziari buruzko azterlanak eta ikerketak egiteko Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak ikerketa sustatzearren deitutako dirulaguntza hauek azken hiru urtean hartu dituztenak. Epe hau dirulaguntza ematen duen ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuko da. Era berean, dirulaguntza hauek ezin izango dira bateratu proiektu bera egiteko beste ezein laguntza edo dirulaguntza publiko nahiz pribaturekin, doktore-tesiak egitera zuzendutako bekak eta dirulaguntzak barne izanik.

  3. Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako beste kasuren batean dauden pertsonak.

    Dirulaguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta organismo autonomoek emandako izaera bereko dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzulketa- edo zehapen-prozedura. Era berean, dirulaguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da jasotako dirulaguntza itzultzea, baldin eta itzulketa-prozedura bat amaitzen denean horretarako ebazpena ematen bada.

    Oinarri-arau honetan jasotzen diren baztertze-arrazoiak taldeko eskatzaileetako bati badagozkio, akatsak zuzentzeko epean, ikerketa-proiektua eta ikerketa-taldea egokitzeko aukera emango zaie, deialdian ezarritako betekizunetara egokitzeko. Zuzendu ezean, baztertzeko arrazoi horiek ikerketa-taldeko kide guztiei eragiten dietela ulertuko da.

    Bosgarrena. Eskabideak: aurkezteko epea eta modua.

    1. Aurkezteko modua.

      Dirulaguntza hauek eskuratzeko eskabideak, ahal dela, izapidetze elektronikoaren bidez aurkeztuko dira, arau hauekin bat etorriz: Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretua; eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretua.

      Izapidetza egiteko helbide elektronikoan eskainitako eskabide-inprimakiak nahitaez erabili beharko dira, eta erantzukizunpeko adierazpen hauek jasoko dituzte: laugarren oinarri-arauan zehazten diren inguruabarrak deialdian parte hartzea eragozten duten inguruabar gisa aldi berean gertatzen ez direla adierazten dutenak, bai eta Administrazioak eskakizunak egiaztatzeko emandako baimenak ere.

      Helbide elektroniko honetan izapidetuko dira eskabideak elektronikoki: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0030310

    2. Aurkezpena egiteko baldintzak.

      Eskabideak izapidetzeko, identifikazio eta sinadura elektronikorako Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioko Egoitza Elektronikoan onartutako edozein bitarteko erabili ahal izango da. Bitartekok helbide honetan kontsultatu ahal izango dira: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

    3. Deialdian ezarritako parte-hartzaileen betekizunen alegazioa eta egiaztapena:

      a. Eskabideekin batera, ikerketa-taldeak nahitaezko agiri hauek aurkeztu beharko ditu beti:

      a.1. Ikerketa-proiektuaren memoria.

      Hau nahitaez eredu normalizatuan aurkeztu beharko da. Eredu hori interesdunek eskuragarri izango dute eskabideak egiteko dagoen helbide elektronikoan. Agiri horrek ezin izango ditu 10 orrialde baino gehiago izan.

      Memoria honetan, berariaz adierazi beharko dira hauek:

      Izenburua.

      Proiektuaren identifikazioa (laburpena).

      Ikerketa-taldearen partaideak: identifikazioa, pertsona bakoitzak egingo duen lana eta jasoko duen dirulaguntzaren ehunekoa.

      Proiektuaren justifikazioa: zergatik eta zertarako.

      Proiektuaren helburuak.

      Aztergaiaren egungo egoeraren deskribapena, aztertu nahi den gaiari buruzko ikuspegi laburra eta informazio garrantzitsuaren azalpena, eta proposatutako ikerketa-ildoak jakintza-arlo horretan dakartzan ekarpen nagusiak.

      Ikerketaren faseak: fase bakoitzaren helburuak eta zereginak.

      Metodologia: ikerketaren metodologia/k, ikerketarako aukeratutako aztergaia edo lagina, ikerketaren iturriak eta, hala badagokio, datu pertsonalak babesteko estrategia.

      Proposatutako proiektua garatzeko sinesgarritasuna bermatzen duten ikerketa-taldeko kideen ezaugarriak.

      Ikerketa-taldeak dituen baliabideak.

      Kronograma.

      a.2. Ikerketa-taldearen ordezkari bat izendatzea, ikerketa-taldeari onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko adina botere duena. Ordezkaritza egiaztatzeko, hala dela sinesgarritasunez erakusten duen edozein bide erabili ahal izango da, zuzenbidean baliozkoa bada. Ondorio horietarako, ordezkaritza egiaztaturik geldituko da apud acta ahalordetzearen bitartez egin bada, agerraldi pertsonala eginez edo Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioko Egoitza Elektronikoan agerraldi elektronikoa eginez, edo egoitza elektroniko horren ordezkarien erregistro elektronikoan (https://euskadi.eus/ordezkariak) inskribatu izana egiaztatuz.

      a.3. Unibertsitate-titulua, ikerketa-taldea osatzen duten pertsona guztiena, titulu hori estatu honetatik at eskuratu baldin bada, ikerketa-taldeak aurkeztu beharko du homologazioa egiaztatzen duen agiria, edo dagokion unibertsitatearen edo aginte akademikoaren ziurtagiria, alegatutako titulua eman zen estatuan unibertsitate-titulu ofiziala dela jasotzen duena.

      b. IVAPek elektronikoki kontsultatuko edo eskuratuko dituen nahitaezko agiriak, bi salbuespenekin: alde batetik, ezinezkoa izatea IVAPek datua lortzea edo egiaztatzea kasu horretan, ezintasuna egiaztatu ondoren, interesdunei eskatuko zaie aurkezteko; bestetik, interesdunek berariaz aurka egiten badute, bosgarren oinarri honen 6. apartatuan adierazitako terminoen eta baldintzen arabera kasu horretan, oinarri horretan adierazitako ondorioak aplikatuko dira:

      b.1. Unibertsitate-titulua, ikerketa-taldea osatzen duten pertsona guztiena, baldin eta estatu honetan eskuratu bada.

      b.2. Ikerketa-taldearen partaide batek, gutxienez, 2022ko urtarrilaren 1az geroztik edo lehenagotik, Euskal Autonomia Erkidegoan administrazio-auzotasuna duela adierazten duen erroldatze-ziurtagiria edo ziurtagiriak.

      Horretarako, eskabidean adierazi beharko da zein den baldintza hori beteko duen taldeko pertsona.

    4. Aurkezteko epea.

      Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

    5. Eskabideak zuzentzea.

      Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluen arabera, eskabideak edo ikerketa-taldeak aurkeztu behar dituen nahitaezko agiriek deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, edo horien edukia nahikoa ez bada, eskatzaileari jakinaraziko zaio hamar egun baliodun dituela nahitaezko dokumentazioa osatzeko edo akatsa zuzentzeko; eta, horrela egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, eta horretarako administrazioak dagokion erabakia hartu eta jakinaraziko duela.

      IVAPek eskuratu edo kontsultatu beharko dituen agiriak, IVAPek ezin baditu eskuratu edo kontsultatu, salbuespenez, interesdunari agiri horiek aurkeztea eskatu ahal izango zaio.

    6. IVAPek agiriak eskuratzeko edo kontsultatzeko, interesdunak aurka egitea.

      Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 28.2 artikuluaren arabera, eta indarrean dauden datu babesaren inguruko arauen arabera, IVAPek agiriak elektronikoki eskuratu edo kontsultatu behar dituen kasuetan interesdunak aurka egiteko, espresuki adierazi beharko du. Kasu horretan, IVAPek dagokion agiria eskuratzearen edo kontsultatzearen aurka egiteko eskabidean dagoen laukitxoa markatu beharko du interesdunak.

      Interesdunak adierazten badu ezen deialdian parte hartzeko eskakizunen alegazioari eta egiaztapenari buruzko dokumenturen bat edo batzuk IVAPek elektronikoki kontsultatzearen edo eskuratzearen aurka dagoela, pertsona horrek dokumentu horiek aurkeztu beharko ditu. Bestela, pertsona hori ezin izango da onartu deialdi honek arautzen dituen dirulaguntzak esleitzeko prozesuan.

    7. Gainerako izapideak.

      Norberaren espedientean sartzeko eta haren jarraipena eta izapideak egiteko egoitza elektronikoko «Nire karpeta» apartatu berezira jo behar da, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

      Seigarrena. Dirulaguntzak esleitzeko prozedura eta eskabideen balorazioa.

      Deialdi honetako laguntzak norgehiagoka-erregimenean esleituko dira, ebazpen honetan eta aplikatu beharreko araudian ezarritako oinarrien arabera.

      Aurkeztutako eskabideak xede horretarako eratuko den balorazio-batzorde batek baloratuko ditu. Horretarako, aurkeztutako ikerketa-proiektua ebaluatuko da, gehienez ere 100 punturekin, baremo honen arabera:

      1. Ikerketa-proposamenaren interesa: gehienez ere, 15 puntu.

        Irizpide honetan baloratuko dira: proposatzen den ikerketaren beharra; horren izaera berritzailea eta ikerketak aztergaiari egiten dion ekarpena; eta lortutako emaitzen erabilgarritasuna edo eragina, erakunde eta administrazio publikoetarako eta gizarterako.

      2. Ikerketa-proposamenaren kalitatea: gehenez ere, 40 puntu.

        Honako hauek baloratuko dira: proposatutako helburuek eta azalpenek dauzkaten interesa eta garrantzia; ikerketaren galderek eta, hala badagokio, proposatutako hipotesiek daukaten interesa.

      3. Ikerketa-proposamenaren bideragarritasuna eta metodologia: gehienez ere, 40 puntu.

        Honako hauek baloratuko dira: proiektua, lan-plangintza eta aldiak proiektuaren helburuei eta ikerketa-galderei (eta, hala badagokio, hasierako hipotesiei) egokitzea; proposatutako planteamendu metodologikoak proiektuaren helburuei eta ikerketaren galderei egokitzea (eta, hala badagokio, hasierako hipotesiei); plangintzak eta kronograma ikerketaren aldiei eta horien azalpenari egokitzea.

      4. Ikerketa-proposamenaren argitasuna, zuzentasuna, ordena eta egitura: gehienez ere, 5 puntu.

        Honako hauek baloratuko dira: proiektuaren garapena azaltzeko ideien argitasuna; proiektuaren azalpenak zuzen eta argi idatzita egotea; ordena eta egitura egokia.

        Ikerketa-proiektuaren balorazioan gutxienez 70 puntu lortu ez duten eskabideei ezin izango zaie inolako dirulaguntzarik esleitu.

        Zazpigarrena. Balorazio-batzordea.

        1. Eginkizunak.

          Deialdi honen esparruan, balorazio-batzordeak eginkizun hauek izango ditu:

          Aurkeztutako eskabideak baloratzea, dirulaguntzen esleipen-proposamena Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendaritzara helarazteko xedearekin.

          Esleipendunek egindako ikerlanen kalifikazioa, ikerketa-taldeari esleitu behar zaien diru-kopuruaren eta argitalpenaren inguruan esleipen-proposamena emateko helburuarekin, deialdiaren hamabigarren oinarri-arauan ezarritakoarekin bat etorrita.

        2. Osaera.

          Honako hauek izango dira balorazio-batzordeko kideak:

          Batzordeburua:

          Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko idazkari nagusia edo hark izendatutako ordezkoa.

          Batzordekideak:

          Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Azterlan eta Argitalpenen arduraduna edo hark izendatutako ordezkoa.

          Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Azterlan eta Argitalpen Zerbitzuko teknikari bat edo hark izendatutako ordezkoa.

          Deialdian adierazten diren gaietako aditu bi, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen zuzendariaren ebazpen baten bidez izendatuak.

          Idazkaria:

          Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Azterlan eta Argitalpen Zerbitzuko teknikari bat edo hark izendatutako ordezkoa. Idazkariak hitza eta botoa ditu.

          Balorazio-batzordea osatzeko, ahaleginak egingo dira trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakume eta gizonen ordezkaritza orekatua egon dadin. Ondorio horretarako, ordezkaritza orekatua izango da baldin eta sexu bakoitzak gutxienez % 40ko ordezkaritza baldin badu.

          Ezinezkoa edo oso zaila gertatzen bada, sexua edozein dela ere, lehen adierazitako ehunekoa betetzea, ezintasun edo zailtasun hori arrazoituko da balorazio-batzordea osatzen duten aditu biak izendatzen dituen ebazpenean.

          Halaber, balorazio-batzordeak, egoki baderitzo, aholkulari espezialistak edukiko ditu kideei laguntza emateko. Aholkulariok beren espezialitate teknikoetara mugatuko dute jarduna, izaera horrekin bakarrik elkarlanean arituko baitira balorazio-batzordearekin.

        3. Funtzionamendua.

          Balorazio-batzordeak botoen gehiengo soilez hartuko ditu erabakiak. Kide anitzeko organoa den heinean, oinarri-arau hauetan berariaz jasotzen ez den guztirako, urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 15. artikulutik 24. artikulura bitartean adierazitakoa izango da araubidea.

          Batzordeburua edo idazkaria, edo izendatutako ordezkoa, balorazio-batzordearen bileraren batera agertu ezean, eta quorum nahikoa betetzen bada, bilerara azaldutako kideen gehiengoaz erabakiko da haien artean nork beteko dituen batzordeburuaren edo idazkariaren eginkizunak.

          Zortzigarrena. Dirulaguntzak esleitzea eta onartzea.

          Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen zuzendariak, ebazpen baten bidez, dirulaguntzak esleituko ditu, edo dirulaguntza horien esleipena erabat edo partzialki hutsik geratu dela adierazi.

        1. Esleipena.

          Dirulaguntzak Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren ebazpen baten bidez esleituko dira. Ebazpenak honako hau jasoko du:

          Dirulaguntzen esleipendun gisa aukeratutako ikerketa-proiektuak, eta, hala badagokio, hutsik gelditu diren dirulaguntzak.

          Hala badagokio, ordezkoak izango diren ikerketa-proiektuen zerrenda.

          Dirulaguntzak esleitzen dituen ebazpena, edo deialdia hutsik uzten duena, egun berean argitaratuko da bai deialdiaren Interneteko helbide elektronikoan, bai eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, argitalpena egin den eta hurrengo egunetik aurrera sei hilabeteko epea igaro baino lehenago.

        2. Onarpena.

          Dirulaguntza bakoitzaren onarpena esleipendun diren ikerketa-taldeen aldetik, egoitza elektronikoko «Nire karpeta» apartatuan (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta) telematikoki aurkeztutako idatzi baten bidez jakinarazi beharko da, hamar egun balioduneko epean. Epe hori esleipen-ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta deialdiaren Interneteko helbide elektronikoan argitaratu eta hurrengo egunetik hasiko da. Argitalpen horiek egun berean egingo dira.

          Lehenago aipatutako dirulaguntzaren onarpen-idatzian zehaztu beharko da taldekide bakoitzak zein ehunekotan parte hartzen duen ikerketa-proiektuan, behar diren ordainketak egite aldera.

          Balorazio-batzordeak esleipendunei egoki iritzitako oharrak egin ahal izango dizkie egin beharreko ikerlanari buruz, ikerketa-proiektuaren memoria garatzeko.

          Esleipendun diren ikerketa-taldeek dirulaguntza bakoitza onartzeak deialdi honetako oinarri-arauetan ezartzen diren baldintzak onartu beharra dakar; bai eta, ikerlanaren jarraipenari begira, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen Zuzendaritzak ematen dituen ebazpenak onartu beharra ere.

          Bederatzigarrena. Dirulaguntzen onuradunen betebeharrak.

          Deitutako dirulaguntzak jasotzen dituztenen ikerketa-taldeen partaide guztiak dirulaguntzen onuradunak izango dira eta, horren ondorioz, betebehar hauek dituzte:

          1. Deialdi honetan ezarritako baldintza guztiak betetzen dituen ikerlana garatu, eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundean aurkeztu beharko dute; ikerlanak monografia bat izan behar du, eta dirulaguntzaren esleipena jaso zuen ikerketa-proiektuaren memorian proposatutako gaia garatu beharko du, memorian bertan azaldutakoaren arabera. Halaber, ikerketa-taldeko kide bakoitzak egingo duen lana ikerketa-proiektuaren memorian adierazitako moduan gauzatu beharko du.

          2. Ikerlanaren justifikaziorako amaierako txosten bat egitea eta aurkeztea. Alde batetik, txostenak labur azaldu beharko du ikerketa-proiektuaren memorian ezarritako helburu orokorraren betetze-maila, bai eta, hala badagokio, helburu espezifikoena ere. Bestalde, erabilitako metodologia labur azaldu beharko du. Era berean, txosten horretan, ikerketa-taldeak komenigarritzat jotzen dituen zehaztasunak azal ditzake, bai emandako monografiari buruz, bai horrek ikerketa-proiektuaren memoriarekiko daukan egokitasunari buruz.

          3. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearekin bildu beharko dira, hala eskatzen bazaie.

            Era berean, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren arabera, dirulaguntzen jasotzaileen betebeharrak hauek ere izango dira:

          1. Dirulaguntza jasotzeko baldintzak betetzea.

          2. Dirulaguntza ematen duen entitateari justifikatzea eskakizunak eta baldintzak bete direla eta dirulaguntza emateko helburua den jarduera egin dela. Era berean, proiektuan deskribatutako ikerketa-taldeko kideen ezaugarriei buruzko alderdiak justifikatu beharko ditu, IVAPek hala eskatzen badu.

          3. Jasotzaileak onartzea entitate emaileak beharrezko ikusten dituen egiaztatze-jarduketak. Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura jasotzen diren laguntza eta dirulaguntzei dagokienez, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egiten dituen eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi espezifikoetan adierazitako kontrol-jarduketen mende egon behar du.

          4. Entitatea emaileari jakinaraztea bestelako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak lortu dituela helburu bererako, edozein dela ere administrazio edo ente emailea (publikoa zein pribatua).

          5. Entitatea emaileari jakinaraztea dirulaguntza emateko kontuan hartu zen inguruabar objektibo zein subjektiboren bat aldatu den.

            Hamargarrena. Dirulaguntza esleitu ondoren eskabidea edo aurkeztutako proiektua aldatzea.

            Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetako edozein aldaketa izanez gero eta, nolanahi ere, helburu berarentzat beste administrazio edo ente publiko edo pribatu batzuek emandako laguntzak edo dirulaguntzak aldi berean jasoz gero, idatziz jakinarazi behar zaio Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari; eta, horren ondorioz, gerta daiteke dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea honela:

            1. Emandako dirulaguntza galtzea dakarten dirulaguntzarako baldintzen aldaketak honako hauek izango dira:

              a. Deialdi honetako oinarri-arauak osotasunean edo zati batean ez betetzea.

              b. Datuak ezkutatzea, aldatzea, edo eskabidean edozein manipulazio egitea.

              c. Ikerketa-proiektu berean beste erakunde publiko edo pribatuetatik datorren finantzaketa metatzea.

              d. Ikerketa-proiektua edo ikerketa-taldearen osaera aldatzea, deialdian parte hartzeko nahitaezko baldintzak galtzea badakarte.

            2. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak aztertuko ditu ikerketa-proiektuaren aldaketa esanguratsuak eta ikerketa-taldearen osaerak izandako aldaketak, aldaketa horiek ezarritako baldintzak ez mantentzea badakarte; eta, horren ondorioz, erabakiko du emandako dirulaguntza guztiz edo zatika itzuli behar den.

              Hamaikagarrena. Deialdiaren esparruan egindako ikerlanak aurkeztea.

              Ikerlana aurkezteko, orrialde zenbakiak jarriko dira, eta aurkibide bat izango du, edukien hasierako orrialde-zenbakia aipatzen duena. Ikerlana deialdi honen bederatzigarren b) oinarrian eskatzen den ikerlanaren justifikaziorako amaierako txostenarekin batera aurkeztuko da. Hori dena egoitza elektronikoko «Nire karpeta» apartatuan (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta) aurkeztuko da.

              Burututako ikerlanak eta horien inguruko justifikaziorako amaierako txostenak aurkezteko epea 2024ko urriaren 7an amaituko da.

              Hamabigarrena. Dirulaguntzak ordaintzea. Zenbatekoa zehazteko sistema.

            1. Ordainketak.

              Dirulaguntzak bi zatitan ordainduko dira:

              a. Lehenengo ordainketa, bost mila (5.000) eurokoa, dirulaguntza onartzearekin batera. Zenbateko horrek ikerketa-jarduera garatu ahal izatea du xede, eta konturako ekarpenaren izaera du. Beraz, lehenengo ordainketa horretan jasotakoa baldintza suntsiarazlearen mendean dago; izan ere, azkenean aurkezten den lanak ez badu lortzen argitaratuta izateko edo liburutegian gordeta gelditzeko kalifikazio nahikorik, hurrengo paragrafoan adierazitakoaren arabera, lehenengo ordainketako diru-kopurua Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari itzuli beharko dio ikerketa-taldeak.

              b. Bigarren ordainketa, hamabost mila (15.000) eurokoa.

            2. Ikerlanen kalifikazioa eta dirulaguntzen bigarren ordainketa.

              Bigarren ordainketaren zenbateko zehatza aurkeztu diren ikerketa-monografiek lortutako kalifikazioaren araberakoa izango da. Balorazio-batzordeak, monografien analisiaren ondoren, irizpide hauen arabera kalifikatuko du, 10 puntu gehienez emanda:

              a. Dirulaguntza lortzeko aurkeztutako proiektua betetzea: gehienez ere, 2 puntu. Irizpide honetan gutxienez 1,5 puntu lortu beharko dira, 2.b) irizpidean puntuazioa lortu ahal izateko.

              Beraz, balorazio-batzordeak 2.a) irizpide honetan 1,5 puntu baino gutxiago ematen baditu, monografiari dagokion kalifikazioa ezgai izango da, eta, ondorioz, oinarri honetako 3.c) apartatuan ezartzen den bezala, ez du bigarren ordainketarik jasoko eta lehenengo ordainketan jasotakoa konturako ekarpenaren izaerakoa itzultzeko prozedura hasiko da.

              Irizpide honen barruan baloratuko da monografiaren egokitzapena, aurkeztutako proiektuari dagokionez; bereziki, proposatutako helburuen garapenari dagokionez, helburu bakoitzaren garrantzia haztatuta, hala badagokio.

              b. Ikerlanaren kalitatea: gehienez ere, 8 puntu. Irizpide honen barruan baloratuko dira:

              b.1. Ikerketaren kalitate zientifikoa: gehienez ere, 2,5 puntu.

              b.2. Planteamendu metodologikoen egokitzapena eta zuzentasuna: gehienez ere, 2 puntu.

              b.3. Ideien argitasuna, zuzentasuna eta monografiaren azalpenen zehaztasuna: gehienez ere, 0,5 puntu.

              b.4. Monografiak ikertutako alorrean proposatu dituen berrikuntzak: gehienez ere, 1,5 puntu.

              b.5. Lortutako emaitzen erabilgarritasuna nahiz eragina, erakunde- eta administrazio-teorian nahiz -praktikan: gehienez ere, 1,5 puntu.

              Balorazio-batzordeak ikerlanen kalifikazioaren proposamena igorriko du Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaritzari. Proposamen horretan oinarrituta, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren ebazpen baten bidez, lanen kalifikazioa erabakiko da eta ondorioak ezarriko dira, oinarri honetako 3. apartatuan xedatutakoaren arabera.

            3. Esleitutako dirulaguntza bakoitzak jasotako kalifikazioa eta bigarren ordainketaren zenbatekoa loturik daude, honen arabera:

              a. 8,5 edo hortik gorako puntuazioa jaso duten monografiak:

              Hamabost mila (15.000) euro.

              Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak lan horiek argitaratuko ditu, deialdi honetako hamaseigarren oinarri-arauan ezarritakoarekin bat etorrita.

              b. 5 eta 8,4 bitarteko puntuazioa (biak barne) jaso duten monografiak:

              Aurkeztutako ikerlanari kalifikazio hau emateak ekarriko du lehenengo ordainketa konturako ekarpenaren izaerakoa mantentzeko eskubidea aitortzea onuradunei, eta ez zaio egokituko bigarren ordainketaren diru-kopururik.

              Halaber, lan hauek Eusko Jaurlaritzako liburutegian gordeko dira, deialdi honetako hamabosgarren oinarri-arauan ezarritakoarekin bat etorrita. Egindako ikerlana liburutegiko katalogoan sartuko da, irakurleentzat eta etorkizuneko ikertzaileentzat ekarpen baliagarriak dauzkan lan legez.

              c. Ezgai kalifikazioa (5etik beherako puntuazioa) jaso duten monografiak:

              Ez dute bigarren ordainketarik jasoko eta lehenengo ordainketan jasotakoa konturako ekarpenaren izaerakoa itzultzeko prozedura hasiko da.

              Emandako dirulaguntza itzultzea, hala badagokio, arau hauetan ezarritakoarekin bat etorriz egingo da: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikulua; eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten izaiki laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua.

              Hamahirugarrena. Dirulaguntzei uko egitea.

              Dirulaguntzari ikerketa-talde osoak uko egiteko, egoitza elektronikoko «Nire karpeta» apartatuan (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta) telematikoki aurkeztutako idatzi bidez jakinarazi beharko da, eta esleipenari dagozkion eskubide ekonomiko guztiak galtzea ekarriko du. Ukoa bestelako izapiderik gabe onartuko da. Kasu horietan, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen zuzendariak erabakiko du, uko egitearen data kontuan hartuta, puntuazioaren hurrenkeraren araberako hurrengo talde ordezkoari dirulaguntza emango zaion.

              Ikerketa-talde bateko kide baten edo batzuen aldetik ikerketa-proiektuari zati baten uko egiteko, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari egoitza elektronikoko «Nire karpeta» apartatuan (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta) telematikoki aurkeztutako idatzi bidez jakinarazi beharko zaio, eta eskabidearen aldaketatzat joko da. Hortaz, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak ebaluatu beharko du, deialdiaren hamargarren oinarri-arauan jasotakoaren arabera, emandako dirulaguntza guztiz edo zati baten baliogabetu behar den, bai eta jasotako zenbatekoak ere itzuli behar diren.

              Hamalaugarrena. Ikerlanak jabetza intelektualaren erregistroan inskribatzea.

              Ikerketa-taldearen ordezkari gisa izendatutako pertsonak ikerlana jabetza intelektualaren erregistroan inskribatu beharko du, ikerlana Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundean jaso eta hurrengo egunetik aurrera urtebeteko epean, gehienez ere. Esandako epean inskripzioa egitea ezinezkoa bada, eta betiere epe hori igaro aurretik, jasotzaileak, arrazoiturik, agerian jarriko du ezintasuna. Lehen aipatutako urtebeteko epean inskribatzeko ezintasuna guztiz egiaztatzen den kasuetan, inskripzioa egiteko beste epe bat eman ahal izango da.

              Hamabosgarrena. Eusko Jaurlaritzako liburutegian gordetako ikerlanak.

              3 oinarri-arauaren arabera, Eusko Jaurlaritzako liburutegian gordeko diren egindako ikerlanak, jabetza intelektualerako eskubideari buruzko arauei loturik baino ezin izango dira erabili.

              Ikerlan horietako baten bat beste argitaratzaile edo argitaletxe batek argitaratzen badu, egileak argitalpen horren berri eman beharko dio Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari eta bi ale bidaliko dizkio. Argitalpenaren berri eta bi aleak jaso eta gero, aldez aurretik liburutegian gordetako ikerlana kenduko da.

              Hamaseigarrena. Deialdi honen barruan egindako ikerlanak argitaratzeko eskubideak.

              Dirulaguntza onartzeak berekin dakar Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari egile-eskubideak dohainik lagatzea, hamar urteko eperako eta edozein hizkuntzatarako, balorazio-batzordeak ikerlanari argitaratzeko kalifikazio nahikoa emanez gero. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak urtebeteko epean ikerlana argitaratzeko konpromisoa hartzen du; epe hori zenbatzeko, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak edo erakunde horren argitalpen-zerbitzuen esleipendun enpresek bete behar dituzten izapideak hartuko dira kontuan, eta ez egileen ardurakoak diren betebeharrak betetzeko denborak.

              Egindako ikerlana beste lan zabalago baten atala bada, IVAPek eta lanaren egileek testua oso-osorik argitaratzea adostu dezakete; hori dela eta, egileek IVAPi lan osoa ustiatzeko eskubideak lagako dizkiote.

              Edozein modutan ere, deialdi honetatik sortutako ikerlanen edizio guztietan, bai lan osokoa izanda bai zati batekoa, egileek Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundetiko dirulaguntza eskuratu dutela adierazi behar dute.

              Hamazazpigarrena. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearekiko lan-kontratupeko obligaziorik eza.

              Aipaturiko dirulaguntzak ez dakar inolako kontratu-loturarik Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen eta jasotzaileen artean.

              Hemezortzigarrena. Administrazio-isiltasuna.

              Deialdiak eragina izan duen egunetik sei hilabete igarota, deialdiaren Interneteko helbide elektronikoan eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ez badago esleipena egiteko erabakirik argitaratuta, interesdunek ezetsitzat hartu beharko dute beren eskaera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluaren arabera.

              Hemeretzigarrena. Datuen babesari buruzko informazio oinarrizkoa.

              Datu pertsonalak erabiliko dira, eta tratamendu-jarduera honi erantsiko zaizkio: «Ikerketen sustapena».

              Arduraduna: IVAP.

              Helburua: deialdi hau kudeatzea eta ebaztea.

              Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.

              Hartzaileak: Ogasun publikoa eta zerga-administrazioa. Esleipendunen datuak argitalpenetan agertu dira. IVAPeko zabalkunde-jardueretan agertu ahal izan dira. Aldizkari ofiziala.

              Eskubideak: interesdunak datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezerezteko eskubidea du, bai eta informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.

              Informazio osagarria: gure web-orrian kontsulta dezakezu datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/060200-capa2-eu.shtml

              Araudia: Datu Babeserako Erregelamendu Orokorra eta, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa.