Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko uztailaren 8koa, Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordearena, zeinaren bidez formulatzen baita Kanpezuko udal-mugartean (Araba) «Peñacerrada CTO.3» 13,2 kV-ko erdi-tentsioko aireko linea 245. eta 4. euskarrien artean eta 10. eta 15. euskarrien artean aldatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena (I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU enpresak sustatu du proiektua).

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 162
  • Hurrenkera-zk.: 3676
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/07/08
  • Argitaratze-data: 2022/08/24

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak; Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua; Garraio eta herri lanak
  • Azpigaia: Industria; Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2022ko apirilaren 4an, Eusko Jaurlaritzako Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzak eskaera bat egin zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, Kanpezuko udal-mugartean (Araba) dagoen «Peñacerrada CTO.3» 13,2 kV-ko erdi-tentsioko aireko linea 245. eta 4. euskarrien artean eta 10. eta 15. euskarrien artean aldatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren esparruan (Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan eta hurrengoetan dago arautua).

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikulua betez, kontsulta-izapidea abiarazi zuen 2022ko apirilaren 8an, eragindako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait txosten jaso dira zenbait erakunderen aldetik, eta haien emaitza espedientean dago jasota. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola izapideari.

Espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluari jarraikiz.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; izan ere, horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2.b) artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaie, «I. eranskinean eta II. eranskinean ageri ez diren arren, Natura 2000 Sareko gune babestuetan zuzenean edo zeharka nabarmen eragin dezaketen proiektuei».

Txosten honen xede den proiektua ez dago jasota abenduaren 9ko 21/2013 Legearen ez I. eranskinean ez II. eranskinean. Hala ere, proiektatutako linearen aldaketa 13,2 kV-ko potentziakoa izateko eta 1,5 km-ko aireko linea izateko diseinatuta dago eta bai Natura 2000 Sareko Ega-Berron Ibaia (ES2110020) Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE) bai Izki HBBE-KBEaren (ES2110019) gainetik igarotzekoa da.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-agiria zuzena dela eta bat datorrela indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiekin, ingurumen-inpaktuaren txosten hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita horretarako eskumena duen organoa, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera. Txosten horretan, proiektuak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren proiektua garatu eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Kanpezuko udal-mugartean (Araba) dagoen «Peñacerrada CTO.3» 13,2 kV-ko erdi-tentsioko aireko linea 245. eta 4. euskarrien artean eta 10. eta 15. euskarrien artean aldatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egitea, honako baldintza hauen arabera:

  1. Proiektuaren xedea da «Peñacerrada CTO.3» izeneko 13,2 kV-ko erdi-tentsioko linearen bi zati aldatzea, 245. eta 4. euskarrien artean eta 10. eta 15. euskarrien artean eroalea ordezkatuz. Horrez gain, hormigoizko hiru euskarriren ordez sareta-euskarriak jartzea proposatu da.

  2. Kanpezuko udal-mugartean (Araba) dagoen «Peñacerrada CTO.3» 13,2 kV-ko erdi-tentsioko aireko linea 245. eta 4. euskarrien artean eta 10. eta 15. euskarrien artean aldatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena ematea xede duen ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-dokumentua aztertzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat:

    1. Proiektuaren ezaugarriak.

      Aldatuko diren zatiek 1,5 km-ko luzera dute guztira, eta Kanpezuko udal-mugartetik (Araba) igarotzen dira. Zehazki, zatietako bat 245. eta 4. euskarrien artean dagoen 269 metroko gune huts bat da (aurrerantzean, 1. zatia), zeinak Izki ibaia gurutzatzen duen Ega ibaiaren adarra da, Bujanda herritik ibaian behera. Beste zatia 10. eta 15. euskarrien arteko aireko lineari dagokio (aurrerantzean, 2. zatia), 1.281 metroko luzerakoa, eta Bujandako herrigunearen hegoaldeko mugatik hego-mendebalderantz doa, Izki mendilerroaren ekialdetik.

    2. zatian dauden 11., 12. eta 13. euskarrien ordez, hormigoizko bloke bakarreko zimenduak dituzten saretazko euskarri metaliko berriak jarriko dira. Hegazti-fauna babesteko neurriak betetzeko, loturaren isolamendua konpositezko katez osatuko da, metro bateko hagarekin. Horrez gain, txori-babesak jarriko dira aldatutako lerro osoan zehar. Eroale berria aluminio eta altzairuzkoa izango da, 100.AL1/17-ST1A motakoa.

      Euskarriak ordezkatuko diren eremuetan azpiegiturak muntatu eta desmuntatzeko 10 x 10 metroko lan-plataforma bat jartzeko asmoa dago. Eremu horietara iristeko dauden pistak erabiliko dira, zortasun-eremuan edo laborantza-eremuan zehar.

      Sortuko diren hondakinak eraikuntza- eta eraispen-hondakinen parekoak izango dira. Zehazki, 16,2 t hondakin euskarriak desegitearen ondoriozkoak izango dira; 11,5 m3 hondakin, berriz, euskarrietarako zuloak egitearen ondorioz soberan geratuko diren lurrak izango dira.

      Jarduketa hauen bidez garatuko da proiektua:

      Euskarrien zimenduak zuinkatzea.

      Euskarrien zimenduetarako sarbidea.

      Indusketak euskarrien zimenduetan eta lurpeko bilbadurako zangetan.

      Zimenduak kofratzea eta hormigoia botatzea.

      Txatarra bihurtuko diren elementuak desmuntatzea eta erretiratzea.

      Sareta-, armatze- eta altxatze-moduluekin zimenduetara iristea.

      Kableak zabaldu eta tenkatzea.

      Zortasun-eremua egokitzea.

      Linea martxan jartzea.

      Aurkeztutako agirien arabera, obrek 10 lanegun baino gutxiago iraungo dutela kalkulatzen da.

      Bi aukera aurkeztu dira: 0 aukera eremuaren egungo egoerari eustea da; bestea, berriz, proiektuak garatzen duena. Eremuan hornidura elektrikoa ziurtatu beharra dagoela kontuan hartuta, 0 aukera baztertu egin da; horren ordez, dauden instalazioak eguneratzeko hautua egin da. Gainera, hautatutako aukerari esker, trazadura hegazti-fauna babesteko araudiaren aginduetara egokituko da.

    1. Proiektuaren kokapena.

      Proiektuaren eremua Bujanda herriaren ondoan dago, Kanpezuko udal-mugartean (Araba). Zehazki, 245. eta 4. euskarrien arteko zatia (1. zatia) Izki ibaiaren gainetik igarotzen da, herriaren ekialdean, eta 10. eta 15. euskarrien arteko zatia (2. zatia) Bujandaren hego-mendebalderantz doa, Izki mendilerroaren ekialdetik. Ordezkatuko diren 3 euskarriak ere Izki mendilerroan daude.

      Hauek dira eremuaren ezaugarri nagusiak:

    1. zatia iragazkortasun ertaina duten tuparri-kareharri motako material litologikoen gainean kokatuta dago. 2. zatia porositatearen eraginez iragazkortasun handia duten material detritikoen gainean kokatuta dago. Bi kasuetan, lurzoruak kanbisol motakoak dira.

      Aztergai dagoen eremua Ega ibaiaren unitate hidrologikoan dago, nagusiki Izki ibaiaren isurtze-arroan, eskuineko ibaiertzean. Hegoalderago dauden bi euskarriak Ega ibaiaren isurtze-arroan daude. 1. zatia Izki ibaiaren gainetik igarotzen da; 2. zatia, berriz, ibilgu nagusietatik urrun dago. Izki erreka Ega II ur-masan sartzen da, Sabando errekatik Ega ibaian isurtzen den arte.

      Lurpeko urei dagokienez, eremua Izki-Zudaire masari dagokio (ES091MSBT021). 2. zatiaren trazaduraren zati handi bat akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasun txikiko interes hidrogeologikoko eremu batean dago. Adierazi behar da zati horretan hegoalderago dauden bi euskarriak akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasun handia duten eremuetan daudela.

      Lineako 1. zatian dagoen landaredia erkamezti mediterraneoz eta nekazaritza-laborez osatuta dago. Zehazki, linea zeharkatzen duen ibilguan zehar (Izki erreka), ibaiertzeko makaldi mediterraneo bat dago identifikatuta eta haltzak ere baditu. Azpimarratu behar da erkamezti mediterraneoa 9240 kodea duen Batasunaren Intereseko Habitat gisa (aurrerantzean, BIH) identifikatuta dagoela; ibaiertzeko makaldi mediterraneoa, berriz, 92A0 BIH gisa. Erkameztiarekin batera, 6220* lehentasunezko BIHa ere identifikatuta dago, brachypodium retusum larre xerofilokoa.

      Bestetik, 2. Zatia, nagusiki, erkametz- eta pago-baso naturaletatik igarotzen da, baita txilardi eta belar-formazio natural eta erdinaturaletatik ere. Zehazki, ordezkatzekoak diren 11. eta 12. euskarriak, 4090 BIHan daude (txilardi kaltzikola, isatsduna, tuparritsua), eta 13. euskarria hori ere ordezkatzekoa da, 9240 BIHan dago (erkamezti silizikola). Horrez gain, linearen zati hori 6210 BIHtik (albiztiak eta Mesobromion taldeko larreak) eta 9120 BIHtik (pagadi azidofilo atlantikoa) ere igarotzen da. Ingurumen-dokumentuaren arabera, proiektuaren eremuan ez da identifikatu katalogatutako espezierik, eta, nolanahi ere, linearen zortasun-eremuak sortuta daudela kontuan hartuta, horietan otadi, sastraka mediterraneo eta iratzediak identifikatzen dira.

      Izki erreka zeharkatzen duen lineako 1. zatia Natura 2000 Sarean sartuta dagoen Ega-Berron Ibaia (ES2110020) kontserbazio bereziko eremuko espazioan kokatuta dago. Bestalde, 2. zatia eta, zehazki, ordeztuko diren hiru euskarriak Izki (ES2110019) HBBE-KBEaren barruan dago, eta haren mugaketa, funtsean, Izkiko parke naturalarekin (ES211013) bat dator Foru Gobernu Kontseiluaren 438/2017 Erabakia, uztailaren 18koa, behin betiko onartzen dituena Izki ES2110019 natura parke, kontserbazio bereziko eremu (KBE) eta hegaztientzako babes bereziko eremuaren (HBBE) Erabilera eta Kudeaketa Arautzeko II. Plana (EKAP) eta kudeaketa gidalerro eta jardunen agiria.

      Izki erreka, azterketa-eremuan, bisoi europarraren (Mustela lutreola) eta igaraba eurasiarraren (Lutra lutra) interes bereziko eremu gisa identifikatzen da. Espezie horiek galzorian dauden eta kontserbatzeko kudeaketa-planak dituzten espezie gisa katalogatuta daude (322/2003 Foru Agindua, azaroaren 7koa, Arabako lurralde historikoan Mustela lutreola bisoi europarra kudeatzeko plana onartzen duena, ALHAO, 2003-12-05ekoa, eta 880/2004 Foru Agindua, urriaren 27koa, Arabako lurralde historikoan igaraba arruntaren (Lutra lutra) (Linnaeus, 1758) kudeaketa plana onartzekoa, ALHAO, 2004-11-24koa). Izki HBBE-KBEa hegazti nekrofagoen interes bereziko eremu eta elikatzeko babes-eremu gisa identifikatzen da (229/2015 Foru Agindua, maiatzaren 22koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Batasunaren intereseko Hegazti Nekrofagoak Kudeatzeko Plan Bateratua onartzen duena; Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiek batera idatzia). Azkenik, Izki HBBE-KBEa eta Izki mendilerroko lursailak, hegaztiak linea elektrikoen aurka talka egitetik eta elektrokutatzetik babesteko eremu gisa identifikatu dira. Zehazki, 2. zatia abifauna babesteko baldintza teknikoekin bat ez datorren linea elektriko gisa identifikatu da.

      Izki erreka EAEko azpiegitura berdearen bilbe urdinean sartzen da. EAEko Korridore Ekologikoen Sareak interes bereziko ibai-zati gisa identifikatzen du ibilgu hori, baita «Izki-Arabako hegoaldeko mendilerroak» korridore ekologikoa ere. Aipatutako Korridore Ekologikoen Sarearen arabera, Izki HBBE-KBEa gune nuklear gisa identifikatzen da, eta mendebaldean, hegoalderago dagoen linearen zatiarekin bat egiten duen tokian, «Izki-Arabako hegoaldeko mendilerroak 2» korridorea identifikatu da.

      Eremuan ez da identifikatu interes geologikoko lekurik, ezta Eremu Babestuen Erregistroan jasotako gunerik ere. Halaber, ez dago jasota beste katalogo batzuetan (EAEko naturagune garrantzitsuen katalogo irekian, ezta Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetako interes naturalistikoko guneen zerrendan ere).

      Eremua Bujandako ikusmen-arroan dago, eta «arrunta» eta paisaia-kalitate «oso handikotzat» jotzen da; EAEko paisaia bikainen katalogoan sartuta dago.

      Ingurumen-arriskuei dagokienez, eremuak ez du uholde-arriskurik, higadura-arriskurik edo baso-suteen arriskurik, eta, halaber, lurzati bakar bat ere ez dago sartuta lurzorua kutsa dezaketen jarduerak dituzten edo izan dituzten lekuen inbentarioan. Nolanahi ere, proiektuaren trazaduraren zati handi bat Izki mendilerroko basotik igarotzen denez, gune horiek baso-suteak gertatzeko arrisku-indize aldakorra dute. Arestian esan denez, eremuaren hegoaldeko muturrak akuiferoak kutsatzeko arrisku handia du.

      Eskuragarri dagoen kartografiaren arabera, proiektuaren eremuan ez da identifikatu katalogatutako kultura-ondarearen elementurik.

    1. Balizko inpaktuaren ezaugarriak.

      Proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, inpakturik esanguratsuenak obra-fasean sortuko dira. Proiektua aurrera eramateko jarduketen barruan, honako hauek barne hartuko dira: ordezkatuko diren euskarrien jarduketa-guneetara iristea eta lan-plataformak lortzea. Horretarako, 10 x 10 metroko azalera bat okupatu beharko da eta, bertan dagoen landaredia deuseztatzeaz gain, lurzorua trinkotu egingo da, makinen eta materialen joan-etorrien ondorioz.

      Bestalde, jarduketen ondorioz, aldi baterako eta leku jakinetan, gutxitu egingo da faunaren habitaten kalitatea (zarata handitzea, hautsa, bibrazioak eta abar), lurzoruak edo urak kutsatu ahal izango dira lurra mugitzean sortutako istripuzko isurtzeen edo jariatzeen ondorioz, eta hondakinak sortu ahal izango dira.

      Deskribatutako inpaktuek garrantzi berezia dute Ega-Berron ibaia KBEaren eta Izki HBBE-KBEaren barruan izango. Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, ez da jarduketarik aurreikusten Ega-Berron ibaia KBEaren barruan, ezta espazio horretan eragin nabarmenik izatea ere. Bestalde, proiektatutako hiru euskarri berriak Izki HBBE-KBEaren barruan kokatuta daude. Nolanahi ere, aurreikusitako jarduketak (sarbideak, euskarrien ordezkapena eta linea elektrikoa) linearen egungo zortasun-eremura mugatuko dira eta han ez dago zuhaitzik, beraz, belar eta zuhaixkei soilik eragingo diela aurreikusten da.

      Adierazi behar da, ingurumen-dokumentuaren arabera, proiektuaren eremuan dauden 6210* eta 6220* Batasunaren intereseko habitatak dituzten guneak landuta daudela eta ganadua dagoela bertan. Beraz, 4090 BIHtik 770 m2 inguru bakarrik okupatuko lirateke, eta habitat hori ez da jotzen Izki HBBE-KBEaren funtsezko elementutzat edo kudeaketa-xedetzat. Ildo horretan, ez da aurreikusten eragin nabarmenik izatea KBE horretan babestu beharreko ingurumen-balioetan. Nolanahi ere, prebentzio-neurriak hartu behar dira faunaren eta proiektuaren eremuaren inguruan dauden intereseko habitaten gaineko eragina saihesteko.

      Funtzionamendu-fasean, inpaktu nagusiak abifaunarengan izango dira, talka egiteko eta elektrokutatzeko arriskuagatik, baita paisaian ere. Kontuan hartuta proiektua, funtsean, lehendik dagoen trazadura bat egokitzean datzala, eta linea elektrikoan elektrokuzioaren eta talken aurkako neurri egokiak barne hartuko direla, 1432/2008 Errege Dekretuaren zehaztapenetara egokitzeko (1432/2008 Errege Dekretua, abuztuaren 29koa, goi-tentsioko aireko linea elektrikoetan hegazti-fauna talken eta elektrokuzioen aurka babesteko neurriak ezartzen dituena), horri dagokionez, jarduketen aurreko egoerarekiko eragin positiboa izango duela uste da.

      Eremuaren eta egin nahi den jardueraren ezaugarriak kontuan hartuta, eta aintzat hartuta bai sustatzaileak proposatutako neurri babesle eta zuzentzaileak bai ingurumen-inpaktuaren txosten honetan bertan agindutakoak, ez da aurreikusten proiektuak ingurunearen aipatutako alderdietan inolako eragin negatiborik izango duenik.

      Bigarrena. Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri esanguratsurik izan ez dezan eta ez dadin beharrezkoa izan Kanpezuko udal-mugartean (Araba) dagoen «Peñacerrada CTO.3» 13,2 kV-ko erdi-tentsioko aireko linea 245. eta 4. euskarrien artean eta 10. eta 15. euskarrien artean aldatzeko proiektuari buruzko ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea, betiere, ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

      Neurri babesle eta zuzentzaileak gauzatzean, honako hauetan ezarritakoa bete beharko da: indarrean dagoen araudian xedatutakoa, hurrengo apartatuetan adierazitakoa, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren aurrean aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa.

      Neurrien norainokoa eta kontrolerako langile kopurua egokiak izan beharko dira ingurumen-agirian eta ingurumen-txosten honetan ezarritako kalitate-helburuak bermatzeko.

      Neurri horiek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, obrako jardunbide egokiak aplikatuko dira.

      Gehitu egin beharko dira honako apartatu hauetan adierazitako neurriak.

      Natura-ondarea babesteko neurriak.

      Proiektuak honako hauek hartu beharko ditu kontuan: Foru Gobernu Kontseiluaren 438/2017 Erabakia, uztailaren 18koa, behin betiko onartzen dituena Izki ES2110019 natura parke, kontserbazio bereziko eremu (KBE) eta hegaztientzako babes bereziko eremuaren (HBBE) Erabilera eta Kudeaketa Arautzeko II. Plana (EKAP) eta kudeaketa gidalerro eta jardunen agiria, 215/2012 Dekretua, urriaren 16koa, eskualde biogeografiko atlantikoko hamalau ibai eta estuarioren Kontserbazio Bereziko Eremuak izendatzeko eta kontserbazio-neurriak onartzeko dena eta 34/2015 Dekretua, martxoaren 17koa, ingurune hidrikoari lotuta dauden kontserbazio bereziko eremuetarako (KBE) eta hegaztien babes bereziko eremuetarako (HBBE) arau orokorrak onartzen dituena.

      Obrak, bai eta lurzoruaren okupazioa dakarten gainerako eragiketa osagarriak ere, proiektua egikaritzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Lanerako kalea lehendik dagoen linea elektrikoaren azpiko segurtasun-kalera izatera mugatuko da hertsiki; bereziki, Izki HBBE-KBEaren barruan. Hala badagokio, beharrezkoak diren mozte-, inauste- eta eskokatze-lanak, obra-sarreren irekierak eta kontratistaren instalazio-guneak makineria-parkea, obra-etxetxoak, obra-materialak aldi baterako pilatzeko eremuak eta landare-lurrak eta hondakinak aldi baterako pilatzeko eremuak barne ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira, eta, zehazki, drainatze naturaleko sareari eta intereseko landarediari eragitea saihestuko da.

      Eremu horiek ezin izango dira inola ere kokatu identifikatutako naturagune babestuetan dauden lursailetan, instalazioaren eraginpean egongo ez diren intereseko landare-formazioen eremu kalteberetan (Batasunaren Intereseko Habitatak) lursailetan edo identifikatutako ibilguetako ur-bazterreko landaredian.

      Horretarako, obrak hasi aurretik, kontratistaren instalazioen eremuen mugaketa zehatza egingo da xehetasunezko kartografian.

      Era berean, lan-plataforma balizatu egingo da ordeztu beharreko euskarrien inguruan, obrek dirauten bitartean materiala kanpotik ez pasatzeko eta ez pilatzeko.

      Debekatuta dago makina astunek ibilguaren barruan zirkulatzea, eta jabari publiko hidraulikoaren 5 metroko zortasun-eremuan zirkulazioa mugatu egingo da, ahalik eta txikiena izan dadin.

      Oro har, zuzeneko okupaziorik aurreikusten ez den eremuetan, ez da kenduko bertako landaretza autoktonoa. Intereseko espezieren baten aleak egoera onean dauden eremuetan, kontu handiz jardun beharko da, proiektua egiteko beharrezkoa den eremutik kanpo ez eragiteko.

      Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, ez da aurreikusten zuhaitzei eragingo zaienik, jarduketak eta sarrerak linea elektrikoaren zortasun-eremura mugatuko baitira. Nolanahi ere, jarduketen eragina paira dezaketen eremu kalteberetan eta natura-balio handieneko eremuetan (6220*, 6210*, 9240, 9120 eta 4090 BIH batasunaren intereseko habitatak, eta identifikatutako naturagune babestuak), ahal bada inausketak egingo dira, eta behar-beharrezkoa denean soilik moztuko dira zuhaitzak, eta, bakar-bakarrik, haien gehieneko garapenera iristen direnean linea elektrikoaren segurtasuna bermatuta ez dagoela ikusten denean. Dena dela, lehendik dagoen zuhaixka-geruza osoa mantendu beharko da.

      BIH horietan, arreta berezia jarriko da euskarriak ordezteko orduan, bertako espezieei kalterik ez egiteko neurriak zorroztuz; eta, hala badagokio, eremua lehengoratuko da.

      Bertakoak ez diren zuhaitzak osorik moztu daitezke, betiere berehala birlandatzen badira tamaina txikiko espezieak edo hazkuntza motelekoak (esaterako, sahatsak, hurritzak eta haritzak).

      Bertan dauden zuhaitz eta zuhaixka autoktonoak zorrotz errespetatu behar dira, betiere instalazioetarako arriskutsuak ez badira. Arabako Foru Aldundiko zerbitzu teknikoekin elkarlanean (Mendi Zerbitzua) adostuko dira zein zuhaitz ebaki edo lepatuko den erabakitzeko irizpideak.

      Zuhaitzak inaustea, botatzea edo sastrakak kentzea ezinbestekoa bada, motozerrak erabiliko dira horretarako, eta ez makina astunak, modu selektiboan lan egin ahal izateko. Zuhaitzak ipurditik moztea beti era zuzenduan egingo da, gainerako landaredia autoktonoari kalterik ez eragiteko.

      Lurgaineko urak dituzten ibilguak zeharkatzean, ibaiertzeko espezieak dauden tokietan (lizarrak, haritzak, makalak, sahatsak, etab.), lineari eragin diezaioketen goiko adarrak bakarrik kimatuko dira. Ez da zuhaitzaren garaiera osoaren 1/3 baino gehiago kimatuko, eta eremuko zaintzaileak gainbegiratuta egingo da hori, geldialdi begetatiboan (negua). Ibaiertzeko gainerako landare-formazioei kalterik ez egitea bermatuko da, ibaiertzetako ibai-eremuen kalitatea eta kontserbazio-egoera zainduz.

      Obrak egin behar diren lekuetan sartzeko, ahal den neurrian, lehendik dauden bideak erabiliko dira, eta debekatuta egongo da bide berriak sortzea, aurretik horretarako baimenik eskatu ezean. Trazadura berriko sarbideak eta lehendik dauden sarbideak egokitzeko lanak, hala dagokionean, lur-mugimendua murriztuz eta lehen aipatutako eremu kalteberen gaineko eragina saihestuz egingo dira.

      Urriaren 27ko 880/2004 Foru Aginduaren (Lutra lutra igarabaren Linnaeus, 1758 kudeaketa-plana onartzen duena, Arabako lurralde historikoan) eta azaroaren 7ko 322/2003 Foru Aginduaren arabera (Arabako lurralde historikoan Mustela lutreola bisoi europarra kudeatzeko plana onartzen duena), Arabako Foru Aldundiko organo eskudunaren aurretiazko baimena beharko du interes bereziko guneetako jarduera orok, baldin eta jarduera horrek espezieak ugaltzeko erabilitako habitataren ezaugarriak aldatzea badakar. Gainera, mugak ezarri ahal izango dizkio lanak gauzatzeko moduari eta lanak egiteko uneari.

      Obrak hasi aurretik, faunan aditua den teknikari batek proiektuaren eremuko faunaren prospekzio bat egingo du, faunaren habi/babesleku posibleak identifikatzeko eta, beharrezkoa bada, prebentzio-neurri gehigarriak hartzeko.

      Kontuan hartuta Ega ibaian aurreikusitako jarduketak Ega-Berron ibaiaren KBEaren eta haren Babes-eremu Periferikoaren eta Interes Bereziko Eremuaren barruan daudela, besteak beste, bisoi europarrarenean espezie hori «galzorian» dagoen espezie gisa katalogatuta dago, debekatuta dago espezie horren ugaltze-aldi kritikoan lanak egitea; hau da, martxoaren 15etik uztailaren 31ra bitartean, kudeaketa-planean finkatuta dagoenari jarraituz.

      Sustatzaileak espezieen habitatak leheneratzeko lanak egin beharko ditu, baldin eta Arabako Foru Aldundiko Mendi Zerbitzuak kalte egin zaiela adierazten badu.

      Berariaz debekatuta dago materialak leku sentikorretan pilatzea, eremu sentikorretan edota babestutako habitatetan, hala nola zohikaztegietan, ur-ibilguetan, harri lehorreko hormetan eta abarretan.

      Berariaz debekatuta dago jarduketak egitean sor daitezkeen hondakinak botatzea.

      Abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera, ingurumen-dokumentuan deskribatutako aireko linea elektrikoaren trazadura berri osorako zehaztutako neurriak hartuko dira, hegaztiek elektrokutatzeko edo talka egiteko dituzten arriskuak minimizatzeko. Horri dagokionez, berak proposatutako elektrokuzioaren aurkako elementuez gain, talken aurkako elementu islatzaile birakariak instalatzeko eskatzen zaio sustatzaileari.

      Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

      Lanek ibilguaren trazadura, fisonomia eta egitura errespetatu beharko dituzte, bertan obrarik egin gabe eta sortutako hondakinak kendu egin beharko dira.

      Proiektatutako jarduketak jarduketa-eremuko ingurune hidrikoan ahalik eta eragin txikiena izateko behar diren neurri guztiak hartu beharko dira eta behar beste arretaz jardun beharko da. Hala, eremuaren dinamika hidrologikoan aldaketa nabarmenik ez eragitea bermatu behar da eta une oro lurrazaleko eta lurpeko uren kalitatea ziurtatu.

      Betelanei eta isurketei dagokienez, bai eraikitze-fasean bai obrak amaitu ondoren egin daitezkeen isurketa kutsagarriek lurrazaleko eta lurpeko ur-ibilguei ez eragitea bermatuko da.

      Oro har, eraikuntza-fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta gai kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze-sarera.

      Une oro urak lurrazaletik ibilguetarantz drainatzea bermatuko da, ertzak garbi mantenduz. Landare-lurraren geruza landareak leheneratzeko berrerabiliko da, eta parke osoan drainatze-sare bat jarriko da, eremuko jariatze-ura hustubide naturalera bideratzeko. Gainera, euri-urak biltzeko eta husteko sistemarik eraginkorrenak jarri beharko dira.

      Hidrogeologiari dagokionez, lurpeko uretan izan daitezkeen eraginak kontuan hartzeko, honako hauek aztertuko dira: akuiferoen kokapena, kargatzeko eta sortzeko eremuak, uren kalitatea eta isurketen inbentarioa, eta maila freatikoen urtaroaren araberako bilakaera eta lurpeko fluxuen zehaztapena.

      Hidrokarburoak xurgatzeko material espezifikoa jarri beharko da eskura obretan, istripuzko isuri edo ihesen bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.

      Beharrezkoa bada, obra-eremuetan, lanen eta jarduera osagarrien ondorioz kutsatzen den ur guztia biltzeko eta kudeatzeko gailuak proiektatu eta eraikiko dira. Haien neurriak zehazteko, kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoak ahalik eta hobekien atxikitzeko eta isuriak lokalizatuak eta indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen parametro fisiko-kimikoen araberakoak direla bermatzeko.

      Obrako makinak gordetzeko azalera eta haiek mantentzeko tokia drainatze-sare naturaletik bereizi beharko dira. Zolata iragazgaitzaz gain, efluenteak biltzeko sistema bat ere izango du, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta tailerreko jarduerak ezin izango dira horretarako jarritako guneetatik kanpo egin.

      Paisaia babesteko eta ukitutako eremuak lehengoratzeko neurriak.

      Proiektua gauzatzean kaltetutako gune guztiak lehengoratuko dira (aldi baterako pilaketa-eremuak, aldi baterako lurzoru-okupazioak, obra-eremuetarako sarbidea eta abar). Landareztatzea, espezie autoktonoak sartuta, ahalik eta lasterren egingo da erosio-prozesuak eta ibilguetarako solido-arrasteak saihesteko; horrela, habitat naturalak sortzen lagunduko da, eta, ahal dela, horien inguruan dagoen landaredia naturalarekin lotuko dira.

      Lurrak mugitzerakoan, landare-lurra kenduko da, eta bereizita pilatuko, obrek eragindako inguruen lehengoratze- eta landareztatze-lanak erraztearren.

      Kanpoko landare-espezie inbaditzaileak bertan sartu eta hedatu ez daitezen hartu beharreko neurriak hartuko dira. Bereziki kontrolatuko da landare-estalkia lehengoratzeko lurren jatorria, eta, ahal dela, ez da erabiliko horrelako espezieek kutsatu ahal izan duten lurrik.

      Erabiltzen diren makina guztiek garbi egon beharko dute, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, halakoetan inguruan koka daitezkeen espezie inbaditzaileen propaguluak edo haziak egon baitaitezke.

      Era berean, ahal den guztietan, errotik kenduko dira jarduketa-eremuetan aurkitutako espezie inbaditzaileak.

      Bai baldintza-agiriak eta bai obra kontratatzeko aurrekontuek aipatutako dokumentazioan aurreikusitako baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak jaso beharko dituzte, proposatutako jarduerak behar bezala betetzen direla bermatzeko. Aurrekontuan hutsarteak betetzeko eta landareak behin betiko errotzeko behar diren mantentze-lanetarako partida bat jasoko da.

      Zaraten eta bibrazioen ondorioak minimizatzera zuzendutako neurriak.

      Lanek iraun artean, beharrezkotzat jotzen diren jardunbide egokiak aplikatuko dira, ordutegien mugaketari, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.

      Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

      Bestalde, proiektua garatzerakoan, eraginpeko eremuan obrek sorrarazitako zaratarengatik ez dira gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita daudenak, hori guztia dekretu horretako 35 bis artikuluan aurreikusitakoari kalterik eragin gabe.

      Egunez bakarrik egingo da lan.

      Hondakinak kudeatzeko neurriak.

      Sortutako hondakin guztiak Ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, bereizi egin beharko dira hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.

      Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa eta deuseztatzea barne.

      Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: aldez aurretik behar bezala justifikatzen denean ezinezkoa dela hondakinak teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren ikuspegitik balorizatzea.

      Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdinetako hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.

      Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak bi xedapen hauen arabera kudeatuko dira: 105/2008 Errege Dekretua, otsailaren 1ekoa, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko dena, eta 112/2012 Dekretua, ekainaren 26koa, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko dena.

      Zabortegira bidali beharreko hondakinak, berriz, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

      Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

      Betelanetarako, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako balioen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek.

      Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela eta, isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, ekonomia zirkularrerako hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

      Sortutako olio erabilia industriako olio erabiliaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuaren arabera kudeatuko da. Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

      Eremu jakin bat egokituko da, aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

      Airearen kutsadura ahalik eta txikiena izateko neurriak.

      Aldian-aldian, sarbideak garbituko dira, eta, harrotzen den hauts kantitatea zein den, ureztatzeak ere programatuko dira. Sarbideek egoera egokian egon beharko dute beti.

      Hezetasun-baldintza egokietan garraiatuko da indusketa-materiala, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lohi eta partikularik ez barreiatzeko.

      Kultura-ondarea babesteko neurriak.

      Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoari jarraituz, lurrak mugitzeko obretan arkeologia-izaerako aztarnarik aurkituz gero, berehala jakinaraziko zaio Arabako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari, eta azken horrek zehaztuko du zer neurri hartu behar diren.

      Jardunbide egokien sistema bat ezartzea.

      Langileek jardunbide egokien sistema bat hartu beharko dute, helburu hauek, besteak beste, ahalik eta gehien bermatzeko:

      Obrak okupatzen dituen mugak kontrolatzea.

      Batasunaren intereseko habitatetan (6220*, 6210*, 9240, 9120 eta 4090 BIH), Natura 2000 Sareko Ega-Berron Ibaian (ES2110020) eta Izki HBBE-KBEan (ES2110019) izango den eragina kontrolatzea.

      Hondakin-isurketarik ez egitea, eta olio-isurketen ondorioz edo lurra leku batetik bestera eramatea dela bide lurzorua eta ura ez kutsatzea.

      Garbiketa eta obren akabera.

      Obra amaitu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da, erriberan dauden hondakinak bildu eta baimendutako zabortegi batera eramatea barne hartuta; hala badagokio, hondakinen kudeatzaile baimenduak erretiratuko ditu. Proiektuaren eragin-eremuak obra-hondarrik gabe geratu beharko du, eta aldi baterako instalazio guztiak desegin beharko dira.

      Ingurumen-aholkularitza.

      Obra amaitu arte eta horren berme-aldian zehar, obra-zuzendaritzak ingurumenaren, eta oro har, neurri babesle eta zuzentzaileen inguruan kualifikatutako aholkularitza izan beharko du. Baldintza-agiriak gai horiei buruz esleitzen dizkion funtzioen alorrean obra-zuzendaritzak hartu behar dituen erabakiek, aldez aurretik, aholkularitza horrek egindako txostena izan beharko dute.

      Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du, obra gauzatzean; besteak beste, proiektuko ekintzen eragina egiaztatuko du, bereziki honako hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hautsa eta zarata sortzea, hondakinak kudeatzea eta natura-ondarea babestea.

      Ingurumena Zaintzeko Programa.

      Ingurumena zaintzeko programa sustatzaileak proiektuaren ingurumen-eragina ebaluatzeko aurkeztutako agiriekin bat etorriz egin behar da.

      Ingurumen-dokumentuaren arabera, obrek irauten duten bitartean bi bisita egitea aurreikusten da, eta horiei beste bi bisita gehitu beharko zaizkie. Hala, astean bi bisita egingo dira gutxienez. Bisitetako bat obraren zuinketa egiten denean egingo da.

      Programa hori obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartuta egongo da, eta bete ahal izatea bermatuko duen aurrekontua izango du.

      Hirugarrena. Zehaztea, lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera, eta betiere ebazpen honetan jasotako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, baita sustatzaileak proposatutakoak ere aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten proiektua gauzatzeak ondorio kaltegarri adierazgarririk izango duenik ingurumenean. Beraz, ez da beharrezkotzat jotzen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU enpresak Kanpezuko udal-mugartean (Araba) sustatutako «Peñacerrada CTO.3» 13,2 kV-ko erdi-tentsioko aireko linea 245. eta 4. euskarrien artean eta 10. eta 15. euskarrien artean aldatzeko proiektuari.

      Laugarrena. Ebazpen honen edukiaren berri ematea Eusko Jaurlaritzako Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzari.

      Bosgarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

      Seigarrena. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.4 artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarra galduko du, eta berezko dituen ondorioak sortzeari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean baimenik ematen ez bazaio aipatutako proiektuari. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

      Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 8a.

      Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria ez dagoelako, eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarriaren arabera.

      Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordea,

      AMAIA BARREDO MARTÍN.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik