Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2023ko irailaren 12koa, Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordearena, zeinaren bidez iragartzen baita, 2023ko ekitaldirako, enpresa-arloan I+G bultzatzeko Hazitek programaren II. fasearen deialdia.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 179
  • Hurrenkera-zk.: 4326
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2023/09/12
  • Argitaratze-data: 2023/09/19

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak; Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía; Hezkuntza
  • Azpigaia: Industria; Gobernua eta herri administrazioa; Ekonomia

Testu legala

Gogora ekar dezagun Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko urtarrilaren 18ko Agindua, han baitago araututa enpresetan I+G bultzatzeko Hazitek programa eta han egiten baita horrelako proiektuetarako dirulaguntzak eskatzeko I. fasearen deialdia. Bada, 8. artikuluan adierazten denez, laguntzak emateko prozedurak bi fase izango ditu: I. fasea, proiektuak hautatzeko (zer proiektu onartzen diren zehaztuz amaituko da); eta II. fasea, laguntzak emateko (alegia, I. fasean onartutako proiektuei laguntzak emateko, baldin eta eskaria egiten badute eta betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan ezarritakoaren arabera).

Ebatzi zen I. fasea, eta, orain, II. fasearen deialdia egin behar da, agindu arautzailearen hirugarren atalean zehazturik dagoen bezala.

Eta 13. artikuluaren arabera, II. fasearen deialdia egiteko, Teknologia, Berrikuntza eta Transformazio Digitaleko sailburuordearen ebazpena behar da (aurretiaz I. fasean onartutako proiektuei laguntzak esleitzeko da II. fasea).

Aurreko guztiagatik, eta eman zaidan eskumena baliatuz, honako hau

Ebazpen honen xedea da deialdi bat egitea aldez aurretik I. fasean onartutako proiektuen artean laguntzak esleitzeko (II. fasea), 2023ko ekitaldirako. Lehen fasearen deialdia 2023ko urtarrilaren 18ko Aginduaren bidez egin zen. Deialdi hau 8. eta 13. artikuluetan aurreikusten da.

Deialdi honen xede diren laguntzak finantzatzeko, 93.428.572 euro bideratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2023ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituen arabera

Kopuru horretatik, 43.428.572 euro proiektu lehiakorretarako izango dira; eta 50.000.000 euro, berriz, proiektu estrategikoetarako.

Aurrekontu-ekitaldian zenbateko horixe egongo da laguntza guztien artean banatzeko, ez gehiago (zenbateko horixe, edo egin beharreko eguneraketaren ondoren geratzen dena, baldin eta, indarrean dagoen legeriaren arabera, aurrekontuan aldaketarik egitea onartzen bada). Laguntzetan guztira zenbat diru eskatzen den ikusita, egongo al da aukerarik zenbateko hori handitzeko? Zehazki, bai, baldin eta aurrekontuetan horretarako bidea baldin badago, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren beste I+G+B laguntza-programa batzuk agortu gabe geratu direlako, eta betiere, eskatutako laguntzak ebatzi baino lehen. Halakoetan, prozedura ebatzi baino lehenago, Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordeak ebazpen bat argitaratuko du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, zer gertatu den jakitera emateko eta publizitatea egiteko.

Hazitek programa arautzen duen aginduko 3. eta 21. artikuluetan dator zehazturik zer baldintza bete behar dituzten proiektuek eta erakunde eskatzaileek. Deialdi honetako laguntzak eskuratu ahal izateko, baldintza horiek betetzen direla egiaztatu beharko da.

  1. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko urtarrilaren 18ko aginduan jartzen du nola egin behar den eskaria, 14. eta 21. artikuluetan. Agindu horren bidez dago arauturik enpresen I+G bultzatzeko Hazitek programa, eta han dago eginda I. faserako deialdia ere, dirulaguntzak eskatzeko.

  2. Eskabidea bakarrik eskuratu eta bete ahal izango da honako egoitza elektroniko honen bidez:

    https://www.euskadi.eus/servicios/1030808/ (castellano)

    https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1030808/ (euskera)

    Eskabidearen ondorengo izapideak, espedientearen jakinarazpenak eta kontsultak barne, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira:

    https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

    https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

  3. Eskabideak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera kontatzen hasita.

Eskabideak aztertu eta ebaluatzeko eta laguntzak emateko proposamena egiteko, ebaluazio-organoa eratuko da. Organo hori honela osatuko da:

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Teknologia eta Berrikuntzako zuzendaria izango da ebaluazio-organoko burua, Alberto Fernández González, eta, haren ordezko, berriz, Ekintzailetza, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko zuzendaria, Leyre Madariaga Gangoiti izango da.

Honako kide hauek izango dira bokalak:

Ana Belén Camacho Vera, Industria eta Energia Eraldaketako zuzendaria, edo, haren ordez, Rosa Murillas Maza, Industria eta Energia Transmisioko Zuzendaritzako talde teknikokoa.

SPRIren ordezkari bat, Amaia Martinez Muro, edo haren ordezkoa, Maite Hernández Hernández.

Natividad Niño Bartolome, Teknologiaren arloan eskumena duen zuzendaritzako talde teknikokoa, edo haren ordez, Larraitz Segurola Bereciartua, idazkari-lanak egingo dituena.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko irailaren 12a.

Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea,

ESTÍBALIZ HERNÁEZ LAVIÑA.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.