Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko uztailaren 8koa, Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordearena, zeinaren bidez formulatzen baita Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako (Bizkaia) El Campillo II industrialdeko Sun Chemichalen produktu kimikoak edukiontzi mugikorretan biltegiratzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 158
  • Hurrenkera-zk.: 3635
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/07/08
  • Argitaratze-data: 2022/08/18

Gaikako eremua

  • Gaia: ---
  • Azpigaia: ---

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2022ko maiatzaren 17an, Abanto-Zierbenako (Bizkaia) El Campillo II industrialdeko Sun Chemichalen produktu kimikoak edukiontzi mugikorretan biltegiratzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko eskaera osatu zen, proiektu horren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren esparruan, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan eta hurrengoetan araututakoaren arabera.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikulua betez, kontsulta-izapidea abiarazi zuen 2022ko maiatzaren 17an, eragindako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait txosten jaso dira zenbait erakunderen aldetik, eta haien emaitza espedientean dago jasota.

Espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluari jarraikiz.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; izan ere, horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Indarrean den legean aurreikusten dira ingurumen-organoak egindako ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, betiere, honako hauek zehazteko: proiektuak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-inpaktuaren txostenaren arabera, edo proiektuaren gaineko ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar zaiola, ingurumen-eragin nabarmenak izan ditzakeelako. Proiektuari abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2 a) artikuluko kasuetako aplikatzen zaio, zehazki, lege horren II. eranskineko 6. taldeko c) epigrafea.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela, ingurumen-inpaktuaren txosten hau egiten du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita horretarako eskumena duen organoa, otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan (Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenean) xedatutakoaren arabera. Txosten honetan, proiektuak ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen edota, bestela, zer baldintzatan garatu behar den proiektua, ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Ingurumen-inpaktuaren txostena formulatzea Abanto-Zierbenako (Bizkaia) El Campillo II industrialdeko Sun Chemichalen produktu kimikoak edukiontzi mugikorretan biltegiratzeko proiektuaren gainean, honako baldintza hauetan:

  1. Proiektuaren asmoa da produktu kimikoen edukiontzi mugikorretako biltegi berri bat eraikitzea. Biltegi hori Sun Chemical SA enpresak Abanto-Zierbenako (Bizkaia) El Campillo II industrialdean dituen instalazioen barruan ezarriko da. Biltegian utziko dira lehengaiak eta amaitutako produktuak.

  2. Ebazpen honetan, zeinaren bidez Abanto-Zierbenako (Bizkaia) El Campillo II industrialdeko Sun Chemichalen produktu kimikoak edukiontzi mugikorretan biltegiratzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egiten baita, proiektuaren ingurumen-dokumentuaren edukia aztertzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideei eta espedientean jasotako txostenei jarraikiz:

    1. Proiektuaren ezaugarriak.

      Proiektuaren asmoa da produktu kimikoen edukiontzi mugikorretako biltegi berri bat eraikitzea. Biltegi hori Sun Chemical SA enpresak Abanto-Zierbenako El Campillo II industrialdean dituen instalazioen barruan ezarriko da. Biltegian utziko dira lehengaiak eta amaitutako produktuak.

      Sun Chemical SA enpresaren instalazioetan arte grafikoen sektorerako inprimaketa-tintak fabrikatzen dira, eta urtean 1.500 tona ekoizteko ahalmena du. Instalazioak Ingurumeneko sailburuordearen 2014ko azaroaren 21eko Ebazpenaren bidez emandako Ingurumeneko Baimen Integratua du.

      Proiektuak ez du egungo lantegiaren ekoizpen-ahalmena aldatzea ekarriko, biltegiratze-ahalmena handitzea baizik, logistika-ondoreetarako.

      Biltegiratze-parke berriak 1.852 m2-ko azalera hartuko du, eta, bertan, pabiloiaren azalera handiena (1.357 m2) hartuko duen biltegiratze-eremuaz gain, zamalanetako kai bat, bulegoak, atseden-gune bat eta bateriak kargatzeko gune bat egongo dira. Eremu guztia estalki pean egongo da.

      Biltegiratze-eremuak 5 apalategi-lerro izango ditu. Biltegia hobeto aprobetxatzeko, apalategien altuera aldakorra da (7-8 maila). Produktuak paletetan antolatzen dira; lehengaietarako produktuak 1,2 m x 1,2 m-koak izango dira; amaitutako produktuak, berriz, 0,8 m x 1,2 m-koak. Guztira, 1.300 palet izango dira.

      Biltegiratu beharreko produktu kimikoek 3A eta 3B motako arriskugarritasuna dute, 60-93 ºC arteko sukoitasun-puntua eta 93 ºC-tik gorakoa dutenak, hurrenez hurren, eta horietatik honako hauek nabarmentzen dira: 1 metoxi 2 propanola, erretxina disoluzioan, petrolioaren nafta, aluminio-konplexua, 2,6 ditertp-kresola tris aluminioa, metalezko kobre-hautsa eta aluminio-konplexua.

      Produktu kimikoak arriskutsu eta ez-arriskutsu gisa sailkatu ditu; amaierako produktuak (AP) zein lehengaiak (L). Hauek dira biltegiratu beharreko kopuruak:

      Lehengaiak (L):

      Ez-arriskutsuak: 368 tona; horietatik, 276 tona solidoak dira eta 92 tona likidoak.

      Arriskutsuak: 150 tona; horietatik, 24 tona solidoak dira eta 126 tona likidoak.

      Amaierako produktua (AP):

      Ez-arriskutsuak: 102 tona.

      Arriskutsuak: 339 tona (guztiak likidoak).

      Obren faseko ekintza nagusia instalazioen eraikuntza da (lurra egokitzea, zimenduak jartzea eta hormigoitzea, iragazgaiztea, altzairuzko egitura, estalkia, euri-uren sarea, kanalizazio elektrikoak eta lur-lerroa, zerbitzuko ur-sarea eta bide-sarea).

      Pabiloia egiteko lanek 10 hilabete inguru irautea espero da.

    2. Proiektuaren kokapena:

      Abanto-Zierbenako (Bizkaia) El Campillo II industrialdeko Sun Chemichalen lantegiko zabalgunea, 5. lurzatia, baita lurzati atxiki bat ere, hegoaldean, enpresaren jabetzakoa eta urbanizatu gabe dagoena. Lurzati hori betelan antropogenikoen gainean dago, eta gaur egun enpresako langileentzako aparkaleku gisa erabiltzen da, eta duela urte batzuk arte, inguruko beste enpresa batzuetako materialak biltegiratzeko plataforma gisa.

      Biltegia ekonomia-jardueretarako hiri-lurzoru finkatuan dago, udalaren hirigintza-plangintzaren arabera.

      Ez dago natura-ondarearen elementu esanguratsurik, eremua erabat artifizializatua baita. Era berean, hasiera batean, baztertu egin da kultura-ondareko elementurik egotea.

      Proiektuaren eremuan ez dago ur-ibilgurik; hurbilen dagoena Pikon edo Kotorrio erreka da, mendebalderantz 330 metrora dagoena.

      Proiektuaren eremuan dagoen landaredia, funtsean, landaredi erruderal nitrofiloa da, eta espezie inbaditzaileen ugaritasuna nabarmentzen da, hala nola Cortaderia selloana.

      Lurzatia lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan dago sartuta (48002-00087 kodea). 17.000 m3-ko betelan-bolumena induskatu beharko denez, aldi berean egiten ari dira lurzoru horien kalitatea karakterizatzeko eta ikertzeko lanak.

      Akuiferoak kutsatzeko arriskua oso handia da biltegi berria kokatuko den ia eremu osoan.

    3. Balizko inpaktuaren ezaugarriak.

      Proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, inpakturik esanguratsuenak obra-fasean sortuko dira. Proiektuari lotuta egin beharreko jarduketak direla eta, 17.000 m3 material induskatu beharko dira lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten inbentarioan dagoen lurzati batean (48002-00087 kodea).

      Funtzionamendu-fasean, proiektuak eragindako inpaktu nagusia biltegiratutako produktu kimikoek izan ditzaketen ihesekin edo isuriekin dago lotuta. Inpaktu horiek minimizatzeko, pabiloiaren lurzorua iragazgaiztuta egongo da, eta atxikipen-askak jarriko dira biltegiratutako produktuen artean. Biltegian gerta daitezkeen isuriak zamalanetako kaian jarriko den kutxatila batera bideratuko dira. Kutxatila horrek beti itxita egongo den balbula bat izango du. Balbula hori euri-urak husteko bakarrik irekiko da, inolako kutsadurarik ez dagoela egiaztatu ondoren.

      Gainerako inpaktuak, hala nola zarataren igoerarekin kamioien trafiko handiagoa dela eta eta obra-fasearekin lotutakoak, ez dira garrantzitsutzat hartzen, betiere ingurumen-dokumentuan proposatzen diren zuzenketa-neurriak eta ingurumen-inpaktuaren txostenean agintzen direnak hartzen badira.

      Eremuaren eta egin nahi den jardueraren ezaugarriak kontuan hartuta, eta aintzat hartuta bai sustatzaileak proposatutako neurri babesle eta zuzentzaileak bai ingurumen-inpaktuaren txosten honetan bertan agindutakoak, ez da aurreikusten proiektuak ingurunearen aipatutako alderdietan inolako eragin negatiborik izango duenik.

      Bigarrena. Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Abanto-Zierbenako (Bizkaia) El Campillo II industrialdeko Sun Chemichalen produktu kimikoak edukiontzi mugikorretan biltegiratzeko proiektuan ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

      Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.

      Bestalde, neurriak eta kontrolerako langile kopurua nahikoak izango dira ingurumen-agirian finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-txosten honek finkatzen dituenak bermatzeko.

      Neurri horiek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, obrako jardunbide egokiak aplikatuko dira.

      Gehitu egin beharko dira honako apartatu hauetan adierazitako neurriak.

      Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

      Oro har, eraikuntza-fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta gai kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze-sarera.

      Halaber, erabat debekatuta dago makinak konpontzea edo makinei olioa aldatzea, horretarako berariaz jarritako guneetan ez bada. Lanak egiten ari diren inguruan ez balego azpiegitura egokirik zeregin horietarako, berariazko esparru bat egokitu beharko da. Esparru hori mugatuta egongo da, eta zorua iragazgaiztu egin beharko da; era berean, efluenteak jasotzeko sistema bat eduki beharko du, lurzorua eta urak ez kutsatzeko.

      Hidrokarburoak xurgatzeko gai den material espezifikoa eduki beharko da eskura, istripuzko isuri edo jarioren bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.

      Biltegi berria eraikitzeko, lur-mugimenduak egin behar dira lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten inbentarioan dagoen lurzati batean; beraz, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean eta abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuan (Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duena) xedatutakoa bete beharko da.

      Instalazioan egiten diren jarduera guztiak gauzatzeko orduan, beharrezkoak diren segurtasun-baldintzak bete beharko dira, lurzorua, lurpeko urak eta lurrazaleko urak ez kutsatzeko.

      Biltegiko zoladura baldintza optimoetan eduki beharko da, hausturarik edo lurzorua eta urak kutsatzeko arriskua duen eremurik gabe.

      Airearen kutsadura ahalik eta txikiena izateko neurriak.

      Obrek dirauten artean, zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak igaro ondoko garbiketa-lanak, bai obrek eragina duten ingurunean, bai obrak egiteko eremuetara sartzeko lekuetan. Ureztapen- eta garbiketa-sistema bat edukiko da, aldi baterako estali gabe dauden eremuetarako eta ibilgailuak pasatzean material partikulatua aireratu daitekeen kasuetarako.

      Ibilgailuak garbitzeko gailuak jarriko dira obra-guneen irteeran.

      Zaraten eta bibrazioen ondorioak minimizatzera zuzendutako neurriak.

      Lanek iraun artean, beharrezkotzat jotzen diren jardunbide egokiak aplikatuko dira, ordutegien mugaketari, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.

      Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez aurreikusitakoaren arabera, aire zabaleko jarduera orokorretan erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuak eta arau osagarriek ezarritakora. Hala, makineria behar bezala mantendu beharko da, fabrikatzailearen jarraibideak kontuan hartuz, makineriak baldintza ezin hobeetan funtzionatzen duela bermatzeko, bai ekoizpeneko baldintzei bai ingurumenekoei dagokienez.

      Beste alde batetik, jarduera egin beharko da jarduerak, orotara, bere eragin-eremuan Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita dauden kalitate akustikoaren helburuak ez gainditzeko moduan.

      Hondakinak kudeatzeko neurriak.

      Sortutako hondakin guztiak Ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, bereizi egin beharko dira hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.

      Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa eta deuseztatzea barne.

      Hondakinak kasu honetan baino ezin izango dira desagerrarazi: behar bezala frogatzen bada horiek balorizatzea bideraezina dela teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik.

      Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia bakoitzeko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, hala nahastea ekiditeko, nola, obran edo instalazioan bertan ez badira berrerabiliko, kudeatzaile baimendu bati entregatzeko.

      Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak bi xedapen hauen arabera kudeatuko dira: 105/2008 Errege Dekretua, otsailaren 1ekoa, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko dena, eta 112/2012 Dekretua, ekainaren 26koa, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko dena.

      Zabortegira bidali beharreko hondakinak, berriz, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

      Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

      Betelanetarako, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako balioen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek.

      Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela eta, isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, ekonomia zirkularrerako hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

      Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa Arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatuko da sortzen den olio erabilia. Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

      Obren paisaia-integraziorako neurriak.

      Obra bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da; proiektuaren eraginpeko eremua batere obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak desegingo dira.

      Eraikuntza-proiektuak biltegiari lotutako lurrak eta instalazioak paisaiara egokitzeko beharrezkoak diren aurreikuspenak barneratuko ditu, horiei eremuan integratzen laguntzeko.

      Lorategi-eremuak berriz landareztatzeko irizpideak bat etorriko dira Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak argitaratutako agiri hauetan ezarritako irizpideekin:

      Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua (Udalsarea 21 lan-koadernoa, 20.b zenbakia), 2017ko apirilekoa.

      Espezie apaingarriak hautatzeko gida (Udalsarea 21 lan-koadernoa, 20.a zenbakia), 2017ko apirilekoa.

      Era berean, jarduketa-eremuetan hautemandako landare-espezie inbaditzaileak desagerrarazteko jarduerak egingo dira.

      Jarduera uztea.

      Instalazioaren bizitza baliagarria amaituta, oro har kutsadura sor dezaketen elementu guztiak desmuntatu eta erretiratu beharko dira, eta dagokion kudeatzaile baimenduari emango zaizkio, kasuan kasuko tratamendu egokia egin dezan, indarrean dagoen legediaren arabera.

      Jarduera eten ondoren, titularrak ebaluatuko du lurzorua nola dagoen eta instalazioak erabilitako, ekoitzitako edo zabaldutako gai arriskutsu esanguratsuek lurpeko uretan zer-nolako kutsadura eragin duten, eta, halaber, organo honi emango dio ebaluazio horren emaitzen berri. Ebaluazioak erakusten badu instalazioak lurzoruaren edo lurpeko uren kutsatze nabarmena eragin duela lurzoruaren kalitatea adierazteko izapidean egindako lurzoruaren kalitatearen ikerketa-txostenetan ezarritako egoerarekin alderatuta, titularrak neurri egokiak hartuko ditu kutsadura horri aurre egiteko eta instalazioa lehengo egoerara ekartzeko, Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen II. eranskineko arauei jarraikiz.

      Hirugarrena. Zehaztea, lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera, eta betiere ebazpen honetan jasotako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, baita sustatzaileak proposatutakoak ere aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten proiektua gauzatzeak ondorio kaltegarri adierazgarririk izango duenik ingurumenean. Horrenbestez, ez da beharrezkoa ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren mende jartzea Abanto-Zierbenako (Bizkaia) El Campillo II industrialdeko Sun Chemichalen produktu kimikoak edukiontzi mugikorretan biltegiratzeko proiektua.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

      Bosgarrena. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, aipatutako proiektua baimentzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio. Halako kasuetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

      Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 8a.

      Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria ez dagoelako, eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarriaren arabera.

      Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordea,

      AMAIA BARREDO MARTÍN.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik