Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko uztailaren 6koa, Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordearena, zeinaren bidez formulatzen baita Pasaiako (Gipuzkoa) Araneder hirigintza-jarduerako eremuko (Andonaegiko depositua eta ingurua) «07. Araneder HE. Trintxer deposituak. 1. azpieremuaren» Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 161
  • Hurrenkera-zk.: 3659
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/07/06
  • Argitaratze-data: 2022/08/23

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Pasaiako Udalak, 2022ko martxoaren 31n, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan eskabide bat aurkeztu zuen, Pasaiako (Gipuzkoa) Araneder hirigintza-jarduerako eremuko (Andonaegiko depositua eta ingurua) «07. Araneder HE. Trintxer deposituak. 1. azpieremuaren» Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura hasteko. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2022ko maiatzaren 11n, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, izapidearen hasieraren berri eman zitzaion Pasaiako Udalari.

Espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Erantzuteko legezko epea amaitu, eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluaren arabera.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handi bat bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.

Plana abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da; hor ezartzen da zer plan eta programak pasatu behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua honako hauek zehazteko: ingurumen-eragin esanguratsurik ez duela ingurumen-txosten estrategikoaren arabera edo ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar dela, ingurumenean eragin esanguratsua izan dezakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 75. artikuluan arautzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (huraxe baita organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen ala ez aztertzen da eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana gauzatzeko, eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Pasaiako (Gipuzkoa) Araneder hirigintza-jarduerako eremuko (Andonaegiko depositua eta ingurua) «07. Araneder HE. Trintxer deposituak. 1. azpieremuaren» Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, ondoren adierazten den eran:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    Planaren xedea da Pasaiako (Gipuzkoa) Araneder hirigintza-jarduerako eremuko (Andonaegiko depositua eta ingurua) «07. Araneder HE. Trintxer deposituak. 1. azpieremuaren» Plangintzako Arau Subsidiarioek ezarritako hirigintza-araubidearen xedapen-aldaketa egitea.

    Indarrean dagoen hirigintza-plangintzak aurreikusten du Andonaegiko ur-depositua finkatzea eta depositu horren gainean biribilgune bat sortzea, Bidasoa kaleko bide-zirkulazioaren itzulbidea egin ahal izateko.

    Bidasoa kaleko itzulbidea eginda dagoenez, eta ur-erregulazioko deposituak bere funtzioa galdu duenez eta jada ez denez erabiltzen, Planak aukera ematen du ur-depositua eraisteko eta erabilera anitzeko eraikin bat eraikitzeko; bertako biztanleen ibilgailuentzako aparkalekua, auzo-berokuntzarako zentral bat eta lokal sozial publikoak. Gainerako jarduketa-eremua espazio libreetara eta bideetara bideratzen da.

    Eraikinak 5 solairu eta 7.610 m2 (s)-ko eraikigarritasun fisikoa izango ditu. Solairu guztiak erdisototzat har daitezke, fatxada nagusia Bidasoa kalera irekita dagoelako, eta gainerako hirurak, osorik edo zati batean, lurrari itsatsita daudelako.

    Eraikin berriaren estalki-solairua espazio libre gisa sailkatzen da (plaza publikoa), auzoan mota horretako espazioen defizitari aurre eginez. Plaza hori Bidasoa kalea baino beherago egongo da, eta desnibela gainditzeko, arrapala-sistema bat eta, eraikinaren atzeko horma erdizirkularraren trazari jarraituz, harmaila bat eraikiko dira, estalki horretan lortu nahi den egon- eta harreman-eremuaren osagarri.

    Gainera, zerbitzu-igogailu bat jartzea proposatzen da, bai eraikinean ezarritako aparkalekuetarako eta gainerako zerbitzuetarako erabiltzeko, bai oinezkoentzako bideetara iristeko, Oiartzun, Igeldo eta Bidasoa kaleen arteko desnibela gaindituz.

    Planak erabilera horien banaketa-eredu zenbait jasotzen ditu; ibilgailuen aparkalekuarena da erabilera nagusia, solairu guztiak hartuko lituzke-eta, estalkia izan ezik. Planak zehazten duenez, proiektuaren faseak zehaztuko du zuzkiduren behin betiko ezarpena eta banaketa, Udalak une horretan horri buruz zehazten dituen baldintzen arabera.

    Udalerriko hiri-bilbearen barruan dagoenez, eremuak, bere inguruan, aurreikusitako garapenerako beharrezkoak diren hiri-zerbitzuen azpiegiturak ditu (saneamendu-sareak, ur-hornidura, energia elektrikoa, argiteria publikoa, telekomunikazioak, gas-hornidura, etab.).

  2. Planaren ezaugarri teknikoak eta ingurumenekoak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluaren arabera, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira Planari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion edo ez zehazteko.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki hauek kontuan hartuta:

      1. Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: Planak 2.726 m2 hiri-lurzoruri eragiten die. Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

      2. Planak zer neurritan eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, hierarkizatuta daudenak barne: Planak finkatu egiten du lurzatiaren kalifikazio orokorraren erregimena, indarrean dauden Pasaiako Plangintzako Arau Subsidiarioetan ezarritakoa, «Eraikuntza irekiko bizitegi-eremua» tipologian sartzea barne, ondore horietarako. Eremuko lursailen hiri-lurzoruen sailkapena finkatzearekin batera, hiri-lurzoru finkatu gisa sailkatzea planteatzen da. Halaber, zonakatze xehatuak eremu osoaren zuzkidura publikoko izaera finkatzea dakar. Beraz, ez da hautematen ingurumen-ondorio aipagarririk edo beste plan edo programa batzuekiko bateraezintasunik.

      3. Plana egokia den ala ez ingurumen-alderdiak barne hartzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin: Plana egokitzat jotzen da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-alderdiak barne hartzeko; izan ere, etorkizuneko eraikina bateragarria da baliabideen (ura, energia, etab.) kontsumo efizienteagoa sustatzeko neurriak hartzearekin. Planak ez du ekarriko artifizializatu gabeko lurzorua okupatzea, dagoeneko urbanizatuta dagoen eremu bati dagokiolako; gainera, Planaren garapenak espazio degradatu bat berroneratzen lagunduko du (Trintxer-Azkuene hirigintza-eremua, 2002ko ekainaren 14ko Aginduaren bidez degradatutako eremu izendatua).

      4. Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: eremuaren ingurumen-ezaugarriak eta Planaren irismena kontuan hartuta, ez da hauteman Plana gauzatuz gero ingurumen-arazo adierazgarririk egongo litzatekeenik, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez egiten badira eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak.

      5. Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

    2. Ondorioen eta eragina pairatu lezakeen eremuaren ezaugarriak:

      Eremuaren azalera 2.726 m2-koa da. Udalerriko herrigunean dago, Oiartzun eta Bidasoa kaleen artean, Trintxerpeko hegalean.

      Gaur egun, eremu horretan ur-depositu bat dago, 800 m2-ko azalera hartzen duena eta erabileraz kanpo geratu dena. Deposituaren estalkiaren gainean eta gainerako eremuan landaredi espontaneoa garatu da, igorritako informazioan oinarrituta, eta ez du balio naturalistikorik.

      Eremu hori Trintxer-Azkuene hirigintza-eremuan sartzen da, 2002ko ekainaren 14ko Aginduaren bidez eremu degradatu izendatu zena (2003ko urtarrilaren 19ko EHAA eta 2003ko otsailaren 14ko akatsen zuzenketa).

      Planaren xede den eremuan ez dago ez naturagune babesturik, ez korridore ekologikorik, ez interes geologikoko lekurik. Halaber, ez dago jasota beste katalogo batzuetan (ez EAEko naturagune garrantzitsuen katalogo irekian, ez Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetako interes naturalistikoko eremuen zerrendan), eta ez da aipatu mehatxatutako fauna- edo flora-espezierik dagoenik.

      Ez dago ur-ibilgurik, ez lurzatian, ez inguruan, eta kultura-ondareko elementurik ere ez dago.

      Ingurumen-arriskuei dagokienez, lurzatia ez dago sartuta lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioan, akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasuna oso txikia da eta ez da uholde-arriskurik hauteman.

      Planaren garapenak eragin ditzakeen ondorioak hertsiki lotuta egongo dira ur-depositua eraisteko lanekin, eraikin berria eta haren sarbideak ezartzeko lanekin eta jarduketa horiekin lotutako eremua urbanizatzearekin. Ildo horretan, gerta daitezkeen inpaktuak lur-mugimenduek, hondakinak sortzeak eta makinen joan-etorriek eragingo dituzte, eta horiek lurrazaleko eta lurpeko urei eta lurzoruei eragin diezaiekete, eta bertako biztanleei eragozpenak eragiteko arriskua dago, emisio atmosferikoak eta akustikoak direla medio.

      Zaratari dagokionez, ingurumen-dokumentu estrategikoak ondorioztatzen du eremuak indarreko araudian ezarritako helburu akustikoak betetzen dituela, eta ondorio hori Planaren eremurako Pasaiako Udalak egindako zarata-mapetan islatzen diren zarata-mailetan oinarritzen da.

      Pasaiako Udalaren «Pasaiako Soinu Ingurunea Hobetzeko Ekintza Plana - 2017-2021» dokumentuaren arabera, planaren eremua «eremu lasai» gisa katalogatuta dago. Eremu lasaiak dira, nagusiki bizitegi-erabilerakoak, 60 dB(A)-ko edo gutxiagoko maila akustikoak dituztenak eguneko eta arratsaldeko aldietan, eta 50 dB(A)-tik beherakoak gaueko aldian. Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren arabera, hirigintza-garapen berriei aplika dakizkiekeen mailak gainditzen dira kanpoaldean, Planak bideetara bideratzen duen oso eremu txiki batean, Bidasoa kalearen ondoan.

      Indarrean dagoen antolamenduan aurreikusitako egoera kontuan hartuta baloratu behar dira ingurumen-ondorioak. Alde horretatik, Planak eremuaren kalifikazio orokorraren araubidea finkatzen du, eta, era berean, zonakatze xehatuak eremu osoaren zuzkidura publikoko izaera finkatzea dakar. Proposatzen diren jarduketak mugatuak direnez, eraginak txikiak izango dira, eta, oro har, aldi baterakoak eta itzulgarriak izango dira, betiere indarrean dagoen legeria betetzen bada, batez ere zaratari eta hondakin-kudeaketari buruzkoa, eta obrak horrelako jardueretarako jardunbide egokiak betez egiten badira.

      Aurrekoaren ondorioz, kontuan hartuta eremuaren egungo egoera, Planak egiten duen antolamendu-proposamena eta dagozkion neurri prebentibo, babesle eta zuzentzaileen aplikazioa, ez da espero jarduketa horiek eragin esanguratsurik izango dutenik ingurumenean, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoari jarraikiz, baldin eta eragin-eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduketak segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez egiten badira, besteak beste.

    3. Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Pasaiako (Gipuzkoa) Araneder hirigintza-jarduerako eremuko (Andonaegiko depositua eta ingurua) «07. Araneder HE. Trintxer deposituak. 1. azpieremuaren» Hiri Antolamenduko Plan Bereziari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

      Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean bertan adierazitakoaren arabera.

      Aplikatzeko neurrien artean, Plana garatzeko proiektu eta jarduketen ondoriozkoak nabarmendu behar dira, obra-faseari eta jardueraren funtzionamendu-faseari lotutakoak. Besteak beste, honako neurri hauek hartu beharko dira:

      Zaratari dagokionez Planean hartu beharreko erabakien artean, eta Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, etorkizunean ezingo da hirigintza-garapenik gauzatu eremu batean baldin eta kanpoaldean kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez badira, hargatik eragotzi gabe 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoa.

      Obrek iraun bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketetan, zamalanetan eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makineriaren mantentze-lan orokorretan eta zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan ere.

      Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean eta errepideko zirkulazioan erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

      Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, 6 hiletik gorako iraupen aurreikusia duten obren kasuan, nahitaez egin beharko da inpaktu akustikoaren azterlana, neurri zuzentzaile egokiak zehazteko.

      Inpaktu akustikoaren azterlanean aztertuko da zer onura akustiko lortu nahi den neurri zuzentzaile horien bitartez, eremu akustikoetako eta eraikin sentikorretako zarata-maila murrizteari dagokionez, eta ukitutako udalerriari jakinarazi beharko zaio haren edukia.

      Beste neurri prebentibo eta zuzentzaile batzuk.

      Aurretik adierazitakoari kalterik egin gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak loturik egongo dira obrak egiteari, lurrak eta soberakinak kudeatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, urak eta airearen kalitatea babesteari buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Planak azkenean onartzen dituen zehaztapenei erantsi beharko zaizkie horiek guztiak.

      Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak izango ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, ur-isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.

      Hondakinen sorkuntza eta kudeaketa: Ekonomia zirkularrerako hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketakoak, ebakiak, bilgarriak, eta errefuseko nahiz garbiketa-kanpainetako materialak.

      Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

      Zabortegira bidali beharreko hondakinak, gainera, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuaren eta Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea eta betegarriak egikaritzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera kudeatuko dira.

      Obrek dirauten artean, zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak igaro ondoko garbiketa-lanak, bai obrek eragina duten ingurunean, bai obrak egiteko eremuetara sartzeko lekuetan. Ureztapen- eta garbiketa-sistema bat egongo da aldi baterako estali gabe dauden eremuetarako eta ibilgailuak pasatzean material-partikulak airera ditzaketen eremuetarako. Kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

      Prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezarriko dira dagokion obra-faserako, istripuzko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, etab.). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makinen parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.

      Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

      Espazio libreak eta lore-estaldura lehengoratzeko lanetan, biodibertsitate autoktonoa sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz jarduera horietan, horrela espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko. Loratutako eremuak berriz landareztatzeko irizpideak bat etorriko dira Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak argitaratutako agiri hauetan ezarritako irizpideekin:

      Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua (Udalsarea 21 lan-koadernoa, 20.b zenbakia), 2017ko apirilekoa.

      Espezie apaingarriak hautatzeko gida (Udalsarea 21 lan-koadernoa, 20.a zenbakia), 2017ko apirilekoa.

      Bigarrena. Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Pasaiako (Gipuzkoa) Araneder hirigintza-jarduerako eremuko (Andonaegiko depositua eta ingurua) «07. Araneder HE. Trintxer deposituak. 1. azpieremuaren» Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

      Hirugarrena. Ebazpen honen edukia Pasaiako Udalari jakinaraztea.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea. Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen ondoreak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Pasaiako (Gipuzkoa) Araneder hirigintza-jarduerako eremuko (Andonaegiko depositua eta ingurua) «07. Araneder HE. Trintxer deposituak. 1. azpieremuaren» Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartuko ez balitz. Hala gertatuz gero, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatu ezean. Hala gertatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.

      Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 6a.

      Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren absentziagatik, eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarriaren arabera,

      Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordea,

      AMAIA BARREDO MARTÍN.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik