Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko uztailaren 6koa, Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordearena, zeinaren bidez formulatzen baita MZ.10 «Basozabal» HEri buruzko Donostiako Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren xedapen-aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 161
  • Hurrenkera-zk.: 3658
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/07/06
  • Argitaratze-data: 2022/08/23

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Donostiako Udalak, 2022ko apirilaren 6an, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan eskabide bat aurkeztu zuen, hasiera emateko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari honako honen gainean: MZ.10 «Basozabal» HEri buruzko Donostiako Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren xedapen-aldaketa. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2022ko maiatzaren 20an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Donostiako Udalari izapidearen hasieraren berri eman zitzaion.

Espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Erantzuteko legezko epea amaitu, eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluaren arabera.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handi bat bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.

Plana abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da; hor ezartzen da zer plan eta programak pasatu behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua honako hauek zehazteko: ingurumen-eragin esanguratsurik ez duela ingurumen-txosten estrategikoaren arabera edo ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar dela, ingurumenean eragin esanguratsua izan dezakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 75. artikuluan arautzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (huraxe baita organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen ala ez aztertzen da eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana gauzatzeko, eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. MZ.10 «Basozabal» HEri buruzko Donostiako Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren xedapen-aldaketaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-azterketa estrategikoa formulatzea, ondoren zehazten den eran:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    Planaren helburua da Donostiako HAPOko lurzoru urbanizagarri sektorizatuaren sailkapena kentzea MZ.10 «Basozabal» HEri, eta eremu hori lurzoru urbanizaezinaren kategorian sartzea, «D.30 Landa Nekazaritza, Abeltzaintza eta Landazabala» kategorian zehazki, tokiko ingurumen-baldintzak direla eta. Horrela, hiri-inguruko landa-lurzoruaren mugaketan sartzen da, kokapenagatik, eta natura- eta ingurumen-ezaugarriengatik horixe dagokio-eta. Gaur egun, indarrean dagoen HAPOn, lurzoru urbanizagarri sektorizatu gisa sailkatuta dago, «A.30 Eraikuntza irekiko bizitegi-erabilera» kalifikazio globalarekin; beraz, garatuko balitz, eremu osoan guztira 86 etxebizitza inguru eraikitzeko aukera legoke.

    Udalak HAPOren aldaketa sustatzen du, hirigintzako eta ingurumen- eta ekonomia-jasangarritasuneko irizpideetan oinarrituta. Irizpide horiek ez dute gomendatzen dentsitate txikiko garapen hori gauzatzea, hiriaren plangintza-estrategia eta lurralde-eredua kontuan hartuta.

  2. Planaren ezaugarri teknikoak eta ingurumenekoak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluaren arabera, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira Planari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion edo ez zehazteko.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki hauek kontuan hartuta:

      1. Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparru bat: planaren xedea da eremua lurzoru urbanizaezin deklaratzea, beraz, ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

      2. Planak beste plan edo programa batzuetan nolako eragina duen, hierarkizatuta daudenak barne: Planaren xedea kontuan hartuta eta ebaluazio sinplifikaturako aurkeztutako dokumentazioa aztertuta, ez da hauteman ingurumen-efektu nabarmenik, ez eta beste plan edo programa batzuekiko bateraezintasunik ere.

      3. Planak ingurumen-alderdiak integratzeko duen egokitasuna, batez ere garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin: Udalak hirigintzako eta ingurumen- eta ekonomia-jasangarritasuneko irizpideetan oinarrituta sustatzen du Plana.

      4. Planarekin lotutako ingurumen-arazo esanguratsuak: aurreko puntuetan azaldutakoaren arabera, eta eremuaren ingurumen-ezaugarriak eta Planaren irismena kontuan hartuta, ez da hauteman Plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo esanguratsurik.

      5. Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

    2. Eragina pairatu dezakeen eremuaren eta ondorioen ezaugarriak:

      MZ.10 «Basozabal» hirigintza-eremua Miramon-Zorroaga auzoaren hego-ekialdeko muturrean dago, Basozabalgo golf-zelaiaren inguruan, eta Martutene auzoarekin muga egiten du ekialdeko muturrean. Zehazki, Donostiako ospitale-konplexuaren hegoaldean dagoen muino batean dago. Forma luzanga du, SW-NE norabidearekin, eta 37.284 m2-ko azalera. Ur-depositu batzuk izan ezik, eremuak ez du eraikinik.

      Eremua Urumea ibaiaren ibarraren eta GI-41 autobiaren mendebaldean dago, muino eta ibarbide segida batez eratutako inguru maldatsu batean, zehazki, Oiaola eta Buztiñerreka erreken ibarbideen artean.

      Hidrologiari dagokionez, HEA eremua. MZ.10 «Basozabal» HEk ez du ibilgu iraunkorrik, muino baten gainean baitago. Jariatze-urak Oiaola errekara iparraldean isurtzen dira, eta Buztinerreka errekara hegoaldean. Bi-biak Urumeara isurtzen dira eremutik 170 bat metro ekialdera.

      Eremu horretan, landaredi-unitate hauek identifikatu dira: hostozabalen baso mistoa, gazte-fase aurreratuan (eremuaren % 60); sastrakadia/iratzedia, inbaditzaile eta hostozabal sakabanatuekin (azaleraren % 28); bideak, pistak eta ezpondak (% 6,8); espezie inbaditzaileak dituzten eremu degradatuak (% 2,7); eta soropil hobetuak eta kirol-zelaiak (% 1,9). Zuhaiztietan lizarrak (Fraxinus excelsior), haltzak (Alnus glutinosa) eta sahatsak (Salix alba eta S. Atrocinerea) dira gehiengoa, eta haritz (Quercus robur), gaztainondo (Castanea sativa), gereziondo (Prunus avium) eta hurritz (Corylus avellana) ale batzuk daude. Eremuaren erdialdearen inguruan, haltzadi leheneratu handi bat dago. Bestalde, Monterreyko pinuaren (Pinus radiata) ale batzuk ere badaude han-hemen, tamaina handikoak.

      Faunari dagokionez, aztertutako eremuan hiru espezie katalogatu bakarrik egon litezke, «interes berezikoak» gisa katalogatuta: Eskulapioren sugea (Elaphe longissima), lepitzulia (Jynx torquilla) eta okil txikia (Dendrocopus minor).

      Eremua hainbat hostozabal-masak hartzen dute; paisaia-intereseko elementua dira eta kalitate bisuala ematen diote inguruari, Martuteneko ibarretik eta inguruko mendietatik ikus daitekeen muino batean baitago.

      Planean planteatutako proposamenari jarraikiz, identifikatzen diren inpaktu potentzialak izan onurak dira ingurumenaren ikuspegitik, indarrean dagoen plangintzatik eratorritako proposamenen aldean; izan ere, azken horiek dentsitate txikiko garapena aurreikusten zuten eremu horretan.

      Bigarrena. Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta sustatzaileak planteatutako neurri babesle eta zuzentzaileak hartuta, ez dela aurreikusten MZ.10 «Basozabal» HEri buruzko Donostiako Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren xedapen-aldaketak eragin kaltegarri nabarmenak izatea ingurumenean, eta, beraz, ez da ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik egin behar.

      Hirugarrena. Donostiako Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

      Bosgarrena. Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarra galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean onartzen ez bada MZ.10 «Basozabal» HEri buruzko Donostiako Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren xedapen-aldaketa. Hala gertatuz gero, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatu ezean. Hala gertatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.

      Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 6a.

      Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren absentziagatik, eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarriaren arabera.

      Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordea,

      AMAIA BARREDO MARTÍN.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik