Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2023ko maiatzaren 18koa, Portu eta Itsas Gaietako zuzendariarena, zeinaren bidez erabaki baita Bermeoko eta Zumaiako portuetan praktikaje-zerbitzua emateko baimentze-prozedura hastea, eta praktikaje-zerbitzua arautzen duen preskripzio partikularren agiria eta zerbitzua emateko baldintzak onartu dira.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 104
  • Hurrenkera-zk.: 2599
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2023/05/18
  • Argitaratze-data: 2023/06/02

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía; Garraio eta herri lanak
  • Azpigaia: EAEko udalak; Ogasun; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Lehenengoa. Eusko Jaurlaritzako Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak beharrezkotzat jotzen du Bermeoko eta Zumaiako portuetan portuko praktikaje-zerbitzua emateko araubidea antolatzea.

Praktikaje-zerbitzua, Portuen eta Itsas Garraioaren ekainaren 28ko 2/2018 Legearen 31.1 artikuluak xedatzen dituen gainerako portu-zerbitzuen antzera, portuek egoki funtzionatzeko behar diren portuko eta itsasoko eragiketak eta beharrak asetzera bideratutako prestazioen multzoan sartuko litzateke.

Zehazki, zerbitzu honen helburua da ontziak hurbildu, sartu, amarratu eta irteteko maniobretan segurtasuna hobetzea portuan, ontzien kapitainei aholku teknikoak emanez.

Merkataritzako Nabigazioaren Zuzendaritza Nagusiak egokiro gaitu dituen pertsonak arituko dira aholku-lanotan, eta portu jakin batean zerbitzua emateko izendatuta egon behar dira.

Bigarrena. Portuko zerbitzuak emateko araubideari dagokionez, besteak beste, praktikaje-zerbitzua, Legearen 33. artikuluak xedatzen du portuko administrazioak emango dituela, zuzenean edo legezko edozein zeharkako kudeaketa-mekanismoren bidez. Bestela, horretarako baimena duten partikularrak arituko dira lehia-erregimenean.

Hirugarrena. Kontuan hartuta portuetan zerbitzuak emateko erregulazio-ereduak berrikuntza sakona izan duela urteetan zehar ekimen pribatua areagotu da zerbitzu horien lehiakortasuna hobetzeko nazioarte mailan, bai eta portuko jarduera dinamizatzeko ere eta kontuan hartuta, kasu honetan, egin beharreko jarduketen espezifikotasuna eta jarduteko behar den gaikuntza espezifikoa, efizienteagoa da portu-gidariek edo portu-gidarien taldeak zerbitzua ematea; beraiek arduratuko dira zerbitzua segurtasun-, kalitate-, jarraitutasun- eta erregulartasun-baldintzetan emateko behar diren bitarteko guztiak zehaztu eta baliatzeaz.

Portuetako agintaritzen zeregina izango da zerbitzu publiko horrek dagozkion betekizunak betetzen dituela ikuskatu eta koordinatzea.

Laugarrena. Aurrekoarekin bat etorriz, Bermeoko eta Zumaiako portuek praktikaje-zerbitzua izan dezaten, egokitzat jotzen da partikularren arteko lehiaren araubidea baimentzeko prozedura hastea. Helburua da zerbitzua behar bezala emateko premiak egokien asetzen dituen eskaintza aukeratzea.

Bermeoko eta Zumaiako portuen ezaugarriak eta beroietako merkataritza-jarduera aintzat hartuta, zerbitzu-emailea bakarra izango da; hala, zerbitzuak kalitate-maila egokia izatea bermatuta geratuko da.

Bermeoko portuak mugatuta ditu urteko salgai kopurua eta lehorreratu daitekeen ontzi kopurua. Bestalde, Zumaiak berez ez du merkataritza-jarduerarik, beraz, praktikaje-zerbitzua portuko ontziolan eraikitzen diren ontzien maniobretara mugatzen da.

Bosgarrena. Estatuko Portuei eta Merkataritzako Nabigazioari buruzko Legearen testu bateginaren 113. artikuluak xedatutakoaren babesean, berariazko arauketarik izan ezean, baimena eman baino lehen, portuetako agintaritzek preskripzio partikularren agiriak onartu beharko dituzte eta, horretarako, aurretiaz ordezkari gehien dituzten sindikatu-erakundeei, operadoreei eta erabiltzaileei entzungo zaie, baldin eta erakunde horien helburuek baldintza-agiriaren xedearekin zuzeneko harremana badute.

Ebazpen honen bidez onartzen diren baldintza-agiriek dagoeneko entzunaldiaren izapidea bete dute, zerbitzua hobeto arautzea xede.

Seigarrena. Portuen eta Itsas Garraioaren ekainaren 28ko 2/2018 Legearen 5.2 artikuluak Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari esleitzen dio autonomia-erkidegoko portuetako politika garatzeko eta betearazteko eskumena, eta autonomia-titulartasuneko portu-sistemaren koordinazioaz eta kontrolaz arduratzea dagokio. Horretarako, besteak beste, honako hauek dagozkio: portuen arloan jarduketak planifikatzea, portuko zerbitzuak ematea eta, oro har, portuetan garatzen diren zerbitzuak eta jarduketak ikuskatu nahiz kontrolatzea.

Hori horrela, otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuak (Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzekoak), 7.h) eta 14.1.i) artikuluetan, zuzendaritza honi ematen dizkion eskumenak baliatuz, honako hau

Lehenengoa. Partikularren arteko lehia-araubidea baimentzeko prozedura hastea, Bermeoko eta Zumaiako portuetan praktikaje-zerbitzua behar bezala emateko premiak egokien asetzen dituen eskaintza aukeratzeko.

Bigarrena. Onestea praktikaje-zerbitzua arautzen duen preskripzio partikularren agiria eta zerbitzua emateko baldintzak (ebazpen honen I. eranskina).

Hirugarrena. Prozedura hasten duen ebazpen hau eta preskripzio partikularren agiriak EHAAn argitaratzea.

Nolanahi ere, eskaera aurkeztu nahi duenak, espediente osoa kontsultatu ahalko du Bizkaiko Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzan (Elkano 3, beheko solairua).

Laugarrena. Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Bosgarrena. Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Industriako sailburuordeari, edo ebazpena eman duenari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko maiatzak 18a.

Portu eta Itsas Gaietako zuzendaria,

AITOR ETXEBARRIA ATUTXA.

1. KLAUSULA

LEGE-OINARRIAK

Euskal Autonomia Erkidegoko Portuen eta Itsas Garraioaren ekainaren 28ko 2/2018 Legearen 31.1 artikuluak portuko zerbitzu gisa definitzen ditu portuko eta itsasoko eragiketak eta premiak, eta portuen funtzionamendu egokia bermatzera zuzendutako prestazioak, lege honetan eta legea garatzeko arauetan ezarritakoaren arabera.

Lege bereko 32.1 artikuluko g) letrak praktikaje-zerbitzua portuko zerbitzutzat jotzen du.

Emateko araubideari dagokionez, Legearen 33. artikuluak dio portuko zerbitzuak Portuko Administrazioak bai zuzenean, bai legez aurreikusitako zeharkako kudeaketarako edozein mekanismo baliatuta, edo lehia-erregimenean, horretarako baimena duten partikularrek eskainiko dituztela.

Azkenik, eskumenari buruz, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala xedatzen dituen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren 14. artikuluak ezartzen duenarekin bat etorriz, Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzari dagozkio Portuko Agintaritzaren eginkizunak bai eta portuko zerbitzuak arautzea nahiz ematea ere, tartean, praktikaje-zerbitzua.

2. KLAUSULA

XEDEA

Preskripzio partikularren xedea da Zumaiako eta Bermeoko portuetan portuko praktikaje-zerbitzua arautzea eta baimena duten partikularrek lehia-erregimenean ematea.

3. KLAUSULA

PRAKTIKAJE-ZERBITZUA

Portuko praktikaje-zerbitzua da aholkularitza tekniko-nautikoa ematea itsasontzietako, txalupetako eta gailu flotagarrietako kapitainei portura sartu eta bertatik irteteko maniobretan eta portuaren barrualdean ala portuko zerbitzuko 1. eremuan egin behar dituztenetan, betiere aplikazioko araudiak hala eskatzen badu.

Praktikaje-zerbitzua itsasontzietan, txalupetan eta gailu flotagarrietan emango dute merkataritza-nabigazioko kapitainek, zeinek zerbitzua emateko behar den gaikuntza izango baitute, eta Bermeoko eta Zumaiako portuetan zeregin horretarako izendatuta egongo dira.

Praktikaje-zerbitzuaren barruan sartutzat joko dira pilotuak itsasontzi, txalupa edo gailurantz doala edo behin ontziratuta kapitainari emandako jarraibideak.

Praktikaje-zerbitzua eskatzen duten itsasontzi, txalupa eta gailu guztiei emango zaie, eta ezingo zaio emateari uko egin, aplikazioko araudiaren arabera bidezkoa litzatekeenean izan ezik. Gaur egun praktikaje-zerbitzua nahitaezkoa da 500 tona gordineko edo hortik gorako tonajea duten itsasontzietarako.

4. KLAUSULA

ZERBITZUA EMATEKO GEOGRAFIA-EREMUA

Oro har, Bermeoko portuan praktijake-zerbitzua lehen bi milien barnean emango da, Bermeoko portuko bokalean dagoen itsasargi berdetik hasita, bai sartu eta irteteko maniobretarako, bai portuan bertan egiten direnerako.

Zumaiako portuan gaur egun praktikaje-zerbitzua Balenciaga ontziolan egiten diren ontziekin portuan maniobrak gauzatzera mugatzen da, eta urtean ez dira hiru baino gehiago uretaratzen.

5. KLAUSULA

BERMEOKO ETA ZUMAIAKO PORTUETAKO EZAUGARRIAK

Bermeoko portuak zerbitzua ematen dio kirol eta aisia, arrantza eta merkataritzako ur-ontzidiari. Portu txikia da, eta merkataritzaren ikuspegitik, oraingo trafikoaren osaera kontuan hartuta, urtean 500.000 tona salgai manipulatzeko muga du. Merkataritza-ontziek gehienez 125 metroko luzera eta 20 metroko zabalera izan behar dute, porturatuko badira, baita zingo jakin bat ere, marea gorabehera. Hortaz, porturatu nahi duten ontzien gehieneko tamaina 8.000 tona gordin ingurukoa izango da.

Azkeneko urteetan, 100 ontzi ingururen bidez, gutxi gorabehera 250.000 tona kargatu edo deskargatu dira urteko, eta praktikaje-zerbitzuetan 80.000 euro inguruko diru-sarrera gordinak izan dira urtean.

Zumaiak berez ez du merkataritza-jarduerarik, beraz, praktikaje-zerbitzua Balenciaga ontziolan eraikitzen diren ontzien maniobretara mugatzen da. Zerbitzua uretaratze- eta irtete-maniobretarako ematen da, baina urtean hiru uretaratze edo irteera egiten dira gehienez.

6. KLAUSULA

BAIMENAREN INDARRALDIA

Praktikaje-zerbitzua emateko baimenaren indarraldia bost (5) urtez luzatuko da.

Zerbitzua emateko baimena ezingo zaie hirugarrenei eskualdatu edo errentan eman, Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak aurretiaz baimentzen ez badu.

7. KLAUSULA

BAIMENAREN ESKATZAILEEK BETE BEHAR DITUZTEN ESKAKIZUNAK

Bermeoko eta Zumaiako portuetan praktikaje-zerbitzua emateko baimena eskatzen dutenek zerbitzua segurtasun-, kalitate-, jarraipen- eta erregulartasun-baldintzetan emateko behar diren giza baliabideak eta bitarteko materialak izango dituzte, eskariaren ezaugarrien arabera.

Giza baliabideak. Bermeoko portuan praktikaje-zerbitzua emateko baimenaren eskatzaileak praktikaje-zerbitzurako Merkataritzako Nabigazioaren Zuzendaritza Nagusiaren gaikuntzaren jabe izango dira eskaerak aurkezten dituzten egunean. Zerbitzua ematean laguntzen dutenek lanbidean aritzeko indarreko lege-eskakizunak beteko dituzte.

Pilotu gaituen taldeak gutxienez bi pertsona izango ditu. Pilotu-ontziak gidatzeko patroi titularra eta ordezkoa egongo dira.

Praktikaje-zerbitzua emateko eskaeraren eta zerbitzua benetan ematearen artean gehienez 60 minutu igaro ahalko dira. Eskakizun hori betetzen dela egiaztatzeko, zerbitzu-emailearen egoitza kontuan hartuko da.

Langileek enpresa emailearekin lotura izango dute indarreko kontratu modalitate desberdinen bitartez, baina Portuko Agintaritzarekin inolako lan-harremanik izan gabe.

Portuko Agintaritzak zerbitzuaren emaileari eskatu ahal izango dio giza baliabideak proportzio egokian aldatzea, zerbitzu guztiei behar bezalako arreta ematen zaiela bermatzeko.

Zerbitzua eteten bada, Portuko Agintaritzak ez ditu langileak bere gain hartuko, eta ez du erantzukizunik izango zerbitzu-emaileak langileekiko dituen betebeharren gainean (batez ere lan-harreman, ordainsari, arriskuen prebentzio edo gizarte-segurantzaren arloan).

Enpresa zerbitzu-emaileak Lan Arriskuen Prebentzioari buruzko Legean (31/1995, azaroaren 8koa) eta araudi osagarrian xedatutakoa beteko du. Langileek portu-eremuan ezartzen diren segurtasuneko eta osasuneko prozedurak eta neurriak ezagutuko dituzte, eta horiek betetzeko konpromisoa hartuko dute. Horrez gain, langileek Portua Babesteko Plana eta Itsasoko Barne Plana ezagutu eta bete beharko dituzte, eta planekin zerikusia duten ariketak eta praktikak egiten lagunduko dute Portuko Agintaritzak eskatzen dienean.

Bitarteko materialak. Zerbitzua behar bezala emateko gutxienez honako bitarteko material hauek behar dira:

Pilotu-ontzia, patroi batek gobernatua, pilotua sarrera-maniobretan ontziratu eta irteerakoetan ontzitik jaitsi ahal izateko, baita portu barnekoetan ere, ontziari laguntzea beharrezkoa bada.

Zerbitzu-ontziak 7,5 metroko luzera eta 1,5 metroko zabalera izango du, eta kabinaz hornituta egongo da.

Ontzia lizitatzailearen jabetzakoa izan daiteke, edo errentan hartua. Azkeneko kasu horretan, errentamendu-kontratua aurkeztu beharko du, eta ez da lizentziaren indarraldia baino laburragoa izango.

Praktikaje-zerbitzua emateko esleitzen den ontziaren ezaugarrietan edozein aldaketa izanez gero, gehienez 10 eguneko epean jakinaraziko zaio Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzari, eta Zuzendaritzak jakinarazpena hartzen duenetik zenbatzen hasita hamar egunen buruan aldaketa onetsi edo txarretsiko du.

Aurkeztutako eskaintzek bermatu beharko dute badituztela praktikaje-zerbitzua emateko egin behar diren lehorreko joan-etorrietarako ibilgailuak.

Era berean, ontziekin eta enpresa kontsignatarioekin behar bezala komunikatzeko bitartekoak izango dituzte.

Baimenaren indarraldian trafikoa aldatu edo zerbitzuan gabeziaren bat antzematen bada, Portuko Agintaritzak enpresa emaileari eskatu ahalko dio ontzidiak eta gainerako bitarteko materialak inguruabar berrietara egokitzeko, zerbitzu guztiak behar bezala ematen direla berma dadin.

Baimenaren indarraldia amaitzen denean, Portuko Agintaritzak ez ditu zerbitzuaren emailearen bitarteko materialak bere kargura hartuko. Baimenaren indarraldian bitartekoetan egindako inbertsioa amortizatzeke badago amaieran, ez du kalte-ordainerako eskubiderik izango.

Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak baimenaren indarraldiko edozein unetan egiaztatu ahal izango du eskakizunak behar bezala betetzen direla.

Itsas kapitaintzek, beren eginkizunak betez, praktikaje-ontziko gutxieneko eskifaia zehaztuko dute. Ontziaren armadoreak/operadoreak ontzia, sistemak eta ekipoak egoera onean mantenduko ditu, ziurtagirien eta araudi aplikagarriaren arabera, eta itsas kapitaintzei eskatuko die arauz zehazten diren azterketak egiteko.

8. KLAUSULA

ESKAERAK AURKEZTEA

Pertsona fisikoek hala aurrez aurre nola elektronikoki aurkez ditzakete eskaerak:

  1. Aurrez aurreko kanala:

    Eskaera baldintza-agiri honetako eranskinean ageri den eredu normalizatuan aurkeztuko da. Zuzenean Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzako Bilboko bulegoetan aurkeztu ahal izango da: Elkano 3, beheko solairua, 48011 PK.

    Aurrekoaren kalterik gabe, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako edozein tokitan eta Zuzenean zerbitzuko bulegoetan ere aurkeztu ahal izango dira eskaerak.

  2. Kanal elektronikoa:

    Eskaerak betetzeko beste aukera bat da Erregistro Elektroniko Orokorra, helbide elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/erregistro-elektroniko-orokorraren-laguntzailea/web01-sedeform/eu/

    Eskaera izapidetzeko eta dokumentazioa aurkezteko moduak (izan elektronikoa, izan aurrez aurre) ez du behartuko aurrerantzean ere gainerako izapideak modu berean egitera, edonoiz alda daiteke eta.

    Pertsona juridikoek bitarteko elektronikoen bitartez aurkeztuko dituzte eskaerak, aurretik aipatutako helbide elektronikoaren bitartez.

    Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, baldintza-agiri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

    Eskaerari klausula hauetan eskatzen diren dokumentuak gehituko zaizkio:

  1. Eskatzaileari buruzko dokumentazioa.

    Pertsona fisikoak: NAN edo pasaportea, IFZ edo AIZ.

    Pertsona juridikoak: enpresaren IFK, eratzeko eskritura edo agiria, estatutuak edo sortzeko akta, bai eta legezko ordezkariaren ordezkaritza-ahalordea eta NANa ere.

  2. Kaudimen ekonomikoa, teknikoa eta profesionala egiaztatzeko dokumentazioa:

    Zerga- eta lan-betebeharrak, eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela egiaztatzea.

    Negozio-zifra globalari buruzko aitorpena eta, hala badagokio, enpresak azken bi (2) urtetan egindako praktikaje-zerbitzuei buruzkoa. Baldin eta eskatzaileren batek, justifikatutako arrazoiak direla kausa, aurkeztu ezin baditu eskatutako erreferentzia horiek, kaudimen ekonomikoa egiaztatu ahal izango du Portuko Agintaritzak nahikotzat jotako beste edozein agiriren bidez.

    Eskatzen den zerbitzuko jarduerak deskribatzea, antolaketa- eta prozedura-proposamena barne, eta lizentzia zer epez eskatzen den adieraztea, bai eta, hala badagokio, lizentziaren eta portuko eremu zehatz baten erabilera pribatiboaren arteko lotura ere.

    Zerbitzua emateko giza baliabideak eta bitarteko materialak deskribatzea, eta langileen prestakuntza adieraztea; bitarteko materialei dagokienez, ezaugarri teknikoak dokumentuen bidez egiaztatzea.

    9. KLAUSULA

    ADJUDIKAZIO-IRIZPIDEAK

    Merkataritzako Nabigazioaren Zuzendaritza Nagusiaren pilotu-gaikuntza duten merkataritza-nabigazioko gutxienez bi kapitain dituzten eskaintzak bakarrik onartuko dira. Gainera, ontzi bat izan beharko dute, jabetzan edo errentan, gutxienez agiri honetako 7. klausulan ezartzen diren ezaugarriekin.

    Onesten diren eskaintzak irizpide hauen arabera baloratuko dira:

    Bermeoko porturako pilotu-izendapena indarrean: 3 puntu.

    Edozein portutan esperientzia pilotu gisa: puntu bat esperientzia-urte bakoitzeko, gehienez ere 5 puntu.

    Esperientzia Bermeoko portuan pilotu gisa: bi puntu esperientzia-urte bakoitzeko, gehienez ere 10 puntu.

    Ontziaren luzera eta zabalera biderkatzean ateratzen den azalera handiagoa izatea baldintza-agiri honen 5. klausulan adierazten diren gutxieneko neurriak biderkatzearena baino (7x1,5=10,5 metro karratu): puntu bat 3 metro karratu gehigarriko, gehienez ere 4 puntu.

    Esperientzia Zumaiako portuan pilotu gisa: puntu bat esperientzia-urte bakoitzeko eta gehienez ere 5 puntu.

  1. , 2., 3. eta 5. puntuak baloratzeko, kontuan hartuko da portuko pilotu-lanetan eskarmentu handiena duen taldekidea.

  2. puntua baloratzeko, zerbitzua eman den Portuko Agintaritzaren ziurtagiria aurkeztu beharko da. Zenbait portutan emandako zerbitzuak metatu ahalko dira, klausula honetako 2. puntuan adierazten den puntu-mugara iritsi arte.

    Baimena adjudikatuko zaio puntuazio handiena lortzen duenari (gehienez, 27).

    Gehienez hiru hilekoa izango da baimen-eskaeren gaineko ebazpena jakinarazteko epea. Epe hori ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da.

    10. KLAUSULA

    ZERBITZUA EMATEN HASTEA

    Praktikaje-zerbitzua klausula hauetan adierazten diren parametroen arabera ematen hasi beharko da gehienez ere hilabeteko epean, baimena eman dela jakinarazten den egunetik zenbatzen hasita.

    11. KLAUSULA

    EMATEKO BALDINTZAK

    Praktikaje-zerbitzua erregulartasunez eta etengabe emango da. Hala, ezinbesteko kasuan izan ezik, urteko egun guztietan hogeita lau orduz jarduteko prest egongo da.

    Zerbitzurako ontziak, halabeharrez, basea Bermeoko portuan izango du, zerbitzua albait arinen emateko, atzerapenik gabe. Zerbitzu-eskaerari orori erantzun beharko dio gehienez ere 60 minutuan. Aurrekoaren harira, erantzun-denbora da zerbitzua eskatzen denetik emaileak zerbitzua emateko bitarteko guztiak prest dituenera artean igarotakoa.

    Praktikaje-zerbitzua baimenaren titularrak emango du, eta bere arrisku eta menturan jardungo du. Portuko Agintaritzak ez du inolaz ere ardurarik izango zerbitzua ematean portuko instalazioak kaltetzen badira edo hirugarrenei kalteak eragiten bazaizkie. Izan ere, titularraren erantzukizun izango dira zerbitzua garatzean gerta litezkeen kalte-galerak. Horregatik, jarduera hasi baino lehen, kalteak estaltzeari begira, enpresa emaileak erantzukizun zibileko asegurua sinatu beharko du.

    Zerbitzuaren emailearen kontura izango dira erregaiaren, uraren eta elektrizitatearen kontsumoak eta portuan erabil dezakeen beste edozein zerbitzuren gastuak, prestazioan sortzen diren gainerako gastuez gain, baldin eta zerbitzuak funtzionatzeko beharrezkoak badira.

    Lizentziaren indarraldian portuko baldintza orokorrak aldatzen badira edo larrialdiagatik ohiko egoeran aurreikusitakoak baino aldibereko eragiketa gehiago egin behar badira, zerbitzu-emaileak, behin-behinekoz, bitarteko materialak eta giza baliabideak izango ditu zerbitzua behar bezala ematen dela bermatzeko.

    12. KLAUSULA

    APLIKATU BEHARREKO GEHIENEKO TARIFAK

    2023. urtean Bermeoko eta Zumaiako portuetan ontziekin egindako maniobretan honako gehieneko tarifa hauek aplikatuko dira:

    Praktikaje-zerbitzurako 2023. urteko tarifak, Bermeo.

    (Ikus .PDF)

    Ontziak uretaratzeko maniobretarako 2023. urtean maniobra bakoitzean 420 euroko tarifa aplikatuko da, tona gordinak edozein direla ere.

    Emaileak eskatu ostean, Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak gehieneko tarifak eguneratzea aztertuko du, eta, bidezkoa bada, aldatuko ditu. Horretarako, zerbitzuko elementuen kostu-aldaketak eta trafiko-aldaketak aintzat hartuko ditu.

    13. KLAUSULA

    PRAKTIKAJE-ZERBITZUAREN OREKA EKONOMIKOA

    Baimenaren adjudikaziodunak praktikaje-zerbitzua behar bezala emateko gastu guztiak ordainduko ditu, hala nola zerbitzurako ontziarenak, eskifaiarenak, segurtasun-elementuenak, lehorreko garraioarenak, komunikazioenak, aseguruenak eta zerbitzua modu egokian emateko behar den beste edozein gastu.

    Azken urteetako gastuei jarraikiz, zerbitzua ematean oreka ekonomikoa urria da, nahiz eta 2023. urterako tarifa aplikagarriak kontsumoko prezioen indizearen arabera gehitu, zertxobait gutxiago bada ere.

    Azkeneko urteetan salgaien zamalanetarako Bermeoko portura ehun bat merkataritza-ontzi iritsi dira, beraz, gutxi gorabehera berrehun maniobra egin dira, eta, ondorioz, diru-sarrera gordinak 80.000 euro inguru izan dira. Sortzen dituen kostu guztiak estaltzeko ez da nahikoa argi eta garbi.

    Zerbitzua ematearen oreka ekonomikoa handitzeko, Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak praktikaje-zerbitzua ematearen kontzeptupean honako zenbateko hauek ordainduko ditu Bermeoko portura heltzen diren itsasontzien arabera:

    (Ikus .PDF)

    Urte naturala amaitu eta urtean zehar portuan sartu diren merkataritza-ontzien kopurua zehatz-mehatz ezagutzen denean kalkulatuko da. Likidazioa hurrengo urteko lehenengo bi hilabeteetan egingo da.

    Baldintza hauek behar bezala betetzen direla bermatzeko, balizko zehapenen eta kalte-galeren erreklamazioaren, eta Portuko Agintaritzari dagozkion bestelako eskubideen eta ekintzen kalterik gabe, Agintaritzak zehapenak jarri ahalko ditu kalitate- eta erregulartasun-baldintzak ez betetzeagatik.

    Zehapenak direla bide, aurreko zenbatekoak % 10, % 30 edo % 50 murriztuko dira, ez-betetzeen kopurua kontuan hartuta, baldin eta baimena azkentzeko zioak ez badira. Portu-gaietako eskumena duen zuzendaritzak adierazi beharko du aipatutako egoera horiek gertatzen direla. Horretarako, ebazpen arrazoitu bat emango du, aurretik entzunaldia eskainita baimenaren titularrari.

    14. KLAUSULA

    BARNEKO TRAFIKOA KONTROLATZEA

    Praktikaje-zerbitzua emateko lizentziaduna Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzarentzat Bermeoko portuaren barrualdean itsas trafikoaren aholkularitza- eta kontrol-zereginetan arituko da lizentziaren indarraldi guztian zehar.

    Aholkularitzaren esparruan, portuaren barrualdeko nabigazioarekin zerikusia duten txostenak egingo dira, gomendioak emateaz gain, nabigazio horiek seguruagoak izateko.

    Kontrolaren arloan, barneko nabigazioan arauak betetzen direla egiaztatuko da eta Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzari jakinaraziko zaio edozein arau-hauste.

    Zeregin horiek pilotuak maniobraren batean aritzeko Bermeoko portura egiten dituen bisitetan gauzatuko dira, bai eta klausula honetan aipatzen diren eginkizunak betetzeko berariaz egiten dituenetan ere.

    Eginkizun horien truke, Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak hilean 350 euro ordainduko ditu (BEZik gabe). Sei hilean behin ordainduko da dagokion faktura aurkeztu ondoren.

    15. KLAUSULA

    EMANDAKO ZERBITZUEI BURUZKO INFORMAZIOA

    Bermeoko eta Zumaiako portuetan praktikaje-zerbitzua emateko baimena dutenek Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzari hilero honako informazio hau bidaliko diote:

    Itsasontziaren, txaluparen edo gailuaren izena, tona gordinak eta bandera.

    Sarrera, irteera, barneko maniobra edo uretaratzea den.

    Maniobra zer egun eta ordutan hasi eta amaitu den.

    Zerbitzua ematean izandako gorabeherak, halakorik balego.

    Informazioa formatu elektronikoan eta paperean helarazi ahalko da, betiere hurrengo hileko lehenengo hamabost egunetan.

    16. KLAUSULA

    BAIMENA AZKENTZEA

    Hona hemen lizentzia azkentzeko arrazoiak:

    Lizentzian ezarrita dagoen epea amaitzea.

    Edozein arrazoi dela eta, Merkataritzako Nabigazioaren Zuzendaritza Nagusiaren pilotu-gaikuntza, edo Bermeoko edo Zumaiako porturako pilotu-izendapena galtzea.

    Lizentziaren titularrak uko egitea; halakoetan, Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzari gutxienez sei hilabete lehenago jakinarazi beharko dio.

    Hirugarrenari lizentzia eskualdatu edo errentan ematea, aurretiaz Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak baimendu gabe.

    Praktikaje-zerbitzura atxiki den ontzia funtsean aldatzea, aurretiaz Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak baimendu gabe.

    Zerbitzua behar bezala emateko behar diren segurtasun- eta komunikazio-elementuak ez izatea.

    Behin eta berriz zerbitzu eskasa ematea.

    Zerbitzua emateari buruzko informazioa ez eskaintzea edo informazio faltsua helaraztea, edo informazio hori behin eta berriz oker edo osatu gabe adieraztea.

    Indarreko araudia aplikatzea dakarren beste edozein.

    17. KLAUSULA

    ZEHAPEN-ARAUBIDEA

    Praktikaje-zerbitzua emateko baimenaren baldintzak ez betetzea arau-haustea izan daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Portuen eta Itsas Garraioaren ekainaren 28ko 2/2018 Legean ezarritakoaren arabera. Arau-hauste horien ondorioz, baimenaren titularrak zehapena jaso dezake, hala balegokio eska dakizkiokeen erantzukizunak alde batera utzi gabe.

    (Ikus .PDF)