Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2023ko maiatzaren 24koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendariarena; horren bidez argitaratzeko Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Hezkuntza Sailaren arteko kudeaketa-aginduaren akordioa, Euskal Autonomia Erkidegoan lan-esperientziaren bitartez edo prestakuntzako bide ez-formalen bitartez eskuratutako konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozeduran parte hartzen duten pertsonei zuzendutako 2023ko prestakuntza-programazioa egiteko.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua; Lan eta Enplegu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 101
  • Hurrenkera-zk.: 2536
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2023/05/24
  • Argitaratze-data: 2023/05/30

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Lana eta enplegua; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Hezkuntza Sailak aipatutako akordioa sinatu dute, eta, beharrezko zabalkundea emateko xedez, honako hau

AKORDIOA, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Hezkuntza Sailaren arteko kudeaketa-aginduarena, Euskal Autonomia Erkidegoan lan-esperientziaren bitartez edo prestakuntzako bide ez-formalen bitartez eskuratutako konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozeduran parte hartzen duten pertsonei zuzendutako 2023ko prestakuntza-programazioa egiteko

Alde batetik, Idoia Mendia Cueva andrea, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazioko kontseiluburu gisa.

Eta, bestetik, Jokin Bildarratz Sorron jauna, Hezkuntzako sailburua,

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa. Maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoan enplegurako lanbide-heziketa arautzen da. Dekretu horretan, helburu hauek ezarri dira, besteak beste: langabezian dauden nahiz lanean ari diren langileen bizialdi osoko prestakuntzari bide ematea eta lan-merkatuarekin bat datozen beharrizanetara egokitutako kualifikazioa ematea, aldi berean erantzuna emanda bai enpresen produktibitate- eta lehiakortasun-eskakizunei bai lanbide-sustapenerako eta garapen pertsonalerako helburuei. Prestakuntza horrek Euskal Autonomia Erkidegoko langileak trebatu behar ditu hainbat lanbide modu kualifikatuan gauzatzeko eta enplegurako sarbidea izateko, inolako bazterkeriarik gabe.

Bigarrena. Irailaren 23ko EFP/942/2022 Aginduak, administrazio eskudunek egindako lanbide-kualifikazioen katalogo nazionalari lotutako lan-eremuko lanbide-heziketako sistemako lan-eskaintza arautzen duenak eta oinarriak eta finantzaketarako baldintzak ezartzen dituenak, garatu beharreko prestakuntza-eskaintzaren artean jasotzen du administrazio publiko eskudunek zuzenean programatu eta emandako prestakuntza-eskaintza, lanbide-heziketako sare publikoko zentroen bidez. Prestakuntza-eskaintza hori konpetentzia profesionalak ebaluatu eta egiaztatzeko prozeduran parte hartzen duten pertsonen prestakuntza osatzeko kualifikazio-programen bidez garatuko da, besteak beste.

Hirugarrena. Urtarrilaren 25eko 62/2022 Errege Dekretuak, profesionaltasun-ziurtagiriak eskuratzeko lanbide-heziketako, hezkuntza-sistemako zentroetako lanbide-heziketako eta enplegurako lanbide-heziketako eskaintzak emateko eskatu daitezkeen baldintzak malgutzeari buruzkoak, malgutu egiten ditu lanbide-heziketako tituluak, profesionaltasun-ziurtagiriak eta Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalari lotutako beste prestakuntza-eskaintza batzuk eskuratzeko lanbide-heziketako eskaintzak emateko baldintzak, Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoan ezarritakoaren arabera. Era berean, lanbide-heziketaren eskaintza handitu eta malgutzeko bidean aurrera egitea du xede. Adierazten duenez, besteak beste, profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituen urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuaren 12 bis artikuluan ezartzen diren baldintzez gain, aski irizten dira, ordezko gisa, Hezkuntza sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 46. artikuluan ezarritako prestakuntza-espazioei buruzko baldintzak, profesionaltasun-ziurtagiriak emateko eta Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalari lotutako enplegurako lanbide-heziketako beste prestakuntza-ekintza batzuetarako. Era berean, zentro propioen irismena zabaltzen du, erreferentzia nazionaleko zentroez eta titulartasun publikoko lanbide-heziketako zentro integratuez gain, administrazio eskudunek hura eskaini eta planifikatzeko orduan sarbidea izan dezaten, zentro propiotzat joko baitira hezkuntza-sistemako lanbide-heziketa emateko baimena duten edo enplegurako lanbide-heziketako eskaintzak emateko egiaztapena duten administrazio publikoko gainerako zentroak. Horrenbestez, administrazio eskudunek beharrezko koordinazio-bideak ezarriko dituzte lanbide-heziketaren eskaintzaren planifikazioaren eta garapenaren eraginkortasuna eta efizientzia sustatzeko, Profesionaltasun Ziurtagiriak arautzen dituen urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuan aurreikusitako lanbide-heziketako sistemako zentroak erabiliz, lanbide-heziketako ikaskuntzak ematen dituzten administrazio publikoko zentroekin batera.

Laugarrena. Azaroaren 10eko 211/2015 Dekretuak (zeinaren bidez lan-esperientziaren bidez edo prestakuntzarako bide ez-formalen bidez eskuratutako lanbide-konpetentziak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedura eta antolamendua ezartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoan) 14. artikuluan jasotzen duenez, hezkuntza- eta lan-administrazioek prestakuntza espezifikoa eskainiko dute, prozeduran parte hartu duten eta egiaztagiria lortu ez duten pertsonek bermatuta eduki dezaten profesionaltasun-ziurtagiriak edo tituluak lortzeko prestakuntza-ibilbideak amaitzeko aukera. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren eta Lanbide Heziketako sailburuordearen 2021eko azaroaren 23ko Ebazpenak Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan lan-esperientziaren bitartez edo prestakuntzako bide ez-formalen bitartez eskuratutako konpetentzia profesionalak ebaluatu eta egiaztatzeko etengabe irekitako prozedura ezartzen du.

Bosgarrena. Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legeak (urriaren 17ko EHAA) nabarmentzen du lanbide-heziketaren eskaintza integratu bat egin beharra, titulartasun publikoko nahiz pribatuko zentro-sare zabal baten bidez, bai hasierako lanbide-heziketan bai enplegurako lanbide-heziketan. Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legeak aurrera egiten du zentzu horretan, lanbide-heziketako sistema integratu horretatik abiatuta, lanbide-heziketako eredu konbinatua sortzeko, zeinak berrikuntza aplikatuaren eta ekintzailetzaren arloko ikaskuntzak ere jasotzen baititu. Lanbide-heziketako euskal sistemaren helburuen artean, 4/2018 Legeak jasotzen du emaitzen araberako ikaskuntzaren ikuspegian oinarritutako prestakuntza-sistema malguak eratzea. Horretarako, ikaskuntza-ibilbide batzuk erabiliko dira, dauden prestakuntza-eskaintzen eta hezkuntza- eta lan-sistemaren mailen arteko transferentzia ahalbidetuko dutenak. Horrez gain, sail arteko organo bat eratzen du, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloko eta enplegurako lanbide-heziketaren arloko eskumenen koordinazioa bermatzeko.

Seigarrena. Martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoak (Lanbide Heziketaren Antolamendu eta Integrazioari buruzkoak) bere hirugarren xedapen iragankorrean jasotzen duenez, legean Konpetentzia Profesionalen Estandarren Katalogo Nazionalari lotuta aurreikusten dena arauz garatzen den bitartean, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionala arautzen duen irailaren 5eko 1128/2003 Errege Dekretuan jasotako Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalaren antolamenduak indarrean jarraituko du.

Zazpigarrena. Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen) Lan eta Enplegu Sailari esleitzen dizkio enplegu-politika eta Enplegurako Lanbide Heziketa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lankidetzarekin, horrek dauzkan erantzukizunei dagokienez, eta Lanbide Heziketaren eremuan oro har zuzendaritza, antolamendu eta plangintzan Hezkuntza Sailak dituen eginkizunak ezertan eragotzi gabe.

Zortzigarrena. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoa Lan eta Enplegu Sailari atxikita dago eta, besteak beste, enpleguko, enplegurako prestakuntzako eta autoenpleguaren eta enpresa-sorkuntzaren sustapeneko programak kudeatzen ditu, urriaren 13ko 3/2011 Legeak (Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari buruzkoak) 3.b) artikuluan ezarritakoarekin bat.

Halaber, Enplegurako Lanbide Heziketa arautzeko maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuak erakunde autonomo horri esleitzen dio Euskal Autonomia Erkidegoan enplegurako lanbide-heziketa programatzeko, kudeatzeko eta kontrolatzeko eskumena (9. artikulua). Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legeak ezartzen du hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren, enplegurako lanbide-heziketaren eta nekazaritza-arloko arautu gabeko lanbide-heziketaren arloan eskumena duten sailek eta erakundeek egingo dutela lanbide-heziketaren programazioa eta kudeaketa, bakoitzak bere eskumenen esparruan.

Bederatzigarrena. Maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren 13. artikuluan espresuki xedatzen da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak emango duela lanbide-heziketa, bai Eusko Jaurlaritzaren zentro propioen bidez, bai kudeaketa-aginduetarako akordioak izenpetuz. Xede horretarako, zentro propiotzat hartuko dira titulartasun publikoko Lanbide Heziketako zentro integratuak.

Xedapen honekin bat etorriz, eskuragarri dauden baliabide publikoak eraginkortasunez erabili eta optimizatzeko, eta lanbide-heziketaren arloan esleitutako eskumenak eta egitekoak gauzatuz aurreko apartatuetan azaldutakoak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Hezkuntza Sailak prestakuntza-ekintzen programazioa bultzatzen dute lanbide-kualifikazioa sustatzeko, konpetentzia profesionalak ebaluatu eta egiaztatzeko prozeduran parte hartzen duten pertsonen prestakuntza osatzeko.

Agindu hau tokiko zazpi enplegu-bulegoen eta haren inguruan dauden lanbide-heziketako zentro integratuen eremuan garatu beharreko plan pilotu gisa ulertzen da.

Eskaintza konpetentzia profesionalak ebaluatu eta egiaztatzeko prozeduran parte hartu duten pertsona langabe eta landunen kolektibo desberdinen beharrizanetara egokitzeko, profesionaltasun-ziurtagiria edo, hala badagokio, konpetentzia-unitatea osatzeko prestakuntza jakin bat behar duten pertsonen talde homogeneoen arabera sortzen diren prestakuntza-ekintzetan oinarrituta eratu da kudeaketa-agindua. Horrela lortu nahi da ahalik eta ondoen arreta ematea urte hauetan prestakuntza osatzeke duten pertsonei, dagozkien prestakuntza- eta enplegu-ibilbideen esparruan, gaitasun horiek behar dituzten prestakuntza-premietara egokitzen diren ekintzak sortuz; premia horiek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta prestakuntza-zentroek garatutako prestakuntza-aholkularitzaren eta orientazio-jardueren bidez hautemango dira.

Horrela, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoak, langile langabeentzako eta landunentzako enplegurako lanbide-heziketaren eskaintza programatu eta kudeatzeko EAEko organo eskuduna den aldetik, eta Hezkuntza Sailak, prestakuntza hori emateko zentroak dituen aldetik, kudeaketa-gomendioari buruzko akordio hau izenpetzea hitzartu dute, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluan xedatutakoaren arabera. Hona hemen akordio hori arautuko duten

KLAUSULAK

Lehenengoa. Xedea.

  1. Akordio honetan aipatzen den kudeaketa-aginduak honako hau du xede: Hezkuntza Sailak 2023ko ekitaldian zehar EAEn lan-esperientziaren bitartez edo prestakuntzako bide ez-formalen bitartez eskuratutako konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozeduran parte hartu duten pertsonen prestakuntza osatzeko prestakuntza-ekintzak egitea, horiei lotutako profesionaltasun-ziurtagiriak edo konpetentzia-unitateak osatzeko asmoz.

  2. Agindu honen xedeko programazioa osatzen duten prestakuntza-planak 2023ko ekitaldian zehar garatu beharko dira. Prestakuntza-ekintzak, zehazki, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen direnetik aurrera hasi beharko dira, eta 2023ko abenduaren 1ean amaitu, lantokian prestakuntza praktikoa egiteko modulua barne, hala badagokio.

    Bigarrena. Finantzaketara bideratutako baliabide ekonomikoak.

    Agindu honen xede den 2023ko prestakuntza-programazioa finantzatzeko guztizko kreditua bostehun mila (500.000) eurokoa da.

    Hirugarrena. Prestakuntza-ekintzen tipologia.

  1. Programatu daitezkeen prestakuntza-ekintzak profesionaltasun-ziurtagiriak lortzera zuzenduta dauden prestakuntza egiaztagarrikoak izango dira.

    Profesionaltasun-ziurtagiri baten konpetentzia-unitateari lotutako egiaztapen partzial metagarria eskuratzeko beharrezko prestakuntza osatzen laguntzen duten prestakuntza-moduluak edo prestakuntza-unitateak programatu ahalko dira, prestakuntza-ekintzaren xede den pertsona-taldearentzat egokiena den prestakuntza-ibilbidearen arabera.

  2. Prestakuntza-ekintzak aurrez aurreko modalitatean emango dira.

    Aurrez aurreko prestakuntza da ikasgela batean gertatzen dena, irakaslea bertan dela, honek ikasle-talde bati ezaguera berak aldi berean transmititzen dizkionean, erabiltzen diren baliabide didaktikoak nolakoak diren gorabehera.

  3. Prestakuntza-ekintzaren alde teoriko-praktikoa baino ez da finantzatuko. Ez da diruz lagunduko lantokiko prestakuntza praktikoaren modulua, halakorik badago.

  4. Prestakuntza-ekintzek, oro har, gutxienez 8 partaide eta gehienez 25 partaide izango dituzte. Hala ere, ekintzak sortu ahalko dira 8 partaide baino gutxiagorentzat ere, baldin eta partaideen gutxieneko horrekin ekintza homogeneo bat osatzeko pertsona aski ez badago.

  5. Prestakuntza-ekintza bakoitzaren iraunaldi osoaren % 25 betetzean, ekintzan hasi ziren parte-hartzaileen % 75ek bertan jarraitu beharko dute (onartzen diren bi parte-hartzaile gehigarriak kontuan hartu gabe). Jarraitzen dutenen ehunekoa txikiagoa bada, ekintzak aurrera jarraitu beharko du, eta amaitzean likidatu beharko da, kudeaketa-agindu honen hamazazpigarren klausulan eta II. eranskinean adierazitakoaren arabera. Ondorio horietarako, prestakuntza hasi duten partaideen kopurutzat hartuko da prestakuntza-ekintzaren lehen egunean prestakuntza hasi zuten pertsona guztien kopurua.

    Laugarrena. Prestakuntza-programazioa.

  1. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Hezkuntza Sailaren arteko kudeaketa-agindu hau betez, Euskal Autonomia Erkidegoan lan-esperientziaren bitartez edo prestakuntzako bide ez-formalen bitartez eskuratutako konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozeduran parte hartzen duten pertsonen prestakuntza-beharrizanei erantzun diezaioketen prestakuntza-egintzez osatutako bilduma bat edukiko dute. Ekintza horiek bilduman sartuko dira, I. eranskinean zerrendatutako Hezkuntza Saileko prestakuntza-zentroek hala eskatuta, edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak hautemandako beharrei erantzuteko, hurrengo ataletan deskribatzen den moduan.

  2. Prestakuntza-ekintza bat hasteko aukera ematen duen talde bat osatzen denean, baimendutako prestakuntza-zentroak, LanF prestakuntza-aplikazio informatikoaren bidez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraziko dio programatu beharreko prestakuntza-ekintza, honako hauek adierazita: prestakuntza-espezialitatea, ikasleen kopurua, orduen kopurua, prestakuntzaren lekua, hasiera-data eta amaiera-data.

    Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak 10 egun baliodun baino lehen proposamena egiaztatu eta baimendu ondoren, zentroak bere urteko programazioari ekin ahal izango dio.

    Bosgarrena. Prestakuntza-plana eta haren zuzkidura ekonomikoa.

  1. Zentro publikoek kudeaketa-agindu honen eremuan eman beharreko prestakuntza-ekintzek prestakuntza-plan bakarra osatuko dute akordio honen egikaritze-aldirako, eta osorik hartuta finantzatuko da.

  2. Prestakuntza-ekintza bakoitzak jasoko duen zenbatekoa kalkulatzeko, parte-hartzaile bakoitzak duen prestakuntza-orduko kostua hartu da kontuan, modulu ekonomikoen arabera (II. eranskinean zehazten da horien osaera eta kalkulua).

    Seigarrena. Alta ematea Prestakuntza Erakundeen Estatuko Erregistroan.

    Programazioan parte hartzen duten zentroek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bitartez akreditatuta edo inskribatuta egon beharko dute emango den prestakuntza-espezialitatean. Datuok Prestakuntza Erakundeen Estatuko Erregistroan sartuko dira, hala badagokio.

    Zazpigarrena. Harreman zuzena Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta lanbide-heziketako zentroen artean, eta ordaintzeko modua.

  1. Prestakuntza-programazio hau gauzatzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak zuzeneko harremana izango du programazioan aritzen den prestakuntza-zentro bakoitzarekin.

  2. Hezkuntza Sailaren antolaketa ekonomiko-finantzarioaren arabera, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren kontuan sartuko du kudeaketa-aginduaren zuzkidura osoa, lehen prestakuntza-ekintza hastean.

    Kudeaketa-agindu hori amaitzean, hamazazpigarren klausulan adierazitako finantzaketa justifikatu eta likidatu ondoren, soberakinak Hezkuntza Sailaren eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren artean doituko dira.

    Zortzigarrena. Prestakuntzaren hartzaileak.

  1. Programazio honetan aurreikusitako prestakuntza-ekintzetan lehentasunez parte hartu ahal izango dute EAEko lan-esperientziaren bitartez edo prestakuntzako bide ez-formalen bitartez eskuratutako konpetentzia profesionalak ebaluatu eta egiaztatzeko prozeduran parte hartzen duten edo parte hartu dute pertsonek. Era berean, profesionaltasun-ziurtagiria osatzeko prestakuntzako modulu edo unitateren bat falta duten pertsonek ere parte hartu ahalko dute, konpetentzia profesionalak ebaluatu eta egiaztatzeko prozeduran parte hartu ez badute ere.

  2. Eskaintzen diren prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duten pertsonek ekintza horietan parte hartzeko baldintzak bete beharko dituzte.

    Bederatzigarrena. Prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonen hautapena.

  1. Honako hauek izan daitezke prestakuntza-ekintza bakoitzean parte hartzeko hautagaiak:

    Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak deitutako enplegu-eskatzaileak, prestakuntza-aholkularitzako edo ebaluazioko prozesu baten ondoren agindu zaien prestakuntza egiteko, EAEko lan-esperientziaren edo prestakuntzako bide ez-formalen bitartez eskuratutako konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozeduran.

    EAEko lan-esperientziaren edo prestakuntzako bide ez-formalen bitartez eskuratutako konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozeduran parte hartzen duten edo parte hartu duten pertsonak, prestakuntza-zentroetatik bideratzen direnak.

    Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak deitutako enplegu-eskatzaileak, profesionaltasun-ziurtagiri baten egiaztapena osatzeko falta dituzten prestakuntza-moduluez eratutako prestakuntza-ekintza bat egiteko.

  2. Ikastaroetan parte hartuko duten ikasleen azken hautaketa prestakuntza-zentroak egingo du, aurrez izena eman duten hautagaien artean. Horretarako, prestakuntza emango duen zentroak sarbidea izango du inskribatutako hautagaien datuetara Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren prestakuntza-kudeaketarako aplikazioaren bidez (LanF). Erakundeak prestakuntza-ekintzak hasi aurretik egingo du hautaketa-prozesua, behar diren bermeekin.

    Beharrezkoa den prestakuntza-ekintza guztietan, hautaproba bat ere egingo dute, bere instalazioetan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikariekin aurrez adostuta, ekintza behar bezala aprobetxatzen dela ziurtatzeko eta kualifikazio-ekintzen helburuak lortzeko ezinbestekoa den aurretiazko ezagutza-maila erreala zehazteko. Proba hori LanF aplikazioaren dagokion atalean erantsiko da, prestakuntza-ekintzak gauzatzeari buruz ematen diren jarraibideen arabera.

  3. Pertsona batek ezin izango ditu bi ikastaro batera egin, ikastaroan sartzeko baldintzak betetzen dituen beste norbaiten eskabidea jaso bada.

  4. Hautaketa bukatu ondoren, prestakuntza-zentroek hautaketaren emaitza jakinaraziko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, LanF kudeaketarako aplikazio informatikoaren bidez, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak berariaz emandako jarraibideak aintzat hartuz.

  5. Hautatuak izan direnen zerrenda eta erreserba-egoeran gelditzen direnen zerrenda erakutsi behar dituzte prestakuntza-erakundeek beren instalazioetan, prestakuntza-ekintzak abiarazi baino 24 ordu lehenago gutxienez, hautagaiei aldez aurretik adierazi zaien leku batean. Hor, zehaztuta egon behar du non, zer egunetan eta zer ordutan hasiko diren prestakuntza-ekintzak.

    Aurrekoa eragotzi gabe, prestakuntza-zentroek egoki iritzitako bestelako bitartekoak erabili ahal izango dituzte ikasleei ikastaroetan parte hartuko dutela jakinarazteko.

  6. Prestakuntza-ekintzak ezingo dira hasi 8 parte-hartzaile baino gutxiagorekin, behar bezala justifikatutako kasuetan izan ezik.

    Hamargarrena. Prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonen eskubideak eta betebeharrak.

  1. Prestakuntza-ekintzak doakoak dira ikasleentzat, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak diruz lagunduko ditu.

  2. Ikasleek aseguru-estaldura izango dute ikastaroetan eta, behar denean, enpresako prestakuntza praktikoan, bai eta haietara joateko bidean dituzten arriskuetarako, istripuak eta erantzukizun zibila estaltzeko poliza sinatuko baitu Eusko Jaurlaritzak.

  3. Klaseko lehen egunean ikastaroaren egutegia, prestakuntza-ekintzaren programa eta ikasleen eskubide eta betebeharren dokumentua jasoko dute ikasleek, eta dokumentu hori sinatuko dute.

  4. Ikasleek prestakuntza-ekintzetara joan beharko dute, eta haiei etekina atera beharko diete. Horretarako, prestakuntza-zentroak eguneroko bertaratze-partea egin beharko du, eta irakasleak eta parte-hartzaileek sinatu beharko dute. Eguneroko partea bereizita egingo da prestakuntza-modulu bakoitzerako.

  5. Ikasleek ezin izango dute ikastaro batean baja eman beste prestakuntza-ekintza bat hasteko. Ezin izango dute jarduera utzi harik eta bukatzen den arte, baina salbuespena izango dira honako kasu hauek: enplegua aurkitu badute, eta horrek prestakuntza-ekintzara joatea eta probetxua ateratzea galarazten badie, edo bat-bateko familia-egoera larriren bat sortzen bazaie. Jarduera justifikaziorik gabeko beste arrazoiren batengatik utziz gero, gerta liteke pertsona hori lehentasunezkoa ez izatea etorkizuneko deialdietako prestakuntza-ekintzetan.

    Hamaikagarrena. Ikasleak baztertzeko kausak eta prozedura.

  1. Honako hauek izango dira ikasleak baztertzeko arrazoiak:

    1. Justifikatu gabeko hiru asistentzia-faltatik gora egitea hilabetean, langabeen kasuan.

    2. Prestakuntza-ekintzaren iraupen osoaren % 25etik gora huts egitea, arrazoia edozein dela ere, justifikatua edo justifikatu gabea.

    3. Prestakuntza-ekintzari probetxurik ez ateratzea, edo ekintza behar bezala egitea eragozten duen jokabide desegokia izatea, osasun- eta higiene-arauak ere kontuan hartuta.

  2. Honako hau izango da ikasleak baztertzeko prozedura:

    Prestakuntza-zentroak prestakuntzako teknikariari jakinaraziko dio baztertzeko arrazoietako bat gertatu dela, horretarako ezarri den eredua erabiliz. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak arrazoi hori aztertuko du, eta, ontzat ematen badu, Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak baztertzeko prozedura hasteko erabakia hartuko du. Erabakian, ikaslea baztertzeko proposamenaren arrazoia azalduko da, eta ikasleak bost egun balioduneko epea izango du alegazioak aurkezteko. Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendariak gehienez hamabost egun balioduneko epean ebatziko du prozedura. Egoerak eskatzen badu, behin-behineko neurriak har daitezke baztertze-prozedurari ekiteko erabakian, prestakuntza-jardueraren jarraipen egokia bermatzeko. Neurri horietako bat izan daiteke ikaslea behin-behinean baztertzea, erabakia jakinarazten zaionetik prozedura ebazten den arte. Ebazpenean adieraziko da zein errekurtso aurkeztu daitekeen.

    Asteren batean ikasleren baten hutsegiteak prestakuntza-ekintzaren ordu-kopuruaren % 25 baino gehiago badira, edo justifikatu gabeko hiru hutsegite baino gehiago egiten baditu hilabetean, eta ikasleak ekintzara joaten jarraitzen badu, prestakuntza-zentroak horren berri emango dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako Zuzendaritzari, ikaslea baztertzeko prozedura has dezan. Modulu oso bat geratzen bada egiteko, eta % 25etik gorako hutsegiteak arrazoi justifikatu batengatik gertatu badira (adibidez, gaixotasuna edo lanean hastea), pertsona horrek geratzen den modulua egiteko aukera izatea aztertu ahal izango da.

    Ikasleren batek prestakuntza-ekintzara joateari uzten badio eta ez joateak orduen % 25 gainditzen baldin badu, zentroak egoera horren berri emango dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, eta ofizioz emango zaio baja, baztertze-prozedura erabili beharrik gabe.

    Hamabigarrena. Prestakuntza-ekintzak gauzatzea eta lortutako konpetentziak egiaztatzea.

  1. Prestakuntza-zentroek gomendio honetan ezarritakoaren arabera eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak emandako ereduak aintzat hartuta egikaritu beharko dituzte prestakuntza-ekintzak. Erakunde autonomo honen prestakuntzarako informatika-aplikazioa (LanF) erabiliko du prestakuntzaren hasiera jakinarazteko (hasiko den eguna baino 7 egun lehenago gutxienez), bai eta gerora izan daitekeen edozein aldaketaren, prestakuntza-ekintzak bukatzearen eta parte-hartzaileen bertaratzea kontrolatzearen berri emateko ere. Oro har, eta aurkako jarraibiderik ematen ez bada, gehienez 7 egun balioduneko epean egin beharko zaizkio jakinarazpenak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari. Prestakuntza-ekintzak ezingo dira hasi aldez aurretik Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ez badu LanF aplikazioan Hasierako Komunikazioa baimendu.

  2. Bi ikasle gehiago bertaratu ahal izango dira prestakuntza-ekintzara, hasieran onartutakoez gain, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren finantzaketa jasotzeko eskubiderik gabe, baldin eta prestakuntza-zentroek hala eskatzen badute hasierako komunikazioan, betiere instalazioak eta ekipoak badituzte eta ikasle guztientzako berdintasun-baldintzak bermatzen badira. Baimena eman aurretik, instalazioak eta ekipamenduak daudela eta eskatutako partaide-kopurua dagoela egiaztatuko da, kontuan hartuta, urtarrilaren 25eko 62/2022 Errege Dekretuaren arabera, prestakuntza emateko baldintza gisa eskatzen diren espezializazio-ikastaroen eta lanbide-heziketako tituluen curriculuma ezartzeko orduan hezkuntza-administrazioak zehaztu dituen espazioak eta ekipamenduak egokiak eta nahikoak izango direla profesionaltasun-ziurtagiriak emateko, eta enplegurako lanbide-heziketako beste prestakuntza-ekintza batzuk garatzeko, baldin eta osorik edo partzialki egiaztatzen badituzte titulu edo espezializazio-ikastaro horietan jasotako kualifikazio profesional berberak.

  3. Langile langabeek ezingo dituzte egunean 8 ordu baino gehiago eman prestakuntza-ekintzetan. Nolanahi ere, astean ez dira egingo 40 ordu baino gehiago. Muga horietan sartuko dira, hala dagokienean, profesionaltasun-ziurtagiri bakoitzari dagozkion lantokiko prestakuntza praktikoaren moduluko orduak.

  4. Prestakuntza-zentroak prestakuntza-ekintzak arrazoizko ordutegietan programatzen saiatuko dira, bereziki gizatalde kalteberei zuzendutakoak. Prestakuntza eta ikasleen bizitza pertsonala uztartzeko moduko ordutegiak ezartzen saiatu beharko dute.

    Prestakuntza-ekintza hasi ondoren, erregulartasunez burutuko da, eta prestakuntza-zentroak ezingo du aldi baterako eten, ezinbesteko kasuan izan ezik, behar bezala justifikatuta eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak onartuta.

    Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak prestakuntza-ekintza bat kautelaz eten ahal izango du, baldin eta prestakuntza emateko ohiko garapenean eragin nabarmena duten anomaliak hautematen badira.

  5. Prestakuntza-ekintzak hasi aurretik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak prestakuntza-zentroak jakinarazitako alderdi hauek baliozkotuko ditu, horiek baliozkotu ezean ezingo baita hura hasi:

    1. Zentroak, prestakuntza-ekintzaren hasieran, ikasleei emango dien prestakuntza-ekintzaren egutegi modular osoa.

    2. «Ebaluazioaren plangintza» dokumentua, LanF aplikazioan emandako ereduaren arabera.

    3. Prestakuntza ematen duten pertsonak. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak baimendu beharko ditu prestakuntza-ekintza hasi aurretik, eta prestatzaileen fitxategian sartu beharko dira, baldin eta ez badaude bertan alta emanda indarrean dagoen araudian ezarritako eskakizunen arabera.

      Profesionaltasun-ziurtagirien prestakuntza-moduluak eman ahalko dituzte hezkuntza-sistemako irakasleek, Profesionaltasun Ziurtagiriak arautzen dituzten urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuan aurreikusitakoez gain, kontuan hartuta modulu profesionalei lotutako konpetentzia-unitateak (prestakuntza profesionaleko titulu bakoitza arautzen duten arauetan berariaz jasotakoak) edo profesionaltasun-ziurtagiriak, ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 8. artikuluan eta lehen xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, bat datozela horiek balioesteko modulu profesionalekin, bai eta modulu profesional horien irakaskuntza-esleipenarekin ere.

      Prestakuntza-modulu bakoitza gehienez bi irakaslek eman ahal izango dute.

      Prestakuntza ematen duten pertsonek hiru baldintza betetzen dituztela egiaztatu behar dute:

      1. Profesional-ziurtagiriak eskatzen duen titulu akademikoa.

      2. Eman beharreko prestakuntza-moduluarekin lotuta dagoen konpetentzia-unitatearekin erlazionatutako lanbide-esperientzia, soldatapekoen, bekadunen edo boluntarioen kasuan enpresak sinatutako aldien eta denbora-tarteen ziurtagiriaren bidez edo autonomoen kasuan erantzukizunpeko adierazpenaren bidez. Konpetentzia-unitatearen eremuko irakaskuntza-esperientzia baliokidetzat jo ahal izango da, ESS/1897/2013 Aginduaren 29.4 artikuluan ezarritako baldintzetan.

      3. Irakaskuntza-eskumena. Bi bideetakoren baten bidez egiaztatu daiteke:

        Ondoko titulazio hauetakoren bat edukitzea: Pedagogia, psikopedagogia edo irakaskuntzako lizentziatura; psikologiaren edo pedagogiaren eremuko graduko unibertsitate-tituluak edo aipatu eremuetako graduondoko unibertsitate-titulu ofiziala; enplegurako lanbide-heziketako irakaskuntzako profesionaltasun-ziurtagiria; lanbide-heziketako prestatzailearen profesionaltasun-ziurtagiria; gaitasun pedagogikoko ziurtagiria, espezializazio didaktikoko titulu profesionala, edo kualifikazio pedagogikoko ziurtagiria; derrigorrezko bigarren hezkuntzako, batxilergoko, lanbide-heziketako eta hizkuntza-eskola ofizialetako irakaslearen lanbide arautuetan jarduteko gaikuntza ematen duen unibertsitate-masterra; edo prestakuntza pedagogiko eta didaktikoaren pareko prestakuntza-ikastaroa, irakaskuntzaren ondoreetarako parekidetzat jotzen den titulazio bat edukirik ezin badute masterreko ikasketarik egin, azaroaren 8ko 1834/2008 Errege Dekretuaren lehen xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera.

        Azken hamar urteetan gutxienez 600 irakastordu eman izana hezkuntza-sistemaren enplegurako lanbide-heziketaren prestakuntza-ekintzak irakasten, modalitate presentzialean.

        Prestakuntza-zentroko arduradunak baldintza horiek betetzen direla egiaztatu beharko du, baldintzak egiaztatzen dituzten agiriak zainduko ditu, eta dagokion aitorpena sinatuko du.

    4. Tutoreak: horietako gutxienez bat profesionaltasun-ziurtagiriaren prestakuntza-moduluren batean akreditatuta egon beharko da. Pertsona hori praktiketako modulua egitean prestakuntza-zentroko tutorea izango da.

      1. Ikastaroaren hasieran, prestakuntza-zentroek gutxienez honako material hau emango diote prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duen bakoitzari:

        espezialitatearen eduki guztiak biltzen dituen eskuliburu bat, editatua edo euskarri informatikoan,

        ikastaroa zuzen garatzeko beharrezkoa den idazmahaiko materiala eta

        behar diren babes-elementuak.

        Prestakuntza-zentroek berariaz jakinarazi behar dute material didaktiko horiek eta sortutako beste material batzuek Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketa eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren finantzaketa izan dituztela.

        Era berean, zer eskubide eta betebehar dituzten azalduko diete ikasleei, baita kanporatzeko arrazoiak eta prozedurak ere.

      2. Ikasleren batek ikastaroa uzten badu, partaide berriak sartu ahalko dira prestakuntzara horien ordez, lehen bost eskola-egunetan, betiere horien iraupenaren ehuneko 25 gainditu ez bada.

      3. Prestakuntza-ekintzan parte hartzen duten langabeei dagokienez, batik bat langabeziako prestazioa edo sorospena edota diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten pertsonen kasuan, parte-hartzaile horien uko egiteak, ez agertzeak eta prestakuntza-ekintzak uzteak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari lehenbailehen jakinarazi beharko dizkiote prestakuntza emateko ardura duten prestakuntza-zentroek, egoera horien kausak adierazita.

      4. Profesionaltasun-ziurtagiriei lotuta prestakuntzaren ebaluazioa moduluka egingo da, ikasketaren emaitzak egiaztatzeko eta, horren bidez, lanerako konpetentziez jabetu dela bermatzeko. Ikasleek, modulu baten amaierako ebaluazio-probara aurkeztu ahal izateko, frogatu beharko dute ikastaroak izandako ordu guztien ehuneko 75ean gutxienez ikastaroan parte hartu dutela.

        Prestakuntza-unitateak ematen direnean, ebaluazioa unitateka egingo da, eta haien prestakuntza-kontuan metatuko da, harik eta prestakuntza-modulua osatzen duten arte eta horri lotutako konpetentzia-unitatea egiaztatu ahal duten arte.

        Ebaluazioa sistematikoki egingo da, aldez aurreko plangintza bati egokituta, eta bertan jasoko dira, gutxienez, modulu bakoitzerako, hura egiteko aurreikusitako egunen aurreikuspena, zein tokitan egingo den, erabiliko diren ebaluazio-tresnak, eta horien aplikazioak iraungo duen denbora (LanF aplikazio informatikoan emandako ikaskuntzaren ebaluazioa planifikatzeko ereduaren arabera). Ebaluazio-tresna horiek eta parte-hartzaile bakoitzak egindako probak eskaneatuko dira, eta aplikazio informatikoan gordeko dira.

        Prestakuntza-moduluetan egiaztatu beharreko ikaskuntzaren emaitzak haien gaitasunetan eta ebaluazio-irizpideetan jasotako ezaguerei eta trebetasun praktikoei dagozkienak izango dira; horrela, osotasunean, lanbide-konpetentziak eskuratu direla egiaztatu ahalko dute.

        Konpetentzia-unitateen egiaztapena jasotzeko, emaitza positiboarekin gainditu beharko dituzte haiekin lotutako prestakuntza-moduluak, «gai» direla adierazita.

        Prestatzaileek dokumentu bidez islatuko dituzte txosten batean prestakuntza-modulu bakoitzaren ebaluazioan ikasleek lorturiko emaitzak, eta bertan bilduko da aplikaturiko ebaluazio-tresnetan ikasle bakoitzak izandako jarduna, egindako zuzenketekin eta horietan lorturiko puntuazioekin (LanF aplikazio informatikoan emandako ebaluazio-txosten indibidualizatuaren ereduaren arabera).

        Modulua eman eta gero, ebaluazio-akta bete beharko da LanF aplikazio informatikoaren bidez, parte-hartzaile bakoitzak lortutako emaitzarekin: «gai», «gai, egiaztaezina» edo «ez gai».

        Lantokiko prestakuntza praktikoko modulua egiten den bitarteko ikasleen jarraipena eta ebaluazioa batera egingo dituzte prestakuntza-zentroak izendatutako tutoreek eta enpresak. Modulu hori gainditzen duten ikasleek ziurtagiri bat jasoko dute LanF aplikazioaren bitartez.

        Ikastaroa bukatutakoan gainditutako prestakuntza-moduluei dagokien egiaztapen partzial metagarria (EPM) emango zaie parte-hartzaileei, eta, hura osatu badute, profesionaltasun-ziurtagiria lortzeko prozedura hasiko da.

        Ikasleak emaitza negatiboekin bukatzen badu ikastaroa, asistentzia-ziurtagiri bat emango zaio, eta, hala dagokionean, gainditu dituen prestakuntza-moduluen egiaztapen partzial metagarriak edo prestakuntza-modulu baten barruan zer prestakuntza-unitate gainditu dituen zehazten duen ziurtagiria.

        Honako datu edo dokumentu hauek aurkeztu beharko dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren LAN-F informatika-aplikazioan:

        Ikastaldia hasi aurreko 7 egun baliodunetan:

        Ebaluazioaren plangintza, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ezarritako ereduaren arabera (LanF aplikazio informatikoaren bitartez eskainiko da).

        Erabiliko diren ebaluazio-tresnak, eta horiek zuzentzeko eta puntuatzeko euskarriak.

        Ikastaroa bukatu ondoko 7 egun baliodunetan:

        Ikasleen emaitzak biltzen dituen online dokumentazioa LanF aplikazioan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ezarritako ereduaren arabera (LanF aplikazio informatikoaren bitartez eskainiko da).

        Ebaluazio-aktak betetzea.

        Hamahirugarrena. Lantokiko prestakuntza praktikoko modulua.

      1. Prestakuntza-erakundeek lantokiko prestakuntza-modulu praktikoa egitea aurreikusi beharko dute, ikasten ari diren moduluarekin lotutako lanetan, ikastaroetan parte hartzen duten eta profesional-ziurtagiria amaitzen duten ikasle guztientzat (salbuespenak: urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuak, profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituenak, 5.bis artikuluan xedatzen dituen salbuespen-egoera batean dauden ikasleak).

        Praktiken iraupena eta edukia bat etorriko dira lantokiko prestakuntza praktikoko moduluarekin, profesionaltasun-ziurtagiria arautzen duen Errege Dekretuaren II. eranskinean ezarritakoaren arabera.

        Lehentasunez, lanbide-praktikak gainerako prestakuntza-moduluak bukatutakoan egingo dira, aurrekoak emaitza positiboarekin gainditu badira, betiere; horrela, azken prestakuntza-modulua bukatzen denetik lau hilabete igaro baino lehen hasi behar dira lanbide-praktikak.

        Salbuespenez eta justifikatuta baldin badago, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak baimena eman ahal izango du lanbide-praktikak gainerako prestakuntza-moduluekin batera egin ahal izateko. Prestakuntza-ekintza emaitza positiboekin gainditu duten ikasle guztiek egin ahal izango dute prestakuntza praktikoko modulua lantokian, haien administrazio-egoera edozein izanda ere.

        Praktikak prestakuntza-ekintza egiten ari diren bitartean hasi dituzten eta azken emaitza negatiboa lortzen duten ikasleek praktiketan jarraitzeko aukera izango dute. Prestakuntza-ekintza uzteak, berriz, hari lotutako lantokiko prestakuntza praktikoko modulua amaitzea ekarriko du.

      2. Lanekoak ez diren praktikak egiteko, enpresaren eta prestakuntza-erakundearen arteko akordio bat sinatuko da, eta akordio horren berri emango zaio praktikak egingo dituen pertsonari. Akordio horretan, hauek azaldu beharko dira: praktiken edukia, iraupena, praktikak egiteko tokia eta ordutegia, eta praktiken jarraipena eta ebaluazioa egiteko tutoretza-sistema. Praktikak hasi baino lehen, enpresako langileen legezko ordezkariei emango zaie akordio horren berri. Baldintza hori bete den ziurtatzeko, langileen legezko ordezkariek hitzarmenari buruzko informazioa jaso dutela adierazteko dokumentua erantsi beharko da (eredu ofiziala erabili beharko da horretarako, LanF aplikaziotik hartuta). Gainera, parte hartzen duten ikasleen zerrenda ere erantsi beharko da.

      3. Praktikak Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan egin beharko dira, hori eragozten duten eta behar bezala justifikatuta dauden arrazoiak daudenean izan ezik, eta aldez aurretik Enplegurako Prestakuntzako eta Diru-sarrerak Bermatzeko zuzendariak baimendu behar du.

      4. Ikasleek ezin izango dute kontratu-harremanik izan praktikak egingo diren enpresa, instituzio edo erakunde publiko edo pribatuarekin, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak horretarako baimena eman ezean.

      5. Praktiken eguneko lanaldia ezin izango da 8 ordutik gorakoa izan.

      6. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak praktiken akordioa baliozkotzea ezinbesteko baldintza da, eta lantokietako prestakuntza-modulua hasi aurretik egin behar da. Hori betetzen ez bada, nahitaezko baimena ez duten praktikak baliogabetu ahal izango dira.

        Hamalaugarrena. Prestakuntza-ekintzen jarraipena eta kontrola.

      1. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, prestakuntza ematen duen zentroarekin lankidetzan, prestakuntza-ekintzen jarraipena eta kontrola egingo ditu. Hori eskakizunak eta alderdi formalak betetzen direla egiaztatzeaz eta prestakuntzaren emaitzez harago doan lana da, eta kalitatea bermatzeko balio izango du.

      2. Jarduera-plan bat ezarriko da, deialdian ezarritako baldintzak betetzen diren eta prestakuntza-proiektuak erregulartasunez garatzen diren egiaztatzeko eta, hala badagokio, dagozkion neurri zuzentzaileak ezartzeko. Jarduera horiek barnean hartuko dute prestakuntza-jardueraren jarraipena, ematen den tokian eta toki horretatik kanpo, diruz lagundutako prestakuntza-ekintzak egiten diren bitartean edota amaitu ondoren, dokumentuen bidez eta frogagiri fisikoen bidez.

        Hamabosgarrena. Prestakuntza-ekintzen ebaluazioa.

        Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak deialdi honen kalitatea ebaluatuko du, kontuan hartuta ikasleek berek betetako galdetegietatik lortutako batez besteko emaitzak, enplegurako prestakuntza-ekintzen kalitatea ebaluatzeko galdetegiak argitaratzen dituen Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2009ko apirilaren 27ko Ebazpenean xedatutakoaren arabera (2009ko ekainaren 11ko BOE).

        Horretarako, prestakuntza-zentroek burutzen duten prestakuntzaren kalitatea ebaluatu eta kontrolatu beharko dute, prestakuntza-planean jasotako prestakuntza-ekintzak kudeatzeko jardueren artean.

        Edonola ere, prestakuntza-ekintza bakoitza amaitu aurretik, parte-hartzaileek kalitateari buruzko galdetegia bete beharko dute; oro har, prestakuntza egiaztagarriko ekintza guztietan, amaierako azterketa egitean emango zaie, baita egiaztagarria ez den baina amaierako azterketa egitea eskatzen duen prestakuntzaren kasuan ere. Gainerako prestakuntza-ekintzetan, ikastaroaren azken bi egunetan beteko da galdetegia.

        Galdetegi horiek telematikoki beteko dituzte ikasleek. Ikastaroa ematen duen erakundearen ardura da kalitateari buruzko galdetegia betetzen dela ziurtatzea; horretarako, parte-hartzaileen eskura jarriko dituzte beharrezko baliabideak, diruz lagundutako ikastaroa amaitzen duten ikasleek galdetegia bide telematikoz betetzea ahalbidetzeko. Parte-hartzaileen % 67k baino gutxiagok erantzuten badiote galdetegiari, dirulaguntzaren likidazioa hamazazpigarren artikuluan adierazten den bezala egingo da.

        Hamaseigarrena. Aldeen betebeharrak prestakuntza-planen egikaritzan.

      1. Kudeaketa-agindu honen xede diren prestakuntza-planak egiteko, baldintza eta betebehar hauek izango dituzte alderdiek:

      1. Hezkuntza Sailaren aldetik:

        1. Prestakuntza-zentroek emandako datu guztiak egiazkoak direla bermatzea.

        2. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, behar duen informazioa egiaztatzeko baimena ematea, horri buruzko kontsultak egiteko edo eskatzeko, zentro bakoitzaren prestakuntza-planaren gaineko datuak egiaztatzearren.

      2. Prestakuntza ematen duten lanbide-heziketako zentroen aldetik:

        1. Onartutako prestakuntza-ekintzak gauzatzea, aurreikusitako ordutegi eta datetan, eta haietan gerta daitezkeen aldaketa esanguratsuen berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

        2. Prestakuntza-ekintzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aplikazio informatikoaren bidez kudeatzea (LanF).

        3. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari prestakuntza-jardueren hasiera jakinaraztea, LanF kudeaketa-aplikazio informatikoan.

        4. Ziurtatzea prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duten irakasleek betetzen dituztela profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituzten errege-dekretuek prestatzaileei ezarritako eskakizunak. Prestakuntza ematen duen zentroaren zuzendaritzak betetze-maila horri buruzko ziurtagiria aurkeztuko du, informatika-aplikazioaren bidez emandako ereduari jarraituz, eta LanF programan sartuko da ikastaroa hasi baino lehen. Irakasleak zentroko bertako langileak izango dira, edo zentroak berak zuzenean kontratatutako pertsona fisikoak. Ez dago baimenduta azpikontratazioa (30/2015 Legearen 14. artikulua).

        5. Lanbide-informazioa eta -orientazioa ematea prestakuntza-ekintzetan parte hartu nahi duten pertsonei, haien prestakuntza-premiak eta programatu diren prestakuntza-ekintzetan parte hartzeko aukerak argitzeko.

        6. Jakitera ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak finantzatu dituela programa honen arabera emandako prestakuntza-ekintzak, ekintzok komunikatzeko, hedatzeko edo publiko egiteko ekintzetan.

        7. Ikasleei eta irakasleei jakinaraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak finantzatutako prestakuntza-ekintzak direla.

        8. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikariekin lankidetzan aritzea, prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonak aukeratzeko prozesuan, eta ziurtatzea aukeratutako izangaiek bete egiten dituztela ikastaroetarako sarbide-eskakizunak.

        9. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikariei ikastaroen garapenari buruz eskatzen dieten informazio guztia ematea.

        10. Parte-hartzaileen prestakuntza-ebaluazioa eta ebaluazio sumatiboa egitea, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eginiko jarraibideekin bat etorriz, eta LanF aplikazioaren bidez jakinaraztea bai plangintza bai banakako ebaluazioa.

        11. Puntualki jakinaraztea, LanF kudeaketako aplikazio informatikoaren bidez, ikastaroetan sortzen diren ikasleen bajak edo uzteak. Halaber, prestakuntza-ekintzak egitean gertatzen diren gorabehera aipagarrien berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

        12. Ikastaroetan libre geratu diren lekuen berri ematea erreserba-egoeran dauden pertsonei, eta bajak betetzen dituzten pertsonek behar adinako jakintza dutela ziurtatzea, prestakuntza-ekintzaren gainerako denbora aprobetxatzeko, eta profesionaltasun-ziurtagiriak ateratzen ari diren pertsonei dagokienez, gai direla modulu guztiak amaitzeko.

        1. Prestakuntza praktikoko modulua lantokiren batean egin daitekeela aurreikustea, ikastaroetan parte hartzen duten pertsona guztientzat, aintzat hartuta, betiere, zer salbuespen arautzen dituzten profesionaltasun-ziurtagiriei buruzko urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretua aldatzen duen abenduaren 10eko 1675/2010 Errege Dekretuak eta profesionaltasun-ziurtagiriak ezartzen dituzten errege-dekretuek.

        2. Akordio edo hitzarmenak egitea, ikastaroetan parte hartzen duten ikasleek lantokiko prestakuntza praktikoko modulua behar diren bermeekin egingo dituztela ahalbidetzeko.

        1. Tutore bat izendatzea, lantokiko prestakuntza praktikoko modulurako. Haren ardura izango dira enpresarekin adostea zer prestakuntza-programa egingo den, eta, enpresak izendatutako tutorearekin batera, ikasleen jarraipena eta ebaluazioa egitea. Horretarako, behatzeko eta neurtzeko moduko ebaluazio-irizpideak erabiliko dira prestakuntza-programan.

        2. Ikastaroetan parte hartzen duten pertsonen bertaratzea kontrolatzea.

        3. Ikastaroan baja emango diete ikasleei, baldin eta ikastarotik kanpo uzteko araudi honetan jaso diren egoeretako batean badaude.

        4. Ikasleei gogoraraztea, prestakuntza-ekintza amaitzen denean, prestakuntza-ekintzen kalitatea ebaluatzeko euskarri telematikoan jasotzen diren galdera-sortak erantzun beharko dituztela.

        5. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikariek, intzidentzia posibleak egiaztatu eta konpontzeko egoki dela iritziz gero, kurtsoetara egingo dituzten bisitaldiak erraztea.

        6. «Amaierako ebaluazioaren akta» egitea. Horretarako, LanF aplikazio informatikoa erabiliko dute, gainditutako prestakuntza egiaztatzeko diplomak aterako dituzte aplikazio horretatik eta ikasleei emango dizkiete, profesionaltasun-ziurtagiria egiteko eskaerarekin batera, hala badagokio. Ikasleak ikastaroa ebaluazio positiboarekin gainditzen ez badu, bertaratze-ziurtagiri bat emango zaio.

        7. Kudeaketa-aginduaren barruan egin diren ekintzak eta haiek finantzatzeko baliabide ekonomikoen aplikazioa justifikatzea, hamazazpigarren klausulan ezarritako moduan eta dokumentazioarekin; horretarako, 15 eguneko epea izango dute prestakuntza-plana osatzen duten prestakuntza-ekintzetako bakoitza amaitzen denetik aurrera.

        8. Ondoren aipatzen diren erakundeen egiaztatze- eta kontrol-jarduerak onartzea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua, Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoa, Lan eta Enplegu Saila eta Herri Kontuen Euskal Epaitegia. Halaber, erakunde horiei aukera ematea lokal eta instalazioetara sartzeko, eta prestakuntza-ekintzetako parte-hartzaileekin eta elkarrizketatu nahi dituzten beste pertsonekin harremana izateko.

        9. 2028ra arte gordetzea eta zaintzea kurtsoen emaitzen aktak eta jarduera finantzatuari buruzko dokumentazio guztia, agindu honen ondorioz zentro prestatzaileek hartzen dituzten konpromisoak eta betebeharrak bete direla egiaztatzeko aukera izan dadin; aktok Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari emango dizkiote zentroen arduradunek, LanF aplikazio informatikoaren bidez.

      3. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aldetik:

        1. Kudeaketa-agindurako akordio honetan oinarrituta egiten diren prestakuntza-ekintzak finantzatzea.

        2. Prestakuntza-zentroetako arduradunekin lankidetzan aritzea prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonak aukeratzen. Horretarako, ezarritako aurrerapenaz eman beharko du izena eman duten hautagaien zerrenda, prestakuntza-zentroak LanF prestakuntza-kudeaketako aplikazioaren bidez sarbidea izanik, eta lehentasunak ezartzeko prozesurako informazioa errazteko; halaber, aholkularitza teknikoa eman behar du prozesu horretan.

        3. Ikastaroetan gertatzen diren intzidentziak konpontzen laguntzea ikastaroak ematen dituzten zentroei.

        4. Ikastaroetan parte hartu dutenek profesionaltasun-ziurtagiria eskatzeko egiten dituzten eskabideak ebaztea.

        5. Profesionaltasun-ziurtagiriak egitea eta entregatzea.

        6. Prestakuntza-ekintzetako diplomen erregistroa, eta horiek dakartzaten profesionaltasun-ziurtagiriena, eguneratuta izatea.

          Hamazazpigarrena. Finantzaketa justifikatzea eta likidatzea.

          1. Prestakuntza-ekintzetan parte hartu duten parte-hartzaileen arabera eta benetan egin dituzten eskola-orduak kontuan hartuta egingo da prestakuntza-ekintzak gauzatzeko emandako baliabideen justifikazioa eta likidazioa, II. eranskinean ezarritako modulu ekonomikoei jarraituz.

            Likidazioak ez du inola ere gaindituko prestakuntza-plana gauzatzeko hasiera batean onartu zen diru-zuzkiduraren zenbatekoa.

          2. Kalkulu hori egiteko, ez da aintzat hartuko lantokiko prestakuntza praktikoaren modulua ezarritako epeetan amaitu ez duten ikasleek jasotako prestakuntza.

          3. Likidazioa honela kalkulatuko da:

            A modulua 12 ikaslez biderkatuko da baldin eta prestakuntza hasi zuten ikasleen kopurua deialdian aurreikusitako gutxieneko eta gehieneko mugen barruan badago (8-25), eta emandako prestakuntza-orduez. Salbuespen-kasuetan, prestakuntza-ekintzaren bat 8 partaide baino gutxiagoarekin hasten bada, honako eragiketa hau egingo da: A modulua bider hasi duten ikasleen kopurua eta emandako ekintzako orduen kopurua.

            Aurrez aipatutako zenbatekoari gehituko zaio B moduluaren eta ekintzak dituen ordu-kopuruaren arteko biderketaren emaitza, ekintza amaitu duten ikasleen kasuan prestakuntza-ekintza bukatu duten ikasletzat hartuko dira gutxienez ekintzaren % 75era joan direnak; ondorio horietarako, halakotzat joko dira enplegua aurkitu dutelako prestakuntza-ekintza utzi beharrean gertatzen diren langabeak, bai eta behar bezala egiaztatutako gaixotasun edo istripuagatik uzten dutenak ere, baldin eta, azken bi kasu horietan, gutxienez prestakuntza-jardueraren % 25 egin badute; eta B moduluaren eta prestakuntza-ekintzan parte hartu duten ordu-kopuru errealaren arteko biderketaren emaitza, ekintza amaitu ez duten ikasleen kasuan. Ekintza bakoitza ikasle-kopuru batentzat onetsi da, eta muga horiek errespetatuz egingo da kalkulua.

            Ekintza amaitu duten parte-hartzaileen (gai izan edo ez) % 67k baino gutxiagok erantzuten badiote galdetegiari, ez da gehituko B modulua amaitu duten parte-hartzaileen kopuruaren zenbatekoa, hain zuzen ere betetakoen ehunekoaren eta gutxieneko % 67aren arteko diferentziari dagokiona.

            Aurreko bi eragiketak eginda ateratzen den azken balioari % 10 gehituko zaio, zeharkako gastuei dagokiena.

            Ekintzaren iraupenaren % 25 betetzean, hura hasi zuten parte-hartzaileen % 75ek jarraitzen ez badute, prestakuntza-ekintzak likidatzeko, oinarritzat hartuko da ekintzak amaitu dituzten ikasleen kopurutik abiatuta ateratako A + B + C moduluen zenbatekoa. Prestakuntza-ekintza bukatu duten ikasletzat hartuko dira gutxienez ekintzaren % 75era joan direnak; ondorio horietarako, halakotzat joko dira enplegua aurkitu dutelako prestakuntza-ekintza utzi behar izan duten langabeak, bai eta behar bezala egiaztatutako gaixotasun edo istripuagatik uzten dutenak ere, baldin eta, azken bi kasu horietan, prestakuntza-jardueraren % 25 gutxienez egin badute.

            Ekintza amaitu duten parte-hartzaileen (gai izan edo ez) % 67k baino gutxiagok erantzuten badiote galdetegiari, ez da gehituko B modulua amaitu duten parte-hartzaileen kopuruaren zenbatekoa, hain zuzen ere betetakoen ehunekoaren eta gutxieneko % 67aren arteko diferentziari dagokiona.

          4. Prestakuntza-zentroak justifikazio-memoria ekonomiko bat aurkeztu beharko dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, LanF aplikazio telematikoaren bidez, Lanbidek prestakuntza-ekintza amaitzean egindako ikasleen azken ebaluazioa baliozkotu eta gehienez ere 15 egun balioduneko epean. Memoria horretan, ikasle bakoitzak benetan egindako eskola-orduen laburpen-taula jasoko da, ezarritako modulu ekonomikoak eta artikulu honetan aurreikusitako irizpideak aplikatuta dagokion zenbatekoa kalkulatuta.

          5. Azken likidazioa egiteko, 2023ko abenduaren 31 baino lehen onuradunak LAN-Fn honako agiri hauek bete behar ditu:

            1. Egindako prestakuntza-ekintza guztien amaieraren (betetzearen) ziurtagiria, baldin eta justifikazio-memoria ekonomikoak aurkeztu badira.

            2. Planaren amaiera-ziurtagiria, egindako prestakuntza-ekintzen banakapenarekin eta deialdi honetan ezarritako mugetara egokitutako kolektiboen parte-hartzearekin.

            3. Jarduera osorik edo zati batean finantzatu duten bestelako sarrerei edo dirulaguntzei buruzko aitorpena, zenbatekoa eta jatorria adierazita, edo halakorik ez dagoela dioen adierazpena.

              Aurrez ezarritako epeetan dagozkion agiriak aurkezten ez baditu, organo eskudunak 15 egun balioduneko epe luzaezina emango dio onuradunari agiri horiek aurkez ditzan. Azken epe horretan justifikaziorik aurkeztu ezean, itzulketa-prozedura hasiko da.

              Hemezortzigarrena. Kudeaketa-aginduaren indarraldia.

              Indarraldia enkargatutako jardueraren iraupenari eta haren justifikazioari egokituko zaie.

              Hemeretzigarrena. Eskumena.

              Kudeaketa-aginduak ez dakar berekin eskumenen titulartasuna lagatzea, ezta eskumen horretaz baliatzeko funtsezko elementuen titulartasuna lagatzea ere (Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari esleituak); Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua organismo autonomoaren ardura izango da kudeaketa-agindu honen xede den jarduera material zehatzari oinarria emango dioten edo hura barne hartuko duten egintza edo erabaki juridiko guztiak hartzea.

              Hogeigarrena. Datuen babesa.

              Bi aldeek konpromisoa hartzen dute honako hauetan aurreikusitako eskakizunak betetzeko: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduan, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio libreari dagokienez pertsona fisikoen babesari buruzkoan; eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan.

              Bi aldeek edukiarekin ados daudela adierazten dute, eta, hala jasota gera dadin, kudeaketa-agindua formalizatzeko dokumentu hau sinatu dute.

              Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua,

              IDOIA MENDIA CUEVA.

              Hezkuntzako sailburua,

              JOKIN BILDARRATZ SORRON.

              (Ikus .PDF)

              (Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik