Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2023ko maiatzaren 26koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitara ematen baita eremu maskulinizatu eta feminizatuetako emakume eta gizon langabeei kontratazio-konpromisoa dakarren prestakuntza emateko eta kontratazioak egiteko eta prestakuntza emateko proiektuetara bideratutako dirulaguntzetarako 2023ko deialdia (Morrokotudak).

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua; Lan eta Enplegu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 104
  • Hurrenkera-zk.: 2598
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2023/05/26
  • Argitaratze-data: 2023/06/02

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Lana eta enplegua; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2023ko maiatzaren 25ean egin zuen bileran hartutako Erabakiaren bidez, eremu maskulinizatu eta feminizatuetako emakume eta gizon langabeei kontratazio-konpromisoa dakarren prestakuntza emateko eta kontratazioak egiteko eta prestakuntza emateko proiektuetara bideratutako dirulaguntzetarako 2023ko deialdia onartu du (Morrokotudak). Lanbideren Estatutuak onartzeko maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren 10.2 artikuluaren n) apartatuan ezarritakoaren arabera (abuztuaren 30eko 98/2023 Dekretuan emandako idazkeran), erakunde autonomo horretako zuzendari nagusiari dagokio erabaki hori argitaratzea.

Hori guztia dela eta, honako hau

Lehenengoa. Argitara ematea eremu maskulinizatu eta feminizatuetako emakume eta gizon langabeei kontratazio-konpromisoa dakarren prestakuntza emateko eta kontratazioak egiteko eta prestakuntza emateko proiektuetara bideratutako dirulaguntzetarako 2023ko deialdia (Morrokotudak), Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2023ko maiatzaren 25eko bileran hartutako Erabakiaren bidez onetsia (ebazpen honen eranskinean dago jasota).

Bigarrena. Jakinaraztea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango dituela ondorioak laguntzen deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiak.

Hirugarrena. Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko maiatzaren 26a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

MARÍA GLORIA MÚGICA CONDE.

Maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuak (zeinak Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen baitu) 2. artikuluan ezartzen du Enplegurako Lanbide Heziketa Lanbide Heziketaren sistemetako bat dela, eta tresnak eta ekintzak dituela enpresen artean eta langileen artean (langabe nahiz landun) prestakuntza bultzatzeko eta zabaltzeko, lehiakortasun- eta kualifikazio-beharrizanei erantzute aldera. Prestakuntza horrek, halaber, gizartea kohesionatzen eta ekonomia garatzen lagunduko du, ezagutzan oinarritutako ekonomiaren esparruan. Era berean, ezartzen duenez, enplegurako lanbide-heziketak aukera-berdintasunean oinarrituko printzipioak bete behar ditu, edozein izanik ere adina, generoa, egoera pertsonala edo lan-arlokoa.

Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak (zeinaren bitartez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen baitira eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen) Lan eta Enplegu Sailari esleitzen dizkio enplegu-politika eta Enplegurako Lanbide Heziketa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lankidetzarekin, horrek dauzkan erantzukizunei dagokienez, eta Lanbide Heziketaren eremuan oro har zuzendaritza, antolamendu eta plangintzan Hezkuntza Sailak dituen eginkizunak ezertan eragotzi gabe.

Lan eta Enplegu Sailari atxikitako Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoari dagokio, beste zenbait eginkizunen artean, enplegu- eta prestakuntza-programak egitea, eta eginkizun horren barruan dago, besteak beste, dirulaguntzen deialdiak onartu eta izapidetzea, hala ezartzen baitute 3.b) artikuluan Lanbideren estatutuek (maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuak onartuek). Enplegurako prestakuntzaren barruan, oro har langabeei zuzendutako prestakuntza eta laneratzeko eta gizarteratzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboei zuzendutako prestakuntza espezifikoa sartzen dira.

Horregatik guztiagatik, gure erkidegoan instalatutako edo ezarri berri diren enpresek sortutako lanpostu berrietarako prestakuntza espezializatua eta egokia eskaini nahirik, kontuan hartuta prestakuntza-ekintzen lehentasunezko helburua dela langabeak produkzio-sistemak eskatzen dituen enpleguetan laneratzea edo birlaneratzea eta prestatutako pertsonen kontratazioa sustatzea, zenbait ekitalditan garatu dira oro har langabeentzako kontratazio-konpromisoa duen lanbide-heziketara bideratutako dirulaguntzen deialdiak.

Bestalde, egiaztatuta geratu da gaur egun lan-merkatuan sartzen diren emakumeen profilak bilakaera nabarmena izan duela, eta gizonen maila berdintsuetara iritsi dela. Hala ere, merkatu horretan oraindik ere daude emakumeen behin-behinekotasun handiagoko egoerak, balio bereko lanagatiko ordainsari txikiagoak, bai eta lan-segregazio modu berriak ere (sektorea, jarduera, lanpostua, lanbideak...). Ondorioz, nahiz eta emakumeak lan-merkatuan sartzeko prozesua etengabe hobetzen joan den, ez dira espero ziren erritmoa eta sakontasuna lortu, parekidetasunik eza eta diskriminazioa antzeman baitaitezke emakumeen lan-bizitzan zehar.

Enpresa-jarduera eta generoa kontuan hartuta emakumeen ordezkaritza zein den aztertzen badugu, lan-prekaritate handiagoa izan ohi duten jarduera-adarretan emakumeen proportzioa askoz handiagoa dela ikusiko dugu (gainordezkaritza), prekaritate baxuagoa duten beste jarduera-ardatz batzuen aldean. Genero-desberdintasun horrek desabantaila ugari sortzen dizkie emakumeei, eta, beraz, zaurgarriago bihurtzen ditu lan-merkatura edo autoenplegura sartzeko orduan.

Segregazio horizontala ere ikusi da, eta, bertan, emakumeak gehienbat zerbitzuen sektoreetan metatu ohi dira (ehungintza, bulegoak, txikizkako salmenta, hezkuntza, osasun-jarduerak, etxeko eta gizarteko zerbitzuak...), maskulinizatutzat jotzen diren beste sektore batzuen aldean (esaterako, eraikuntza, manufaktura-industria, garraioa, logistika, edo handizkako merkataritza).

Segregazio horizontal hori ageri da, era berean, enplegurako prestakuntzaren eremuan. Hala, alde nabarmenak daude profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko prestakuntza-ekintzen parte-hartzean, generoaren arabera, kontuan hartuta zein familia profesionalekoak diren.

Emakumeek enplegu duina, ondo ordaindua eta eskubide guztiak dituena lortzea da erronka nagusietako bat, erronka demokratiko eta ekonomiko gisa, ez baitago demokraziarik erabateko berdintasunik gabe.

Hori guztia dela eta, beharrezkoa da gaur egun emakumeak azpi-ordezkatuta dauden lan-jarduerako sektoreen barruan sartu, iraun eta sustatzea zailtzen duten egituretan aldaketak indartzeko ekintza positiboko neurriak garatu eta martxan jartzea. Beharrezkoa da, halaber, gizonak ordezkaritza txikia duten eta emakumeek presentzia nabarmena duten okupazio eta jardueretan sartzea bultzatuko duten ekimenak garatzea, eta horrek, aldi berean, eragina izan ahal izan du lan-, ekonomia- eta gizarte-desberdintasunak betikotuz, esparru horietan gizonen presentzia handiagoa izan balitz desberdintasun horiek ez baitziren gertatuko.

Estrategia berri hori gizartean errotuta dauden dinamikak aldatzeko asmoz egituratu da, eta azken helburua da etorkizun hurbilean sektore maskulinizatu edo feminizatuei buruz hitz egiteari uztea eta aukera-berdintasunari eta lan-baldintzei buruz hitz egin ahal izatea.

2021eko eta 2022ko ekitaldietan, Lanbidek Morrokotudak dirulaguntza-deialdien garapena bultzatu du. Dirulaguntza horiek emakume langabeak lanbide maskulinizatuetan prestatzeko eta kontratatzeko proiektuetarako dira. Oso esperientzia positiboak izanik, proposatutako aldaketa, sektore feminizatuetan gizonekin gertatzen denaren ikuspegia txertatuz egindakoa, gizarte hobe, berdinzaleago eta bidezkoago baten alde doa argi eta garbi.

Bi deialdien garapena aztertu ondoren, hau da, batetik, oro har langabeak kontratatzeko konpromisoa barne hartzen duen lanbide-heziketara bideratutako dirulaguntzen deialdia, eta, bestetik, hurrenez hurren, eremu maskulinizatu eta feminizatuetan (Morrokotudak) emakume eta gizon langabeak prestatzeko eta kontratatzeko proiektuetarako dirulaguntzetarako deialdia, bi deialdiak lanbide-heziketako programa bakar batean biltzea erabaki da. Programa horretan jasota dago eremu maskulinizatu eta feminizatuetako emakume eta gizon langabeei kontratazioak egiteko eta prestakuntza emateko konpromisoa, sortutako sinergiak aprobetxatuz eta gure Erkidegoan ezarritako edo ezarri berri diren enpresek sortutako lanpostu berrietarako prestakuntza espezializatua eta egokia eskainiz, kontuan hartuta prestakuntza-ekintzen lehentasunezko helburua dela langile langabeak produkzio-sistemak behar dituen enpleguetan laneratzea edo birlaneratzea, bai eta prestakuntza jaso duten pertsonen kontratazioa sustatzea ere.

Laguntza horiek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2023ko ekitaldiko Dirulaguntza Plan Estrategikoan daude aurreikusita. Erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluak onartu zuen plana, 2022ko abenduaren 21eko bileran hartutako Erabakiaren bidez, eta, hartara, bete egin zuen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan xedatutakoa. Plan hori Lanbideren webgunean dago argitaratuta: www.lanbide.euskadi.eus. Dirulaguntza horiek bidea errazten dute planean jasotako helburu estrategiko hau lortzeko: «genero-berdintasun eraginkorra lan-eremuan», eta estaldura ekonomikoa ematen diote langabeak kontratatzeko konpromisoa duen prestakuntzari, oro har, eta emakume langabeak eta gizon langabeak eremu maskulinizatu eta feminizatuetan prestatzeari eta kontratatzeari.

Horregatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak egindako proposamena kontuan hartuta, erakunde autonomo horretako Administrazio Kontseiluak, 2023ko maiatzaren 25eko saioan, eremu maskulinizatu eta feminizatuetako emakume eta gizon langabeei kontratazio-konpromisoa dakarren prestakuntza emateko eta kontratazioak egiteko eta prestakuntza emateko proiektuetara bideratutako dirulaguntzetarako 2023ko deialdia onartu du, artikulu hauen arabera:

  1. Deialdi honen xedea da 2023ko ekitaldirako honako hauek arautzea: oro har, langabeentzat eta, hurrenez hurren, eremu maskulinizatuetan eta feminizatuetan dauden emakume eta gizon langabeentzat kontratatzeko konpromisoa duten prestakuntza-ekintzak finantzatzeko laguntzak (Morrokotudak), bai eta azken prestakuntza-ekintza horietatik eratorritako lan-kontratuetarako laguntzak ere.

  2. Deialdi hau finantzatzeko baliabide ekonomikoen zenbatekoa 5.000.000 euro da; horietatik 2.000.000 euro 2023ko ordainketa-kredituari dagozkio, 3.000.000 euro 2024ko konpromiso-kredituari, eta honela banatuta daude dirulaguntza-lerrotan:

    4.000.000 euro, prestakuntza-ekintzak finantzatzeko.

    1. 3.000.000 euro, oro har langabeak kontratatzeko konpromisoa dakarten prestakuntza-ekintzak finantzatzeko; horietatik 1.500.000 euro dira 2023ko ordainketa-kreditukoak eta 1.500.000 euro 2024rako konpromiso-kreditukoak.

    2. 1.000.000 euro, eremu maskulinizatuetan eta feminizatuetan, hurrenez hurren, emakume eta gizon langabeak kontratatzeko konpromisoa duten prestakuntza-ekintzak finantzatzeko; horietatik, 500.000 euro 2023ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 500.000 euro 2024ko konpromiso-kredituari.

    1.000.000 euro, eremu maskulinizatu eta feminizatuetako emakume eta gizon langabeen prestakuntzari lotutako lan-kontratuak finantzatzeko, hurrenez hurren (Morrokotudak), 2024ko aurrekontu arruntaren ordainketa-kredituaren kargura.

    Kopuru horiek handitu daitezke, baldin eta indarreko legeriaren arabera aurrekontuetan aldaketak onartzen badira. Halako aldaketarik eginez gero, dagokion publikotasuna emango zaio Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.

    Eskabideak aurkezteko epea amaitu eta a.1 edo a.2 dirulaguntza-lerroetako batean aurkeztutako eskabide guztiak ebatzi ondoren, dirulaguntza-lerro batean esleitutako kredituaren soberakina geratuz gero, beste lerroko eskaerak finantzatzeko erabili ahal izango da.

  3. Lan-kontratuak (b dirulaguntza-lerroa) finantzatzeko laguntzak emateko, aurretik kreditu nahikoa eta egokia egon behar da 2024. urterako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan, betiere Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluaren ondorioetarako; agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargutan egiteko diren gastu-espedienteen aurretiazko izapidetzea araupetu zen.

  4. Deialdi honen xede diren dirulaguntzak Europako Gizarte Funtsak lagunduta finantzatuta egon daitezke, osorik edo zati bat, EGF Euskadi 2021-2027 programaren esparruan.

  1. Kontratatzeko konpromisoa duten prestakuntza-ekintzetara bideratutako laguntzetan, honako hauek izan ahalko dira onuradun:

    1. Prestakuntza jaso duten pertsonak zuzenean kontratatuko dituzten eta lantokia Euskal Autonomia Erkidegoan duten enpresa pribatuak, edozein forma juridiko dutelarik ere. Baztertuta geratuko dira aldi baterako laneko enpresak, outsourcing jarduerako enpresak eta langileen zerbitzu anitzeko enpresak, bai eta edozein enpresa publiko ere.

      Prestakuntza egin ahal izango dute:

      bitarteko propioekin: prestakuntza eman ahal izateko dagokion profesionaltasun-ziurtagirian egiaztatu beharko dute edo profesionaltasun-ziurtagiriak eskuratzeko ez diren espezialitateetan izena eman, prestakuntza hasi baino lehen. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatutako Prestakuntza Erakundeen Erregistroko altak bere horretan jarraituko du, prestakuntza amaitu arte. Orduan, baja emango zaio.

      kontratatuz, egiaztatuta dauden erakundeekin edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Prestakuntza Erakundeen Erregistroan izena emanda daudenekin.

    2. Prestakuntza-erakunde pribatu edo publikoen bidez, baldin eta dirulaguntzaren eskaera aurkezten den datan egiaztatuta eta/edo inskribatuta badaude Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatutako Prestakuntza Erakundeen Erregistroan, autonomia-erkidegoren bateko enplegurako prestakuntza-erakundeen beste erregistro batean edo prestakuntza-erakundeen estatuko erregistroan, dirulaguntza eskatzearen arrazoi diren prestakuntza-ekintzei dagozkien espezialitateak irakasteko.

      Deialdi honen ondorioetarako, prestakuntza-erakundeek aurkeztutako eskabideak bi kategoriatan sailkatzen dira:

      1. Euskal Autonomia Erkidegoko jarduera ekonomikoko sektore bateko enpresak biltzen edo ordezkatzen dituzten erakunde sektorialek bultzatutako eskaerak, kontratatzeko konpromisoa hartu duten enpresak elkarte eta sektore horretakoak badira.

      Sektoreko erakundeek formalki eratuta egon beharko dute 2022ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik, eta Eusko Jaurlaritzako edozein sailetan indarrean dauden enpresaz gaindiko elkarteen erregistroren batean identifikatuta egon beharko dute.

      Sektoreko erakunde horiek langile propioak izan beharko dituzte. Langile horiek erakunde horri edo sektore horretan bildutako enpresen interesak ordezkatzeko beharrezkoak diren kudeaketa-zerbitzuak ematen dituen erakunde bati atxikita egon behar dute. Erakunde horrek gaitasun nahikoa izan behar du ekimen honen garapenaren xedea zuzentzeko eta kudeatzeko.

    1. 2 Aurreko b.1 apartatuan aipatutako erakunde sektorialen babesik ez duten eskaerak.

  2. Prestakuntza-ekintzen (Morrokotudak) ikasleekin formalizatutako lan-kontratuak finantzatzeko laguntzetan, enpresa pribatuak izango dira onuradun, izan pertsona fisiko edo juridiko, baldin eta lantokia Euskal Autonomia Erkidegoan badute eta ikasleak kontratatzen badituzte, 6. artikuluan aurreikusitako baldintzetan. Ezin izango dira onuradun izan, bestalde, administrazio publikoak eta erakunde autonomoak, zuzenbide pribatuko erakunde publikoak eta sektore publikoa osatzen duten gainerako erakundeak, ez eta enplegurako aldi baterako lan-enpresak, outsourcing jarduerako enpresak eta langileen zerbitzu anitzeko enpresak ere.

    Enpresa onuradunek enpresako langileen legezko ordezkaritzari jakinarazi beharko diote deialdi honen babespean egindako kontratazioa.

  3. Ezingo dira onuradun izan honako egoera hauetako batean diren erakundeak:

    1. Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea.

      Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, dirulaguntza eman eta ordainketa bakoitza egin baino lehen. Hala ere, eskatzaileak berariaz aurka egin diezaioke egiaztatze horri, eta, halakorik egiten badu, eskakizun hori betetzen duela frogatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.

    2. Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta ez edukitzea.

    3. Zigor-zehapena edo administrazio-zehapena ezarrita edukitzea, dirulaguntzak edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera kentzen diona, hauek barne:

      Sexu-bazterkeriagatik ezarritako zehapena, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabeko bizitzei buruzko Legearen testu bateginean edo Emakumeen eta gizonen berdintasun eraginkorrerako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan ezarritakoaren arabera.

      Abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuak (Lan-arloko arau-hausteei eta zehapenei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena) 46.1.b) eta 46.bis.1.b) artikuluetan xedatutako zehapen osagarri batek hala ezarri izana, ebazpen irmo bidez.

    4. Legez ezarritako kausaren bat izatea, laguntzak edo dirulaguntzak jasotzea eragozten diona, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabeko bizitzei buruzko Legearen testu bateginean aurreikusitakoak barne:

      Ez edukitzea berdintasun-planik indarrean, nahiz eta enpresa Estatuaren araudiaren arabera horretara behartuta egon.

      50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan, ez edukitzea ezarrita sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena eta sexu-indarkeriak prebenitu eta eragozteko neurririk, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dauzkan legeen arabera.

      30.000 euro baino gehiagoko dirulaguntzetarako, abenduaren 29ko 3/2004 Legean (lege horren bidez merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dira) aurreikusitako ordainketetarako ezarritako epeak beteta izatea.

    1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan xedatzen diren gainerako egoeraren batean egotea.

      Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ez badu egiaztatzen 3. atalean xedatutako eskakizunen bat, erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatu beharko da. Adierazpen hori eskabide-orrian jasota dago. e) apartatuari buruzko baldintza egiaztatzeko, galdu-irabazien kontu laburtuak aurkez ditzaketen sozietateek erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute. Gainerakoek, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribaturiko auditore batek egindako egiaztagiria aurkeztu beharko dute.

  4. Deialdi honetan aurreikusitako prestakuntza-ekintzak egiteagatiko dirulaguntza lortzeko, enpresek eta prestakuntza-erakundeek laguntzaren xede den prestakuntza-proiektua osatzen duten prestakuntza-ekintzak egiteko behar diren pertsonak eta bitarteko materialak izan beharko dituzte, edo dirulaguntza esleitu ondoren, prestakuntza-jarduera hasten denean, beroriek lortzeko konpromisoa hartu beharko dute.

    Instalazio eta baliabide horiek norberarenak edo hirugarren erakunde pribatu edo publikoenak izan daitezke; gainera, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean eduki beharko dira.

    Informazio hori egiaztatzeko, erakundearen legezko ordezkaritzak erantzukizunpeko adierazpen bat egingo du (erantzukizunpeko adierazpena eskabide-orrian jasota dago). Edonola ere, erakunde eskatzaileak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren esku eduki beharko ditu adierazpen horretan bildutako datuak egiazkoak direla frogatzen duten dokumentuak.

    Prestakuntza-jarduera gauzatzeko azpikontratazioa debekatuta dago, egiaztatutako edo inskribatutako prestakuntza-erakundeak kontratatzera jotzen duten enpresa onuradunentzat adierazitakoa izan ezik. Ondorio horietarako, ez da azpikontrataziotzat jotzen prestakuntza emateko irakasleak (pertsona fisikoak) kontratatzea.

  5. Prestakuntza-ekintzak egiteagatik dirulaguntzarik ezin izango du hartu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutako prestakuntza-ekintzaren batean eskuratutako kontratazio-konpromisoen % 70 baino gehiago urratu duen enpresak edo erakundeak, aurreko hiru ekitaldietako kontratazio-konpromisodun prestakuntzarako dirulaguntzen deialdiren batean, ez eta deialdi horietan prestakuntza hasi zuten ikasleen % 30 kontratatzea lortu ez duten erakundeek ere, prestakuntza utzi edo gainditu duten kontuan hartu gabe.

Honako hauek lagundu ahal izango dira deialdi honetan bildutako dirulaguntzen babesean:

  1. Kontratatzeko konpromisoa dakarten prestakuntza-ekintzak, 5. artikuluan araututako betekizunak eta baldintzak betetzen dituztenak. Prestakuntza-ekintza horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Prestakuntza Espezialitateen Katalogoan sartuta egon beharko dute. Enpresa kontratatzaileen premia zehatzei erantzuteko programatu diren prestakuntza-espezialitate berriak izan ahalko dira, baldin eta horiek Espezialitateen Euskal Katalogoan sartu badira eta erakundea Prestakuntza Erakundeen Erregistroan inskribatuta badago eskolak emateko eskaera aurkezten den unean.

    Prestakuntza-ekintza zuzentzen zaion kolektiboaren arabera, bi tipologia bereizten dira:

    1. Hurrenez hurren, eremu maskulinizatu eta feminizatuetako emakume eta gizon langabeei berariaz zuzendutako prestakuntza-ekintzak (Morrokotudak).

    2. Langabeei oro har zuzendutako prestakuntza-ekintzak.

      Prestakuntza-ekintza programagarriak honela sailkatzen dira:

    1. Prestakuntza egiaztagarria: Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalari lotutako ekintzak, profesionaltasun-ziurtagiriak lortzera bideratutakoak, ibilbide osoen arabera espezialitatearen ordu guztiengatik egiten dutenean edo prestakuntza-moduluen arabera programatu daitezkeenak. 1., 2. edo 3. kualifikazio-mailakoak izan daitezke.

    2. Prestakuntza egiaztaezina edo inskripziokoa: prestakuntza-espezialitateen katalogoko prestakuntza-ekintza hauek ez dute aukerarik ematen eskuratutako konpetentziak egiaztatzeko.

  2. Eremu maskulinizatuetan eta feminizatuetan, hurrenez hurren (Morrokotudak), emakume eta gizon langabeei berariaz zuzendutako kontratazio-konpromisoa duten prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duten pertsonekin egindako lan-kontratuak, baldin eta 6. artikuluan aurreikusitako betekizunak eta baldintzak betetzen badituzte.

  1. Eremu maskulinizatu eta feminizatuetako emakume eta gizon langabeentzako prestakuntza-ekintzetan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan, beste enplegu-zerbitzu publiko autonomiko batean edo Gazte Bermerako Sistema Nazionalaren fitxategian enplegu-eskatzaile gisa izena emanda dauden emakume edo gizon langabeek, hurrenez hurren, soilik parte hartu ahal izango dute, baldin eta lan-kontratu bat egitea ahalbidetzen dien administrazio-egoera batean badaude.

  2. Deialdi honen babesean diruz lagundutako kontratazio-konpromisoa duten gainerako prestakuntza-ekintzetan, lehentasunez parte hartu ahal izango dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan, beste enplegu-zerbitzu publiko autonomiko batean edo Gazte Bermerako Sistema Nazionalaren fitxategian enplegu-eskatzaile gisa izena emanda dauden langile langabeek, baldin eta lan-kontratu bat egitea ahalbidetzen dien administrazio-egoera batean badaude.

    Era berean, eta lehentasunik gabe, langile landunek parte hartu ahal izango dute prestakuntza-ekintza horietan, baina inola ere ezin izango dute gainditu prestakuntza-ekintza bakoitzean programatutako parte-hartzaile guztien ehuneko 30, eta betiere egungo okupazioak dakartzan lanbide-kualifikazioekin loturarik ez duten espezialitateetan, eta prestakuntza-ekintza hasten den unean lan egiten duen enpresa berak ezin izango ditu kontratatu. Horretarako, ekintzetan parte hartzen duten pertsonak langabetzat edo landuntzat hartzeko, prestakuntzaren hasieran duten lan-egoera hartuko da kontuan.

  3. Deialdi honen ondorioetarako, honako hauek sartuko dira langabeen taldean: lanaldi partzialeko kontratu batekin ari diren langileak, baldin eta beren lanaldia lanaldi osoz aritzen den pertsona batek duenaren herena baino laburragoa bada konparagarriak izan behar dute.

  1. Sektoreko erakundeen babesik ez duen prestakuntza-erakunde batek eskatutako prestakuntza-ekintzetarako dirulaguntza jaso ahal izateko (2.1 artikuluko b.2 kategoria), egiaztatu beharko da, dirulaguntza eskatu aurretik, prestatu eta kontratatu behar diren okupazioetan eta profiletan izena emanda dauden langabeak ez direla nahikoak, salbu eta eremu maskulinizatuetan eta feminizatuetan dauden emakume eta gizon langabeentzako prestakuntza-ekintzen kasuan, hurrenez hurren (Morrokotudak). Horretarako, dagokion Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bulegoaren txostena eskatuko da (emandako ereduaren arabera). Eskatutako profila ezingo da izan prestakuntza amaitu ondoren lortuko dutena baino handiagoa. Txosten hori ez da beharrezkoa izango eremu maskulinizatu eta feminizatuetako emakume eta gizon langabeentzako prestakuntza-ekintzetarako.

    Izangai aski ez dagoela ulertuko da kontrata daitezkeen langabeen kopurua txikiagoa bada enpresak edo enpresek kontratatu beharreko pertsonen kopurua halako sei baino.

  2. Eremu maskulinizatu eta feminizatuetako emakume eta gizon langabeentzako prestakuntza-ekintzetan (Morrokotudak), hurrenez hurren, eremu bat maskulinizatuta edo feminizatuta dagoela ulertuko da emakumeen edo gizonen ordezkaritza-ehunekoa, hurrenez hurren, % 50era iristen ez denean Euskal Autonomia Erkidegoan. Ehuneko hori egiaztatzeko, kontuan hartuko da «EAEko enplegatuak, okupazioaren eta sexuaren arabera» txostenean jasota dagoen azken urteko informazioa, Lanbidek deialdia argitaratzen den egunean eskuragarri jarritakoa. Informazio hori hemen kontsulta daiteke: https://www.lanbide.euskadi.eus/estudios-estadisticas/#stats4_clStats

  3. Prestakuntza-ekintzak aurrez aurrekoak baino ez dira izango.

  4. Prestakuntzak gutxienez 120 orduko eta gehienez 560 orduko iraupena izango du (lanekoak ez diren praktika profesionalen modulua barne hartu gabe, profesionaltasun-ziurtagiriak lortzera bideratutako prestakuntza-ekintzen kasuan), salbu eta enpresa batek edo prestakuntza-erakunde batek eskatutako espezialitateetarako, baldin eta erakunde sektorial batek bultzatuta bada eskaera (2.1 artikuluko b.1 kategoria), zeinek muga horien pean ez baitute zertan egon, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aldez aurreko baimena badute.

  5. Diruz lagunduko diren prestakuntza-ekintzak 2023ko ekitaldian hasi beharko dira, eta, gehienez ere, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta bi hilabeteko epean, eta 2024ko irailaren 15a baino lehen amaitu beharko dira (lantokiko prestakuntza praktikoaren modulua edo lanekoak ez diren praktikak barne, hala badagokio).

  6. Honako prestakuntza-helburu hau bete beharko da: prestakuntza hasi duten ikasleen % 50ek gutxienez amaitu beharko dute prestakuntza.

  7. Profesionaltasun-ziurtagiriei lotutako ekintzek gutxienez prestakuntza-modulu oso bat programatu beharko dute; bestalde, profesionaltasun-ziurtagiri bat lortzera bideratuta ez dauden prestakuntza-espezialitateak espezialitatearen iraupen osoan zehar eman beharko dira.

  8. Prestakuntza-ekintzak onartzeko, gehieneko parte-hartzaile kopurua 20 izango da, eta gutxienekoa 10. Hala ere, laguntza jasoko dutenez gain, beste bi parte-hartzaile ere onartu ahal izango dira prestakuntza-ekintzetan, prestakuntza-zentroak kopuru hori hartzeko egiaztatuta edo inskribatuta badaude. Parte-hartzaile gehigarri horiengatik ez da dirulaguntzarik emango.

    Ezin izango da hasi 10 parte-hartzaile baino gutxiagoko prestakuntza-ekintzarik, tartean Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak eskatu eta baimendutako salbuespen justifikatuko egoeraren bat ez bada behintzat. Ondorio horietarako, prestakuntza lehen egunean eta/edo hurrengo egunetan hasi eta muga-egunera arte dauden pertsonak hartuko dira parte-hartzaileen kopurutzat (5. saioa edo orduen % 25 profesionaltasun-ziurtagiria lortzera bideratutako prestakuntza-espezialitateetan, eta orduen % 25 gainerako espezialitateetan).

  9. Prestakuntza-ekintzaren zati teoriko-praktikoa soilik lagunduko da diruz.

    Ez dira diruz lagunduko lantokian egingo den prestakuntza praktikoaren modulua, profesionaltasun-ziurtagirien kasuan, eta enpresetan egingo diren praktikak, gainerako espezialitateetan.

  10. Prestakuntza-ekintza bakoitzaren iraupen osoaren % 25 betetzean, hasi ziren parte-hartzaileen % 75ek bertan jarraitu beharko dute (onartzen diren bi parte-hartzaile gehigarriak kontuan hartu gabe). Ehuneko txikiagoak jarraitzen badu, ekintzak aurrera jarraitu beharko du, eta amaitzean likidatu beharko da, deialdi honen 18. artikuluan adierazitakoaren arabera. Ondorio horietarako, prestakuntza hasi duten parte-hartzaileen kopurutzat hartuko da prestakuntza-ekintzaren lehen egunean prestakuntza hasi zuten pertsona guztien kopurua.

  1. Enpresek edo erakundeek prestakuntza-ekintza amaitzen duten pertsonen % 50 kontratatzeko konpromisoa hartu behar dute, gutxienez, prestakuntza-ekintza amaitzen denetik bi hilabeteko epean.

  2. Kontratuak deialdi honen ondorioetarako baliozkotzat jotzeko, baldintza hauek bete beharko dituzte:

    Kontratu-modalitatea: Kontratuak idatziz formalizatu behar dira, lan-arloko legerian aurreikusitako edozein kontratu-modalitatetan oinarrituta, eta, ahal dela, mugagabeak izango dira. Kontratu hauek ez dira baliozkotzat hartuko kontratazio-konpromisoa bete dela justifikatzeko: ikas-ekinezko prestakuntzako kontratuak eta merkataritzako kontratuak.

    Eremu maskulinizatu eta feminizatuetako emakume eta gizon langabeentzako prestakuntza-ekintzei lotutako kontratuetan (Morrokotudak), lanaldiak beti osoa izan beharko du, eta etenik gabeko 6 hilabeteko gutxieneko iraupena izango du.

    Oro har langabeei zuzendutako prestakuntza-ekintzei lotutako kontratuak lanaldi osokoak edo lanaldi partzialekoak izan daitezke, gutxienez lanaldiaren % 50 iraun dezakete, eta kasu bakoitzean iraupen hau izango dute:

    Lanaldia osoa bada, sei hilabetekoa izango da gutxieneko iraupena.

    Lanaldia % 50ekoa bada, etengabeko urtebetekoa izango da gutxieneko iraupena.

    Lanaldia partziala bada, baina % 50etik gorakoa, dagokion zati proportzionala izango da gutxieneko iraupena.

    Kasu bakoitzean eskatutako gutxieneko lanaldiari buruzko baldintza ez da urratutzat joko, baldin eta langileak lanaldia murrizteko eskubidea baliatzen badu, legezko zaintza dela-eta adingaberen bat zuzenean zaintzeko, Langileen Estatutuaren 37. artikuluan ezarritakoaren arabera.

  3. Kontratazio-konpromisoaren betetze-ondorioetarako, kontrataziotzat hartuko da ikasleak bazkide-langile edo lan-bazkide gisa sartzea kooperatiba-sozietate batean, edo lan-sozietate batean bazkide-langile gisa sartzea. Horretarako, sozietate horretan sartu dela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dira.

  4. Laneratzea prestakuntza-ekintza egiteko eskaerarako oinarritzat hartutako enpresetan baino ez da egin behar izango. Salbuespenez, enpresa horietako batean sartzea eragozten duten kausak agiri bidez justifikatuak daudenean soilik onartu ahal izango da beste enpresa batzuetan laneratzea. Horretarako, kontratua egin baino 15 egun baliodun lehenago, gutxienez, erakunde kontratatzaile berri bat onartzeko eskaera aurkeztu beharko da LanFen bidez, eta, eskaerarekin batera, kontratazio-konpromisoaren eranskina eta enpresa kontratatzaile berria sinatzen duen pertsonaren ordezkaritza-gaitasuna egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko dira. Gainera, beste enpresa bat sartzeko salbuespenezko eskaerarekin batera, justifikazio dokumentalak aurkeztu beharko dira, banakakoak eta pertsonalizatuak, enpresa bakoitzaren legezko ordezkariak sinatuta, konprometitu ziren kontratuak formalizatzea eragozten duten arrazoi zehatzak zehaztuta. Kontratazio horiek Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan egingo dira.

  5. Kontratazioa irakatsitako prestakuntza-espezialitatearekin zerikusia duen langintza eta maila batean egin beharko da. Alde horretatik, lanpostu egokitzat hartuko da aurretiazko prestakuntzan eskuratutako ezagutza teoriko-praktikoei lotutako lanak egitea xede duena. Profesionaltasun-ziurtagiriei lotutako prestakuntzaren kasuan, ziurtagiri horiek arautzen dituen araudian jasotako lanbideren batekin bat etorri beharko du.

  6. Lan-kontratua prestakuntza-ekintza amaitu eta hurrengo 3 hilabeteetan hasi beharko da. Horren barruan, hala badagokio, lantokian egin beharreko prestakuntza praktikoa egongo da. Hala ere, kontuan hartu behar da lan-kontratua egiteagatiko dirulaguntzaren eskaera aurkezteko gehieneko data, 8.6.b) artikuluan aurreikusitakoa.

    Horretarako, pertsona baten prestakuntza-ekintza amaitutzat joko da honako kasu hauetan:

    Helburua profesionaltasun-ziurtagiria lortzea bada, prestakuntza-modulu praktikoa amaitutakoan.

    Gainerako prestakuntza-ekintzetan, diruz lagundutako ekintza teoriko/praktikoa amaitutakoan.

    Prestakuntza-ekintzaren % 75 amaitu ondoren, kontratazioak onartu ahal izango dira. Kontratazioa ekintza amaitu baino lehen egiten bada, prestakuntza-ekintza amaitzen denean hasiko da kontratazio-konpromisoa betetzeko eskatzen den aldia.

  7. Ez da diruz lagunduko honako hauek kontratatzea: enpresaburuaren edo enpresaren kontrola duenaren ezkontidea, oinordekoak eta gainerako senideak, bigarren mailara arteko odol- edo ezkontza-ahaidetasuna arte, eta sozietate izaera juridikoa duten enpresetako administrazio-organoetakoenak edo zuzendaritzako kideenak; eta azken horiek kontratatzea ere ez da lagunduko diruz.

  1. Prestakuntza-ekintza bakoitza finantzatzeko zenbatekoa parte-hartzaileko eta prestakuntza-orduko kostuaren arabera finantzatuko da, segidan zehaztutako modulu ekonomikoei jarraikiz.

    Modulu ekonomiko bakoitzak hiru ditu: horietako bi zuzeneko kostuei dagozkienak langileak (A) eta funtzionamendua (B) eta hirugarrena zeharkako kostuei (C) dagokiena kostu zuzenei dagozkien moduluen baturari % 10eko ehunekoa aplikatuz kalkulatua.

    1. A modulua: Langileen kostua.

      Zuzeneko kostuaren kontzeptu honek honako hauen kostuak biltzen ditu: irakasleak, bitartekotza-tutorea eta ikasketa-burutza. A moduluan, unitateko kostuaren balio ekonomikoa hau izango da: 4,34 euro orduko eta ikasleko.

      Prestakuntza-ekintzetako parte-hartzaileen kopurua gehienez 20 eta gutxienez 10 bada, deialdiaren 5.7 artikuluan jasotako kasua barnean dela, modulu hau 15 ikasleko kopuru finkoari aplikatuko zaio.

      Horrenbestez, moduluaren baremo estandarrak balio finkoa izango du prestakuntza-talde bakoitzeko: 65,03 euro orduko.

    2. B modulua: Funtzionamendu-gastuak.

      1. Modulu horretan, bi motako zuzeneko kostuak sartzen dira:

      1.1. Mantentze-kostuak. Honako hauek sartzen dira: altzariak berritzea, konponketak, publizitatea, komunikazioak, bilerak eta ikastaroak, enpresekin egin beharreko gestioak, liburuak eta argitalpenak, eta higiezinen eta ekipamenduen alokairuak eta amortizazioak.

      1.2. Material didaktiko espezifikoaren kostuak. Prestakuntza-ekintzari dagokion lanbide-arloaren eta kualifikazio-mailaren arabera kalkulatzen dira kostu horiek.

      Prestakuntza-ekintza bakoitzaren B moduluari dagokion zenbateko ekonomikoa Euskal Autonomia Erkidegoko Prestakuntza Espezialitateen Katalogoan Espezialitate Programagarri bakoitzerako zehaztutako modulu ekonomikoen arabera aplikatuko da. Katalogo hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren (LanF) prestakuntzako aplikazio informatikoan dago eskuragarri.

    3. C modulua: Zeharkako kostuak.

      Modulu hau A eta B moduluen kostuen % 10 da, eta, besteak beste, kontzeptu hauek biltzen ditu: zuzendariaren pertsonal-gastuak, administrazio-langileen pertsonal-gastuak, berokuntza, argiztapena, garbitzea, instalazioen asegurua, itzalgailuak, alarmak, kanpoarekiko komunikazioak, batzarrak, hitzaldiak, ikastaroak eta bestelakoak, lokomozioa eta enpresekiko kudeaketa, fotokopiak (administrazio-arloa), bulegoko materiala eta informatikoa, ura, farmazia-produktuak, aholkularitzak eta gestoriak, telefonoa eta Internet, administrazio-sailerako softwarea, langileentzako mutuak, kalitate-sistemak, igogailuak konpontzea.

      Prestakuntza-ekintza bakoitzerako onartutako guztirako dirulaguntza honela kalkulatuko da:

      Prestakuntza-ekintza bakoitzeko dirulaguntza, guztira = A + B + (A+B)ren % 10.

      Eta hor:

      A = A modulua x ordu-kopurua x 15 ikasle.

      B = B modulua x ordu-kopurua x parte hartzen duten ikasleen kopurua.

      Azkenean aplikatu beharreko modulu ekonomikoek ezin izango dituzte gainditu, inola ere, uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretua garatzen duen martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduan aurreikusitakoak. Profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko prestakuntza-ekintzen kasuan, irailaren 23ko EFP/942/2022 Aginduan aurreikusitakoak.

      Ondorioz, aplikatu beharreko azken modulua osatzen duten hiru moduluen batura handiagoa balitz aipatutako araudietan aurreikusitakoak baino edo, hala badagokio, horien ordez ezartzen diren eta deialdi hau argitaratzen denean indarrean dauden araudietan aurreikusitakoak baino, azken horiek aplikatuko dira.

  2. Deialdi honen babesean egindako lan-kontratuei dagokienez, eremu maskulinizatu eta feminizatuetako emakume eta gizon langabeentzako prestakuntza-ekintzetan (Morrokotudak), gutxienez 6 hilabeteko lanaldi osoko kontratu bakoitzeko dirulaguntzaren zenbatekoa 8.000 eurokoa izango da Gizarte Segurantzaren kotizazioan hobaririk edo murrizketarik ez duten kontratuen kasuan, eta 6.650 eurokoa Gizarte Segurantzaren kotizazioan hobaria edo murrizketa duten kontratuen kasuan.

    Kontratua 6 hilabete amaitu baino lehen amaitzen bada, 18.2 artikuluan aurreikusitako moduan likidatuko da dirulaguntza.

  1. Elektronikoki izapidetuko dira deialdi honen esparruko prestakuntza-ekintzak egiteko dirulaguntzak jasotzeko eskabideak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren prestakuntza-aplikazio informatikoaren bidez (LanF).

    Aplikazio horretara sarbiderik ez duten erakundeek edo enpresek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren web-orriaren bidez eskatu ahal izango dute: https://www.lanbide.euskadi.eus/prestakuntza/-/informazioa/erakundeen-erregistroa/

    Honako helbide honetan eskuratu daiteke administrazio-prozeduraren informazio-fitxa, izapidetze elektronikorako jarraibideak ematen dituena: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2023/mcd2023/web01-tramite/eu/

    Prestakuntza-ekintzak egiteagatik dirulaguntza jasotzeko eskaerarekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

    1. Erakunde sektorial baten babesik ez duten prestakuntza-erakunde batek aurkeztutako eskaeren kasuan (2.1 artikuluko b.2 kategoria), kontratazioak egingo dituen enpresa bakoitzaren kontratazio-konpromisoari buruzko dokumentua (Prestakuntza-erakundearen eranskina, LanF aplikazioan emandako ereduaren arabera). Halaber, enpresa kontratatzaileko sinatzailearen ordezkaritza-gaitasuna egiaztatzen duen agiria erantsi beharko da.

    2. Prestakuntza-proiektuaren memoria, LanF aplikazioan eskuragarri dagoen ereduan, honako hauek jasoko dituena:

      Enpresaren jarduerari dagokionez, prestakuntza gauzatzeko eta gero parte-hartzaileak enpresan kontratatzeko beharraren txosten arrazoitua, honako hauek jasoko dituena:

      Kontratatu nahi diren pertsonen profila: ezaugarriak eta betekizunak. Ezingo da zehaztu sexua, adina edo kontratatu nahi den lanbiderako egokia ez den edozein betekizun, kontratazio hori programa bereziren baten barruan egin ezean.

      Egingo den kontratu mota eta berorren iraupena.

      Kontratazioa zer langintzatan eta lanbide-kategoriatan egingo den.

      Lanpostuaren edo lanpostuen kokapena.

      Kontratatutako pertsonek zerbitzuak bete behar dituzten enpresen zerrenda.

      Lanekoak ez diren praktiken planaren deskribapena, egoki izanez gero (edukia, iraupena eta abar).

    3. Erakunde sektorial batek bultzatutako prestakuntza-erakunde batek aurkeztutako eskaeren kasuan (2.1 artikuluko b.1 kategoria), aurreko b) letran aipatzen den memoriaz gain, erakunde sektorialaren legezko ordezkariak sinatutako erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko da, prestakuntza-ekintza hori egiteko beharra eta erakundetik egingo diren koordinazio- eta sustapen-jarduketak justifikatzen dituena. Era berean, kontratatzeko prest dauden enpresen zerrenda eta egiteko prest dauden kontratu guztiak adierazi beharko ditu, aurreko b) apartatuko memorian eskatzen den xehetasunarekin.

      Era berean, 2.1 artikuluaren b.1 apartatuan eskatzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatzen duen dokumentazioa erantsi beharko da, bai eta sinatzailearen ordezkaritza-ahalordea ere (estatutuak, inskripzioa, eraketa-akta, ahalordeak, eta abar).

    4. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak proiektuaren berezitasunen arabera eskatzen duen beste edozein informazio.

    5. Prestakuntza-ekintza emateko kontratazioa egiten bada, kontratazio-proposamena, hiru eskaintza eskatu izana eta azken aukeraketa justifikatuta, hala badagokio, bai eta Lanbideri aldez aurretik eskatutako baimena ere, 13. artikuluaren 11. apartatuan adierazitako kasuetan.

      Dokumentazio hori geroago aurkeztu ahal izango da, baina beti prestakuntza-ekintza hasi aurretik.

    6. Prestakuntza-erakunde batek aurkeztutako eskaerei dagokienez, erakunde sektorial baten babesik ez badute (2.1 artikuluko b.2 kategoria), salbu eta hurrenez hurren eremu maskulinizatu eta feminizatuetako emakume eta gizon langabeentzako prestakuntza-ekintzen kasuan (Morrokotudak), Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bulegoak egindako txostena, 5.1 artikuluan aipatzen den izapidearen emaitzari buruzkoa, non egiaztatzen baita ez direla nahikoak kontratatu behar duten okupazioan eta profilean langabe gisa inskribatuta dauden pertsonak.

      2.3.e) artikuluan aurreikusitako kasuan, galeren eta irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten sozietateen kasuan, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako auditore batek emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da.

  2. Lan-kontratuak egiteagatiko dirulaguntza-eskabideak elektronikoki eta banaka izapidetuko dira egindako kontratu bakoitzeko (eskabide bat kontratu bakoitzeko), Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren prestakuntzako aplikazio informatikoaren bidez (LanF).

    Aplikaziora sartzeko aukerarik ez duten erakundeek edo enpresek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren web-orriaren bidez eskatu ahal izango dute: www.lanbide.euskadi.eus

    Honako helbide honetan eskuratu daiteke administrazio-prozeduraren informazio-fitxa, izapidetze elektronikorako jarraibideak ematen dituena: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2023/mcd2023/web01-tramite/eu/

    Eskabide honekin batera, dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

    1. Egindako lan-kontratuaren kopia, aldi baterako kontratuen hasiera-data eta amaiera-data adierazita.

    2. Langileen legezko ordezkaritzari idatziz igorritako jakinarazpena, egindako kontratazioari buruz, LanF aplikazioan emandako ereduaren arabera, edo, bestela, eskabidean bertan apropos egindako adierazpena, langileen legezko ordezkaritzarik ez duela xedatzen duena.

      2.3.e) artikuluan aurreikusitako kasuan, galeren eta irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten sozietateen kasuan, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako auditore batek emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da.

  3. Eskaerak ordezkari baten bidez izapidetu ahal izango dira; eta, horretarako, ordezkaritza hori ahalordearen erregistro elektronikoan inskribatu ahalko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

  4. Eskaerak ez baditu baldintza guztiak betetzen, enpresa edo erakunde interesdunari jakinaraziko zaio 10 egun balioduneko epea duela, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, izandako hutsune edo akatsa konpontzeko, edo aurkeztu beharreko dokumentuak aurkezteko. Hori egingo ez balu, eskabideari uko egiten diola ulertuko da, horretarako beharrezkoa den ebazpena eman eta gero.

  5. Dirulaguntza-eskaerak aurkezteko epeak hauek izango dira:

    1. Kontratazio-konpromisoa duten prestakuntza-ekintzetarako, epea deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2023ko urriaren 13an amaituko.

    2. Lan-kontratuetarako (Morrokotudak), epea hilabetekoa da, lan-kontratua hasi eta hurrengo egunetik aurrera, eta, nolanahi ere, 2024ko urriaren 11 baino lehen amaituko da.

  1. Prozedura izapidetu eta ebazteko eskumena duen organoa Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendaria da.

  2. Prestakuntza-ekintzak egiteko dirulaguntza emateko prozedura ondoz ondoko konkurrentziakoa izango da.

  1. Eskaerek deialdi honetako eskakizunak betetzen dituztela egiaztatutakoan, ordenan emango dira laguntzak, espedientea osatzen den unearen arabera, jarduketa horietarako aurrekontu-zuzkidura amaitu arte, 1. artikuluaren 2.a) apartatuan aurreikusitakoa betez.

    Behin hasierako aurrekontu-zuzkidura eta bere balizko luzapena amaituta, geratzen diren eskaerei ezezkoa emango zaie, eta EHAAn argitaratuko da horren berri, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariaren ebazpen baten bidez.

    2,2. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak laguntzak emateko edo ukatzeko ebazpena emango du. Ebazpen hori banan-banan jakinaraziko da, bitarteko telematikoen bidez, eta 10 egun balioduneko epea emango da, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten den egunetik aurrera, erakunde onuradunek dirulaguntza onar dezaten. Epe hori igarotakoan, dirulaguntza onartzen ez badute, laguntzari uko egiten diotela ulertuko da.

  1. Eskabideak ebazteko eta ebazpenak jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa da, eskabide telematikoa LanF aplikazioaren bidez erregistroan sartzen den egunetik aurrera. Epe hori igarotakoan erakunde edo enpresa interesdunari ebazpena jakinarazi ez bazaio, dirulaguntza-eskabidea ezetsi dela ulertu ahal izango da, espresuki ebazteko betebeharra alde batera utzi gabe.

  1. Lan-kontratuak egiteagatik deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak emateko prozedura ondoz ondoko norgehiagoka izango da.

  1. Eskabideek deialdi honetako eskakizunak betetzen dituztela egiaztatutakoan, ordenan emango dira laguntzak, espedientea osatzen den unearen arabera, 1. artikuluaren 2.b) apartatuan aurreikusitako aurrekontu-zuzkidura amaitu arte.

    Behin hasierako aurrekontu-zuzkidura eta bere balizko luzapena amaituta, geratzen diren eskaerei ezezkoa emango zaie, eta EHAAn argitaratuko da horren berri, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariaren ebazpen baten bidez.

  2. Lan-kontratuak egiteagatik ez da dirulaguntzarik emango, prestakuntza-ekintzak egiteagatik dirulaguntza eman ez bada.

  3. Ebazpena bitarteko telematikoen bidez jakinaraziko da.

  4. Eskabideak ebazteko eta ebazpenak jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa da, eskabide telematikoa LanF aplikazioaren bidez erregistroan sartzen den egunetik aurrera. Epe hori igarotakoan enpresa interesdunari ebazpena jakinarazi ez bazaio, dirulaguntza-eskabidea ezetsi dela ulertu ahal izango da, espresuki ebazteko betebeharra alde batera utzi gabe.

  1. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendariaren ebazpenek ez diote amaiera ematen administrazio-bidea, eta, haien aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

  2. Publikotasunaren printzipioa betetzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendariaren ebazpen baten bidez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian emango da jakitera zer enpresak eta erakundek jaso duten dirulaguntza deialdi honen babesean eta zenbateko laguntza jaso duten.

  3. Onuradunei dirulaguntzak eman eta, hala dagokionean, ordaintzea baldintzapean dago; hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetze-fasean dagoen edozein itzulketa- edo zigor-prozedura amaitzearen baldintzapean.

  1. Honako hauek izan daitezke prestakuntza-ekintza bakoitzean parte hartzeko hautagaiak:

    1. Enplegu-eskatzaileak (eta diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenak), baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Orientazio Zerbitzuek prestakuntza-ekintza egiteko agindu badiete haien prestakuntza-ibilbidearen barruan.

    2. Nire Lanbidenet-en bitartez ikastaro batean izena eman duten enplegu-eskatzaileak, beren prestakuntza-kontuko prestakuntza-aholkularitzaren bidez.

    3. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak deitutako enplegu-eskatzaileak, prestakuntza-aholkularitzako edo ebaluazioko prozesu baten ondoren agindu zaien prestakuntza egiteko, lan-esperientziaren edo prestakuntzako bide ez-formalen bitartez eskuratutako konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozeduran.

    4. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak deitutako enplegu-eskatzaileak, lan-merkatuan eskaria duen profesionaltasun-ziurtagiri baten egiaztapena osatzeko falta dituzten prestakuntza-moduluez eratutako prestakuntza-ekintza bat egiteko.

    5. Oro har eta lehentasunik gabe langabeentzat kontratazio-konpromisoa duten ekintzetan soilik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan izena emanda ez dauden langile landunak, eskaera Lanbideren bulego-sarearen bidez edo erakunde autonomo horren webgunearen bidez (www.lanbide.euskadi.eus) egin dutenak. Eskaera horretan, prestakuntza-ekintzen berri emango da, izena emateko epea eta eskatzaileek bete behar dituzten sarbide-baldintzak zehaztuta, bai eta prestakuntza-ekintza bakoitzaren deskribapena eta ezaugarriak ere.

  2. Kontuan hartuko da enpresak eskabidearekin batera aurkeztu beharreko prestakuntza-proiektuaren memorian adierazitako pertsonen profila, bat etor dadin kontratazio-beharrekin.

  3. Profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko prestakuntza-ekintzetan parte hartu nahi duten pertsonek profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituen urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuaren 20. artikuluan xedatutako baldintzak bete behar dituzte, lanbide-kualifikazioaren 2. eta 3. mailetarako. Era berean, prestakuntza-espezialitateen katalogoan jasotako prestakuntza-espezialitateren bateko prestakuntza-ekintzetan parte hartu nahi dutenek katalogoan espezialitate bakoitzerako ezarritako sarbide-baldintzak bete behar dituzte.

  4. Ikastaroetan parte hartuko duten pertsonen azken hautaketa enpresa edo erakunde onuradunak egingo du, aurrez izena eman duten hautagaien artean. Horretarako, prestakuntza emango duen erakundeak sarbidea izango du inskribatutako hautagaien datuetara, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren prestakuntza-kudeaketarako aplikazioaren bidez (LanF). Erakundeak prestakuntza-ekintzak hasi aurretik eta dagozkion bermeekin egingo du hautaketa-prozesua.

    Behar adina parte-hartzaile aurrez inskribatuta ez egoteak ez du salbuesten zentroak edo erakundeak hautagai berriak bilatzeko eta prestakuntza-ekintza gauzatzeko duen erantzukizunetik, eta prestakuntza-ekintza ezin izango da hasi 5.7 artikuluan adierazitako gutxieneko parte-hartzaile kopurua betetzen ez bada.

    Behar duten prestakuntza-ekintza guztietan, hautaproba bat ere egingo dute, erakunde sustatzailearen instalazioetan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikariekin aurrez adostuta edo baimenduta, ekintza behar bezala aprobetxatzen dela ziurtatzeko eta kualifikazio-ekintzen helburuak lortzeko ezinbestekoa den aurretiazko ezagutza-maila erreala zehazteko. Proba hori LanF aplikazioaren dagokion atalean erantsiko da, prestakuntza-ekintzak gauzatzeari buruz ematen diren jarraibideak betez, eta probaren txantiloia, erantzunena eta ebaluazio-irizpideena igo beharko dira, bai eta proba egiten duten pertsonek egindako probaren dokumentuak ere.

  5. Prestakuntza-ekintzetako parte-hartzaileak aukeratzeko hautaproba hori egin eta gero, eta etengabeko prestakuntza sustatze aldera, honela jokatuko da:

  1. Profesionaltasun-ziurtagiri oso bat ematen bada, egiaztatutako prestakuntza-moduluren bat duten emakumeek parte hartu ahal izango dute. Ikasleak modulu horien prestakuntzara joango dira, baina ezin izango dira modulu horietan ebaluatu, gaindituta dituztelako eta prestakuntza-ekintza honetarako salbuetsita daudelako.

  2. Prestakuntza-modulu solteak programatu badira, egiaztatutako prestakuntza-moduluren bat duten pertsonek izango dute lehentasuna prestakuntza-ekintzan parte hartzeko, beren prestakuntza-ibilbidea osa dezaten. Horien artean, lehentasuna izango dute profesionaltasun-ziurtagiriko gainerako moduluak gaindituta dituzten pertsonek.

  1. Prestakuntza-ekintzara sartzeko eskakizunak betetzen dituzten eta, aurreko atalean deskribatu bezala, dagokien hautaproba gainditzen duten langabeen artean, kolektiboen araberako lehentasun batzuk ezarri dira, hurrenkera honetan:

  1. Lehenik, eta lehentasun-maila berdinarekin, lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten langabeak. Lehentasuna emango zaie kualifikazio-maila baxua duten pertsonei: 30 urte arteko gazteak; emakumeak, langabeen kolektiboan duten proportzio berean (langabezian dauden pertsona guztien % 55); luzaroko langabeak; 45 urtetik gorakoak; desgaitasunen bat duten pertsonak; gizarteratzeko errenta aktiboaren eta diru-sarrerak bermatzeko errentaren onuradun diren langabeak; terrorismoaren eta genero-indarkeriaren biktimak; eta aparteko langabezia-sorospenaren hartzaileak.

  2. Bigarrenik, gainerako langabeak, oro har.

  3. Hirugarrenik, langile landunak, prestakuntza-ekintzara joateko ordutegi-prestasuna dutenak, eta soilik ikastaroan parte hartzeko baldintzak betetzen dituzten behar adina langabe ez egoteagatik plaza hutsak daudenean.

  1. Langile landunek, lehentasunezkoak ez direnez, plaza hutsak daudenean bakarrik parte hartu ahal izango dute, ikastaroan parte hartzeko baldintzak betetzen dituen langabe nahikorik ez badago.

  2. Pertsona batek ezin izango ditu bi ikastaro batera egin, ikastaroan sartzeko baldintzak betetzen dituzten pertsonen eskabideak izanez gero.

  3. Hautaketa bukatu ondoren, erakunde onuradunek hautaketaren emaitza jakinaraziko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari LanF kudeaketarako aplikazio informatikoaren bidez, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak berariaz emandako jarraibideak aintzat hartuz.

  4. Hautatuak izan direnen zerrenda eta erreserba-egoeran gelditzen direnen zerrenda erakutsi behar dituzte prestakuntza-erakundeek beren instalazioetan, prestakuntza-ekintzak abiarazi baino 24 ordu lehenago gutxienez, hautagaiei aldez aurretik adierazi zaien leku batean. Hor, zehaztuta egon behar du non, zer egunetan eta zer ordutan hasiko diren prestakuntza-ekintzak.

    Aurrekoa eragotzi gabe, prestakuntza-zentroek egoki iritzitako bestelako bitartekoak erabili ahal izango dituzte ikasleei ikastaroetan parte hartuko dutela jakinarazteko.

  1. Prestakuntza-ekintzak doakoak dira ikasleentzat eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak diruz lagunduko ditu.

  2. Ikasleek aseguru-estaldura izango dute ikastaroetan eta, behar denean, enpresako prestakuntza praktikoan, bai eta haietara joateko bidean dituzten arriskuetarako, istripuak eta erantzukizun zibila estaltzeko poliza sinatuko baitu Eusko Jaurlaritzak.

  3. Klaseko lehen egunean ikastaroaren egutegia, prestakuntza-ekintzaren programa eta ikasleen eskubide eta betebeharren dokumentua jasoko dute ikasleek, eta dokumentu hori sinatuko dute.

    Halaber, informazio idatzia jasoko dute honako hauek direla eta: geroko kontratazioa, zerbitzuak beteko dituzten enpresak, aurreikusitako kontratuen kopurua eta lan-kontratuen baldintza zehatzak (lantokia non kokatuta dagoen, lanbide-kategoria, ordainsaria, lanaldia eta lan-ordutegia, kontratuaren iraupena eta abar).

    Erakunde sektorial batek bultzatutako prestakuntza-erakunde batek eskatutako ekintzen kasuan (2.1 artikuluko b.1 kategoria), ikastaroa hasten denean, enpresa kontratatzaile posibleei buruzko informazioa emango zaie, bai eta deialdi honetan eskatzen diren kontratuen ezaugarri orokorrak ere.

  4. Ikasleek prestakuntza-ekintzetara joan beharko dute, eta haiei etekina atera beharko diete. Horretarako, enpresa edo entitate onuradunek eguneroko bertaratze-partea egin beharko dute, eta irakasleak zein parte-hartzaileek sinatu beharko dute. Profesionaltasun-ziurtagirien kasuan, eguneroko parte hori bereiz egingo da prestakuntza-modulu bakoitzeko.

  5. Parte-hartzaileek ezingo dute ikastaro batean baja eman beste prestakuntza-ekintza bat hasteko. Ezin izango dute jarduera utzi harik eta bukatzen den arte, baina salbuespena izango dira honako kasu hauek: enplegua aurkitu badute, eta horrek prestakuntza-ekintzara joatea eta probetxua ateratzea galarazten badie, edo bat-bateko familia-egoera larriren bat sortzen bazaie. Jarduera justifikaziorik gabeko beste arrazoiren batengatik utziz gero, gerta liteke pertsona hori lehentasunezkoa ez izatea etorkizuneko deialdietako prestakuntza-ekintzetan.

  1. Honako hauek izango dira ikasleak baztertzeko arrazoiak:

    1. Justifikatu gabeko hiru asistentzia-faltatik gora egitea hilabetean.

    2. Prestakuntza-ekintzaren iraupen osoaren % 25etik gora huts egitea, arrazoia edozein dela ere, justifikatua edo justifikatu gabea.

    3. Prestakuntza-ekintzari probetxurik ez ateratzea, edo ekintza behar bezala egitea eragozten duen jokabide desegokia izatea, osasun- eta higiene-arauak ere kontuan hartuta.

  2. Honako hau izango da ikasleak baztertzeko prozedura:

    Prestakuntza-zentroak prestakuntzako teknikariari jakinaraziko dio baztertzeko arrazoietako bat gertatu dela, horretarako ezarri den eredua erabiliz. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak arrazoi hori aztertuko du, eta, ontzat ematen badu, Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak baztertzeko prozedura hasteko erabakia hartuko du. Erabakian, ikaslea baztertzeko proposamenaren arrazoia azalduko da, eta ikasleak bost egun balioduneko epea izango du alegazioak aurkezteko. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak gehienez ere hamabost eguneko epean ebatziko du prozedura. Egoerak hala eskatzen badu, baztertze-prozedurari ekiteko erabakian behin-behineko neurriak har daitezke prestakuntza-jardueraren jarraipen egokia bermatzeko. Neurri horietako bat izan daiteke pertsona ikastarotik behin-behinekoz baztertzea, prozedura abiatzeko erabakia jakinarazten zaionetik prozedura ebazten den bitartean. Ebazpenean adieraziko da zein errekurtso aurkeztu daitekeen.

    Asteren batean prestakuntza-ekintzan parte hartu duen pertsona baten asistentzia-faltak prestakuntza-ekintzaren ordu-kopuruaren % 25 baino gehiago badira, edo justifikatu gabeko hiru asistentzia-falta baino gehiago egiten baditu hilabetean, prestakuntza-zentroak horren berri emango dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketaren Zuzendaritzari, ikaslea baztertzeko prozedura has dezan. Modulu oso bat geratzen bada egiteko, eta % 25etik gorako hutsegiteak arrazoi justifikatu batengatik gertatu badira (adibidez, gaixotasuna edo lanean hastea), pertsona horrek geratzen den modulua egiteko aukera izatea aztertu ahal izango da.

    Parte-hartzaileren batek prestakuntza-ekintzara joateari uzten badio eta ez joateak orduen % 25 gainditzen baldin badu, zentroak egoera horren berri emango dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, eta ofizioz emango zaio baja, baztertze-prozedura erabili beharrik gabe.

  1. Dirulaguntzaren onuradun den enpresak edo erakundeak deialdi honetan ezarritakoaren arabera eta Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak emandako ereduak aintzat hartuta gauzatu beharko du prestakuntza-ekintza. Erakunde autonomo honen prestakuntzarako aplikazio informatikoa (LanF) erabiliko du prestakuntzaren hasiera jakinarazteko (hasiko den eguna baino 7 egun baliodun lehenago gutxienez), bai eta gerora izan daitekeen edozein aldaketaren, prestakuntza-ekintzak bukatzearen eta parte-hartzaileen bertaratzea kontrolatzearen berri emateko ere, prestakuntza-orduetara bertaratu izana kontrolatzeko orrien bidez (parte-hartzaileek sinatuko dituzte).

    Oro har, eta aurkako jarraibiderik ematen ez bada, gehienez 7 egun balioduneko epean egin beharko zaizkio jakinarazpenak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari. Prestakuntza-ekintzak ezingo dira hasi aldez aurretik Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ez badu LanF aplikazioan Hasierako Komunikazioa baimendu.

    Prestakuntza-ekintza hasi aurretik, enpresek, dirulaguntzaren onuradun direnean, enpresako langileen legezko ordezkari gisa jarduten duten pertsonei jakinaraziko diete gauzatu beharreko kontratazio-konpromisoa dakarren programa onartu dela, bai eta proposatutako kontratazioaren oinarrizko baldintzak eta prestakuntza-ekintzan parte hartzen duten pertsonen zerrenda ere.

  2. Deialdi honen barruko prestakuntza emango duten prestatzaileek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren baimena beharko dute, eta prestatzaileen fitxategian sartu beharko dira, indarreko araudian ezarritako baldintzen arabera.

    Profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko ez diren prestakuntza-ekintzetan, enpresek eman behar badituzte zuzenean, ez da beharrezkoa izango Lanbidek prestatzaileak baimentzea. Irakasle horiei ez zaie alta emango Lanbideren fitxategian.

  3. Dirulaguntza jasotzen duten pertsonez gain, beste bi joan daitezke prestakuntza-ekintzara, dirulaguntza jasotzeko eskubiderik gabe, hasierako komunikazioan hartarako eskabidea egiten duten prestakuntza-erakundeetan, betiere instalazioak eta ekipoak badituzte eta ikasle guztientzat bermatzen badira berdintasun-baldintzak. Erabilgarri diren instalazioak eta ekipamenduak egiaztatutakoan emango da baimena; profesionaltasun-ziurtagirien kasuan, eskatutako parte-hartzaileen kopurua ere egiaztatuko da.

  4. Langile langabeek ezingo dute prestakuntza-ekintzetan egunean 8 ordu baino gehiagoz parte hartu. Nolanahi ere, astean ez dira egingo 40 ordu baino gehiago. Muga horien barruan daude, hala egokitzen denean, bai profesionaltasun-ziurtagiri bakoitzean lantokietan egiten den prestakuntza praktikoaren moduluko orduak, bai profesionaltasun-ziurtagiriei ez dagozkien ekintzen praktiken orduak.

  5. Prestakuntza-erakundeek eta, hala badagokio, enpresek prestakuntza-ekintzak programatzeko ordutegiak ezartzean, prestakuntza parte-hartzaileen bizitza pertsonalarekin uztartzeko era aurkitu beharko dute.

    Prestakuntza-ekintza hasitakoan, erregulartasunez emango da, eta prestakuntza-erakundeak ezingo du aldi baterako eten, ezinbesteko kasuan izan ezik, behar bezala justifikatuta eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak onartuta.

    Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak prestakuntza-ekintza bat kautelaz eten ahal izango du, baldin eta prestakuntza emateko ohiko garapenean eragin nabarmena duten anomaliak hautematen badira.

  6. Erakunde onuradunek honako hauek emango dizkiete, gutxienez, parte-hartzaile guztiei prestakuntza-ekintzetan:

    Eskuliburu bat, argitaratua edo euskarri informatikoan, espezialitateko eduki guztiak bilduko dituena.

    ikastaroa ondo garatzeko behar den idazmahaiko materiala.

    Beharrezkoak diren babes-elementuak.

    Geroagoko kontratazioari buruzko informazio idatzia, 11.3 artikuluan xedatutakoaren arabera.

    Era berean, zer eskubide eta betebehar dituzten azalduko diete ikasleei, bai eta deialdi honetako 11. eta 12. artikuluetan araututako kanporatzeko arrazoiak eta prozedurak ere.

    Aurreko puntuen entregatik eta informaziotik ikasleen hartu-agiria jasoko da. Erakunde onuradunak LanF aplikazio informatikora igo beharko ditu hartu-agiri horiek.

  7. Ikasleren batek prestakuntza-ekintza uzten badu, haren lekuan beste parte-hartzaile bat sartu ahal izango da. Prestakuntza-jardueraren iraupenaren ehuneko 25era iritsi baino lehen onartuko da ordezte hori, salbu eta profesionaltasun-ziurtagiriei loturiko prestakuntza-jarduerak badira; kasu horretan, ordeztea prestakuntza-jarduera hasi eta lehen bost eskola-egunetan gertatzen bada onartuko da soilik, betiere ehuneko hori gainditu ez bada.

    Hasita dagoen prestakuntza-ekintza batean sartzen direnek maila nahikoa izan beharko dute, hartara ikastaroa normaltasunez gauzatzea oztopatu gabe hari jarraitzeko eta etekina ateratzeko gai izan daitezen. Hala, bada, prestakuntza-ekintzari etekina ateratzeko eta ekintza normaltasunez garatzeko, parte-hartzaileen hautaketa-prozesuak irizpide batzuk ezarri beharko ditu, ikasleek prestakuntza-ekintza behar bezala jarraitzeko eska daitekeen gutxieneko maila dutela bermatze aldera.

  8. Prestakuntza-jardueran parte hartzen duten langabeei dagokienez, batez ere langabeziako prestazioa edo subsidioa edo diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen badute, prestakuntza emateko ardura duten erakunde onuradunek berehala eman beharko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari parte-hartzaileen ukoen, ez-bertaratzeen eta uzteen berri, gertaera horiek zergatik gertatu diren zehaztuta.

  9. Prestakuntzaren xedea ez bada profesionaltasun-ziurtagiria lortzea, parte-hartzaile bakoitzari asistentzia-ziurtagiria edo diploma emango zaio, prestakuntza gainditu badu eta ebaluazioa positiboa izan bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ezarritako ereduaren arabera. Agiri horretan, gutxienez datu hauek adieraziko dira: prestakuntza-ekintzaren izena, prestakuntza-edukiak, zer modalitatetan eman den, zer egunetan hasi eta amaitu den, eta ikasleak guztira jaso dituen prestakuntza-orduak, bai eta Europako Gizarte Funtsaren baterako finantzaketari buruzko aipamena ere.

  10. Prestakuntzaren xedea profesionaltasun-ziurtagiriak lortzea bada, ikasleak egiten duen modulu bakoitza ebaluatuko da, ikasketaren emaitzak eta, horrenbestez, konpetentzia profesionalak eskuratu direla egiaztatzeko.

    Ebaluazioa sistematikoki egingo da, aldez aurreko plangintza baten arabera, zeinean honako hauek adieraziko baitira, gutxienez, modulu bakoitzarentzat: ebaluazioa zer egunetan egitea kalkulatu den, zer tokitan egingo den, zer ebaluazio-tresna erabiliko diren, eta zenbat denbora iraungo duen (LanF aplikazio informatikoan eskura dagoen ereduaren arabera). Ebaluazio-tresna horiek eta parte-hartzaile bakoitzak egindako probak eskaneatuko dira, eta aplikazio informatikoan gordeko dira.

    Prestakuntza-moduluetan egiaztatu beharreko ikaskuntzaren emaitzak haien gaitasunetan eta ebaluazio-irizpideetan jasotako ezaguerei eta trebetasun praktikoei dagozkienak izango dira; horrela, osotasunean, lanbide-konpetentziak eskuratu direla egiaztatu ahalko dute.

    Konpetentzia-unitateen egiaztapena jasotzeko, emaitza positiboarekin gainditu beharko dituzte haiekin lotutako prestakuntza-moduluak, «gai» direla adierazita.

    Prestatzaileek txosten batean jasoko dituzte pertsonek prestakuntza-modulu bakoitzaren ebaluazioan lortutako emaitzak. Txosten horretan adieraziko da bakoitzaren jarduna, aplikatutako ebaluazio-tresnen arabera, egindako zuzenketak eta lortutako puntuazioak jasota (LanF aplikazio informatikoan eskura dagoen ereduaren arabera).

    Modulua eman eta gero, ebaluazio-akta bete beharko da LanF aplikazio informatikoaren bidez, parte-hartzaile bakoitzak lortutako emaitzarekin: «gai», «gai, ez egiaztagarria» edo «ez gai».

    Prestakuntza praktikoko modulua lantokian egiten bada, prestakuntza-zentroak eta enpresak izendatutako tutoreek batera egingo dute ikasleen jarraipena eta ebaluazioa. Modulu hori gainditzen duten pertsonek ziurtagiri bat jasoko dute LanF aplikazio informatikoaren bitartez.

    Ikastaroa bukatzean, gainditutako prestakuntza-moduluei dagokien Egiaztapen Partzial Metagarria (EPM) emango zaie parte-hartzaileei, eta profesionaltasun-ziurtagiria lortzeko prozedura hasiko da, hura osatu badute.

    Parte-hartzaileak emaitza negatiboekin bukatzen badu ikastaroa, asistentzia-ziurtagiri bat emango zaio, eta, hala dagokionean, gainditu dituen prestakuntza-moduluen Egiaztapen Partzial Metagarriak edo prestakuntza-modulu baten barruan zer prestakuntza-unitate gainditu dituen zehazten duen ziurtagiria.

    Profesionaltasun-ziurtagiriei dagozkien prestakuntza-ekintzak ematen dituen erakundeak honako datu edo agiri hauek sartu beharko ditu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren LanF aplikatiboan:

    Ikastaldia hasi aurreko 7 egun baliodunetan:

    Ebaluazioaren plangintza, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ezarritako ereduaren arabera, LanF aplikazio informatikoaren bitartez eskainitakoa.

    Erabiliko diren ebaluazio-tresnak, eta horiek zuzentzeko eta puntuatzeko euskarriak.

    Ikastaroa bukatu ondoko 7 egun baliodunetan:

    Ikasleen emaitzak biltzen dituen dokumentazioa LanF aplikazioan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ezarritako ereduaren arabera (LanF aplikazio informatikoaren bitartez eskuratu ahalko da eredu hori).

    Ebaluazio-aktak betetzea.

  11. Dirulaguntzen prestakuntza-erakunde onuradunek zuzenean egingo dituzte prestakuntza-ekintzak, eta ezin izango dute hirugarrenik azpikontratatu horretarako. Horri begira, ordea, dirulaguntza jaso duen prestakuntza-ekintza emateko irakasleak kontratatzea ez da azpikontrataziotzat hartuko. Pertsona fisikoak kontratatzea baino ez da hartuko irakasleak kontratatzetzat.

    Onuraduna enpresa bat izanez gero, bitarteko propioak baliatuta eman dezake prestakuntza, edo kontrata dezake, helburu horretarako egoki izanez gero. Halaber, behin bakarrik azpikontratatu ahal izango du prestakuntza-ekintza erakunde egiaztatu batekin eta/edo Lanbidek kudeatutako prestakuntza-erakundeen erregistroan inskribatuta dagoen batekin, eta ez da azpikontrataziotzat joko irakasleak (pertsona fisikoak) kontratatzea diruz lagundutako prestakuntza emateko.

    Kontrataziora joz gero, enpresa onuradunak hiru eskaintza eskatu beharko ditu gutxienez, kontratuen zenbatekoak gainditzen badu Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 118. artikuluan kontratu txikientzat ezarritako zenbatekoen muga, ezaugarri bereziak izatearen ondorioz zerbitzu hori ematen duten erakundeen kopurua merkatuan nahikoa ez den kasuetan izan ezik. Aurkeztutako eskaintzen arteko aukera eraginkortasun- eta ekonomia-irizpideen arabera egingo da, eta berariaz justifikatuko da memoria batean, aukeratutakoa ez bada proposamen ekonomiko onena.

    Azpikontratazioaren kasuan, enpresa onuradunak aldez aurreko baimena eskatu beharko dio organo emaileari, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 29. artikuluko 3. eta 7.d) apartatuetan aurreikusitako kasuetan. Horretarako, eskabidearekin batera formalizatuko den kontratua aurkeztuko da. Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak 20 eguneko epean ebatziko du baimena, eskaera Lanbideren erregistroan sartu den egunetik aurrera. Hala izan ezean, baimena emantzat joko da.

    Nolanahi ere, 11. apartatu honetan aurreikusi ez den guztian zuzenean aplikatuko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. eta 31.3 artikuluetan xedatutakoa.

  1. Prestakuntzaren helburua profesionaltasun-ziurtagiri bat lortzea ez bada, lanekoak ez diren lanbide-praktikak egitea justifikatu beharko da. Praktika horien iraupena ezingo da izan prestakuntza-ekintzarako orduen % 50 baino handiagoa, gehienez ere 200 ordukoa izango da, eta prestakuntza-ekintza amaitu ondorengo bi hileko gehieneko epean hasi beharko dira. Egungo deialdiaren 5,5. artikuluan adierazitakoak baldintzatuko du epe hau.

  2. Prestakuntzaren helburua profesionaltasun-ziurtagiri bat lortzea bada:

    Praktiken iraupena eta edukia bat etorriko dira lantokiko prestakuntza praktikoko moduluarekin, profesionaltasun-ziurtagiria arautzen duen Errege Dekretuaren II. eranskinean ezarritakoaren arabera.

    Prestakuntza-enpresek edo -erakundeek prestakuntza praktikoko modulua lantokietan eta egindako espezialitatearekin lotutako okupazioetan egitea aurreikusi beharko dute. Prestakuntza-ekintza emaitza positiboarekin gainditu duten ikasleen % 100ek lantokiko prestakuntza praktikoko modulua egin ahal izango dute, edozein dutelarik ere administrazio-egoera (salbuespenak: urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuak, profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituenak, 5.bis artikuluan xedatzen dituen salbuespen-egoera batean dauden ikasleak).

    Kontratazioaren xede diren ikasleek prestakuntza praktikoko modulua egin ahal izango dute, baldin eta prestakuntza-jarduera amaitzeko aurreikusitako data 2024ko irailaren 15a baino lehen amaitzen bada edo, bestela, ondorengo lan-esperientziarekin baliozkotuta geratu ahal izango da modulua, baldin eta benetako laneko hiru hilabeteak gainditzen badira eta lan-jarduera modulu horren prestakuntza-edukiarekin lotuta badago.

    Lan-harremana formalizatzen ez den eta harreman hori hiru hilabetetik beherakoa duten ikasleei dagokienez, prestakuntza-erakundeak prestakuntza praktikoko modulua lantokian egiteko erraztasunak emango ditu, ikasleek dagokion profesionaltasun-ziurtagiria lor dezaten.

    Lehentasunez, lanbide-praktikak gainerako prestakuntza-moduluak bukatutakoan egingo dira, aurrekoak emaitza positiboarekin gainditu badira, betiere; horrela, azken prestakuntza-modulua bukatzen denetik lau hilabete igaro baino lehen hasi behar dira lanbide-praktikak. Egungo deialdiaren 5,5. artikuluan adierazitakoak baldintzatuko du epe hau.

    Salbuespenez eta justifikatuta baldin badago, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak baimena eman ahal izango du lanbide-praktikak gainerako prestakuntza-moduluekin batera egin ahal izateko.

    Praktikak prestakuntza-ekintza egiten ari diren bitartean hasi dituzten eta azken emaitza negatiboa lortzen duten pertsonek praktiketan jarraitzeko aukera izango dute. Prestakuntza-ekintza uzteak, berriz, hari lotutako lantokiko prestakuntza praktikoko modulua amaitzea ekarriko du.

    Profesionaltasun-ziurtagiri osoa ematen ez bada, lanekoak ez diren praktikak egin ahal izango dira, baina ez lantokiko prestakuntza-modulua, langileak gainerako prestakuntza-moduluak egiaztatuta izan ezean. Kasu horretan, praktikak egin behar dituenak ziurtagiria bete ez badu, 2 hilabeteko epea izango du praktikak egiteko. Era berean, eta kontratazio-epeari dagokionez, 6. artikuluaren 6. puntuan xedatutakoari jarraituko zaio, prestakuntza teoriko-praktikoa amaitutakoan prestakuntza amaitu dela ulertuta.

  3. Lanekoak ez diren praktikak egiteko, enpresaren eta prestakuntza-erakundearen arteko akordio bat sinatuko da, eta akordio horren berri emango zaio praktikak egingo dituen pertsonari. Akordio horretan, hauek azaldu beharko dira: praktiken edukia, iraupena, praktikak egiteko tokia eta ordutegia, eta praktiken jarraipena eta ebaluazioa egiteko tutoretza-sistema. Hitzarmen hori Lanbideri bidaliko zaio LanF aplikazioaren bitartez, baimendu dezan, praktikak benetan hasi baino 7 egun baliodun lehenago, gutxienez. Praktikak hasi baino lehen, enpresako langileen legezko ordezkariei emango zaie akordio horren berri. Baldintza hori bete den ziurtatzeko, langileen legezko ordezkariek hitzarmenari buruzko informazioa jaso dutela adierazteko dokumentua erantsi beharko da (eredu ofiziala erabili beharko da horretarako, LanF aplikaziotik hartuta).

  4. Praktikak, behar bezala justifikatutako arrazoirik ez bada, Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan egin beharko dira, Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendariak baimena eman ondoren.

  5. Ikasleek ezin izango dute kontratu-harremanik izan praktikak egingo diren enpresa, instituzio edo erakunde publiko edo pribatuarekin, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak horretarako baimena eman ezean.

  6. Praktiken eguneko lanaldia ezin izango da 8 ordutik gorakoa izan.

  7. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak praktiken akordioa baliozkotzea ezinbesteko baldintza da, eta lantokietako prestakuntza-modulua hasi aurretik egin behar da. Hori betetzen ez bada, nahitaezko baimena ez duten praktikak baliogabetu ahal izango dira.

  1. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, prestakuntza ematen duen zentroarekin lankidetzan, prestakuntza-ekintzen jarraipena eta kontrola egingo ditu. Hori eskakizunak eta alderdi formalak betetzen direla egiaztatzeaz eta prestakuntzaren emaitzez harago doan lana da, eta kalitatea bermatzeko balio izango du.

  2. Jarduera-plan bat ezarriko da deialdian ezarritako baldintzak betetzen diren eta prestakuntza-planak erregulartasunez gauzatzen diren egiaztatzeko eta, beharrezkoa izanez gero, bidezko neurri zuzentzaileak ezartzeko. Jarduera horiek barnean hartuko dute prestakuntza-jardueraren jarraipena, ematen den tokian eta toki horretatik kanpo, diruz lagundutako prestakuntza-ekintzak egiten diren bitartean edota amaitu ondoren, dokumentuen bidez eta frogagiri fisikoen bidez.

  3. Batasunaren arautegian ezartzen den bezala, eta prestakuntza-erakundeen inskripzioa edo egiaztatzea arautzen dituen arautegiarekin bat etorriz, plan horretan in situ egiaztapen-bisitak sartuko dira Europako Gizarte Funtsaren finantzabideen baldintzak betetzen direnez egiaztatzeko eta inskripzioa edo egiaztapena egiterakoan zentroak egiaztatu zituen baldintzak mantentzen diren ikusteko.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak deialdi honen kalitatea ebaluatuko du, kontuan hartuta ikasleek berek betetako galdetegietatik lortutako batez besteko emaitzak, enplegurako prestakuntza-ekintzen kalitatea ebaluatzeko galdetegiak argitaratzen dituen Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2009ko apirilaren 27ko Ebazpenean xedatutakoaren arabera (2009ko ekainaren 11ko BOE).

Horretarako, dirulaguntzen onuradunek burutzen duten prestakuntzaren kalitatea ebaluatu eta kontrolatu beharko dute, prestakuntza-planean jasotako prestakuntza-ekintzak kudeatzeko jardueren artean.

Edonola ere, prestakuntza-ekintza bakoitza amaitu aurretik, parte-hartzaileek kalitateari buruzko galdetegia bete beharko dute; oro har, prestakuntza egiaztagarriko ekintza guztietan, amaierako azterketa egitean emango zaie, baita egiaztagarria ez den baina amaierako azterketa egitea eskatzen duen prestakuntzaren kasuan ere. Gainerako prestakuntza-ekintzetan, ikastaroaren azken bi egunetan beteko da galdetegia.

Galdetegi horiek telematikoki beteko dituzte ikasleek. Ikastaroa ematen duen erakundearen ardura da ziurtatzea kalitateari buruzko galdetegia ekintza amaitu duten ikasleek betetzen dutela; horretarako, parte-hartzaileen eskura jarriko dituzte beharrezko baliabideak, diruz lagundutako ikastaroa amaitzen duten ikasleek galdetegia bide telematikoz betetzea ahalbidetzeko. Parte-hartzaileen % 67k baino gutxiagok erantzuten badiote galdetegiari, dirulaguntzaren likidazioa 18.1.1.a artikuluan adierazten den bezala egingo da.

  1. Prestakuntza-ekintzak egiteko emandako dirulaguntza bi ordainketatan ordainduko da, horiek eskatu eta gero, honela:

    1. Lehen ordainketa, onartutako dirulaguntza osoaren % 50ekoa, prestakuntza-ekintza hasitakoan, 2023ko kredituaren kargura.

    2. Bigarren ordainketa, guztizkoaren gainerako % 50era artekoa, 2024ko konpromiso-kredituaren kargura ordainduko dena, prestakuntza-jarduera amaitu eta kontratazio-konpromisoa betetzeko behar diren lan-kontratu guztiak egin ondoren.

      Bigarren ordainketa dirulaguntzak 18. artikuluan aurreikusitako moduan justifikatu eta likidatu ondoren egingo da.

  2. Eremu maskulinizatu eta feminizatuetako emakume eta gizon langabeei zuzendutako ekintzen lan-kontratuetarako emandako dirulaguntza 2024ko aurrekontuaren kargura ordainduko da, honela:

    1. Lehenengo ordainketa, % 60koa, dirulaguntza ematen den unean.

    2. Bigarren ordainketa, ordaintzeke dagoen dirulaguntzaren gainerakoagatik, kontratua hasi eta 6 hilabeteko epea igaro ondoren, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kontratatutako pertsonari alta eman zaiola egiaztatu ondoren.

      Baldin eta, lan-kontratuaren hasiera-datagatik, ezin bada egiaztatu, 2024ko aurrekontu-ekitaldiaren itxiera-data baino lehen, kontratatutako langilearen altari eutsi zaiola hasierako 6 hilabeteko aldi osoan, dirulaguntzaren bigarren ordainketa egingo da aldez aurretik, geroago egiaztatu ahal izango den arren.

      Diruz lagundutako aldia amaitu baino lehen langileak enpresan baja hartzen badu, 18.2 artikuluan aurreikusitako moduan likidatuko da.

  3. Ordainketa aurreratuen zenbatekoa 180.303,63 eurotik gorakoa bada, dirulaguntzaren onuradun den erakundeak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan aurkeztu beharko du, dagokion ordainketaren aurretik, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusian zenbateko aurreratua estaltzeko bermea, abala edo fidantza eratu izanaren frogagiria.

  4. Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izan ditzan, erakunde eskatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan inskribatuta behar du.

    Erakundea ez badago erregistratuta, edo Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi baditu, helbide honetan egin ahalko du: https://euskadi.eus/hirugarrenak

  1. Prestakuntza-ekintzei dagokien likidazioa benetan gauzatutako ekintzen arabera egingo da, bai eta prestakuntza-emaitzen eta egindako lan-kontratuen arabera ere, 23. artikuluan araututako ez-betetzeen baldintzen arabera. Likidazioak ez du inola ere gaindituko hasiera batean onartutako dirulaguntzaren zenbatekoa.

  1. Prestakuntza-ekintzen parte-hartzaileen arabera eta benetan egin dituzten eskola-orduak kontuan hartuta egingo dira prestakuntza-jarduera gauzatzeko emandako dirulaguntzaren justifikazioa eta likidazioa, ezarritako modulu ekonomikoei jarraituz.

    Likidatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, ez da aintzat hartuko ezarritako epeen barruan dagokien lantokian prestakuntza praktikoaren modulua amaitu ez duten ikasleek jasotako prestakuntza.

    a. Likidazioa kalkulatzeko eragiketa hau egingo da:

    A modulua 15 parte-hartzailez biderkatuko da baldin eta prestakuntza hasi zuten ikasleen kopurua aurreikusitako gutxieneko eta gehieneko mugen barruan badago, eta emandako prestakuntza-orduez.

    Aurrez aipatutako zenbatekoari gehituko zaio B moduluaren eta prestakuntza-ekintzak dituen ordu-kopuruaren arteko biderketaren emaitza, ekintza amaitu duten pertsonen kasuan, hau da, ekintzaren iraupenaren gutxienez % 75era bertaratu direnen kasuan. Ondorio horietarako, amaitutzat emango zaie lana aurkitu dutelako prestakuntza-ekintza utzi behar izan duten ikasleei, bai eta egiaztatutako gaixotasun edo istripuagatik ikastaroan baja hartu zutenei ere, baldin eta azken bi kasu horietan gutxienez prestakuntza-jardueraren % 25 egin badute. Prestakuntza amaitu ez duten pertsonen kasuan, B modulua prestakuntza-ekintzan parte hartu duten ordu kopuru errealarekin biderkatuko da.

    Ekintza bakoitza parte-hartzaile kopuru batentzat onetsi da, eta muga horiek errespetatuz egingo da kalkulua.

    Ekintza amaitzen duten parte-hartzaileen (gai eta ez gai) % 67k baino gutxiagok erantzuten badiote galdetegiari, ez da gehituko B modulua amaitu duten parte-hartzaileen kopuruaren zenbatekoa, hain zuzen ere betetakoen ehunekoaren eta gutxieneko % 67aren arteko diferentziari dagokiona.

    Aurreko bi eragiketak eginda ateratzen den azken balioari haren % 10 gehituko zaio, zeharkako gastuei dagokiena.

    Ekintzaren iraupenaren % 25 betetzean, hura hasi zuten parte-hartzaileen % 75ek jarraitzen ez badute, prestakuntza-ekintzak likidatzeko, oinarritzat hartuko da ekintzak amaitu dituzten ikasleen kopurutik abiatuta ateratako A + B + C moduluen zenbatekoa. Prestakuntza-ekintza bukatu duten ikasletzat hartuko dira gutxienez ekintzaren % 75era joan direnak; ondorio horietarako, halakotzat joko dira enplegua aurkitu dutelako prestakuntza-ekintza utzi behar izan duten langile langabeak, bai eta behar bezala egiaztatutako gaixotasun edo istripuagatik uzten dutenak ere, baldin eta, azken bi kasu horietan, prestakuntza-jardueraren % 25 gutxienez egin badute. Ekintza amaitzen duten parte-hartzaileen (gai eta ez gai) % 67k baino gutxiagok erantzuten badiote galdetegiari, ez da gehituko B modulua amaitu duten parte-hartzaileen kopuruaren zenbatekoa, hain zuzen ere betetakoen ehunekoaren eta gutxieneko % 67aren arteko diferentziari dagokiona.

    b. Kontratazioa egiteko hiru hilabeteko epea igarota, dirulaguntzaren onuraduna izan den enpresak edo erakundeak 15 eguneko epea izango du justifikazio-memoria LanF aplikazioaren bidez bidaltzeko. Aldez aurretik, kontratazio-konpromisoa betetzeko parte-hartzaileei egindako lan-kontratuak erantsi beharko ditu, eta aipatutako aplikazioan eskatutako datuak bete.

    Justifikazio-memoriak honako dokumentazio hau jasoko du:

    Laburpen-koadro bat. Horretan jaso beharko dira ikasle bakoitzak benetan egindako eskola-orduak eta dagokien zenbatekoa, hots, ezarritako modulu ekonomikoak eta artikulu honetan aurreikusitako irizpideak aplikatuz lortutakoa.

    Diruz lagundutako jarduera osorik edo zati batean finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuei buruzko adierazpena, zenbatekoa eta jatorria adierazita, edo bestela, halakorik ez dagoela dioen adierazpena. Kontuan hartu behar da 22.1 artikuluan xedatutakoaren arabera deialdi honen babesean eta prestakuntza-ekintzak egiteagatik emandako dirulaguntza bateraezina dela beste edozein laguntza edo dirulaguntzarekin.

    Informazioa, ikasleen sexuaren arabera eta erakunde onuradunetako pertsona titularren eta langileen sexuaren arabera bereizia.

  2. Kontrataziorako dirulaguntzaren enpresa onuradunak honako dokumentazio hau aurkeztu beharko du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan, LanF aplikazio telematikoaren bidez, diruz lagundutako 6 hilabeteko aldia amaitzen denetik edo kontratua aldez aurretik azkentzen den egunetik gehienez 15 eguneko epean:

    Kontratatutako pertsonaren Gizarte Segurantzako Kotizazio Datuen TxostenaKDT.

    Diruz lagundutako lan-kontratua osorik edo zati batean finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuei buruzko adierazpena, zenbatekoa eta jatorria adierazita, edo bestela, halakorik ez dagoela dioen adierazpena. Kontuan hartu behar da, 22.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, lan-kontratuak egiteagatik emandako dirulaguntza bateraezina dela beste edozein laguntza edo dirulaguntzarekin, Gizarte Segurantzaren kotizazioaren murrizketa eta/edo hobariekin izan ezik.

    Enpresa onuradunen titularrei eta haien plantillari buruzko informazioa, sexuaren arabera bereizita.

    Laguntza horien likidaziorako, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egiaztatuko du egindako kontratuen iraupena, eta langileak enpresan baja hartzen badu diruz lagundutako 6 hilabeteko aldia amaitu baino lehen, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da benetako kontratazio-aldiari proportzionalki egokitzeko, eta, hala badagokio, itzulketa-prozedura izapidetuko da.

  3. Aurreko apartatuetan ezarritako epeak igaro eta bertan jasotako dokumentazioa aurkeztu ez bada, organo eskudunak 15 eguneko epe luzaezina emango dio onuradunari dokumentazio hori aurkez dezan. Azken epe horretan justifikaziorik aurkeztu ezean, itzulketa-prozedura hasiko da.

  1. Onuradunaren betebehar izango dira, deialdi honetako artikuluetan ezarritakoez gain, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14.1 eta 46. artikuluetan oro har ezarritakoak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsia) 50.2 artikuluan jasotakoak, eta enplegurako lanbide-heziketaren sistema arautzen duen araudian zehaztutakoak, prestakuntza-ekintzen bidezko dirulaguntzen arloan.

  2. Zehazki, laguntzen onuradunak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Lan eta Enplegu Sailak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egiten dituzten egiaztatze- eta kontrol-jardueren mende egongo dira. Prestakuntza-erakundeek lokaletara eta instalazioetara sartzen eta prestakuntza-ekintzetako parte-hartzaileekin eta elkarrizketatu beharrekotzat jotzen diren gainerako pertsonekin harremanetan jartzen lagunduko dute.

    Europako Gizarte Funtsak finantzatzen lagundutako prestakuntza-ekintzek, Europar Batasuneko araudiaren ondorioz, arlo horretan eskumena duen ministerioak, Europako Batzordeak eta Europako Kontuen Auzitegiak egiten dituzten egiaztapen- eta kontrol-jarduerak onartu beharko dituzte.

  3. Kontrol-jarduera horiek onartzeko betebehar orokor honen esparruan, onuradunak honako hau bete beharko du:

    Finantzatutako ekimena gauzatzeari edo bideragarria izateari buruzko edozein informazio ematea eta eskatzen zaion jarraipen-dokumentazioa bete eta bidaltzea.

    Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea beste erakunde batzuetatik dirulaguntzak edo laguntzak eskatu edo lortu izana, deialdi honetan diruz lagundutako ekintza guztiei edo batzuei eragiten dietenak.

    Diruz lagundutako jardueraren xedea edo nondik norakoa nabarmen aldatzen duen edozein gertaera jakinaraztea, bai eta dirulaguntza emateko orduan kontuan hartutako edozein inguruabarren aldaketa ere.

  4. Diruz lagundu daitezkeen gastuek Europako Gizarte Funtserako aukeratuak izateko baldintzak beteko badituzte, erakunde onuradunak laguntzarekin zerikusia duten transakzioak identifikatu beharko ditu, aparteko kontabilitate-identifikazio batekin eta kontabilitate-kode egoki batekin.

  5. Entitate onuradunaren ordezkariak edo ahaldunak sinatu beharko du, dirulaguntza onartzeko unean, izaera pertsonaleko datuei dagokien konpromisoa, datu horien tratamenduaren arduradun den aldetik, arlo hori arautzen duen indarreko legerian ezarritako baldintzen arabera.

  6. Laguntzen erakunde onuradunek lagunduta finantzatutako gastuei buruzko egiaztagiri guztiak edo jatorrizko agirien kopia ziurtatuak gordeko dituzte, oro har onartutako datu-euskarrien gainean, 2029ko abenduaren 31ra arte.

    Agiri horiek jatorrizkoetan edo jatorrizkoen kopia konpultsatuetan gordeko dira, edo oro har onartutako datu-euskarrietan, bereziki jatorrizko dokumentuen bertsio elektronikoak edo bertsio elektronikoan soilik dauden agiriak.

  7. Erakundeak, edo, hala badagokio, enpresak gela bat jarri beharko du parte-hartzaileen esku, diruz lagundutako ikastaroa amaitzen duten parte-hartzaileak adina ordenagailu dituena, 16. artikuluan adierazitako inkesta telematikoa bete ahal izateko. Halaber, erakundea edo enpresa bera izango da inkesta hori betetzen dela bermatzeaz arduratu beharko dena.

Diruz lagundutako jarduera guztietan Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzutik jasotzen duten finantzaketa berariaz adierazi beharko dute erakundeek, bai eta horien ondoriozko ekintzetan ere, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren komunikazio-eskuliburuan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte (LanF prestakuntza-aplikazioaren bidez erakunde onuradunen eskura jarriko da eskuliburu hori).

Prestakuntza-ekintza guztiek Europak lagundutako finantzaketa jasoko dutela aurreikusita, erakundeek berariaz adierazi beharko dute Europako Gizarte Funtsak lagundutako finantzaketa hori, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Komunikazio Eskuliburuan jasota dagoen logoaren bidez, sortzen diren material didaktiko guztietan nahiz bestelako materialetan, bai eta diruz lagundutako jardueren berri emateko, hedatzeko eta/edo publizitatea egiteko ekintzetan ere.

Halaber, sinatutako kontratuetan, Europako finantzaketa bateratuaren aipamena jaso beharko da.

Dirulaguntzaren erakunde onuradunen zerrenda argitara emango da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren 49. artikuluan jasotako webgunean.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan gertatu den aldaketa orok ekarri ahal izango du emandako dirulaguntza aldatzea, deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen badira, betiere. Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedurari hasiera emango zaio.

  1. Deialdi honetan prestakuntza-ekintzak egiteko ematen diren dirulaguntzak bateraezinak dira administrazio honek edo beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek kontzeptu eta xede beragatik emandako beste edozein motatako dirulaguntza edo laguntza guztiekin.

  2. Lan-kontratuak egiteagatiko deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateraezinak dira kontratazio bereko beste edozein motatako dirulaguntza edo laguntzak eskuratzearekin, Gizarte Segurantzako kotizazioan izandako murrizketa edo hobariekin izan ezik.

  1. Ezin izango da eskatu dirulaguntza ordaintzeko, eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak osorik edo zati batean itzuli beharko dira, dirulaguntza eman denetik aplikagarri diren berandutze-interesekin batera, deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzen onuradun diren entitateek honako lege hauetan aurreikusitako betebeharrak betetzen ez dituztenean: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikulua eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikulua (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategin hura); edo deialdi honetan berariaz aurreikusitako betebeharrak betetzen ez dituztenean; edo honako lege hauetan aurreikusitako kasuetan badaude: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikulua eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikulua (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategin hura). Eta, bereziki, honako hauetan:

    1. Jarduera gauzatu dela egiaztatzeko betebeharrak ez betetzea, edota laguntza emateko zein laguntzaz gozatzeko zehaztutako baldintzak ez betetzea.

    2. Dirulaguntza lortzea, horretarako eskatzen diren baldintzak bete gabe.

    3. Jarraipen-lanei eta kontrol-lanei uko egitea edo oztopoak jartzea.

    4. Diruz lagundutako ekintzak betetzeko baldintzei buruz errealitatearekin bat ez datozen datu faltsuak ematea.

    5. Deialdi honen 20. artikuluan jasotako komunikazio- eta hedapen-betebeharrak ez betetzea.

    6. Deialdi honetan zehaztutako beste betebehar, baldintza edo betekizunak ez betetzea.

  2. Balizko ez-betetzeen maila honako irizpide hauen arabera zehaztuko da:

  1. Prestakuntza-ekintzak egiteko dirulaguntzei dagokienez:

    1. Ez-betetze erabatekoa: dirulaguntza emateko xedea edo hori justifikatzeko betebeharra erabat ez betetzea emandako dirulaguntzaren % 100 itzultzeko arrazoia izango da.

      Era berean, ez-betetze osotzat hartuko da eta dirulaguntza itzuli beharko da:

      baldin eta ez bada kontratatzen prestakuntza amaitzen eta gainditzen duten ikasleen % 30.

      baldin eta prestakuntza amaitzen ez badute prestakuntza hasi zuten pertsonen % 50ek; ondorio horietarako, prestakuntza hori amaitu dutela ulertzen da, baldin eta enplegua aurkitzeagatik prestakuntza-jarduera utzi behar izan behar badute pertsonek, bai eta ikastaroan gaixotasunagatik edo istripuagatik baja hartu behar izan badute ere.

    2. Ez-betetze partziala gertatzen bada: dirulaguntza emateko xedea edo hori justifikatzeko betebeharra hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntza aldatu edo hein batean itzuliko da.

      Ez-betetze partzialtzat hartuko dira kasu hauek:

      (Ikus .PDF)

      Ez-betetzea justifikatze aldera, kontratazioari uko egitea kontuan hartuko da soilik baldin eta kontratazioa prestakuntza-ekintza amaitu duten ikasleen % 30etik beherakoa bada eta kontratatzeko pertsona gehiago ez badago. Kasu horretan, likidazioaren zenbatekoa dirulaguntzaren % 50 izango litzateke.

  2. Kontratazioagatiko dirulaguntzei dagokienez, gutxienez sei hilabeteko epea bete gabe lan-harremana amaitzen bada, edozein dela arrazoia, laguntza itzuli egin beharko da. Hau da, aldez aurretik ordaindutako dirulaguntza itzuli beharko da, bete ez den kontratazio-aldiari dagokiona.

  3. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak abiaraziko du itzultzeko prozedura, eta idazkia bidaliko dio laguntzaren onuraduna den enpresari edo entitateari, ez-betetzea eragin duen edo duten gertaeraren edo gertaeren berri emateko. Hori ez ezik, egokitzat jotako alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko hamabost eguneko epea duela ere jakinaraziko dio.

  4. Alegazioak aurkeztu ondoren edo alegazio horiek aurkezteko epea igaro ondoren, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendariak ebazpena emango du.

    Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

  5. Ebazpenean ez-betetzeren bat izan dela iritziz gero, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da, eta, behar denean, ebazpena jakinarazten denetik aurrera gehienez bi hilabeteko epean, bidezko diru-kopuruak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari itzuli beharko zaizkio. Epe hori borondatezko aldiaren epea izango da.

    Itzulketa borondatezko aldian egiten ez bada, itzuli beharrekoak premiamendu bidez berreskuratzeko izapideak hasiko dira.

Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bi xedapen hauen arabera jokatuko du: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (EB 2016/679 Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa. Lortzen diren datu pertsonalak «Enplegurako eta enpleguko prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren arduraduna Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua da, eta jardueraren helburua da Lanbideren eskumen diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurra jazartzea eta datuak estatistiketan erabiltzea ere. Lortzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horretan eskumena duten administrazio publikoei komunikatu ahal izango zaizkie.

Datuen titularrek datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, aurka egiteko eta tratamendua mugatzeko eskubideak erabili ahal izango dituzte tratamenduaren arduradunaren aurrean, datuen babesaren arloko eskubideak baliatzeko prozeduraren bidez. Prozedura hori www.euskadi.eus/servicios/10842/ helbidean argitaratu da.

Datuen babesari buruzko informazio osagarri eta zehatza kontsultatzeko: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/074300-capa2-eu.shtml

  1. Deialdi honetan adierazitako laguntzak (lan kontratuak egiteagatikoak) minimis arauari lotuko zaizkio; Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EE) Erregelamenduan dago xedatuta arau hori, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruzko erregelamendua izanik. Kalifikazio horren ondorioz, enpresa bakarrari de minimis laguntzetan emandako guztizko zenbatekoa ez da izango 200.000 eurotik gorakoa hiru ekitaldi fiskalen barruan.

  2. Kasuko ekitaldi fiskalean eta aurreko bietan jasotako minimis laguntza horiei buruzko aitorpena egin beharko du pertsona edo erakunde eskatzaileak, zehaztu behar baita minimis laguntza berriak ez duela gainditzen Erregelamenduan ezarritako muga maximoa.

  1. Dirulaguntzen programa honi honako arau hauetan bildutako dirulaguntzei buruzko araubide juridikoa aplikatu behar zaio: Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutakoa); azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, azken horrek arautu baitzuen Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak.

  2. Laguntzek Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketa dutenez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren mende ere badaude. Hain zuzen ere, erregelamendu horren bitartez ezartzen dira Eskualde Garapeneko Europako Funtsari, Europako Plus Gizarte Funtsari, Kohesio Funtsari, Bidezko Trantsizio Funtsari eta Itsasoko, Arrantzako eta Akuikulturako Europako Funtsari buruzko xedapen komunak, bai eta funts horietarako finantza-arauak eta Asilo, Migrazio eta Gizarteratzeko Funtserako, Barne Segurtasuneko Funtserako eta Mugak eta Bisatuen Politika Kudeatzeko Laguntza Finantzariorako Tresnarako finantza-arauak. Era berean, laguntza hauek Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1057 (EB) Erregelamenduaren mende ere badaude, eta, hain zuzen ere, erregelamendu horren bitartez ezartzen da Europako Plus Gizarte Funtsa (EGF+) eta indargabetzen da 1296/2013 (EB) Erregelamendua.

  3. Deialdi honetan aurreikusi ez den horretan, honako hauek aplikatuko dira: irailaren 9ko 30/2015 Legea, Lan-arloko enplegurako lanbide-heziketaren sistema arautzen duena; lege hori garatzen duen uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretua, zeinaren bitartez garatzen baita Lan-arloko enplegurako lanbide-heziketaren sistema arautzen duen irailaren 9ko 30/2015 Legea; irailaren 28ko 818/2021 Errege Dekretua, Enplegu Sistema Nazionalaren programa erkideak, enplegua aktibatzekoak, arautzen dituena; martxoaren 28ko TMS/368/2019 Agindua, Lan-arloko Enplegurako Lanbide Heziketaren Sistema arautzen duen irailaren 9ko 30/2015 Legea garatzen duen uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretua garatzen duena.

    Profesionaltasun-ziurtagiriak lortzea xede duten prestakuntza-ekintzei dagokienez, arau hauek aplikatuko zaizkie: 34/2008 Errege Dekretua, urtarrilaren 18koa, Profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituena, eta ESS/1897/2013 Agindua, urriaren 10ekoa, errege-dekretua arautzen duena, deialdi honetan ezarritako alderdi guztiei dagokienez, araudi horietan baldintza partikularrak ezartzen baitira.

Deialdi honetako kalkuluen ondoriozko ehunekoren batean hamartarrik egonez gero, zati osoa baino ez da hartuko kontuan, hamartarrak alde batera utzita.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik